Zelula eukariotoen zitoplasman dagoen mintz-sistema From Wikipedia, the free encyclopedia
Erretikulu endoplasmatikoa (EE), mintzez osatutako egitura zelularra da. Mintz hauek eratzen dituzten formak bi dira: zaku zapala edo tubulu itxurakoak. Erretikulu endoplasmatikoaren mintz multzoa, zelula osoan aurkitzen den mintz kopuruaren erdia izan daiteke. Erretikuluaren mintzak gaineztadura nuklearrarekin bat egiten du[1].
Erretikulu endoplasmatikoa endomintz sistemaren parte da[2], hau da, mintzez inguraturik dago eta bi eremu bereizten ditu, lumena (barnekoa) eta zitosola (kanpokoa). Zelularen eremu basofiloetan aurkitzen da.
Zelularen bizialdi guztian etengabe aritzen da lanean eta beste organulu batzuekin elkarreragiten du, Golgi aparatuarekin eta mitokondrioarekin esate baterako. Zelularen egoera metabolikoaren arabera handiagoa edo txikiagoa izango da.
Mintzezko sare handi bat osatzen du, zaku tubulo eta zisternaz osaturik dagoena. Erretikulu endoplasmatikoaren mintzak zelula mintzaren antzeko egitura du, fosfolipido geruza bikoitza eta mintzeko proteina ugari. Betetzen duten funtzioaren arabera, bi egitura desberdin aurkitzen dira: Erretikulu Endoplasmatiko Pikortsua (edo Zimurra) eta Erretikulu Endoplasmatiko Leuna. Atal biak zentrifugazio bidez banatzea posible da, erribosomen eraginez pikortsua leuna baino dentsoagoa baita[3].
Erretikulu mota honetan erribosomak aurkitzen dira mintzari lotuta eta horregatik du "pikortsua" izena[1]. Hori dela eta, Erretikulu endoplasmatiko pikortsuaren funtzio nagusia proteinen sintesia da. Erribosomak ez dira ordea mintzean finko egoten, RNA mezularia datorrenean baino ez dira itsasten eta lana amaitzerakoan azpiunitate biak banandu eta zitosolera alde egiten dute.
Proteinak jariatzen dituzten zeluletan oso ugaria izaten da[2].
Esan bezala Erretikulu endoplasmatiko pikortsuak proteinak sintetitzatzen ditu. Prozesua honela gertatzen da[4]:
Hasieran, zitosolean dagoen RNA mezularia, bertan dauden erribosa askeekin lotzen da, lehenik azpiunitate txikiarekin eta ondoren handiarekin. Bertan hasten da RNAm-aren irakurketa prozesua. "Sekuentzia seinalea" (Signal Peptide) deritzon kate polipeptidikoa sintetizatuko du (70 aminoazido inguruko katea da). Sekuentzia seinale hau SRP ("Signal Recognition Particule") izeneko erribonukleoproteinarekin lotzen da eta RNA mezulariaren irakurketa gelditu egiten da aldi baterako. Orduan EEParen mintzean kokatuta dauden translokadoreetako bati lotzen zaio. Translokadorea mintza zeharkatzen duen proteina konplexu bat da. Behin egitura honi lotuta, SRP molekula askatu egiten da eta hasieran itzulitako sekuentzia seinalea translokadoreari lotuta gelditzen zaio, eta RNAm-ari lotuta jarraitzen duen erribosomak RNA mezulariaren itzulpenari ekiten dio berriz[5]. Behin itzulpena bukatuta, peptidasa entzimak sekuentzia seinalea eta kate polipeptidikoa banatzen ditu. Sortutako kate polipeptidikoari txaperona izeneko proteinek ematen diote hiru dimentsiotako konformazioa. Gaizki itzulitako kate polipeptidoak eta akatsdun proteinak ezabatzeko ere txaperoak erabiltzen dira. Hauek akatsdun kate polipeptidoak kanporatu egiten dituzte zitosolera bertan lisosomek desegin ditzaten.
