historian zehar sorginen aurka izandako jazarpena da, maiz jendearengan haienganako ikara eta gorrotoa zabalduz. From Wikipedia, the free encyclopedia
Sorgin-ehiza historian zehar sorginen aurka izandako jazarpena da, maiz jendearengan haienganako ikara eta gorrotoa zabalduz. Europan eta Ipar Amerikan gertatu ziren XV.-XVIII. mende bitartean (Erdi Aro amaieran eta, bate ere, Aro Modernoan, alegia) eta horien ondorioz, hamar milaka pertsona erailak izan ziren, maiz erreta. Gutxi gora behera, XV. mendetik XVII.era 100.000 bat pertsona hil zituzten munduan "sorginkeria" egotzita, horietako gehienak, hau da,% 80 emakumeak ziren.[1]
Oro har, asko idatzi da sorginkeria eta sorgin prozesuen inguruan, eta batzuetan, iturriek babesten ez dituzten uste faltsuak zabaldu izan dira. Besteak beste, songin-ehiza Erdi Aroko fenomenoa dela ustea dute askok, baina prozesu gehienak eta zigor gogorrenak, Erdi Aro amaieran hasi eta Aro Modernoan izan ziren.
Euskal Herrian, sorgin-ehiza ezagunenak bi dira: Zugarramurdikoa eta Lapurdikoa. Zugarramurdi eta inguruko herrietako ustezko sorginen eta sorginkeria leporatutako pertsonen aurkakoan (ikus Zugarramurdiko sorginkeria prozesua) XVII. mende hasieran gertatu zen; jazarpen horretan 300 pertsona inplikatu ziren eta azkenean, Logroñon izandako epaiketan 12 pertsona hiltzera kondenatu zituzten. Lehenago gertatu zen Lapurdiko sorgin-ehiza, Pierre de Lancrek zuzendutakoa. Biak aldi eta eskualde berean gertatu ziren eta lotuta daude[2].
Sorgin-ehiza terminoa modu metaforikoan ere erabiltzen da, kolektibo bateko kideen aurkako jazarpena izendatzeko, bereziki horretarako jendearengan horien aurkako mesfidantza, beldurra eta gorrotoa zabaltzen denean. Azken honen adibide argi moduan McCarthyismoa dago.
Magoen existentziaren sinespena antzinako kultura handietatik dator, izan ere, arte magikoekin kontuz ibili behar zen eta magia beltza izateari beldurra zitzaion. Babiloniako Hammurabi Kodigoan eta Aitzinako Egipton magoak zigortzen ziren. Hala ere, ez zen inoiz Erdi Aroan bezalako sorgin-ehizarik izan.
Bibliak, Itun Zaharrak, batik bat, magia debekatzen du (Leivitico 19:26), eta bere jazarpenerako deialdia egiten du (Exodo 22:17). Hori bai, Exodo 22:17-ko esaldia Luterok gramatikalki "zuzendu" zuen, eta mago edo azti beharrean, "sorgin" hitza erabili zuen, emakumezkoei soilik egiten erreferentzia. Hala ere, sorginaren kontzeptu modernoa ez da agertzen Biblian. Nolanahi ere, horrek ez zituen sorginkeriaren teorikoak gelditu eta aipamen horiek sorginen existentzia eta zigorrak justifikatzeko erabili zituzten.
Bibliako bertze zati batzuetan magoen eta asmatzaileen arteko harremanak modu positiboan kontatzen dira. Saul erregeak Endorreko Sorginari aholkuak eskatzen dizkio (I Samuel 28, 5-25) filistiarrengatik sentitzen zuen desesperazioa zela eta, berak asmakuntzak debekatu zituen arren. Jesusen jaiotzara joaten diren Errege Magoak, aldiz, ez dira aztiak, grekoan magi hitzak jakintsuei eta zientzialariei egiten baitzien erreferentzia.
Jatorrizko Elizak ez zuen hasierako jazarpen horietan parte hartzen baina magiarekin zerikusia zuten ekintzak baztertzen zituzten.
