From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskararen debekuak historian zehar euskarari ezarritako debekuak biltzen ditu, jazarpen soziopolitiko baten baitan, euskara galarazi eta haren ordez boteretsuen erdarak nagusitzeko asmoz. Dokumentutako debekuak Erdi Arotik abiatu eta gaurdaino luzatzen dira eta ondorio gisa euskararen erabilera eremua nabarmen murriztea ekarri dute, egun euskara hizkuntza gutxitu bilakatu arte.
Euskarazko Wikipedian idatzitako 100.000. artikulua da hau. |
Debekuak gizarte harremanen arlo guztietan gertatu izan dira, hala nola eskolan, agiri ofizialetan edo, bertakoa izan arren, hizkuntzaren ofizialtasuna ukatuz. Adibidez, XVIII. mendean euskaraz hitz egiteagatik haurrei egindako zigorren testigantza da hau:
« | Araban nenbilen batean, hango adiskide eta Erregeren Guardietako kapitan baliente batek behin esan zidan: "Aita, nola euskal herrietan umeen haziera ona eta behar den dotrinarik izango da, baldin euskara hondatzeko ahalegin guziak egiten badira, eta gure mutiltxo edo haurrei, beldur eta azotearekin, euskaraz hitz egitea eragozten bazaie?" | » |
Agustin Kardaberaz: Eusqueraren berri onac (1761)[1] |
Euskararen atzerakada Antzinako Erroma Euskal Herria eta inguruko lurraldeak mendean hartu zituenetik hartu bazen ere, ez da gorde euskarari buruzko debeku zehatzik. Erdi Aroan hizkuntza ofizial moduan latinaren nagusitasunak eta gero, bereziki Alfontso X.a Gaztelakoak emandako bultzadari esker, gaztelaniaren zabalkuntzak euskararen kaltetan jokatu zuten. Agirietan agertzen den euskararen aurkako testigantzarik zaharrena Ojacastro (Errioxa) herrikoa da, 1239an. Garai hartan herri horretako eskualdean euskara zen ohiko hizkuntza. Gaztelako ibar-jaunak urte hartan Ojacastroko biztanleei debekatu egin zien epailearen aurrean euskaraz aritzea. Alkateak eta herritarrek, suminduta, ibar-jauna bahitu eta ez zuten askatu, Gaztelako Fernando III erregeak euskaraz hitz egiteko eskubidea haiei aitortu arte.[2][3]
Euskarari ezarritako debekua jaso eta gorde den bigarren agiria orduan Aragoiko koroaren mendean zegoen Oska hiriko ordenantzetan jasotzen da 1349. urtean eta, arabierarekin eta hebraierarekin batera, euskararen erabilera debekatzen du bertako azokan, aragoitar erromantzearen erabilera —garaiko kristautasunaren hizkuntza— inposatuz[4]. Ordenatza hori indarrean izan zen XIX. mendera arte, euskara bertatik erabat galduta zegoenean.
Eskolan gaztelania soilik erabil zitekeela ezartzen zuen agindua plazaratzeaz gainera, kontabilitate-liburuak ere espainieraz eramateko agindua eman zuen Karlos III.ak, 1772an[5].
Arandako kondeak 1776an euskarazko liburuak debekatu zituen.
Frantziako Iraultzaren garaian, Barère izeneko txostenak frantsesa bakarrik erabiltzeko gomendioa eman zuen[6].
Horren harira, 1794an Biltzar Nazionalak Grégoire izeneko agiria adostu zuen, non patois (eskualdeko hizkuntza) guztiak txikitzea eta frantsesa inposatzea erabaki zuten. Horrela egiteko arrazoiak politikoak ziren[7].
Urte bereko uztailaren 20ko Biltzar Nazionalaren dekretu baten bitartez dokumentu publiko guztiak frantsesez bakarrik idaztea erabaki zuten eta azaroaren 17an hezkuntzan frantsesa bakarrik erabiltzea.
Espainiako gortetik kanpoko antzerki eta konpainien lanak gaztelania ez beste hizkuntzetan ezin zirela antzeztu agindu zuen 1801ean[8].
