From Wikipedia, the free encyclopedia
Francisco Javier Castaños Aragorri Urioste Olabide (Madril, Espainia, 1758ko apirilaren 22a – 1852ko irailaren 24a) Espainiako Armadako jenerala eta politikaria izan zen.[1] Frantziako Iraultzako Gerretan eta Iberiar Penintsulako Gerran parte hartu zuen.
Francisco Javier Castaños | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1834ko uztailaren 17a - 1852ko irailaren 24a
1833ko uztailaren 12a - 1852ko irailaren 24a ← baliorik ez - Luis Carondelet Castaños (en) →
1832 - 1834 ← José María Puig de Samper (en) - Francisco Fernández del Pino (en) →
1815eko azaroa - 1820ko maiatzaren 4a ← Andrés Pérez de Herrasti (en) - Pedro Villacampa y Periel (en) → | |||||||||
Bizitza | |||||||||
Jaiotzako izen-deiturak | Francisco Javier Castaños Aragorri Urioste y Olavide | ||||||||
Jaiotza | Madril, 1758ko apirilaren 22a | ||||||||
Herrialdea | Espainia | ||||||||
Heriotza | Madril, 1852ko irailaren 24a (94 urte) | ||||||||
Hobiratze lekua | Gizon Ospetsuen Panteoia Iglesia de la Encarnación, Bailén (Jaén) (en) | ||||||||
Familia | |||||||||
Aita | Juan Felipe Castaños y Urioste | ||||||||
Familia | ikusi
| ||||||||
Hezkuntza | |||||||||
Heziketa | Royal Seminary of Nobles of Madrid (en) Royal Military Academy of Mathematics and Fortification (en) | ||||||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||||||
Jarduerak | |||||||||
Jarduerak | ofizierra, militarra eta politikaria | ||||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||||
Zerbitzu militarra | |||||||||
Adar militarra | Espainiako Lurreko Armada | ||||||||
Gradua | kapitain sergeant major (en) teniente koronel koronel brigadier landa-mariskal teniente jeneral Kapitain nagusi | ||||||||
Parte hartutako gatazkak | Iberiar Penintsulako Gerra Napoleondar Gerrak |
Bailengo guduan lortutako garaipenarengatik ezaguna, antza denez bera da Manuel Godoyren atzetik ohore, omenaldi, kondekorazio eta titulu gehien jasotako espainiar militarra.[2] Beste historialari batzuen aburuz, berriz, Castaños hura baino ohore gehiago jasotakoa da.[3]
Hego Euskal Herrian ere jaso zituen titulu eta ohore ugari, horko botere erakundeak kontrolatzen zituen oligarkiaren laguntzarekin, horietako baten bat nahiko anekdotikoa izango bazen ere: Portugaleteko ohorezko alkate 1804an eta 1833an, Bizkaiko ohorezko ahaldun nagusi 1812an, eta azkenik, Portugaleteko markes 1851n (nahiz eta azken titulu hori Elisabet II.a erreginak eman eta Castañosek bere iloba txikiari utzi).[4]
96 urteko bere bizialdi luzean, gertakari ugari eta garrantzi handikoak ezagutu zituen, baita anitzetan horietan zuzenean parte hartu ere: XVIII. mende amaierako Antzinako Erregimeneko Espainia eta Euskal Herria eta erregimen haren krisia, Frantziako Iraultzak eragindako Konbentzio Gerra, Iberiar Penintsulako Gerra, 1812ko Konstituzioa, Fernando VII.aren berrezarpena, Hirurteko Liberala, Hamarkada Gaitzesgarria, Lehen Karlistaldia eta liberal aurrerakoi eta moderatuen arteko gatazkak.
Berau madrilen jaioa, baina euskalerritar jatorrikoa, Juan Felipe Castaños Urioste eta María Concepción Aragorri Olabide zituen guraso, biak ala biak etxe onekoak: haien leinuak XVIII. mendeko Hego Euskal Herri foral hura kontrolatzen zuen oligarkia familiarraren barruan aurkitzen ziren.
Ama (1723-1771) Lapurdiko Ainhoa herrian jaio zen, baina berehala familia osoarekin batera Donostiara joan zenez, izatez donostiarra zela esan liteke.[5][6][7] Aragorri leinua sortzez Astigarragakoa (Gipuzkoa) da, eta XVII. mendearen hasierarako jada Hendaiara (Lapurdi) zabaldua zen.[8] Antza denez, nahiko aberatsak izan ziren, Anton Abadiak XIX. mendeaaren amaiera aldera Ondarraitz gainaldean eraikiko zuen izen bereko jauregia haien lurrak izandakoetan baitzegoen; hain zuzen, zelai horiek gaur egun ere Aragorri izena dute.[9][10] María Concepción Aragorriren aita eta osaba, sortzez hendaiarrak, San Laurendi inguruan (Kanada) bale harrapaketan ibiltzen ziren Donibane Lohizuneko zenbait ontziren jabe ziren. Horretaz gain, horniduren merkataritza ere egiten zuten Louisianan; baina, Donostiara aldatu zirenean, Pasaian negua igarotzen zuten lapurtar baleazaleen ontzijabeen kontsignatario bilakatu ziren.[11] Urte batzuk geroago, zehazki Bigarren Matxinada (1766) izan eta handik hiru urteetara, María Concepciónen osaba Juan Aragorri Gipuzkoari garia saltzen zioten merkatari donostiarren edo donostiartuen artean zegoen.[12]
María Concepción Aragorri bi aldiz ezkondu zen eta bi senarrak militarrak eta jatorriz Bizkaiko Enkarterriko leinu boteretsuenetakoak ziren.[13] Lehenengoa Sopuertako Manuel Antonio de las Casas y de la Cuadra izan zen,[14][15] Santiagoren Ordenako zaldun eta, Felipe Urioste Larrazabal hil ondoren,Nor da hau? Donostian kokaturik zegoen Gipuzkoako Marinarako izendatu zuten, baita Indietatik heldutako salgaien juje (juez de arribadas de Indias) eta Caracasko Gipuzkoar Konpainiako funtzionario ere.[16] Baina Manuel bera hiltzean, 1756an María Concepción berriz ezkondu zen, oraingoan Portugaleteko Juan Felipe Castaños Uriosterekin (1715-1774).[15]
Castañostarren erroak San Pedro Galdamesen zeuden, eta besteak beste Barakaldora ere zabaldu ziren. Azken honetakoa izango zen leinu hartako seme gogoangarrienetako bat, XVII. mendeko Don Juan de Castaños y Beysagasti almirantea.[17][18] Almirante hau Bilbora aldatu eta une hartan Begoñako elizaren ugazaba zen Legizamon leinuko andrearekin ezkondu zen (titulu hori oinordetzakoa zenez, Castaños leinuko adar horrek izango zuen handik aurrera). Bere semea Bilboko alkate izan zen1697an eta denbora batez Bizkaiko ahaldun nagusi. Azken honen semeari, Bilbo alde hartako jauntxo printzipaletako bat izaki, matxinoek Lehenengo Matxinadan (1718) Begoñan bertan zegoen bere Legizamon dorretxea erre zioten, familia hartako beste zenbait emakume XVIII. mendean zehar Bilboko alkate eta Bizkaiko ahaldun nagusi izatera helduko ziren jauntxoekin ezkondu ziren bitartean.[19][20]