Germaniarrak, kristau bihurtu baino lehen, ezagutzen zuten aztikeria kaltegarriak egiten zituzten magoen erreketa. Hala ere, Goi Erdi Aro frankoen karolingiar garaian ez zen sorgin-ehizarik izan, 785eko Paderboneko kontzilioan (kristautasunerako oinarrizkoa izan zena) sorginenganako sinesmena eta jazarpena debekatzen baitzuen.
X. mendearen hasieran, zehazki 906an, Treveriseko artzapezpikuak Prümeko abade izandako Reginori, eskatu zion bere gotzainek erabiltzeko diziplina-gida bat idazteko. Reginok artzapezpikuarentzat idatzi zuen lanean, aurreko mendeko Karlos II.arenaren kanon bateko kapitulario[3] bat sartu zuen . Dokumentu horri Canon Episcopi esaten zaio, eta argi eta garbi hau jasotzen du: «Ezin da onartu Satanen ilusio eta ispiluek perbertitu eta limurtutakoek zenbait emakume maltzurrek, Diana jainkosarekin edo Herodianarekin, eta emakume multzo handi batekin batera gauez joaten direla sinetsi eta esatea, animalia jakin batzuk muntatuz, gaueko isiltasunean lurraren eremu zabalak zeharkatuz eta Dianari obedituz bere andre gisa [...]. Ezin konta ahala jendetzari erokeria horrek menderatzen ditu eta egiazkoa dela uste du, bide zuzenetik aldentzen da eta akats paganoan hondoratzen da [...]. Horregatik, apaizek parrokietako gizonei predikatu behar diete hori guztia erabat faltsua dela eta fededunen izpirituetan horrelako mamuak ez datozela Jainkoaren izpiritutik, Etsaiarekin baizik [...]. Gizakiak oker pentsatzen du dena gertatzen dela, ez izpirituan (in animo), baizik eta gorputzean (in corpore)»[4]
Hungarian sorginei strigis esaten zitzaien eta Erdi Aroaren hasieran Koloman Hungariakoa erregeak (1095-1116) lege bilkura zen liburu bateko artikuluan honakoa idatzi zuen: "De strigis vero, quae non sunt, nulla quaestio fiat" ("Sorginei dagokienez, hauek ez direnez existitzen, ez da haien bila ikerketarik eginen"). Hori guztia dela eta, Hungariar erreinu katoliko eta kristaua Erdi Aroko erreinuen artean ia bakarra izan zen sorginak ez jazartzen. Hala, ondotik tronura ailegatu ziren monarka hungariarrak malgutasun handia izan zuten juduekin, kumandarreekin eta musulman uzbekoekin, baita etnia anitzekin ere; kroaziarrak, serbiarrak, eslovakiarrak, horiek hungariar erreinuan bizi zirelarik hizkuntzak eta kultura errespetatzen.
Alemanian, sorgin hitzaren (hexe) existentziaren lehen frogak Frevelbüchern-ean (legeak) agertzen dira, Schaffhausen hirian, XIV.mendearen akabailan (1368/87), Oliver Landoltek azaldu duen bezala. Luzernan 1402an agertu zen lehen aldiz hitza.
Aro Modernoan (XV. mende bukaera - Frantses iraultza) lehertu zen sorginkeriaren izua eta lege prozesuak biderkatu ziren.1400etik 1775era, 100.000 pertsona inguru auzipetu zituzten sorginkeriagatik Europan eta Britainiar Amerikan.[5] Sorgin ehizak bereziki gogorrak izan ziren Germaniako Erromatar Inperio Santuko zenbait lekutan. 40.000 eta 60.000 pertsona artean[6][7] exekutatu zituztela kalkulatu da, ia guztiak Europan. Sorginkeriagatiko epaiketak 1560tik 1630era bere gorenera iritsi ziren,[8][9] kontrarreformaren garaian eta Europako erlijio gerretan. Herritarren artean, auzokoek egiten zituzten sorginkeria-salaketak,[10] eta emakumeek eta gizonek sorginkeria-salaketa formalak egiten zituzten.[11] Beti egon diren herri-sendatzaileak (magia eta medikuntza tradizionala nahasten zutenak) sorginkeria praktikatzeaz salatu eta epaitzen zituzten batzuetan, baina badirudi akusatuen gutxiengo bat osatu zutela.[12][13] Kondenatuen % 80, gutxi gorabehera, emakumeak ziren,[14] gehienak 40 urtetik gorakoak.[15][16][17] Eskualde batzuetan, zigortutako sorginak erre egiten zituzten, heresia erlijiosoaren zigor tradizionala.
