Hirugarren Reicha (alemanez: Drittes Reich, «Hirugarren Inperioa») Alemaniako diktadura-erregimen naziak 1934tik 1945era hartu zuen izen ofiziala da. Germaniako Lehen Inperioaren (800-1806) eta Bigarren Inperioaren (1871-1918) ondorengotzat jo zuten naziek beren erregimena.[1]

Datu azkarrak Hirugarren Reicha Deutsches Reich, Geografia ...
Hirugarren Reicha
Deutsches Reich
1933  1945
Estatu nazionalsozialista
Thumb

Thumb


Ereserkia


Goiburua
Ein Volk, ein Reich, ein Führer.
Thumb
Hirugaren Reicharen kokapena Europan, bere hedadurarik handienean (1943)
Geografia
HiriburuaBerlin
Biztanleria1941 (Alemania handia-Großdeutschland) 90030775 inguru. Dentsitatea: 129.3 /km²
Azalera633786 km²
Ekonomia
DiruaReichsmark
Kultura
Hizkuntza(k)Alemana (ofiziala)
ErlijioaKristaua (protestantea %54 eta katolikoa %40).
Historia
Sorrera1933
Desagerpena1945
Aurrekoak
Weimarko Errepublika
Sarreko arroaren lurraldea (Nazioen Liga)
Austriako Estatu Federala
Txekoslovakiako Lehen Errepublika
Klaipėda eskualdea
Danzigeko Hiri Askea
Poloniako Bigarren Errepublika
Italiako Erresuma
Eupen-Malmedy
Luxenburgo
Alsazia-Lorrena
Drava Banovina
Ondorengoak
Flensburgeko Gobernua
Alemania Okupatua
Austria Okupatua
Txekoslovakiako Hirugarren Errepublika
Kaliningradoko Oblasta
Saar (Babesletza)
Poloniako Herri Errepublika
Italiako E.S.
Eupen-Malmedy
Luxenburgo
Alsazia-Lorrena
Yugoslavia Federal Demokratikoa
Itxi

Historia

Aurrekariak

Lehen Mundu Gerraren ondoko Alemanian XIX. mendeko liberalismoa ospea galduz zihoan. Hango erakundeen historia liberalismoaren kontrakoa eta aristokraziaren aldekoa izateagatik bereizi zen, baina Alemaniako sozialdemokraziak bere gain hartu zuen proiektu liberala bere formula demokratikoan. Horrexek galarazi zuen 1919an espartakisten iraultza. Weimarko Errepublika berria ez zen erregimen demokratiko bati egonkortasuna emateko gauza izan, egoera zena zelako: oso krisi ekonomiko larria, inflazioa eta langabezia; eliteko militarrak eta intelektualak nazionalismo autoritario baten alde, iraultza kontserbadorea; gudari ohi asko, ongi antolatuak eta gerrarako prest; gerra-ordainaren zama ekonomiko zein sinboliko ikaragarria; eta ezker politiko gero eta aktiboagoa. Giro horretan, autoritarismoko jarrera garbietara egin zuen eliteko liberalismoak (von Papen eta Schleicher jeneralaren gobernuek).

1923an naziek Garagardotegiko Putscha antolatu zuten Munichen, Alemaniako gudarostearen parte handi bat erakarriko zuen indarrezko ekintza ausarta zirudiena, aginpidea hartzeko. Horrela, jarrera ultranazionalista eta arrazista garbiekin, Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista (NSDAP) azaldu zen bat-batean Alemanian. Ekinaldiak ordea, huts egin zuen, eta Hitlerrek beste era batera antolatu behar izan zuen aginpidera iristeko bidea, helburu berarekin beti ere, sistema zaharra irauliz, eta haren ordez, estatu totalitario baten proiektua jarriz.

Naziak aginpidera igotzea

Sakontzeko, irakurri: «Adolf Hitlerren gailentzea»
Thumb
Adolf Hitler 1933an

1932ko uztaileko eta urriko hauteskundeetan, Alemaniako Langile Alderdi Nazional-Sozialistak botoen %37,3 eta %33,0 lortu zuen, hurrenez hurren. Bi hauteskundeen artean alderdiak bi milioi bozka galdu zituen.[2] Hala eta guztiz ere, ezegonkortasun politikoa eta gobernu sendoa osatzeko ezintasuna zela eta, 1933ko urtarrilaren 30ean, Franz von Papenen aholkuz, Hindenburg presidenteak Adolf Hitler hautatu zuen kantziler (gobernuburu). Izan ere, von Papenek -kantzilerordea gobernu horretan- Hitler mendean hartzeko gauza izango zela uste zuen.[3]

