euskal idazlea From Wikipedia, the free encyclopedia
Nikolas Ormaetxea Pellejero (Orexa, Gipuzkoa, 1888ko abenduaren 6a – Añorga, Gipuzkoa, 1961eko abuztuaren 9a), Orixe ezizenaz ezagunagoa, euskal idazlea izan zen. Bigarren Pizkundeko idazle nabarmena izan zen, gerraurreko belaunaldiko kidea, Lauaxeta, Lizardi eta Loramendirekin batera.
Orixe | |||
---|---|---|---|
Orixe 1933an Irudi gehiago | |||
1957 - 1961 ← Bonifazio Etxegarai - Jose Mari Satrustegi → | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Nicolás Ormaechea Pellejero, Nikolas Ormaetxea Pellejero | ||
Jaiotza | Orexa, 1888ko abenduaren 6a | ||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||
Lehen hizkuntza | euskara | ||
Heriotza | Añorga, 1961eko abuztuaren 9a (72 urte) | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | idazlea, itzultzailea, poeta eta saiakeragilea | ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Euskaltzaindia | ||
Mugimendua | Euskal Pizkundea | ||
Izengoitia(k) | Orixe | ||
Zerbitzu militarra | |||
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila Bigarren Mundu Gerra | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | katolizismoa | ||
1888ko abenduaren 6an jaio zen Orexa gipuzkoar herrian, Iriarte baserrian. Orexan jaio bazen ere, Nafarroako Uitzin hazi zen. Paulo Iztuetak haren biografia idatzia du Orixe eta bere garaia lanean. Iztuetaren esanetan, elkarren artean itxuraz baizik zerikusirik ez duten bi gertaerak markatu zuten Orixeren nortasuna. Lehenengoa amaren maitasunik eza izan zen: hirukien artean jaio zenez, amaren altzotik bereiz hazi zen; bigarrena, berriz, Jesusen Lagundiko kide izan nahi zapuztua: 35 urterekin, jesuiten artetik kanporatu zuten Orixe.[1]
Hamazazpi urte zituela, Jesusen Lagundikoekin ikastera joan zen, Xabierra. Bertan humanitateak ikasi zituen, eta gero Loiolara joan zen ikasketa berdinak jarraitzera. Burgosen erretorika ikasi zuen eta Oñan filosofia. 1914. urtean amaitu zituen eliz-ikasketak. Comillas, Carrion eta Tuteran ere ibili zen ordutik aurrera irakaskuntzan.
1923an, Lagundia utzi zuen gogoz kontra, bertako nagusiek hala gomendatuta. 1923-1931 bitarteko urteetan Bilbon bizi izan zen.[2]
Garai hartarako Nikolas Ormaetxearen izena Euskal Pizkundeko idazleen artean entzun zitekeen, Nazioarteko Euskal Ikaskuntzen Aldizkarian eta bereziki, Jesus'en Biotzaren Deya aldizkarian argitaratutako lanengatik, zeintzuetan euskal gaiez jardun eta hizkuntza erabiltzeko trebetasunagatik nabarmentzen hasia zen. Ekarpen nabarmenak egin zituen, aditu gisa, euskal metrikan eta azentuan, eta horiek gerora baliatuak izango ziren euskara batuaren eraketan.[2]
Bilbora joan zenean laikotasunean murgildu zen eta bertan izan zuen Euskaltzaindiarekin lehen kontaktua, erakundeak hiri hartan baitzuen egoitza nagusia. Euskara maila profesionalean lantzen jarraitzeari ezin uko egin eta talde-lanean jardun zuen Azkue, Olabide eta beste hainbat idazle ezagunekin. Talde-lan horien fruitu izan zen Erizkizundi irukoitza, Ormaetxearen lorratzak nabariak dira bertan. Orexara itzuli aurretik, Orixek lan ugari argitaratu zituen Bilbon, gehienak folklore eta gramatika arlokoak eta baita iritzi-artikuluak ere, laurehundik gora Euzkadi aldizkarian. 1927an, Euskal Literaturaren Atze edo Edesti Laburra argitaratu zuen, eta bi urte geroago, Santa Cruz apaiza kontakizuna, egonaldi horretan argitaratu zuen jatorrizko lan esanguratsuena. Gainera, bi itzulpen ere ekoitzi zituen: Tormes'ko Itsu-mutilla (1929) eta Mireio (1930).[2]
Orexako aroa edo guda aurrekoa, 1931. urtean Orexara itzuli eta Gerra Zibila hasi aurretikoa, izan zen Orixeren aldirik oparoena. Euskaltzaleak elkartearen aginduz itzuli zen bere jaioterrira, Olerkigintzan nabarmendu zen aro horretan, mistika eta folklore-ildoko olerkigintzan, hain zuzen.[2]