Francisco Javier Castañosengana itzulita, haren aitona —Montellanoko jaunaren biloba[21]— San Pedro Galdamestik Portugaletera aldatu, hango jauntxo baten alabarekin ezkondu eta 1720an udalerri hartako alkate izan zen.[15][22] Honen seme Juan Felipek bere karrera militarra Donostian hasi zuen, lehenago aipaturiko Felipe de Urioste y Larrazabali lagunduz, osaba baitzuen.[23] Jarraian, Manuel Antonio de las Casasi, alegia bere emazte izango zenaren lehen senarrari, denbora batez ere laguntzen ibili zen. Handik aurrera, berriz, haren karrera militarrak egundoko abiada hartu zuen, baina beti ere Euskal Herritik kanpo.[24] Hala, izan zituen postu guztiak aipatu gabe, hurrenez hurren Armadako ordenatzaile, Filipe V.a Espainiakoaren enbaxadore Parmako dukerrian,[25] eta, behin Espainiako erresumara itzulita (1749), zenbait lurraldetako intendente: Mallorcan lehenbizi, Galizian gero eta azkenik Zaragozan eta Katalunian. Azken lurralde honetan zegoelarik, artilleriaren fabrikazioan eta horniduran zenbait irregulartasun egin omen zituela eta, 1776an kargu hori utzi behar izan zuen. Bi urte geroago hil zen.[7]
Castañosen familia, garai hartako Euskalerriko oligarkiako kide izateaz gain, sartu-sarturik zegoen Espainiako goi politika eta ekonomian, Armadan eta administrazio kolonialean, baita apur bat Frantziakoan ere, batez ere amaren aldetik: amaren ahizpetako bat, Rosa, Lapurdiko jauntxo garrantzitsuenetako batekin ezkondu zen, hain zuzen ere Arrangoitzeko jauna eta Lapurdiko milizia probintzialetako kapitain zen Michel d'Arcanguesekin. Leinu honetakoak gainera Frantziako erregearen prokuradoreak izan ohi ziren Lapurdin, Frantziako Iraultza zela eta postu hori izan zuen azkenekoa aipatu Michel d'Arcangues izan zelarik. Hala ere, leinu honek ez zuen bere boterea eta indarra galduko iraultzaren horren ondorioz, aitzitik indartu egingo zen XIX. mendean zehar.[26] Beste ahizpa bat (Ursula), berriz, Espainiako Marinako bulegoko idazkaritzako lehen ofizial zen Fernando Senrarekin ezkondu zen. Azkenik, nonbait baita ere Rosa izena zuen beste ahizpa bat, Jose Agustin Zuaznabarrekin ezkondu zen. Jose Agustin hura, Hernaniko (Gipuzkoa) familia garrantzitsu batekoa, bere jaioterriko errejidore, Astigarragako alkate, Caracasko Gipuzkoar Konpainiako zuzendari, Donostiako Kontsulatuaren barruan buru garrantzitsu eta Espainiako errege kontseiluko idazkari izan zen.[27][28]
Hala ere, Espainia barruan posturik altuena erdietsiko zuena María Concepciónen anai propio bat izango zen, Simon Aragorri Olabide, Hendaiako Irandatz oinetxean sortua eta gainerako anai arreba guztiak bezalaxe Donostian hazia: Madrilera joana, Espainiar Armadaren hornitzaile handienetakoa bilakatu zen.[29] 1761ean Reflexiones sobre el estado actual del comercio en España izeneko liburua idatzi zuen, oso garrantzitsua bere garaian.[30] 1769an berriz, anai batekin batera Errenterian (Gipuzkoa) burdinola bat erosi eta bertan fanderia bat ezarri zuen, gaur egungo auzoari izena ematen diona.[31] Urte hartan bertan, Espainiako Karlos III.a erregeak Irandako lehen markes izendatu zuen (haren sortetxearen izena eraldatuta).[11][32][33] 1770etik aurrera Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide, gutunen bidez harremana izan zuen zenbait urtez Xabier Munibe, Peñafloridako kontearekin. Ondoren, bere koinatu Jose Agustin Zuaznabarrekin batera, Donostiako portuaren handitzeko proiektuetan buru belarri ibili zen baina kontrako iritzi dexente zeudelako edo azkenean ezerezean geratu zen.[34] 1777an, Josefa de la Torre bizkaitarrarekin ezkondu zen. Emakume hau Gaztelarekin lotura estua zuen familia aberats batekoa zenez, bien ondasunak bat eginik, Espainiako gizaseme aberatsenetako batean bilakatu zen.[35] Hurrengo urteetan, Espainian zehar zabaltzen ari zen negozioak aski ez eta gaur egungo Dominikar Errepublikaraino ere iritsi zen.[36] 1794ean, Konbentzio Gerraren barruan (1793-1795), azken finean lapurtarra izaki, bere Hernani eta Hendaiako ondasunak bisitatu behar omen zituelakoan, bitartekari lanak egin zituen Frantzia eta Espainiaren artean, Godoyk hala aginduta. Ez du ematen kontuak sobera argi daudenik baina dirudienez helburua Basileako bakea sinatu aurretik Frantziak Hego Euskal Herri osoa ez konkistatzea omen zen, ez zuen ordea helburu hori lortu. Oso interesgarria da abuztuak 13an Madrila itzuli aurretik Hernanitik Godoyri bidali zion azken gutuna. Bertan, Gipuzkoaren partetik ez zela egon inongo traiziorik zioen eta beraz valido hari bertakoekin eskuzabal portatzeko aholkatzen zion. Gutun hau baloratzeko garaian kontuan izan behar da bere iloba Joaquin Zuaznabar —Castañosen lehengusua— nonbait entziklopedista zela eta Frantziako Konbentzioarekin paktatu zutenetako bat izan zela.[37] Are gehiago, batere borrokatu gabe Donostia Frantziaren esku uztea erabaki zuen bertako alkate Juan José Vicente Mitxelena sonatu hura ere urruneko ahaide omen zuen —eta, beraz, baita Castañosena ere— .[38] Hau dena dela eta, bada Simon Aragorri bera ere Espainiako Koroaren aurkako «traizio» horren barruan zegoela eta gutun hori bere burua zuritzeko idatziko zuela uste duenik.[39] Posible da bere ahaide zein lagun batzuk babestu nahi izatea baina ez du ematen ordea bera «konspirazio» horren barruan egon zenik eta behintzat ez zuen inolako zigorrik jasoko Godoyren partetik espainiar hiriburura itzuli zenean. Aitzitik, Alexander von Humboldtek 1799an Madril bisitatu zuenean, Erregeren Gorteko pertsona garrantzitsuenetako bat zela idatzi zuen.[40] Laburbiltzeko, esan daiteke Simon denborarekin Espainiako Erresumako merkatari aberatsenetako bat bilakatzeaz gain,[41] Espainiako zenbait noble eta atzerriko enbaxadore eta kontsulei dirua prestatzen zien bankari garrantzitsu bat ere izan zela.[11] Hil zen arte, Donostiako zenbait merkatal etxerekin harreman estua mantendu zuen, baita gainontzeko Espainia eta are Europa eta Ameriketako beste askorekin ere.[11] Ez zuenez seme alabarik izan, hurrengo Irandako markesa bere koinatu Michel d'Arcangues izango zen, nahiz eta azken hau juridikoki frantziarra izan, eta Irandako markesatua, berriz, Espainiako noble titulua. Michel honen biloba —eta Castañosen lehengusu propioaren seme— Michel Louis d'Arcangues izango zen, Donostian 1790an jaioa, Irandako laugarren markes, Arrangoitzeko alkate berrogei urtez eta Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusietako bat. Bide batez ikusten da zeinen irikia zen muga orduan eta modu aski natural batez gainera.