Nolanahi ere, Hitler kantziler izendatu zuten egunaren biharamunean hasi zen aginpidea (Machtergreifung) lortzeko benetako borroka. Hurrengo egunetan –agerraldi eta desfile, bilera masibo, banderak haizeetara– asaldaturik eta aztoraturik ibili zen jendea. Hitlerrek Legebiltzarra desegitera eta hauteskundeak deitzera behartu zuen Hindenburg. 1933ko martxoaren 5ean egin ziren hauteskundeak, oso-oso giro gogorrean: beldurra eta indarkeria ziren nagusi eta, Reichstagi su eman ziotelako aitzakian (komunistei leporatu zieten ekintza), eten egin ziren herritarren eskubideak oro. Botoen %44 bere alde, eta Aginte Osoaren Legea onarturik, Alemaniako diktadore bihurtu zen Hitler: Legebiltzarreko instantziak banan- banan deseginez joan zen; Länderrak berdindu zituen; NSDAP izan ezik, alderdi guztiak debekatu zituen; alderdi horretako hegal erradikal osoa eta balizko oposizio eskuindarra suntsitu zituen, kideak hilez (Labana luzeen gaua, 1933ko ekainaren 29an); eta, bere burua Alemaniako Führer izendatuz, bere gain hartu zituen aginte guztiak. Hitlerrek izugarrizko azkartasun eta erabakitasunez jokatu zuen aginpidea lortzeko. Hindenburg 1934ko abuztuaren 2an hil zen. Ordu gutxiren buruan, Adolf Hitlerrek bere burua presidente izendatu zuen, era horretan bi karguak (estatuko eta gobernuko buruzagitzak) batuz. Hori Alemania Naziaren edo Hirugarren Reicharen hasiera izan zen.

Funtzionarioen kontrola Alemania nazian

Naziek boterea lortu eta berehala funtzionarioen —eta oro har Alemaniako gizartearen— kontrola ezarri zen. Kontrol zorrotza lortzeko hilabete luzeak behar izan bazituzten ere, 1935erako nazien legeek eragina itzal luzea zuten. Behean agertzen diren memoriak aleman funtzionario batek idatziak dira eta ondo azaltzen dute funtzionarioekiko kontrola:

« Nire aitak sarritan bere saila izan zen funtzionarioen bisita izaten zuen. Hainbat urte zeramatzan erretiratua, baina oraindik ere harreman pertsonal batzuk bazituen eta gozatu egiten zuen noizean behin entzunez zertan zetzan auzi bat ala bestea, funtzionario edo gobernuko kide gazteren baten karrera zertan zen, eta parte hartzeko aukera izan eta aholkuak edo gomendioak modu informalean eskaintzen zituenean. Bisitak ez ziren eten, baina elkarrizketak beti-batekokak eta tristeak bihurtu ziren. Nire aitak, esate baterako funtzionario bati edo besteari buruzko galdera egiten zuen, haren izena esaten zuen eta bisitariak labur-zehatz erantzuten zion: «4. artikulua» edo «6.artikulua».

Berriki aldarrikatutako lege baten artikuluak ziren horiak; «Funtzionario profesionalak lehengoratzeko Legea» zuen izena eta arau bakoitzak ezartzen zuen mendeko postuak zituzten funtzionarioak lekualda zitezkeela, nahitaezko erretirora behartu zitezkeela, behin-behineko kalte-ordain batekin kalera zitezkeela edo erretiro bat jasotzeko eskubiderik gabe kanpora zitezkeela. Artikulu bakoitzak patu bat zuen aipagai. 4. artikulua kolpe suntsitzailea zen. 6. artikuluak gradu-beherapena eta apalkuntza zekartzan. Garai hartan, zifra horiek nagusi ziren funtzionario talde guztien elkarrizketatan.

Behin batean, nire aita kide izan zen administrazioko lehendakaria agertu zen. Aita baino askoz gizon gazteagoa zen, eta biek ala biek liskar profesionalen batzuk izan zituzten beren garaian. Lehendakaria sozialdemokrata izana zen eta nire aita «eskuinerago» zegoen, beraz, muturrek behin baino gehiagotan egin zuten talka; gainera, gazteak postu altuagoa izateak ere ez zituen gauzak gehiegi goxatu. Hala ere, bi gizonek elkar errespetatzen zuten eta bere harreman ez-profesionala ez zen sekula erabat etetera iritsi.

