Przewalski zaldia (izen zientifikoa: Equus przewalskii) erdialdeko Asiako estepetako zaldi arraza berezia da. Gaur egun arte iraun duen benetako azken basazaldia da, hau da, inoiz etxekoturiko zaldietatik sortu ez dena[1][2]. Eurasian historiaurrean hedatutako eta Eurasiako hainbat harpetako labar-artean (Euskal Herria barne) agertzen den Equus ferus przewalski zaldi arraza galduaren ondorengo zuzena da.
Przewalski zaldi | |
---|---|
Iraute egoera | |
Invalid status (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Perissodactyla |
Familia | Equidae |
Generoa | Equus |
Espeziea | Equus ferus |
Azpiespeziea | Equus ferus przewalskii L.S.Poliakov, 1881
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 340 egun |
Dena den, hainbat teoria berrik ezbaian jartzen dute egungo przewalski zaldia jatorrizko basazaldia izatea[3]: analisi filogenetikoek adierazten dutenez, przewalskiak basati bilakatutako Kazakhstango iparraldeko antzinako Botai herriko etxeko zaldien ondorengoak direla.
Ipar Ameriketako mustang zein Australiako brumby zaldien kasuetan, nahiz eta egun basatiak izan, ihes joandako edo askatutako etxeko zaldien ondorengoak dira, esate baterako, egoera basatienetan egon diren edo egon litezkeen euskal pottokak bezala. Przewalski zaldiak, ordea, sekula ez dira etxekoturik izan: horrexetan datza ezberdintasuna.
Przewalski zaldia, bere tamainagatik, ponien sailkapen taldean sar liteke, nahiz eta hainbat adituk dioten sailkapen horretatik kanpo kokatu behar dela. Hala ere, argi dago bera, edo haren arbaso zuzena, munduko zenbait poni arrazaren jatorrian daudela, edo behintzat poni arraza horiek sortzeko prozezuan izandako nahasketetetan.[4].
Zalantzarik gabe, Equus przewalskii munduko zaldirik bakanena da[5]. 1960an galdutzat jo zen egoera basatian dagoen espezietzat, baina azken bi hamarkadetan munduko zenbait zootan gordetako abereekin hainbat populazio basati berreskuratzea lortu da.
Przewalski zaldia Equus ferus azpiespezieetako bat da: ia gaur egun iraun zuen bestea, tarpana (Equus ferus ferus) izenekoa, XIX. mendearen bukaera aldean galdu egin zen. Nolanahi ere, adituen artean zaldi horren taxonomia ezbaian dago oraindik, eta zenbait taxonomialarirentzat przewalski zaldia aparteko espeziea da, Equus przewalskii izenekoa.
Labar-artean (besteak beste, Euskal Herriko hainbat harpetan: Ekain, Santimamiñe, Altxerri...) marraztuta ageri den Equus przewalskii edo antzinako Przewalski zaldiaren aparteko espeziea da edo, hobeto esanda, harengandik datorren eboluzio modernoa. Hori dela eta, artikulu honetan ikuspegi horiek kontuan hartzen dituzten bi izenak (Equus przewalskii eta Equus ferus przewalski) erabili dira, baita animali horien taxonomiari buruzko oraindik dauden eztabaidak eta ikuspegiak.
Przewalskiren antzeko zaldiak, arraza berberekoak edo agian eskualdez eskualdeko ekotipoak, Asiako mendebaldeko zein Kirgiziako estepetan bizi ziren garai historikoetan, baina espezieak galdu ziren.
XX. mendearen erdi aldera arraza ia iraungi zen, baina zenbait naturazaleren eta parke zoologikoren lanari esker gorde zen.
Haren egoera taxonomikoa ezbaian dago. Hainbat adituk uste dute egungo przewalski zaldia Przewalski arraza zaharraren (labar-artean marraztuta azaltzen dena) aparteko espezie bat dela, eta Equus przewalskii deitzen dute.
Przewalskii zaldia ezagutzen diren Equus ferus espeziearen bi azpiespezieetako bat da. Bestea tarpana da (Equus ferus ferus), galdua egun. Arraza gisan, przewalskia eta etxeko zaldia (Equus caballus ) oso gertu daude. Badaude beste ekido basatiak munduan, zebraren hiru mota, eta zenbait basa-asto afrikarren azpiespezieak, onagroak eta Asiako kiangak.
Przewalski zaldia beste zaldi arrazekin hibrida daiteke eta abereek arazorik gabe kumatzen dute [6].
- Zaldi arraza horri Nikolai Przewalski poloniar geografoa eta esploratzaileak eman zion izena.
- Egun arte, zaldiok libre bizi dira Mongolian: mongolieraz тахь ("takhi") esaten diote eta "izpiritua" esan nahi du.
- Txineraz 野马 yehmah / yěmǎ edo Dzungariako zaldia deitzen dute.
- Mongoliako zaldi basatia (Equus caballus przewalskii) beste adiera bat da, baita Asiako zaldi basatia ere.
- Beste izen historikoak, baina gaur egun bazterturik geratu direnak, Mongoliako tarpana eta benetako tarpana dira.
- Kirgizistanen kirtag deitzen dute.
- Uigurreraz arrazaren izena, پرژىۋالسكى ياۋا ئات, idazten dute.
Przewalski zaldia L.S. Poliakovek deskribitu zuen lehen aldiz 1881ean, Nikolai Przewalski koronel tsartarrak hegoaldeko Altaira antolatutako espedizio batean. Abere horri buruzko zurrumurruak jarraituz iritsi ziren paraje haietara. Saiatu arren, urrutitik eta ez oso era egokian ikusi zituzten. Dena den, haien burezur eta larrua bertako jendeari esker lortu eta San Petersburgoko museora eraman zituzten, hango adituekin batera aztertzeko.
Przewalski zaldiaren kokapen taxonomikoa beti izan da gorabeheratsua, horregatik adituen artean ez dago horri buruzko adostasunik. Iritziak honakoak dira:
- Batzuen ustetan, Equus caballus etxeko zaldien aspiespeziea izanik, Equus caballus przewalskii deitzen dute.
