Bizkaiko udalerria From Wikipedia, the free encyclopedia
Santurtzi Bizkaiko ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Bilboaldekoa, Bilboko itsasadarraren Ezkerraldean kokatua. 2017. urtean 45.765 biztanle zituelarik,[4] Bizkaiko hiri jendetsuenetan bosgarrena da, eta Euskal Herrikoetan bederatzigarrena.
Santurtzi | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizkaia, Euskal Herria | |||||||||||
Santurtziko ikuspegia. | |||||||||||
| |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Bizkaia | ||||||||||
Eskualdea | Bilbo Handia | ||||||||||
Izen ofiziala | Santurtzi | ||||||||||
Alkatea | Karmele Tubilla (EAJ) | ||||||||||
Posta kodea | 48980 | ||||||||||
INE kodea | 48082 | ||||||||||
Herritarra | santurtziar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°19′49″N 3°01′53″W | ||||||||||
Azalera | 6,80 km² | ||||||||||
Garaiera | 6 metro | ||||||||||
Distantzia | 11 km Bilbora | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 46.057 (2023) 308 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 6.730,15 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | -% 0,3 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 13,5 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 39,13 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 75,87 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 5 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 15,82 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 19,26 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera [3] | % 6.28 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1075. urtea | ||||||||||
Webgunea | http://www.santurtzi.net/ |
Santurtziko udalerria Ibaizabal ibaiaren mendebaldean dago, Bilboko itsasadarra itsasoratzen den puntuan eta Abrako golkoan zehar zabalduta.
Biztanleria udalerriko erdialdean eta hego-ekialdean kontzentratuta dago gehienbat, Mamariga eta Kabiezes auzoak ere nagusi direla.
Serantes mendiaren (452 m) magalean Santurtziko erdigunea dago, antzinako arrantza portu zaharraren inguruan, leunki Kabiezes auzoraino gora doana. Herriaren ezaugarrietako bat Ezkerraldeko hainbat herritan bezala, aldapak dira. Udalerriko itsasoko gunea Bilboko portuak erabat hartua dago gaur egun. 1960ko hamarkadan eraikitako kanpo portuarekin lehenik, eta ondoren eraikitzen ari den Superportuarekin.
Udalerriko ipar-ekialdean Abrako golkoa dago, Ibaizabal ibaia itsasoratzen den tokia, alegia. Ballonti erreka Serantes hegoaldeko hegalean jaiotzen da.
Santurtziko klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eraginaz, eta urte osoan zehar temperatura leunak ditu. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira, negu onbera eta uda ez oso beroekin. Kostaldean dagoenez gero, Bilbon baino ugariagoak izaten dira erauntsiak. Tenperaturak epelak izaten dira urte osoan zehar. Nekez igotzen dira termometroak 35 °C-tik gora udan.
Mendebaldean, Santurtzik Zierbena udalerriarekin egiten du muga; hegoaldean Ortuellarekin; ekialdean Ibaizabal ibaiarekin; hego-ekialdean Portugaleterekin; eta iparraldean, berriz, Abrako golkoarekin.
Santurtzik bost barruti dauzka.
Erdi Aroaren hasieran, Alfontso I.a errege asturiarrak Duero eta Ebro haraneko biztanleekin populatu zituen Sopuerta eta Karrantzako lurrak. Hauek izan ziren Bizkaian kristautasuna pixkanaka sartu zutenak, mahatsa eta artoaren landaketarekin batera. XVI. mendetik aurrera Bizkaiko jaun handiek lurraldearen antolaketa aldatu zuten. Somorrostroko zazpi kontzejuek bi errepublika osatu zituzten Enkarterrietan, Avellanedako batzar-nagusietan ordezkaritza zutenak. Santurtzik, Sestaok eta Trapagaranek "Somorrostro Haraneko Hiru Kontzejuak" izeneko multzoa osatu zuten XIX. mendera arte. Santurtzi, "Santurce" izeneko udalerriaren zati zen Ortuellarekin batera.
