Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Gasteizko gudua Iberiar Penintsulako Gerrako gudu bat izan zen, 1813ko ekainaren 21ean Gasteizen (Araba) gertatua. Wellingtongo markesa buru zuen armada aliatuaren garaipenak Iberiar penintsulatik bota zuen Frantziako Armada. Porrotaren ondorioz, Napoleon Bonapartek Espainiako erregetza itzuli zion Fernando VII.a Espainiakoari.
Gasteizko gudua | |||
---|---|---|---|
Iberiar Penintsulako Gerra | |||
Gudua omentzeko estatua, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan | |||
Data | 1813ko ekainaren 21a | ||
Lekua | Gasteiz Araba | ||
Koordenatuak | 42°51′00″N 2°41′00″W | ||
Emaitza | Aliatuen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Arapilesko guduan menderatuak izan ondoren, Napoleonen armadak ezin zuen armada aliatua geldiarazi eta 1812ko uztailean Madril hustu egin behar izan zuen. Hurrengo hilabetean, Wellington hiriburu horretan sartu zen; eta, han kontrola mantentzeko dibisio batzuk utzita, iparralderantz jo zuen, Burgos setiatzera. Hala ere, frantziarrek eutsi zioten, eta setioa utzi zuen urriaren 21ean.[1]
Aliatuek Madril utzi eta hasieran Salamancara eta gero Ciudad Rodrigora joan ziren negua pasatzeko. Bitartean, Espainiako kanpainan gorriak ikusi ondoren, egoera txarrean zegoen frantziar armadak are gehiago murriztu zuen enperadoreak Errusian galdutako gudarosteak ordezkatzeko zenbait dibisoi mugitu zituztelako.
Udaberrian, Wellingtonek ipar-mendebalderantz jo zuen, ezkerreko hegalean Giron zuzendutako Galiziako armada espainiarra izanik.
Wellington 1813ko maiatzaren 20an Esla ibaiaren haranera heldu zen.[2] Horrek frantziarrak kezkatu zituen, eta Jean-Baptiste Jourdan mariskalak Duero eta Tajo ibaien arteko eskualdean zituen 58.000 soldadu kendu eta Burgosera eraman zituen, Frantziako hegoaldearekin komunikazioa segurtatzeko.
Armada aliatuak orduan martxan ipini zen Jourdanen ihesbidea mozteko. Honek Joseph Bonaparteren gortea Espainiatik salboz ateratzeko planak jadanik eginak zituen.
Josef I.a Espainiakoak, Madril utzi zuenean, Ebroko lerroa sendotzea pentsatu zuen, kuartel nagusia Miranda Ebron kokatuta. Baina Wellingtonek ekainaren 14 eta 15ean Polientes, San Martín de Lines eta Puente-Arenastik Ebro zeharkatu zuela jakin zuenean, Bonaparte arin joan zen Mirandara Wellington Gasteiz aldera joanez.
Armée du Midi izeneko frantziar armada osatzen zuen lehendabiziko lerroa Jundiz mendatea eta Subilla Gasteiz artean zegoen, aitzinean Zadorra (ibaiaren harana eta Argantzongo haitzartea babesteko kokaguneak izanik. Bigarren lerroan Armée du Centre izeneko armada zegoen, Jean-Baptiste Drouet Erlongo kondeak zuzenduta. Hau errege-bidea eta Gometxa artean zegoen.
Lerro biek mendebalderantz bira egiten zuten, Bonapartek erasoaldia norabide hartatik etorriko zitzaiola pentsatzen zuelako. Errege-guardia eta zalditeria gehiena erreserban zituen, Gasteiztik mendebalderantz, Zuhatzu parean. Reillek zuzendutako Armée du Portugal izeneko armada gudu-zelaiaren iparraldean, Zadorra ibaian eta Arriaga eta Durana artean zegoen, ibaiaren pasabidea babestuz eta iparraldeko ertzean dauden Abetxuku, Gamarra eta Gamarragutxia okupatuz.
Frantses armada esaten bazaio ere, bertan baziren ere 2.066 alemaniar eta 1.349 italiar.[3] Guztira 58.000 soldadu eta 153 kanoi zituen.
Wellingtonek zuzendutako armada, anglo-portugaldar armadaz eta Giron jeneralak zuzendutako espainiar 4. armadaz osatuta, lau zutabetan banatu zen, bakoitzak armada inperialaren kokagune giltzarri banari erasotzeko agindua zuena.[2]
Hillek zuzendutako eskuinaldeko zutabeak, anglo-portugaldar 2. dibisioa, Morillok zuzendutako espainiar 1. dibisioa, Silveirak zuzendutako portugaldarra eta Alten eta Faneren zalditeriak osatuta, Zadorra Argantzondik zeharkatu behar zuen muinoetan zeuden frantziar kokaguneei erasotzeko eta Subilla Gasteiz hartzeko.
