From Wikipedia, the free encyclopedia
Hirigintza hiriaren antolaketaz arduratzen den diziplina da. Diziplina konplexua izaki, beste hainbat jakintza-arlorekin erlazio zuzena du, besteak beste, arkitektura, lurraldearen antolakuntza, zuzenbidea, ingeniaritza, ekologia, soziologia eta politikarekin.
Egile batzuk artearen esparruan kokatzen dute hirigintza, arkitekturarekin lotura nabarmenduz. Beste batzuk, aldiz, teknikatzat dute, hots, helburu bat lortzeko (kasu honetan, hiria edo lurraldea antolatzea) erabiltzen diren prozedura edo baliabide sorta gisa, adibidez, arestian aipatutako esparruak.
Hirigintza interes orokorraren aldeko jarduera da. Lehenbiziko hiri-plangintzek motibazio defentsiboa edo militarra izan zuten helburu, eta, dudarik gabe, horrek kolektibitatearen aldeko jarrera argia azaltzen du. Egungo legedietan funtzio publikoa argi eta garbi azaltzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren Legeak erakusten duen moduan: hirigintza, hain zuzen, interes orokorraren alde diharduen funtzio publikoa izango da, eta ez «hirigintzaren arloan sortzen diren gainbalioak esku pribatuek lortzeko bidea» [1].
Nagusiki bi alor ezberdindu beharko genituzke hirigintzaren hausnarketa gauzatzerakoan, begirada bakarra ezartzea zaila bada ere: batetik, hiri edo lurralde ereduen azterketa, eta, bestetik, hiri edo lurralde-eredu horiek gauzatzeko beharrezko diren teknika eta egitasmoak.
Lehenbiziko multzoan, lurralde edo hiri-ereduetan hain zuzen ere, diziplina eta gauzatzeko beharrezkoa den jakintza alorrak izango genituzke aztergai: Arkitektura, Paisaiagintza, Artea, Historia, Soziologia eta Ekologia, besteak beste. Bigarren multzoan, diziplina teknikoak nagusituko lirateke, hala nola Zuzenbidea, Ingeniaritza edo Ekologia.
Arestian aipatutako bi esparruok, historikoki, kausa eta ondorio erlazioa bazuten ere, egun Lurralde-antolamendua deritzon diziplinan bateratzen dira. Berton, balizko lurralde batek bere garapenerako nahi duen lurralde-eredua erabakitzen da, eta neurri aproposak hartzen dira asmoa aurrera ateratzeko. Euskal Herrian, Nafarroako Lurralde-Estrategia (NLE), edo EAEko Lurralde-Antolamendu Artezpideak (LAA) lurralde-eredu jakin bat proposatzen dute, eta, aldi berean, eredu hori gauzatzeko lanabesak edo gidalerroak aurkeztu. Legedi horren esanetan:
« | LAAetan gaur egungo lurralde-eredua zuzentzeko jarduera-multzo konbinatu eta sinergikoa proposatzen da, etapa neoindustrialeko euskal gizartearen behar eta asmoekin bat eginez. | » |
—Lurralde Antolamendurako Artezpideak, Eusko Jaurlaritza, [2] |
1997an argitaratutako 28/1997 dekretuan, otsailaren 11koa, Lurralde-Antolamendurako Artezpideak edo gidalerroak argitaratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Hauek aurrean jartzen zituzten ereduak Euskal Hiria ezizena hartu zuen, eta euskal hiriburuen gune-anitzeko sistema zuen helburu. Egitura polinuklearra proposatzen zuten gidalerrook, inguru abiotikoa eta biotikoa gainjarriz eta EAEko lurralde eskualde funtzionaletan zatituz. Nafarroako Foru Erkidegoan, aldiz, 35/2002 foru-legeak lurralde-antolakuntzaren kezka azalarazten zuen, eta Nafarroako Lurralde Estrategiari irekitzen zion bidea.
Herri bakoitzaren legediak bere egitasmo eta teknika bereziak azaltzen baditu ere, orokorrean eta XIX. mendetik aurrera hiri-plangintza bilakatu da hiri edo lurralde-eredu bat gauzatzeko lanabesa. Plangintzaren diseinua hasierako datuen analisitik hasten da, bete beharreko minimoak ebazteko; udalerri batek, adibidez, etxebizitza askoren beharra izango du, edo industria-gune baten premia. Ondoren, ordenazio hori diseinatu egiten da planoan, hainbat faktoreen menpe: topografia, azpiegiturak, eguzkitapena, aurrekoarekin harremana, erabileren egokitasuna... Azkenik, plangintza teoriko hori gauzatzeko egin beharreko kudeaketa legalak eta ekonomikoak aztertzen dira.
Hirigintzaren jarduerak hiria edo lurraldearen antolaketa du helburu; ekimen antolatuon hastapenak identifikatzea, ordea, zaila suertatzen da, Historian zehar planifikazio gabeko hiriak eraiki direlako. Horrela, hirigintza diziplina aditzeko, ezinbestekoa da zibilizazio baten euskarria. Zibilizazioa, aldiz, hainbat modutan definitu daiteke. Gideon Sjoberg arabera zibilizazio bat:
« | Tamaina handiko komunitate bat, populazio dentsitate handiarekin eta bere baitan gordetzen dituena nekazaritza alorrekoak ez diren lanetan adituak diren gizabanakoak, eta tartean elite jantzi bat duena. | » |
—Gideon Sjoberg, [3] |
Lehenbiziko giza kokalekuen sorrera azaltzeko bi teoria daude: alde batetik, teoria sorta batek argudiatzen du behin betiko finkatzearen arrazoi nagusia nekazaritza izango litzatekeela[4]. Bestetik, kontrako tesia defendatzen da, eta nekazaritza hain zuzen ere finkatze horren ondorio dela arrazoitu.[5]
Edozein kasutan, komunitate zientifikoak aho batez onartzen du aldaketa bortitz bat jazo zela K.a.-ko 7.000. urtean, aldaketa klimatikoa zela-eta. Garai horretan kokatu daitezke lehenbiziko hirien sorrera. Turkiako hegoaldean den Anatolia lurraldean, adibidez, K.a.-tik 6.500. urtean Çatal Hüyük hiria jaio zen. Hiri honek 10.000 biztanle izatera heldu zen mila urteren buruan. [6]
Mendebaldeko kulturak Mediterraneo itsasoan kokatu du hiriaren kontzeptuaren jatorria, Kristo aurreko Grezia eta Erromako garaian hain zuzen ere. Alta, lehen lurralde planifikatuak K. a. 3000. urtean kokatu ditzakegu, Mesopotamiako hiri-guneetan. Besteak beste, Eridu, Ur, Erech, Babilonia, Assur eta Arbela hiriak izango genituzke adibide. Sumerko hiriok hiri-estatuen antolaketa eratu zuten, eta "beraien artean gutxienez hamaika hirietan, Ur, Erech, Larsa, Kish eta Nippur barnean zirela, aparteko dinastiak mantentzen ziren, eta batzuetan beraien arteko liskarretan sartzen ziren"[7].
