From Wikipedia, the free encyclopedia
Paul Thomas Mann (Lübeck, Schleswig-Holstein, 1875eko ekainaren 6a - Zurich, 1955eko abuztuaren 12a) idazle alemaniarra izan zen. Buddenbrooks (1901), Der Tod in Venedig edo "Herioa Venezian" (1912) eta "Mendi magikoa" (1924) liburu ezagunen egilea da. 1929an Literaturako Nobel saria eman zioten[1].
Thomas Mann | |
---|---|
(1929) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Paul Thomas Mann |
Jaiotza | Lübeck, 1875eko ekainaren 6a |
Herrialdea | Txekoslovakia Alemaniar Inperioa (1875 - 1918) Weimarko Errepublika (1918 - 1933) Hirugarren Reicha (1933 - 1936) |
Lehen hizkuntza | alemana |
Heriotza | Zürich, 1955eko abuztuaren 12a (80 urte) |
Hobiratze lekua | Kilchberg cemetery (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: aneurisma |
Familia | |
Aita | Thomas Johann Heinrich Mann |
Ama | Júlia da Silva Bruhns |
Ezkontidea(k) | Katia Mann 1955eko abuztuaren 12a) |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Municheko Unibertsitatea Municheko Teknologia Unibertsitatea Katharineum (en) |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | eleberrigilea, saiakeragilea, autobiografialaria, ipuingilea, gizarte-kritikaria, eguneroko-idazlea, gidoilaria, unibertsitateko irakaslea eta idazlea |
Lantokia(k) | Munich eta Princeton |
Enplegatzailea(k) | Princetongo Unibertsitatea Simplicissimus (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Johann Wolfgang von Goethe |
Kidetza | Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia Alemaniako Errepublika Demokratikoko Artearen Akademia Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia Bavariako Arte Ederren Akademka |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Luteranismoa |
Alderdi politikoa | Alemaniako Alderdi Demokratikoa |
| |
Politikoki, nabarmenena izan zen erregimen naziaren aurkako bere jarrera. Hainbat urtez Münchenen bizi ondoren, arteriosklerosiak jota hil zen Suitzan. Bere garaiko lekuko argia izan zen Thomas Mann, Alemaniako eleberrigile moderno handiena kritikari askoren ustez. Estilo patxadatsu eta aldi berean ironiko batez azaldu zuen Europako kultura tradizioaren gainbehera, tradizio horren funtsezko balioak ukatu ez bazituen ere.
Thomas Mann merkataritza aristokraziako familia bikainenetako batean hazi zen eta bere anaia nagusi Heinrichek bezala literatur zaletasun handia erakutsi zuen gazte-gaztetandik. Jaioterrian bertan egin zituen oinarrizko eta lehen mailako ikasketak, baina aita hil zenean (1891), eta bere senitartea hartuta, Munichera joan zen bere ikasketak osatzera eta sakontzera. Munichen, Mann gaztea artisten arteko giroan murgildu zen eta anaia zaharraren urratsei jarraituz buru-belarri sartu zen literatur munduan, eta zenbait aldizkaritan parte hartzen hasi, Simplicissimus izenekoan, besteak beste.
1905ean Katia Pringsheimekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten. Lehen Mundu Gerran nazionalismoaren alde egin zuen sutsuki,autoritarismoaren alde, baina gerra bukatu orduko jarreraz aldatzen hasi zen eta demokraziaren balioak onartu zituen azkenean. Betrachtungen eines Unpolitischen (1918, "Apolitiko baten aburuak") liburuan erakutsi zuen bere hasierako jarrera hura, anaia Heinrich progresista eta demokratikoarenari guztiz kontrajarria: liburuan Mannek aurrez aurre jarri zituen Alemaniaren Kultur-a (zibilizazio espirituala) eta sartaldeko herrien zibilizazio materiala. Bigarren Mundu Gerra aurreko urteetan nazismoaren aurkako jarrera garbia izan zuen.