Oraingo honetan, bisita ikaragarria izan zen. Lehendakariak berrogei eta berrogeita hamar urte bitartean izan arren, hirurogeita hamar urte zituen, aita bezain zaharra zirudien. Erabat zuri zegoen. Aitak geroago kontatu zidan, sarritan, elkarrizketaren haria galdu zuela, ez ziola erantzun eta besteretua egon zela, begirada beheratuz, ondoren, inolako testuingururik gabe, hau esateko: «Ikaragarria da, lagun maitea. Besterik gabe, ikaragarria». Agur esatera etorria zen. Berlin utziko zuen «aldirietako tokiren batean ezkutatzeko». Kontzentrazio-esparru batetik atera berria zen. Lehendakaria, bide batez, 4. artikuluko bat zen.

Nire aitari dagokionez, esan dudan bezala, denbora asko zeraman erretiratua, ez zuen jadanik inolako botererik eta, nahi izanez gero ere, ezin izango zien naziei kalterik egin bere funtzioez baliatuz. Hala, su-lerrotik kanpo zegoela ematen zuen. Baina, behin batean, berari ere galdeketa luze bat zuen idazki ofizial bat iritsi zitzaion, «Funtzionario profesionalak lehengoratzeko Legearen X artikuluaren arabera, ondoren agertzen diren galderei zehatz-mehatz erantzutea eskatzen zaizu eta betiere, egiaren arabera... Ez erantzuteak edo modu okerrean erantzuteak ondorioz ekarriko du erretiro-pentsioa galtzea Y, artikuluaren arabera...».

Galdera mordoa ziren. Nire aitak adierazi behar zuen zer alderdi politiko, elkarte eta antolakuntzatan parte hartu zuen bere bizitzen, bere lorpen nazionalak zerrendatu behar zituen, azalpenak eman eta desenkusak eskatu horregatik eta hargatik eta, azkenik, jadanik inprimatuta zegoen testu batean sinatu «altxamendu nazionaleko Gobernuari zabal-zabal eskaintzen zion babesa». Hitz gutxitan: estatua berrogeita bost urtez zerbitzatu ondoren, bere burua apaldu behar zuen berriz ere, ondo merezitako pentsioa jasotzeko.

Nire aitak galdeketari begiratu zion puska batean eta isilik egon zen. Biharamunean idazmahaiaren atzean eserita ikusi nuen, galdeketa aurrean zuela; begirada tinko zuen, aurrerantz, haren gainetik.

-Beteko al duzu? -galdetu nion.

Aitak galdeketari begiratu zion, keinu bat egin eta tarte eder batean isilik egon zen. Ondoren esan zuen:

-Ez nukeela egin behar uste duzu?

Isiltasuna.

-Ez dakit oso ondo zertaz biziko ginatekeen zure ama eta ni -esan zuen ondoren.

-Egia esan, ez dakit -errepikatu zuen, tarte bat pasatu ondoren-. Jakin ere ez dakit -esan zuen irribarre egin nahian- nola nahi duzun Parisera joan eta zure tesia egin.

Estututa isildu nintzen. Ondoren, aitak galdeketa alde batera utzi zuen, baina ez zuen gorde. Inprimaki hura mahai gainean egon zen egun batzuez, inork bete gabe. Arratsalde batez, ordea, bere bulegora joan nintzenean, aita ikusi nuen idazmahaiaren atzean galdeketari erantzuten kaligrafia motelez, idazlan bat idazten ari den ikaslearen antzera. Ordu erdi geroago, gelatik atera eta gutuna postontzian bota zuen bere buruari iritziz aldatzeko betarik eman baino lehen. Kanpotik ez zuen inolako aldaketarik erakutsi, ez zuen ohi baino urduritasun gehiagorekin hitz egin, baina, hala ere, gehiegi izan zen beretzat. Beren keinuak eta hitzak gehiegi menderatzeko ohitura ez duten pertsonen kasuan, organo fisikoren bat arduratzen da betiere emozioez oso bortitzak direnean eta gaixotasun moduan erreproduzitzen ditu. Egoera horietan, batzuen bihotzekoak izaten dituzte. Nire aitaren kasuan, kaltetutako organoa urdaila izan zen. Idazmahaiaren aurrean eseri bezain pronto, aitak zirkin egin zuen altxatzean eta oka egiten hasi zen modu konbultsiboan. Bizpahiru egunez ez zen ezer irentsi edo ezeri eusteko gai izan. Hura izan zen bere gorputzaren gose-grebaren hasiera, eta ondorioz, bi urte geroago hilko zen modu miserable eta dohakabean.

