Remove ads

Jose Ramon Etxebarria Bilbao (Gernika, 1948ko maiatzaren 27a) euskal ingeniaria, fisikan doktorea, irakaslea, euskaltzalea, idazlea, itzultzailea eta politikaria da. Zientzia eta teknologia gaiak euskaraz ezagutarazteko testuak egiteko lanean nabarmendu da.[1][2][3][4][5]

Datu azkarrak Diputatua Eusko Legebiltzarrean, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak I. legealdian ...
Jose Ramon Etxebarria


Diputatua Eusko Legebiltzarrean

1980ko martxoaren 31 - 1984ko urtarrilaren 19a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko I. legealdia

Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak I. legealdian

Bizitza
JaiotzaGernika-Lumo, 1948ko maiatzaren 27a (76 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Tesi zuzendariaJuan Mari Agirregabiria Agirre
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
ingelesa
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakfisikaria, unibertsitateko irakaslea eta politikaria
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia
Udako Euskal Unibertsitatea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Herri Batasuna
Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea
Euskal Herriko Alderdi Sozialista

Inguma: jose-ramon-etxebarria-bilbao
Itxi

1966tik Bilboko Santutxun helduen euskara irakasle ibili ondoren, ikastolen mugimenduari eta, gero, unibertsitateari loturik, zientzia arloko material didaktikoak sortu eta terminologia landu zituen. Udako Euskal Unibertsitatean aritu zen hasieratik Euskal Herriko euskarazko unibertsitatea dinamizatzen eta irakasle lanetan.[6][7][8]

1975etik, berriz, fisika irakasle aritu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (hasieran Bilboko Unibertsitate Autonomoa izan zena) 1992 arte. Euskara edozein arlotan baliatzeko hizkuntza izan zitekeela irmo aldeztu zuen eta, alde horretatik, ezagun bihurtu ziren Suarez Espainiako presidenteari jaulkitako hitzak, euskara energia nuklearrerako ere erabil zitekeela adieraziz. Bestalde, uko egin zion EHUko irakasle elkartuen estatus berriari eta kaleratua izan zen horregatik, baita protestaldi luze bati hasiera eman ere horren ondorioz.[9]

Politikako militantzian, Ezker Abertzalearen ernamuineko alderdietako kide izan zen, baita Herri Batasunekoa ere 1980ko hamarkadan. Azken urteetan, itzultzaile, liburu-zuzentzaile eta irakas-materialen sortzaile aritu da, eta euskaltzain urgazle hautatu zuten 2006an. Euskarazko Wikipedian hainbat ekarpen egin ditu, artikuluak sortuz, onduz eta zuzenketak eginez, zientziako gai teknikoetan bereziki. 2020ko urrian, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria irabazi zuen.

Remove ads

Bizitza

Ikasketak (1966-1971)

Bilboko Ingeniaritzako Goi-Eskolan Ingeniaritza Industriala ikasi zuen. 1971n aurkeztu zuen bukaerako proiektuan erreaktore nuklear baten parametroen kalkulua landu zuen ("Cálculo de los parámetros de un reactor nuclear de tipo piscina").

1987an Industria Ingeniaritzan doktore titulua lortu zuen. Eskola berean aurkeztu zuen bere tesia izenburu honekin: "Ekuazio jaraunskorrak: I. Erradiazio elektromagnetikoa; II. Osin-muga fraktalak // Ecuaciones hereditarias: I. Radiación electromagnética; II. Fronteras fractales entre cuencas de atracción".[10][11]

Euskara ikasteko gau-eskola eta material sortzailea (1966-1975)

1966an pertsona helduei euskara irakasteko gau-eskolen sortzailetako bat izan zen, Bilboko Santutxu auzoan. Bera garai hartan ez zen ingeniaritzako ikaslea baino. Urte haietan sortu zituzten euskara modu komunikatiboan eta praktikoan irakasteko Euskalduntzen eta Alfabetatzen liburuak. Ordura arte erabili zen "Euskara ire laguna" liburua agortu zenean, euskara batu berri hura ikasteko metodologia berritzaile bat sortu zuten. Irakasteko metodoaren aldeko ideiaren sorrera 1970ekoa da, Dimako bilera batean. 1973an Euskalduntzen metodoaren hiru liburukiak jaio ziren eta 1975ean argitaratu zuten Alfabetatzen metodoa.[1] Modu autodidaktan, talde-lanean, eta Imanol Berriatuaren gidaritzapean asmatu zuten metodoak arrakasta lortu zuen gero, eta hainbat gau-eskoletan erabili zen hamarkada horretan, 100.000 ale saldu zituzten. Talde sortzaile haren kideak izan ziren Xabier Kintana, Rikardo Badiola, Jon Aurre, Juan Luis Goikoetxea eta Juanjo Zearreta.[12][13][14] Garai hartan, 1971ean, Anaitasuna aldizkarian hasi zen idazten, erlatibitatearen teoriari buruz hasieran eta orokorrean dibulgazio zientifikoari buruz gero.[15][9]