- Beste batzuen ustez, ordea, zaldi basatiaren azpiespeziea da, eta horregatik Equus ferus przewalskii deitzen dute. Equus ferus edo basazaldiaren beste azpiespeziea tarpana izan liteke.
- Azkenean, beste batzuen iritziz, egungo Przewalski zaldia aparteko espeziea da, eta horregatik Equus przewalskii izena ematen diote[7][8][9].
Garai batean, oro har, Equus caballus przewalskii deitzen zuten, eta etxeko zaldiaren azpiespezietzat jotzen zuten; beste batzuek, ordea, Equus ferus przewalskii, deitzen dute eta tarpanaren azpiespezietzat jotzen dute. Hau da gaur egun zabalduen dagoen irizpidea. Beste hainbat ikerketaren arabera, tarpana eta przewalski zaldia duela 160.000 mila urte bereizi ziren[10].
2003. urtean Nazioarteko Nomenklatura Zoologikoaren Batzordea delako erakundeak, alde batetik tarpanak eta etxeko zaldiak espezie berbereko bi azpiespezietzat jo zituen eta bestetik, salbuespena eginez, barietate basatien izena lehenetsi zuten zaldien kasuan etxekotuen barietateen aurretik, eta horren ondorioz, "2027.2" izeneko ebazpenaren bidez Equus ferus przewalskii izena finkatu zuen.
Nahiz eta posiblea izan przewalski zaldiek etxeko zaldiekin gurutzaturik kumeak egin, eta gainera kume hauek ugalkorrak izan, bien arteko gertutasunaren adierazgarri, Przewalski zaldiek dauzkaten 66 kromosomek arraza bereizten dute, eta 64 kromosoma dauzkaten etxeko zaldietatik aldenduagoak daudela etxeko zaldien edozein bi arraza beraien artean baino, S. Frechpkopen ikerketek agerian utzi zutenez. Esan dezakegu przewalski zaldiek agerian uzten dutela espezie bat egoera basatian izan duen garapena eta nola bereizten joan den gizakien eragina izan duten gainontzeko zaldien arrazengandik.
Zaldiak eta astoak berriz gurutza daitezke eta kumeak egin, mandoak, baina horiek antzuak dira, bi espezieak genetikoki gehiago banandu direlako, przewalski eta gainontzeko zaldi arrazak baino.
Mitokondrien ADNak, berriz, agerian utzi du przewalski zaldia ez dela egungo etxeko zaldien arbasoa.
Beste kontu bat da Europako mendebaldean bizi zen Equus ferus przewalskii espeziearen kasua, adituek uste baitute zaldi horien odola egungo zenbait poniren arrazetan dagoela[11].
Duela gutxi, aztarnategi arkeologikoetan aurkitutako przewalski zaldi zaharren ADNa erabili da ikerketa molekular bat egiteko, eta haren arabera arraza etxekotutako zaldien erdibidean kokatzen dute, baina ondorioak ez dira behin betikoak, ez dago oraindik erabat erantzun segururik arrazaren kokapenari buruz.
Itxuran ere, przewalski zaldiak oso ezberdinak dira etxeko zaldi arrazekin konparatuz. Zurda motz eta tente daukate. Etxeko zaldietan kopeta gainean geratzen den ohiko ile sorta ez da przewalski zaldietan agertzen. Isatsaren goiko aldeak ile motzak ditu eta lerro ilun bat bizkarrean zehar hedatzen da isatseneraino, zurdan hasita. Batzuetan, hanken beheko aldetan, zebra-marrak izeneko marra ilunak azaltzen dira.
Arrazari buruz egindako etologia ikerketan ageri da zaldiok, gainontzekoen legez, animalia taldekoiak direla. Egoera basatian, przewalski zaldiak hierarkizatutako taldeetan bizi dira. Bertan eme nagusi bat dago eta beste emeak beraien bi urte azpiko moxalekin. Gainera, samalda bakoitzean zaldi nagusi bat dago.
Eguneroko ohiturak gainontzeko basa zaldien samalden antzekoak dira: talde bakoitzak lurralde zehatz bat du: egunean zehar zaldi samaldak 5 eta 10 kilometro artean mugitzen da. Tarte hartan zaldiak larretzen dira, edaten dute, gatzezko harriak milizkatu eta lo kuluxkak egiten dituzte.
Gauean samalda biltzen da eta lau ordu inguruko loa egiten dute. Zenbait samaldaren lurraldeak elkarrekin gainjar daitezke, eta orduan liskarrak sortzen dira. Araldian zaldiak babeslegoak azaltzen dira bere behorrekin samaldaren lurraldearekin baino. Zaldiek borroka egiten dute beraien behor taldeak defenditzeko. Przewalski zaldiek askotan beraiekin larreak partekatzen duten etxekotutako zaldiekin borroka egin behar izaten dute. Halakoetan, basa zaldien tamaina txikia eta gorputz trinkoa abantaila da.
Zaldiek haien artean bata besteari parasitoak kentzen dizkiote hortzekin.
Behorrek biribil bat osatzen dute elkar defendatzeko, ipurtaldeak kanpora begira jarrita, ostikoak emateko. Moxalak biribilaren barnean gordetzen dira eta zaldi nagusiak biribiletik ateratzen dira, etsaiei eraso egiteko.
Zaldikoek bi urtetatik gorako adinera heldutakoan, taldea uzten dute: beren behorren taldea osatzen edota eskuratzen saiatuko dira, eta behorrak beste samalda batzuetara joango dira, horrela elkartruke genetikoa bermatzeko.
Gainontzeko zaldien legez, elikagai nagusia belarra dute, beste zenbait landarekin batera.
Przewalski zaldien harrapari nagusi otsoak dira.
- Itxura orokorra: przewalski zaldia etxeko zaldi arraza gehienak baino txikiagoa da; halaber, gorpuzkera trinkoagoa du, hanka motzagoekin. Tamainagatik ponien sailkapen taldean dago. Lepo nabarmen mardula eta motza du[12]. Soslai ganbilako abereak dira.
- Burua: handia da, gorputzaren tamainarekin konparatuz.
- Hortzak: tarpanarenak baina apur bat handiagoak[13].
- Altuera: ohikoa 132 cm ingurukoa da, soin gurutzeraino.