Ur hiriak, adibidez, hiru zati nagusi zituen: antzina harresiz babestutako hiri zatia, temenos edo leku sakratua, eta kanpoko hiria. Ur hiria Sumer inperioa buru izan zen K. a. 2110 eta 2015 bitartean, eta Sumerko hiri-eredutzat hartzen da. Eraikuntza patioaren inguruan antolatzen zen, eta hiri-bilbearen dentsitate handiaren ondorio jo dute zenbait egileek. «Barnetik kanporako» eraikuntza hau, non gune pribatuek publikoek baino garrantzi handiagoa hartzen duten, hiri islamiarretan errepikatuko da orduz geroztik. Mendebaldeko kulturako hirietan, kalea eta, oro har, espazio publikoak dira hiriaren antolatzaileak; aldiz, mesopotamiar hirietan aurretik, eta islamiar hirietan ondoren, etxetik kalera antolatzen zen hiria, horrek dakarren kale-bilbe irregularrarekin. [8]
Antzinako hirietan topa dezakegu bai hazkuntza organikoko hiriekin eta baita hiri planifikatuekin ere. Hiri organikoan, herrixka batetik abiatutako hiriak hazkuntza-arau ez finkatuak jarraituko ditu. Horren adibideak Ur, Jeriko edo Çatal Hüyük hirietan topa ditzakegu. Egile batzuen arabera, plangintzaren gabezia horrek zibilizaziorik ez zela egon erakusten du[9].
Hiri planifikatuan, ordea, aldez aurretik erabakitako irizpideek lurraldea nola antolatu eta banatzeko gidalerroak ematen dituzte. Retikula izan da, tradizionalki, planeamenduaren ikurretako bat. Nahiz eta tradizio arkitektonikoak Hippodamo Miletokoari egozten dion retikularen estreinako erabilpena, milurteko bat lehenagoko jarduerak topa daitezke, Egipton eta Indiako Harappa zibilizazioan batez ere.
Tel-el-Amarna antzinako hiri egiptoarrak, adibidez, Nilo ibaiaren ondoan kokatu zen, K. a. XIV. mendean. Retikula argi eta garbi agertzen da Akhenaten faraoiaren esanetan zeuden langileen auzoan. Kahun hirian ere, K. a. 2670an, retikula agertzen da, berriro ere langileen kanpamentu batean.
Sakontzeko, ikusi Greziar arkitektura
Mendebaldeko hirigintzaren hastapenak Grezian aurkitu ditzakegu, K. a. VI. eta III. mendeen bitartean. Bertan, polis edota hiri-estatuak hedatu ziren, topografia eta sistema politiko berezia –demokrazia– zirela medio. Hiri-estatuok elementu txiki eta independenteak ziren; orokorrean, nekazaritza-lurrez inguratuta zeuden.
Hiri hauetan plangintza landua eratu zen, hainbat arrazoi bitarteko; batetik, eguraldi epelak kaleko bizitza indartzen zuen, arlo publikoa hain zuzen ere. Populazioa hiri-guneetan ez zen inoiz handiegia suertatu, eta 20.000 biztanle baino gehiagoko hiru polis besterik ez ziren ezagutu; Atenas, Sirakusa eta Akraga (egungo Agrigento), hain zuzen ere. Azkenik, eta jada hiri-plangintzen kalitate arkitektonikoari dagokionez, polis anitzek izan zuten eskuragai kalitatezko, eta, hortaz, gauzatu beharreko eraikin publiko eta plazak material ikusgarri horrekin eraiki ziren.
Greziar klasikoen ekarpena deskribatzeko, hiru elementu nabarmenduko dira: kolonia berrien fundazioa, akropoli eta agoraren artikulazioak hiri-bilbean, eta, azkenik, retikularen erabilera.
K. a. 750. urtetik aurrera, greziar hiri-estatuek populazioaren hazkunde prozesuan sartu ziren. Populazioaren gorakada kudeatzeko hiri berriak sortu zituzten: Siracusa, Marseilla, Napoli, Ponpeia edota Mileto adibide batzuk dira. Prozesu berri hauetan , hiria modu planifikatuan planteatuko da, bai sozialki, bai hirigintza aldetik ere
Hiri-estatu greziarrean oinarrizko elementuak honako hauek dira:
Mileto eta Priene hirietan topatu ditzakegu Grezia klasikoaren hirigintza adibiderik esanguratsuenak. Asia Txikiko kosta joniarrean kokatzen da Mileto, eta eskualdeko buru izan zen K. a. X. eta VI. mendeen bitartean. Persiarren Joniako inbasioaren ondorioz, V. mendean, Mileto arpilatua izan zen, eta erabat suntsitua suertatu ere. Kristo aurreko 479an Hippodamo Miletoko arkitektoak hiria erabat berreraikitzeko plangintza diseinatu zuen.
Egitura erretikulatua zen Hipodamok diseinatutako plangintzaren ardatza. Miletoko hiritarrek, hiriaren hazkundea ahalbideratzeko, retikula sistema balizkotzat jo zuten, gerorako handiagotzea bermatzeko nahian. Erromatar inperioaren garaian, K. o. I. mendean hain zuzen ere, Miletok 6 mende aurretik ezarritako oinarri hori erabiltzen jarraitu zuen, populazioa 80.000 eta 100.000 biztanle bitartean zela[10].
