From Wikipedia, the free encyclopedia
Diru papera da paperean inprimatutako dirua, zehazkiago diru fiduziarioa, balio materialik ez duelako, egungo txanpon gehienek bezalaxe. Herrialde edo lurralde bateko banku zentralak edo legezko beste erakunde batek inprimatu eta jaulkitzen du, herrialde horretako erabilera legaleko diru moduan. Txanponak diru kopuru txikietarako erabiltzen diren bitartean, diru papera kopuru handietarako erabili ohi da. Izan ere, kopuru handietarako txanponak ez dira oso erosoak.
Diru papera Txinan sortu zen, Tang dinastiaren garaian,[1] VII. eta IX. mende artean. Biztanleen artean merkataritza errazteko truka bide gisa sortu zen.
Hastapenean, bankuen gisako erakundeek ematen zituzten diru paperak, baina Song dinastiarekin, XI. mendearen hasieran, estatuaren eskumen bilakatu zen diru papera inprimatzea.
XIII. mendean, Marco Polo veneziarra Txinara iritsi zelarik, diru paperak haren arreta piztu zuen, eta zehatz idatzi zuen horretaz, ekoizpena, balioa eta erabilera deskribatuz. Bidaia horretan egindako oharrek Mendebaldean diru paperaren ekoizpenari eta erabilerari buruz dauden lehen erreferentziak biltzen dituzte.[2]
Europan garai hartan nagusi ziren baldintzetan, papera ordainbide ulertezin bat zen. Marco Poloren garaikideentzat, diru paperen gaineko informaziok fantasiazkoa eta sinesgarritasunik gabea zirudien. Esploratzaile ezagunaren deskribapenak urte batzuk geroago egiaztatu ahal izan ziren, Ming dinastiak XIV. mendean jaulkitako diru paperekin. Txinatarrek «diru hegalari» deitu zioten diru paperari, alde batetik, pisu oso apala zuelako, eta, bestetik, eremu zabaletan hedatzeko erraztasunagatik. X. mende inguruan, ongi egituratutako zirkulazio sistema zuten. Diru papera erabiltzen hasi orduko agertu ziren faltsutzaileak.[3] Txinako agintariak gogorki borrokatu ziren haien aurka, zigor zorrotzen bitartez, batzuetan heriotza zigorra ere aplikatuta.[4]
Ibrahim ibn Ya'qub merkatariak 960. urtean Pragara egindako bisitaren arabera ―Abu Abdullah al-Bakriren Errepideen eta erresumen liburua (al-Bakrī) obran jasoa―, oihal zati txikiak erabiltzen ziren merkataritza trukerako, zilar truke tasa jakin batekin.[5]
1150 inguruan, tenplarioek txartelak jaulkitzen zituzten, erromesek tenplarioen bulegoetan utzitako baliozko objektuen truke, Lur Santurantz ontziratu aurretik; gordailuaren balioa adierazten zuen dokumentu bat jasotzen zuten. Lur Santura iristean, agiria balia zezaketen balio bereko funtsak jasotzeko.