XIX. mendean herrietako jarduera nagusia nekazaritza zen. Dena den, pixkanaka, industrializazioak eraginda, nekazaritzaren garrantzia galdu eta industriak eta meatzaritzak garrantzi handia hartu zuten, udalerrietako kontzejuen egitura ere aldatuz. Horrela, garai hartako Santurtziko udalerria bitan banatu zen 1901. urtean. Batetik, Santurtzi Zaharra (gaur egun Santurtzi dena), eta bestetik Santurtzi Ortuella (gaur egungo Ortuella).
Industrializazio prozesu azkarrak Santurtzi erabat aldatu zuen, kanpoko portuko kaia eraiki zen, herriko hondartza lehortu eta itsasoari hainbat metro koadro irabazi zitzaizkion industrian aritzeko leku gehiago izateko. Herriko eta inguruko udalerrietako enpresetan lan egitera etorritako hainbat biztanle etorri zen Santurtzira, Bizkaitik aurrena eta Espainiatik ondoren. Biztanle gehiago izatearekin, azpiegiturak ere handitu behar izan ziren, eskola, ospitale, zaharren egoitza, sehaska-etxea eta nautika irakaskuntzarako lehen eskola eraiki ziren. Bilboko portua herriko ardatzetako bat bihurtu zen pixkanaka.
Gerra Zibilak eten egin zuen prozesu hura, baina 1949. urtean berriro hasi zen herria biztanleria irabazten eta itsasoari eremu handiagoa hartu zion, ontziolak, udaletxea, azoka eta babes-ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. 1901. urtean 3.000 biztanle baino ez zituen herriak 55.159 biztanle izan zituen 1978. urtean. Biztanleriaren eztanda hark zerbitzuen gabezia itzela eragin zuen, batez ere ur-hornidurari zegokionez. Horrez gain, herriko ortu eta larreak galdu egin ziren, zetorren biztanleria hartzeko etxebizitza piloa eraiki behar izan zelako. Pixkanaka ekonomia dibertsifikatuz joan zen eta Iberdrolak energia elektrikoa ekoizteko zentral termikoa eraiki zuen.
1970eko hamarkadako krisialdiak eragin latza izan zuen herrian ezkerraldeko hainbat udalerritan bezala.
Urtarrilaren 17an, Santurtziko Butano biltegi baten leherketa. Kalte materialak eragin zituen. Hildako bakarra, Vicente Gajate, biotzekoak jota hil zen. Gertaerak herritarren ihesaldia eragin zuen, bestetik.[5]
Javier Cruz Euskadiko Alderdi Sozialistako Santurtziko alkatea 1995etik 2007ra, hirigintza-arazoak eta irregulartasunak ohikoak izan ziren bere agintaldian. Legez kanpo altxatutako etxebizitza blokeak[6], etxebizitza blokeak eraikitzeko birkalifikaturiko parkeak[7] eta abar.
Baina Javier Cruzen erortzea eta Euskadiko Alderdi Sozialistak Santurtziko alkatetza galtzea eragin zuena, Hijas de la Cruz ikastetxea saltzeko eta etxebizitzak eraikitzeko birkalifikazio saioa izan zen. 2007. urtean, herriko biztanle askok oihal moreak jarri zituzten euren balkoietan, jaietan egiten duten moduan, ikastetxeko arduradunek egindako eskakizunari jarraituz eta udalaren jarrera salatuz. Bien bitartean, Javier Cruz 2007ko udal hauteskundeetara ez aurkezteko erabakia hartu zuen, eta azkenik, 2007ko maiatzean, Ricardo Ituarte EAJko alderdiko hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak, gehiengo osoz.
Santurtzik 45703 biztanle zituen 2016. urtean. Udalerri moduan historia laburra dauka, izan ere, 1901ean banandu ziren Ortuella eta Santurtzi, meatzeek Ortuellari ekarritako hazkunde ekonomiko eta demografikoarengatik. Dena dela, industrializazio prozesuak eraginda, hainbat gorabehera izan ditu biztanleriak XX. mende osoan zehar.
