Emakumeak Gerra Zibilean Ondarroan
From Wikipedia, the free encyclopedia
1936ko urriaren 4an tropa frankistek Ondarroa hartu zutenean herrian emakume eta umeak zeuden nagusiki. Izan ere, gizonak batik bat frontean zeuden edo txalupak hartu eta Bilboko portura ihes eginda. Gauzak horrela, herrian ezarri zen errepresio giroa batez ere ume eta emakumeek jasan zuten.[1]
Kanttoipeko andrak
Ondarroan, gaur Kanttoipe izenaz ezagutzen den kaleak Calle del Ensanche zuen izena 1931-1936ko Errepublika garaian, harik eta frankistek Nueva España izena aldatu arte. Kale horretako 2. zenbakian bizi ziren Maria Teresa Zubikarai Solabarrieta, "Teresa Estaxioneku" (Ondarroa, 1892-03-12/1987-04-30), Faustina Egiguren Agirretxea, "Faustiñe Txikixe" (Ondarroa, 1884-10-24/1982-09-08), Isabel Badiola Markuerkiaga, "Isabel Kipulas" (Ondarroa, 1909-07-07/1997-09-05) eta Elisabet Solabarrieta "Elisabet Urrutxe” (Ondarroa, 1912-10-02/2000-05-10).[1]

Gauero arrosarioa errezatzeko ohitura zuten eta 1936ko gerrak ez zuen ohitura hura apurtu. Halaber, iluntze guztietan biltzen baitziren etxebarruko emakumeak Teresaren etxean, sukaldean, arrosarioa errezatzera, gerra zela-eta herritik alde egindako gizonak etxeratzearen alde.[1]
Maria Teresa Zubikarairen senarra Juan Artetxe Urruzuno zen, Miren Kepa baporeko makinista. Hamaika seme-alaba izan zituzten. Faustina Egiguren Juan Arantzamendi Urrestirekin ezkonduta zegoen eta sei seme alaba zituzten. Faustina 52 urteko emakume adintsua zen, espetxeratu zutenean. Isabel Badiolaren senarra, Jose Ituarte zen, EAJko kide ezaguna Ondarroan. Euzkadi egunkarian idazten zuen "Artibai" ezizena erabiliz. Hiru seme alaba zituzten eta Isabel haurdun zegoen une hartan. Elisabet Solabarrieta izeko eta osaba ezkongabeen etxean bizi zen, senarra eta semearekin. Bere senarra, Markos Gabika, harakina, Defentsa Komiteko partaide zen, "Izquierda Republicana" ordezkatuz.[2]


Atxiloketa
1937ko urtarrilaren 11n, iluntzean, ez usteko bisita izan zuten Maria Teresa Zubikarairen sukaldean zeuden lau emakumeak. Denak etxe barruan bizi ziren. Denek zeuzkaten euren senar edo etxekoak "gorriekin ihes" eginda.[3][4][5]

Guardia zibilak atxilotu zituen, herriko aguazil batek lagunduta; gero, herriko kartzelara eraman zituzten “Matadeixako kartzeli” modun ezagutzen zena. Hamaika egunez eduki zituzten bertan eta handik Ondarretako espetxera eroan zituzten.[1]
Isabel Badiola Ondarroako "Matadeixako" kartzelara eraman zutenean, haurdun zegoen; zazpi hilabeteko. Laugarren egunera-edo bisita egin zion Mojetan zegoen Gurutze Gorriko ospitalean lanean ari zen D. Sabin Muruetagoiena osagileak, bi soldadu lagun zituela. Eta berehala aldatu zuten Isabel Gurutze Gorriko ospitalera. Hor erditu zuen Elisabet alaba 1937ko martxoaren 26an eta hogei bat egunera bere amaren etxera eraman zuten. Hantxe eduki zuten etxe kartzelan, soldaduen zaintzapean.[6]
Espetxeratzea
"Matadeixako" espetxean zeuden hiru emakumeak, Guardia Zibilek zaintzaile zituztela, autobusez eraman zituzten Debaraino, eta trenez Donostiara Ondarretako kartzelan sartzeko.
