From Wikipedia, the free encyclopedia
Peter Paul Rubens (Siegen, Westfalia, 1577ko ekainaren 28a – Anberes, Espainiar Herbehereak, gaur egun Belgika, 1640ko maiatzaren 30a), Pieter Pauwel edo Petrus Paulus ere deitua, belgikar margolaria izan zen. Flandesko Barrokoko artista entzutetsuenetakoa izan zen, bere koadroen mugimendu, kolore eta sentsualtasun aberatsarengatik.
Peter Paul Rubens | |||||
---|---|---|---|---|---|
(1623) | |||||
1624ko ekainaren 5a -
1600ko uztaila - 1608ko maiatzaren 5a | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Siegen, 1577ko ekainaren 28a | ||||
Herrialdea | Espainiar Herbehereak | ||||
Bizilekua | Siegen Kolonia Erroma Anberes | ||||
Heriotza | Anberes, 1640ko maiatzaren 30a (62 urte) | ||||
Hobiratze lekua | St. James' Church, Antwerp (en) | ||||
Heriotza modua | : bihotz-gutxiegitasuna | ||||
Familia | |||||
Aita | Jan Rubens | ||||
Ama | Maria Pypelinckx | ||||
Ezkontidea(k) | Isabella Brant (1609ko urriaren 3a - 1626ko uztailaren 15a) Helena Fourment (mul) (1630eko abenduaren 6a - 1640ko maiatzaren 30a) | ||||
Seme-alabak | |||||
Haurrideak | |||||
Leinua | Rubens family (en) | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | Cambridgeko Unibertsitatea Old University of Leuven (en) | ||||
Hizkuntzak | nederlandera alemana italiera gaztelania | ||||
Irakaslea(k) | Tobias Verhaecht (en) Adam van Noort (en) Otto van Veen | ||||
Ikaslea(k) | ikusi
| ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | diplomazialaria, margolaria, artista grafikoa, grabatzailea, arkitektura proiektuen marrazkilaria, eskultorea eta artista bisuala | ||||
Lantokia(k) | Affligem Brusela Elewijt (en) Lieja Calais Paris Arroxela Genova Erroma Verona Amsterdam Breda Delft Haarlem Maastricht Rotterdam Haga Utrecht Alacant San Lorenzo de El Escorial Madril Valladolid Dover Londres Florentzia Kolonia Anberes Venezia eta Mantua | ||||
Enplegatzailea(k) | Vicente I Gonzaga (1600ko uztaila - 1608ko maiatzaren 5a) Alberto VII.a Austriakoa (1609ko iraila - Maria Medici (1621 - | ||||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||||
Influentziak | Paolo Veronese eta Pieter Bruegel Zaharra | ||||
Kidetza | Anberesko San Lukas artista elkartea | ||||
Mugimendua | Flemish Baroque painting (en) Barrokoa | ||||
Genero artistikoa | margolaritza historikoa margolaritza erlijiosoa biluzia erretratua margolaritza mitologikoa paisaia margolaritza erretratua genero-artea arte sakroa animal art (en) | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Erlijioa | katolizismoa | ||||
Anberesko eskola eratu zuen eta artelan ugarik dute haren sinadura, baina, batez ere, kontrarreformako erretauletan, erretratuetan, paisaietan eta mitologiazko margolanetan nabarmendu zen. Mitologia gaietan erakutsi zuen sentsualtasun biziak bihurtu zuen, bereziki, pintura barroko oparoaren erakusgarri nagusi. Europa osoko nobleziak eta arte biltzaileek erosi zituzten haren lantegian ekoiztutako margoak. Filipe IV.a Espainiakoak zein Karlos I.a Ingalaterrakoak zaldun izendatu zuten.
XVI. mendean, Anberes negozio-gune handia zen bere kai garrantzitsuari esker. Bertara, hainbat herrialdetako salgaiak iristen ziren, eta merkatari ingelesak, genovarrak, veneziarrak, portugesak eta espainiarrak aritzen ziren, besteak beste. Pinturak Pizkundeko joera berriei jarraitu zien Italiatik etorritako ekarpenei esker, eta ekarpen horiek Herbehereetara zabaldu ziren. Durerok Quentin Metsys margolaria, Joachim Patinir eta Lucas van Leyden grabatzailea ezagutu zituen 1520. urtean lurralde horietan zehar egin zuen bidaian. Flandriar arteak manierismoaren eta gero naturalismoaren eragina izan zuen pixkanaka, eta bere tradizioarekin bat egin zuten. Pieter Brueghel Zaharraren etorrerarekin, arte flandiarrak norabide sendoagoa hartu zuen. Flandriako errealismotik abiatuta, Italiako Pizkunde pinturaz zuen ezagutzarekin batera, Rubensek adierazpen piktoriko berritzaile bat eraiki zuen, barrokoan sartua zegoena[1].