Lehen olerki bilduma 1934an argitaratu zuen: Barne-muinetan, olerki mistikoak. Esan bezala, 1931n Orexara joan zen, Euskaldunak, haren olerki lanik landuena, ontzeko asmoz. Aitzolen aginduz egin bide zuen lan hori, uste zutelako Mistralen Nobel sariak proventzerari eman zion bultzada Orixek eman ziezaiokeela euskarari. Izan ere, Mistralen Mireio izeneko obra, Orixek berak itzuli zuen Mistral-en Mireio euskeraz (1930) izenburupean. Euskaldunak, berriz, gerra aurretik bukatua bazuen ere, ezin argitaratu izan zuen 1950 arte. Bi lan horiek hartzen dira idazlearen nagusiak bezala, lehenengoa baserri giroko kultura biltzen da eta bigarrenean esanahi metafisikoa ikus daiteke, bere bizipenak era garbi eta gardenean azaltzen dituenean. Bi lanetan ere Orixek bere idazle-grina eta garra erakusten ditu. 1936ko gerraurreko olerkari belaunaldiko kideetako bat izan zen, Lauaxetarekin, Lizardirekin eta Loramendirekin batera.[2]
Gerraren hasierak Orexan harrapatu zuen Orixe. Atxilotua izan zen salaketa bat zela medio eta Iruñeko San Kristobal gotorlekuan egon zen preso. 1937. urtean askatu zuten, baina bigarren aldiz salatua izan eta atxilotua izan behar zuenean, ihes egitea lortu zuen. Hala, 1938ko udan Ipar Euskal Herrira joan zen, iheslari. Baina bertako egonaldia ez zen oso erosoa izan idazlearentzat, urte gutxi batzuetan behin helbidez aldatu beharrean izan baitzen. Nazien etorrerarekin ere sufritu zuen, 1940. urtean Gurseko kontzentrazio-esparruan atxilo eduki zuten hiru hilabete eta erdiz, bere lagun batzuekin batera. Ezegonkortasun horrek zaildu egin zion literaturarekin jarraitzea.[2]
Gerra amaitu, baina Ameriketara abiatu aurretik, euskal munduko eztabaida handi guztietan ibili zen, tartean, Gernika eta Yakintza aldizkarietan eta han Euskaltzaindiaren berriztatzeari eta euskara batuaren sorkuntzari buruz aritu zen. Ameriketara joan aurretik idatzi zuen azken lana Urte guziko Meza Bezperak (1950) izan zen, itzulpena, Jesus Maria Leizaola, I. Azpiazu, Maritxu Barriola eta beste hainbat euskaltzalek eskatuta. Lan horretan, ereserkien atalean transmititutako maitasun literarioa oso aipagarria da, jakinik hamahiru hilabete behar izan zituela itzulpena gauzatzeko.[2]
1950. urtean Ameriketara jo zuen, Argentinara, Txilera eta El Salvadorrera. Han zela, Quiton arrebarekin, gerrako eta atzerrialdiko oroitzapenak kontatzen dituen obra Euzko-gogoa aldizkarirako idatzi zuen, arrebarekin izandako elkarrizketa moduan antolatua, eta 1988an liburu moduan argitaratu zena. Orixe beraren esanetan, urte horiek izan ziren bere bizitzako onenak. Sei hilabete eman zituen Guatemalan Euzko Gogoa aldizkariaren idazkari gisa, Jokin Zaitegirekin batera. El Salvadorrera joan zen ondoren, hiru urterako, eta bertan Rogelio Muyshondt Langhe eta Mercedes Contreras ezagutu zituen. Urte haietan zehar bere mundu mistikoan barneratuta ibili zen.[2]
1954an, Euskal Herrira itzuli zen; harrera beroa egin zioten euskal idazleek eta euskaltzaleek. Itzulpen lan asko egin zituen: Tormesko itsumutilla (1929), Urte guziko meza-bezperak (1949), Agustiñ gurenaren aitorkizunak (1956), Salmutegia (1967). 1971n, Jainkoaren billa, hitz lauzko teologia lana, argitaratu zioten. 1976an Auñamendi argitaletxeak Euskaldunak eta beste olerki guziak bilduma argitaratu zuen. Eragin handia izan zuen Orixek bere ondorengo belaunaldiaren idaztankeran.[2]
1965ean, Orixe hil eta handik lau urtera, Orixe. Omenaldi izeneko liburua atera zen, idazle askoren artean moldatua. Bestalde, haren lan asko aldizkarietan barreiatuta zeuden: Jesusen Biotzaren deya, RIEV, Euskera, Euskal Esnalea, Yakintza, Euzko-gogoa, Gernika, Karmel, Olerti.[2]
Orixeren nortasuna bortitza izateagatik pasa da historiara. Minbera, sentikorra eta batzuetan zakarra ere omen zen, baina lagunekiko zuen zintzotasuna nabarmendu izan da. Ezaugarri horien eragileetako bat bizitzan zehar pairatutako atsekabe-segida izan zen, gaztetatik hasita, jesuitetan zailtasunak izan baitzituen ikasketak behar bezala burutzeko, eritasunak zirela eta. El Salvadorren ere gaixo egon zen denbora luzez eta Euskal Herrira itzultzean, zail egin zitzaion lehengo ohiturak berreskuratzea. Min morala ordea fisikoaren gainetik zuen: haurtzaroan, bi ama izan eta biak galdu zituen; Jesusen Lagunditik irten behar izan zuen gogoz kontra; euskal letretan berebiziko garrantzia aitortzen bazaio ere gaur egun, bizirik zenean ez zuen hainbesteko itzalik egin. Izan ere, azken urteetan jaso zituen sari bakarrak: Euskaltzaindian sartzea eta Lizardi eta Olerti sariak hil zen urtean bertan.[3][4]