Beste adibidea Priene hiria da. Kristo aurreko 350ean hasi zen bere eraikuntza; ondorioz, Miletoko plangintza eta gero. Kasu honetan, plangintza 7 kaleko retikulan oinarritzen da, sestra-kurbak jarraikiz ekialdetik mendebaldera ezarrita daudenak. Horiei elkarzut, gune maldatsura moldatzen diren 15 bide ditugu. Bide nagusiek 7 metro ziren zabal, eta, aldiz, bide elkarzutak 4 metrora ailegatzen ziren. Retikulak definitutako etxe-irlak 46 bider 35 metroko azalera dute, eta 4 etxebizitza zituzten batez beste [11].
Sakontzeko, ikusi Erromatar arkitektura eta Hirigintza erromatar artikuluak
Kondairaren arabera, Erromaren sorrera k.a. 753an izan zen. Hortik aurrera, hiru garaitan banatu ohi da Erromatar Inperioaren historia: Monarkia (K. a. 753–510), Errepublika (K. a. 509–27) eta Inperioa (K. a. 27-k.o. 330).
Erromatar Inperioaren hedapen handiena Trajano enperadorearekin batera heldu zen, Kristo ondorengo 98 eta 117 urteren bitartean. Orduantxe, Tigris ibaiak definitu zuen ekialdeko muga. Hadrianok, K.o. 117–138an heldu zena, atzera bota behar izan zuen eta, Marko Aurelioren garaia heldu zenerako, K. o. 161–180an, Erromak jada, erasoaren ordez, defentsarako estrategiak hartu behar izan zituen.
Hondamen honen ondoren, gutxika-gutxika Erromako hiriburua ekialdera mugitzen hasi zen, Konstantinok (K.o. 306-337) azkenik ekialdeko Konstantinoplara gobernua eraman zuen arte. Aldaketa jazo zen garaian, Erromako hiriak milioi eta laurden laguneko biztanleria zuen.
Inperialismoaren garaian, Erromak milaka kokaleku militar eraiki zituen, castra izenekoak. Kokaleku hauek, kasu askotan, behin betikoak izan ziren eta Europako hiri anitzen hasieratzat jotzen dira.
Castrak retikula zorrotz batekin zeuden eraikiak; normalean, lauki edo laukizuzen batek eratzen du perimetroa. Bere barnean bi ardatz nagusiek ibilbideak egituratzen dituzte; alde batetik, decumanus-a, eta, bestetik, cardo-a, zeinek decumanusa elkarzut zeharkatzen duen. Bi maila ezberdinen artean gelditzen diren etxe-irlek, hain zuzen ere, insulae hartuko dute izena (aurrerago ikusi daitekeen bezala, izendapen horrekin etxebizitzen blokeak ere izendatuko dira). Bi ardatzek elkar moztean, foroa sortzen da, elkar-harremanetarako toki publikoa.
Batzuetan, Inperioaren zabalkundearen logikaren arabera, tokiko tribuen kokalekuak erromatar eran urbanizatu ziren, konkistak zekarren onura erakusteko asmoz. Inperio garaian hiru motatako hiri-kokalekuekin topa genitzakeen:
Hiri ezberdinen izaerok ez zuen beraien tamainarekin erlazio zuzenik. Modu horretan, Londres, zeinek 132 hektareako lurraldea zuen, colonia bat zen, eta, berriz, 82 hektarea besterik ez zuen St. Albans herria Erresuma Batuko municipium bakarra zen.
Sakontzeko, ikusi Arkitektura erromaniko eta Arkitektura gotiko
Europa Erdi Aroan deritzon milurtekoan sartu zen, Erromatar Inperioaren gainbehera K. o. 395ean heldu eta gero. Hiriaren kontzeptuaren garrantzia gutxitu zen aro berri honetan, Erromatar Inperio garaian aparteko garrantzia izan bazuen ere. Aroaren lehenbiziko urteetan merkataritzak maila minimoak bizi zituen, eta, ondorioz, hiriek garai batean izandako erabilera komertziala ere jaitsi egin zen. X. mendeaz geroztik, ordea, merkataritzaren susperraldiak eta egoera politikoaren orekak ahalbideratu zuten antzinako erromatar kokaleku askoren berpizkundea.
Merkataritzaren susperraldi hori heldu baino lehen, aldiz, Europako lurraldea nekazaritza-lurren continuum [13] batean bihurtu zen. Hiriak, hortaz, modu organikoan txertatu ziren lurraldean; hiriek ez zuten tamaina handiegirik berenganatu. Erdi Aroaren bukaeran, germaniar Inperioaren populazio osotik, %10 edo %15 bizi zen hirietan; hiri horiek, aldiz, ugariak (3.000 inguru) eta tamaina txikikoak ziren (gutxi batzuk izan zituzten 10.000 lagunetik gorako errolda)[14].
Ondorioz, herriz herriko saleroste gabeko kontsumo mota sortu zen Europan, dentsitate baxuko lurralde-antolamendu horrek eta IX. mendea arte jazo zen herrien arteko merkataritzaren beherakada bitarteko; eredu berri bat sortu zen, mundu klasiko eta, hegoaldean, Arabiatik zetorren Islamaren ereduetatik asko aldentzen zena. Nekazaritza –eta, batez ere, barne-kontsumorako ekoizpena– izan zen jarduera ekonomiko funtsezkoena[15].
Merkataritzaren susperraldi honen erakusle Done Jakue bidea izan zen, eta, bereziki, iberiar penintsula zeharkatzen duen "frantziar bidea". Alfontso VI.a 1085 Toledo konkistatu zuenean, hiri horren kokaleku estrategikoak bidearen segurtasuna bermatzeko balioko du. XI. eta XIII. mende bitartean agintariek hiri berrien sorrera bultzatu zuten bidean zehar, erromesen mesederako. Biztanle berriak berenganatzeko, bizitza berria hastera zetozenei abantaila edota pribilegio bereziak eskaintzen zitzaizkien: zerga-salbuespenak, estatutu legal bereziak, merkataritza eskubideak, etab.[16].