Herbehereak Espainiaren mende zeuden, Filipe Ederraren eta Joana I.a Espainiakoaren arteko ezkontzagatik. Ezkontza horretatik Karlos V.a eta Felipe II.a oinordekoengana igaro ziren. Herria eta aristokraziaren zati bat, Gilen Orangekoa buru zutela, ez zetozen bat Felipe II.aren erlijio-intransigentziarekin. Horren ondorioz, 1566ko apirilean, Margarita Parmakoa gobernadore nagusiari, Felipe II.aren arrebaordeari, «Bredako Konpromisoa» edo «Nobleen Konpromisoa» izeneko eskaera aurkeztu zioten, Inkisizioa ezabatzea eta askatasunak berrezartzea helburu zuena. Margaritak neurriz erantzutea gomendatu zion anaiari, baina hark uko egin zion planteatutako eskaerei erantzuteari. Abuztuan, kalbinistek elizak suntsitu; irudiak profanatu (Beeldenstorm), eta herriak erre zituzten istiluak sortu ziren. Gobernadoreak matxinada itotzea eta ordena berrezartzea lortu zuen, baina, hurrengo urtean, erregeak Albako III. dukea, Fernando Alvarez de Toledo y Pimentel bidali zuen, Iskanbilen Auzitegia ezarri eta desordenen buruzagietako batzuk exekutarazi zituena. Errepresioaren ondorioz, protestante askok ihes egin zuten Alemaniara[1].
Herbehereetako hamazazpi probintzietatik hamar Espainiako erregearen (Espainiako Herbehereak) mende egon ziren, 1714an Utrechteko Itunak Germaniako Erromatar Inperio Santuari laga zizkion arte. Katolikoen ikuspegi artistiko ez-ikonoklasta zela eta, bere artistek enkarguak eta mezenasgoa lortu zituzten monarkiaren eta Espainiako nobleziaren artean, eta horiek eragina izan zuten egin zituzten lanetan, batez ere gai erlijiosoetan eta gudura buruzkoetan, bai eta erretratuetan ere. Flandriako pintura-eskolak sendotasun handia hartu zuen. Herbehereetako hegoaldean, eliza katolikoak erlijio gisa lortutako garaipenaren irudikapen handienak indartu zituen. Halako garaipenak interpreterik handiena Rubensen izan zuen, non fededun katoliko sutsua izan baitzen[2][2].
Siegenen jaio zen, 1577an. Liskar erlijiosoen eta politikoen eraginez, Anberestik erbesteratu behar izan zuen flandestar abokatu eta diplomatiko baten semea zen. 1589an, aita hil ondoren, Anberesera joan zen familiarekin eta hiri hartan egin zituen arte ikasketak, Italiako pinturaren aldeko joera piztu zion Otto van Veen artistarekin, batez ere.
1600. urtean Italiara jo eta Vincenzo Gonzaga Mantuako dukearen zerbitzuan hasi zen lanean, kopiagile eta erretratugile gisa. Hala, Italia osoan eta Madrilen barrena ibili zen urte haietan, eta gogotik eman zitzaion italiar kulturako alderdi artistiko guztiak aztertu eta bereganatzeari. Berehala ospe handia izan zuen, eta koadro eskari asko egin zizkioten, garai hartako italiar pintore onenen pare baitzegoen ordurako. Haren lehenengo margolanetan nabarmena da antzinateko estatuen, Michelangeloren, Rafaelen eta Caravaggioren eragina. Urte haietan azaltzen hasi ziren tenebristen argi-ilunetatik urrun zeuden Veneziako pintoreen kolore argiak Rubensen lanetan: Lermako dukearen erretratua (1603, Prado, Madril), Zirkunzisioa (1605, Chiesa del Gesù e dei Santi Ambrogio e Andrea, Genova).
