From Wikipedia, the free encyclopedia
Franz Kafka (Praga, Txekia, 1883ko uztailaren 3a - Viena, Austria, 1924ko ekainaren 3a) bohemiar ipuin-idazle eta eleberrigile bat izan zen. Klase ertaineko familia aleman-judu baten jaio zen Pragan,[1] Bohemiako Erresumako hiriburuan, orduan Austria-Hungariako Inperioaren zati zena,[2] gaur egun Txekiar Errepublikako hiriburua.[3] Abokatu gisan trebatu zen eta bere hezkuntza juridikoa amaitu ondoren, lanaldi osoz aritu zen aseguru konpainia batean eta idaztea bere aisialdira baztertzera behartu. Bere bizitzan, Kafkak ehunka gutun idatzi zizkien senideei eta gertuko lagunei, aitari barne. Hainbat emakumerekin izan zituen harremanak, baina ez zen inoiz ezkondu. 1924an hil zen 40 urte zituela, tuberkulosiak jota.
Franz Kafka | |
---|---|
(1923) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Franz Kafka |
Jaiotza | Praga, 1883ko uztailaren 3a |
Herrialdea | Cisleithania (1883ko uztailaren 3a - 1918ko urria) Txekoslovakia (1918ko urria - 1924ko ekainaren 3a) |
Bizilekua | Praga |
Talde etnikoa | askenazia |
Lehen hizkuntza | alemana txekiera |
Heriotza | Kafka Sterbehaus (en) eta Kierling (en) , 1924ko ekainaren 3a (40 urte) |
Hobiratze lekua | New Jewish Cemetery (en) Grave of Franz Kafka (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: laryngeal tuberculosis (en) Ahuleria |
Familia | |
Aita | Hermann Kafka |
Ama | Julie Kafka |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Faculty of Law, German University in Prague (en) College of Philosophy of the Prague German University (en) Pragako Unibertsitate Karolinoa German University in Prague (en) (1901 - 1906) Zuzenbiden Doktore : zuzenbide |
Hizkuntzak | alemana txekiera |
Irakaslea(k) | Friedrich Thieberger (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | eleberrigilea, alegialaria, ipuingilea, aforista, eguneroko-idazlea, itzultzailea, abokatua, gidoilaria, legelari-poeta, claims adjuster (en) , prosalaria eta idazlea |
Enplegatzailea(k) | Assicurazioni Generali (en) Allgemeine Unfallversicherungsanstalt (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Heinrich von Kleist, Gustave Flaubert eta Robert Walser |
Mugimendua | Literatura modernista existentzialismoa |
Genero artistikoa | modernismoa belletristic literature (en) kontakizun laburra pritcha (en) Mikrokontakizuna |
franzkafka.de | |
| |
Alemanezko eleberrigile eta ipuin-idazle izan zen eta, oro har, XX. mendeko literaturako pertsonaia garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Haren lanak errealismoaren eta fantastikoaren elementuak fusionatzen ditu.[4] Normalean, protagonistak isolatuta agertzen dira, egoera bitxi edo surrealistetan, eta botere sozio-burokratiko ulertezinei aurre egin behar diete. Alienazioa, antsietate existentziala, erruduntasuna eta absurdoaren gaiak aztertzen ditu.[5] Lanik ezagunenen artean, Metamorfosia (Die Verwandlung), Prozesua (Der Process) eta Gaztelua (Das Schloss) daude. "Kafkar" terminoa hizkuntza guztietan sartu da, haren idazlanetan agertzen direnak bezalako egoerak deskribatzeko.[6]
Haren lan gutxi argitaratu ziren bizi zen artean: Gogoeta eta Herriko medikua ipuin bildumak, eta banakako ipuin batzuk, Metamorfosia esaterako. Literatura aldizkarietan argitaratu ziren, baina arreta txikia jaso. Testamentuan, Kafkak bere gordetzaile eta lagun Max Brodi amaitu gabeko lanak suntsitzeko agindu zion, besteak beste Prozesua, Amerika eta Desagertutako gizona eleberriak, baina Brodek ez zituen agindu horiek kontuan hartu. Haren lanak idazle, kritikari, artista eta filosofo ugarirengan eragin du, XX. eta XXI. mendeetan.