Erromatar Inperioaren desagerpena eta gero, antzinako kokaleku askok bere biztanleriaren zati nabarmena galdu zuten, ia hutsik gelditu arte. Herri berriak sortu egin ziren; beste batzuk, ordea, testuingurua aldatu arte hutsik jarraitu zuten. Testuinguru horren aldagaiak sozialak, politikoak eta ekonomikoak dira. Paul Hofer arte historialariaren hitzen arabera:
« | Erdi Aroko hiria hurrengo sei faktoreen interakzioaren ondorio da: bere egituraketa ekonomikoa (merkatua, artisautza, merkataritza); bere gizarte-egituraketa (artisauak, merkatariak, elizgizonak, aristokratak); bere egituraketa fisikoa (hiri-bilbea, eraikin publikoak, gotorlekuak); bere lege-egituraketa (konstituzioa, lege-erakundeak, legegintza-barrutiak); bere kokalekua (lehorreko eta uretako komunikazioak, zubiak, geldi-guneak , horniketarako postuak) eta bere bizitasun politikoa. | » |
—J.M. Morris, [17]. |
Ondorioz, egun ezagunak zaizkigun hirien jatorria eta bilakaera hainbat aldagaien bitartez ebatzi da.
Garai honetako lehenbiziko mugarri historikoa, hirigintzari dagokionez, Antso VI.a nafarraren eskutik etorri zen: XII. mendearen bigarren erdialdean Gaztela eta Nafarroa arteko muga sendotzeko borondateak hiri berriak sortzera eraman zuen Antso VI.a. Jakituna. Modu horretan sortu ziren, esate baterako, Araban, Guardia, 1161ean, eta Guardia, 1164an. Gasteizko herrixkan Nova Victoria hiribildua eraiki zuen 1181ean. Gipuzkoan, aldiz, Donostia 1180an sortu zen, beste hainbesterekin batera (Segura, Ordizia edota Tolosa).
Aro gotikoari dagokionez, komertzioa areagotu zen eta, ondorioz, hiri berriak sortzen hasi ziren; «hirien sorrera prozesua bereziki indartsua izan zen gotikoaren garaian, XIII. mendearen bigarren erdian eta XIV. mende osoan zehar»[18]. Hiri berrien sorrera eta eraikuntza, hasiera batean, Gaztelako koroak ordaintzen bazuen ere, XIV. mendetik aurrera egoitza eskatzen zutenei egokituko zitzaien hiriaren eraikuntzaren finantziazioa, zergen bidez.
Fernández Altunaren aburuz, hiru multzotan banatu daitezke gotikoan sortutako hiri-eredu euskaldunak. Geroago ikus daitezkeen beste klasifikazioetan ere agertuko dira ondoren zerrendatzen diren zenbait ezaugarri:
Nahiz eta Erdi Aroko hiriaren izaerak berak analisi tipologikoa ezinezkoa bihurtzen duen, Luigi Piccinato arkitekto italiarraren sailkapen batek gutxi gorabeherako hurbilketa bat eskaini dezake. Horrela ba, sailkapen honen arabera, honako forma topa genitzakeen Erdi Aroko hiri-morfologian:[19]
Europako lurraldeak, Erromatar Inperioaren porrota eta gero, hazkunde organikoko garapen bat bizi izan zuen. Hegoaldeko lurretan ordea, Islamaren influentzia jaso zuena, bestelako hiri-garapena topatu dezakegu, ekialdeko tradizioari so egiten dion garapena hain zuzen ere.
Islama, VII. mendetik aurrera, mundu-mailako potentzia bilakatu zen. 711. urtean, Guadaleteko gudua eta ondoren, Islamak iberiar penintsularen kontrola bisigodoei kendu zien, zortzi mende iraungo zuen garaiari hasiera emanez.
Edozein kasutan, eta beste hainbeste konkistatzaile ez bezala, iberiar penintsula konkiskatu zuen Islamak baterako existentzia baketsua sustatu zuen, eta, modu horretan, Espainiako hegoaldeko hiri askoren bereizgarritasun bakunak sortu ziren, arestian aipatutako kulturen arteko hartu-eman horretatik, hain zuzen ere.
Hazkunde organikoa eta ordenik gabekoa da, edozein kasutan, musulman hirien nagusitasunik handiena; aditu batzuen arabera, gizartea "bi mailetan dago antolatua: biotikoa eta kulturala, eta musulmana maila biotikoaren ondorio da, islamiar gizartean nagusitzen baita" [21].
Edozein gizartetan bezala, gizarte islamiarrak zituen berezitasun sozial eta erlijiotsuek hiriaren morfologian zuten ondorioa. Pribatasunaren kontzeptuaren ondorioz, gune eta eraiki publiko gutxi zeuden islamiar hirian; barrutik kanporako mugimenduarekin eraikitzen den hiria da. Kaleak etxeen artean gelditzen ziren hutsuneak dira (hortik islamiar hiriaren irudi «erromantikoa», kale-karrika estu eta okertuz jositako alde zaharrarena), eta ez alderantziz, mendebaldeko joera jarraiki. Chueca Goitiaren hitzen arabera:
« | Hiri publikoa, greziar polis-a, erromatarren civitas-a, eta etxetiar hiri germanikoaren artean, badago, egon, beste hiri mota bat, aurreko bien aldean aldera ezina: islamiar hiria, pribatua deitu daitekeena. | » |
—Fernando Chueca Goitia, [22]. |
Islamiar hiriaren ezaugarri nagusiak ondoko hauek dira:
Sakontzeko, ikusi Berpizkunde, Barroko, Neoklasikoa
Berpizkundea mugimendu kulturala izan zen, XIV. mendean Italian sortutakoa. Hirigintzan bere bilakaera beste diziplinetan eman zenaren bestelakoa izan zen, eta zenbait adituen ustetan [23] XVIII. mende arte luzatu zen. Edozein kasutan, artikulu honetan hirigintzari dagozkion epeei buruz jardungo da, beste arte plastikoak alde batera utzita.
Italian sortu bazen ere, Europako beste herrialdetara modu eta denbora ezberdinetan igaro zen; Florentzia hirian sortu zen estiloa, XIV eta XV mende bitartean (Quattrocento eta Cinquecento izenekin ezagunak, hurrenez hurren), baina Frantziara 1606an heldu zen, Place Dauphine proiektuarekin batera, ia mende bat gerorago, alegia. Erresuma Batura beranduago helduko zen, 1630eko Covent Garden proiektuarekin, eta, batez ere, Londres hiria suntsitu zuen 1666eko sutea eta gero.