1608an ama hil zitzaion eta Anberesa itzuli zen. Flandriako egoera politikoa baretua zen ordurako. Han Espainiako koroaren zerbitzuan ziharduen Alberto artxidukeak gorteko margolari izendatu zuen, lantegia Anberesen bertan, inolako zergarik ordaindu gabe, ezartzeko baimen bereziarekin. Margolari izateaz gainera, gorteko aholkulari ere izendatu zuten eta, hala, handikien egoitzetan sartzea izan zuen, gora egin zuen gizarte mailan, eta aginduzko margolan asko egin zuen, bai hirirako, bai elizarako eta bai goi mailako jendearentzat ere. 1609. urtean Isabelle Brandtekin ezkondu zen.
Garai hartako margolan ospetsuenek -Gurutzearen zutitzea (1610, Anberesko katedrala)- argi erakusten dute italiar artearen, eta bereziki Caravaggioren, zer nolako eragin handia zuen Rubensen lanak: argiaren bizitasuna, giza irudien dotoretasuna, eta margolanaren antolamendu zeharo barrokoa. Urte haietan erlijiozko gaiak landu zituen bereziki, Kontraerreformak erlijioari eman zion bultzadaren ondorioz; horren erakusgarri argia da Kristoren gorpua gurutzetik eraistea (1611-1614, Anberesko katedrala) erretaula bikaina.
Lan horietan erabili zuen diagonal egitura barrokoari esker, Rubens berehala gailendu zen Anbereseko eskolako margolarien artean. Haren arrakastak eta goi mailako gizartetik zuen eskari gero eta handiagoak bultzatuta, laguntzaile trebatu mordo bat bildu zuen bere lantegira: Antoon van Dyck, Jacob Jordaens, Frans Snyders eta beste zenbait pintore. Lantegi horrek 1615etik 1625era bitarte izan zuen goraldia; garai hartakoak dira, besteak beste, Ixion Junok engainatua (1615 aldean, Louvre, Paris), Leuciporen alaben bahiketa (1616, Alte Pinakothek, Munich)[3] eta Lantza ukaldia (1620, Arte Eder museoa, Anberes). Austriako artxidukearekiko loturari esker, izugarri aberastu zen, eta antzinako gauzaki eta arte lan bilduma ikusgarri bat osatu zuen bere etxe ederrean.
1618tik aurrera, kolore askoz ere argiagoak erabili zituen eta pintzelkada arinen bitartez erraz nagusitu zitzaion kolorea marrari bere lanetan. Giro sentsuala nabarmendu zen ordutik aurrera berak landuriko mitologia gaietan; leku berezia hartu zuten haietan emakumezkoen gorputz oparoek.
1621. urtetik aurrera diplomazia lanak egin zituen Espainiako koroaren alde. Pintura lanean jarraitu zuen, ordea, eta 1620ko hamarkadan margolan sail handiak egiteari ekin zion, bere lantegiaren antolamenduak horretarako bide ematen baitzion. Hala, erabat berritu zuen dekoraziozko margolan handien teknika: ez zuen sail horretako margolan bakoitza beregain lantzen, sail osoaren baitan ikusita sortuko zuen efektuaren arabera baizik. Rubensen ospea mugez haraindi zabaldua zen ordurako; Frantziako Maria Medicik Luxembourg jauregi eraiki berriko galeria bat apaintzeko eskatu zion, eta hark erregina amaren bizitza modu alegorikoan kontatzen zuen Maria Mediciren historia saila (24 oihal, 1622-1625, Louvre, Paris) egin zuen; lan hark arrakasta handia izan zuen batere barrokozalea ez zen Pariseko giroan. Garai hartakoa zen Anberesko San Karlos Borromeo elizako dekorazio multzoa, 1718ko suak hondatu zuena.
1620tik 1628ra egin zituen margolan soilak ez ziren koadro eta tapiz sail haiek baino gutxiago nolakotasunez eta bikaintasunez, artista horrek bete-betean iritsia baitzuen heldutasuna. Magoen gurtza (1624, Arte Eder museoa, Anberes) da aldi horretako lanik bikainetako bat, baina aipagarria da, orobat, Santa Katalinaren ezkontza mistikoa (1628, San Agustin eliza, Anberes)[4]. Hamarraldi hartan nabarmenak dira, halaber, Rubensek bere bidaietan eta eginbide diplomatikoetan ezagutu zituen Europako handiki askoren erretratu ugariak, hala nola, Maria Medici (1622, Prado Museoa, Madril)[5], Henri de Vicq baroia (1625 aldean, Louvre, Paris) eta George Villiers, Buckinghameko dukea (1625, Kimbell Art Museum, Fort Worth)[6]. 1625etik 1627ra, Isabel artxidukesaren eskariz eta Madrilgo Karmeldar oinutsen moja komenturako, Eukaristiaren Garaipena izenaz egin zituen 21 tapizetarako margolanek eman zioten amaiera Rubensen bizitzako aldi oparoenari.