Fisika irakaslea unibertsitatean (1971-1992)

Thumb
Euskara ikasteko Euskalduntzen metodoaren sorrera gogoratzen (2018-06-21)
Jose Ramon Etxebarria bere ikerketa-lana aurkezten (Ikerl(h)ari, UEU, 2023)[16]

Ingeniaritzako ikasketak bukatuta Fisikako irakasle gisa aritu zen hainbat urtez Euskal Herriko Unibertsitatean (hasieran 1980ra arte Bilboko Unibertsitate Autonomoa zen) eta Udako Euskal Unibertsitatean.[17] Garai hartan sortu zuten Udako Euskal Unibertsitatea, euskara unibertsitateko gaietan ere erabili ahal izateko. Etxebarria Fisika saileko sortzailea izan zen, baita sailburua ere urte luzeetan. 1976an irakasle eta ikasleen artean Leioako Zientzia Fakultatean mintegi bat eratu zuten, denen artean zientziako gaiak euskaraz lantzeko.[18][19][20]


« Mundu zabaleko adibideak ikusirik, badirudi hizkuntza ezofizial eta minoritarioak, unibertsitatera heltzen direnean, beti ere letra-arloan hasten direla erabiltzen, literatura, historia, geografia etab. emateko. Gurean ordea, letra fakultaterik ezaz, Bilboko Industri Ingeniarien Eskolan ibilirikoek bultzatu zuten, lehen aldiz, unibertsitate mailako irakaskuntza euskaraz, fisika, matematika eta kimika, adibidez, gure hizkuntzaz azalduz. Eta ene ustez hori guztiori Jose Ramon Etxebarria fisika-irakasle gernikarrari zor zaio batik-bat.  »

Xabier Kintana[21]


Militantzia politikoa (1974-2003)

Abertzale militantea, 1972an atxiloaldi batean Guardia Zibilek torturatu egin zuten La Salve kuartelean, Bilbon.[22] EAS, EHAS, HASI eta HB alderdi politikoetan militatu izan zuen. HBko parlamentari izan zen.

Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea izan zen I. legegintzaldian.[23] Juan Carlos Espainiako erregearen bisita zela-eta, 1981eko Gernikako Batzarretxeko istilua gertatu zenean HBko parlamentaria zen. Erregea berba egiten hasiko zen unean, Eusko gudariak kantatzen hasi ziren HBko parlamentariak, Juan Carlos errege espainiarra frankismoaren ordezkaria zelako, Francok ipini zuelako.

Hogei urte geroago, berriro itzuli zen urte batez politikara. Aznar Espainiako presidente zela, mende hasieran HB legez kanpo utzi zutenean, AuB izan zen ezker abertzaleko ordezkaritza mantentzeko aukeretako bat. Pertsona ezagun bat behar zuten, eta Etxebarriak onartu zuen hautagai eta eledun izateko egin zioten proposamena.[24][25] Handik gutxira hori ere legez kanpo utzi zuten 2003an.[1]

Thumb
Joserra Aihartza zoologoa 2010ean, Ornodunak liburua aurkeztu zen egunean. UEUko burua zen Lore Erriondorekin eta Joserra Etxebarria testu-orraztailearekin.

Itzultzaile. zuzentzaile eta irakas-materialen sortzailea (1992-2006)

Thumb
"Erlatibitatearen teoria, Einsteinek berak azaldua" liburua itzuli zuen Etxebarriak.

1992tik 2006ra arte parentesi bat izan zuen bere irakasle-jarduerak. Garai horretan lan zabala egin zuen liburugintzan, aurreko urteetan lortuta zuen trebetasuna areagotu egin zen. Guztira gutxienez 10 liburu itzuli ditu unibertsitate mailako zientzia eta teknologiari buruz. Eta lehen eta bigarren hezkuntzako liburugintzan 40 baino gehiago dira Etxebarria izan dutenak testuen prestatzaile, itzultzaile eta egokitzaile.[26] Horien artean aipagarriena 2008an itzuli zuen Erlatibitatearen teoria, Einsteinek berak azaldua izenburuko liburua da.[27]

Bestalde, 50 baino gehiago dira zuzentzaile gisa orraztu dituen liburuak eta tesiak. Horien artean aipagarriak dira Joserra Aihartza zoologoaren Ornodunak liburua eta matematikan klasikoetan klasikoenetako bat den Euklides-en Elementuak liburua, Patxi Angulo Martin-ek itzuli eta 2005ean Elhuyarrek argitaratu zuena.[28]

UEU barruan testu-zuzenketako mintegiak dinamizatu zituen zenbait urtez.