Herriaren jarduera ekonomikoa portuarenarekin oso loturik izan da beti, eta gaur egun Bilboko Portuko instalaziorik gehienak Santurtzin daude. 1950eko eta 1960ko hamarkadan gertatutako industrializazioaz etorkinak erakartzeak herriaren biztanleria asko handitu zuen: urte gutxiren buruan biztanleria boskoiztu ere egin zen, 50.000 biztanle baino gehiago iritsi ziren.
Biztanleriaren gorena 1981. urtean izan zen, 53.336 biztanlerekin. Ordutik biztanleria urtero jaitsi da, krisialdi ekonomikoak eta etxebizitza gabeziak eta garestitzeak eraginda.
Azken urteetan biztanleriaren jaitsiera eten den arren, herriak hazteko aukera gutxi du, eta etxebizitza asko eraikitzen ari den arren, laster agortu egingo dira eraikitzeko orubeak Santurtzin.
Santurtziko demografia puntu nagusi handi batean eta bigarren mailako puntuetan laburbildu eta nabarmendu daiteke. Puntu nagusia, argi dago, herrialdeko industrializazio berantiarrak demografian izan duen eragina da. Industrializazio horrek herrialdearen mantenu ekonomikorako guztiz proportzionatuak ziren eremuak sortzea ekarri zuen, nekazaritza eta abeltzaintza baztertuz inguruko herrialdeen egoera industrial modernoagatik. Industrializazio hori periferian egin zen, eta fokuetako bat Ezkerraldea izan zen, haren artean Santurtzi. Hori dela eta, erdigunean dauden herritako biztanle guztiak Ezkerraldera joan ziren, Euskal Herriaren barruan kultura guztiz ezberdina sortuz, gune kontzentratu batean.
Horixe da Santurtziren eta eskualde osoaren funtsa; izan ere, gero ez ziren saiatu erabat emigratutako eremua euskalduntzen eta, beraz, beren probintziaren aldean, ezaugarri guztiz desberdinak dituen eremu bihurtu zen. Horregatik, "inon ez da euskaraz hitz egiten" bezalako esaldiak entzun daitezke bertan, edo euskal kulturak Euskal Herriko gainerako herriekin alderatuta ia funtsik izan ez duen bizitza errutina bat ikus daiteke eta, beraz, demografiak zifra bati ez ezik, esparru sozial bati ere nola eragiten dion ikus daiteke.
Azpimarratu beharreko beste puntu bat gerrek herri baten demografian izan duten eragina da, Santurtzik ez baitu harreman zuzenik izan haiekin, izan karlistadak izan Lehen Mundu Gerra. Gertaera historiko horiek guztiak isla bizia dute zuzenean edo zeharka zabaltzen diren eremu bakoitzean, dela heriotzek eragindako jaitsiera numerikoagatik, dela gerraosteko biziberritze horren ondoriozko igoera numerikoagatik.
Santurtziko biztanleria |
---|
Aintzane Urkijo Sagredo (EAJ/PNV) da Santurtziko alkatea.
2019ko udal hauteskundeetan alderdirik bozkatuena Eusko Alderdi Jeltzalea izan zen eta 10 zinegotzi eskuratu zituen. Bigarren PSE-EE izan zen, 5 zinegotzirekin; hirugarren Bildu 4 zinegotzirekine ta laugarren Ahal Dugu 2 zinegotzirekin.