XIII. mendean, txinatar yuanaren diru papera ezagutarazi zen Europan, Marco Poloren eta beste zenbait bidaiariren kontakizunen bidez. Berehala, Italian eta Flandrian, segurtasun arazoak saihestu eta distantzia luzeetan eskudiru kopuru handiak garraiatzeko ezintasunagatik, diru merkatariak kanbio letrak erabiltzen hasi ziren. Bankuko diru paper arrunten aurrekaritzat jo izan dira halako zor agiriak. «Bankuko diru paper» terminoa bankuko diru paperetatik («nota di Banco») sortu zen XIV. menden: banku batean gordailututako metal preziatua (gehienetan, urrea edo zilarra) eskuratzeko eskubidea aitortzen zion txartelaren jabeari.[6]
Europan, lehen bankuko diru paperak XVII. mendean agertu ziren; berezi beharrekoak dira John Law eskoziar finantzariak jaulkitakoak. Ofizialki diru paperak jaulki zituen lehen bankua, 1661ean, Stockholmeko Bankua izan zen, Riksbank edo Suediako banku zentralaren aurrekaria.[7][8] Frantzian, Luis XIV.ren erregetza iritsi arte, diru paperak kreditu erakunde txikiek baino ez zituzten egiten, hedakuntza mugatu batez eta Estatuaren babesik gabe. Handik aitzina, banku zentralak hasi ziren txanponak eta diru paperak jaulkitzen herrialde bakoitzean.[6]
Urrezko eta zilarrezko txanponak faltsutzea ez zen hain errentagarria. Aldiz, paperezko dirua iruzurrerako gai erakargarria izan da betidanik. Hori dela eta, bankuek segurtasun neurri ugari hartu ohi dituzte. Gaur egungo diru paperak paper bereziarekin egiten dira, kotoizko zuntz luzeak erabiliz eta inprimatzeko teknika konplexuekin. Askotan, paperaren konposizioan lihoa, kotoia edo beste ehun zuntz batzuk sartzen dira. Zenbait herrialdetan, hala nola Australian, Mexikon, Brasilen, Paraguain, Txilen, Guatemala, Zeelanda Berrian eta Hong Kongen, polimerozko diru paperak egiten dira, erresistentzia handitzeko. Gainera, zenbait holograma txertatzen dira, inprimatzeko teknika normalekin erreproduzitzeko zailtasun astunak ezarri nahirik.
Historian zehar egin den diru faltsutze ahalegin handienetako bat izan zen Bernhard Operazioa, 1942-1945 artean nazien erregimenak egina. Va Reinhard Heydrichek antolatu zuen, Heinrich Himmlerren onarpenaz, eta SSko Bernhard Krüger izeneko koronel batek gauzatu zuen.[9]
Faltsutzeak saihesteko, zenbait segurtasun neurri erabiltzen dira:
Diru paper bat higaduragatik ateratzen da zirkulaziotik, hau da, higaduragatik hondatuta dagoenean. diru paperak sailkatzeko makina batetik igarotzen dira beren benetakotasuna eta zirkulatzeko gaitasuna zehazteko. Zirkulatzeko gai ez direla esan daiteke, maiztuta, zikinduta, hondatuta, zati bat galduta edo puskatuta badaude. Egokiak ez diren diru paperak banku zentralera itzultzen dira, modu seguruan suntsi daitezen, abiadura handiz diru paperak sailkatzeko makinen bidez. Makina horiek zeharkako birrintzeko gailu bat erabiltzen dute, P-5 segurtasun maila duen papera birrintzeko makina baten antzekoa (30 mm² baino gutxiagoko piezak), DIN 66399-2 arauaren arabera. Horrela, diru papera 500 pieza txikitan suntsitzen du eta berreraikitzea saihesten du, diru paper askoren zatiak nahastuta daudelako.
Hala esaten zaio atzean % 100eko erreserba metalikoak (gehien bat, urrea) dituen diru paperari. Gobernuak erreserba horiek gorde behar ditu, diru paperaren jabeak hala eskatzen duenerako.[10] Diru ordezkagarriaren adibide dira, Estatu Batuetan, urre eta zilar ziurtagiriak ―Ogasunaren altxorrean urrezko eta zilarrezko gordailu bermatuak baitituzte― edo 1927an jaulkitako Indian head izeneko urrezko txanponak.[11]
Dirua paper bihurgarria balio metaliko bera duten txanponez edo diru estandarrez truka daiteke, diruaren jabeak hala eskatuta. Gobernuak ez du halako dirua bermatzeko % 100eko erreserbarik gorde behar. Diru itzulketaren berme gisa, balio metalikoa duen diruzko zati nominal bat gordetzea aski da, diru bihurgarri guztia ez baita aldi berean diru truke itzultzeko aurkezten.[10]
Diru paper mota hau ezin da trukatu balio metaliko bera duten txanponez edo diru estandarrez. Altxor publikoa ez du urrezko edo zilarrezko erreserbarik gordetzen, berme gisa. Dirua gobernuaren agindu idatziaren gainean ematen da. Urrea, zilarra edo beste herrialde batzuetako moneta gorde daitezke, berme gisa, baina halako erreserbak ez dira mantentzen diru paper bihurrezinen jabeentzat. Izan ere, gobernuak eskumena du balioak edo idatzizko aginduak berreskuratzeko. Diru paper bihurrezinaren adibide dira, besteak beste, alemaniar markoa Lehen Mundu Gerraren garaian, dolarra Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilaren garaian edo frantziar libera Frantziako Iraultzaren garaian.[10]