Elisabet eta bere alaba geroago eroan zituzten Donostiara eta guztiak zelda berean jarri zituzten beste ondarrutar batekin, Margarita Axunerekin, denera 6 lagun.[7]
Atxilotutako emakumeek euren seme alaben kezka zuten familiartekoen artean banatuta utzi baitzituzten; izan ere, aitak “gorriekin” joanda zeuden eta.[8][9]
Epaiketa
Ondarreta espetxean hainbat hilabete eraman eta gero, kartzelan bertan hartu zieten deklarazioa emakume guztiei, Isabel Badiola "Isabel Kipulas"i izan ezik. Isabel Badiolari Ondarroan bertan, Gurutze Gorriko ospitalean zegoela hartu zioten deklarazioa.
Heldu zen Ondarroako emakume presoak epaitzeko eguna. Badirudi, denak -Kanttoipeko laurak, Goikokaleko Margarita Jimeno "Axune" eta Azpillagatar ama eta alabak- batera epaitu zituztela Ondarreta kartzelako areto batean. Epaiketako agiri ofizialik ez da ageri, baina emakume preso horien oroitzapenak Ondarroako Historiazaleak taldeak jaso zituen.
Espetxetik aske
Epaiketa egin eta gero, ez zituzten berehala Ondarreta espetxetik atera, hilabete inguru egin zuten bertan. Gauzak horrela, 1937ko abuztuan, zazpi hilabete kartzelan inolako motiborik gabe egin eta gero, itzuli ziren euren etxeetara Kanttoipeko lau emakumeak.
Azpillagatarren atxilotzea
Josefa Txakartegi ama eta, Bonifazia, Jazinta eta Mariana Azpillaga alabak 1937ko urtarrilean atxilotu zituzten Kalandiko euren etxean, aurretik zenbait aldiz guardia zibilaren bisita izan zuten aita Juan Azpillaga eta Juan semearen bila.
- Joxepa Antoni Txakartegi. Bonifacia, Jazinta eta Marianaren ama
- BonifaziaAzpillaga Txakartegi
- Jazinta Azpillaga Txakartegi
- Mariana Azpillaga Txakartegi.Hiru ahizpen artean gazteena
Arrantzale familia ziren, eta motor txiki baten jabe ere baziren. Etxean oso giro abertzalea bizi zuten; izan ere, aita “bizkaitarren” (honela deitzen zitzaien garai hartan Sabino Aranaren jarraitzaileei) aldeko botoa biltzen aritzen zen. Bonifazia bera ere sarritan hurbiltzen zen batzokira borondatezko zerbitzari lanak egitera, beste neska batzuekin batera.
Atxiloketa
Bonifaziaren aurkako salaketa herriko beste bi emakumek jarri zuten, Kasimira Aldarondo eta Esperantza “Txantxalak”, hain zuzen ere. Baina Bonifazia ez ezik, ama eta haren bi ahizpak ere eroan zituzten.
Atxilotu eta denak Ondarretako espetxera eraman zituzten, bertara eramaniko lehenengo emakume ondarrutarrak izan ziren.
Epaiketa
Garai hartan egin ohi zenez kartzelan bertan epaitu zituzten atxilotuak. Salaketa jarri zuten bi emakumeak ere joan ziren epaiketara testigantza ematera. Eurek esandakoaren arabera Bonifazia Azpillagak bere etxean esan omen zuen preso zeuden herriko gizon guztien gibelak jango zituzkeela. Izan ere, Bilboko espetxeetan atxilotuta zeuden gizonengatik esan omen zuen. Hain zuzen ere, Bilbon espetxeratu zituzten 1936ko gerra hasi eta lehen hilabeteetan Ondarroako Defentsa Komiteak atxilotutako hainbat herritar tradizionalista.
Espetxetik aske
1937ko abuztuaren 15ean atera ziren kartzelatik. Herrira itzuli eta egun berean umeak hartu eta Pasai San Pedrora alde egin zuten.
Presazko bidaia horrek, Ondarroara iritsi, umeak hartu eta berehala Pasai San Pedrora alde egiteak, badirudi berretsi egiten duela ondarrutarren artean hain hedatua eta sustraitua zegoen iritzia; hau da, Azpillagatarrak Pasai San Pedrora bizi izatera joan zirela, herritik kanpora bizi izatera zigortu egin zituelako epaileak. Iritzi hau nabarmentzen da, besteak beste, “Hasi, Azpillaga” liburuan agertzen diren Jon Azpillaga bertsolariaren hitzetan. Bere osaba-izeba eta lehengusuetaz ari denean.