Kafka 1883ko uztailean jaio zen Pragan, Bohemian, alemanez egiten zuen erdi mailako familia judu baten barnean.[7] Aita Hermann Kafkak merkataritzako agente ibiltari gisa lan egin ondoren, azkenean arropa denda ezarri zuen, bertan hamabost pertsona enplegatzera iritsiz.[3] Ama Julie Kafka txikizkako merkatari arrakastatsu baten alaba zen, eta senarrak baino heziketa hobea zuen.[7]
Hermannek eta Juliek sei seme-alaba izan zituzten: haietan, Franz zaharrena zen.[8] Bi anaia, Georg eta Heinrich, haurtzaroan hil ziren, Franzek zazpi urte bete baino lehen; Gabriele, Valerie eta Ottilie arrebak ezkondu eta familiak osatu ondoren, Bigarren Mundu Gerrako Holokaustoan hil zituzten.[9] Kafkak aitarekin izan zuen harreman nahasia agerikoa da 100 orrialde baino gehiagoko Aitari eskutitzak liburuan.[10] Bertan, aitaren izaera autoritario eta zorrotzak eragin handia izan zuela salatzen du.[11] Ama, aldiz, isila eta lotsatia zen. Kafkaren aitaren figura nagusiak eragin nabarmena izan zuen bere idazkeran.[12]
Jatorrizko ama-hizkuntza alemana izan bazen ere, Kafkak txekiera ere ikasi zuen, aita Osek hiriko txekieraz egiten zuen komunitate juduko kidea zelako. Ondorioz, bere seme-alabak bai alemana eta bai txekiera ondo menperatzea nahi zuen. Kafkak frantsesa eta Frantziako kultura ere ezagutzen zituen. Izan ere, bere autore gustukoenetako bat Flaubert izan zen. Bestalde, Napoleon ere estiman zuen.[13]
1889tik 1893ra, Kafkak lehen mailako irakaskuntza (alemanez Deutsche Knabenschule delakoa) egin zuen Pragan. Hezkuntza judua 13 urterekin amaitu zen, bar mitzva ospakizunaz. Kafkari ez zitzaion sinagogara joatea gustatzen eta aitarekin urtero lau jaiegunetan soilik joaten zen.[13][12]
1893an oinarrizko ikasketak utzi ondoren, Altstädter Deutsches Gymnasium institutu zorrotzean sartu zen, Alde Zaharreko bigarren hezkuntzako ikastetxe akademikoan. Alemana zen irakasteko hizkuntza, baina Kafkak txekieraz ere hitz egin eta idazten zuen.[14][15] Zortzi urtez ikasi zuen bertan, eta emaitza onak lortu.[16] Txekieragatik laudorioak jaso zituen arren, inoiz ez zuen uste izan txekiera ondo menderatzen zuenik, eta berriz alemanez txekiar azentuarekin hitz egiten zuen. Errebalida (Matura alemanez) azterketak 1901ean amaitu zituen.[10]
1901ean Pragako Deutsche Karl-Ferdinands Unibertsitatean onartu zuten, eta kimika ikasten hasi bazen ere, bi asteren buruan zuzenbidera pasatu zen.[17] Ikasketa horiek zirrararik egiten ez zioten arren, bere aita gustura uzteko lan aukera ugari eskaintzen zituzten. Gainera, zuzenbideak ikasketa luzeagoa eskatzen zuen eta denbora ematen zuen alemaniar ikasketetan eta artearen historian klaseak hartzeko.[12] Halaber, ikasle elkarte batean ere sartu zen, literatura ekitaldiak, irakurketak eta bestelako jarduerak antolatzen zituena.[18]
Bertan, antzerki judu-alemanaren antolakuntza eta ekitaldien sustapena bultzatu zituen. Jendea txundituta geratzen zen haren itxura txukun, zorrotz eta ume-aurpegiarekin, haren jokamolde lasai eta idorragatik, baita haren adimen zein umoreagatik ere.
Ikasketen lehen urtea amaitzean, Kafkak zuzenbideko ikaskide Max Brod ezagutu zuen, bizitzako lagun mina bilakatuko zena.[18] Brod laster ohartu zen, nahiz eta Kafka lotsatia izan eta gutxitan hitz egin, esaten zuena sakona izaten zela.[12] Kafka irakurle amorratua izan zen bere bizitzan zehar, eta elkarrekin Platonen Protagoras jatorrizko grezieran irakurri zuten Broden ekimenez, eta Flauberten Hezkuntza sentimentala eta San Antonioren tentazioa frantsesez, berak proposatuta.[12] Bestalde, Kafkak bere "benetako odol anaiatzat" zituen Fiodor Dostoievski, Gustave Flaubert, Nikolai Gogol, Franz Grillparzer eta Heinrich von Kleist.[18] Hauetaz gain, txekiar literaturarekiko interesa piztu zitzaion, eta Goetheren obrak ere oso gustuko zituen. Zuzenbidean doktore titulua 1906ko uztailean eman zioten, eta ordaindu gabeko derrigorrezko urte beteko zerbitzua bete zuen auzitegi zibil eta penaletako idazkari gisa.[19]
1907ko azaroan, Assicurazioni Generali aseguru etxean kontratatu zuten, eta bertan ia urtebetez aritu zen, lan istripuetako agente bezala. Orduan hasi zen idazten. Askotan lan hau "ogibidetzat” jo zuen, hots, dirua baino ez lortzeko lanbidea. Garai hartan izandako gutun trukeak adierazten du ez zegoela pozik lan ordutegiarekin, 8:00etatik 18:00ak arte,[20] horrek zaildu egiten ziolako idazketan kontzentratzea, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari zen jarduera.[21] 1908ko uztailean dimisioa aurkeztu zuen. Bi aste geroago, idazteko aukera errazagoa emango ziolako, Bohemiako Erresumako Langileen Istripuen Aseguruen Institutuan hasi zen lanean. Bertan industriako langileen kalte pertsonalengatik kalte-ordainak ikertu eta ebaluatu behar zituen. Hatzak edo gorputz-adarrak tarteko zituzten istripuak ohikoak ziren, garai hartan laneko segurtasun politika eskasa zelako. Bereziki gertatzen zen makina-tornuak, zulagailuak, lauzatzeko makinak eta zerra birakariak zituzten lantegietan, oso gutxitan izaten zituztelako segurtasun-neurriak.[22]