Diru fiduziarioa da benetako balioa baino handiagoa duen dirua. Halako diruaren benetako balioa arbitrarioa da: jendeak onartu egiten ditu agintariek jaulkitako terminoetan: balio nominal bat finkatzen da eta diru fiduziarioa ez da diru estandarrarekin aldatzen. Truke bitarteko gisa eta balio estandar gisa erabiltzen da. Diru fiduziarioa paperezko dirua edo beste edozein salgai izan daiteke, baina garrantzitsuena da balio erreala ez dela balio nominalaren berdina. Diru fiduziarioa mundu osoan erabiltzen da.[12]
Hastapenetan, banketxeak zituen metalezko txanponak erreklamatu eta eskuratzeko bide bat ziren diru paperak, baina eskuz esku ibiltzeko erraztasunaren eta banku sistemaren gaitasunean jendeak pixkanaka hartutako konfiantzaren eraginez, trukerako bide arrunt bihurtu ziren. Orain, diruaren oso proportzio txikia osatzen dute diru paperek, ordainketa elektronikoek diru paperen eta txanponen beharra deuseztatu baitute.
Txartel gehienak kotoizko paperarekin egiten dira, metro koadroko 80 eta 90 gramo arteko pisuarekin. Kotoia lihoarekin, abakarekin edo bestelako ehun zuntzekin nahasten da batzuetan. Oro har, dirua egiteko papera berezia da, paper arruntaren aldean: askoz hauskaitzagoa da, higadurari aurre egiten dio eta, gainera, ez ditu papergintzan erabiltzen diren ohiko azidoak, paper arruntak argi ultramorearen azpian distira pixka bat egitea eragiten dutenak. Paper gehienetan ez bezala, diru paperen papera alkohol polibinilikoarekin edo gelatinarekin sortzen da, uraren ordez, erresistentzia handiagoa emateko. Aspaldidanik dator paper berezia erabiltzeko joera: txinatar lehen diru paperak masustondo azalaren paperean inprimatzen ziren.[22]
Diru paper gehienak moldeko fabrikazio prozesuaren bidez egiten dira. Hala ere, eraikuntza nahiko konplexua izaten da: elementu fluoreszenteak, magnetikoak, metalikoak eta mikroinprimaketak biltzen ditu. Segurtasuna paperezko leihoetan oinarritzen da; leihoak xafla holografikoekin estaltzen dira, kopia zailtzearren. Teknologia hori euroaren diru paperetan aplikatzen da, besteak beste.[23]
Lehen polimerozko diru paperak 1980ko hamarkadan kaleratu zituzten Costa Ricak, Haitik eta Man Uharteak, baina arazoak zituztenez ―tintaren higadura azkarra, besteak beste― berehala erretiratu zituzten. 1988an, Australiak polipropileno biaxialarekin egindako polimerozko lehen diru papera ekoitzi zuen; 1996an, balio guztietako diru paper sorta osoa polimerozko diru paperekin ordeztu zuen lehen herrialdea izan zen.[24] Geroztik, polimerozko diru paperak beste herrialde askotara hedatu dira, kontinente guztietan.[25] Polimerozko diru paperak iraunkortasuna hobetzeaz gain, faltsifikazioa saihesteko segurtasun elementu ugari jasotzen ditu.[26]
Urteetan zehar, papera ez den beste material batzuk erabili izan dira diru paperak inprimatzeko. Besteak beste, larrua[27] eta zeta ehunak.[28]
Zeta eta gisako zuntz batzuk erabili izan dira diru paperak fabrikatzeko, iraunkortasun eta segurtasun handiagoa emateko. Bielefeld hiriak zeta, larru, belus, liho eta egur jaulkipenak egin zituen. Esan daiteke bildumagileentzat egin izan zituela, zirkulazio arrunterako baino gehiago.[29] Txinako Gerra Zibilaren garaian, 1933an, lehen banku komunista aitzindari batek ―Sichuan Shaanxiko Sobieteko Langileen eta Nekazarien Bankuak― kotoiz egindako diru paperek jaulki zituen, irudi iraultzaile komunistak erakutsiz.[30] Bigarren Boer Gerran, 1902an, larrialdietarako dirua inprimatzera iritsi ziren, 1902an, soldaduen alkandoratatik hartutako oihal zatietan.[31]
Larruzko diru paperak eta txanponak jaulki izan ziren ―aipatutako Bielefeld hiriak bildumagileentzat egindakoez gain―[29] larrialdi edo setio egoera batzuetan; hala, adibidez, 1237an Federiko II. Siziliakoak larruzko txanponez ordaindu zien soldaduei, Milaneko eta Faenzako setioetan.[32]Txanpon jaulkipen batzuk egurrean inprimatu ziren Kanadan, 1763-1764an, Pontiaceko matxinadan.