Berpizkunde adiera Giorgio Vasari artista eta kritikoak erabili zuen estreinakoz, Vite de' più eccellenti pittori, scultori e architettori italiani, da Cimabue insino a'tempi nostri obran. Liburua 1550an izan zen argitaratua, mugimendua jada indarrean zegoen garaian, eta arte gotikoaren «basakeriekin» etendura bat aldarrikatzen du: italiar artearen pizkunderako, arte klasikora zuzendu behar zen begirada.
Humanismoa izan zen garaian sortutako korronte ideologikoa. Giza historia Jaungoikoak ordenatutako osotasun bat zela pentsatzeari utzi zioten humanistek, bata bestearen ondoren zetozen garaien pilaketa bezala ulertuz. Garai bakoitzak bazuen, ondorioz, bere berezitasuna eta momentuan bizi zirenen eskuetan zegoen garaiko edukien trakeskeria edota bikaintasuna. Arkitektura gotikoa (iparraldeko franko-germaniar arkitekturari emandako mespretxuzko izena, godo hitzetik eratorria) elementu bakanen metaketa hutsa zen bitartean, Berpizkundeak espazio eta materiaren ordena arrazionala bilatuko du[24].
Humanismoaren bilakaeran hainbat faktoreek hartu zuten parte; Johann Gutenberg-ek, 1450ean, inprenta asmatu eta liburugintza moderno aroari eman zion hasiera. Teknologia berri honi esker, oso hedapen azkarra izan zuen 1521ean argitaratu zen Vitrubio arkitektoaren De Architectura Libri Decem tratatuak. Augusto enperadorearen garaiko arkitekto erromatarra zen Marco Vitrubio, eta gure garaietara heldutako eraikuntza eta arkitektura klasikoko tratatu bakarraren egilea dugu. Hau guztiarekin batera, 1453an turkoek Konstantinopla konkistatu zuten, bertako artista eta eruditu greziar ugarik Italian izan zutelarik babesleku.
Demografia hazkunde bat pairatu zuen Europak, Izurrite Beltzak sortutako hondamena eta gero. XV. mendetik aurrera, hiriek biztanleak irabazten bazuten ere, oso hiri gutxi sortu ziren, eta ondorioz ez zen hiri-plangintza modu zabalean erabiltzeko betarik izan. Suteak eta lurrikarak izan ziren plangintzaren aliaturik handienak: Londres 1666ean izan zen sute bategatik suntsitua, eta Siziliako Grammichele eta Avola hiriak lurrikara batek hondatu zituen.
Hiri berrien sorrerak arrazoi militarrei erantzuten zuen (Palmanova Italian, edota Christiansand Norvegian), edota erabaki autokratiko baten ondorioak ziren, beranduko sortuko zen Versailles kasu. Beste guztietan harresien hazkundearen menpe gelditu zen hiriaren garapena; harresiak handitu arte, hiria bertikalean hazteko beste erremediorik ez zuen.
Vitrubioren liburuan hiri idealaren deskribapena topa zitekeen. Bertan, oktogono itxurako harresi batek egitura zentripetoko erretikula bat gordetzen du. Vitrubioren deskribapenean ardura militarrak ziren nagusi. Edozein kasutan, testuak hainbat hirigileentzako inspiraziotzat balio izan zuen: Francesco di Giorgio Martini, Danese Cattaneo eta Vicenzo Scamozzi bezalako arkitektoek beraien hiri idealak proposatu zituzten.
Zenbaiten ustetan [25], azken honek bere teoriak Palma Nova hirian frogatu zituen. Venezia errepublikako defentsa-gerriko parte izan behar zuen hiria, eta Scamozziri egotzitako diseinuak vitrubiotar printzipioak betetzen zituen.
Elementu hauek izan ziren erabakigarri, besteak beste, Berpizkundeko hirietan:
Aipatu bezala, Berpizkundearen hastapenak ezartzea ez da batere erraza, Europako bazter bakoitzak momentu ezberdinetan eten baitzuen Erdi Aroa. Maiz onartua dago Berpizkundeak Barroko garaiari eman ziola txanda XVII. mendearen hasieran, eta XIX. mendera arte iraun zuela, bai bere estreinako itxuran, edo bere eboluzioa izan zen Rokokoan. Beste egile batzuek, ordea, Barrokoa, Rokokoa eta ondoren etorriko zen Neoklasiko garaia Berpizkundearen baitan sartzen dute[27].
Hirigintzaren plangintza, egun ulertzen den bezala, Barrokoan sortu zen. Pierre Lavedan-en esanetan, hirigintza «klasikoak» (hots, Frantzian XVIII. mendean eman zena) ondorengo karakteristikak izango ditu: lerro zuzena, monumentuen perspektiba eta programa edota uniformetasuna[28]. Geroago azalduko dugun bezala, horien guztien baitan perspektibaren erabilpena sumatu daiteke.
Mende hauetan sortzen da egungo hiriburu kontzeptua. Estatuen burokrazia-beharren gorakadak gorteen mugimenduei traba egiten zien, kokaleku finko baten beharra areagotuz. Herrien oinarrizko partikula zen hiribilduak boterea galdu zuen hiriburuaren aurrean. Fernando Chueca Goitiaren hitzetan:
« | Ezin da ukatu dinastia barrokoen botere zentroek, geroz eta botere absolutu handiagorekin, Erdi Aroko hiri libreen bizitza autonomoa ahultzen dutela. | » |
—Fernando Chueca Goitia, [29]. |
Resindentzstädt hauek, erregeren behin betiko kokalekuak, hirigintza laborategietan bihurtu ziren, hala nola Aranjuez, Versailles edota El Prado.
Gobernu absolutuek bilatzen zuten, hortaz, zenbat eta botere zentralizazio handiagoa; garai horietan sortu zen merkataritza-kapitalismoa, armada profesionalak eta burokrazia zentralizatua. Asmakizun berri horiek guztiek udaletxeen boterea txikitu zuten, hau da, XVI. mende arte nagusi izan zen erakunde politikoarena, hain zuzen ere.
Ondorio bezala, nahiz eta demografia gora egin, ez ziren hiririk kasik sortu, eta bazeudenak, aldiz, sekulako biztanleria gorakada bizi izan zuten: XVI. mendean bertan, 100.000 lagunetik gorako 14 hiri izango du Europak.
