Euskal Herriko baleazaleak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskal Herriko baleazaleak XII. eta XVIII. mendeen artean balea-ehizan jardun zuten Euskal Herriko arrantzaleak izan ziren. Hasieran, Bizkaiko golkoaren itsasertzean aritu izan ziren sardako balearen (euskal balea izenaz ere ezaguna)[1][2][3] arrantzan. Tekniken hobetzeak, ordea, gero eta urrunago joanarazi zituen arrantzaleak (hasieran Ipar Itsasora, pixkanaka-pixkanaka Islandiara, eta azkenekoz Kanadako Ternua eta Labradorreko kostaldeetara[4]). Arrantzaleak, baleak harrapatzen ez ezik, larru-bilketan eta bakailao-arrantzan ere ibili ziren. Jarduera horietan sortutako merkataritza-harremanen eraginez, bertokoek euskarazko pidgin bi sortu zituzten: euskara-islandiera (Islandian) eta algonkin-euskara (Kanadan).