Soringinen jazarpenean eragin handiena izan zuen liburua, Malleus Maleficarum (Sorginen mailua) 1486. urtean argitaratu zen Alemanian. Bertan, sorginkeria heresiatzat hartu zen, eta hori erabakigarria izan zen.
Kristautasunaren banaketaren ondoren, Eliza katolikoak erlijio katolikoaren garbitasuna zaintzeko sortutako Inkisizioa erakundea indarberritu egin zuen, eta inkisidoreak herriz herri ibiltzen ziren erlijioaren aurkako kideen bila. Inozentzio VIII.a aita santuak eskumen zabalak eman zizkion Inkisizioari heretikotzat jotako jarrerak borrokatzeko 1484an, Pizkundearen atarian. 1487an, bulda horren babespean Malleus maleficarum argitaratu zen, inkisidoreen sorgin ehizarako eskuliburu bihurtutakoa.
Gaztela eta Aragoiko koroak bateratu ondoren, Fernando II.a Trastamarakoak Inkisizioa sortu zuen 1478an koroari lotutako auzitegi gisa; Nafarroako agintariak hura onartzera hertsatu zituen pixkanaka, Tuterakoak lehenik. 1525ean lehen sorgin ehiza hasi zen Errege Kontseiluak gidatuta, baina Inkisizioaren laguntzaz, espainiar okupazioaren aurkako azken erresistentzia guneak men egin berritan (Hondarribiko setioan, 1524ko apirilean). XVI. mende osoan, hainbat sorginkeria eta sorgin ehiza agerpen izan ziren Nafarroan, Logroñotik Inkisizioak gaztelaniaz zuzenduta.
Bestalde, Pierre de Lancre epaile zibila, Bordeleko Parlamentuko kontseilaria eta abokatua, jesuitekin ikasia eta sorginkeria kontuen zalea, sorgin-ehizan aritu zen euskal lurraldeetan, besteak beste Lapurdin, 1609. urtean.
Silvia Federici filosofoak Caliban and the Witch: Women, the Body and Primitive Accumulation [Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta hasierako pilaketa] liburuan zenbait galdera egiten ditu: nolatan sorgin-ehizaren sarraskiak hain interes esplikatibo gutxi izan duen historiaren inguruko ikerkuntzan? Ba al du prozesu bortitz eta ezkutu honek ahalmen esplikatiborik? Gizonek honi guztiari aurre egin al zioten? Egile honek kapitalismoa ezarri eta proletarioen klase sortu arteko trantsizio gatazkatsuan kokatzen du, normalean jorratu izan diren dimentsio erlijioso edo moraletatik at. Ikuspegi materialista batetik, Federicik erakusten du Erdi Aroaren amaieran, mendebaldeko emakumeek gogotik hartu zutela parte ondare komunak defendatzeko borroketan. Marxek Kapitala idazlanean erakutsi zuen nola aristokratek eta burgesiak pribatizatu zituzten lurrak, nekazariak industria-guneetara jotzera behartzeko, eta langile bilakatzeko. Federici Marxen ikuspuntutik haratago doa ikuspegi feministatik.
Jakina denez, Erdi Aroan lana irauteko ekonomian oinarritzen zen, geroago gertatuko zenarekin alderatuta, ez zegoen banaketa sexual hain hertsirik edota hainbesteko desberdintasun sozialik erreprodukzioa eta bizitzeko ondasun-ekoizpenaren artean. Baina dinamika sozio-historiak aldatzen hasi ziren eta horren efektuak, besteak beste, izan ziren jauntxoei zerbitzuen bidez ordaindu ordez, diruaren bidezko ordainketak orokortzen hasi zirela lan-munduan, edota lan banaketa sexualaren ondorioz emakumeei baliabide ekonomiko edo lur-ondareak izateko aukera murriztu zietela.