Salaketa partikular baten ondorioz, zigor fisikoa ezarri zen euskaraz mintzatzeagatik 1803an.
1857an, Espainian Moyano Legea ezarri zen, eskola ikasketak gaztelaniaz baino ez zirela izango zehazten zuena.
1862an egun oraindik ere indarrean dagoen notariotza arautzen duen legea onetsi zen. Bertan, agiri publiko guztiak gaztelaniaz idaztera behartzen zen.
Era orotako antzezlanetan, berriro ere euskara espreski debekatzen zuen legea ezarri zuten espainiar gorteek 1867an (Isabel II.aren errege aginduz).
Frantzian hainbat legek hezkuntzarako lege bakarra frantsesa izateko agindua eman zioten (1833ko Guizot legea[9], 1850eko Falloux legea[10], 1882ko martxoaren 28ko Ferry legea[11]...). Era berean, euskara hezkuntzatik baztertzea erabaki zuten. Adibidez, 1833an Mauleko barrutiaren inspektoreak euskara hezkuntzatik baztertzea erabaki zuen edo 1846an Behe Pirinioetako prefetak lehen mailako hizkuntzan euskararen ordez frantsesa ezartzeko agindua eman zion[12].
1902an Émile Combes Frantziako Hirugarren Errepublikako presidente izendatu eta berehala, katiximan euskara debekatzeko baimena eman zion Pirinio Atlantikoetako prefetari[13].
Urte berean, Espainian (Alfontso XIII.aren eta Romanonesen errege agindua) beren hizkuntza eta dialektoetan irakasten zuten irakasleei zigorra ezarri zitzaien legez.
1923an, Primo de Riverak izenpetutako legeaz, ekitaldi publikoetan euskara erabiltzea debekatu zen eta handik bi urtera:
« | Los Inspectores de Primera enseñanza (...) examinarán los libros de texto en las Escuelas, y si no estuviesen escritos en español (...), los harán retirar inmediatamente de manos de los niños y procederán a formar expediente al Maestro, suspendiéndole de empleo y medio sueldo y dando cuenta a V. E. | » |
Miguel Primo de Riverak sinatutako "Real Orden de 13 de Octubre de 1925 sobre propagandas antipatrióticas y antisociales", 2. ordena.[14] |
1937an, euskaraz hitz egitea debekatu zen.[erreferentzia behar] 1938an, erregistro publikoetatik ezabatu zuten. Urtebete geroago, hoteletako errotulazioetatik kenarazi zuten. Ondorengo urteetan, era mailakatuan euskara esparru publiko guztietatik ezabatu zuten agintean zeudenek.
1940an, epaitegi eta merkataritza guneetatik ezabatu zuten, eta urte berean, film guztiek zentsuraren kontroletik pasarazteko arauak argitaratu zituen Espainiako Zinematografia Sailak. Honakoa zioten:
« | Todas las películas deberán estar dialogadas en castellano prescindiéndose, en absoluto, de los dialectos. | » |
"Normas del Departamento de Cinematografía para la censura de películas", 1940.[15] |
« | Salbamen honen merezidun izan nahi badugu, eta salbatu gaituena ohoratu, espainiar guztiok hiru gauza egin behar ditugu: Francok bezala pentsatu, sentitu eta hitz egin. Eta Francok, noski, hizkuntza nazionalean jardunez inposatu du bere garaipena. | » |
Luis de Galinsoga: "Francok bezala hitz egitea", La Vanguardia, 1939. |
« | Hemendik aurrera, espainiera soilik hitz egin ahal izango da Kataluniako probintzietako hizkuntza ofizial gisa. | » |
El Faro egunkaria, Lleida, 1938ko apirila. |
Euskararen ezagutza legez zigortu nahi izan zuen 2003an Nafarroako Gobernuak. 29/2003 Foru Dekretuko 18.3 artikuluaren arabera, euskarazko lanpostuak eskuratzen zituztenek, aurrerantzean, euskaraz jakitea nahitaezkoa zuten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan soilik parte hartu ahalko zuten[16], gerora Nafarroako Auzitegi Nagusiak dekretu hori bertan behera utzi bazuen ere. 2017ko ekainean, EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Planaren aurkako epaia eman zuen, bereziki diru laguntzei eta kontratazioari zegozkien ataletan.[17]
Historian zehar, euskarari eta Espainiako beste hizkuntzei ezarritako debekuak ugari eta nabarmenak izan arren, Juan Carlos I Espainiako erregeak gaztelania inoiz ez zela inposatu adierazi zuen oihartzun publiko handiko 2001eko Cervantes sarien banaketa ekitaldian [18].