Peter Drucker enpresa zuzendaritzako irakasleak, Kafkari aitortu zion lehen kasko zibila garatu izana, Langileen Istripuen Aseguruen Institutuan lanean ari zela. Baina ez omen zuen bere enpresaburuak halako agiririk onartu.[23][24] Aitak askotan semearen aseguru ofizial bezalako lana “ogia lortzeko lana” izenez aipatzen zuen, fakturak ordaintzeko soilik egiten zuelakoan. Kafkak berak, askotan mespretxatzen zuela aldarrikatu zuen. Bizkor igo zuten mailaz, eta bere betebeharrak konpentsazio-erreklamazioak izapidetzea eta ikertzea, txostenak idaztea eta enpresak arrisku-kategoria handiegia zela uste zuten enpresarien errekurtsoak kudeatzea ziren, horrek aseguru-primetan gehiago kostatzen zielako.[25] Halaber, aseguru institutuari urteko txostena osatu eta konposatzen zion, bertan lan egin zuen hainbat urtetan. Txostenok harrera ona izaten zuten nagusien artean.[12] Kafka normalean ordu bietan ateratzen zen lanetik, eta ondoren bere literatura lanetan igarotzeko denbora izaten zuen. Bere aitak espero zuen familiako jantzi dendan ere laguntzea, eta bere ardurapean hartzea.[25] Azken urteetan, Kafkaren gaixotasunak askotan aseguru bulegoan eta idazketan lan egitea eragotzi zion. Urte batzuk geroago, Brodek "Pragako zirkulu itxia" terminoa sortu zuen Kafkak, Felix Weltschek eta berak osatutako idazle taldea deskribatzeko.[26][27]
Kafka ez zen inoiz ezkondu. Broden arabera, Kafka "torturatuta" egoten zen sexu desioak eraginda,[14] eta Reiner Stach biografoak adierazi zuen bere bizitza "etengabe emakumez” beteta egon arren, "sexu porrotaren" beldurrez bizi izan zela.[13] Kafkak putetxeak bisitatu zituen bizitza heldu osoan,[14][28][13] eta pornografiarekiko interesa zuen.[14] Halaber, bizitzan zehar harreman estuak izan zituen hainbat emakumerekin. 1912ko abuztuan, Felice Bauer ezagutu zuen, Broden senidea. Honen etxean elkartu eta astebetera, Kafkak bere egunkarian honela idatzi zuen:[29] “FB andereñoa. Abuztuaren 13an Broden etxera iritsi nintzenean, mahaian eserita zegoen. Ez nintzen batere kuriosoa nor zen jakiteko, baizik eta berehala konturatu nintzen. Bere hutsunea argi zeraman aurpegi hezurdun eta hutsak. Eztarri garbia. Blusa jantzita. Oso etxeko soinekoa zirudien arren, ez zen inolaz ere hala. (Apur bat aldentzen naiz berarengandik, hain gertutik ez ikuskatzeko...) Sudurra ia apurtuta. Ilehoria, zuzen samarra, erakargarria ez dena, kokots sendoa. Nire eserlekua hartzen ari nintzela, lehenengo aldiz begiratu nion arretaz, eta eserita nengoenerako jada ezin hautsizko iritzia nuen.”[29][30]
Bilera hori egin eta gutxira, Epaia ipuina gau bakarrean idatzi zuen, eta Desagertu zen gizona zein Metamorfosia idazlanetan era produktiboan aritu zuen. Kafka eta Felice Bauer gehienbat gutunen bidez komunikatu ziren hurrengo bost urteetan, noizean behin elkartuz, eta birritan batera biziz.[25] Kafkak Bauerri idatzitako gutunak Eskutitzak Feliceri izenarekin argitaratu ziren, baina jatorrizkoak galdu egin ziren.[31][12] Stach eta James Hawes biografoen arabera, Kafkak beste harreman batzuk ere izan zituen 1920 inguruan, esaterako Julie Wohryzekekin, hotel bateko zerbitzari txiro eta ikasketa gabearekin.[14] Biek pisu bat alokatu ondoren ezkontza data finkatu zuten arren, ezkontza ez zen inoiz gauzatu. Garai horretan, Kafka Aitari gutuna-ren zirriborroa idazten hasi zen. Baina bera Julieren aurka agertu zen, bere sinesmen sionistengatik. Ezkontza eguna baino lehen, beste emakume batekin ere harremanak izan zituen.[32] Bizitza osoan emakumeak eta sexua behar zituen bezala, bere buruarekiko konfiantza gutxi zuen, sexua zikina zela sentituz, eta bere gorputza lotsagarria.[19]
Kafkari tuberkulosia diagnostikatu zioten 1917ko abuztuan, eta hilabete batzuk Bohemiako Zürau herrira joan zen bizitzera, bere arreba Ottlaren baserrira. Han gustura sentitu zen eta geroago idatzi zuen bere bizitzako garairik onena izan zela, ziurrenik ardurarik ez zuelako bertan.[33]
1920. urtearen hasieran, Milena Jesenská idazle eta kazetari txekiarrarekin eragin handiko harreman bat izan zuen, eta 1923an Berlinera joan zen denboraldi labur batez, bere familiaren eraginagandik urruntzeko eta bere obran zentratzeko asmoz.[12] Hiri horretan, Dora Diamant ezagutu zuen, familia judu ortodoxo bateko 25 urteko haur-eskola irakasle bat, eta berarekin jarri zen bizitzen. Maitaleak Talmudarekiko interesa piztu zion,[34] eta denboraldi horretan lau ipuin landu zituen, guztiak argitaratzeko asmoarekin, tartean Gosearen artista.[12]
Kafkak bizitza osoan izan zuen susmoa jendeak mentalki eta fisikoki higuingarri ikusten zuela. Hala ere, bera ezagutu zutenek izaera lasaia eta freskoa, adimen nabaria eta umore lehorra zuela esaten zuten. Halaber, mutil ederra zela zioten, itxuraz zorrotza izan arren.[35][36][37]
Brodek Heinrich von Kleistekin alderatu zuen, bi idazleek egoera zehaztasunez deskribatzeko gaitasuna zutela ohartuta. Broden iritziz, Kafka ezagutu zuen pertsona entretenigarrienetako bat zen, umorea lagunekin partekatzea gustatzen zitzaiolako, baina baita egoera zailetan aholku onekin laguntzen zielako ere.[12] Broden arabera errezitatzaile sutsua zen, bere diskurtsoa musika balitz bezala esateko gai izanik. Kafkaren bi ezaugarri bereizgarrienetakoak "egiazkotasun absolutua" eta "kontzientzia zehatza" zirela uste zuen. Xehetasunak sakonean eta maitasunez aztertzen zituen, ezustekoak eta itxuraz arraroak, baina erabat egiazkoak ziren gauzak azaleratuz.[12]