Orixe mistikak liluratzen zuen eta gertatu omen zitzaizkion zenbait gertakari mistikoren berri eman du: Lenengo gaiñezkaldiak (1923-1931), Orixe'n (1931-1936), Lurde'n (1938-1939), etab. Iritzia emateari uko egitea zail egiten zitzaion, Aitzol, Lauaxeta, Barrensoro, Pierre Lafitte, Koldo Mitxelena eta beste hainbatekin eztabaida kartsuak izan zituen eta sarritan kritikatu zituen Krutwig, Txillardegi eta Joseba Intxausti, besteak beste. Orixe gizon bakartia izan bazen ere, ez zen bakarrik ibili beti; Josulagunetan Estefania eta Olabide Aitak lagun, eta Azkue Bilbon hurbileko lankide izan zuen. Idazleen artean gehien miresten zuena ordea, Xabier Lizardi zen.[4]
Orixe herriarentzat egindako artelanen edo lanen alde agertzen zen, Euskal Herriko irudi mitikoa zabaltzen eta mantentzen saiatu, eredu etiko tradizionala (erlijioarekin lotua) iraunarazten ere jardun zuen eta poesiaren balio tradizionalei garrantzia ematen zien. Izan ere, euskal idazleak poesia noble eta hezitzailean sinisten zuen ziur aski. Lizardi eta Lauaxetarekin alderatuta, modernismotik urrutiago kokatzen da Orixe, ohitura-zaletasunari eta erlijio tradizionalari atxikipen handiagoa erakusten du.[5]
Orixe Berpizkundeko idazle garrantzitsuenetakoa izan zen, gainera, eragin handia izan zuen euskal idazleen hurrengo belaunaldian, haren kritika literarioak zirela eta. Euskal gizarte klasiko eta ohitura-zalea goresten zuen eta harekin kontaktu nabarmena izan zuen, arrantzale, ikazkin, nekazari eta abarrekin harreman handia izan baitzuen. Orixeren obraren ezaugarri nagusiak antimodernismoa, erlijio-gaiak eta horiekiko atxikimendua eta erromantizismo idealista dira. Bere hizkera klasikoa da eta deskribapen erabat objektiboak egitea da bere ezaugarri nagusia.[6] Orixe Bigarren Euskal Pizkundeko belaunaldiarentzat euskal arima adierazten zuen idazlea zen, miresmen handia zioten.[7]
Bi olerki mota landu zituen, epikoa eta lirikoa. Gai mistikoek liluratzen zuten eta handitasuna erakutsi zuen. Olerkigintza epikoan Euskal Herri nekazariaren bizimodua eta ohiturak islatu zituen eta horietan lanik oparoena Euskaldunak da, 1935ean egina eta hamabost urteren ostean argitaratua. Olerkigintza lirikoan bere barne-mundua landu zuen, mistikan bete-betean sartuz, Barne-muinetan da lanik esanguratsuena. Orixe, garaiko hainbat euskal olerkigilek egin bezala, euskal poesia nazionala ehuntzeari ekin zion. Guztira ehun olerkitik gora idatzi zituen; garaika antolatua 46 lehen urteetan idatzi zituen (1915-1923), Bilboko aroan eta gerra garaian gutxi idatzi zituen eta gero, Ameriketako aroan beste hogeita hamar inguru idatzi zituen. Azken urteetan Lau urtaroak nere begietan olerkia nabarmentzen da, Lizardi sariaren irabazle.[4]
Alde batetik gai profanoei buruz idatzi zuen prosa, kontakizun liburuak dira eta adibide garbiena Santa Kruz apaiza (Bilbo, 1930) eleberria da. Mota horietako lanetan narratzaile landu eta zehatzak erabili zituen. Bestetik, erlijio-gaiei buruz idatzi zituen zenbait prosa-liburu, hala nola, Quito´n arrebarekin, zeinetan gai teologiko eta mistikoak lantzen diren. Gaia errepikatu egin zuen, geroago, Jainkoaren bila idaztean.[4]
Aldizkaritan argitaratu zituen saiakera eta artikulu gehienak, ehundik gora. Estetika, filosofia, linguistika zabaltasunez eta literatur gaiak landu zituen, besteak beste. Nabarmentzekotan linguistikari zion interesa, zeinetan euskal azentua, euskal hizkuntzaren batasuna, ortografia, euskal gramatika, aditza, toponimia, hiztegigintza, itzulpengintza, etab. landu zituen. Folkloreaz ere idatzi zuen.[4]
Azpian Nikolas Ormaetxeak argitaratutako lanen zerrenda:[8]
Nobela
Saiakera
Poesia
Haur eta gazte literatura
Itzulpena
Dibulgazioa
Oroitzapenak
Bilduma
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.