Euskaltzain ohorezkoa (2024) eta Euskaltzain urgazle (2006tik)

Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak 2006ko maiatzaren 26an. Harrezkero, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordean parte hartu izan du, baita Euskera agerkariaren batzordean ere.[29]

Euskaltzain ohorezko izendatu zuen Euskaltzaindiak 2024ko maiatzaren 31n.[30]

Testugintza teknikoko irakaslea unibertsitatean (2007-2018)

Testugintza teknikoan, hiztegigintzan eta dibulgazio zientifikoan pertsona zaildua izanda, unibertsitaterako irakasle kontratatuaren irudia onartu zenean berriro bihurtu zen EHUko irakasle 2007an, orduan Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Euskara teknikoa ikasgaia irakasteko. Azken garai honetan terminologia eta fraseologia berezituaren arloetan aritu zen Ikerketa-lanean.[31][10]

Wikilaria (2017tik)

Lanetik jubilatu ondoren, Euskarazko Wikipedia osatzeko boluntario modura dihardu helburu zehatz batekin: Hezkuntza Atarian “kalitatezko 2000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat” izenburupean dagoen proiektua sendotzea. Zehazki, Fisikaren arloko artikuluak osatzen ari da, unibertsitatera bidean doazen ikasleei artikulu entziklopediko pedagogiko eta praktikoak eskaini nahian. 2017 eta 2022 urteen artean 140tik gora irudi eta milioi bat karaktere gehituta zituen arlo horretako artikuluetan (kontuan hartu ohiko eleberri batean 100.000-500.000 karaktere-edo egoten direla).[32][33] Esaterako, artikulu hauek hobetu ditu eta horren ondorioz denek dituzte bere irudiak eta 20.000 karaktere baino gehiago: Azelerazio, Higidura zirkular, Indar, Indar zentrifugo, Masa, Presio, Presio atmosferiko, Tenperatura edota Zinematika.

Jakintza transmititzeko formatuak aldatu dira urteekin eta formatu guztiekin moldatu izan da Etxebarria; hasieran aitzindaria izan zen fisikako apunteak idazten, gero liburuak izan ziren eta online liburuak, eta azken aldian Wikipediako artikuluak argitaratzen ere aitzindarietako bat da bera.

Remove ads

Pentsamendua

Euskara unibertsitatean

Unibertsitateko irakaskuntzan euskara normaltasunez erabiltzeko ekimenak egin ditu etengabe, irakasgaiak euskaraz emanez eta unibertsitatean emandako irakasgaien programa ofizialetan oinarrituriko euskarazko testuliburuak prestatuz. 1970an sinestezina zena, alegia, Unibertsitatean edozein gai euskaraz azaldu ahal izatea, errealitate bihurtu da Jose Ramon Etxebarria bezalako kementsuei esker. Hori da gizon honen ekarpen handienetarikoa: utopia zena errealitaterako bidean jartzea.[34]

Thumb
1999ko Korrikako omenduak Euskaldunon Egunkaria, 1999-03-14)

Oraindik ikaslea zela, beste ikasle batek "electrón" euskaraz zelan esaten zen galdetu zion eta berak eman zion erantzunaz ("Electrón? Hori euskaraz ez da esaten.") hausnarketa eginda piztu zitzaion kontzientzia, euskaraz ere esan behar zen hura.[1]

Thumb
UEUk aitortza moduan emandako Gorritiren eskultura ("Jakintzaren atea")

Udako Euskal Unibertsitateko sorreran paper garrantzitsua jokatu zuen.[35] Irakasle modura parte hartu zuen lehenengo bi urteetan (1973 eta 1974) Donibane Lohitzunen, eta 1975 eta 1976an Uztaritzen; gero, 1977tik aurrera Iruñera pasatzean, UEUren antolakuntza-taldean eta irakasle modura aritu zen hainbat urtetan. Besteak beste, Fisika saileko arduraduna ere izan zen, baita UEUko Batzorde Eragileko kide ere, bereziki argitalpenetako ardurak hartuz.