Kafkak txikitan jarduera fisikoarekiko interes gutxi erakutsi zuen arren, geroago zaletasuna sortu zitzaion eta txirrindulari, igerilari eta arraunlari bikaina izan zen.[12] Asteburuetan lagunekin ibilaldi luzeak egiten zituen, askotan berak antolatuta. Bere beste interesen artean medikuntza alternatiboa, hezkuntza sistema modernoak, eta hegazkinen eta zinemaren moduko berritasun teknologikoak zeuden. Idazketak berebiziko garrantzia zuen Kafkarentzat; "otoitz egiteko modutzat" jotzen zuen. Zaratarekiko oso sentikorra zenez, erabateko lasaitasuna nahiago zuen idazterakoan.[12]
Marino Pérez-Álvarez psikologoak aldarrikatu du Kafkak nortasun eskizoidea izan zezakeela. Bere estiloak Metamorfosia liburuan ez ezik, beste hainbat idatzietan ere maila baxuko eta ertaineko ezaugarri eskizoideak agertzen ditu, eta Pérez-Álvarezek bere lanaren zati handi baten eragina izan zuela dio.[38] Bestalde, bere larritasuna 1913ko ekaineko egunerokoaren sarrera honetan ikus daiteke:[39][40] "Buruan dudan mundu izugarritik, nola askatu neroni eta nola bera, zatikatu gabe. Eta nahiago dut mila aldiz zatikatzea, nigan gordetzea edo lurperatzea baino. Horregatik nago hemen, hori nahiko argi dut”.[41]
Era berean, 50. zenbakiko Zürau aforismoan honakoa dio: "Gizakia ezin da bizi bere baitan suntsiezina den zerbaiten konfiantza iraunkorrik gabe, nahiz eta zerbait suntsiezin hori eta beregan duen konfiantza, betiko ezkutatuta egon daitezkeen".[18]
"San Giovanni di Dio" ospitaleko Alessia Coralli eta Antonio Perciaccante sendagileek adierazi dute Kafkak nortasun nahaste mugatua izan zezakeela, gertatzen zitzaion insomnio psiko-fisiologikoarekin batera.[42] Joan Lachkar historiagilearen ustez Metamorfosia "mugako nortasunaren irudikapen bizia" bezala interpretatu daiteke, eta istorioa "Kafkaren utzikeria beldurrak, antsietateak, depresioak eta parasitoen mendekotasun beharrak deskribatzen dute. Mugako desio normal eta osasuntsuak, zerbait itsusia eta mespretxagarriarekin nahastearen beharra zuen".[43]
Lehen Mundu Gerraren aurretik, Txekiako erakunde anarkista, antimilitarista eta antiklerikal bateko bileretara joaten zen.[44] Hugo Bergmann, Kafkaren lehen eta bigarren hezkuntzan ikastetxe berdinetara joan zena, azken ikasturtean (1900-1901) haserretu egin zen Kafkarekin, "bere sozialismoa eta nire sionismoa arrotzegiak zirelako.[45] Franz sozialista bilakatu zen, eta ni sionista 1898an, sionismoaren eta sozialismoaren sintesia oraindik existitzen ez zen garaian."[46]:
Kafka Pragan hazi zen, alemanez hitz egiten zuen judu gisa.[47] Ekialdeko Europako juduek liluratzen zuten, bere ustez mendebaldeko juduetatik kanpo zegoen bizitza espiritual sendoa baitzuten. Bere egunkaria yiddishez idazten zuten idazleei buruzko erreferentziaz beteta dago.[48] Hala ere, batzuetan judaismotik eta juduen bizitzatik aldenduta egoten zen. 1914ko urtarrilean, honakoa idatzi zuen bere egunkarian:[49] "Zer kidetasun daukat juduekin? Ez daukat ia kidetasunik ezta nire buruarekin ere, eta oso geldi egon beharko nuke txoko baten, arnasten jarraitzen dudalako pozik".[49]
Livia Rothkirchen adituak "bere garaiko figura sinbolikoa" deitzen dio Kafkari.[50] Garaikideen artean judu, txekiar eta alemaniar kulturarekiko sentikorrak ziren idazle judu, txekiar eta alemaniar ugari zeuden. Rothkirchenen arabera, "Egoera honek ikuspegi kosmopolita zabala eta kontenplazio metafisiko transzendentalarekin muga egiten zuen, bere idazkiei eman zizkieten idazteko eratan. Adibide ospetsua Franz Kafka da".[50]
Bere bizitzaren amaiera aldera, Kafkak postal bat bidali zion Hugo Bergman lagunari Tel Avivera, Palestinara emigratzeko asmoa iragarriz. Bergmanek uko egin zion Kafkari ostatu emateari, haur txikiak zituen eta Kafkak tuberkulosia kutsatuko ote zien beldur zen.[51]
Kafkaren laringeko tuberkulosiak okerrera egin zuen, eta 1924ko martxoan Berlinetik Pragara itzuli zen.[13] Bere familiako kideek, batez ere bere arreba Ottla eta Dora Diamantek, zaindu zuten. Apirilean Vienako kanpoaldean zegoen Hoffmann doktorearen Kierlingeko erietxera joan zen tratamendua hartzera.[12] Bertan hil zen 1924ko ekainaren 3an, ahulezia zela eta. Bere arazo fisikoen eraginak kalteak sortu zizkion eztarrian eta ondorioz jakiak irenste hutsak min eragiten zion.[52][12] Orduan nutrizio parenterala garatu gabe zegoenez, ezin zuten elikatu (Metamorfosia liburuko Gregor pertsonaiarekin antzekotasun kutsua du, baita Gosearen artista kontakizuneko pertsonaia nagusiarekin ere). Bere gorpua Pragara eraman zuten, Hilerri Judu Berrian hobiratuz.[28] Kafka ezezaguna izan zen bere bizitzan zehar, eta ospeari ez zion garrantzirik ematen. Heriotzaren ondoren, ordea, azkar egin zen ezagun, bereziki Bigarren Mundu Gerraren ondoren.[12]
Kafkaren argitaratutako lan guztiak alemanez idatziak zeuden, Milena Jesenskári txekieraz idatzi zizkion gutun batzuk izan ezik. Hala ere, bizitzan zehar argitaratutako lan urriak jendearen arreta gutxi erakarri zuten.