Gertuagoko ahaideei dagokienez, Francisco Javier Castañosek arreba bat izan zuen: Maria Concepcion Castaños Aragorri (1759-1831),[42] Francisco Luis Héctor de Carondeletekin ezkondua 1777an,[43] hots, Louisiana eta Floridako espainiar lurraldeetako gobernadore eta Quitoko Errege Audientziako lehendakari izango zenarekin. Beste alde batetik, zenbait anaia eta arrebaorde ere bazituen amaren lehen ezkontzatik: Luis de las Casas y Aragorri, Sopuertan jaioa eta Donostian hazia,[44] Kubako gobernadore eta Cádizko kapitain jeneral izan zen. Simon, berriz, Espainiako enbaxadore Erresuma Batuan, Veneziako Errepublikan eta Prusian. Rosa María, Espainiaren zerbitzura zegoen Alejandro O'Reilly irlandar jeneral ezagunaren emazte izan zen. Engracia Kataluniako Errege Audientziako epaile izan zenarekin ezkondu zen, hots, Pedro Gómez Iribar-Navarrarekin; eta, azkenik, Isabel. Isabel Nafarroako erregeorde izan zen Jeronimo Girón Montezuma generalarekin esposatu zen.[13] Haren iloben artean, aldiz, aipatzekoa da hain zuzen ere azken horien seme Pedro Agustín Girón jenerala.[13] Pedro Agustín hau Nafarroako erregeorde izan zen Jose Ezpeleta jeneralaren alabarekin ezkondu zen eta besteak beste Francisco Javier Girón izeneko semea eduki zuten. Francisco Javierrek Guardia Zibila sortuko zuen 1844ean, artean oraindik bere osaba zahar Castaños bizi zelarik. Azkenik, hurrunxeagoko ahaide ezagunen artean, Bizkaiko José de Urrutia y de las Casas jenerala aurkitzen zen (bere anaiordeen lehengusu).[45]
Castaños Espainiako Armadan eta politikan horren urrun heltzea ez zen izan beraz harritzekoa, familiako joera baizik, baita gutxi gorabehera XVI. mendeaz geroztik Hego Euskal Herriko tradizio bat ere, batez ere jauntxo eta handikien partetik (ohore ofizial eta aberastasunak lortzeko antsiz eta irrikaz) baina baita dudarik gabe herri mailan ere, Antzinako Erregimeneko Hego Euskal Herri foral hartako zenbait dinamika sozial okerren ondorioz.[46][47]
Aitaren lanbidea zela eta, Francisco Javier Madriln jaio zen, eta Bartzelonan hazi. Hala ere, badirudi bere burua ez zuela madrildartzat edo bartzelonartzat jotzen, portugaletetartzat baizik, eta hain zuzen ere hantxe izango zuen etxe bat, zehazki Santa Maria kalean.[48] Zentzu honetan, kontuan izan behar da Portugaleteko udalbatzak berak Castaños bertakotzat jotzen zuela, bai behintzat 1804 eta 1833an, hiribildu hartako ohorezko alkate izendatu zuenean ("oriundo de esta villa").[49] Hain zuzen ere, Mariano Ciriquiain Gaiztarroren ustez, 1804ean izendapen hori eskertzeko idatzi zuen gutunean jarri zituenek eta batez ere Isabel II.ak bere azken urteetan Portugaleteko markes izendatu izanak Castañosek bere zinezko sorterritzat hiribildu huraxe zuela adieraziko omen lukete.[50] Bestalde, portugaletetarra izatean, bere burua bizkaitartzat eta euskal herritartzat ere bazuen, halaxe pentsa liteke behintzat Juan Bautista Errori 1818an idatzi zion eskutitza irakurririk. Gutun hura ofiziala baina aldi berean nolabait pribatua zenez, pentsatzen ahal da benetan sentitzen zuena izkiriatuko zuela, hala ere ikusi egin beharko litzateke berak nola ulertzen, sentitzen edo bizitzen zuen euskaltasun hori. Izan ere, Aro Modernoan nahiko ohikoa izaten zen Hego Euskal Herriko jauntxo eta handikien partetik euskaltasuna, euskara eta beste goratzea —batez ere Madrilgo Gortean zeudenean— baina gero, askotan ezer gutxi egitea Espainiako Koroak herri xehearen aurka eginiko kontraforuak ekiditearren eta orohar euskararen, euskal kulturaren eta abarren alde eta beraz esan horiek guztiak azkenean erretorika hutsean geratzea.[51][52] Edonola ere, Francisco Javier Castañosek bere burua oroz gain espainiartzat zuen. Kontutan izan behar da espainiar nazioaren kontzeptu modernoa XVIII. mendean agertu zela eta Euskal Herrian ikuskera hau lehenbizi premugotik kanpo geratu eta Ameriketara, Elizara, Gortera edo Armadara joan zirenen edo Espainia mailan karrera profesional arrakastatsua izan nahi zuten jauntxo eta handikien artean zabaldu zela, hauek, behin elizgizon, gortesau edo soldadu profesional bilakatuta, aginte eta agintari berrien zerbitzutan eta ia beti Erdalerrian biziturik, azkenerako beren nortasuna bera ere lan berriei zor izaten baitzieten.[53] Ondorioz, ez da batere harritzekoa Erdalerrian sortu eta hazitako Castañosek, are gehiago berea bezalako familia batean eta gainera graduazio altuko militarra izanik, Espainiaren kontzeptu politiko berria izatea.[54]
Francisco Javier Castaños Madrilen jaio zen 1758an, Albako dukeak Barquillo izeneko kalean zuen "Casa Chica" delakoan, bere ama A Coruñatik Bartzelonara zihoala senarrarengana, hau Galizia eta Kataluniako intendente militar baitzen.[55][56][57] Haurtzaroa Bartzelonan igaro zuen, bere senideekin eta Rosa María —O'Reilly-ko kondesa[58]— , Engracia eta Isabel arrebaordeekin. Graduazio altuko militarren semeen artean ohikoa izaten zen bezala, berak ere gerlagizon izateko prestakuntza jaso zuen. Hala, 1768an, hamar urte zituelarik, bere aitak infanteriako kapitain kategoria erosi zion[59] eta Madrilgo Gorteko Nobleen Errege Mintegira bidali zuen ikastera. Dena den, ez zituen han urte gehiegi egin, aita itsu gelditu zenean Bartzelonara bueltatu baitzen,[60] eta han amaitu zuen Madrilen hasitako prestakuntza militarra.[61] Garai hartan, jauntxo familiakoa izanez gero edo ahaideren bat Ejertzitoko goi posturen batean egonez gero, ohikoa izaten zen hasiberriak haren bitartez hierarkia militarrean azkar igo ahal izatea. Hala, hamasei urterako jada kapitain zen, Cadiza joan eta bere anaiorde Luis de las Casas une horretan koronel zen erregimentuan sartu zenean. Dena den, Castañosek hainbat gerretan hartu zuen parte bere gazte denboran eta pentsatzekoa da gutxienez hein batean meritu propioengatik ere igoko zela gora, bestela ez zen eta denborarekin kapitain jeneral bilakatuko. Bere aldeko biografoek ere balentria ugari aipatzen dituzte,[62] eta horietatik garbiena dudarik gabe Frantziaren kontrako Konbentzio Gerran (1793-1795) 1793an Château-Pignongo guduan azaldurikoa da (Eiheralarre, Nafarroa Behera).[63] Ondoren, Eugi (Nafarroa Garaia) eta Kalbariomendiko (Urruña, Lapurdi) borroketan hartu zuen parte, azken honetan ia preso hartu zutelarik.[64][65] Egun batzuk beranduago, San Martzialen (Irun, Gipuzkoa) larriki zauritu zuten: Bala bat eskuineko belarriaren azpitik sartu eta ezkerrekoaren gainetik atera zitzaion.[1][64][66] Sendatzera Hernanira eraman zuten, han senide ugari baitzituen, eta handik, berriz, Iruñeko hospitalera (Nafarroa Garaia).[63] Baina nonbait gerrarako grina handia izan eta erabat osatu barik egon arren, Armadara itzuli eta Iruñerri inguruan ibili zen borrokan. Konbentzio Gerra amaiturik, 1795ean mariskal izendatu zuten.[1]
Hurrengo urteetan, gerrarik ez eta Espainian antolatzen ziren tertulia ugaritan hartu izan zuen parte. Euskal Herrian, Hernanin esaterako egiten ziren horrelakoak, Zuaznabar familiak antolaturik eta horietan egon izan zen Irandako markesa, Agustín Pascual Iturriaga, José Joaquín Mariategi eta beste zenbaitzuekin batera.[67] 1799an, berriz, Benaventeko kondesak antolatutako tertulietara maiz joateagatik Manuel Godoyk Badajoza desterratu zuen, tertulia horietan valido haren lana kritikatzen baitzen.