Barroko hiriaren ezaugarri nagusienak ondoko hauek dira:
Filipe II. Espainiakoaren garaian, Amerikan hiri berriak eraikitzeko beharrak araudi berezi bat eskatzen zuen. 1573an Indietako Legeak jarri ziren indarrean, batzuen ustez munduko lehenbiziko hirigintza-araudia[32]. Araudiaren laugarren liburuan hiri berriak eraikitzeko baldintzak zehazten dira: "Beti eraman beharko da eraiki beharreko hiriaren oinplanta". Morfologia aldetik, hiriok Plaza Nagusitik izango dute kaleen sorrera, bertara helduko baitira ateek irekitzen dituzten etorbide nagusiak. Hau guztia balizko hazkunde bat aurreikusiz egiten da, «nahiz eta populazioa handitze handian joan, hedatu eta modu berean jarraitzea izango da beti»[33].
Aldaketa politiko eta ekonomikoen garaia izan zen XIX. mendea, eta hirigintza horren isla bilakatu zen. Pedro Bidagor-en esanetan[34], hauek dira garaia definituko duten ezaugarriak, hirigintzari dagokionez:
Euskal Herriko hiri gehienetan antzeman zen Ildefons Cerdà katalanak edota Haussmann baroi frantsesak Bartzelona eta Parisen bultzatutako zabalgune proiektuen oihartzuna. Euskal Herriko zabalguneak, José Javier Fernándezen ustetan, «diseinu orokorraren laukiteria –retikula– errespetatuz eta eraikinetan gehiegikeriarik gabeko historizismoak konbinatuz diseinatu ziren».[36]
Katalanak hirigintza teknikaren oinarri modernoak ezarri zituen 1867ko Teoría General de la Urbanización liburuan. Momentu horretan plangintza egitura orokorra bilatzeko lanabes bilakatzen da. Teknika honen berrikuntza aldez aurretiko analisian datza, lan horrek proiektuan duen eraginarekin batera: momentuko datuen analisia, hortik aurrera, hirigintza diziplinaren oinarri bihurtuko da[37].
Ondoren, euskal hiri nagusien zabalguneen azalpen labur bat aurkezten da:
Sakontzeko, ikusi Industrializazio, Industrializazioa Euskal Herrian
XIX. mendetik aurrera emandako prozesua da industrializazioa. Ingalaterran izan zuen hasiera, batez ere ehungintzan. Industriak bizitako iraultzaz aparte, nabarmengarriak dira ere nekazaritzan, garraiobide, hedabide eta ideia berrien sorrera. Hauek guztiek zenbait teknologia berrien sorrerekin egin zuten bat, hala nola lurrun-makina (George Stephenson-en tren-makina 1829an heldu zen), altzairuaren hobekuntza (Bessemer prozesua 1858an asmatu zen) edota igogailuaren asmakuntza (Elisha Otis-ek segurtasun igogailua aurkeztu zuen 1852an).
Hiriek demografia hazkunde ikaragarria jasan zuten. Manchester, adibidez, 1760 eta 1800 urte bitartean, 30.000 lagun izatetik 70.000 izatera igaro zen. 1850ean 400.000 biztanle izatera ailegatu zen. Garraiobideek berebiziko papera jokatu zuten hazkunde honetan, nekazaritza-guneetatik hirira populazio-mugimenduak erraztu zuten heinean. Hiriaren eskala, momentu horretan, kokaleku fisikoak ezartzen zuen eragin-esparrutik lurralde-mailako eragin-eskala igaro zen, hein handi batean garraiobideen eraginpean.[41]
XIX. mendean sortutako burgesiak industri-kapitalismoaren balioak bere egin zituen, hots, indibidualismoa eta lehiakortasuna. Garapen eredu horrek langile-klasearen sorrera bultzatu zuen. Herri txiki eta hirietako zenbait auzoek sekulako eztanda demografikoa jasan zuten, hirira lan bila zetozen etorkinen eraginez. Industria sistema berria elikatzen zuen langile-masa honen etorrerak, sistemak behargin ugarien beharra baitzuen.
Behargin hauen egoitza ebaztean jazo zen lehenbiziko arazoa edota problematika. Fabriken jabeak hiri-zoruaren jabe bihurtu ziren. Momentu horretan sortu ziren langileri-auzoak, New Yorken hazi ziren slum-ak kasu: Railroad Houses etxeetako proiektuak hormarte 8 metro baino gutxiagoko hormarte bat definitzen zuen (25 oin), planta estua eta barne-patiorik gabekoa. Argiztapen eta aireztapen naturala ez ziren kontutan hartu, osasun baldintza guztiz desegokiak sortuz; New Yorkeko haurren heriotza-tasa, 1870an, 1000 jaiotzetik 260koa izatera heldu zen. [42]
Baldintza latzon aurrean, eta hiri modernoak Naturarekin erakusten zuen etendura ikusita, burgesia liberalaren baitan hainbat erreakzio sortu ziren. Robert Owen enpresariak, ehungintza fabrika baten jabeak, 1816an nekazaritza eta industria bilduko zituen langileentzako hiria planifikatuko zuen. Ildo horretan, hainbat enpresariek egoitza-eredu berriak sortzeko ekimenak bultzatu zituzten Europa osoan zehar: New Lanark (Glasgow, Eskozia, 1815), Saltaire (City of Bradford, Ingalaterra, 1850), Mulhous-eko langile-hiria (Frantzia, 1853) eta Familistare (Guise, Frantzia, 1859) egitasmoak dira aipagarriak lana, aisialdia eta hezkuntzaren bateratze alderako prozesuan [43].
Hasierako ekimen hauek jarraitasuna izan zuten Ebenezer Howard-en Garden City edo Lorategi-hiriaren ideian, hots, hiritik gertu eraikitzen den kokaleku bat, naturarekin harreman estuarekin eta populazio finko batekin, eta hiri-zentroarekin errepide baten bidez komunikatzen dena. Espainian, Arturo Soriak (1844-1920) Ciudad lineal edo Hiri-lineala proposatu zuen; bertan, Madriletik 7 kilometrotara kokatuz, barne ardatza batek trenbidearen bi aldetara etxebizitzak kokatzen ditu. Modu horretan, hiriak Naturarekin kontaktua ahalik eta gehien handituko luke, herritar bakoitzari, aldi berean, intimitate esparruak bermatuz.