Baina, iritzi horren aurrean, badira Bonifazia Azpillagaren oroitzapenak. Bonifaziaren adierazpenen arabera, Azpillagatarrek euren borondatez erabaki zuten Pasai San Pedrora bizi izatera joatea. Bertara hain erraz aldatzea ulergarri gerta daiteke, kontuan hartzen bada familiak aurretik ere harreman estuak izan zituela Pasai San Pedrorekin. Batetik, 1936. urtea baino lehen ere, bazen sanpedrotarrik azpillagatarrek Ondarroan zeukaten arrantza-ontziko marinelen artean. Bestetik, Juan Azpillaga Txakartegi, Jon Azpillaga bertsolariaren aita bera ere Pasai San Pedrora bizi izatera joana zen, bertako dragan lanean ziharduen eta. Beraz, bi iritziak jasota geratzen dira: azpillagatarrak, zigortuta, Ondarroatik egotziak izan zirela, bata; azpillagatarrek euren borondatez alde egin zutela Pasai San Pedrora, bestea.
Margarita Jimeno Etxabururen atxiloketa
Margarita Jimeno Etxaburu anderea 1904ko ekainaren 10ean jaio zen Ondarroan, Goiko kalean. Bere gurasoak, Santiago Martzelino eta Fidela Migela izan ziren. Arrantzatik bizi ziren eta arrantzale familiakoa zen belaunaldiz belaunaldi. Prudentzio Badiola Urrestirekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten: Gaspar, Maria Dolores (1931) eta Jon (1934). Margarita Jimeno "Margari Axune" Goiko kaleko bere etxean hil zen 1964ko ekainaren 30ean.

Atxiloketa
1937. urtean ondarrutar emakumeen kontra kolpistek sortu zuten olatu zakarrak Margarita Jimeno Etxaburu "Margari Axune" 32 urteko emakumea ere kolpatu zuen. Hiru seme-alaben ama izan arren, hau ere atxilotu eta Ondarreta espetxera eraman zuten. Ordurako beste ondarrutar emakume batzuk ere espetxe horretan preso zeunden jada. Ondarrun zegoen frontea, Goimendian, eta herria bera be frankista militarrez bete-beteta. Margarita auzoko emakume batengana (Hillari Arriola) zihoala atxilotu zuten, biak ala biak oso abertzaleak ziren.
"Margari Axunek" eta beste emakume ondarrutarrek Ondarreta espetxean harreman estua izan zuten bertan zeuden beste lurralde batzuetako emakume presoekin. Margarik berak oso lagunak egin zituen, besteak beste, Valentina Cheloeches eta Placida Miguel madrildarrak. Hain lagun minak egin ziren, non emakume preso horiek Ondarreta espetxetik Saturrarangora eraman zituztenean, "Margari Axune" bere alabarekin jatekoa eramatera joaten zela Saturrarango espetxera.
Espetxetik aske
Margarita Jimeno "Margari Axune"k hilabete batzuk besterik ez zituen egin Ondarreta espetxean. Kanttoipeko emakumeekin batera irten zen kalera 1937ko abuztuan. Lehen gaua Donostian bertan igaro zuen Luisa Burgoa "Azaleneku"ren etxean.
Miren Arrasate Arriolaren espetxeratzea
Miren Arrasate Arriola eta haren aita zena Sandalio Arrasate 1937ko martxoaren 5ean atxilotu zituzten “Galdames” merkantzia-ontzian zihoazela Baionatik Bilboko portura.

Atxiloketa
“Galdames” merkantzia-ontzia[10] [11]1937ko martxoaren 4rako prestatu zuen Eusko Jaurlaritzak Bilbora joateko itsas operazioa. Eusko Jaurlaritzak zituen "Gipuzkoa", "Nabarra", "Donostia" eta "Bizkaia" bouek lagunduko zioten bidaia arriskutsu hura burutzen. Izan ere, ordurako, matxinatuek gerra ontzi indartsuenak Kantauri itsasora bidaliak zituzten. Horien artean "Canarias" gerra-ontzi modernoa. Ontzi horren erasoaren ondorioz emakume bat eta hiru ume hil ziren, izandako zauritu guztiez gain. Bidaiarien artean hildako gehiago izatea saihesteko, “Galdames” merkantzia-ontziko kapitainak "Canarias" gerra-ontziak agindu bezala Pasaiako portura abiatu zen, ordurako matxinatuen eskuetan zegoen eta. Merkantzia-ontziko tripulazioa eta hainbat bidaiari atxilotu egin zituzten berehala, eta Ondarreta kartzelara eraman. Espetxe hartan sartu zituztenen artean zeuden Sandalio Arrasate eta haren alaba, Miren Arrasate Arriola.