Garai hartan egilearen liburuen testu originalak eskuz idatzita jasotzen ziren, idazmakinaz testua idatzi eta hutsuneak uzten zituzten sinbolo matematikoak edo formulak geroago eskuz txertatzeko, baita irudiak marrazteko ere. Idazmakinaz idatzitako orrialdeak Martin Orberi pasa, Martinek egileari, eta honek “rotrina” hartu eta eskuz betetzen zituen hutsuneetako zeinuak eta irudiak. Lan horietan, Jose Ramon Etxebarriarekin, Jesus Mari Txurruka, Martxel Ensuntza eta Mari Karmen Menika aritzen ziren hasieran.[36] Geroago Nekane Intxaurtza eta Ander Altuna ere aritu izan dira argitalpengintza zerbitzuan.[37] Jarduera horretan UEUko 54 liburutan zuzentzaile-lana ere bete zituen eta UEUn testu-zuzenketako mintegiak dinamizatu zituen zenbait urtez.

UEUko Fisika Saileko burua izan zenean EHUko Zientzia Fakultateko euskal adarreko sustatzaile nagusietako bat ere izan zen, bertan 1980-81 ikasturtean jarri zuten martxan Zientzia Fakultateko lehen ikasgai ofizial bat euskaraz, zientziako testuak zelan idatzi behar ziren irakasteko ('Euskara Zientifikoa').[18][19][20]

Testuinguru horretan, 1976ko abuztuan Paris-Match frantses aldizkariko kazetari batek Adolfo Suarez Espainiako presidenteari galdetu zion ea batxilergoa euskaraz edo katalanez ikasi ahal izango zen. Eta Suarezek erantzun zion galdera hori ergelkeria hutsa zela, ez zegoela irakaslerik "kimika" nuklearra euskaraz edo katalanez irakasteko gai. Euskal kulturako jendeak iraintzat jo zuen Suarezen esaldia, eta erantzun ugari jaso zituen; hala ere, ez Katalunian beste. Erantzunen artean ezagunena Jose Ramon Etxebarriarena izan zen, berak fisika euskaraz irakasten zuela.[18][38][9][39]

« frantsesez:
— Passera-t-on le bachot en basque et en catalán ?
— Votre question — pardonnez-moi — est idiote. Trouvez-moi d'abord des professeurs qui pourront enseigner la chimie nucléaire en basque, en catalán, etc. Restons sérieux.
 »

Philippe Ganer Raymond kazetaria eta Adolfo Suarez Espainiako Presidentea
(Paris-Match, 1976-08-28)[40]

« Adolfo Suarezek, sasoi hartan Espainiako presidentea zenak, berari egindako galdera bati erantzutean (euskararen erabilerari buruzkoa nonbait) esan zuen, gutxi gorabehera, ezinezkoa zela Fisika Nuklearra euskaraz lantzea. Nonbaiten erantzun nion bi gauza baino ez zirela behar horretarako: euskara jakitea eta Fisika Nuklearra jakitea.  »

—Joserra Etxebarria[39]

EHUko bizitzaren lehenengo urteetan, 1970eko hamarkadan, EHUko Klaustroko kide izanik, irakasle eta ikasleen ordezkari modura UPV-EHUko euskararen lehenengo estatutuen ataleko aurreproiektua idatzi eta proposatu zuen taldeko kidea izan zen. Nahiz eta hasieran proiektua baztertua izan, bertan proposaturiko lerro nagusiak diseinaturik geratu ziren gerorako, eta urte batzuk geroago ofizialki onartuak izan ziren gehienak.

CAF-Elhuyar Merezimendu Saria jaso zuen 2011 urtean euskarazko zientzia eta teknologiaren kulturan egindako lanarengatik.

Ekintzaile Santutxu auzoan: ikastola, Gau-eskolak eta Bertso-eskola

Thumb
AEK-k Korrika 11-ren barruan aitortza moduan emandako Gorritiren eskultura

Santutxu auzoko Karmelo ikastolako zuzendaritzako kide izan da askotan. 1971n hasi zen urtebetez fisika-irakasle boluntario gisa, gero testuen prestatzaile modura eta, azkenik, alabak bertara sartzean, kooperatibako gurasoen ordezkari izan zen zuzendaritzako kide, harik eta 1993an Euskal Eskola Publikoaren Legearen bidez ikastola publifikatu zen arte.[9]

Santutxuko Gau-eskolak antolatu zituen Patxi Uribarren eta beste adiskide batzuekin, eta irakasle modura aritu zen 1971-73 tartean alfabetatze-klaseak ematen Karmelo elizako lokaletan.[43] Hurrengo urteetan, gau-eskola haietako irakasle batzuekin batera euskara ikasteko Euskalduntzen metodoa (hiru liburuki) eta Alfabetatzen liburua prestatu zituen.

Alfabetatze-klaseen osagarri gisa, Santutxuko Bertsolari Eskola sortu zuten 1981-82 ikasturtean Xabier Amurizaren aholkularitzari esker. Gero, 1987ra arte, eskola hartako irakasle izan zen. Garai hartan hasi ziren Bilboko udalbatzaren babesean Bilboko Udaberriko eta Aste Nagusiko bertso-saioak antolatzen.