Joko kartak ere iritsi ziren txanpon gisa erabiltzera, Frantzian, XIX. mendearen hasieran, Kanadako alde frankofonoan 1685-1757 bitartean, Louisianako kolonian, Guyana Nederlandarrean, Man Uhartean XIX. mendearen hasieran eta Alemanian, Lehen Mundu Gerraren ostean.[33]
Diru paperen orientazioa gehienetan horizontala den arren ―hau da, papera alde zabalenera etzanik―, batzuetan orientazio bertikalean inprimatu izan dira. Estatu Batuetan, Dowling Duncan diziplina anitzeko diseinu etxe batek egindako azterketa batek argitu zuen jendeak modu bertikalean erabiltzen eta tratatzen dituela diru paperak, horizontalean inprimatuta egonagatik ere, batez ere dirua kutxazain automatikoen eta beste diru makina batzuen bidez prozesatzen denean.[34]
Sri Lankak diru paperen atzealdea orientazio bertikalean inprimatzen du, 1979az geroztik.[35] 1993 eta 2013 artean, Brasilek formatu bertikalean inprimatu izan ditu diru paperen atzealdeak.[36] Era berean, Hong Kongen 2018ko diru paperen serieak aurrealdea modu horizontal tradizionalean izan arren, atzealdea formatu bertikalean zeukan.[37] Kanadan, 2018an 10 dolarreko diru paper serie bat kaleratu zuten formatu bertikalean,[38] nahiz ez zen orduan lehenengo aldiz pentsatu diru paper bertikalak ateratzea.[39] Ipar Irlandan, Ulster Bankuak 5 eta 10 liberako diru paper bertikalak kaleratu zituen 2018an.[40]
1937an euskal diru papera inprimatu zuen lehenbizikoz Eusko Jaurlaritzak, gerra egoeran, pezetetan eta Espainiako Errepublikako erakundeekin adostuta. Hastapenean, bederatzi banketxe eta kutxak jaulkitako diru paperak kalitate eskasekoak ziren, baina 1937ko apirileko dekretu batek aginduta, diru paper berriak egin ziren,[41] atzealdean euskal eszenak zituztenak, Nikolas Martinez Ortiz de Zarate margolariaren lanak. 5, 10, 25, 50 eta 100 pezetako diru paper haiei eliodoroak esan izan zitzaien, Eliodoro de la Torre orduko Ogasun sailburuaren izenagatik.[42]
Euskal Moneta erakundeak XXI. mendean jaulkitako Euskal Herriko tokiko dirua da euskoa, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian erabiltzen dena. Diru hori 2013ko urtarrilaren 31n jaio zen, Euskal Moneta Ekologiko eta Solidarioa Sortzeko Elkartearen eskutik. 2013an 370 saltokitan erabilgarri da.
Diru paper formatuan jaulkita, 1, 2, 5, 10 eta 20 euskoko diru paperak daude. Ez dago txanpon formaturik.
Ramuntxo Partarrieuk egin zituen diru paperen diseinuak, Bob Edmek egindako argazkien gainean. Argazkiotan Euskal Herria edota euskararekin lotura duten irudiak ageri dira:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.