 »
Sebastian Haffner, Historia de un alemán: memorias 1914-1933, 2003. Moldatua.

Hitlerren asmo espantsionistak

≪Eta Führerrak hau esan zuen ondoren: "Alemaniar politikaren helburua alemaniar arraza-komunitatea iraunaraztea eta handitzea da". Beraz, espazioa zen gakoa. (...)

Alemaniar politikak kontuan izan behar ditu bi etsai gaindiezin: Erresuma Batua eta Frantzia. Herrialde horientzat, Erdialdeko Europan alemaniar estatu erraldoi bat izatea zauri bat bezalakoa da; Alemaniak bere boterea handitzearen aurka jarriko dira, bai Europan, bai itsasoz bestaldeko lurraldeetan,, eta aurkaritza hori egiteko alderdi guztien onespenean oinarrituko dira. (...).

Indarkeriaren bidez soilik gaindi daiteke Alemaniaren arazoa, baina indarkeriak arriskuak ere baditu. (...).

Lehorreko gudarostearen ekipamendua, gerrarako itsasoko armada eta abiazioa ia prest daude, eta ofizialen kidegoak, ia osatuta. Ekipamendua eta armamentua modernoak dira. Oraindik ere itxaroten jarraitzen badugu, agian zaharkituta geratuko dira. (...) Une honetatik 1943-1945era bitartean ekiten ez badiogu, elikadura-krisia izango dugu urte batetik bestera, eta gordekinik gabe geratuko gara; gainera, ez daukagu nahikoa dibisarik krisi horri aurre egiteko.

(...) gure helburua bat-batean Txekoslovakia eta Austria menderatzea da (...).≫

Reicheko kantzilertzan izandako elkarrizketaren ahozko prozesua, 1937ko azaroak 5.

Kanpo politika

Kanpo politikaren alorrean, Hitlerrek Versaillesko ituna erabat arbuiatu eta alemaniar guztiak Reich handi batean bildu ondoren, Ekialdeko Europan inperio bat sortzea proposatzen zuen. Potentzia demokratikoek, aldiz, zein bere arazoetan murgildurik, ez zioten arreta handirik eman haren esanei, eta harropuzkeria hutsaltzat hartu zituzten. Iragarritakoak betetzen hasi zen Hitler ordea: 1933an Nazioen Ligatik irten eta armaz hornitzeari ekin zion; 1935ean, nahitaezko soldadutza berrezarri zuen; 1936an, Rhineko eskualde desmilitarizatua okupatu zuen, eta gomendatu zion Hermann Göringi ezinbestekoa jotzen zuen gerra irabazi ahal izateko ekonomia sistema prestatu eta puntuan jar zezan. Hitlerren erretorika inperialistak kutsatuta, ordura arte nahiko neurritsu portatu bazen ere, Etiopiaren konkistari ekin zion Mussolinik 1935eko urrian. Azkenik, 1936ko urrian, Antikomintern Ituna sinatu zutenean gauzatu zen diktadore faxisten arteko Berlin-Erroma-Tokio ardatza.

Ez etengabeko probokazioek, ez erretolika gerrazaleak, ez zuten erantzun irmorik izan. Nazioen Liga erasotzaileak moralki gaitzestera mugatu zen. Euren artean zatituta, ekonomia arazo larrietan murgildurik eta nor bere etxeko gizarte polarizazio geroz eta larriagoak kezkatuta, potentzia demokratikoek ez zuten zirkinik egin. Erresuma Batua, zeinak uste baitzuen gerra ondoko itunak zorrotzegiak eta bidegabeak izan zirela, ez zen fio Frantziaren benetako asmoez. Frantziak, bakartua ez geratzearren, Poloniarekin eta Txekoslovakiarekin zituen hizarmenak sendotu zituen. Bien bitartean, Europako eskuin muturra ez zen aspertzen Hitlerren erretorika antisobietarra txalotzen, eta langabezia eta ordena kontrolatzeko hark erakutsitako eraginkortasuna miresgarria iruditzen zitzaion.