1933an, Hitlerrek aginpidea eskuratu orduko, hitzaldiak egiten atzerrian zegoela aprobetxatuz, bere herrialdera ez itzultzea erabaki zuen. 1933 eta 1938 bitarteko urteetan Suitzan bizi izan zen denbora gehiena, 1938an Estatu Batuetara joan zen, Princetonera, han unibertsitatean irakasle lanpostua lortu baitzuen, eta 1940an Kaliforniara. Gerra bitartean Hitlerren aurkako propaganda egin zuen mezuak idatziz eta irrati bidez lau haizetara zabalduz. 1944an Estatu Batuetako herritartasuna hartzea erabaki zuen. 1952an Suitzara itzuli zen eta handik hiru urtera hil zen, Kilchbergen.
Nazien aurkako hainbeste hitzaldiren artean, beheko hau adibide garbia da bere ideologia irmoaren adierazgarri:
« | Lugano, 1933ko apirilaren 1a, larunbata. Atzo albiste berriak heldu ziren Munichetik. Atzerrira irten nahi duzun bakoitzean, beharrezkoa da errugabetasun politikoaren agiria aurkeztea. (...) Maltzurkeria ergela da juduen aurkako boikota egiteko moduan: dendak zabalik izan behar dituzte eta langileei ordaindu behar diete, baina bezeroei debekatu zaie sartzea. Eta, hala ere, inor sartzen bada, filmatu eta jendaurrean erakusten dute. Juduen dendetan marka horiak egiten dituzte. Hori guztia sinesgaitza, izugarria eta zentzugabea da. | » |
Thomas Mann, Egunkariak, 1918-1936 |
Nahiz eta kontakizun molde klasikoei leial egon zen beti, Mannek konplexutasun berezi batez hornitu zituen beti moldeok.
Umorea eta ironia erabiliz ñabartu zuen bere idazkera aberatsa, eta kontatzen zituen historia sotilek sinbolismoz betetako edukia ikusten uzten zuten errealismo handiko itxuraren azpian. Analisia, zehaztasuna eta ironia izan ziren haren estiloaren ezaugarri nagusiak, eta artearen eta heriotzaren arteko harremana, eta eritasunarenaren eta osasunarenaren artekoa, gehien landu zituen gaiak.
Der kleine Herr Friedemann (1898, "Friedemann jaun txikia") kontakizun bildumaren ondoren, Thomas Mannek publikoaren eta kritikaren arreta bereganatu zuen [[Buddenbrooks eleberriarekin[2] (1901, "Buddenbrooktarrak"). Liburu horretan (bere bizitzan oinarritua neurri handi batean), familia burges baten gainbeheraren kontakizuna egin zuen familiako lau belaunalditan zehar.
Mannek, bere literatura ibilbidearen hasierako urrats haietan, arteari eta sortzailearen eta honen langaia den bizitzaren arteko harremanari buruzko gogoetak egin zituen bere liburuetan, aipatu den horretan, eta baita bere hurrengoetan ere: Tonio Kröger (1903) eta Tristan (1903) ipuinetan, adibidez. Ezkondu eta urte batzuetara sortu zuen bere lanik hoberenetako bat: Der Tod in Venedig (1912, "Herioa Venezian", Xabier Mendigurenek euskaratua). Eleberri labur horretan -idazle aleman baten bizitzaren azkeneko egunak Venezian, hiria kolera izurriteak jota dagoen garai batean- Mannek oso modu tragikoan, dekadentismoz asetako hondamen giro batean, erabili zuen bere literaturgintzako gai nagusia: artearen eta bizitzaren arteko gatazka, duintasun burgesaren eta senen askapenaren artekoa.