Kafkak ez zituen bere nobela luzeak amaitu, eta lanaren % 90 inguru erre egin zuen, zati handi bat Diamantekin Berlinen bizi izan zen garaian.[53][13] Bizitza osoan lan labur batzuk baino ez zituen argitaratu, guztiaren zati txiki bat besterik ez. Hil aurretik, Max Brod lagunari ohar batzuk eman zizkion, bere eskuizkribuak desagerrarazteko.[54] Bere maitalea izan zen Dora Diamantek hein batean baino ez zituen bere nahiak bete, isilean gorde zituelako Kafkaren idatzi gehienak, hogei koaderno eta hogeita hamabost eskutitz barne. Idazle bezala aritu zen lehen urteetan, von Kleisten eragina izan zuen, eta Bauerri idatzitako eskutitzean haren lana beldurgarria zela esaten zion.[55]
Kafkak argitaratutako lehen lanak zortzi ipuin izan ziren, 1908an Hyperion literatura aldizkariaren lehen zenbakian, Kontenplazioa izenarekin agertu zirenak. "Borroka baten deskribapena" istorioa 1904an idatzi zuen. Brodi 1905ean erakutsi ondoren, idazten jarraitzeko aholkua eman zion, Hyperionera aurkezteko konbentzituz. Kafkak 1908an zati bat eta bi atal argitaratu zituen, guztiak Munichen.[56][12]
1912ko irailaren 22ko gauean sortutako eztanda batean, Kafkak Epaia ipuina idatzi zuen, eta Felice Bauerri eskaini zion. Brodek antzeman zuen pertsonaia nagusiaren eta bere fikziozko emaztegaiaren, Georg Bendemann eta Frieda Brandenfeld izenekin, Franz Kafka eta Felice Bauerrekin zuten antzekotasuna.[57] Istorioa Kafkaren lehen lan iraultzailetzat hartu ohi da. Semearen eta bere aita menderatzailearen harreman nahasia jorratzen du, semearen konpromisoaren ondoren egoera berri bati aurre eginez.[58][14] Kafkak gero idatzi zuen "gorputzaren eta arimaren irekiera osoa" izan zela,[25] "benetako jaiotza bezala garatu zuen istorioa, zikinkeriaz eta lohiz estalita". Istorioa Leipzigen argitaratu zen lehenengo aldiz 1912an, eta "Felice Bauer andereñoari" eskaini zion.[57]
1912an, Kafkak Metamorfosia idatzi zuen, 1915ean Leipzigen argitaratuko zena.[59] Istorioa honakoa da: saltzaile ibiltari batek, esnatzen denean, piztia higuingarri batean bihurtuta aurkitzen du bere izaera. Kritikariek XX. mendeko fikziozko lan funtsezkoenetakotzat hartzen dute.[60] Bestalde, Zigor kolonian ipuina, tortura eta exekuzio gailu landu bati buruz dena, 1914ko urrian idatzi zuen, 1918an berrikusi eta Leipzigen argitaratu zen 1919ko urrian. Gosearen artista ipuina “Die neue Rundschau” aldizkarian argitaratu zen 1924an, eta biktimizatutako protagonista deskribatzen du, epe luzez bere burua gosez hiltzeko estimazioan beherakada jasaten duena. Bere azken ipuinek, Josefine abeslaria edo arratoien herria, artista baten eta bere publikoaren arteko harremana lantzen dute.[61]
1912an hasi zuen bere lehen eleberria.[12] Lehen kapitulua "Sugilea" istorioa da. Kafkak amaitu gabe utzi zuen lana, eta “Desagertutako gizona“ edo “Galdutako gizona“ izendatu zuen. Baina Brodek Kafkaren heriotzaren ondoren argitaratu zuenean, “Amerika“ izena jarri zion.[62] Eleberriaren inspirazioa aurreko urtean yiddishezko antzezlanen publikoan igarotako denbora izan zen, bere ondarearen inguruko kontzientzia berri batera ekarri zuena. Horrek pentsarazi zion norberaren ondarearekiko berezko estimua, pertsona bakoitzaren barruan bizi dela.[62] Kafkaren obra gehienak baino modu esplizituagoan umoretsuagoa eta errealistagoa da, eta nobelak sistema zapaltzaile eta ukiezin baten motiboa partekatzen du protagonista egoera bitxietan behin eta berriz jarriz.[63] Ameriketara emigratu zuten senideen bizipenen xehetasun ugari erabiltzen ditu,[64] eta Kafkak amaiera baikor batekin idatzi zuen lan bakarra da.[57]
1914an, Kafkak Prozesua eleberria hasi zuen, urruneko eta eskuraezina zen agintari batek atxilotu eta auzipetutako gizon baten istorioa. Bere krimenaren izaera ez zitzaion ez berari ez irakurleari agerian utzi. Kafkak ez zuen eleberria osatu, nahiz eta azken kapitulua amaitu zuen. Elias Canetti Nobel saridunaren eta Kafkaren ikertzailearen arabera, Felice funtsezkoa da Prozesuaren argumentuan, eta Kafkak "bere istorioa" zela esan zuen.[64][65] Canettik Feliceri idatziko eskutitzak Kafkaren Beste Prozesua izendatu zituen, eskutitzen eta eleberriaren arteko harremana aitortzeko. The New York Times egunkariko berrikuspen batean Michiko Kakutani-k ohartarazi zuen Kafkaren gutunek "bere fikzioaren arrastoak dituztela: arreta urduri bera xehetasun txikiei; botere orekak aldatzearen kontzientzia paranoiko bera; itolarri emozionaleko giro bera, harrigarriro konbinatuz mutiko sutsuaren gozamen uneekin."[65]