Berriz ere gerra pizturik, oraingoan Erresuma Batuarekin, 1800an, britainiarren esku zegoen Jamaika "birkonkistatu" behar zuen armadako burutza eman zitzaion. Baina estatu honek abuztuaren amaieran Ferrol konkistatzeko asmotan Galizian hamar mila soldadu lehorreratzean, korrika eta presaka hiri hura defendatzera joan behar izan zuen. Ez zen ordea borrokarik izan, bertako biztanleen defentsa gogorrak nonbait britainiar agintariak erabat desanimatu eta beraien ontzietara itzultzea erabaki zutelako.[66] Bi urte geroago, 1802ko martxoaren 25ean bakea sinatu eta Castaños Madrilera joan zen, bere osaba Irandako markesaren itzalera.[68] Handik gutxira, 1802ko abuztuak 5ean, teniente jeneral izendatu eta Campo de Gibraltar izeneko eskualdeko burutza eman zioten. Hori zela eta, 1804ko urtarrilak 1ean eta jada Zamakoladarako giroa berotzen ari zelarik, Portugaleteko udalbatzak Castaños bertako ohorezko alkate izendatu zuen, bide batez hala eginik jeneral honek herri horretako udalaren interesak defendituko zituelakoan Madrilgo gortean. Honelaxe erantzun zien Castañosek:[69][70]
« | Muy Señores míos: Aunque la suerte me ha tenido separado del patrio suelo, he considerado siempre como una de mis mayores felicidades el deber mi origen a ese esclarecido y privilegiado País, conservándole el mismo afecto que si nunca me hubiera separado de él, y desde que vi que la fortuna me elevaba a los primeros empleos de mi carrera apetecí que llegara el caso de hallarme en situación de poder acreditar los deseos que constantemente he conservado de ser de alguna utilidad a mi Patria. Con estos principios que son los que me goviernan, (...) espero que esa Noble Villa me considerará ahora como su cabeza para ser un Agente eficaz en quantos asuntos interesen su felicidad y, en lo sucesivo, como uno de sus más adictos hijos; (...) Campo de Gibraltar, 16 de enero de 1804. B.L.M de V.S.S. su más apasdº y reconocido Paysano y Servdº, Xavier de Castaños. | » |
1808an frantziarrek Espainia inbaditu zutenean (Iberiar Penintsulako Gerra, 1808-1814) Castaños Algeciras inguru horretan aurkitzen zen. Hasiera batean, Napoleon Bonapartek ezarritako agintea onartu zuela dirudi.[72][73] Gero, ordea, bandoz aldatu eta akordio batera heldu zen Gibraltargo gobernadore zen Dalrymple jeneralarekin elkarri laguntzeko frantziarren aurka. Ondoren, Sevillako Batzar Gorenak Castañosi Andaluzian armada bat sortzeko agindua eman eta bertako kapitain jeneral izendatu zuen, bere azpitik zenbait jeneral zituelarik, besteak beste Espainiaren zerbitzura zeuden kanpoko bi mariskal: Teodoro Reding suitzarra eta Antoine Malet frantziarra (Coupignyko markesa).
Handik gutxira, Bailenen garaipen sonatua lortuko zuen (1808ko uztailak 19an). Bertan, Kordoba konkistatu eta arpilatu ostean, Sevilla eta Cádiz konkistatzeko helburua zuen frantziar armada bat mendean hartzea lortu zuen. Huraxe izango zen bere karrera militarrean buru gisa erdietsitako garaipen bakarra. Hala ere, aldez aurretik egindako bileran adostu bezala, ez zuen bataila hartan zuzenean parte hartu, eta «borrokaren pisua» Reding eta Coupigny mariskalek —eta batez ere soldaduek, jakina— eman zuten, hauen gudarosteak indartsuagoak zirelako.[74] Behin bataila hura amaituta, ikusirik Castaños garaipenaren meritu osoa bereganatu nahian hasi zela, polemika handia sortu zen zenbait jeneral eta agintari espainiarren artean, askok benetako garaileak Coupigny eta bereziki Reding izan zirela uste baitzuten. Gaur egun ere, dexente dira iritzi hori duten historialariak edo behintzat Redingi protagonismo gehiago aitortzen diotenak. Beste batzuek aldiz, Bailengo borroka hartan taktika Redingena baina jarraitu beharreko estrategia globala Castañosena zela argudiatzen dute. Gauzak ez daude sobera garbi baina badirudi egia dela Castañosek izan zuela garaipen hartan merituaren zati bat. Bestalde, ematen du bere jarrerarekin azken honek garbi utzi nahi izan zuela nork agintzen zuen gudaloste hartan eta amaitzeko, badirudi hierarkia militarrean horrelako gauzak gertatzea nonbait uste baino ohikoagoa izaten dela.[75][76] Zena zela, Espainiako gobernuak Castaños jo izan du beti Bailengo garailetzat.[77]
Gudu hark ondorio handiak izango zituen Castañosentzat: batetik, itzelezko prestigioa eman zion bizitza osorako, huraxe izan baitzen estraineko aldia Napoleonen armada bat menderatzea lortzen zela Europan. Espainia mailan ere egundoko garrantzia izan zuen: Frantziaren aurkako erresistentziari hauspoa emateaz gain denborarekin bataila hura ezin mitifikatuagoa izango zelako. Zenbaiten ustez, bataila hark "Espainiako Independentzia Gerra" ahalbidetu ez ezik, espainiar nazioaren sorrera bera ere posible egin zuen, horren ondorioz Bailen Espainiako historiako bataila enblematikoena omen delarik.[78] Hala ere, baliteke momentuan Castañosek ez jakitea borroka hura horren mitifikatua izango zenik. Gaur egun, Castañosen izena batez ere Bailenekin lotzen da eta bataila honek duen garrantzi sinbolikoarengatik, esan daiteke nolabait nazionalismo espainiarrarekin ere lotu izan dela. Bestalde, borroka hark ere izan zituen epe motzera ondorio negatiboak Castañosentzat, zela jelosiarengatik edo batailaren ondoren erakutsitako jarrera harengatik, jeneral eta politiko askorekin arazoak izango baitzituen, Reding eta Coupignyrekin adibidez.
Kontuak kontu, garaipen haren ondorioz, Jose Bonapartek Madril abandonatu eta Ebroko haranerantz erretiratu zen, Castaños Madrilen sartu zelarik abuztuak 23an bere Andaluziako soldaduekin. Bertan, agintariek Andaluziako gudaroste hari Espainiako beste zenbait eskualdeetako armadak eranstea erabaki eta «Erdialdeko Armada» delakoa sortu zuten, eta Castaños haren buruzagi nagusi izendatu, bai eta gainerako espainiar armadetako buruen koordinatzaile —baina ez agintari goren— eta Madrilgo Batzar Goreneko lehendakari ere.[1] [ikus Batzar probintzial (Iberiar Penintsulako Gerra)].