Santutxuko Bertsolari Eskolaren ordezkari modura aktiboki parte hartu zuen Bizkaiko eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteen sorkuntzan. 1986ko eta 1982ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan bertsolari gisa parte hartu zuen.

Mugimendu antinuklearra

Energia nuklearraz bazuen ezagutza, 1971n ingeniaritza titulua lortzeko egin zuen bukaerako proiektuan aztertu zuen eta. Baina energia nuklearraren erabileraz fidatzen ez zenez, Mugimendu antinuklearrarekin hainbat hitzaldi eman zituen 1970eko hamarkadan haren arriskuak azaltzeko. Bere ustez, gizartean baliatzeko energia sortzeko zentral nuklearrak eraikitzean, bazirudien konponduta geratuko zela hornikuntza elektrikoaren arazoa. Baina hasierako handiusteko propaganda laster isildu zen, arazo hura konpondu ez eta berriak agertu zirelako, hala nola energia horren mugatasuna, hondakin erradioaktibo arriskugarrien agerpena, zentralen inguruko jendearen aurkakotasuna... eta zoritxarreko istripuak.[44][45]

Lemoizko zentral nuklearraren aurka nabarmendu zenez, zentral haren enpesa bultzatzaileak, Iberduerok, mendekuz, etxeko argindarra kendu zion zenbait hilabetez, Etxebarriaren alabak txikiak zirela.[46][15]

« Gizartean baliatzeko energia sortzeko zentral nuklearrak eraikitzean, bazirudien konponduta geratuko zela hornikuntza elektrikoaren arazoa. Baina hasierako handiusteko propaganda laster isildu zen, arazo hura konpondu ez eta berriak agertu zirelako, hala nola energia horren mugatasuna, hondakin erradioaktibo arriskugarrien agerpena, zentralen inguruko jendearen aurkakotasuna... eta zoritxarreko istripuak. Izan ere, ezinezkotzat zeuzkaten istripuak gertatu dira batzuetan, Txernobyl eta Fukushimakoak adibidez, eta horrek erabateko ziurtasunik ezaren kontua plazaratu du.  »

—Jose Ramon Etxebarria (Berria, 2016)[47]

Unibertsitateko irakasleria propioaren aldeko ekintzaile

Thumb
Argia aldizkariko azala (1992-10-18)
Thumb
Euskara teknikoko irakasle kontratatua 2007tik 2018ra Bilboko Ingeniaritza Eskolan (Arg.: aikor.eus)

1980ko hamarkadan unibertsitate asko sortu ziren eta irakasleriaren kontratazioa baldintza txarretan egiten zenez, hainbat protesta, eztabaida eta greba izan ziren lan-kontratua eta irakasleria propioaren alde. Etxebarria EHUko Klaustrokokide hautatua izanik Irakaslego propioaren legea sortzea hartu zuen helburutzat. 1990an herrialdeko epaitegiek arrazoia eman zien 100 irakasle batzen zuen mugimenduari, baina geroxeago Madrileko epaitegiak bertan behera utzi zuen erabaki hori eta irakasle gehienek lanera itzuli behar izan ziren 1992an lan-kontratuari uko eginez kontratu administratibo bat onartuta. Etxebarriak eta beste sei irakaslek ez zuten horrelako kontraturik onartu, EHUtik kanporatuak izan ziren eta 2007ra bitartean EHUtik kanpo izan zen bera. Bizitako esperientzia liburu batean jaso izan zen.[48] Hamabost urteko borroka egin ondoren lortu egin zen gaur egun indarrean dagoen kontratu-mota hori legezkoa izatea, eta Etxebarria 2007an itzuli zen unibertsitateko irakaskuntzara, eskatzen zuten lan-kontratu baten jabe.[46][1]

Unibertsitateko euskal adarren kudeaketa eta oro har irakasleriaren kudeaketa malgu eta eraginkorra lortzeko tresna oso baliagarria den irakasleria propioaren legea sortzeko eragile nagusietako bat izan da Etxebarria. 2006tik euskara teknikoa irakatsi zuen lan-kontratu batekin EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan berak proposaturikoaren elementuak zeuzkan legea Eusko Legebiltzarrean onartua izan ondoren. 2018ko maiatzean, erretiroa hartu zuen 70 urterekin.[46][15][1]