Espainiako Diputatuen Kongresuan euskaraz hitz egiteko debekua 2023ko irailaren 19an altxatu zen. Lehen hitzartzeak Mertxe Aizpuruak eta Joseba Andoni Agirretxeak egin zituzten. Pleno berberean Borja Sémperrek euskaraz egin zuen, eskubidearen aurka jarduteko[19].
Euskal izenen erabilera aski jasota dago Erdi Aroan zehar, baina Nafarroako konkista burutu ondoren, kristautasuna guztiz nagusitu eta santuen erdal izenak jarri zitzaizkien euskaldunei, bestelako izenen debekuak parrokietako erregistroen bitartez kontrolatuz. 1871 urtean abiarazi zen Espainiako Erregistro Zibilaren Legeak, besteak beste, pertsonen izen eta deitura arautzen zituena, euskal jatorriko abizen guztiak gaztelaniazko grafiaz adieraztea ekarri zuen, euskal izenak guztiz debekatuta. Geroago, Sabin Aranak, 1897 eta 1898 urteetan, eta Luis Eleizaldek, 1910 urtean, euskal onomastika sortzeko ahalegin handia egin zuten, askotan oinarri historikorik gabe eta neologismo ugari sortu bazituzten ere. Euskarazko izen horien erabilerak, ordea, berehalako debekua izan zuen Eliza Katolikoaren aldetik [20]. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, euskal izenak guztiz debekatu ziren[21]. Kalean euskal izenak erabiltzea ere isuna jartzeko arrazoia izan zitekeen[22].
Frantzian, errepublikar egutegiko XI. urteko sapadunaren 11ko legeak pertsonen izenak erregulatu zituen. Egun ere indarrean dirauen lege horrek historiako pertsonaia ezagunen izenak eta egutegi arruntetan (katolikoa, ortodoxoa, judua) agertzen zirenak soilik onartzen zituen[23]. Ipar Euskal Herrian ere, gaur egun, ezin dira abizenak frantses grafiatik euskal grafiara aldatu.[24]
Erregistroko funtzionarioaren esku uzten zen izen bat ukatzea, haren iritziz ohiturazkoa ez bazen. 1966 urtean ezarritako agindu batek onar zitezkeen izenen zerrenda zabaldu zuen, Frantzian hitz egiten ziren hizkuntzetako izenak onartuz (euskara, bretoiera, ...) besteak beste, baina 1993. urteaz geroztik erabateko askatasuna ematen zaie gurasoei izena jartzeko, funtzionarioari izen hori onartu edo ukatzeko eskumena kenduta[25].
2022. urtean, Gasteizko erregistro zibilean Cristina Rodríguez Ruiz epaileak ez zien utzi guraso batzuei beren alabari Hazia euskarazko izena jartzen.[26]
Don Manuel Arresek - irakasleak - euskaraz hitz egiten harrapatzen zuen ikasleari eraztuna jartzen zion; eraztun hori ikaslez ikasle pasatzen zen, hutsegiteak egin ahala; gu, orduan, beldur ginen eraztuna poltsikoan zuen ikaskidearengana hurbiltzeko, izan ere, ikaskide hori nahita euskaraz mintza baitzitekeen gurekin, guri hutsegitea eginarazteko eta zoritxarreko eraztun hori guri emateko; eraztuna zuenari ihes egiten genion; gauzak horrela, eraztunak helburu bikoitza betetzen zuen: eraztuna zuenari bakarrik sentiarazten zion, ikaskideak beregana hurbiltzeko beldur baitziren, eta bestalde, egurra jasotzeko beldurra ere hor zegoen, asteburuan eraztuna zuena zigortuta geratzen baitzen[27]. |
Espainian, eskoletan gaztelania inposatzen duen arau esplizitua 1768 urteko errege-zedula batean agertu zen[28].