Lehen Mundu Gerrak eragin handia izan zuen Mannen politika eta kultur pentsamoldean, eta pixkana-pixkana jarreraz aldatu zuen. Buruan zerabiltzan ideia berriak beste maisulan batean azaldu zituen: Der Zauberberg (1924, "Mendi magikoa"). Eleberria Suitzako tuberkulosi gaixoentzako erietxe batean girotuta dago eta Hans Castorp gaztearen zalantzak azaltzen ditu: edo erietxean gelditu, bere baitan bilduta, eritasunaren eta heriotzaren liluraren mende, edo izatearen errealitateak onartu. Azken erabakia, munduari aurre egitekoa, idazlearen jarrera espirituaren sinbolotzat har daiteke. Obra horretan, bestalde, Thomas Mannek Europan berpizten ari zen militarismoaren arriskuez ohartarazi zuen, eta elkarrekin kontraesanean dauden bi modutara agertu zuen eritasuna: balio espiritualen sortzaile gisa, batetik, eta anarkia eta degenerazio gisa, bestetik. Eleberrian aurrez aurre jarri zituen progresismo burgesa, batetik, eta nazionalismo neoerromantikoa (nazismoaren aitzinekoa), bestetik, eta berak aurrenekoaren alde egin zuen argi eta garbi.
Nazismoa zabaltzen hasi zenean aurre egin zion gogor, eta Hitlerrek aginpidea eskuratu zuelako Suitzara erbesteratu behar izan zuenez geroztik (1933), Thomas Mannek filosofia sustrai sakoneko alegoriak moldatu zituen gizarte modernoari buruz.
Germaniar kulturaren suspertzaileen eredua aldarrikatuz eta aldi berean arrazoiaren aldeko deia eginez, Freud (1929), Goethe (1932) eta Wagner (1933) saiakerak idatzi ondoren, bere eleberri nagusietako hi idatzi zituen: batetik, Joseph und seine Brüder (1933-1943,"Jose eta bere anaiak") zikloa (lau liburu), mendebaldeko zibilizazioaren sustraiak arakatuz eta Bibliako historia beste era batera azalduz, eta bestetik, Doktor Faustus (1947, "Fausto doktorea"), nazismoa gerta zedin lagundu zuten gorabeheren azterketa psikologiko eta moral sakona, bere arima deabruari saltzen dion musikari bati buruzko kontakizunaren bidez egina. Azkeneko lanetan bere betiko ironiaz eta umoreaz azaldu zituen gauzak berriro: Der Erwählte (1951, "Aukeratua") eta Bekenntnisse des Hochstaplers Felix Krull. Der Memoiren erster Teil (1954, "Felix Krull iruzurgilearen aitorpenak").
Zurichen hil zen, 1955eko abuztuaren 12an.
« | Gustav Aschenbach edo von Aschenbach, ofizialki ezagutzen zutenez berrogeita hamargarren urteurrenaz geroztik, 19... urteko udaberri-arratsalde batean, gure kontinenteari aurpegi hain mehatxuz eta arriskuz betea hilabete luzetan erakutsi zion hartan, Prinzregentenstrasseko bere apartamendutik irten zen, Munichen barrena eta, bakarrik paseo luze bat egitera. Goizeko lan zail eta gorabeheratsuak asaldatua, zeinak egun horietan hain zuzen ahalik eta arreta, zuhurtzia, sen eta dendunik gehien eskatzen baitzion, idazleak ezin izan zuen, ezta bazkalondoan ere, bere barrenean sormenaren, «motus animi continuus» horren hedapena geldiarazi, zeinean baitatza, Zizeronen arabera, oratoriaren funtsa; ez zuen aurkitu, indarrak gero eta gehiago ahitzen zitzaizkiolarik, egunean behin hain beharrezko zuen lo suspertzaile hori ere. Horregatik erabaki zuen tearen ondoren etxetik irtetea, aireak eta mugimendu apur batek suspertzen lagundu eta arratsean lan etekintsu bat eskuratuko ziotelakoan. | » |
Herioa Venezian, Xabier Mendiguren Bereziarturen itzulpena. |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.