From Wikipedia, the free encyclopedia
Frantziako Lehen Inperioa[1], Napoleonen inperioa eta Inperio Napoleonikoa ere deitua, Frantzian Napoleon Bonaparteren agintaldi inperialari deritzon izena da, zeinetan Europako zati handia menperatu zuen. Inperioak 1804tik 1814ra iraun zuen, eta 1815ean ere Ehun Egunetan laburki berrezarri zuten.
Frantziako Lehen Inperioa Empire Français | |||
---|---|---|---|
1804 – 1814 | |||
Monarkia | |||
| |||
(1804-1815) | |||
Geografia | |||
Hiriburua | Paris | ||
Kultura | |||
Hizkuntza(k) | frantsesa | ||
Historia | |||
Sorrera | 1804 | ||
Desagerpena | 1814 | ||
Inperioaren hasiera 1804ko maiatzaren 18an kokatzen da, Napoleonek -orduko Lehen Kontsulak- Frantziarren Enperadorearen titulua hartu zuenean. Abenduaren 2an bere buruari eman zion koroa Parisko Notre Dame katedralean. Hirugarren Koalizioak berehala egin zion aurre eratu berriko inperioari. Austerlitzeko guduan garaipen erabakigarria lortzean, Inperioak aurrera egin ahal izan zuen. Napoleonen armadak (La Grande Armée) Prusia 1806an eta Errusia Polonian 1807an (Friedlandeko bataila) garaitu zituen. Ondoren, Tilsiteko hitzarmenarekin (1807ko ekainean), bakea itzuli zen Europara.
Iberiar Penintsulan eskua sartzean gerra piztu zen 1808an. Sei urteko gerra horretan larri ahuldu zen Inperioa. 1809an, Bosgarren Koalizioko Austriaren aurka borrokatu zen Frantzia. Garaile berriro aterata, Schönbrunneko Ituna ezarri zuen Napoleonek Habsburgo leinuaren gainean. Errusiarekiko tirabira diplomatikoek Errusiaren inbasio zorigaiztokoa (1812) ekarri zuten. Seigarren Koalizioarekin, Frantziako indarrak Alemaniatik atera ziren 1813an. Napoleonek 1814ko apirilaren 6an abdikatu zuen, Elba uharte txikira erbesteratuta. Hortik 1815ean itzuli zen, baina Waterlooko guduan porrot egitean, Lehenengo Inperioa erori zen atzera bueltarik gabe.
Erpinean, 1812an, Frantziako Inperioak 130 departamentu zituela (44 milioi biztanlerekin), 600.000 soldadu zelairatu ahal izan zituen Errusia konkistatzeko. Alemanian, Italian, Espainian eta Varsoviako dukerrian tropa ugari zeukan sakabanatuta, eta Prusia nahiz Austria izeneko aliatutzat ere izan zituen. Inperioaren patua armadari atxikita zegoen. Haren aurreko garaipenek Frantziako Iraultzako hainbat printzipio Europan zehar barreiatu zituen. Jaunarekiko zergak eta beharrak bertan behera utzi ziren Frantziako armadaren aurrera egitean. Polonian izan ezik, aristokraziaren pribilegio oro deuseztatu ziren, eta kode Napoleonikoa sartuta, legearen azpian gizaki guztiak berdin ziren.
1792az geroztik iraultza Europan barrena zabaltzen hasi zen. Jacques Pierre Brissotek esana zuen orduan Nazio Konbentzioan tiranoei gerra eginez herriak askatu beharra zegoela. 1795etik aurrera, Frantziak aldi baterako bakeak eginak zituelarik potentzia nagusiekin, iraultza finkatu egin zen indar militarraren aldetik ahulagoak zirenez eta nazio barneko toki jakin batzuetan iraultzaile taldeak bazituztenez, eskuragarriagoak ziren lurralde batzuetan, Herberehetan eta Italian adibidez. Herrialde horietan Frantziak kontrolaturiko errepublikak sortu ziren (Bataviako Errepublika, Errepublika Zisalpinoa, Parthenopeakoa, Liguriakoa) Frantziakoen antzeko gobernu erakundeekin. Frantziako Iraultzaren egitasmoa oso garbi zegoen: Europa zaharreko lurralde egiturak aldatu nahi zituen. Aldi berean, 1795. urteaz geroztik, Frantziako Iraultzak gero eta antz handiagoa zuen despotismo ilustratuarena, eta gero eta antz gutxiago, berriz, nazio burujabetza eta eskubideen adierazpena ikurtzat zituen hasierako egitasmoarena. Militarrek gero eta eragin gehiago izan zuten gobernuan, eta aldi berean iritzi publiko liberalak (Germaine de Stäel, Benjamin Constant, Emmanuel Joseph Sieyes, etab.) gobernu indartsu bat eskatzen zuen errejimen politiko egonkor bat finkatzeko.