Hiru hilabete geroago, ordea, azaroaren 23an, Tuteran porrot handi samarra jaso zuen frantziarren aurka. Dirudienez, arrazoi nagusienetako bat espainiar buruzagien arteko koordinazio eskasa izan zen, zenbait jeneralek (bereziki José de Palafoxek) ez baitzuten onartzen Castaños haien gainetik egotea eta hasiera batean, nonbait, ez zeudelako bere ordenak betetzeko oso prest. Edonola ere, agintariek erru osoa hari bota, kargutik kendu, gerra kontseilu baten aurrera eraman eta Algecirasa desterratu zuten. Azkenean, epaileek errugabe jo eta 1810eko otsailak 1 eta 1810eko maiatzak 29 bitartean Espainia eta Indietako Erregentzia kontseiluko lehendakari izan zen Cadizen (ziur aski Bailengo garaipen hark emandako prestigioarengatik).
1811ko urtarrilean, kargu hori utzi eta ejertzitora itzuli zen, Bosgarren Armadako buru gisa. Armada hartan Extremadura eta Gaztelako soldaduak sartzen ziren. Albuerako guduarengatik 1811ko maiatzak 27an Erregentziak Gran Cruz de Carlos III delakoa eman zion saritzat, baina urte hartan bertan, Domingo García Quintana politikariak agintari gorrotatu, ahul eta sorren artean sailkatu zuen. Gutxi gorabehera urtebete geroago, berriz, Cádizko Gorteek 1812ko Espainiako Konstituzioa aldarrikatu eta handik gutxira, beste politikari batek, Enkarterrietakoa zen Lorenzo Calvo de Rozasek, Gorteen aurrean kriminal eta Espainiako estatuaren zein Konstituzio liberalaren etsaitzat jo zuen.[72] Gertakari hau ordurako jada hasia zegoen espainiar liberal eta absolutisten arteko etsaigoarekin lotu behar da, Castaños antza denez oso liberal epela baitzen.[79]
1812ko irailak 9an[80], napoleondar soldaduak Bilbotik botatzea lortu ondoren, Erregentziaren ordenak jarraituz, Gabriel Mendizabal jeneralak Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusiak deitu zituen urriak 18rako Bilbon bertan (Gernika frantziarren posizioetatik gertuegi zegoen), konstituzioaren zina egiteko. Honek, lehenbizi eta Mendizabalekin batera, Castaños Bizkaiko ohorezko diputatu nagusi eta "Aberriaren Aita" ("Diputado General y Padre de la Patria") izendatu zuen. Dena den, ez dirudi titulu hori lortzeari garrantzi larregi eman behar zaionik, XVIII. mende amaieran hasitako ohitura bat baino ez baitzen.[17][81] Behin bilkura hasita, Batzar Nagusien gehiengoa ordea, 1808 arte izan zuen botere politikoa berreskuratzearen aldekoa zen eta beraz, Cádiza ordezkari batzuk bidali zituen Espainiako Erregentziarekin Konstituzioaren eta Bizkaiko foruen arteko egokitzapena negoziatzeko. Espainiako Erregentziak ordea ez zuen inolaz ere Batzar Nagusien proposamena onartu eta aitzitik Castañosi agindu zion Batzar Nagusietako istilu horiek zapaltzeko («reprimir dichos desórdenes»),[82] nahiz eta jeneral hau, esan bezala, ideologikoki sobera liberala ez izan eta aitzitik bai ordea joera kontserbadorekoa.[79] Honetaz gain, Probintziako buruari (Antonio Leonardo de Letona) Konstituzioa lehenbailehen eta oso osorik aldarrikatzeko agindu zion.[83][84] Edonola ere, 1812ko abenduak 31ean frantziarrak berriz sartu ziren Bilbon,[80] eta Konstituzioaren zina egin gabe geratuko zen momentuz.
Bien bitartean, 1812ko irailak 22tik hasita, Arthur Wellesley britainiarra (Wellingtongo markesa) zen Penintsula Iberiarrean zeuden espainiar gudarosteen buru goren, Gorteek hala erabakita. Apur bat beranduago, abenduak 4an, Erregentziak espainiar armada erabat berregituratu zuen. Wellingtoni ordea ez zitzaion erabat gustatu neurria, gudaroste espainiarrak beste modu batean berrantolatzea proposatu zuelarik. Hala, 1813ko urtarrilak 21ean Erregentziak zenbait aldaketa egin zituen. Horren arabera, hortik aurrera soilik lau armada egongo ziren. Castañosi hain zuzen ere horietatik azkena —eta boteretsuena— zen Laugarren Armadako burutza eman zioten. Gudaloste horren barruan Extremadura, Galizia, Asturias, Santander eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako gerlari taldeak sartzen ziren. Horren ondorioz, besteak beste Gabriel Mendizabal eta Francisco Espoz y Mina euskal jeneralek eta hauen gizonek bere meneko bilakatu behar izan zuten. Castañosen iloba Pedro Agustín Girón, berriz, haren gertuko laguntzaile izendatua izan zen, armada horretako Estatu Nagusiko buru gisa.[85]
Handik gutxira ordea, 1813ko ekainak 15ean, Gorteen aginduz Erregentziak Castaños Laugarren Armada espainiar hartako buruzagitzatik kendu zuen, Estatuko kontseilari izendatzeko.[86][87] Dirudienez, arrazoi nagusienetako bat gorago aipaturiko Castañosen liberalismo epela izan zen, bere ordez Manuel Freire jenerala ipini zutelarik, azken hau Gorteek ideologikoki fidagarriagotzat jotzen baitzuten.[72][79] Baina Freire abuztuak 9an baino ez zenez helduko, bien bitartean Castañosek gudaloste hartako buru izaten jarraitu zuen behin-behinean.[72] Hala, probestuz Gasteizko Gudua eta gero (1813-VI-21) frantziarrek ia erabat alde egin behar izan zutela Gipuzkoatik (Donostiatik ezik), Laugarren Armada Espainiarraren koartel nagusia Tolosan ipini zuen. Une honetan dagoen informazioaren arabera, datu berrien zain eta jakinik azken finean militar bat zela, nahiko postu altuan zegoena gainera, nahiko zuzen ibili zela ematen du, bidegabekeria handirik egin gabe eta aitzitik Gipuzkoako herritarrengatik arduraturik zegoela edo. Honen froga gisa, 1813ko uztailak 12an, Hernanin zegoelarik, Castañosek Alegiko udalaren eskaera bat zela eta, Gipuzkoako Diputazioari emandako erantzuna aipatu izan dute zenbait historialarik, soldadu aliatuek hiribildu hartako egurra moztu eta uzta konfiskatu egin zutelako:[87][88][89]
« | Es muy justo lo que representa esta villa: las circunstancias de unas operaciones muy rápidas han imposibilitado proporcionar al exercito los auxilios necesarios para subsistir y por consiguiente se han aumentado los males de los venemeritos abitantes de esta Provincia que son bien acreedores a que se procure los medios de subsanarlos y en consequencia los de la Villa de Alegría deben presentar a la Diputación de la Provincia la tasación de los prejuicios causados en sus campos deviendose hacerse por el ayuntamiento y aseguradas ya las fronteras marchara la cavallería a los destinos en que pueda subsistir. Castaños. | » |
Bien bitartean, Erregentziaren aginduari jarraiki, berak zuzendu zituen uztaila amaieran Deban bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Horren helburua hauek Espainiako Konstituzioa onartzea zen. Hain zuzen ere kostaldeko hiribildu hartan egin zen hirugarren batzarrean, zehazki uztailak 30an, bando bat atera zuen soldaduen gehiegikerien aurka: Ezingo zuten multarik ipini ezta zergarik exijitu ere, herritarrei baimena ematen zielarik orden horiek betetzen ez zituzten soldaduak preso hartzeko. Biharamunean ospatu zen hurrengo bileran berriz, beste dekretu bat aterako zuen Eskoriatzari Armadarentzako 400 erreal exijitu zioten militarren aurka.[88][90] Dena den, 1813ko uztailak 31ko Debako bilkura horietan izango zen gauza sonatuagorik, egun hartan onartu baitzuten Gipuzkoako batzarkideek Espainiako Konstituzio liberal hura.[91] Dirudienez, hein batean behintzat jeneral honek eginiko presioarengatik izan zen:[92][93]