Egunerokoaren arabera, 1914ko ekainean Kafka Gaztelua eleberria antolatzen hasia zen jada, baina, hala eta guztiz ere, ez zen idazten hasi 1922ko urtarrilera arte.[57] Protagonista K. izeneko lur-zaintzaile bat da, arrazoi ezezagunengatik borrokatzen dena gaztelu baten bizi diren eta herria gobernatzen duten agintari misteriotsuekin harremanetan hasteko. Kafkaren asmoa gazteluko agintariek K.ri bere heriotzaren ohe ondoan jakinaraztea zen "herrian bizitzeko legezko erreklamazioak ez zuela balio, baina hala ere, zenbait egoera laguntzaile kontutan hartuta, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena ematen zitzaiola".[66] Iluna eta zenbaitetan irreala, eleberria alienazioan, burokrazian, gizakiak sistemaren aurka egiteko saiakeren amaierako itxurazko frustrazioetan, eta lortu ezin den xede baten bilaketa hutsalean oinarritzen da. Hartmut M. Rastalsky adituak bere tesian honakoa adierazi zuen: "Ametsek bezala, bere testuek xehetasun 'errealista' zehatzak uztartzen dituzte zentzugabekeriekin, protagonisten arreta handiko behaketarekin eta arrazoibideekin, ahanztura eta arduragabekeria ulergaitzekin".[67]
Kafkaren istorioak literatur aldizkarietan argitaratu ziren hasieran. Lehen zortziak 1908an inprimatu ziren bi hilean behineko Hyperion aldizkariaren lehen zenbakian.[68] Franz Bleik 1909an bi elkarrizketa argitaratu zituen, eta "Borroka baten deskribapena"-ren zati bihurtu ziren.[68] Brodekin Italiara egindako bidaian idatzitako Hegazkinak Brescian ipuinaren zati bat 1909ko irailean argitaratu zen Bohemia egunkarian.[57] Bertan agertu ziren baita 1910eko martxoan geroago Betrachtung liburuaren jasotako hainbat istorio. 1913an Leipzigen, Brodek eta Kurt Wolff argitaratzaileak Epaia kaleratu zuten.[69] Halaber, Franz Kfkaren istorioa sartu zuten Arkadia poesia artistikorako urtekari literarioan. Urte berean, Wolffek Sugilea argitaratu zuen Jüngste Tag sailean, eta bertan hiru edizio izatera ailegatu zen.[64] Bestalde Legearen aurrean ipuina 1915eko Selbstwehr astekari judu independentearen Urte Berriko edizioan argitaratu zen. 1919an berriz, Herriko medikua berrargitaratu zen Ein Landarzt ipuin bildumaren barruan, eta Prozesua eleberriaren parte bilakatu zen. Beste ipuin batzuk ere, hainbat argitalpenetan argitaratu ziren.[69]
Kafkak bere lana, argitaratua zein argitaratu gabea, Max Brod bere lagun eta literatur ordezkariaren esku utzi zuen, bere heriotzaren ondoren suntsitu behar zelako argibide esplizituekin. Kafkak idatzi zion: "Max maitea, nire azken eskaera: nire atzean uzten dudan guztia, egunkari, eskuizkribu, eskutitz (nireak eta besteenak), zirriborro eta abar, irakurri gabe erre behar da".[70][71] Brodek ez zion eskaera horri jaramonik egin, eta nobelak zein lanak bildu eta argitaratu egin zituen 1925 eta 1935 artean. Bestalde, argitaratu gabe zeuden idatzi ugari hartu zituen maletan 1939an Palestinara ihes egin zuenean. Halaber, Dora Diamant Kafkaren azken maitaleak ere, haren nahiei jaramonik egin gabe, 20 koaderno eta 35 eskutitz gorde zituen ezkutuan.[72]
Brodek bere esku zituen idazkien zatirik handiena argitaratu zuenean,[73] Kafkaren lanak arreta eta kritika onak erakartzen hasi ziren. Dena den, Brodek ezin izan zituen Kafkaren koadernoak ordena kronologikoan antolatu. Arazoetako bat zera zen, Kafka sarritan liburuaren atal desberdinetan hasten zela idazten; batzuetan erdian, eta beste batzuetan amaieratik atzera lan eginez.[74] Bestalde, Brodek osatu gabeko lan asko amaitu egin zituen argitaratu ahal izateko. Adibidez, Kafkak Prozesua zenbakitu gabeko eta osatu gabeko kapituluekin utzi zuen, eta Gaztelua osatu gabeko esaldiekin eta eduki anbiguoekin.[75] Brodek kapituluak berrantolatu zituen, testuak kopiatu eta editatu, eta puntuazioak aldatu. Prozesua 1925ean argitaratu zen Verlag Die Schmiede-n. Era berean, Kurt Wolffek beste bi eleberri argitaratu zituen, Gaztelua 1926an eta Amerika 1927an. Bestalde 1931an Brodek argitaratu gabeko prosa eta ipuinen bilduma liburua editatu zuen Txinako Harresi Handia izen bereko istorioan. Liburua Gustav Kiepenheuer Verlag-en agertu zen, eta Broden multzoei "Behin betiko edizioak" deitu ohi zaizkie.[76]
1933. urtean berriz, idazlanak Gestapok konfiskatu egin zituen.[72] Gaur egun, mundu osoan zehar Kafkaren idatziak aurkitzeko lana martxan dago. Brodek ez zion bere lagunari kasurik egin, eta Kafkaren obra guztiaren argitalpena berak eraman zuen aurrera. Horren ondorioz, autore interesgarri bilakatu zen, baita kritikoentzat ere.[77]
1961ean, Malcolm Pasleyk Kafkaren jatorrizko eskuz idatzitako lan gehienak Oxford Bodleian Librarytik eskuratu zituen.[78] Prozesua-ren testua enkante bidez erosi zuen gero, eta Literatura Artxiboetan gordetzen da Marbach am Neckaren, Alemanian.[79]