Sintetizaturiko proteinak heldu egiten dira dagokien gunera garraiatzen doazen bitartean. Erretikulu endoplasmatikoak bi modutan garraiatzen ditu proteinok, mintzean eratzen dituen besikula edo xixku bidez Golgi aparatura[6] edota beste organulu batekin aldi baterako mintza partekatuz, mitokondrioarekin adibidez[7].
Erretikulu endoplasmatiko mota honetan ez dira erribosomak mintzari lotuta aurkitzen eta horregatik esaten zaio Leuna. Egitura ere Pikortsuarekiko desberdina du, tubulu ugariz osatuta baitago. Tubulu guztiak elkarrekin lotuta daude, bai eta Erretiku endoplasmatiko pikortsuarekin ere, izan ere organulu bera osatzen baitute biek. Pikortsuaren eta leunaren artean trantsizio eremu bat aurkitzen da, egitura bien nahasketa dena.
Hainbat ehunetan oso ugaria izaten da, gibeleko hepatozitoetan, muskulu zuntzetan eta hormonak jariatzen dituzten guruinetako zeluletan esate baterako[3][2].
Erretikulu endoplasmatiko leunak honako funtzio hauek betetzen ditu:
Erribosomarik ez duenez ezin du proteinarik sintetizatu. Erretikulu endoplasmatiko leunaren funtzio nagusia mintzak osatzeko beharrezkoak diren lipidoak sintetizatzea da[1]. Esfingolipidoak Golgi-ren aparatuan sintetizatzen badira ere, hauen oinarrizko molekula den zeramida EEL-an sintetizatzen da. Erretikulu endoplasmatiko leunean sorturiko lipidoak besikula baten bidez garraiatzen dira zitosolean zehar Golgi aparatura.
Honako lipido hauek sintetizatzen dira EEL-an:
Metabolismoan sorturiko toxinak, drogak, botikak eta beste hainbat molekula kaltegarriren destoxifikazioa burutzen du[1], prozesu honetan parte hartzen duen P450 zitokromo molekula sintetizatuz. Honek liposolugarriak diren toxinak hidrosolugarri bihurtzen ditu eta horrela gure organismoak kanporatu egin ditzake, izerdiaren bitartez adibidez[3].
Gizakien gorputzetan aurkitzen den glukosa kopuru gehiena, glukogeno bihurtuta dago. Glukogeno honen degradazioz (glukogenolisiaz) sortzen den molekula, glukosa-6-fosfatoa da. Molekula honek ezin ditu mintz zelularrak zeharkatu, ondorioz, erretikulu endoplasmatiko leunak glukosa-6-fosfatasa ekoizten du eta honek glukosa-6-fosfatoa desfosforilatzen du eta horrela mintza zeharka dezake.
Zelulen seinaleztapen prozesuetan kaltzio ioiek ezinbesteko garrantzia dute. Zelularen kaltzioarekiko homeostasia mantentzeko erretikulu endoplasmatiko leunak biltegi lanak egiten ditu[8]. Mitokondrioak ere laguntzen dio zeregin horretan. Barneko mintzeko garraiatzaile espezifikoen bidez lumenean pilatzen da kaltzioa. Zelulak kaltzioa behar duenean sodio-kaltzio trukatzaileak edo antzeko beste proteina batzuk erabiltzen dira kaltzioa mitokondriatik ateratzeko[3].
Muskulu zeluletan erretikulu sarkoplasmikoa aurkitzen da. Kaltzio ioiek proteina uzkurgarriekin elkarreragiten du muskulu zuntza laburtuz eta honi esker muskulu-uzkurdura gertatzen da[9].
Garnier zoologo frantsesak aurkitu zuen 1897. urtean eta ergastoplasma izena jarri zion[10]. 1953. urtean erretikulu ("saretxoa") izena eman zion Keith R. Porterrek[11]. Porter berak, Albert Claudek eta Ernest F. Fullam-ek erretikuluaren mintzak ikusi zituzten 1969an[12].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.