« | Sabido es, para los versados en la historia del país euskaro, que el general Castaños, en Deva, hizo jurar casi violentamente la Constitución á las Juntas Generales de Guipúzcoa, allí congregadas, llegando hasta presidir varias de las sesiones [Véase la Historia General de Guipúzcoa, de D. Nicolás de Soraluce], para ejercer así mayor presión. | » |
Gainera, Konstituzioa onartu zen bilera hartan bertan (IV. batzarrean), Castañosek Probintziari etsaiari lagundu zioten gipuzkoarrak zigortu zitzan eskatzen zion, eta prozesuak berak aukeratuko zuen Tolosako epaitegiko arduradun bati pasa beharko zitzaizkion.[94] Edonola ere, hala jardutean Castaños ez zen bere kabuz ari, Erregentziaren aginduak betetzen baizik. Are gehiago, esan daiteke, arrazoi batengatik ala beste batengatik, ez zuela oso gogor jokatu nahi izan,[88][88] azkenean Gipuzkoako batzarkideei Espainiako konstituzioaren zina modu anbiguo eta baldintzatu batean egiten utzi baitzien eta Mendizabal jenerala Bizkaian bezalatsu, ez baitzien trabarik jarri konstituzioa eta foruak uztartzen saia zitezen.[95] Gobernazio ministerioari ez zitzaion batere gustatu Batzar Nagusien maniobra hura baina konstituzioa bere osoan ezarrarazteko une aproposago baten zain, momentuz onartu egin zuen (une aproposago hura soilik bi hilabete geroago helduko zen, Foru Aldundia indarrez disolbatu zuenean, baina ordurako Freirek ordezkatua zuen Castaños).[96]
Zena zela, abuztuak 1an Castañosek Debako Batzar Nagusien presidentzia laga eta Tolosara joan zen, batzarkideen omenaldi artean. Hauek, apoderatu bat izendatu zuten, alboko diputatu nagusi zen Joaquín Colmenares, bidaian lagun ziezaion. Laugarren Armadaren buru bezala Castaños ordezkatzera Freire zetorrela ez zuten ordea Batzar Nagusiek jakingo biharamuna arte.[97] Azkenik, ordezkapena abuztuak 9an burutu zen, Freire Oiartzuna (Gipuzkoa) heldu zenean, eta egun hartan bertan, Castañosek berak konfirmatuko zuen, Tolosan, Gerra ministro zen O'Donojúri bidalitako eskutitz batean. Gipuzkoa abuztuak 16an laga zuen Lesakara (Nafarroa Garaia) joaiteko Wellington bisitatzera eta ondoren, abuztuak 18an, Bilbora abiatu zen, familiako herentziarekin zerikusia zuten zenbait arazo konpontzera. Bertan irailak 9 arte egundoko omenaldiak egin zizkion «Bizkaiko jaurerriko seme» eta «Bailengo garaile» gisa.[98][99] Handik Madrila abiatu zen lehen aipaturiko estatu kontseilari kargu berria hartzera.
Garai beretsuan, Donostiako setioan (1813ko uztailak 7 eta irailaren 8 bitartean), hiri hura suntsitzeko eta donostiarrak hiltzeko agindua eman zuela leporatu izan zaio azken urteetan. Hasteko eta behin, esan behar da oraino ez dela erabat argitu Donostiaren arpilaketa eta suntsiketa nolabait ekintza "espontaneoak" izan ote ziren ala norbaitek agindu ote zien gerlari britainiar eta portugalderrei hori egitea, ezta bigarren aukera hau onartzekotan, nor izan zitekeen balizko orden hura eman zuena. Gainera, oso gertakari nahasi eta ilunak izaki, erraza dirudi faktoreren bat kontutan ez hartzea eta hori dela eta, ondorio oker batera iristea.[erreferentzia behar]
Kontua da arpilaketa eta suntsiketa izan aurretik jada bazeudela hori gertatuko zela zioten zenbait zurrumurru, eta azkenean hain juxtu ere horixe pasa eta gero, bizirik ateratako 79 pertsonek jazotako guziaren testigantza eman zioten epaile bati. Bertan, zazpi lekukok kontatu zuten nola entzun zieten soldadu britainiar eta portugaldarrei Castaños jeneralak hiria suntsitzeko eta bere biztanle guztiak hiltzeko agindua eman ziela.[100][101] Donostiako udalak berak Espainiako gobernuari bidaltzekotan zen manifestuaren borradorean (1814ko urtarrilak 7an) zurrumurru hura aipatu zuen, modu horretan, Castañosen erruduntasunaren zurrumurru horri nolabaiteko sinesgarritasuna emanez,[102] baina azkenean urtarrilak 16an Madrilera igorriko zuen behin betiko manifestuan, ez zuen ezertarako Castaños aipatuko.[103] Hortik aurrera, modu batean ala bestean, gertatutakoaren erru osoa britainiarrei leporatzeko joera nagusituko zen Donostian. Egia esan, jada 1813ko iraila bukaerarako, Cádizko El Duende de los Cafés aldizkariak Erresuma Batuak Donostia propio suntsitu ote zuelakoaren susmoa azaltzen zuen, honek britainiar merkataritzari kalte egiten omen ziolako.[104] Pablo Gorosabel historialariak XIX. mende erdialdean ez zion hipotesi honi atea isten eta XX. mende hasieran, bakarren batzuek oraindik iritzi horri eusten zioten Urumeako hiri honetan.[89][105] Dena den, beste hipotesi bat gailenduko zen guztien gainetik, Espainiako eta Erresuma Batuko ofizialtasunak emango zuen nolabaiteko bertsio ofizialari jarraiki:[106][107] Borroka gogorraren ondorioz, soldadu britainiar eta portugaldarrak "berotu", burua galdu eta disziplina erabat alboraturik, hiria arpilatu eta suntsitu egin zutela, beren buruzagiek ezin izan zituztelarik kontrolatu.[108]
Alabaina, suntsiketaren bigarren mendeurrena izateko urte gutxi falta zirelarik, 2001an, jada erretiraturik zegoen Donostialdeko psikiatra ezagun batek, Antonio Mendizabal Etxeberriak, jazotakoaren erantzukizuna zuzen zuzenean Castañosi egozten zion hipotesi bat plazaratu zuen Egunkariara bidalitako artikulu batean, Konbentzio Gerrako (1793-1795) gertakariekin lotuz gainera.[109] Bere hipotesiaren arabera, Castaños absolutista eta zentralistak euskal foruei eta konkretuki Gipuzkoari eta honen barruan Donostia liberalari egundoko ezinikusia zien, hauek gerra hartan Espainiako Koroari traizio egin omen ziotelakotz, hori zela eta, soldadu britainiar eta portugaldarren buru zen Wellingtongo markesari hiria suntsitzeko eta bere biztanleak hiltzeko agindua eman ziolarik. Mendizabalen aburuz, Castaños izango zen Donostiako suntsiketaren errudun nagusi, ez ordea une horretan liberalen esku zegoen Espainiako gobernua. Aitzitik, azken honek, suntsiketa ekidin izan nahi omen zuen, hori izan zelarik, beti ere Mendizabalen ustez, Erregentziak Castaños Laugarren Armadako burutzatik kentzeko arrazoia. Amaitzeko, Mendizabalen ustetan, Bailengo duke izango zenaren euskal Foruen kontrako gorroto haren sustraiak XVIII. mende amaieratik aurrera Espainiako gobernu absolutistaren barruan —eta bereziki Godoyren garaian— nagusitzen ari zen giro zentralista eta antiforalean egongo lirateke.