- Luzera: 2.1 metro, 0.90 isatsarekin.
- Gorpuzkera motz eta gihartsua[14].
- Hankak: motzak baina nahiko meheak.
- Apatxak: txikiak eta gogorrak.
- Pisua: Askania Novako populazioan eta bost urtetik gorako behorretan neurtutako batez besteko pisua 244-280 kilora heltzen zen behorretan eta 278-300 kg artean, 5 eta 8 urteko zaldietan. Hiru urteko ar batek 260 kiloko pisua zuen.[15]
- Kolorea: kolore horitik ("hondar" kolorea) arrera izaten du, tonu arre ilunetik argira, argiago alboetan eta horiago sabelean. Muturra zurixka da eta hankak, ilunagoak, zurda bezala. Bizkarraldean zehar, isatserainoko marra beltza du, mando marra izenekoa. Hainbat kasutan, ez guztietan, hanketan zebradura izeneko marrak dituzte, garai bateko labar pinturetan agertzen direnen antzekoak, eta gaur egungo zenbait zaldi arrazatan agertzen dira, sorraia zaldiak edota konik zaldietan esate baterako. Antza, tarpanek ere halako zebradurak zituzten.
- Ilajea: zurda tentea du eta gorputzeko ilea motz baina trinkoa. Maiz hankak arinki zebra-marratuak dira[14].
Etxekotzeko zailtasunak
- Gizakiarekiko harremana: asko hitz egin da przewalski zaldiaren basatasunaz eta izaera hezikaitzari buruz, eta zuela inola ere zaldunik onartzen. Hala ere, ez da guztiz horrela, zailtasunak zailtasun, trebatua izan baita, zalduna eramateko ere, baina oso kasu gutxitan[16].
Vaska zaldia izan zen aurrenekoa Europara heltzen, eta zalduna onartu zuen bakarra ere baia. Argazkia Askanaia Novan egina da: 1899an harrapatu zuten Mongoliako Kobdon. 1900. urtean Askania Novara iritsi zen eta urtebete pasata Errusiako tsarrari oparitu zioten: Tsarskoye Selon jarri zuten eta azkenean, F. E. Falz-Fein baroiari itzuli zioten eta horrek berriro atzera Askania Novara eraman.
Munduko populazio osoa 1945ean zoologikoetan bizirik irauten zuten 31 zalditatik dator. Bigarren Mundu Gerrak ondorio larriak ekarri zituen Europako zoologikoetako przewalski zaldientzat: 1900en harrapatutako buruen ondorengoak ziren, eta soilik 9 abererengandik zetozen. Beraz, beraien arteko odolkidetasuna handia zen.[17].
Przewalski zaldietan bi odol lerro ezagutzen dira, A eta B izenekoak. B-lerroan, Pragakoa, zoritxarrez jakina da zaldien arbasoen artean mongoliar arrazako zaldi bat dagoela. A-lerroa, Munichekoa, zantzu guztien arabera przewalski arraza garbiko zaldiez osatuta dago[18].
Beste aldetik, eta kontuan hartuz azken przewalski basatiak etxekotutako zaldiekin bizi izan direla beraien habitatetan, ez daiteke bazter haietan ere halako nahasketa gertatu izana[19].
Londresko Elkarte Zoologikoaren zein Mongoliako zientifikoen lankidetzaren ondorioz, zoologikoetako zenbait zaldi Mongoliako habitat naturaletan askatu izan dira. Haren ondorioz, 2005az geroztik, 248 przewalski zaldi libre bizi dira beraien jatorrizko lurraldean.
Dena den, arrazaren egungo egoera oso larria da oraindik. Mongoliako Khustain Nuruu Parke Nazionalean zenbait samalda txiki eta munduko hainbat zoologikotan sakabanaturik dauden aleak besterik ez dira geratzen.
1994. urtean Przewalski's horse: the history and biology of an endangered species liburuko egileen arabera, eta beraiek zoologikoz zoologiko egindako galdekeraren arabera, munduko populazio osoa mila abere ingurukoa zen.
2005ean egin zen orokorraraen arabera, denetara munduko populazioa 1.435 buru ingurukoa zen. Beraz, ematen du populazioa pixkanaka emendatuz doala. Zoritxarrez, beste zenbait abere beste zaldi arrazekin nahastutako przewalskiak dira. Erresuma Batuan gutxi gorabehera arraza garbiko ehun animalia daude. Ameriketako Estatu Batuetako zoologikoetan, berriz, 150 abere inguru daude.
Jatorria
Przewalski zaldien eta gainontzeko egungo ekido guztiek arbaso berberak dauzkate. Equidae (batzuetan zaldien familia gisa izendatua) zaldiak, astoak, zebrak, kiangak, onagroak eta antzeko aberek biltzen dituen ugaztun perisodaktilo eta solipedo familia da. Familia honetan genero bakarra dago, Equus izenekoa. Bere kideak gorputadarraen muturretako behatzetarik bakar baten gainean dabiltza, hirugarrena hain zuzen. Espezie guztiek antzeko hortz kopurua daukate: gutxienez 34 hortz eta gehienez 42.
Familia honetako espezie fosil asko ezagutzen dira, genero eta subfamilia batzuetan sailkaturik. Ekido terminoa erabiltzen denean familia honi dagokio, nahiz eta bizirik dagoen Equinae subfamiliako animalien inguruan hitz egiteko erabiltzen den.
Laugarren aroan Equus ferus generoa sendotu ondoren, Eurasian antzinako hiru basazaldi mota geratu ziren. Hiru hauetatik sortu ziren egungo zaldi arraza guztiak.
- Equs ferus przewalski, soslai ganbilekoa; beratik sortu zen egungo Przewalski zaldia. Hau da, munduan geratzen den benetako basa zaldi bakarra.
- Equus ferus gmelini, soslai artezekoa. Zaldi hau tarpan izeneko basa zaldiaren aurrekoa izan zen. Tarpan zaldiak Europako Iparraldea eta erdialdean libre bizi omen ziren, baina azkenak Ukrainan desagertu ziren 1879 urtean. Bi tarpan mota nagusi ziren, estepetakoa eta basokoa.