Bi Mundu Gerrateek munduaren itxura politikoa aldatu zuten, eta baita europar lurralde eta hirigintza ere. Lehen Mundu Gerran hamar miloi hildako inguru suertatu ziren, eta bigarrenean, ia hirurogeita hamar miloi hildako izan ziren. Biztanlerian egindako sarraskiak hirien txikizioen isla ziren; Berlin, Essen, Düsseldorf, Hamburg, Nurenberg, Dresden edo Munich bezalako hiriak bonbardaketa masiboen biktimak bilakatu ziren. Nüremberg hiriak pairatutako bonbardaketan, 1945eko urtarrilaren 2an, 6.000 zibil hil ziren, eta hiriko alde zaharraren %90a birrinduta suertatu zen ordu beteko bonba-zaparrada baten ondoren.
Bi gerrateen ostean, mundua oreka politiko baten menpe egongo da. Suntsitutako hiriak berreraiki beharko dira, eta hondatutako azpiegiturak osotu. XX. mendeko hasierako hamarkadetan garatutako ideiak agertuko dira hiri berriak eraikitzeko gidari. Beraien artean esanguratsuena funtzionalismoa dugu, CIAM egitasmoa izaki bere aitzindari.
CIAM akronimoak Congrés International d'Architecture Moderne esan nahi du, hau da, «Arkitektura Modernoaren Nazioarteko Biltzarra». 1928an sortu zen, eta mende hasierako arkiteko eta hirigile ospetsuak bildu zituen bere baitan, hala nola: Karl Moser, Alvar Aalto, Hendrik Berlage, Le Corbusier, Gerrit Rietveld eta beste hainbeste. 1959an desegin bazen ere, ordurako hirigintza modernoaren oinarri teorikoak ezarrita ziren.
XX. mendeko abangoardia arkitektonikoa Mugimendu Modernoa zeritzon pentsamoldean bildu zen. Mugimendu Modernoaren arkitektoek "etorkizuneko hirira" begira sortu zuten beraien pentsamoldea[44]. Beraien ustetan, hirigintza funtzionalak izan behar zuen, eta hirien hazkunde kaotikoari erantzun bat emateko betebeharra zuen; hirigintzak erantzun behar zion industrializazio garaiak sortutako kontrolik gabeko hazkunde eta tipologia berrien sorrerari, bai tipologia aldetik, bai eta klase sozial berrien jaiotzari ere. Gerrateosteko txikizioaren aurrean, hortaz, logikoa izan zen agintariek pentsamolde berriztatzaile honi heldu izana.
CIAMek garatutako hirigintza funtzionalistaren ezaugarriak horrela laburbildu daitezke:
« | Etxebizitzaren arazoa (kotxe bateko) txasi bat bezala aztertuko balitz, gure etxeak modu azkarrean hobetu eta eraldatuko lirateke. Etxebizitzak industrialki eraikiko balira, serie-fabrikazioan, txasiak bezala, ezusteko formak agertuko lirateke, baina hala ere osasuntsuak, defendagarriak, eta estetika zehaztasun harrigarriz formulatuko genuke. | » |
—Le Corbusier, [45] |
Etxebizitza eta, oro har, hiriaren inguruko ikuspegi honek gizartearen jarduera oro kontrolpean izateko gurarian islatu ziren, makina baten funtzionamenduarekin parekatuz. Modernoen kezkak hiri-dentsitate eta gune irekien arteko loturan agertuko dira, pasa zen mendeko higienismoaren kezka berdinak, hain zuzen ere. Horretaz gain, modu azkarrean garatzen ari ziren komunikabide azpiegiturek -automobila, trenbidea, hegazkina- hiriaren trazan ekar zezaketen aldaketak ere izan zuten ardura.
« | Hiria lurraldean kokatu behar da, hiria bakarrik delako ulergarria lurraldeak suposatzen duen osotasun geografiko, ekonomiko, sozial eta politikoan. | » |
—Vegara, De las Rivas, [49]. |
Agiriak hiri-plangintza lurralde-plangintzaren zatitzat jotzen du. Industrializaziotik, Europar kokalekuak eraikitako continuum batean mantendu zituen orekak estropezu egin zuen industriaren beharrekin: industriak lehengaiak zeuden tokietara joaten ziren, eta jendea atzetik. Lurralde desoreka sortu zen.Inguru fisikoaren ardura, berriro ere, Industrializazioan sortutako desoreken ondorio da. Bilboko itsasadarra adibide aparta dugu: Ezkerraldeko bizitegi-auzoak gune maldatsu eta garaietan kokatzen ziren bitartean, industriak itsasadarrak lagatako eremu laua eta egokiak okupatzen zituen. CIAMeko hirigileen aburuz:
« | Bizitegi-auzoek topografiaren arabera onenak diren orubeak bete beharko lukete, [eguzkitzapen] egoerarik hoberena eta berdegune egokiak jasoz. | » |
—Atenasko Agiria, CIAM, [50]. |
Funtzionalisten irizpideak hitzez-hitz segituz, Lucio Costa hirigileak eman zion hasiera, 1956an, Brasilia Brasilgo hiriburu berriaren plangintzari; bost urte lehenago, 1951an, Le Corbusierrek Chandigarh Indiako hirian Atenasko Agirian agertutako postulatuak erabili zituen. Proiektu batak zein besteak agirian agertutako lau funtzioak banatzen zituzten: lana, bizia, aisialdia eta hauek egiteko beharrezkoa zen garraioa. Era berean, bi proiektuok mugarri-arkitektura erabili zuten, demokraziaren adierazgarri ziren erakundeak irudikatzeko.
Gerraosteko CIAM kongresuaren baitan, ordea, hamarkada batzuk lehenago ezarritako irizpideen kontrako ahotsa altxatu ziren. Josep Lluís Sert-en esanetan, adibidez, «ahantzitako bosgarren funtzioa» kontutan hartu behar zen, hots, hirian bizi den biztanleria hiriko eraldaketa-prozesuaren parte sentiarazi[52].