Wellingtonek berak 30.000 lagunek osaturiko erdiguneko bi zutabeak zuzendu zituen. Erdiguneko zutabea dibisio arina eta 4. dibisioa eta Robert Hill, Grant eta Ponsonbyk zuzendutako britainiar eta D'urbanek zuzendutako portugaldar zalditeria-brigadek osatzen zuten. Bere helburua, Hillek Argantzongo muinoak hartzen zuen bitartean Langraizen itxaron, eta gero, Zadorra zeharkatuz, armada inperialaren erdiguneari erasotzea zen. Erdi-ezkerraldean zegoen zutabea 3. eta 7. dibisioek osatzen zuten, eta haren helburua zen iparraldeago Zadorra zeharkatzea eta frantziarren erretagoardiari erasotzea.
Sir Thomas Grahamek zuzendutako laugarren zutabea britainiar 1. eta 5. dibisio, Longak zuzendutako espainiar 6. dibisio, Pack eta Bradfordek zuzendutako portugaldar brigada, Ansonek zuzendutako dragoi arinak eta Bockek zuzendutako dragoi astunek osatzen zuten. Helburua ipar-ekialdetik joatea eta Baionara zihoan errege-bidean frantziarren atzera-egitea saihestea zen, Gamarran eta Gamarragutxian zegoen frantziar lerroaren eskuinaldeko muturrari erasota.
Guztira 78.000 soldadu eta 96 kanoi zituen.
Ekainaren 21eko goizeko 08:30tan, Hillen gudarosteek Argantzongo muinoei eraso zieten. Erasotzen lehendabizikoa Morillo jeneralak zuzendutako espainiar 1. dibisioa izan zen, eta Morillo bera zauritua izan zen.
Anglo-portugaldar 2. dibisioa espainiarrarekin bat egin zuenean frantziarrak mendean hartu zituzten. Aurrera egin eta britainiarrek Subilla Gasteiz hartu zuten.[4] Hala ere, ezin aurrerago joan Conrouxek zuzendutako Armée du Midiren 4. dibisioiaren defentsa gogorra zelako.
Grahamen zutabeak Reillek zuzendutako eskuinaldeko Napoleonen armadaren hegala, non Armée du Portugal armada zegoen. Longak zuzendutako espainiar 6. dibisioak Gamarragutxia hartu eta Duranarantz jo zuen, bertan errege-bidea mozteko. Anglo-portugaldar 5. dibisioak Gamarra konkistatu zuen.[5]
Gogor borrokatu ondoren, Thomas Pictonek zuzendutako 3. dibisioak armada inperialaren erdiguneari eraso zion eta mendean hartu zuen.[6] Frantziarrek errenditu eta iparralderantz jo zuten 8.000 erori eta zauritu eta 2.000 preso utziz. Gainera zituzten 153 kanoietatik 152 galdu zituzten. Aliatuek, berriz, 4.500 erori izan zituzten.
Joseph Bonaparteek, britainiar husar errejimendu batek bere berlinari eraso zionean, zaldi bat hartu eta ihes egin behar izan zuen, arpilatutako altxorra atzean utzita.
Behin garaipena lortuta, Alaba jeneralak britainiar zalditeriaren unitatea hartu zuen, eta Gasteizen sartu zen. Horrela, garaileen arpilatzea saihestu zuen, beste hainbat lekutan egin ez zena. Berehala Álava jeneralak Gasteizko ateak itxiarazi zituen, britainiar eta portuges tropek hiribildura sartuta arpilatu ez zezaten. Hau adierazi zien gasteiztarrei:
« | Kasu, hauek joan direnak baino okerragoak dira eta! | » |
San Martzialgo gudua eta gero, inork ez zuen horrelakorik egin eta garaileek Donostia erre zuten. Milaka soldadu aliatuek frantziarrek ihesean utzitako ospilaren bila ekin zioten: urrea, zilarra, bitxiak, setak, jantziak eta abar. Horretarako frantziarren jazarpena bertan behera utzi zuten, Wellingtonen atsekaberako. Wellingtonek hauxe idatzi zuen:[7]
« | Britainiar soldadua lurbirako zaborra da, zurrutada baten truke ematen du izena armadarako.[oh 1] | » |
Aliatuen lerroen diziplina eza honek, nahiz eta hainbat erori izan, frantziarrei ihes egiteko aukera eman zien, beste guduetan borrokatzeko aukera alegia.[8]
Garaipenaren berriak indarberritu zituen prusiar eta errusiar armadak, oraindik Lützen eta Bautzenen izandako porrotak gertuak zituztenak. Austriar Inperioa, Napoleonen aurkako koalizioan sartzeko dudatan zegoena, berriro sartu zen gudan.
Gasteiztik aliatuak berrantolatu eta Gasteiz eta Iruñea hartzera joan ziren, abenduan Ipar Euskal Herrira ailegatuz.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.