Espainiako Gerra Zibilean (1936-39) argi eta garbi geratu zen Europako potentzia demokratikoen adore falta, ez baitzuten ezertxo ere egin legezko Errepublikako gobernuaren alde, potentzia faszistek lotsagabeki Francoren altxatuei laguntzen zieten arren. Frantsesen eta britainiarren jarrera zalantzatsuak harropuztuta, Hitlerrek beste atzaparkada bat eman zuen 1938an. Martxoan, III. Reichak Austria beretu zuen indarrez. Kontuan izan behar da, ezen, 1919an Habsburgotarren inperioa desegin zenetik, Austriak ez zuela nazio nortasun zehatzik, nahiz eta kultura aldetik germaniar munduko kide izan.

Thumb
1938ko urriak 9: Alemaniar tropak Saazen (Txekoslovakia) sartzen.

Txekoslovakiaren inbasioa

Txekoslovakia kultura handiko herrialdea zen, oparoa eta industrializatua, gutxiengoen eskubideak errespetatzen zituen ekialdeko Europako herrialde demokratiko bakarra. Hain zuzen ere, Sudeteetan bizi ziren hiru milioi aleman hiztun hartu zituen Hitlerrek aitzakiatzat III. Reicharen mugak zabaltzeko. 1938ko irailaren 29an Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Alemaniako gobernuburuek Municheko Ituna sinatu zuten, zeinaren indarrez, Hitlerren hedazaletasunaren mende utzi baitzen Txekoslovakia. Itun hori amore emate lotsagarri gisa pasa da historiara. Edvard Benešen gobernuaren erresistentzia adoretsuak –ez baitzen kikildu etengabeko indar erakustaldien aurrean–, ez zuen ordea inolako oihartzunik izan mendebaldeko herrialde demokratikoetan.

Frantzia eta Erresuma Batua ez zeuden gerra bati ekiteko prest Txekoslovakia aldezteagatik. Uste izan zuten Sudeteak beretzearekin etsiko zuela Hitlerrek. Baina ez zuten asmatu. 1939ko martxoan ez zen jada Txekoslovakiarik: Txekiako partea Bohemia eta Moraviako alemaniar babes-herri bilakatu zen, eta Eslovakia Berlinen mendeko estatu txotxongiloa zen. Hil hori amaitzerako Hitlerren gudarosteak Memel lituaniar hiria okupatu zuen. Hurrengo hilean (1939ko apirilaren 7an) Mussolinik Albania hartu zuen mendean.

Poloniaren inbasioa

Txekoslovakiako krisialdiak argi erakutsi zuen Alemania naziaren lurralde anbizioak Versaillesko Ituna berrikustera baino askoz haratago heltzen zirela. Frantziak eta Erresuma Batuak, Hitlerren handinahikeria neurrigabeaz eta gerraren ezinbestekotasunaz oharturik azkenean, biek bat egitea eta armatze egitarauak bizkortzea erabaki zuten. Horregatik, Danzig beretzeko asmoak zituela iragarri zuenean III. Reichak –Nazioen Ligaren babespeko hiri librea zen, nahiz eta biztanleak alemaniarrak izan–, Frantzia eta Erresuma Batuko diplomaziak Poloniaren alde agertu ziren.

Hitler harri eta zur geratu zen, ez batzuen espero mendebaldeko potentzia demokratikoak diktadura militar, elizazale eta guztiz atzerakoi batek gobernatzen zuen lurralde haren alde ateratzerik. Kontuan hartu behar da, gainera, alde guztietatik arerioz inguratutako lurraldea zela, defenditzen guztiz zaila, beraz. Abuztuaren 23an, aurpegiko azalaren gogorra erakutsiz, Molotov-Ribbentrop ituna izenpetu zuen Hitlerrek Stalinekin. Haren bitartez, Polonia erdibanatu zuten eta Alemaniak Errepublika Baltikoetan sobietarren eragina onartu zuen. Bi aldetatik harrapatuko zuten beldurrik gabe, eta uste izanik mendebaldeko potentziek atzera egingo zutela azkeneko orduan, diktadore naziak Polonia okupatzeko agindua eman zuen. Baina oraingoan huts egin zuen. 1939ko irailaren 1ean hasi zen Bigarren Mundu Gerra.

Bigarren Mundu Gerra

Blitzkrieg

Alemaniak Blitzkrieg edo tximista-gerra sistema erabili zuen gerra hasieran. Lehen mailako berrikuntza militarra izan zen hura, Alemaniak beste herrialdeei buruz zuen arma desberdintasuna gainditzeko modukoa. Etsaiaren frontean bidea egiteko, arma guztiek batera aritu behar zuten. Behin bidea eginda zegoenean, kamioietan eta gudu orga blindatuetan etsaiaren atzealderaino iritsi behar zen. Infanteriak, bitartean, alboak defenditzen zituen eta hegazkinek etsaien hegazkinei eta komunikabideei erasotzen zieten.

