Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Tiziano Vecellio edo Tiziano Vecelli (Pieve di Cadore, Veneziako Errepublika, gaur egun Bellunoko probintzia, Italia, 1478/1490 – Venezia, Veneziako Errepublika, 1576ko abuztuaren 27a), oro har Tiziano[1] izenaz ezaguna, Pizkundeko italiar margolaria izan zen, veneziar eskolako maisu nagusietako bat, handiena batzuen ustez. Esate baterako, Gian Paolo Lomazzo arte-teorialariak, 1590ean, «izar arteko eguzkia» izan zela idatzi zuen[2].
Tiziano | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Pieve di Cadore, 1478/1490 | ||
Herrialdea | Veneziako Errepublika | ||
Heriotza | Venezia, 1576ko abuztuaren 27a (85/86 urte) | ||
Hobiratze lekua | Santa Maria Gloriosa dei Frari (en) Monument of Titian in Frari (en) | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: izurri bubonikoa | ||
Familia | |||
Aita | Gregorio Vecellio | ||
Ezkontidea(k) | Cecilia Soldano (1525 (egutegi gregorianoa) - 1530eko abuztuaren 6a (egutegi gregorianoa)) | ||
Seme-alabak | |||
Haurrideak | ikusi
| ||
Leinua | Vecellio familia | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | italiera | ||
Irakaslea(k) | Giovanni Bellini Gentile Bellini | ||
Ikaslea(k) | ikusi
| ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | margolaria, marrazkilaria, arkitektura proiektuen marrazkilaria, grabatzailea eta artista bisuala | ||
Lantokia(k) | Venezia Padua Milan Erroma Florentzia Augsburg eta Augsburg | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Jasotako sariak | |||
Kidetza | Accademia delle Arti del Disegno (en) | ||
Mugimendua | Veneziako eskola Goi Pizkundea | ||
Izengoitia(k) | Veccellio, Tiziano | ||
Genero artistikoa | erretratua margolaritza erlijiosoa margolaritza mitologikoa biluzia margolaritza historikoa erretratua | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | katolizismoa | ||
Tizianok erretratuak, paisaiak, mitologia eszenak edota erlijio gaiak margotzeko gaitasuna izan zuen. Berrogei urterekin hil balitz ere, bere garaian eragin handiena izan zuen artistatzat joko zen. Ibilbide luze eta zabala izan zuen, eta bere margokerak oso aldi ezberdinak izan zituen. Dena dela, hark erabili zituen kolore bizi eta argiak, pintzelkada arinak eta modulazio kromatikoaren leuntasunak ez dute aurrekaririk Mendebaldeko artearen historian.
Tiziano Vecellio, Veneziako XVI. mendeko arte testuinguruko pintorerik garrantzitsuenetarikoa izan zen; familia aberats batean jaio zen, bere gurasoek goi mailako lanpostua zuten, baina bere arbasoetatik bat bera ere ez zen artista izan. Datu hau garrantzitsua da; izan ere, Errenazimentuko artista gehienak, bere arbaso artisten ondorengotzarekin jarraitzeko dedikatu ziren artera.[3] Estilistikoki etapa ezberdinak izan zituen, eboluzio sakona pairatzen duelarik bere arteak. Oro har garaiko tradizioan oso oinarrituta sortzen zuen artista izan arren haren berrikuntza eta esperimentazioak ere bideratu zituen, batez ere pintura barrokoa aurreratuz. Tiziano 1576ko abuztuak 27an hil zen, XVI. mendean Venezia garaira arte emandako peste epidemia handienak jotzen zuelarik.[4] Pizkundea edo Errenazimentua XV. eta XVI. mendeetan garatutako arte estiloa izan zen, Florentzian sortua, eta garai hartako merkataritza zein politika harremanei esker gerora Europan zehar zabaldua.[5] Ikusten dugunez, garaiko giro intelektualistak ere eragingo du honetan eta batez ere artistaren funtzioaren oinarrian: Artista ez da artisau soila izango, lan intelektuala ere bada berea (disegnoa edo obraren kontzeptua marraztu eta pentsatzearena), honela garaiko intelektualen zirkuluetan sartuko da, akademiak sortuko dituzte, bertan ikasi eta estilo bat jarraitzeko eta gremioen sistematik aterako dira. Veneziar zonaldean ordea eskola berezi bat sortuko da, berezko ezaugarriekin zeinak Tizianoren obretan islatuta agertuko zaizkigun, garaiko gizarte eta arte munduaren ezaugarri orokorrak bezala.