Epaiketa
"Galdames"eko tripulazioak eta hainbat bidaiarik ere frankismoaren epaile militarren aurrean amaitu zuten. Epaiketa sumarisimoa egin zieten. Epaile militarrek kartzela zigor gogorrak eta kasu batzuetan heriotza zigorra ere ezarri zieten. Heriotza zigorra ezarri zietenen artean, Manuel Carrasco Formigeira, Generalitat-en ordezkaria zegoen. 1938. urtean fusilatuko zuten. Hilario Urriz kapitainari 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta tripulazioari 6 eta 20 urte bitartekoak.
Espetxetik aske
Miren Arrasateri isuna ezarri zioten, eta haren ideologia abertzalea zela eta espetxean jarraitu behar izan zuen harik eta ezarri behar zitzaion isunaren diru-kopurua zehaztu arte. 1938ko otsailaren 14an isunaren ordainketa ziurtatu ahal izan zutenean, agintari militarrek eman zioten Ondarroara, bere etxera, joateko behar-beharrezko zuen bidaiatzeko baimen agiria (salbokonduktua). Agiriak 15 egunerako balio zuen bakarrik.
Maria Alberdi Arrietaren espetxeratzea
Maria Alberdi Arrieta 1913ko uztailaren 22an jaio zen Elgoibarren, Olasope baserrian. Bertan jaio ziren Jose eta Jeronima neba-arrebak ere. Gurasoak azkoitiarrak ziren. Olasope baserrian baziren argi-indarra ekoizteko presa eta zentrala. Garai hartan Euskal Herriko hainbat ibaien ondoan ikusten ziren bezalaxe.
Maria Alberdi Isidro Mendizabalekin ezkondu zen, eta Isidro Mendizabalek Ondarroan zeukan Zaldu baserrira joan zen bizitzera. Horregatik ondarrutarrek "Mari Zaldu" deitzen zioten Maria Alberdiri.
Atxiloketa
1936ko gerrak gogor astindu zituen Olasopeko bizilagunak, abertzale giroko familia baitzen. Zentral elektrikoan zeukaten telefonoa espioitza lanetarako erabiltzen zutela salakuntzapean, frankistek atxilotu zituzten Jose, Maria eta Jeronima anai-arrebak. Ordurako Isidro Mendizabal, Mariaren senarra, etxetik alde eginda zegoen. Izan ere, EAE-ANVko kide izanez gain, Errepublikako komandante baten auto-gidaria ere izan zen. Gerra galtzear eta ihes egiteko garaia iritsi zitzaienean, Iparraldera alde egitea proposatu zion bere emazteari. Baina hark Olasope baserrian geratzea erabaki zuen. Isidrok berak, Santandertik Frantziarako bidea hartu zuen itsasoz, eta Burdeosko portuan sartu eta gero Frantzian errefuxiatu zen. Geroago, "Makisetan" ere borrokatu zuen. Bitartean frankistek krudelkeriaz jokatu zuten Olasope baserrian bizi zirenen kontra. Batetik, Jose Alberdi Arrieta atxilotu eta fusilatu egin zuten Maltzagan 1936ko abenduaren 26an, 27 urte zituela. Bestetik, Maria eta Jeronima ahizpak ere atxilotu zituzten. Epaile militarrek bientzat heriotz zigorra eskatu zuten arren ez zituzten hil, espetxez espetxe erabili zituzten. Bestalde, hiruren amak Azkoitira, bere jaioterrira, alde egin zuen Jeronimaren bi umeak hartuta. Jeronimaren senarra ere Frantziara ihes eginda zegoen eta.