1939ko irailaren 1ean, alemaniar gudarostea Polonian sartu zen, eta hilabete batean erabat menderatu zuen herrialde hura. SESB, berriz, ekialdetik sartu zen, germaniar-errusiar hitzarmenean hitzartutakoaren arabera. Handik hilabetera, Armada Gorriak Finlandia hartu zuen. Baina gudaroste hark zailtasun handiak izan zituen lurralde guztia menderatzeko (200.000 lagun hil ziren Neguko Gerran). Bien bitartean, Alemania Norvegian eta Danimarkan sartu zen.

Europako konkista

Thumb
1940ko ekainak 14: alemaniar osteak Parisko Garaipen Arkuaren ondoan desfilatzen.

1940ko maiatzaren 10ean alemaniarrek Herbehereetako inbasioa hasi zuten (astebetean amaitu zuten), eta ondoren Belgikarekin jarraitu zuten. Britainiar espedizioa eta gudaroste frantsesaren parte bat erabat bakarturik gelditzeko arriskuan egon ziren, baina Führerak erasoa uzteko agindu zuen eta 350.000 soldadu eraman ahal izan ziren Ingalaterrara.

Ekainaren 5ean Alemaniak Frantziaren kontrako erasoa hasi zuen. Frantzia, ordurako, oso ahul zegoen, lan handia egin baitzuen Herbehereak eta Belgika babesten (30 dibisio galdu zituen). Ekainaren 14an alemaniar gudarostea Parisen sartu zen. Handik bi egunera gobernu frantsesak agintea utzi zuen eta Pétain mariskala jarri zen gobernuburu. Pétainek bake hitzarmena izenpetu zuen Alemaniarekin. Armistizio haren arabera, Frantzia bitan banatuta gelditu zen: iparraldea eta Atlantikoaren kostaldetik hasi eta Pirinioetarainoko partea alemanen esku gelditu zen, eta lurraldearen gainerako zatia eta koloniak, berriz, Pétainen gobernuaren mende gelditu ziren. Aldi berean, De Gaulle jeneralak erresistentzia antolatzeko deia egin zuen Londrestik eta Frantzia askea sortu zuen.

Hortaz, Ingalaterra bakarrik gelditu zen alemanen kontra. Une horretatik aurrera Ingalaterrako Gudua hasi zen. Hainbat astetan zehar (1940ko uztailetik aurrera) borrokaldi ugari izan ziren airean, eta hainbat hiri bonbardatu ziren, baina alemaniar abiazioak (Luftwafe) bere asmoa bertan behera utzi behar izan zuen azkenean.

Thumb
Britainiar soldaduak El-Alameingo bigarren guduan (1942ko urriak 24).

Mediterraneoaren ekialdean, Italiak Greziaren kontrako saioa egin zuen tximista-gerraren eskema jarraitzeko asmotan, baina ez zuten eraso ondo prestatu eta, nahi gabe, Alemaniari bidea zabaldu zioten. Alemaniarrek Balkanak (Grezia, Jugoslavia eta Kreta) konkistatu zituzten. Dena dela, soldadu alemaniar asko hil ziren borroka hartan, batez ere, paraxutistak.

Afrikaren iparraldeari dagokionez, britainiarrak eta italiarrak elkarren kontra borrokatu ziren, Libia eta Ekialdeko Afrika menderatu nahi baitzituzten. Hitlerrek, italiarren porrotak ikusirik, inguru hartara Rommelen Afrika Korps taldea bidaltzea erabaki zuen. Hiru urtez luzatu zen borroka lurralde hartan, basamortuan hain zuzen (Libia eta Egipto). Hainbat eraso eta kontraerasoren ondoren, Bernard Montgomery britainiar militarrak Rommel garaitu zuen El Alameinen (1942ko urriak 23-30). Hala eta guztiz ere, Iparraldeko Afrikan ziren oste alemanak ez ziren 1943ko maiatzaren 7 arte errenditu. Aliatuak (ipar amerikarrak, bereziki) Casablancan, Oranen eta Aljerren (1942ko azaroak 8) lehorreratu zirenean, eta britainiarrek Afrika Korps garaitu zutenean, alemaniarrek utzi egin behar izan zuten inguru hura. Horrenbestez, Afrikaren iparraldea aliatuentzat Hegoaldeko Europako kontraerasorako abiapuntua bihurtu zen.