Tiziano Vecellio Pieve di Cadoren jaio zen, 1477 eta 1490 artean. Bederatzi urte zituela jarri zen Venezian bizitzen eta Gentile Belliniren lantokian ikasi zuen ondoren. Hala ere, Giovanni Bellini eta Giorgione izan zituen benetako maisuak.
Tizianoren alde artistikoari dagokionez, esan beharra dago Belliniren lantegian ikasia eta ibilia, bertan Giorgione margolariarekin ere harremanetan egon zela, haren eragin handia jasoaz; hainbeste non Tizianoren lehen lanak kontsideratzen direnak, askok Giorgionerenak direla dioten.[6] 1511 inguruan Florentzia eta Erromako margogintzaren eraginak jaso zituela esan daiteke, batez ere Rafael eta Michelangelo artistenak. Aita Santuak Erromara joateko gonbidapena egin arren Venezian geratzeko erabakia hartu zuen 1513an, eta bertatik haren bizitza guztian gehiegi mugitu ez zela esan daiteke. Ospe handia lortu zuen garai haietan, Veneziako pintorerik garrantzitsuena bilakatzen zelarik, 1533an Karlos V.ak gorteko pintore izendatu zuen eta konde titulua eman ere. Ideia honen bueltan esan daiteke Tiziano izan zela internazionalki mendebaldeko Europan ezaguna izan zen Veneziar artisten artean lehena bizi zen artean,[7] mezenas, bezero zein harreman nazioartekoak mantendu baitzituen haren eragina zabala delarik honela 1530eko hamarkadatik aurrera.[8]
Bestalde, oraingoan Tiziano beraren testuinguru artistikoa azalduko dugu; izan ere, hasieran aipatu dugun bezala, luzez bizi izan zen, karrera artistiko luze bat izatea ahalbidetu izan zuena, hortaz, adituek, bere ibilbidea etapetan sailkatzen dute:
Hasierako faseetan, haren irakasle izan zirenekiko, jada esan bezala, (Giorgione eta Bellini batez ere) lotura handia erakusten du, hainbesteraino non haren koadro batzuen autoretza Giorgionerena ere izan daitekeela dioten aditu askok. Ondoren 1507 aldean, esan daiteke Tizianok jada haren estilo propioa garatuta zeukala.[9] Maisu honetatik jaso zituen forma klasikoen mekanizazioa eta disziplina klasikoaren ideala, eta Bellinirengandik era berean errealitate fisiko eta bisualaren deskripzio ahalmena. Gainera, kontraste giorgioneskoa deritzona aplikatuko du bere obretan; gorri eta berdearen arteko kontrasteak, alegia.[10] Pizkundeko ezaugarri dela antzinate klasikoaren berreskurapen hori, kasu honetan, Tizianok modu anekdotikoan aplikatuko du, funtsezko elementua ez delarik; hala ere, eskulturaren bukaerak irudikatuko ditu gorputz biluzietan adibidez.[11] Ondoren, pasio, askatasun eta autobaieztapen handiagoko fase bat datorkio Tizianori eta Ama Birjinaren Igokundea garai honetako izanda, argi adierazten ditu ideia hauek, ostera sakonduko dugun bezala. Garai honi, erretaula handian garaia ere deitu izan zaio, Tizianori erretaulak enkargatzen baitzizkioten.