Brod 1968an hil zenean, Kafkaren argitalpenik gabeko paperak, ustez milaka direnak, Esther Hoffe bere idazkariari utzi zizkion.[80] Batzuk kaleratu edo saldu egin zituen, baina gehienak alabei, Eva eta Ruthi eman zizkien, eta horiek ere paperak besteei uzteari uko egin zioten.[53] 2008an ahizpen eta Israelgo Liburutegi Nazionalaren arteko auzitegietako bataila hasi zen. Liburutegiak zioen lan horiek Israelgo nazioaren jabetza bihurtu zirela, Brodek Palestina britainiarrera emigratu zuenean, 1939an. Esther Hoffek Prozesuaren jatorrizko eskuizkribua bi milioi dolarretan saldu zion 1988an Marbach am Neckareko Alemaniako Literatura Modernoko Museoari.[53][81] Eva bakarrik zegoen bizirik 2012an,[82] eta Tel Aviveko familiako epaitegiak 2010ean emandako ebazpenaren arabera, idatziak askatu egin behar ziren. Gutxi batzuekin hori egin zen, aurretik ezezaguna zen istorio bat barne, baina borroka juridikoak aurrera jarraitu zuen.[83] Eva Hoffesek zioen idatziak haien ondasun pertsonalak zirela, eta Israelgo Liburutegi Nazionalak, berriz, "judu herriaren ondasun kulturalak" zirela. Liburutegi Nazionalak iradokitzen zuen, baita ere, Brodek testamentuan idatziok berari legatu ziola. Azkenean, Tel Aviveko Familia Auzitegiak 2012ko urrian erabaki zuen idatziak Liburutegi Nazionalaren jabetzakoak zirela.[84]
Kritiko askok, Kafkaren lanari zentzua aurkitu ahal izateko, literatur kritika eskolen arabera interpretatu izan dute, hots, modernista, errealismo magikokoa, etab. Bere obran nagusi diren itxurako etsipen eta zentzugabekeria, existentzialismoaren enblematikotzat hartzen dira. Batzuk eragin marxista aurkitu nahi izan dute burokraziaren satirizazioan honelako obretan: Zigor-kolonian, Prozesuan eta Gazteluan.[85] Beste batzuk, ordea, anarkismoa iradokitzen dute inspirazio oinarritzat Kafkaren indibidualismo anti-burokratikorako. Hala ere, beste batzuk judaismoaren ikuspuntutik abiatu dira, izan ere, Kafka judua zen eta kultura juduarekiko interesa agertu zuen, nahiko heldua zela landu zuen arren. Lana interpretatzeko beste bide bat Freudismoa izan da, jasandako familia-arazoak zirela-eta.[erreferentzia behar] Edota Thomas Mannek proposatu zuen teoria jarraituz, jainkoaren bilaketa metafisikoaren alegoria bezala.[86]
Sarritan garrantzi handia ematen zaio alienazioari eta jazarpenari, eta enfasi horrek lotura handia zuen Gilles Deleuze eta Félix Guattari biografoen kontra-kritikekin. Kafkak larritasunaren eraginez idazten zuen, eta irudi bakartiaren estereotipoa baino gehiago zela usten zuten. Eta bere lana jakinaren gainean egindakoa zela, subertsiboa eta itxuraz ematen zuena baino “alaiagoa”. Biografoek diote Kafkak bazuela bere lagun hurbilenei idazten ari zen liburuko kapituluak irakurtzeko ohitura. Irakurketa hauetan bere alderdi umoristikoan, baina askotan ezezagunean, jartzen zuen gogoa.[87]
Milan Kundera idazleak aditzera eman zuen Kafkaren umore surrealista Dostoievskik krimen batengatik zigortutako pertsonaien aurkezpenaren alderantzizkoa izan zitekeela.[88] Kafkaren lanean pertsonaia bat zigortu egiten da, nahiz eta deliturik ez egin. Kunderak uste du bere egoeraren ezaugarrietarako inspirazioak familia patriarkal batean hazi, eta estatu totalitario batean bizitzetik etorri zirela. Bestalde, W. H. Auden poetak Kafka "XX. mendeko Dante" izendatu zuen,[89] eta Vladimir Nabokov eleberrigileak XX mendeko idazle handienen artean kokatu zuen.[90] Halaber, Gabriel Garcia Márquezek esan zuenez, Metamorfosia lana irakurtzeak “era desberdinean idatz zitekeela” erakutsi zion.[91]
Adituak Kafkaren jatorri juridikoak eta legalak bere fikzioan izan zuten eragina identifikatzen saiatu ziren.[92][93] Interpretazio gehienek zuzenbidearen eta legezkotasunaren alderdiek bere lanean garrantzitsuak izan zirela zioten,[92] sistema juridikoa askotan zapaltzailea baita.[14] Legea Kafkaren lanetan, edozein entitate juridiko edo politikoren ordezkari izan beharrean, indar anonimo eta ulertezinen bilduma gisa irudikatzen da. Hauek norbanakoari ezkutatuta daude, baina kontrolatzen ez dituzten sistemen biktima errugabeak diren pertsonen bizitza kontrolatzen dute.[92] Interpretazio absurdo hau onartzen duten kritikariek, Kafkak bere burua unibertso absurdo batekin gatazkan azaltzen duen kasuak aipatzen dituzte. Adibide bat bere egunerokoko sarrera hau izan daiteke:
“Nire lau hormetan sartuta, atzerriko herrialde batean espetxeratutako etorkin bat bezala aurkitzen nintzen... Nire familia atzerritar ohitura arrotzekin ikusten nuen, atzerriko erritu eta hizkuntza osoak ulermena desafiatzen zutena... Nahiz eta nik hori nahi ez, beren erritual bitxietan parte hartzera behartzen ninduten... Ezin izan nien aurre egin”.[94]
Hala ere, James Hawesek Prozesuaren epaiketa judizialen deskribapen asko argudiatzen ditu, eta metafisikoak, absurdoak, harrigarriak eta amesgaiztoak ager litezkeen arren, garai hartako Alemaniako eta Austriako prozedura penalen deskribapen zehatz eta informatuetan oinarrituta zeuden, inkisitorialak zirelako aurkaritzakoak baino.[14] Aseguruetan lan egiten zuen arren, Kafkak abokatu trebatu moduan "bere garaiko eztabaida juridikoak biziki ezagutzen zituen".[95] Bere bulegoko idazkiak abiapuntutzat hartzen dituen XXI. mendearen hasierako argitalpen batean,[24] Pothik Ghoshek dio Kafkarekin, legeak "ez duela zentzurik menderatze eta determinazio indar hutsa izatetik kanpo".[96]
