Zelula nukleoa (batzuetan nukleo zelularra) zelula eukariotoetan gaineztadura mintzakaraz inguraturiko organulua da. Fisiologikoki zelularen memoria genetikoa da, bertan kokatzen baita zelularen jarduera guztiak erregulatzen dituzten entzimak sintetizatzeko behar den informazioa duen molekula, hau da, DNA.
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Zelula gehienek nukleo bakarra izaten dute, nahiz eta badiren zelula binukleatuak (hepatozitoak) eta multinukleatuak ere (zelula muskular ildaskatuak).
Nukleo/zitoplasma erlazioa konstantea da zelula mota guztietan. Nukleoaren tamaina aldakorra da zelula motaren arabera, baina beti ere zelula osoaren itxurara moldatzen da.
Nukleo zelularra egitura dinamikoa da, mitosiaren banaketa kromosomikoan desegiten dena. Mitosiaren aurretik eta ondoren ikusten den nukleoari, hau da, zatiketa zelularra gertatzen ari ez den momentuan, nukleo interfasikoa esaten zaio.[1]
Egitura
Argi mikroskopioak nukleoaren konplexutasuna nabarian jartzen du. Tindakari basikoaekin (hematoxilina) tindatu ondoren, ondo definituriko organulu gisa beha daiteke. Hala ere, mikroskopio elektronikoa erabiliz gero, xehetasun handiagoz azter daiteke: gaineztadura nuklearra, poroak, nukleoplasma, kromatina eta nukleoloak nabaritzen baitira.[2]
Gaineztadura nuklearra
Nukleoaren edukia mugatzen duen mintz bikoitza da. Eboluzioan garrantzi handia izan zuen, izan ere eukariotoen ezaugarririk bereizgarriena da. Ingurune zitoplasmatiko eta zelularraren artean dagoenez, nukleoaren homeostasia erregulatzen du, bera zeharkatzen duen garraioa zuzenduz eta kromatina zitoplasmako entzima litikoen aurrean babestuz.
Gaineztadura hau bi mintzez osatuta dago: barne mintza eta kanpo mintza. Bien artean gune perinuklearra dago. Kanpo mintzak erribosomak ditu atxikiturik eta erretikulu endoplasmatikoaren jarraipena da. Ziurtzat jotzen da gaineztadura nuklearra, erretikuluak komatina inguratzean sortu zela eta beraz, erretikuluaren desberdintzapen gisa har daiteke.
Barne mintzarekin asoziaturik xafla nuklearra izeneko egitura bat dago. Barne mintza eta kromatina periferikoaren artean dagoen geruza proteikoa da. Lamina izeneko proteinez eratuta dago. Lamina hauek barne mintzaren proteinekin estuki loturik daude eta halaber, DNAren fixatzaile indartsuak dira. Beraz, kromatina eta gaineztadura nuklearraren arteko elkarrekintzak zuzentzen dituzte. Bere funtzioak bi dira:
- Kromatinaren antolakuntzan parte hartzea.
- Gaineztadura nuklearraren antolakuntzan parte hartzea.
Gaineztadura nuklearra ez da jarraitua, kanpo eta barne mintzak interbaloka bat egiten dute poro nuklearrak eratuz. Poro hauen bidez komunikatzen dira zitoplasma eta nukleoa eta bertatik ematen dira garraioak.
Gaineztadura nuklearraren barnealdean nukleoplasma dago. Hau, kromatina eta nukleoloa inguratzen duen matrize amorfo eta erdilikidoa da. Erribonukleoproteinazko bikor txikiez eta disolbatutako substantziez osatuta dago.[3]
Kromatina
Eukariotoetan DNA molekula ez da biluzik aurkitzen, proteina desberdinekin asoziatzen da tolesdura maila handia duen egitura ordenatu bat eratuz, hau da, kromatina. Mikroskopio elektronikoaren bidez, bi motatako kromatina bereizten da kondentsazio maila eta itxuraren arabera: eukromatina eta heterokromatina.
Heterokromatina bikor dentsoetan dagoen kromatina da, periferian kokatzeko joera duena eta kondentsazioa maila handia duena. Eukromatinaren egoera aldiz dispertsoagoa da eta kondentsazio maila baxuagoa du. Kondentsazio maila egoera transkripzionalarekin erlazionatuta dago, eukromatina aktiboki transkribatzen den DNAri dagokion bitartean, heterokromatina transkribatzen ez den DNA da.[4]
Kromatinak antolakuntza eta tolesdura maila desberdinak ditu:
- 10nm-tako zuntza
- 30nm-tako zuntza
- Kromosoma metafasikoa
Nukleoloa
Nukleoplasman murgilduriko mintz gabeko egitura dentso eta irregularra da. Bi osagai bereizten dira bertan: osagai fibrotsua eta osagai bikortsua.
Osagai fibrotsuaren osagaiak DNA, RNA eta proteinak dira eta osagai bikortsuarenak RNA eta proteinak.[5]
Funtzioak
Aktibitate zelularra zuzentzen du. Horretarako, bikoizpena eta transkripzioaren ardura hartzen du.[6]
Bikoizpena
Zelula batetik garatzen diren bi zelulek lehendabizikoaren informazio genetiko berbera izateko, lehenengo informazio hori daraman molekula, hau da, DNA bikoiztu egin behar da.
Transkripzioa
DNA molekula eredutzat hartuz RNA molekula baten sintesia da transkripzioa.[7]
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.