- Equus stenonis, soslai zapalekoa eta 170 zentimetro gorakoa. Zaldi hau oso desproportzionatua zen eta Tundran bizi omen zen.
Egungo taxonomian Przewalski zaldiak tarpanaren espezie berberan kokatzen dira, azpiarraza bat bezala. Antza zenbait tarpanek Przewalskien antz handia zuten. Jakina, tarteko barietate ugari galdu egin dira tarpanaren eta Przewalski zaldiaren populazio askoren galerarekin, esate baterako Iberiar Penintsulako Equus caballus antunensis izeneko zaldi mota, tarpanarekiko zenbait bereiztasuna zeukana eta hainbat adituek egungo Sorraia zaldiaren arbosotzat jotzen dutena.
Przewalskii zaldiak Euskal Herrian
Jesus Altunaren aburuz, Altxerri eta Ekainen margotutako zaldiek egungo Przewalskien antz handia daukate. Berak espezie berberatzat jotzen du. Aditu guztiak ez datoz bat ordea iritzi horrekin, eta beste zenbait zaldi mota ikusten dute marrazki hoietan. Baita ezaugarri nahastutako zaldiak ere. Przewalskiaren arbasoa (egungo basa zaldien oso antzekoa) izan daiteken zaldiak sarritan margotuta azaltzen da Europako labar-artean. Bereziki Euskal Herria hartzen duen zonalde franko-kantauriarreko harpetan. Lehen aipatutako zaldi mota ezberdinen nahasketa sarritan agertzen da baita ere.
Jose Maria Gomez Tabernak aipatzen du Equus ferus gmeneliren hainbat mota eta Equus ferus przewalskiren tipoko zaldien arteko hibridazioa egungo Iberiar Penintsulako iparraldeko zelta poni motako zaldien sorreran. Ordunteko behorra, garranoa, asturkoia...
Laugarren aroko zaldi hauen nahasketak argituko luke, esate baterako, zergatik euskal pottokek daukate zenbait ezaugarri soslai ganbilekoak (begi orbita irtenak, soin gurutze nabarmena, dortsolunbarra zeladuna, zutasunak ezkerrekoak, eta ile joria) eta soslai artazeko beste hainbat (Musua ertaina eta Lepo piramidala). Hala ere pottokek badaukate lerro zeltako ponien (tarpan arbasoa) soslai zapalekoen ezaugarri gehien, hala nola, muturra zabalduta, gibelaldea ojibala, buztana baxua, eta geruza beltza edo gaztainkara. Jakina, egungo Przewalski zaldia ez da Europako poni arraza zaharren arbaso zuzena, baina ezin daiteke berbera esan bere arbasoa izan zen zaldiaren kasuan. Honek segurien bere eragina utzi zuen Europako zenbait poni arrazetan. [19].
Jose Maria Gomez Tabernak, beste hainbaten artean, Tito Bustillo eta Candamoko Harpe asturiarren labar margoetan ikusten du zaldi mota hau, edo bere arbaso hurbilena islatuta[20], hau da, Ferus caballus przewaski edo Equus ferus przewalski espeziea.
Euskal Herrian berrriz Santimamiñeko hainbat zaldi marrazki eta Ekaingo leizearen bat edo beste aipatu ditzakegu egungo Przewalskien antza gehien duten marrazkien artean.
Egun ez dago przwalski zaldirik Euskal Herriko animali parke ezberdinetan. Hurbilenak Kantabriako Santillanako Parke zoologikoan zein Cabarcenoko Animali Parkean daude.
Paleolitikotik gaur egun arte
Zaldi hauek ehizaturik izateaz gain neolitotik aurrera beraien habitaten inbasioa jasan zuten gizakien zein etxekotutako bere abereen aldetik. Haren ondorioz Przewalskiak estepetara bultzatuak izan ziren[21], eta kopurua eta beraien banaketa eremua murrizten joan ziren handik aurrera.
Arrazaren historia jarraitzea zaila da, bereziki zaldia etxekotua izan eta gero.
Borgoinan kokatutako Solutréko leizean delako aztarnategi arkeologikoan, garai paleolitoan ehizatutako ehunka zaldien hondakinak agertu dira. Antza garai batean gizakiek suaren laguntzaz zaldi samaldak bertako amildegitik behera amiltzen zituzten horrela ehizatzeko. Dirudienez zaldi hauek egungo bertako hainbat poni arrazen ezaugarriak zituzten jada, tarpan eta Equus ferus przewalskii espeziearen nahasketa[4].
Lehen esan bezala, ofizialki Nikolai Przewalskik aurkitu zuen arraza zientziarako Altaira egindako bidaian, nahiz eta zaldia bertako biztanleek ederki ezagutzen zuten betidanik. Hala ere Przewalski Zaldiaren Fundazioaren datu berrien arabera, XV.en mendean, beste bi europearrek ezagutu zuten zaldi mota hau Przewalski baino ia lau mende lehenago.
Johann Schiltberger bidaiari eta aitonseme bavariarrak, turkiarrek harrapatu eta "Urrezko Horda"ren buruzagi bati salduz gero, honek Schiltberger Egedi izeneko Mongoliako printze bai eskaini zion, eta berekin urte dezente gatibu egon zen. Haietako asko Tien Shan mendietan egon zen Europan ezaguturiko zaldi hauen aurrenetariko berri eman zuen. "Bidaia Leku kiskalgarrietan" bere oroimen liburuan bertan ikusitako basa-zaldiez mintzo da, przwalski zaldiak, zaltantzarik gabe. Argitaratu gabeko Eskuizkribua 1427.en urtean idatzia izan zen, eta Municheko Stadtbibliotek Udal Liburutegian gordeta dago.
Beste aldetik, Petri I.a Errusiakoa tsarrak eskoziar bat bidali zuen Txinara enbajadore gisa XVIII.en mendeko bigarren hamarkadan. Eskoziarrak bere esperientziez idatzi zuen, San Petersburgotik Pekinera egindako bidaiaren berri emanez "Journey from St. Petersburg to Pekin, 1719 - 1723" izeneko liburuan. Testu honetan "Asiako Zaldi Basatien" deskribapen zehatza dago[22].