Santurtziko udalbatza | |||||
Alderdia |
2015 |
2019 | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 10 / 21 |
10 / 21 |
|||
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE)) | 3 / 21 |
5 / 21 |
|||
Euskal Herria Bildu | 3 / 21 |
4 / 21 |
|||
Ahal Dugu | 4 / 21 |
2 / 21 |
|||
Alderdi Popularra (PP) | 1 / 21 |
0 / 21 |
|||
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia |
José Antonio Loidi Alcaraz | 1979 | 1983 | Euzko Alderdi Jeltzalea |
José Miguel Darquistade Albizua | 1983 | 1999 | Euskadiko Alderdi Sozialista |
Francisco Javier Cruz Expósito | 1999 | 2007 | Euskadiko Alderdi Sozialista |
Ricardo Ituarte Azpiazu | 2007 | 2015 | Euzko Alderdi Jeltzalea |
Aintzane Urkijo Sagredo | 2015 | Jardunean | Euzko Alderdi Jeltzalea |
Serantes Kultur Aretoa (SKA) Santurtziko eskaintza kulturalaren osagai nagusia da. SKAk hiru gelako zinema eta antzokia eskaintzen ditu.
Horrez gain, Kresala aretoan, hitzaldiak, antzezpenak eta topaketak antolatzen dira eta Juan Jose Mendizabal plazan Santurtziko Liburutegi nagusia dago. Ekainaren 16tik 25era Liburu Azoka izaten da.
Udal Liburutegiari dagokionez, Liburutegi Nagusia(1974 ean sortua, Kabiezesko Haur Liburutegia, San Juango Liburutegia eta Kabiezesko Liburutegia daude. Bestalde, Santurtzin gune okupatu bi daude: Mamarigako Kultur Etxea (Nafarroa auzunea z/b), 1991n okupatuta Mamariga auzoan, batez ere auzoari begira lan egiten duena (tailerrak, hitzaldiak...) eta La Kelo gaztetxea (Las Viñas 63) 1999an okupatuta, hitzaldiak, kontzertuak, antzerkiak eta abar antolatzen dituena. Gaur egun biak hustutze mehatxupean daude.
Musikaren ildotik, bertakoak dira Eskorbuto eta Zarama, Euskal Rock Erradikalaren garaian sortutako taldeak.
Andolin Eguzkitza santurtziarrak 2002an euskaltzain izateko sarrera-hitzaldian honela goraipatu zuen Ezkerraldeko eta Enkarterriko gazteen adorea: [8][9] [10]
« | Eta zer esan Santurtzin bertan aritzen diren euskaldun gazteez, lehenago aipatu ditudan sei edo zortzi mila euskaldun horiez? Eta Santurtzin bezala inguruko herritakoez, goragoko Somorrostroko Hiru eta Lau Kontseiluetakoez bezala, Ibar Ezkerreko beste herritakoez, Barakaldo eta Portugaletekoez, edota Enkarterrietako beste herri guztietakoez ere bai? Zeren oraindik orain, betebehar eta lortzeko akarrasta handiak izateagatik ere, lan egiten segitzen baitute, eta antza amore emateko prest ere ez baitaude. Egindako lanaren frogagarri, hara hor Santurtziko euskaldunak, nire gaztaroan %0,1 izatetik %12-14 izatera igaro direnak orain, eta laster gero eta euskaldunago den gazteriarekin laurdenera ere hel daitezkeenak. | » |
Franko hil ondoren oso jende gutxik zekien euskaraz Santurtzin, barne migrazio indartsu baten ondorioz Gipuzkoatik jende asko joan zen zen Bizkaiko ezkerraldera, Santurtzira barne, labe garaietan edota Navalen lan egitera. Euskaraz zekien jende asko zegoen, euskalduna zena, baina kalean ez zuten erabiltzen. Garai haietako gau-eskolakoak oso urte ederrak izan ziren; giroa itzela zen. Gazteak ziren ikasle eta irakasle gehienak, eta edozer erronkari ekiteko prest zeuden.[12] Euskaldunak %0,1 izatetik %12-14 izatera pasa ziren 15 urtetan.[13]