Espetxeratzea
Maria eta Jeronima ahizpak atxilotu eta Ondarreta espetxera eraman zituzten lehenik, han urte t'erdi eduki zituzten. Gero, Saturrarango espetxean ere beste bost urte egin behar izan zituzten, han semearen bisita jasotzen zuen Ondarroako “Zaldu” baserrira eraman zuten eta, aitaren etxekoengana. Saturrarango espetxea kendu zutenean, berriz ere Ondarretako espetxera eroan zituzten. Ia zazpi urte espetxean egin eta gero askatu zituzten.
Hermenejilda Solabarrieta Urkiola “HERME URRUTXE” Emakumeei ile mozteak
1936. urtean frankistak Ondarroaz jabetu zirenean, herrian ezarri zuten errepresioaren ezaugarri garrantzitsu bat izan zen emakume ezkertiarrei eta abertzaleei ilea mozteko egin zuten plangintza. Hasteko, agintari berriek ile moztea "merezi" zuten emakumeen zerrenda zehatza egin zuten. Zoritxarrez, zerrenda ezagutzerik ez dago. Hala ere, Ondarroan zerrenda egin zela ere ez dago inolako zalantzarik, horren testigantza jaso izan baitute Ondarroako Historiazaleek. Zigor hau ezarri zioten "Herme Urrutxeri", 26 urteko neska gazteari. "Urrutxe"tarrak Kalekutzean, gaur egun Erribera kaleko 1. zenbakia duen etxebizitzan bizi ziren. Jose Maria Solabarrieta eta Isabel Maria Urkiola senar-emazteek eta hauen sei seme-alabek osatzen zuten arrantzale familia hura.
1910eko uztailaren 26an jaio zen Hermenejilda Solabarrieta Urkiola. Seme-alaben artean bigarrena. "Herme Urrutxe" legez ezagutuko zuten ondarrutarrek.

Atxiloketa
1937. urteko otsaila edo martxoko egun batean haren etxera agertu ziren herriko agintariek bidalitako mandatariak Herme Solabarrieta, etxeko alaba, atxilotuta eraman behar zuten. Atxilotu eta ilea moztu zioten eta burusoil utzi zuten. Horrela, erabat burusoil, itzuli zuten bere etxera, ez irteteko agindua emanaz. Ile mozketa zigorra ez zen Ondarroan soilik ezarri; izan ere, garaiko militarrek emakume ezkertiar eta abertzaleei ezartzen zieten zigorra izan zen. Herme Solabarrietari ilea moztu ondoren etxe-kartzela zigorra ere ezarri zioten. Baina biharamun goizean bezperan atxiloketa aginduarekin etorritakoak gaztea hartu eta herriko kaleetan zehar pasearazi zioten, burusoil, herritar frankisten irri eta iseka artean. Bi orduz luzatu zen kalejira tristearen ondoren, bere etxera itzuli zuten bazkal ordurako.
Hurrengo hilabete osoan, ordu berean, kalejira berdina egitera behartu zuten. Baina Hermeri egunero ezarri zitzaion zigor hura, ez zitzaien batere ondo iruditu hainbat herritarri. Protestak ugaldu ziren eta agintarien belarrietara ere iritsi ziren herritarren kexa haiek. Ondorioz, agintariek amore eman eta ez zioten zerrendan zeuzkaten emakumeetatik beste inori ilerik moztu.
Aipatutako zerrenda horren berri Karmele Urresti Iturrioz anderearengandik jaso zuten herriko Historia Zaleek. Berau ere zerrenda horretan agertzen baitzen. Garai hartan Ondarroako Gurutze Gorriko ospitalean lanean ari zen, erizain, eta bertan zeuden Alberto Irazabal eta Jose Maria Bengoa medikuek izkutatu zuten bertan; udaleko idazkaria zen Jose Luis Arrasate ondarrutarrak zerrendan bere izena ikusi zuela esan ondoren.
Espetxeratzea
“Herme Urrutxe"ri ilea moztu eta Ondarroako kaleetan hilabetez burusoil pasearazi ondoren, Ondarreta kartzelara eraman zuten, Donostiara. Ondarroatik Donostiara bidaia Isabel Badiola "Isabel Kipulas"ekin egin zuen. Espetxean egin zuen egonaldia 1937. urte berean amaitu zuen Ondarroara herriko beste emakumeekin itzuli baitzen.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.