Eskoletan euskararen erabilera zigortzeko ohiko prozedura eraztuna edo makilatxoa[29] izan zen. Ikastetxeetako ikasgela bakoitzean eraztun bat zegoen. Irakasleak euskaraz hitz egiten entzuten zion lehenengo ikasleari jartzen zion, eta ikasle hark, berriz, euskaraz entzuten zion hurrengo ikasleari. Horrela, eraztuna ikaslez ikasle igarotzen zen, euskara zekiten eta zerabilten ikasleak elkarren salatari bihurtuta. Ikastorduak amaitutakoan, orduantxe eraztuna zuen ikasleak zigorra jasotzen zuen: atsedenik gabe edo arratsaldean zigortuta geratu, irakaslearen isekak jaso, zigor fisikoak...
Helburua zen ikasleak euskara alde batera utzi eta gaztelania barneratzea; gizarte hartan baztertu beharreko hizkuntzatzat jotzen zutena baztertu, eta prestigioa eta boterea zituen hizkuntza bereganatzea.
Jende askok uste ez bezala, zigor hori ez zen frankismo garaian bakarrik erabili. Lehenengo lekukotasuna 1730ekoa da, eta Beasaingo eskolan gertatu zen[30]. XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako lekukotasunak ere badira, baita Espainiako Bigarren Errepublikaren garaikoak ere.[31][32]
Eraztunaren zigor hori ez zen Euskal Herrian bakarrik jazo, Europan hizkuntza gutxitua zuten beste herrialde batzuetan ere erabili izan zen, hala nola Bretainian eta Galesen.
1924an euskararen debekua eskoletan areagotzen joan zen. Urriaren 27an eginiko errege dekretu batean gaztelania ez zen beste hizkuntza batean eskolak ematea guztiz debekatuta zegoela gogora ekartzen zuen[33]. Era berean, Unibertsitatean ere euskara erabiltzea debekatu zuten[34].
Euskaraz irakasten berriro hasi zen Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, lehenengo ikastolak sortzen. Eztabaida horretan, adibidez, PSOEko ordezkariek euskara kultur hizkuntza zela ukatu zuten[35]. Hurrengo urtean, kontu bera berriro defendatu zuen Miguel de Unamunok, adibidez[36].
Gaur egun ere Euskal Herriko leku askotan, ez da posible hezkuntza publikoan euskaraz ikastea. Nafarroako Foru Erkidegoko Euskararen Foru Legeak, adibidez, Nafarroa Garaia hiru eremutan banatzen du. 2016. urtea arte eremu ez-euskaldunean ez zegoen aukerarik D ereduan edo B ereduan ikasteko.[37] Ipar Euskal Herrian ez dago aukerarik euskaraz osoki ikasteko hezkuntza publikoan. Trebiñun ere egoera bera da.
Nafarroa Garaiko alde mistoan, G, A eta D ereduak ditugu. 2016. urtea arte, D ereduan ikasi ahal izateko trabak oso handiak ziren, hala ere. Alde horretan, G ereduaren beherakada oso nabaria da, A eredua mantentzen bada ere, eta D ereduan eskaria eskaintza baino handiagoa da.[38] Euskararen gorakadari aurre egiteko, Yolanda Barcinaren gobernuak ingelesa eskaini zuen, PAI eredua hain zuzen ere. Barcinak esandakoaren arabera, "PAI programaren inplantazioari esker, euskararen goranzko joera bertan behera geratu da".[39]
Euskal Autonomia Erkidegoan, legez, 16 urterekin ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz egiten jakin beharko lukete. Hori, ordea, ez da gertatzen. Eskolak euskaldundu behar du ekimenak bildutako datuen arabera, Euskal Herri osoko hiru ikasletik bik ez dakite euskaraz derrigorrezko eskolaldia bukatuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak desberdinak badira ere, oro har, D ereduan ikasten duten hiru ikasletik bik lortzen dute euskaraz ondo egitea; B ereduko hirutik, batek; eta A ereduko inork ere ez.[40]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.