Gerraren beste borroka gune garrantzizko bat Atlantikoa izan zen. Atlantikoan hainbat hilabetetan (1940ko eta 1943ko udaberrien bitartean) alemanak behin eta berriro saiatu ziren britainiarrak itotzen, eta horretarako gerraontzien eta merkataritza ontzien kontra egin zuten. Alemaniarrek itsaspekoak erabili zituzten batez ere. Itsaspekoak, radarra, kodigoak, estrategia eta galdutako unitateak berritzeko batzuen zein besteen industriek zuten ahalmena, horiexek izan ziren gerraren aldi haren bilakaera eta emaitza baldintzatu zuten osagaiak. Borroka hura aliatuek irabazi zuten 1943ko ekainean. Dena dela, urpeko guduak aurrera jarraitu zuen gerra amaitu zen arte.

Errusiako inbasioa

1941eko ekainaren 22an Wehrmachtak Sobiet Batasunaren inbasioa hasi zuen. Bizargorri Operazioa deitu zitzaion eraso hari. Alemaniarrek eta sobietarrek aurretik hitzarmen bat izenpetua zuten. Hitlerrek, horrenbestez, ez zuen bi fronteen artean gerrarik izaterik nahi, baina zenbait arrazoirengatik Führerak inbasioaren bideari ekitea erabaki zuen azkenik. Sei milioi soldaduk parte hartu zuten gudu hartan. Hilabete igaro zenerako alemaniarrak Moskutik 350 kilometrora zeuden. Baina Armada Gorriaren erresistentzia zela eta, Hitlerrek eta bere jeneralek aurrera ez jarraitzea erabaki zuten, harik eta iparraldean eta hegoaldean zuten erresistentzia erabat garbitu arte. Erdialdeko erasoari azaroaren 15ean ekin zioten, negua hasita zela. Bi astetan Moskutik 35 kilometrora iritsi ziren alemaniarrak. 1941. urtea amaitu aurretik, Alemaniak bi etsai nagusi zituen, beraz: Ingalaterra eta SESB.

1942ko urtarriletik aurrera, Errusiako fronte osoan sobietarrek kontraerasoa hasi zuten, eta udaberri arte iraun zuten, alegia, alemaniarrek aurrea hartu zieten arte. Stalingradeko gudua (1942ko abuztutik 1943ko otsailera), Volga ibaiaren mendebaldeko ertzean, izan zen fronte hartako gudu handiena. Bigarren mailako gune estrategikoa bazen ere, gudu hark goitik behera aldatu zuen Bigarren Mundu Gerra: alemaniarrek lehenengo galera handia izan zuten, eta galera horrez gainera hondamenak izan zituzten Ipar Afrikan eta Atlantikoan ere. Une horretatik aurrera, aliatuak izan ziren gerraren gidari.

Aliatuen garaipena

Casablancako konferentziaren ondoren (1943ko urtarrila), gerra goitik behera aldatu zen Europan. Biltzar hartan Aliatuek Europari Italian barrena eraso egitea erabaki zuten. Helburu hori iristeko, Siziliatik sartu eta Italiar penintsula okupatu zuten 1943. urteko uda eta 1944ko uda bitartean. Irailaren 3an Mussoliniren ordez, Pietro Badoglio jarri zen aginpidean. Aldaketa horri erantzuteko, alemaniarrak Italia okupatzen saiatu ziren. Nahiz eta aliatuek alemaniarrek baino baliabide eta indar gehiago zuten, aliatuek urtebete behar izan zuten alemaniarrak handik botatzeko. Baina, ordurako, Europaren Atlantiko aldeko fronteak Italiakoak baino garrantzi handiagoa zuen.

Berlin suntsitua. 1945eko uztailean USAFek egindako filmazioa.

Amerrikarren eta britainiarren arteko tirabirek, bestalde, Frantziaren mendebaldea erasotzeko saioak atzeratu zituzten berriz ere. 1944ko ekainaren 6an hasi zen Normandiako lehorreratzea. Lehenengo egunean 150.000 soldadutik gora bidali ziren Normandiara. Lehorreratze hari esker, Paris alemaniarren mendetik libre gelditu zen abuztuaren 25ean.