Tizianoren pinturaren hasierako estiloa haren bilakaeraren ondorioz eta egin zizkioten aginduen ondorioz aldatu zen. 1530etik 1540ra doan fasea lasaiago eta inpasibleago agertzen zaigu. Erretratu ugari margotzen ditu garai honetan eta koadro narratiboenek espresiora baino inpresiora jotzen dute gehiago, badirudi hasierako fasera bueltatzen dela berriro ere eraginei dagokienez. Adibide argia, Urbinoko Venusa litzatekeelarik (gorri-berdeen arteko kontrastea berriro ere).[12]
1545 eta 1546 bitartean, Erroman egon zen. Hango giroak bultzaturik, Paulo III.a eta ilobak (1546, Museo nazionale di Capodimonte, Napoli) egin zuen, manieristen erara, non kolore iradokitzaileak erabiliz ezin hobeki adierazi zuen pertsonaien izaera kontrajarria. Zorroztasun psikologikorako gaitasun bera azaldu zuen, baita ere, Karlos Habsburgokoarentzat egin zituen erretratuetan, batez ere Prado Museoan dagoen Karlos V.a Mühlbergen olioan[13], heroi mitiko bat ematen baitu. Koadro hori pintatzeko Augsburgora joan zen, eta beste zenbait margolan egin zuen enperadorearen familiarentzat.
1551tik aurrera, 60 urte baino gehiago zituela, Venezian jarri zen bizitzen, Europako gorte nagusiek eskatutako lanak eginez. 1554-1562 bitartean, Filipe II.a Espainiako erregearentzat lan egin zuen: Danae urrezko euripean (1560-1565, Prado, Madril)[14], Europaren bahiketa (1559-1562, Isabella Stewart Gardner museoa, Boston)[15].
1540. urtetik aurrera, bere artelanak konposizio kaotikoak izango dituzte, lanaren protagonismo osoa pertsonaien tentsioa eta dramatismoa izango delarik. Koloreak garrantzia galdu eta eskulturak zorrozki imitatuko ditu. Ezaugarri hauek kontuan harturik, ikerle askok haren krisia hasi zela esaten dute; aurreneko lan distiratsuetatik bukaeran sentimendu erlijiosoak barnerakoiagoak adierazten ditu; hala ere, gai erlijiosoak bere azken urteetan landuko ditu, hasieran, gai mitologikoek izango baitute lehentasuna.[16]
Azken etaparekin margogintza barrokoa aurreratu zuela esaten da eta honen eragina handia izan zela Rubens pintoreak berak askotan kopiatu edo eredutzat hartu zituelarik haren lanak eta XIX. mendean oraindik ere nabaritu daiteke Tizianoren eragina .[17]
Tizianoren teknika konplexua da era orokor batean definitzen eta historian zehar adituek askotan aztertu izan dute, batez ere Veneziar pintoreek pigmentuekin eta hauen argi efektuekin asko jolasten baitute: Lehenik eta behin, oihalak askotan elkartu egiten zituen pasta zuri eta dentsoaz, batez ere formatu handiko obretan egingo duena. Ondoren eskema sortzerako orduan oso era sotil eta arinean markatzen omen zituen neurriak edo lerroak ikatzezko ziri/arkatz batez, eta honen gainetik gehienetan olioz margotuta obra aurrera zihoan heinean gehitzen zizkioten edo aldatzen zituen nahi zituen aspektuak.[18] Askotan oihalak errepresentatzerako orduan lehenengo kapan, behealdean geratzen denean, kontrako alderako pintzelkada bortitzak ematen ditu, testura sortzeko asmotan, gorputz biluzietan pintzelkada lodia eta oso difuminatua erabiltzen du gorputzen biguntasuna errepresentatu nahian (aingeruetan margo honetan), eta aurpegi eta bizarretan bai eta oihalen tolesturen izkinetan ere pintzel fin eta luze batekin ematen ditu tokeak, lerroaren ilusioa sortuz, definituagoa izanik.[19] Hala ere hau ezin da objektibizatu, izan ere, esan dugun bezala haren obrak eboluzio sakon bat jasoko du haren bizitzan zehar, eta hortaz amaiera aldean pintzelkada bortitz, zabal eta lausoagoak emango dituelarik, aurreko etapako estilo neurrituagoarekin hautsiz.[20]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.