1900 eta 1901 artean, Carl Hagenbeckek expedizio handi bat burutu zuen zenbait zaldi bizirik harrapatu eta Europako zoologiko ezberdinetara eramatekoasmoz. Danera 31 inguru zaldi atzeman zituzten, eta egungo zoologikoen aleak handik datoz[21][23].
1945.en urteaz gero, bi populaziok soilik irauten zuten zoologikoetan, Munich eta Pragan hain zuzen. Etorkizun handiena zuen taldeak, Ukrainako Askania Novan, soldadu germaniarrek akabatu zuten Bigarren Mundu Gerran, eta Ameriketako Estatu Batuetan zegoena, iraungi zen.
Przewalskien populazioak Bigarren Mundu Gerraren ondoren
Mongoliako populazio basatiek beherakada latza jasan zuten Bigarren Mundu Gerra eta geroko urtetan. Bitartean, 1950. hamarkadaren amaieran munduan soilik 12 Przewalski zaldi zeuden munduko zoologikoetan, besteak beste Bigarren Mundu Gerraren ondorioz (orduan, esate baterako, Askania Novako populazio osoa galdu egin zen).
Garai hartan hainbat samaldak irauten zuen oraindik Kazajstango ekialdean, Mongolian eta Txinako Ipar-mendebaldean. Hurrengo hamarkadetan ordea kopurua murriztuz joan zen giza eraginaren ondorioz eta Prewalskiaren habitat etxeko abereek inbaditzearen ondorioz[24]. 1967en urtean, artzain mongoliar batzuek azken samalda basatia ikusi zuten, 12 edo 15 Przewalski, besterik ez, eta 1969ean azken aldiz zaldi libre bat ikusi omen zuten Mongoliako Tachiin Shaar Nuruunean, Dzungarianean, Gobiko basamortuaren iparreko estepetan Txinako mugatik gertu. 12 abere inguruko samalda zen.
Kontutan hartu behar da, hala ere, urrutitik Przewalski zaldiak bertako kiang edo basa-astoarekin nahastu daitekela. Jakina, bi arrazen arteko identifikazio nahasketak posibleak lirateke.
Europako zenbait kasuetan, Okzitaniako Causse Mejan parkean zein Ukrainako Askania Novan, Przewalskien talde erdi basatiak daude egun. Txernobylgo hondamendiaren gertatu eta bi urtera, 1988an, hango agintariek Askania Novatik Txernobyl inguruko eremu debekatura Przewalski zaldi batzuk eraman zituzten, hogei bat, zaharrak eta gaixoak bereziki, haiengan kutsadura erradioaktiboak zuen efektua aztertzeko. 2010eko hamarkadan, zaldi horiek ugaldu eta berrogeitamar bat dira egun, itxuraz osasuntsuak. Gainera, frogatu denez, zaldi horiek ingurko zaldi etxekotuek baino hiru bider erradiaktibitate gutxiago dute, egindako ikerketen arabera digestio azkarragoa dutelako Przewalski zaldiek, partikula erradioaktiboak hesteetatik barneratzeko denborarik eman gabe.[25]
Herbehereetako Goudplaat babeslekuan ere eremu handia batean libre dabiltzan samalda dago, AEBetako Virginiako Smithsonian National Zoologic Park delako zoologikoan bezala.[26].
Naturzaleen zein zoologikoen ikerketa eta ahaleginak
1959. urtean Erna Mohr ikerleak arrazari buruz ordura arte zegoen informazio guztia bildu eta liburu batean bilduta argitaratu zuen. Data hartatik hainbat hamarkada iragan direnean asko aurreratu da arrazari buruzko ezagueran. Zientziaren aurrerakuntzak ere przewalskia ikertzeko teknologia berriak eskaintzen ditu, teknika genetikoak esate baterako. Denboraldi honetan ere, basa zaldi hauen inguruko hainbat nazioarteko ihardunaldiak egin dira arrazari buruzko ezaguera hobetuz.
Kontutan hartuz lehen aipatutako mongoliar zaldiaren nahasketaren ondoriei buelta emateko eta hurrengo belaunaldiak Przewalski zaharraren ahal den antz gehien izateko, joan den mendearen azken hamarkadetan arraza berreskuratzeko lanean ibili ziren Mazak eta Dobroruka (1967) adituek, beharrezkotzat jo zuten zaldi honen benetako ezaugarrien azterketa sakona egitea, geroztik Pragako "B" odol lerroarekin egoki aritzeko. Beraien iturriak deskribapenak, argazkiak eta naturalistek egindako neurketak izan ziren. Ehizatutako abere zein naturan harrapoatutakoak izanik. Arreneko deskribapena erabili zutena, Poliakobek 1881. urtean egindakoa izan zen.
Beste aukerarik ez zegoenez, beraiek zoologikoan zegoen eta Hagenbeck-ek ekarritako lehenengo belaunaldiaren ondorengo zaldiaren datuak erabili zituzten, baita kontserbatutako material ezberdinen dutuak zein bere habitat naturalean atzemandako azken zaldiaren itxura, Orlitsa III. izenekoa eta 1947. urtean harrapatuta.
Lydekker (1912) eta beste hainbat adituek adierazitako kritika eta beldurren aurrean, beraiek zaldi mota homogeneoa eta bere ezaugarrietan konstantea aurkitu zuten, basazaldien ezaugarriekin bat zetorrela. Aditu hauen dautuak Municheko zoologikoaren "A" odol lerroko (Aline), eta Orlitsaren ondorengoa ziren beste abereen "ezaugarrien taulako" neurketekin egiaztaturik geratu ziren (Mazak, 1966)[15].
Joan den mendeko 80. hamarkadan zehar Przewalski zaldiak zeuzkaten zoologikoen kopurua % 50 handitu zen, eta abereen kopurua milara hurbildu zen 120 inguru erakunde ezberdinetan banaturik. Jakina, hau alde batetik baikorra izanik, beste aldetik zailtzen zuen arrazari buruzko eta hautaketan mantendu beharreko gutxienezko ezaugarrien inguruko kriterioen batasunerako zailtasun handiagoa ekarri zuen.
1990. urtean Leipzig hirian burututako bileran elkarlanerako hainbat oinarri jarri ziren arrazaren berreskurapena burutzeko prest zeuden hainbat eragileen artean.