Kafkaren lanen ingelesezko lehen itzulpenak Edwin eta Willa Muirenak izan ziren, 1930ean Gazteluaren lehen alemaniar edizioa itzuli baitzuten. Bestalde, 1941eko edizioek, Thomas Mannen omenaldia barne, Kafkaren ospea areagotu egin zuten Estatu Batuetan 1940ko hamarkadaren amaieran.[97]
Kafkak alemanaren ezaugarri bat maiz erabiltzen zuen, batzuetan orrialde osoko esaldi luzeak baimentzen dituena. Haren esaldiek ustekabeko inpaktua ematen dute puntua amaitu baino lehen, hau da, azken esanahian eta ardatzean.[98] Hori alemanez menpeko perpausak eraikitzearen ondorioz gertatzen da, aditza perpausaren amaieran kokatzea eskatzen duelako.[99]
Idazle ospetsu asko ez bezala, Kafka gutxitan aipatzen dute beste batzuk. Horren ordez, gehiago nabarmentzen da bere ikuspegi eta perspektibagatik.[14] Shimon Sandbank irakasle, literatur kritikari eta idazleak zioenez, Jorge Luis Borges, Albert Camus, Eugène Ionesco, J. M. Coetzee eta Jean-Paul Sartre eragin zituen.[100] Halaber, Financial Times egunkariko literatur kritikariak José Saramagori ere eragitea egozten zion,[101] eta Al Silverman idazle eta editoreak J. D. Salingerrek Kafkaren lanak irakurtzea maite zuela zioen.[102] 1999an jakintsu eta literatur kritikoz osatutako 99 egileren batzorde batek, Prozesua eta Gaztelua XX. mendeko alemanezko bigarren eta bederatzigarren eleberri esanguratsuenak izendatu zituen.[103] Sandbanken ustez, Kafkaren zabaltasuna gorabehera, bere estilo enigmatikoa oraindik ez da imitatu.[104] Neil Christian Pages, Alemaniako Ikasketen eta Literatura Konparatuaren irakaslea Binghamton Unibertsitatean, eta Kafkaren obran espezializatua dena, bere eraginak literatura gainditzen duela dio, eta ikusizko arteetan, musikan eta herri kulturan ere eragiten duela.[105] Harry Steinhauer alemaniar eta judu literaturako irakasleak dio Kafkak "XX. mendeko beste edozein idazlek baino eragin indartsuagoa izan duela gizarte literarioan". Brodek esan zuen XX. mendea egunen batean "Kafkaren mendea" bezala ezagutuko zela.[6]
Michel-André Bossyk idatzi zuen Kafkak unibertso burokratiko zurrun, malgu eta antzua sortu zuela. Kafkak modu juridiko eta zientifikoz beteriko estilo distiratsuan idatzi zuen. Hala ere, haren unibertso larriak umore jakingarria ere bazuen, beti "ustez arrazionala den mundu baten sustraietan dagoen irrazionaltasuna" nabarmenduz.[106] Pertsonaiak harrapatuta daude, nahasita, erruduntasunez beteak, zapuztuak eta beren mundu surrealista ulertu ezinik. Kafkaren osteko fikzioaren zati handi batek, batez ere zientzia fikzioak, Kafkaren unibertsoaren gaiak eta aginduak jarraitzen ditu. George Orwell eta Ray Bradbury egileen lanetan ikus daiteke hori, besteak beste.[106]
"Kafkiar" terminoa bere lana gogorarazten duten kontzeptuak eta egoerak deskribatzeko erabiltzen da, batez ere Prozesuan eta Metamorfosian agertzen direnak. Adibide gisa, burokraziak jendea gailentzen duen kasuak daude, maiz amesgaizto giro surrealista baten zentzugabekeria, desorientazioa eta ezintasun sentimenduak sorrarazten dituena.[107][108] Kafkaren eszena bateko pertsonaiek askotan ez dute ekintza modu argian ikusten, labirinto egoeratik ihes egiteko. Elementu kafkiarrak maiz agertzen dira lan existentzialetan, baina terminoak literaturaren eremua gainditu du, eta bizitza errealeko gertakari eta egoera ulergaitz, konplexu, bitxi edo ilogikoei aplikatzen zaie.[109]
"3412 Kafka" asteroide gerrikoaren barruko eskualdeetako asteroide bat da, gutxi gorabehera sei kilometroko diametroa duena. 1983ko urtarrilean aurkitu zuten Randolph Kirk eta Donald Rudy astronomo estatubatuarrek, Kaliforniako Palomar Behatokian,[110] eta Kafkaren izena jarri zioten.[111]
Bestalde Apatxe Kafka, jatorriz 2011ko urtarrilean kaleratutako iturri irekiko korronteak prozesatzeko plataformari deitzen zaio.[112]
Pragako Franz Kafka museoa hari eta haren lanari eskainita dago.[113] Eta 2001ean sortu zen urteroko Franz Kafka saria, Pragako Hiriaren literatura saria. Literaturaren merezimenduak aitortzen ditu, "izaera humanistikoa eta kultura, nazio, hizkuntza eta erlijio tolerantziari egiten dion ekarpena, bere izaera existentziala eta betikoa, orokorrean gizakiaren baliozkotasuna eta gure garaiari buruzko testigantza emateko gaitasuna" dituena.[114]
- Lehen sufrimendua (Erstes Leid)
- Emakume txiki bat (Eine kleine Frau)
- Gosearen artista (Ein Hungerkünstler)
- Josefine abeslaria edo arratoien herria (Josephine, die Sängerin, oder Das Volk der Mäuse)
Bestalde, istorio bilduma asko publikatu dira, esaterako:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.