Zientziarekin disfrutatzea, ezagutzarako alaitasuna

Unibertsitatea eraikitzeko prozesua luzea da, eta horretan parte hartzeko zientzia maitatu egin behar da, pasioa eduki behar da zientzia egiteko, gogotsu ibili. Zientzia maitagarria da. Lan asko egin behar da, baina disfrutatu ere egiten da horretan. Konfiantza eduki behar da, eta lan eginez gero zerbait berri aterako dela sinistu.[49][50]

Hainbat hitzaldi eman ditu zientzia dibulgatzeko, baita unibertsitatean erretiroa hartu eta gero ere. 2022an Nafar Ateneoan Zientzia-hitzaldi zikloan lau hitzaldi hauek eman zituen:[51]

  • Hizkuntzaren lau iraultza handiak (2022-02-09)[52]
  • Gnomona, historiako lehenengo neurgailu zientifikoa (2022-02-09)[53]
  • Argiaren enigma (2022-04-06)[54]
  • Denbora, naturaren arima (2022-05-11)[55]
« Bat nator. Einsteinentzat, irakaskuntza arte bat da, eta maisuaren artea da ikasleengan iratzartzea lanerako eta ezagutzarako alaitasuna. Motibazioa da heziketarako bidea, eta, motibatzeko, ikasteak eta ezagutzeak dakarren gozamena kutsatzen jakin beharra dago. Eskolaren helburua libre pentsatu eta lan egingo duten pertsonak formatzea da, interes nagusi izango dutenak jendartea zerbitzatzea. Lanaren emaitzak plazera eman behar digu, eta garbi ikusi behar dugu emaitza hori jendeari onuragarri zaiola.  »

—Jose Ramon Etxebarria Deia (2020-02-05)

Thumb

Testu teknikoak era ulergarrian idazteko joera berriak

Euskara batuaren oinarriak 1966an sortu eta gero, euskara batu horrekin unibertsitate mailako hizkuntza ulergarri, zehatz eta komunikatibo bat sortu behar izan zenean, Jose Ramon Etxebarria erronka hori gainditzeko sortu ziren aitzindari arrakastatsuetako bat izan zen (Andoni Sagarna, Mikel Zalbide, Xabier Mendiguren Bereziartu, Xabier Kintana, Luis Bandres, Joseba Intxausti, Klaudio Harluxet, Joan Mari Torrealdai, Jose Antonio Aduriz, Martxel Aizpurua, Lore Azkarate, Andres Urrutia...).[56]

Belaunaldi horrek itzulpenak egiteko modu berriak ekarri zituen. Itzulpen literala ez zen sustatzen. Helburu nagusia testu ulergarriak lortzea zen, testuaren egitura apur bat aldatu behar bazen ere.


« Zientzia euskaraz lantzeko euskarri bi baino ez dira behar: zientzia egitea eta euskara erabiltzea. Posiblea da, borondatea badago; eta batzuek badakigu hizkuntza guztiak gai direla edozein jakintza-arlo lantzeko, pertsonengan bizirik badaude; hau da, benetan erabiltzen badira.  »

—Joserra Etxebarria (aikor.eus)

« Esate baterako, bizitzaren zirkunstantziengatik eskatu didate batxilerreko fisikako eta matematikako testuak itzultzea. Hori niretzat oso erraza da, zeren gai hori ondo menperatzen dut. Orduan, hor egin dut neure egokitzapena; ez hainbeste itzulpena, egokitzapena baino, zeren sortu dut nahi izan dudan bezala, errespetatuz testu originala, zer esanik ez, baina horko esamoldeak ezagutzen ditut euskaraz, horretan nabilelako lanean, trebatuta nagoelako urteen poderioz.  »

Jose Ramon Etxebarria (SENEZ aldizkarian)[26]


Euskaraz idazten trebakuntza lortzeko hainbat ikastaro eman zituenez, hainbat egileri testuak orrazten eta hobetzen lagundu zienez, unibertsitate mailako euskararen normalizazioko 'maisuen maisu' izan zela esan daiteke. Besteak beste, irakasle hauei lagundu zien beren tesi, tesina edo ikas-materialak prestatzen: Elena Agirre, Iñaki Alegria, Oscar Ezenarro, Maria Jesus Esteban, Iñaki Goirizelaia, Jazinto Iturbe, Andoni Larrea, Laura Mintegi, Txelo Ruiz, Kepa Sarasola, Jesus Mari Txurruka, Arantza Urkaregi...[57]

Unibertsitatearen unibertsaltasuna eta eleaniztasuna

Etxebarriak guztiz unibertsala den fisikaren arloa euskarara ekarri du, eta hori egiterakoan arlo horretako testuak hizkuntza erabilienetara itzultzeko terminologia eta itzulpen-testu ugari sortu ditu. Hizkuntzen arteko zubi horiek orain eskura daude Interneteko baliabide terminologikoetan (Elhuyar hiztegia, Euskalterm-UZEI-Eusko Jaurlaritza...). Material horiek urteetan oinarri izan dira zientzia eta teknologiari buruzko liburu eta material ugari sortzeko, eta horrela, noski, une honetan zientzia eta teknologiari buruzko testuak automatikoki itzultzeko laguntza informatikoetan erabiltzen dira (itzultzailea.eus, batua.eus, ...), beroriek sortzeko oinarri ere izan dira.