Gerra hotzaren ondoko munduko giro politikoak ere halako ekimenak bultzatzen lagundu zuen. Hainbat hamarkada lehenago pentsaezina baitzen munduko bi bloke ezberdinetan zeuden gobernu eta gizarte eragileen arteko halako elkarlana. Ordurako ere, munduko hainbat babesleku zein zoologikoetan barreiaturik zeuden Przewalski zaldien kopuruak arraza berriro egoera naturalean berreskuratzeko beharrezkoak ziren abereen soberakina eskaintzen zuen.
Dena den, kontutan hartu behar da arraza hainbeste denboran itxita mantentzearen ondorioz, egorea librean irauteko hainbat ezaugarri galdu egin duela. Azken urtetan askatu diren abereak beraien habitataren gogortasunara moldatu beharra daukate. Esat baterako kumatze tasa zoologikoetan edo parketan zeudenean baino txikiagoa dute, eta haren ondorioz populazio basatien hazkundea txikia da[27]. Zaila da jakitea hau horrela jarraituko duela izaten edo hainbat belaunaldi pasatuz gero hazkundea emendatuko den.
Okzitaniako Causse Mejan parkearen esperientzia
Okzitaniako Causse Mejan delako natura parkean, Le Villaret izeneko herrian, oso esperientzi interesgarria abiatu zuten joan den mendearen amaieran zaldi arraza hau babesteko[28].
1990. hamarkadaren hasieran, Claudia Feh (1951ko irailaren 19a) suitzar zaldizale eta etologoak, 30 urte baino gehiago zaldien konportamendua ikertzen eman duena. Claudia Feh Camargako zaldiekin hasi zen bere etologia lanak. Gaztetan Lascauxeko harpera egindako bisitaldi batean bertan marraztutako przewalski motako zaldiekiko jakingura piztu zitzaion.
Europako hainbat zoologikotan 11 Przewalskii zaldi erosi zituen, beraien artean aniztasun genetiko nahikoa zuten abereak geroztik arazoak ez izateko odolkidetasuna dela eta. Paraje hauetan 400 hektareako itxidura batean zaldiak askatu zituen bertan libre bizitzeko. Goi ordoki hauek Mongoliako esteparekiko antzeko baldintzk ditu, eguraldian zein landaretzan, edo behintzat hurbiltzen zaio.
Libreki utzi zuen ere samaldak antolatzen eta zaldi behorrak beraien artean gurutzatzen. Hainbatentzat hau oso erabaki arriskutsua izan zen, aspalditik zoologikoetan bizi izandako abereak zirelako. Horrela mantendutako ekidoetan ikusi da zaldiak beraien artean borrokatu dezaketela akabatu arte eta baita zenbait kasuetan zaldiek moxalak hiltzen dituztela. Hala ere, hainbat gora-behera eta gero, abereak ondo egokitu ziren baldintza berrietara eta egoki berreraiki zituzten samalda basatien harreman sozialak lehen aipatutako portaera ez naturalak errepikatu gabe.
Aldi berean Claudia Fehk 1992. urtean sortutako Thakh elkartearen bidez, hainbat ekimen bultzatu zuen Mongolian zoologikoetan jaiotako przewalski zaldiak bertan askatzeko, eta bereziki Okzitanian libreki hazitako przewalskiak Mongoliako beraien habitat naturalean askatzea espeziea bertan berreskuratzeko, Komiin Tal eskualdean hain zuzen, Mongoliako mendebaldean.[29] Ekimen hau Ekimenari Rolex Sariarekin saritu zuten 2004. urtean[30]. Ekimena "Zaldi Basatia Sarea" izenarekin baiatu du Claudia Fehk.
Dena den, Causse Mejango ordoki karetsuek ezberdintasun funtsezkoa daukate Gobiko basamortuarekiko: oro har, bertako lurra askoz gogorragoa da Gobikoa baino, eta baldintza honek adaptazio arazoak sortu zizkien Przewalskiei. Hasieran Mongolian askatutako hainbat zaldik arazoak izan zituzten apatxetan, eta honek defentsarik gabe utzi zituen otsoen erasoen aurrean. Dena den, denborarekin, arazoa konpondu zitzaien.
Ekimena arrastakaz burutzeko Fehk garrantzitsua jotzen du bertako artzain mongoliar nomaden inplikazioa, baina baita nazioarteko eta mongoliar zientifikoen zein bertako biztanleen arteko lankidetza. Horretarako foroa sortu zuen Mongoliako herri batean artzain nomadak eta zientifikoak batera lan giteko eta elkarrengandik ikasteko. Zaldi Basatia Sareak ez du bakarrik przewalski zaldien alde lan egiten. alde batetik Gobi basamortuko beste animali eta landareen babespena bultzatzen du, azken finean horiek ere baitira zaldiaren habitata. Beste aldetik hainbat ekimen bultzatzen du bertako jendearen bizimodua hobetzeko, bereziki osasungintzaren aldetik begira eta haurrei zuzendurik.
2010. urtean Causse Mejango samalden abaere kopurua 55 aberekoa zen, eta Mongoliako Komiin Talen abere kopurua 33[29][31]. Causse Mejanen bertako zaldien hirugarren belaunaldia jaiotzen ari da jada.
Mongoliako berreskurapen lanak zaldiaren azken habitatetan
Przewalski zaldia legalki babestuta dago Mongolian. Arraza berezi hau zaintzeko, Gobiko ekosistema ere zaindu beharra dago. Hori edozein espeziearen berreskuperapenean oinarrian dago. Ezinezkoa baita espezieak berreskuratzea beraien habitatak zaindu gabe. Bestela, Przewalski zaldiak berriro beherantz egin dezake desagertu arte.
Une batez, Przewalski zaldia galdua egon zen naturan, baina berriro sartu zen bere jatorrizko habitatean 50 urte pasa eta gero, Mongolian lehen aipatutako Khomiin Talean zein Khustain Nuruu Parke Nazionalean eta Takhin Tal Babesleku Naturalean[23].