Egonkortasun hori lortzeko, iraultza amaitu behar zen lehenik, alde batetik iraultzaren lorpen batzuk mantenduz –ondasunen jabeek gizartean eta politikan zuten nagusitasuna (horietako asko eta asko elizaren eta noble emigratuen ondasunekin aberastu baitziren)–, eta nazioaren baitan segurtasuna eta lasaitasuna ere bermatuz. Horretarako hitzarmenak egin beharra zegoelarik elizarekin, eta erbesteratu batzuei itzultzen utzi behar zitzaien. Azken finean, frantses burgesia diktadore baten bila zebilen, iraultza gelditzeko gauza zen norbaiten bila.
Erradikal batzuen azpijoko saioak hondatu zirelarik –Babeufena 1797an, adibidez–, frantses burgesiak Napoleon jo zuen begiz, ekinaldi militar bikainak egin baitzituen Europan eta Egipton. Napoleonek ekintza militar batez hartu zuen aginpidea, parlamentuari erasoa jo zion eta kontsulatu bat eratu zuen, oso pertsona gutxiko gobernu bat Napoleon bera buru zeukana. Napoleonen egitasmoa, ordea, gerrari eta gudarosteari zegoen estu-estu atxikia, eta Europan barrena zeukan nahitaez zabaldu beharra. Egitasmo hori burutara emateko, 1802 eta 1804 bitartean jarri zituen 1799an sorturiko kontsulatuaren errejimena inperio bilakatzeko oinarriak. Napoleon enperadore koroatzea sinbolo itxuraz eta tankeraz oso zaindu bat izan zen. Aita santua aurrean zuela, ez zion utzi aita santuari koroa hark jar ziezaion. Aitzitik, berak ezarri zuen koroa bere buruaren gainean, era horretara inperioa berea eta ez beste inorena zuela adieraziz. Inperioaren hedatzea enperadoreak une oroz kontrolatu ahal izateko moduan zegoen pentsatua. Horretarako elite berri bat sortu zuen, noblezia titulu berriak eman zizkion, eta bere familiako kideak jarri zituen mendean hartuak zituen erresumetan agintari.
Napoleonek lurralde batzuk beretu zituen, hala nola Belgikako lurraldeak, Toscana, eta Dalmaziako kostaldeko probintziak. Beste lurralde batzuk, berriz, mendean hartu zituen, baina haietan agintari kideko gobernuak utzirik (Helvetiako Errepublika, Rhingo Konfederazioa), eta beste batzuetan bere familiako kideak jarri zituen tronuan zeuden dinastien ordez (Napoli, Westfalia, Holanda, Espainia). Era horretara Napoleonek kontinente osoko lurraldeetan sendotu zuen bere nagusitasuna, bere gobernuaren kontrolpean jarriz eta inperioko gudarostea noranahi hedatuz, gudaroste hori mendean harturiko lurraldeek mantendu eta hornitu behar zutela. Mendetasunezko sistema horren osagarri, Napoleonek trebe erabili zuen diplomazia, itun eta hitzarmen sekretuak eginez, eta era horretara Prusiaren eta Austriaren txandaka laguntza ziurtaturik. Inperioak mendean hartuak zituen lurraldeetako biztanle kopurua 85 bat milioikoa zen guztira, Frantziak 1789an zuen biztanle kopurua halako hiru, alegia.
Inperioaren hedatzeak Britainia Handia izan zuen oztopo bakarra. Britainia Handiko herri iritziak Napoleonen sistema politikoaren autoritarismoa salatzen zuen, eta inperioari aurre egiten zion sistema militareta estrategiko bat eratu zen erresuma hartan. Horretarako erabakigarria izan zen Britainia Handiak Mediterraneoaren arroa kontrolatu izana, Sizilian eta Mediterraneo ekialdean mendean hartuak zituen lurraldeei esker, eta baita ere enperadoreak 1808an Espainian bere mendeko erresumaren buru ezarri zuen Jose Bonaparteren aurka gerran ari ziren espainiar matxinatuei Britainia Handiak eman zien laguntza. Napoleonek, bere aldetik, Britainia Handiaren eragin horri aurre egiteko, kontinente blokeoa zeritzana jarri zuen abian. Britainia Handia ahultzeko ahalegina zen hura, kontinentearen eta uharteen arteko merkataritza harremanak eragozteko ahalegina.
Inperio zabal bat hedatzeaz gainera, Napoleonek gobernu sistema bat eratu zuen, eta hein handi batean iraun zuen Berrezarkuntzaren garaiko Europan (1815) sortu zen estatu liberal klasikoan. Sistema horrek nazioaren burujabetza ukatzen zuen, herriaren ordezkaritza erakunde nagusietan egon behar zuelako ideia 1789ko iraultzaileek indarrean jarria, alegia. Izan ere, parlamentuari zegozkion erakundeak itxura hutsa baizik ez ziren izan, enperadorea bera buru zuen eta enperadoreak izendatzen zuen Estatu Kontseilu batek kontrolatzen baitzuen sistema politiko osoa. Eredu hura guztiz ere zen legeak betearazle hutsa, ordezkaritza bidezko erakundeek ia ez baitzuten parte hartzerik.