1626an, bere lehen emaztearen heriotzak bat-batean eten zuen sormen beteko aro hura. Garrantzi handiko egiteko diplomatikoen ardura hartu zuen orduan; Ingalaterran eta Espainian ibili zen, eta parte handia izan zuen bi erresumen arteko bakean (1630eko Madrilgo Ituna). Espainia zein Ingalaterrako erregeek noble izendatu zuten. Aldi berean, eta Tizianoren eraginez, Londres eta Madrilen ikusi baitzuen haren lana, bere estiloa pixkana-pixkana aldatuz joan zen: margo beroagoak erabili zituen, argia ere leunago irudikatu zuen, eta gai barrukoagoak eta lirikoagoak landu zituen.
1629tik 1634ra berriz ere ekin zion margolan handien eta tapizen sailei: 9 margolan Londreseko Whitehall jauregiko harrera gelako sabairako; Akilesen mitoa irudikatzen zuten 8 tapiz (1630-1635, Prado Museoa, Madril)[7]; Anberesen gobernari berriaren omenez egitekoak ziren jai handirako 43 garaipen-arku, haren zirriborroak oinarri harturik bere ikasleek eginak; Ovidioren Itxuraldatzeak lanean inspiraturik, Felipe IV.a Espainiakoarentzat egindako saila, Saturno (1636-1637, Prado, Madril)[8] tartean.
1630ean, Hélène Fourment, hamasei urteko gaztearekin, ezkondu zen. 1630etik 1640ra, bere azkeen urteetan alegia, erlijiozko margolan gutxiago egin zuen: San Ildefonsoren triptikoa (1630-1632, Kunsthistorisches Museum, Viena)[9], Kalbario mendira igotzea (1634-1637, Arte Eder museoa, Brusela). Aldi berean, gai mitologikoak eta dionisiakoak ugaritu zituen -Andromeda (1638, Gemäldegalerie, Berlin), Hiru Graziak (1636-1638, Prado, Madril), Venus eta Adonis (1638, Metropolitan Museum of Art, New York), Parisen epaiketa (1639, Prado, Madril)-, eta askoz gehiago ari izan zen landako ikuspegiak margotzen, batez ere, 1634an, Het Steen jauregia (Anberestik hurbil) erosi zuenez geroztik: Landa ikuspegia ortzadarrarekin (1635-1640, Hermitage, Leningrado)[10], Kermesse (1630-1638 aldean, Louvre, Paris), Steengo parkea (1630-1635, Kunsthistorisches Museum, Viena)[11], Gurdia ilunabarrean (1630eko hamarkada, Museum Boijmans Van Beuningen, Rotterdam). XVIII. mendearen hasierako rokoko estiloa, eta bereziki Antoine Watteauren obra, aitzinatzen duten ezaugarriak ikusi dituzte aditu batzuek koadro horietan.
Erretratua izan zen, ordea, aldi horretan gehien landu zuen generoa, bere emaztearen eta bere seme-alaben erretratuak bereziki, bizi pozaren, familia giro zoriontsuaren eta samurtasunaren gorazarrez: Hélène Fourment bere bi umerekin (1636 aldean, Louvre, Paris)[12], Autoerretratua Hélène Fourment eta Pieter Paul semearekin (1639 aldean, Metropolitan Museum of Art, New York)[13].
Rubens 1640ko maiatzaren 30ean hil zen, eta Anberesko Done Jakue elizan ehortzi zuten. Bi urte geroago, haren alargunak Ama Birjina santuez inguratua margolana jarri zuen hil kaperan. Koadro horrek adierazten ditu hobekien bizitzaren azken aldi hartan egin zuen lanaren ezaugarriak: margoen joko bikaina, formak argi urrekoloreaz argitzeko modua, eta haren biziarnasari darion zirrara eta kemena.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.