Fase desberdinak aurrikusiak izan dira zaldia berriz han ezartzeko, baina arriskugarriena hasierakoa izan zen; ordura arte zoologikoetan egondako zaldien egokitze-ahalmena ikuskete baitzegoen. Fase hau igaro ondoren zaldiaren ugalaldia etorri zen. Bere iruapena hamar urtekoa izan daiteke eta denboraldi hori igaro ondoren zaldi-kopurua handitzea aurreikusten zen.
Zaldia oso txertatuta dago mongoliar kulturan, lehen esan bezala beraien abere totemikoa da. Hau dela eta zaldi basati hauen berreskurapena bultzada handia jaso du Mongoliako gobernuaren aldetik. Askatu beharreko przewalski zaldien etorrera ospakizun bat da mongoliarrentzat. Hainbat nomadek egunetako txangoak egiten dituzte kanpotik ekarritako abere hauek ikusteko eta beraien habitat naturalean askatu baino lehen "ongi etorria" egiteko.
Egindako lanaren esker, 2005. urtean Mongolian 300 zaldi inguru bizi ziren libre jada. Khustain Nuruu Parke Nazionalean 170 zaldi inguru bizi ziren. Parke hau Ulan Batortik, Mongoliako hiriburutik, 60 milletara ekialdera dago. Gainontzeko Przewalski basatiak Gobi inguruko bi parketan zeuden[32].
Txinako saiakerak
Txinako Herri Errepublikan Przewalski zaldia bere inguru naturalean berreskuratzeko egitasmoa 1985en urtean hasi zen, Zaldi Basatiak Hazteko Xinjiangeko Zentroaren sorrerarekin[27]. Txinako Herri Errepublikaren mende dagoen Xinjiang edo Ekialdeko Turkestan eskualde autonomoan bizi den Uigur herriak betidanik harreman berezia izan du zaldiekin.
Kanpoko zoologiko eta parketatik ekarritako zaldiak laster moldatu ziren inguru berrira. 1988. urtean sei eme jaio ziren eta aurrera atera. Honek adierazten du abere hauek egoki moldatu zirela erdi-basamortukoa duten inguru latz hauetan bizitzera.
Aurreneko zaldiak ekarri eta bi hamarkada eta gero, Gymsar hiritik 60 kilometroetara kokatzen den Xinjiangeko Basa Zaldien Zentroak 55 abere baino gehiago aurrera ateratzea lortu zituen Kalamely mendi multzoan askatzeko. Mendi hauek arrazaren aspaldiko habitata izan ziren.
2001. urtean, aurreneko zaldiak askatzea erabaki zenean, 100 abere zeuden jada zentroan. Munduko Przewalskien jaiotze tasarik handiena lortu da bertan.
Zentroan 2007. urtean 117 abere inguru zeuden jada. Zentroan 12 ukuilu ezberdin daude basazaldien famili talde bakoitzarentzat. Alboan 200 hektareako larreak daude, itxita. Zaldiak askatu baino lehen itxidura handian egoten dira moldatzen joateko. Zentro guztiak 600 hektarea inguru hartzen ditu. Zoritxarrez hektarea asko oso lur txarrak dira, alkalinoak eta belar eskasarekin. Hau dela eta, batzuetan arduradunek zaldiak artifizialki elikatu behar izaten dituzte.
Hala ere denak ez dira zailtasunak abere hauentzat beraien aspaldiko habitatean, esate baterako kanpoko zoologikoetan ugari diren zenbait parasito ez dira eremu hauetan existitzen.
Txina eta Mongoliak metodo ezberdinak erabiltzen dituzte przewalski zaldiak beraien inguru naturalean sartzeko orduan. Mongolian kanpoko zoologikoetatik ekarritako zaldiak segituan askatzen dituzte estepan. Abere bat akabatzen bada, beste berri bat lortzen saiatzen dira hildakoa ordezkatzeko. Txinan berriz programaren helburua gutxienez 80 abere kopuru bat lortzea izan zen kontrolatutako gunean (Xinjiang-eko gunean), eta gero talde honetatik abereak askatuz joan dira.
Txinar adituen arabera, oso beharrezkoa da samalda basatietan gutxienezko kopuru bat ziurtatzea edozein moduan ere, zeren eta zaldi basatien taldek kopuru batetik behera joz gero, talde guztia superbizitzea zailtzen da.
Kalamely mendia izan zen askatutako aurreneko zaldi taldearen kokapena. Paraje hau izan zen bertako Przewalskien azken hedapen gunean. Lekua Charcurt hiritik 40 kilometro inguru dago, 216. errepide nazionaletik 310 kilometro hegoaldera. Przewalski Zentroaren adituek etxetxo zuri bat eraiki zuten zaldiek jasan beharreko baldintzak une oro monitorizatzeko. Etxetxotik gertu lau kilometro karratuko eta itxitako larre artifiziala sortu zuten baita ere.
2001ko abuztuaren 8an, 27 abereen taldea heldu zen parajera eta 20 eguneko girotze epe motz bat eta gero askatu zituzten. Abereen arteko harremanen hainbat gorabehera eta gero, ondo moldatu ziren, nahiz eta adituek famili talde bat bereiztu behar izan zuten samaldaren oreka soziala mantentzeko eta borroka arriskutsuak sahiesteko. 21 zaldi behor geratu ziren bertan libre beraz.
Egitasmoaren arduranak harritu ziren zaldi basatien mugikortasunarekin, hasiera hasieratik kapazak izan baitziren gau bakar batean 50 kilometro egiteko. Azkotan gertuko autobidearen hesiaren alboan[27]. Bertako ur alkalinak edatera ere moldatu behar izan zuten.
Ukrainako Askania Nova
Ukrainako Askania Novako Biosferaren Erreserban Przewalski zaldien populazioa aurkitu daiteke 30 kilometro karratuko itxidura batean, egoera erdi basatian. Askania Novako parkea Przewalski zaldiaren aspaldiko babeslekua izan zen. Aurreneko Przewalski zaldiak bertara eraman zituzten Mongolian harrapatuz gero joan den mendeko hasierako urtetan. Zoritxarrez, bertan kokatu ziren soldadu nazi okupatzaileek bertako Przewalski zaldiak sarraskitu zituzten Bigarren Mundu Gerran.
