Remove ads
euskal idazlea From Wikipedia, the free encyclopedia
Jokin Zaitegi Plazaola (Arrasate, Gipuzkoa, 1906ko uztailaren 26a - Donostia, Gipuzkoa, 1979ko abuztuaren 17a) euskal idazle, itzultzaile, irakasle eta apaiza izan zen. Hainbat modutan sinatu zituen bere lanak: «Udalaizpe», «Artzai» eta «Zaitegi´tar Iokin».
Jokin Zaitegi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jokin Zaitegi Plazaola |
Jaiotza | Arrasate, 1906ko uztailaren 26a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1979ko abuztuaren 17a (73 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, itzultzailea, apaiz katolikoa eta idazlea |
Kidetza | Euskaltzaindia |
Mugimendua | Euskal Pizkundea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Erlijio-ordena | Jesusen Konpainia |
Hamalau urterekin, Durangoko jesuiten etxean sartu zen. Geroago, Comillas, Loiola eta Oñan egin zituen ikasketak. Loiolan zela, ikaskide izan zituen Estepan Urkiaga "Lauaxeta", Plazido Mujika eta Andima Ibiñagabeitia. Hauek, beste apaizgai euskaltzale zenbaitekin batera, Euskal Elerti Bazkuna, euskal akademiatxoa, sortu zuten. Haien asmoa jesuita gazte euskaldunak euskaraz prestatzea zen, ordenatutakoan euskaraz lan egin zezaten. Lagundiko zenbait agintarik gaizki hartu zuten taldearen asmoa, eta saiatu ziren taldekideak sakabanatzen. Hori zela eta, 1929an lagundiak Venezuelako Méridara bidali zuen Jokin, irakasle.[1]
Venezuelan hiru urte igaro ostean, 1932an Marneffera (Belgika) joan zen Teologia ikastera. Bertan gogo berriz ekin zion euskaraz idazteari, eta 1934an Zarauzko Euskal Poesiaren V. Eguneko lehen saria irabazi zuen, Tori nire edontzia poemarekin[1]. 1935eko uztailaren 31n lehen meza eman zuen Marneffen, eta urtebete geroago Morialméra aldatu zen, Lagundiaren zehazkizunetan trebatzera.[2] Bi urte geroago, Espainiako Gerra Zibila hasia zela eta, Hego Amerikara bidali zuten, Panamara lehenik, eta San Salvadorrera gero. Hiri honetan irakaskuntzari lotu zitzaion, euskaraz idazteari utzi gabe; lan horien emaitza izan zen Bidalien Eginak itzulpena[2].
1944an, haren nagusiek euskal kulturaren inguruan zuten jarrera itxia zela eta, Jesusen Lagundia utzi, eta Guatemalara joan zen. Guatemalako Hirian San Carlos Unibertsitatean eta Amerikako Institutuan irakatsi zuen. 1950ean Euzko-Gogoa aldizkaria sortu zuen. Bertan oso itzulpen garrantzitsuak argitaratu ziren (Shakespeare, Zizeron, Virgilio, Kafka...) eta euskarazko agerkari garrantzitsuenetako bilakatu zen. Lankide nagusiak Orixe eta Andima Ibiñagabeitia izan zituen.[3]
1951n, Landibar lizeoa sortu zuen Guatemalan, horretarako El Salvador-ko Muyshdont de Langhe jaunarengandik jaso zuen dirua, Lizeoaren lehendabiziko gastuetarako.[4] Ondoren, Santa Monika egoitza sortu zuen ere, geroago Euskal Etxea izan zena.
1953an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. 1955ean Euskal Herrira itzuli zen, eta Biarritzen jarri zen bizitzen. Bertan Euskal Idazleen Etxea sortzen ahalegindu zen. 1956an I. Euskal Mundu Batzarrean parte hartu zuen, Parisen. 1956tik aurrera Biarritzen argitaratu zuen Euzko-Gogoa. Guatemalatik ekarritako hirurogei mila dolar euskal kulturaren aldeko enpresa horretan inbestitu zituen arren, 1960an, ekonomia zein banaketa arazoek jota, aldizkariaren ibilbidea amaitu zen.[3][1]
1962an Guatemalara itzuli zen eta besteak beste Cobanen aritu zen, Gerardi apezpikuarekin, latin eta antzinako greziera irakasten.[5]
Guatemalan bizi izan zen 1972 arte. Urte horretan, Euskal Herrira itzuli zen, Arrasatera hain zuzen ere. 1976an, Arrasatek seme kutun izendatu zuen; eta Euskaltzaindiak, ohorezko euskaltzain. Azken urteetan Oñatiko zahar etxean bizi izan zen, San Martin egoitzan. 1979an hil zen Donostian.
Eragile eta euskararen bultzatzaile izateaz gain, bi eratako lanengatik ezagutzen da Zaitegi: literaturan egindako lanengatik eta itzulpenengatik.
Bi olerki bilduma argitaratu zituen[6]
Lanik handiena itzulpengintzan egin zuen, batez ere klasikoak euskaratzen.[6]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.