From Wikipedia, the free encyclopedia
Renania[1] (alemanez: Rheinland) Alemaniako eskualde historikoa da, Rhin ibaiaren alde bietatik hedatzen dena[2]. Hala ere, egun Rhin ibaiaren arroaren behekaldeko eskualdea izendatzeko erabiltzen dute, Bingen am Rhein eta Herbehereetako mugaren artekoa edo Neckar ibaiaren lotunetik Koloniaraino artekoa[3]. Egungo Ipar Renania-Westfalia, Renania-Palatinatua eta Sarre land edo estatuetako lurrak hartzen zituen.
Eskualdeko hedapena eta banaketa administratiboa gerren bitartez aldatu da. XIX. mendearen hasieran Frantziako Lehen Inperioa desagertu zenean, mendebaldean zeuden nederlanderaz hitz egiten zuten eskualdeak (Jülich-Cleves-Bergeko probintzia) Prusiako Erresuman sartu eta Rhineko probintzia edo Renaniar Prusia osatu zuten. Lehen Mundu Gerra eta gero Ententek okupatua eta desmilitarizatua izan zen. Hala ere, 1936an berriro militarizatu zuten.
Hegoaldeko eta ekialdeko eskualdeak nahiko menditsuak dira (Westerwald, Hunsrück, Taunus eta Eifel mendilerroak dituztenak) eta Rhin eta Mosela ibaien haranek zeharkatuak dira. Iparraldean Ruhr ibaiaren harana dago. Renaniako hiri nagusiak Akisgran, Bonn, Duisburg, Düsseldorf, Koblentza, Kolonia, Krefeld, Leverkusen eta Treveris dira.
Zesarren konkistaren garaian (K. a. 57) herri zelta-germaniarrak bizi ziren lurralde hartan. Erromatarrek Germania Beherea, Germania Garaia eta Galia Belgika herrialdeetan banatu zuten lurraldea eta Augustoren garaian (K. a. 9) Erromako Inperioko iparraldeko muga eratu zen bertan. Erromatarrek gaztelu asko eraiki zituzten Rhin eta Danubio ibaien artean. III. mendean hasi ziren herri germaniarren erasoak eta V. mendean eratu zuten frankoek beren erresuma Treveris hiria konkistatu ondoren, 460an.
Klovis I.a erregearen lurraldea izan ondoren, Austrasiaren eta karolingiarren erresumen barnean egon zen. 843an Lotaringiako erreinuaren barnean geratu zen, eta 925ean Germaniako Erromatar Inperio Santuarenean. Handik aurrera apezpiku hiriak (Treveris, Kolonia) eta lurralde feudal burujabeak eratu ziren.
XIII.-XIV. mendeetan bultzada handia izan zuen Hansari loturiko Rhin ibaiaren bazterreko hirietako ekonomiak; garrantzitsua izan zen, halaber, arte eta kulturaren garapena (Heidelberg eta Mainzeko unibertsitateak). XVI. mendean, Erreformaren garaian, katolizismoari eutsi zioten herrialde gehienek; Frantziako koroa Lotaringiaz jabetu zen eta XVII. mendean Brandenburgeko etxe prusiarra zabaldu zen Kleve eta Mark aldera. Hogeita Hamar Urteko gerraren garaian (1618-1648), Alsazia geratu zen Frantziako koroaren mendean. Luis XIV.ak sendotu zuen nagusigo hura, baina Lotaringia ez zitzaion 1766 arte Frantziako koroari lotu.
Frantziako Iraultzaren garaian sortu ziren Rhin aldeko departamenduak (Sarre, Mont-Tonerre, Rhin-et-Moselle). XIX. mendearen hasieran Frantziaren aurkako sentimendua zabaldu zen Renanian, eta 1815ean Prusiaren mendeko estatu bihurtu zen lurraldea. Industriaren emanari esker, Alemaniako lurralde aberatsena izan zen Renania. Frantziak saio ugari egin zituen XIX. mendean lurralde hura bere egiteko eta lotze proposamen bat ukatu zitzaien frantsesei Versaillesko Itunean, Lehen Mundu Gerraren ondoren (1918). Alemaniak gerra haren ondoko kalte-ordainak iristen ez zirela eta, frantses gudarostea Ruhr ibaiaren arroan sartu zen 1923an, baina alde egin behar izan zuen 1925ean, mugimendu germaniarren (Renaniako errepublika aldarrikatu zuten 1923ko urrian) eta mendebaldeko estatu aliatuen eraginaren ondorioz.
1936an III. Reichean sartu zen Saarland eta, ondoren, gudaroste nazia sartu zen Lehen Mundu Gerratik aurrera indar militarrik gabekotzat jo ziren Renaniako lurraldeetan. Hitlerek Siegfred lerroa eraikiarazi zuen, Alemaniaren babeserako. 1945ean aliatuen mendean geratu zen Renania eta 1946an Ipar Renania-Westfalia eta Renania-Palatinatua land edo estatuak sortu ziren hango lurraldeetan; Saarland 1957koa da.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.