Napoleonentzat garrantzi handia zuen beraz administrazio eragin handiko bat sortzea, hierarkia bidezkoa eta Estatu Kontseilu horren mende egongo zena. Inperioaren funtzionamendua behar bezala kontrolatuko zuen administrazio egitura bat sortu zuen: ministerioak, departamenduko prefetak, kantonamenduetako subprefetak eta udalak. Lanpostu horiek betetzeko elite profesional berri bat sortu zen. Haiek ziren sistema haren funtzionamendua benetan kontrolatzen zutenak, eta gerora burokrazia gisa iraun zuten Errestaurazioaren ondoren.
Jabe taldeek (lurjabeek, industria gizonek, merkatariek, finantza gizonek) uste osoa izan zuten sistema hartan, une hartako legediaren bidez, 1804ko Kode Zibila, jabetza eskubidea ziurtatzen baitzien, hura izan zelarik 1789ko Eskubide Adierazpenetik indarrean iraun zuen eskubide bakarra. Baina Napoleonek orobat izan zuen herri xehearen eta nekazarien laguntza, enperadorea eta inperioa nazioaren handitasunaren eta goraldiaren ekarletzat baitzeuzkaten, eta ikuspegi horrek indarrean iraun zuen Napoleonen ondorengo belaunaldietan ere.
Luneville, Amiens, Presburgo (Bratislava), Tilsit eta Vienako hurrenez hurreneko itunetan (1801etik 1809ra) inperioaren mendeko lurraldeetako mugak modu egonkorrean finkatzeko ezintasunak ahuldura guztiz ere erabakigarria ekarri zion inperioaren sistemari, eta erabateko krisia eragin 1814tik 1815era. Inperioari modu batera edo bestera atxikitako lurralde guztiek mantendu behar izan zuten inperioko gudaroste handia, eta zinez eginbide garestia zen hura. Gero eta zerga gehiago ordaindu beharra, soldaduek egoitza hartzen zuten tokiko udalek gudarostea hornitzeko betebeharra, indarrezko ebasteak eta harrapakeriak, horiek ziren Napoleonen zabalkunde militarrak ekarri zituen ondorioetako batzuk.
Britainia Handia, Europako kontinentea mendean hartuz, makurrarazi nahiak inperioaren beraren definizioa auzitan jarri zuen, eta enperadorearen beraren eta bere obraren kontrakoa gertatu zen azkenerako. Napoleonen inperioa alor militarrean desegin zen ezinbestean. Britainiarrek Mediterraneoan zuten kontrolak eta inperioko gudarosteari aurre egiten zioten tokian tokiko higikundeei eman zieten laguntzak eragin handia izan zuten desegite hartan.
Aurre egiterik erabakigarriena Espainiakoa izan zen, 1808. urteaz geroztik Napoleonek bere mendeko erreinu bat sortua baitzuen bere anaia Jose buru zuela. Espainiako matxinada bi arrazoirengatik izan zen garrantzi handikoa. Batetik, atzera eginarazi baitzion Napoleonen gudarosteari, gerrilla sistemaren bidez (eraso ustekabekoak eta aldian aldikoak), eta, batez ere, Britainia Handiko gudarostearen laguntzaz, Iberiar Penintsulatik alde egitera behartu baitzuen frantses gudarostea Gasteizko guduaren ondoren (1813ko ekainaren 21ean). Bestetik, iraultza bat sorrarazi zuelako orobat, eta horren ondorioz, Espainiako lehenengo konstituzioa, 1812an Cadizen onartu zena, 1820an eta hurrengo hamarraldietan liberalismo iraultzailearen eredu bihurtu zena.
Errusia izan zuen Napoleonek beste oztopo militar ezin gaindituzkoa, haren gudarosteak ezin izan zuen Moskuren setioa bururatu, eta, gainera, Alexandro I.a tsarrak bere maila indartu zuen Europako agintarien artean. Hura izan zuen bultzatzaile eta gidari Napoleonen kontrako seigarren koalizioak, 1814 eta 1815 bitartean haren inperioa suntsitu zuenak. Frantziako eliteek eta lurjabeek laguntza ukatu izana, nahiz Napoleonen laguntzaile leial batzuek ahalegin handiak egin zituzten enperadorearen alde, guztiz erabakigarria izan zen Napoleonen hondamenerako, eta hala, Waterlooko guduaren ondoren (1815eko ekainaren 18an), Napoleonen nagusitasuna behin betiko suntsitu zen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.