Kontuak kontu, gutxi gorabehera 2007tik hasita, ideia horiek zabaltzeko zenbait hitzaldi antolatzen hasi ziren Donostian.[110] Hala, Castañosen ustezko erruduntasunaren teoria hura indarra hartzen hasi zen eta 2012an, Iñaki Egañak, funtsean deus berririk gehitu gabe psikiatra erretiratuaren teoriari (baina haren izena aipatu gabe), ideia bera errepikatu zuen liburu batean.[111] Edonola ere, hipotesi hori karrerako historialarien zirkulu akademikoetatik kanpo egon da une oro, eta batzuk gogorxeago eta besteek bigunxeago, denek kritikatu izan dute bai liburu zein artikuluetan, 2010etik hasita[112][113] gertakari horien bigarren mendeurrena bete arte, hau da, 2013ko abuztu bukaera arte[114][115][116] eta baita aurrerago ere.[117][118]
Honela arrazoitzen dute karrerako historialari hauek denek Castañosen errugabetasuna: Espainiako erregeak 1798an barkatu egin ziela traidoretzat jotako horiei, Bailengo duke izango zena kontserbadorea bai baina ez zela absolutista, Godoyrekin ez zela bereziki ongi konpondu, euskal jatorrikoa izateaz gain nahiko jeneral «filobaskista» izan zela,[88] ezin dela frogatu Foruak gorrotatzen zituenik, Gipuzkoan Laugarren Armada Espainiarraren buru izan zen bitartean ez dirudiela triskantza berezirik egin zuenik eta aitzitik nahiko bigun jokatu zuela, ez zuela inolako eskumenik Espainiako Erregentziaren gainetik Donostia suntsitzeko ordena emateko eta are gutxiago atzerriko soldaduei, gainera armada anglo-espainiar-portugaldarreko buru goren ez zela bera, Wellingtongo markesa baizik, posible zela gerlari britaniar eta portugaldarrek erru guztia Castañosi botatzea bere aitzakiapean nahi zituzten gehiegikeri guztiak egiteko eta abar.[87][113]
Bestalde, gogoan izan behar da Castañosen osaba Simón de Aragorrik 1795ean Godoyri bidali zion gutuna, non (egia baldin bazioen behintzat) Frantziarekin paktatu zuen Getariako diputazio «traidore» hark une hartan egin zezakeen gauzarik hoberena egin zuela zioen, modu hartan Gipuzkoaren suntsiketa osoa ekidin ahal izan zuelako. Hala, diputazio hartako buru ziren Joaquín María Barroeta Zarautz Aldamar eta José Fernando Etxabe Asu Romero egiatan Espainiako erregearekiko guztiz leialak zirela argudiatzen zuen, baita (Frantziatik etorritako zurrumurruek bestelakoa esan arren) Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herria ere, hori guztia zela eta zuhur eta eskuzabal jokatu eta Gipuzkoaren leialtasuna aldarrikatu eta errekontziliazioa bultzatu zezan eskatzen ziolarik Godoyri.[119] Suposatzen da bere iloba Castañosen iritzia ez zela oso bestelakoa izango, behintzat gutun hura bere artxiboan aurkitu zuten eta.[120] Amaitzeko, kontuan izan behar da, Castañosen urruneko zein gertuko ahaide asko Donostian jaio, hazi edo bizituak zirela (1794an Frantziari errenditu zitzaion Mitxelena alkatea barne) eta 1813 eta gero ere, ikusiko dugun bezala, harreman estua izango zuela hiri horrekin.
Carlos Rilova Jericó eta Álvaro Aragón Ruanoren ustez, Donostia suntsitzeko agindua segur aski britainiar agintariek emango zuten, arrazoi ekonomikoengatik.[121] Xosé Estévezek, duda askorekin, horixe bera uste du eta José Antonio Azpiazuk ere ez du erabat baztertzen aukera hori.[122][123] Beste historialari batzuek berriz, adibidez Juan José Sánchez Arreseigorrek eta Fermín Muñoz Etxabegurenek, hipotesi "tradizionala"rekin segitzen dute, alegia buruzagi britainiarrak beren soldaduak kontrolatzen saiatu zirela baina ez zutela lortu.[124][125] Zenbait zalantzekin, Luis Castells Arteche ere iritzi berekoa da, ez baitu uste Wellingtonek hiria propio suntsitzeko agindu zuenik.[126]
Dena den, esan behar da ez dagoela batere garbi zer gertatu zen eta horren ondorioz, historialariak iritziz alda daitezkeela: Rilova Jericók hasieran britainiar agintariei botatzen baldin bazien errua, dokumentazio berria aurkitu eta aztertu ondoren, Arreseigor eta Fermín Muñozek bezalaxe, Wellington arpilaketa eta suntsiketa ekiditen saiatu zela dio.[127]
1812ko martxoak 19an Cádizko Konstituzioa aldarrikatu zenean, berau onartu eta besteei zin arazi egin zien. Ez zen izan Castaños hala ere haren jarraitzaile amorratua: Espainiako liberal sutsuenek liberal kontserbadoretzat zuten, are gehiago, Galiziako apezpiku absolutisten posizio beretsukoa.[128] Edozein kasutan, Madrilgo unean uneko agintariekin —absolutista zein liberal— oro har harreman onak izatea lortu zuen. Zentzu honetan, Angel Fernández de los Ríos politiko, idazle eta historialariak berarengatik honako hitz hauek esan zituen: «Es siempre amigo del que manda, porque está bien con todos los partidos». Dena den, posible da Bailengo garaipen hark emandako prestigioaren ondorio ere izatea.[2]
Fernando VII.aEspainiara itzuli eta 1814ko maiatzaren 4an absolutismoa berrezarri zuenean, Castañosek bere alde egin zuen, eta sari moduan edo Kataluniako kapitain jeneral izendatu zuten. Postu hartan zegoela, 1817ko pronuntziamendu liberala erreprimitu zuen. Honen buru Bartzelonan Luis de Lacy jenerala zelarik, mugimendu horrek porrot egin zuenean, Castañosek jeneral hura Mallorcako Bellver gaztelura eraman arazi eta han fusilatzeko agindu zuen. Historialari batzuen ustez, epaileak emandako erabakia bete baino ez omen zuen egin. Luis de Lacy-ren aldeko liberalen bertsioa ordea askozaz ere ilunagoa da: Lacy fusilatzeko agindua eman zuela nahiz eta biak ala biak masoiak izan,[66] eta Mallorcara eraman baldin bazuen, honen aldekoak bera libre uzten saiatuko ote ziren beldur zelako izan omen zen, propio gauez egin zezaten agindu zuelarik gainera. Hori nahikoa ez balitz, Lacy-ren aldekoei Erregeak honi heriotza zigorra kendu eta soilik gaztelu hartan giltzaperatzea agindu zuela esan omen zien.[129][130] Gertatu zena gertatu zela, liberalak asko haserretu omen ziren aldi hartan Castañosekin.