Urteak pasa ahala hasierako egoera asko aldatu zen euskaltegietan. Hasieran euskaltegiak ez ziren horren profesionalak, eta horrek bazuen bere gabezia. Baina bat-batekotasun handiagoa zegoen, eta jende gehiago zegoen prest. Azterketa eta ziurtagirien presiorik ere ez zegoen. 35 urte geroago, euskaltegiak alderdi akademikora mugatzen dira, horrek dakartzan abantaila eta desabantaila guztiekin. Azken urteetan ikasleen motibazioa derrigortasuna da neurri batean, eta, zenbait kasutan, horrek pisu handia dauka.[12]
2012. eta 2013. urteetan krisi gorria bizi izan zen euskalduntzean. Aurreko urteetan Bizkaiko Ezkerraldean zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegi handienak: 500-600 ikasleko euskaltegiak ziren. 30 urte geroago, Barakaldon izan ezik, gainontzekoetan behera egin zuen.[12]
Euskaltegietako huste hark ikasmateriala sortzeko motibazioa izan zen Santurtziko euskaltegian. Euskara ikasteko aukerak zabaldu behar zituzten-eta. Abel Camacho, Josemi Arnaiz eta Pedro Lonbide irakasleek online ikasteko aukerak landu zituzten, autoikaskuntza zentroa sortu nahian. Euskara ikastea errazagoa, malguagoa eta norberaren beharrei egokituagoa izatea nahi zuten. Milaka ariketa jarri zuten Santurtziko Udal Euskaltegiko webgunean. Gerora ikusi da, euskaltegiak egin zuen gauzarik garrantzitsuenetako bat izan zela hori. Online irakasten hasi zirenean, Valentzian [Herrialde Katalanak] eta Alemanian izan zituzten ikasleak, baita Patagonian ere [Txile]. Erabiltzen zuten metodoa teknologikoki oso pobrea zen, baina, ilusioarekin eta gogoarekin, lortu zuten munduko txoko askotako jendeak euskara ikastea.[12]
Bilboko portuak Santurtzin ditu azpiegitura nagusiak, Europa hegoaldeko garraiobide sareko gune garrantzitsua delarik.
Brittany Ferries konpainiak bidaiarientzako ferri zerbitzuak eskaintzen ditu, Cap Finistère itsasontziak Santurtzi, Roscoff (Frantzia) eta Portsmouth (Ingalaterra) astean birritan lotzen dituela. Aurretik, eta 2010era arte, P&O enpresaren Pride of Bilbao itsasontziak Santurtzi eta Portsmouth lotu zituen.
Merkataritza portuaz gain, arrantza portua ere nabarmena izan da historikoki, eta gaur egun kirol-portua ere badago.
ADIFen trenbideak udalerria zeharkatzen du, bidaiarientzako zein zama garraiorako zerbitzuak ustiatzen direla.
Bidaiarientzako zerbitzuari dagokionez, udalerrian Renfeko Aldirien C-1 lineari dagokien bi geltoki kokatzen dira:
Aipatutako bi geltokien artean Bilboko portura heltzen den trenbide-adarra dago, zama garraiorako trenek erabiltzen dutena. Portuan Bilbao Mercancías geltokia kokatzen da.
Bilbao Ría 2000 erakundearen bitartez Santurtziko geltoki berria eraiki zen 2002. urtean, aurretik zegoena ordezkatuz. Horrekin batera Santurtziko parke zentralaren handitzea eta aparkaleku berri bat eraiki ziren. Etorkizunean, Zama Garraioentzako Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea martxan jartzen denean, zama garriorako trenak lurpetik ibiliko dira, Serantes mendi azpiko tunela zeharkatuta. Hala, udalerrian dagoen pasonibela ezabatu eta parkearen handitze berri bat egingo da.
Udalerrian Bilboko metroaren 2. lineari dagozkion bi geltoki daude:
Aurrekoez gain, Santurtziko geltokia eta Mamariga auzoa lotzen dituen Mamarigako funikularra ibiltzen da, eta hala, Mamarigako geltokia metro sareari gaineratzen zaio.
Etorkizunean Kabiezes inguruan kotxe-toki berriak eraikiko dira.
Bizkaibus hiri-arteko zerbitzuko hurrengo lineek udalerria zeharkatzen dute:
Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.