Zehazkiago esanda, sortu duen euskarazko terminologia beste hiru hizkuntza hauekin lotu du: ingelesa, gaztelania, eta frantsesa. Hauek dira egindako lan batzuk:

  • UZEIren barnean Fisika Hiztegia osatuz eta Elhuyar taldearekin Energiaren Hiztegia eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa lantzerakoan termino guztiak ingelesez, frantsesez eta gaztelaniazko baliokideekin lotu ziren.
  • EHUn lan egindako azken urteetan (2007-2018), terminologia zientifikoa landu zuen bereziki, ingeniaritzako irakasleek euskarazko irakasgaietan erabiltzen dituzten terminoak bilduz, harmonizatuz, eta horiek guztiak kontsultagai jarriz lau hizkuntzatan (eu, en, es, fr), TZOS zerbitzu informatikoarekin eta Terminologia Sareak Ehunduz programaren barruan.
  • Maila ertaineko ikasleei begira, entziklopedietan ere parte hartu izan du, hala nola Planeta entziklopedia tematikoaren zenbait liburuki itzuliz
  • Matematikan klasiko unibertsala den Euklides-en Elementuak liburua, Patxi Angulo irakaskeari itzulpena zuzentzen eta orrazten lagundu zion. Elhuyarrek argitaratu zuen 2005ean.
  • Fisikan klasiko unibertsala den "Erlatibitatearen teoria, Einsteinek berak azaldua" liburua itzuli zuen.
Remove ads

Idazlanak

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Jose Ramon Etxebarriaren lanak»

Aldizkari eta egunkarietan

Anaitasuna aldizkarian parte hartu zuen 1971tik 1982an desagertu zen arte, hasieran idazle soil gisa gero erredakzioko kide eta azkenik zuzendari gisa Joan Mari Torrealdairen lekukoa hartuz, aldizkaria desagertu zen arte, arazo ekonomikoak zirela eta. Guztira 12 urtetan 249 artikulu idatzi zuen aldizkarian.[58][9][59] Argia aldizkarian, Egin, Euskaldunon Egunkaria, Gara eta Berria egunkarietan ere artikulu ugari argitaratu zituen.

Liburuak

Thumb
M. Miodownik-en 'Ekaiak badu garrantzia' liburua J. R. Etxebarriak itzuli zuen UEUk eta CIC Nanogunek eskatuta. Egunero etxean edo kalean erabiltzen ditugun material (ekai) arruntak aztertzen dira liburuan (2022)

Itzulpenak, zuzentze-lanak eta testuliburuak kontuan hartu gabe ere, gutxienez 18 liburu idatzi ditu, 22 liburu-kapitulu, 32 artikulu zientifiko (fisikaz eta hizkuntzalaritza aplikatuaz) eta 17 euskal gaiei buruz. Bestalde, Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak, guztira berak sorturiko 170 lan baino gehiago erakusten ditu.[60] Bere liburu aipagarrienak hauek dira:

  • Euskalduntzen metodoa. (Cinsa, 1972 eta 1973) Euskalduntzen taldearekin.
  • Alfabetatzen metodoa. (Cinsa, 1975) Euskalduntzen Taldearekin
  • "Fisika generala: mekanika" (UEU, 1978). I. Lasa, P. Ugalde-rekin. Fisikari buruz euskara batuaz sortu zen lehen liburua.
  • Erlatibitatearen teoria espeziala (UEU, 1978) L. Emaldi, B. Jauregizar, eta B. Zurimendi.
  • "Mekanika analitikoa" (UEU, 1988). J. M. Agirregabiria-rekin.
  • Fisika Orokorra. Ariketak (UEU, 1989)
  • "Fisikaren historia laburra" (UEU, 1990). J.A. Billalabeitia eta beste batzuekin. 1979-80 ikasturtean Leioako Zientzia Fakultatean eginiko mintegi batean du abiapuntua. Zientziaren funtzio sozialari buru kexka berezia zegoen Ikasle batzuen artean. Fisika-ikasketak egitean aurkitzen zuten hutsune bat betetzeko helburuarekin egin zuten, izan ere, ikasketa-plangintza ofizialean zehar ez baitzegoen irakasgai bakar bat ere, Fisikaren sorreraren eta fisikarien lan-nekeen berri ematen zuenik.[61]
  • Albert Einstein. Kosmoa pentsagai. (Gaiak, 1990).
  • "Fisika orokorra" (UEU, 1992) J. M. Agirregabiria eta beste batzuekin. Liburua kalitate aldetik mugarri bat izan zen Unibertsitate mailako euskarazko testugintzan (1992).
  • Mekanika eta uhinak. (UEU, 1992) F. Plazaolarekin (599 or.)
  • "Fisika orokorra (2. argitalpena, zuzendua eta berregokitua)" (UEU, 2002 eta 1993)[62]
  • Teoria Fisikoen oinarriak (UEU, 1994)
  • Historia de una pancarta. La lucha por el profesorado propio en la UPV (1988-1999) (Arabera, 1999) A. Azkargorta, J.R. Etxebarria, J.L. Herrero, N. Xamardo, J.M. Zalakain
  • "Fisika orokorra (2. argitalpena, zuzendua eta berregokitua)" (UEU, 1993)[62]
  • "Zientzia eta teknikarako euskara: zenbait hizkuntza-baliabide (II. argitalpena)" (UEU, 2008 eta 2002)
  • Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak [EIMAren estilo-liburuaren seigarren atala]. (Eusko Jaurlaritza, 2011)
  • "Komunikazioa euskaraz ingeniaritzan (Bigarren argitalpena zuzendua)" (UEU, 2020 eta 2014)
Remove ads

Sariak eta errekonozimenduak

  • 1999: Omendua Korrikaren 11. edizioan.[64] Hauek izan ziren urte hartan omenduak: Pedro Miguel Etxenike, Jose Ramon Etxebarria, Jose Angel Iribar, Maitena Araguas, Etxepe enpresa, Mendia optika, Laudioko ikastolaren sortzaileak, Argiñe Iturregi, Euskalerria Irratia, Arantza udalerria eta Maiatz editoriala.[65]
  • 2011: CAF-Elhuyar Merezimendu Saria.[66]
    Thumb
    CAF-Elhuyar sariak 2011 Jose Ramon Etxebarria erdian
  • 2017: IkerGazte "(Euskal Hezkuntza-sistemaren) Katedralaren eraikuntza" hitzaldi gonbidatua.[31][67]
    Thumb
    Ikergazte 2017. Joxe Ramon Etxebarria
  • 2018: Bai, jauna, bai: fisika euskaraz! izenburuko liburua argitaratu zuen UEUk Etxebarriari bere esker ona agertzeko, bere bizitza akademiko osoan euskal unibertsitatea eraikitzen eginiko lanagatik.[68]
  • 2018: Omenaldi bat egin zitzaion jubilatu zenean Euskara Batuaren helduaroa Jardunaldiaren barruan (Gasteiz, 2018-06-21). Bere hitzaldian euskarazko testugintzan bere helburuak, lanak eta bidelagunak aipatu zituen (Euskarazko testugintza. Amaitu gabeko historiaren atal baten bertsio pertsonala).[69][70][71][72]
  • Thumb
    Etxebarria, Manuel Lekuona saria jasotzen
    2020an Manuel Lekuona Saria, euskara irakaskuntzan eta unibertsitateko ikerketan sartzea ahalbidetzeagatik, eta euskal komunitate zientifikoaren erabilera komunerako terminologia ezartzen laguntzeagatik.[73][74]
  • 2022an: Hitzaldi zikloa bat eman zuen Iruñean Ateneo Navarrok eta UEUk antolatua.[51][75]


« Eta gero, itzalpetik eguzkitara jotzean, itzalduna etorriko zaizu, xume, labur, zorionak ematera. Beti. Joxerra Etxebarriari eman dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria. Guri dagokigu hurbildu eta, zinez, zorionak eta eskerrak ematea.  »

Andoni Egaña (Eusko Ikaskuntzako sariaz)[76]

« Asmoz eta jakitez, Eta ekitez, eta egitez! Gerokoak ere hala bitez...

(Kalea eta baserrien arteko Eusko Ikaskuntzaren zuhaitzak:) Asmoz eta jakitez, (zuhaitzeko euskara txoria:) Eta ekitez, eta egitez! (Jose Ramon:) Gerokoak ere hala bitez...

 »

Unai Iturriaga (Zugazart-en tira Eusko Ikaskuntzako sariaz)[77]

« Informatika eta euskara lotzen aitzindaria izan zen Klaudio Harluxet gogoan. Joserra Etxebarria maisu handiari  »

Iñaki Alegria, Olatz Perez de Viñaspre eta Kepa Sarasola (PYTHON liburua, 2016)[78]

Remove ads

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.

Remove ads