Hilabete batzuk geroago, 1818an Juan Bautista Erro militar eta euskalaria Bartzelonako intendente izendatu zuen Gobernuak. Castañosek ongi etorri eskutitz bat idatzi zion, eta han bere burua bizkaitartzat eta euskal herritartzat agertzen du:[131]
« | Barcelona, 7 de Enero de 1818. —Mi querido Paisano y Amigo: Sólo estos títulos eran suficientes para haverme complacido la elección que ha hecho S.M., (...) Conociendo el carácter de los Catalanes, estoy persuadido de que pronto adquirirá vm. su confianza, sin la que es imposible mandar aquí con utilidad, y hallará vm. que en mucho se parecen a los de nuestro privilegiado Solar; en fin, en todo y para todo cuente vm. con la franqueza que nos es característica y que unidos en ideas y voluntad algo bueno podemos hacer en un País donde hallará vm. medios que son desconocidos en otros. Barata, que conoce bien a las personas que figuran por aquí, podrá dar a vm. nociones que le serán útiles para manejarse desde los primeros pasos de su ingreso, (...) confianza en Dios, y con ella nada puede aterrar a un guipuzcoano. Desea el momento de ver a vm. su buen amigo y Paisº, Castaños. | » |
1825ean Gobernuan hartu zuen parte, eta gero senatari bilakatu.[132]
1829ko abendu amaiera aldean, Bizkaiko Jaurerriaren izenean eta Jose Maria Jusuerekin batera, Castañosek Exposición a S.M. izeneko izkribu bat bidali zion Fernando VII.ari. Idazki horretan Espainiako errege hau zoriontzen zuten Maria Kristina Borboikoarekin ezkondu zela eta. Geroxeago, helburu berarekin, Donostiako Udalak haren izenean Fernando VII.a pertsonalki zoriondu zezaten agindu zien Castañosi, Niceto de Larretari eta Juan Miguel de Adarragari, 1830eko urtarrilaren 6an ospatzeko zen ekitaldi baterako.[72]
1833ko otsailak 21an, jadanik Gaztelako Gorteetako presidente zelarik, Portugaleteko Udalak, 1804an egin bezalaxe, hiribildu hartako alkate izendatu zuen berriro. Lehen sindiko berriz Laureano de Jado bilbotar foralista izendatu zuen, Castañosen kasuan bezalaxe bere erroak edo han zeudelako.[133]
1833ko uztailak 12an Isabel II.a erreginak Bailengo duke izendatu zuen. Geroago, aipatu erregina oraindik adin txikikoa zenez, Erregentzia Kontseiluko presidente izan zen eta azkenik erreginaren tutore 1844an.
Zentzu honetan, hurrengo urtean Isabel II.ak herpes gaixotasuna harrapatu eta medikuek sendatu ahal izateko itsasoan bainatzeko agindu ziotenean, Castaños bere tutore postuaz baliatu zen erregina konbentzitzeko Donostia aukeratu zezan. Espainiako estatu guztitik hiri honetako udala lehenengoa izan zenez Isabel II.a erregin aldarrikatzen (1833), hura Donostiara etortzea bertako elitearentzat nolabaiteko saria zen.[134] Hurrengo urteetan ez zen sarritan egon hiri hartan baina hala ere erabaki horrek egundoko bultzada eman zion Donostiari Madrilgo burgesiaren udaleku bilakatzeko prozesuan. Berrogei bat urte geroago, norabide horretan oraindik pauso bat aurrerago eman zuen bere iloba Luisen seme zen Eduardo de Carondelet-ek (aipatu azken bi hauek, Castaños bezalaxe, militarrak ziren). Eduardo de Carondelet-ek eta bere emazteak (Jose Manuel Collado oligarka donostiarraren alaba)[135] hiri horretako Aiete etxaldea erosi eta bertan izen bereko jauregi eta parke ezaguna eraiki arazi zituzten, bertara Isabel II.a (ordurako erregina ohia), bere seme Alfonso XII.a eta honen emazte María Cristina Habsburgo-Lorenakoa gonbidatu zituztelarik uda pasatzera zenbait urtez, azkenerako María Cristina erreginak (jada alargundua) beste jauregi bat eraiki arazi (Miramar) eta bere semearekin (Alfonso XIII.a izango zena) bere kasa etortzen hasi zen arte. Hala, hiri hau Espainiako errege eta gortesauen udaleku bilakatu zen.[134] Erabaki hauek denek, onerako ala txarrerako, asko aldatuko zuten Donostia ekonomikoki, sozialki eta kulturalki.[136]
1851an Isabel II.ak Castaños Portugaleteko lehen markes izendatu zuen. Hori zela eta, honako eskutitz hau idatzi zion azken honek hiribildu hartako alkateari:[4]
« | S.M. la Reyna N.ª S.ª se dignó expedir con fecha 4 del actual el Real Decreto siguiente: "Teniendo presentes los méritos, servicios y relevantes circunstancias de D. Francisco Javier Castaños, Duque de Baylen, y queriendo darle una prueba de mi Real aprecio, Vengo en hacerle merced de Título de Castilla con la donación de Marqués de Portugalete para sí y sus sucesores legítimos, facultándole al propio tiempo para que haga cesión de este título a favor del que elija entre los mismos". Trasladando a V.S. este nuevo testimonio del distinguido aprecio que siempre me ha dispensado S.M. la Reyna, no puedo dejar de manifestar que no podía S.M. haber elegido un Título que más pudiera lisonjearme para que estrechando mis vínculos con esa heroica Villa que en todas épocas me ha dado tantos testimonios de su consideración y afecto, me es bien agradable que los que en sucesivo sean Grandes de España con la denominación de Duque de Baylen, recuerden que todo lo deben a un hijo de Portugalete que en su larga carrera y habiendo ocupado los puestos más eminentes de la Monarquía no ha tenido más objeto ni ambición que la de ser útil a su Patria (...) se persuadirá V.S. de cuán distante me hallaba de aspirar a esta nueva prueba de la particular consideración que merezco al Gobierno de S.M. hallándome condecorado con cuantos distintivos puedan apetecerse y habiendo ocupado todos los principales destinos de la Monarquía (...) y en lo poco que pueda restarme de vida aun me consideraré feliz si en algo puedo contribuir a la prosperidad de esa invicta y heroica Villa. Dios gue. a V.S.m.a. Madrid, 16 de Diciembre de 1850. - Firmado: Javier de Castaños. Duque de Bailén, rubricado. Ilustre Ayuntamiento de la invicta, muy Noble y siempre leal Villa de Portugalete. | » |
Idatzi horretan ikusten den bezala, Castañosek nahi zuen ondorengoari eman ziezaiokeen titulu hori, baina azkenean bere iloba txiki Eduardo de Carondelet aukeratu zuen. Hura izango zen beraz Portugaleteko lehen markes.[4] Bestalde, benetan oso idazkera zuria zerabilen arren, antzeko beste gutun batzuetan bezalaxe, bere burua portugaletetartzat zuela eta hiribildu horri edozein momentutan esku botatzeko prest zegoela ikus daiteke hitzez behinik behin.
Madrilen hil zen 1852ko irailak 24an 96 urterekin, Wellingtongo dukea hil eta handik hamar egunetara. Hiri hartako "Panteón de los Hombres Ilustres"-en enterratu zuten.[137] Ez zen esposatu eta dakigunez ezkontzatik kanpo ere ez zuen seme alabarik izan, horren ondorioz, hurrengo Bailengo dukea bere iloba Luis Carondelet Castaños izan zen. Azken hau 1869an hiltzean, honen seme Eduardo Bailengo hirugarren duke bilakatuko zen.
1861ean Portugaleteko udalak kale bati Castañosen izena eman zion.[70]
1963an bere gorpua Bailengo elizara eraman zuten.[137]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.