Txernobylgo hondamendi nuklearra eta gero, Askania Novako Erreserba ere hodei erradioaktiboaren eraginpean geratu zen, eta honek ere bertako Przewalski zaldien etorkizuna baldintzatu dezake[33].
Txernobylgo esklusio guneko przewalski zaldiaren populaio basatia
1998. urtean, Askania Novako Biosferaren Erreserbak egitasmo bat abian jarri zuen. Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiak sortutako esklusio gunean Przewalski zaldiaren populazio basatia sortzea, era horretan ekosistema haien aberastasun ekologikoa berrezarriz eta handituz.
1998. eta 1999, urtean Erreserbak Estatuaren Ohian Bulego Naionalaren laguntatz 31 abere bertaratu zituen. 10 zaldi eta 18 behor Askania Novatik eta 3 zaldi zoologiko batetik. Haietatik zortzi akabatu ziren ia segituan, zoologikoaren bi abere barne. Besteek bi zaldi-behor talde eta zaldien samaldak osatu zituzten.
Abereak askatasunera egokitzeko itxiduretan ezarri zituzten hainbat astetik 8 hilabeteko eperen artean girotzen joateko. Zoritxarrez zoologikotik ekarritako azken zaldia denboraldi honetan akabatu zen, libre bizitzera moldatu ezinik.
Errusiako Orenburgoko Natura Babeslekuko saiakerak
Orenburgoko Natura Babeslekuan berriki hasita dago przewalski zaldiak berreskuratzeko programa, 2016. urteko udaberrian. 15 urtetan zehar garatuko da eta helburua 2.030. urterako bertan 100-150 aberen populazioa ezarztea da Preduralskaya estepan.[34]
Burututako babespen ekintza guzti hauen ondorioz, 2008. urtean animalia honen estatusa "Naturan desagertua" egoeratik "Arrisku kritikoan" dagoen espeziera pasatu zen IUNCko zerrenda gorrian[35]. Zehatzago, 2007. urtean oraindik Przewalski zaldien kopurua munduan ez ziren 2.000 burura heltzen guztira[27].
Beste alde batetik, Przewalski zaldia zoologikoetan gordetako hainbat aberetik hasita bere habitat naturalean arrakastaz berreskuratzea, eredu bilakatu da beste zenbait espezie berreskuratzeko orduan.
Przewalskii zaldia edo bere arbaso zuzena etxekotua izan zen Asiako Erdialdean eta Txinan, eta hango hainbat zaldi arraza bere ondorengo zuzentzat jotzen dira, esate baterako mongoliar zaldiak.
Tibeten, zaldi txiki eta arkaikoen arraza ezezagun bat topatu zuten 1995.en urtean, haran isolatu batean. Zaldi horrek kolore arre-grisaxka dauka, eta oso gutxi etxekotua dago.[36] Antzinako zaldi arrazetatik oso gutxi garatutako zaldia da. Bere ezaugarriek Przewalski zaldiarenak zein labar artean agertzen diren zaldi marrazkienak gogora ekartzen dituzte.
Mongoliatik Europako zoologikoetara ekarritako zenbait Przewalski, hainbat zaldi arrazarekin nahasi zituzten, esperimentuak egitearren.
Naturan Przewalski zaldiak oso izuak agertzen dira gizakiaren aurrean. Ehunka metrotara sumatzen dute gizakiaren presentzia eta ihesera jotzen dute. Etxekotutako abereak berriz, beraien zaintzaileen eskutik jaten dute beste edozein etxeko zaldia bezala.
- Egungo Przewalski zaldiaren antzeko irudiak Euskal Herriko zein Europako hainbat leizeen labar-artean agertzen dira. Zestoako Ekaingo leize ospetsuan, 34 zaldi inguru marraztuta agertzen dira, haietako hainbat Przewalski itxurakoak. Adituen ustez, leizea zaldiari eskainitako santutegia izan zitekeen. Aipagarriak dira era berean Kortezubiko Santimamiñen aurkitzen diren Przewalski motako zaldi marrazkiak.
- Mongoliarren zaldi hau Takhi deitzen dute, eta "izpiritua" esan nahi du. Zaldiak mongoliarren kulturaren erdi-erdian kokatzen dira, eta thakia beraien kultur nazionalaren ondarea da. Mongoliarrentzat takhia gizaki eta jainkoen arteko mezularia da, eta beraien totem garrantzitsu bat, mongoliar familia baten ondare eta harrotasuna izateaz gainera. Egun Przewalski zaldia Mongoliako ikur-nazionaltzat hartzen da.
- Asturiasko Candamoko herrian, bertan kokatzen diren labar-margoak direla eta, Przewalski motako zaldiaren marrazkia agertzen da herriko banderan. Candamoko leizea 2008an UNESCOk Gizateriaren Ondaretzat izendatu zuten labar-artean aberatsak diren Euskal Herriko Santimamiñe, Ekain eta Altxerrirekin zein Kantabria eta Asturiasko beste zenbait kobekin batera.
- Jean Marie Auel idazlea zaldi arraza honetan oinarritu zen Lurraren seme-alabak liburu sorta famatuan agertzen den Whinney pertsonaia sortzeko. Liburuen protagonista den Ayla emakumeak zelatutako basazaldia da Whinney. Jean Mari Auel-ek Ekaingo leizea bisitatu zuen sagaren azken liburua idazten ari zenean bertako zaldi margoekin inspiratzeko.
- Frechkop. S., La specifité du cheval de Prejewsalsky. Bull. Inst.roy.Sci.nat. Belgika, 1965.
- L. Harrison Matthews, The life of mammals. Bretaña Handia, 1971.
- Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
- Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.
- Zeuner, F. E. A history of domesticated animals. Londres, 1963.
- (Ingelesez) Przewalski's horse: the history and biology of an endangered species. Egilea, Lee Boyd eta Katherine A. Houpt. Argitaletxea, State University of New York Press, Albany. 1994.
- Przewalski zaldiari buruzko liburu berberaren argitalpen elektronikoa
- Mazak, V. 1966. "Bars" - hrebec kone Przevalskeho, Equus przewaksii Poliakov, 1881, v zoologicke zahrade v Praze.
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.