Chandigarhreko proiektua zehaztasunez jorratu zen, biztanleriarentzako erreakzio-esparru gutxi utzitaz: Le Corbusierrek hiriko miloi erdi lagunak «sektore» deituriko guneetan banatu zituen, bere buruarekin aski izateko proiektatuak. Sektore bakoitzak bizi, lan eta olgatzeko guneak zituen, 800x1200 metrotako retikula osotuz, eta hiru mila lagunetik hogei mila lagun arteko biztanleria biltzeko diseinatu ziren. Sektore bakoitzak, ibilgailuentzat, lau sarrera besterik ez du. Zazpi garraio maila daude: ibilgailu azkarretik oinezko eta bizikletentzako eskalak betetzen dituzte[53].
Bi hiri hauek eskala handiko entseguetan bihurtu ziren. Zenbait egileen ustetan, funtzionalismoaren ereduak hiri bikoitza sortzen zuen: batetik monumentu eta mugarri arkitektoniko handiekin apaindutako hiria, gobernu eta enpresa handien eskuetan erortzen zena; bestetik, jende xumearen hiria, arkitektura funtzional bezain interes gabekoa zuten auzoetan[54]. Era berean, arkitektura eta hirigintza, Mugimendu Modernoaren azkeneko urteetan –60ko hamarkada–, krisian sartu zen, funtzionalismoaren hiriak ez baitzituen «bizigarri» suertatu zitezkeen hiririk sortu[55].
Brasilia eraikitzen hasi eta hamar urteren buruan Aldo Rossi arkitekto italiarrak Architettura della città [56] argitaratu zuen. 60ko hamarkadan bogan zegoen estrukturalismoaren eragin handia jaso zuen obrak, eta hiriaren morfologia aztertzea proposatzen zuen, horretarako haren "morfemak" aztertuz, hots, hiriaren egitura osotzen zuten zati txikienak, tipoak. Charles Jencks-ek arkitektura kritikoak izendatu zuen, Rossiren obra arkitektura edo hirigintza postmodernoa[57] estreinako aldiz arkitekturarako erabiliz.
Rossi La Tendenza deituriko talde neo-errazionalistaren parte zen, Carlo Aymonino, Manfredo Tafuri, Giorgio Grassi edota Vittorio Gregotti arkitektoak bezala. Talde honek hirigintza postmodernoaren oinarriak ezarriko ditu.
Oinarri hauek hiru zutabez zeuden osotuta: bat, hirigintza diziplina zientifikoan bilakatzea, eta diziplina honen lanabesekin teoria koherente bat eratu. Bi, estrukturalismoak emandako analisirako tresnetaz baliatuz, hiriaren egitura aztertzea. Azkenik, identitatearen garrantzia goraipatzen da, sekulako garrantzia hartu zuen tipo edo tipologia bizitzeko eraren erakusletzat hartu baitzen, eta ez bakarrik formaren inguruko zerbait. [58]
Aipatu ezaugarri hauek hainbat tokitan probatu baziren ere, Boloniako Gune Historikoaren Plan Arautzailea hartzen da hirigintza postmodernoaren mugarri bezala. Plan honek, lehen puntu bezala, Boloniako historia aztertu zuen, Brontze Arotik gaur egunera. Azterketa horren ondorioz eraikitze-tipoak ebatzi ziren, eta informazio horrekin hiriko jatorrizko alde zaharra berreskuratzea bihurtu zen xede, esku-hartze garaikideek «kutsatu» baino lehenagoko egoerara bihurtuz. Helburu hori gauzatzeko alde zaharraren ideiarekin bat ez zetozen eraikinak eraitsi egin ziren, errepidea eta trafikoa kudeatu, eta alde zahar barruko monumentuetan jorratu zitezkeen erabilerak mugatu egin ziren.
Euskal Herrian, metodologia hori Euskal Herriko alde zaharretako Barne-Eraberrikuntzako Plan Berezietan islatu zen. Bilbon, adibidez, 1988an izan zuen hasierako onespena Kasko Zaharra eraberritzeko planak. Bere bereizgarritasunen artean, gune eta eraikin historikoen birgaiketa, ondareare arkitektonikoaren erabileraren aldaketa, ekipamendu eta gune berdeen gauzatzea eta diru-laguntza programa zabal bat topa daiteke. Behin betiko onespena 1998an izan zen.[59]
La Tendenza taldeak hasitako hirigintza motak plangintza izan zuen ardatz. Laurogeiko hamarkada igaro ondoren, hiriaren konplexutasun maila altuegia bihurtu zen, eta laurogeita hamarreko hamarkada heltzerako Europa osoan Lurralde antolamenduak berebiziko garrantzia hartu zuen.
Lurralde Antolamenduak aurrekariak izan zituen aurreko mendeetan: Patrick Geddes biologoak edo Vidal de la Blache geografoak bezalako hiriaren garapena kokatua dagoen lurraldearen garapenarekin batera pentsatu behar zela argudiatzen zuten.
Honela definitzen du Europar Lurralde Antolamendurako Gutunak kontzeptua:
« | (Lurralde Antolamendua da) gizarte ororen politika ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoaren isla-espaziala, non bere helburua lurraldeen garapen orekatua den eta espazioaren antolamendu fisikoa. | » |
—Europar Lurralde Antolamendurako Gutuna, [60] |
Hortaz, definizioaren arabera, hirigintza tradizionalaz harago doan diziplina da Lurralde antolamendua. Bere baitan, hortaz, diziplina zientifikoak zein ekonomikoak eta kudeaketari dagozkionak topatu daitezke: Ekonomia, Soziologia, Hirigintza, Geografia, Ekologia, Eskubidea, Ingeniaritza edo Marketing-a.
Europar Batasunak 1999an Europar Lurralde Estrategia [61] onartu zuen; «Lurraldearen garapen orekatu eta jasangarri baten alde» lelopean, agiriak hiru artezpide jarraituko ditu: zentro anitz eta orekatuen hiri-sarea, hiri eta landa-guneekin harreman berri bat ezarriz; jakintza eta azpiegituretara heltzea modu berdinean; eta, azkenik, garapen jasangarria. Europar Batasunan partaideak beraien artean desberdintasun handiak dituzten heinean, estrategia hau interesgarria da oso oreka egoki bat lortze aldera[62].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.