Aliatuek mendebalderantz eta, batez ere, ekialderantz jarraitu zuten. Belgika eta Luxenburgo askatu zituzten hurrena. Berlina iristeko saioek, ordea, zenbait hilabeteko etena izan zuten, eta alaituek Rhin ibaiaren ertzean gelditu behar izan zuten. Alemania 1944ko abenduan Ardenak mendialdea erasotzen saiatu zen (Ardenetako gudua), baina alferrekoa izan zen ahalegin hura. 1945eko martxoan aliatuek Rhin zeharkatu zuten, eta apirilaren 25ean sobietarrekin egin zuten topo Elba ibaian: Alemania bitan zatiturik gelditu zen.

Errusiako frontean, Stalingradeko guduaren ondoren, hainbat mugimendu izan ziren hegoaldeko alderdian. Mugimendu haiek Kurskeko guduarekin amaitu ziren, 1943ko ekainean. Kurskeko gudua gerrako handienetakoa izan zen (900.000 soldadu alemaniar, historian izan den gudu orga multzo handiena). Azkenik, sobietarrak irten ziren garaile. 1944. urtean sobietarrak, poliki-poliki, mendebalderanzko lurraldeak hartu zituzten. 1945eko apirilaren 25ean sobietarrak Berlinen sartu ziren, eta Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen. Maiatzaren 7an Alemaniak errendizioa hitzartu zuen, eta hala amaitu zen Bigarren Mundu Gerra Europan.

Holokaustoa

Thumb
Buchenwald kontzentrazio-esparruko gatibuak, askatuak izan ziren egunean (1945eko apirilak 16).

Hitlerrek eta nazionalsozialismoak muturreko alderdietara eraman zituzten arrazismoa eta antisemitismoa. Arrazen inguruko teoriak XVIII. mendearen bukaeran jaio ziren, baina XIX. mendearen bukaeratik aurrera teoria horiek arrazismo bihurtu ziren, Gobineau eta Lapougeren baieztapenen bidez.

Hitlerrek antisemitismoaren premisak ideologia politiko gisa zehaztu zituen Mein Kampf liburuan, eta alderdi nazionalsozialistaren programako laugarren puntuan argi eta garbi esan zuen judu bat bera ere ez da (alemaniar) nazioko kide izango. Horrenbestez, 1933an aginpidera iritsi zenetik eta gerra hasi zen arte, juduek presio ekonomiko eta fisikoa jasan behar izan zuten, eta Alemaniatik irtetera behartu zituzten. Beren ondasunak eta eskubideak kendu zizkieten, eraso egin zieten eta seinalatu egin zituzten, eta lehenengo kontzentrazio esparruetara eraman zituzten aurkari politikoekin batera (etsai politikoak ziren gehiengoa hasieran). Garai hartakoak dira Dachau, Oranienburg, Ravensbrück edo Mauthausengo kontzentrazio esparruak.

Gerra hasi zenean kontzentrazio esparruen kopuruak gora egin zuen, gero eta preso gehiago hartzen baitzituzten. Errepresioa gogortu egin zen, eta judu, ijito, homosexual, gaixo eta etsai politikoak atxilotu zituzten. Juduei dagokionez, edo ghettoetan biltzen zituzten (Lodz, Varsovia…), edo atzerrira bidaltzen zituzten bestela. Baina aldi latzena Wannsee Konferentziaren ondoren hasi zen (1942ko urtarrila), agintari naziek Azken Konponbidea bilatzea erabaki zutenean, alegia, Europako judu guztiak era sistematikoan hiltzea (gas ganberetan eta errausketa labeetan). 1941ean, Errusiako inbasioaren garaian, polizia bereziek milioika lagun hil zituzten (Keitel mariskalaren Nacht un Nebel –Gaua eta Lainoa– dekretuak babesturik).

Kontzentrazio esparruen sistema, bizitzeko baldintza gogor eta atxilotuak lekuz aldatzea eta sistematikoki desagertaraztearekin bospasei milioi judu hil zituzten, holokaustoa delakoa. Horiez gainera, 400.000 ijito inguru (europar ijitoen laurdena) eta ia ehun mila buruko gaixo. Hil zituzten juduetatik erdiak poloniarrak ziren, eta ehuneko hamarrera jaitsi zen judu kopurua.

Aliatuek, gerra amaitu zenean, Nurenbergeko epaiketetan (1945. urte bukaera-1946. urteko lehen hilabeteak) agintari naziak epaitu zituzten delitu horiengatik eta beste batzuengatik.

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.