Garai zehatz hartan, heresia eta sorginkeria kasuak biderkatu ziren, eta filosofo italiarrak ondorioztatzen du sorgin-ehizak aldaketa sakon horien aurkako erresistentziei aurre egiteko estrategiaren baitan ulertu behar direla, non, emakumeak gehien bat izaten ziren jomuga. Botere erlijiosoak eta monarkikoak gogotik egin zieten aurre, horientzat praktika amoral gisa aurkeztu zituzten ohiturei. Europako zenbait herrialdetan, XV. mendean egin ziren lehenengo epaiketak. Handik aurrera, dinamika kontrairaultzailea eta misoginoa piztu zen, esaterako, emakume langileen aurkako bortxaketek delitu izateari utzi zioten Europako zenbait lekutan. Emakumeen kontrako jarrera normalizatu zen eta degradazioa indartu zen, feminitatea eta maskulinitatea birdefinituta. Garai hartan emakumeak arlo publikotik kanporatzen hasi ziren, eta, aldi berean, gizonen presentzia indartu nahi izan zen. Gutxi balitz, orden publikoaren kontrako mehatxutzat jotzen hasi zen emakumea. Sorginen, emakume txiro eta langileen aurkako bortizkeria normalizatu eta handitu zen. Nolabait, tesia zera da: eliteek bekatari edo errudun bat behar izan ohi dutela, gizarteko sektoreak diziplinarteko eta orden soziopolitikoa finkatzeko, herritarren obedientzia bermatze aldera. Kasu horretan, marko normatiboaren elementu gaitzesgarriena zen sorgina, beraz, emakume guztiak diziplinatu behar ziren, sorginak zigortuz eta akabatuz.
Gaur egungo kapitalismoaren adreilu ezinbestekoa eta iraunkorra indartzen eta mutatzen joan da duela zenbait mende, heteropatriarkatua, alegia. Baina, Michel Foucaultek frogatu zuen moduan, diziplinak buruan zein gorputzean eragiten zuen, lanerako indar otzana bilakatzeko. Diskurtso edota sinemenez gain, praktika eta ohitura batzuk zigortzen hasi ziren emakumeak arrastoan sartzeko eta dagozkien espazio inposatuetara hesitzeko. Sorginak erretzen ziren, exekutatu, ekoizpen-sistema berriaren aurkako diskurtsoak eta gaitasunak adierazten baitzituzten. Sexualtasuna bizitzeko, sendatzeko eta erreprodukzioa kontrolatzeko ideia eta praktikak garatu zituzten etsaitzat hartzen ziren emakume jakintsuak.
Kolonizazioaren garaian, Amerikan "calibanak"[18] izan ziren Europako emakumeak, jazarpen latzak sufritu baitzituzten, esklabo bihurtu arte.
Euskal Herriari dagokionez, Federicik nabarmentzen du emakumeen kontrako bortizkeriaren kontrako gizonen jokabideaz dokumentazio gutxi dagoela, baina, kontatzen du 1609an Donibane Lohizuneko arrantzaleek jakin zutela euren emazteak torturatu eta akabatuak izan zirela eta sutara eramateko sorginez betetako garraio bat libratu zutela bidean.
Zerbaiten usteren kontra, sorgin-ehiza ez zen Erdi Aroko obskurantismoan indartu, baizik XVI eta XVIIgarren mendeetan, hau da, Modernitatearen atarian. Europako hegoaldeko herrietan ez ezik iparraldeko herrietan ere gauzatu zen; are gehiago: Europa Erdian eta Iparraldean izan ziren epaiketa gehienak. Italian sorgin-ehiza txikia izan zen, eta Espainian, nahiz eta sorginekiko sinesmena bazen, jazarpen legala oso urria izan zen[19][20], eta ia denak, Euskal herrian gertatu ziren. Hau da, doktrina katolikoak ez du esplikatzen zergatik diziplinatzeko prozesu bortitz hori osatu eta garatu zen hainbeste herrialde europarretan, eta ez afrikarretan edo asiarretan. Elite ekonomiko, moral eta intelektualek oinarri teoriko eta normatiboa diseinatu zuten, emakumeen kontrako errepresioa justifikatzeko, eta orden ekonomiko kapitalista eta patriarkal berria balioztatu zein naturalizatzeko. Marxek zera esan zuen: erlijioa herriaren opioa da. Gizartea drogatzen duten bitartean, orden ekonomikoa eta normatiboa inposatzeko oztopo herrikoiak uxatzen dira.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.