From Wikipedia, the free encyclopedia
Soziologian eta politikan, kontserbadurismoa edo kontserbatismoa[1] gizartean, ekonomian nahiz politikan ikuspuntu paternalista batetik tradizioaren balioa aldarrikatuz, aldaketa sozialen aurka agertzen den ideologia eta jarrera da. Kasu horietan, kontserbadurismo terminoa tradizionalismo gisa ulertzen da politikan, edo ordena politiko bat bere horretan mantentzea, edo atzerakoi edo galdutako ordena politiko baten berrezarpen gisa[2]. Ideologia eta jarrera horren aldeko pertsona, taldeak eta horien iritziak kontserbadoreak direla esaten da. Mendebaldeko kulturan, kontserbadurismoa erlijioak bultzaturiko baloreekin lotzen da, hala nola familia, giza sexualitatearen kontrola eta espazio publikoen kontrola. Historian zehar, gainera, kontserbadurismoak botere ekonomiko eta finantzarioaren interesen alde jokatu izan du.
Espektro politikoan, kontserbadoreek hierarkia-ordenari buruz duten aldeko balioespenagatik, eskuin politikoaren barruan daudela uste da maiz; hala ere, neurri txikiagoan, kontserbadoreak aurki daitezke ezker politikoan ere[3][4][5].
Ekonomiari dagokionez, historikoki, kontserbadoreak protekzionistak izan ziren, merkatu askearen aurka posizionatuz. Hala ere, XX. mendean, alderdi kontserbadore batzuek jarrera ekonomiko neoliberalak hartu zituzten Gerra Hotzaren eraginez, sistema sozioekonomiko kapitalistaren defentsan aliatuz komunismoaren aurka. Ondorioz, XXI. mendean, kontserbadurismo politikoaren barruan, gai ekonomikoari buruzko hainbat jarrera daude.
Chateaubriandek kontserbadore terminoa hiztegi politikoan sartu zuen 1819an, Frantziako Iraultzaren aurreko eta ondoriozko ideien aurka zeudenei edo, oro har, Ilustrazioan sortu ziren ideia eta printzipioei[6], neurri batean, Antzinako Erregimena berrezartzeko asmoa zutenei erreferentzia egiteko. Herrialde ezberdinetan ezaugarri bereziak izan zituen oposizio hori indartu egin zen iraultza eta gerra horien ondorioz. Horrela, adibidez, Michael Sauterrek honako hau idatzi zuen: «Amaitzeko, kontserbadurismoa Frantziako iraultza aurreko garaietako emaitza da. Jatorri bat baino gehiago ditu, eta hainbat herrialdetan modu ezberdinetan agertu zen. Baina bere historiaz esan dezakegun zerbait baldin bada, Frantziako Iraultzak kontserbadurismoa mugimendu bihurtzeko oldarra sortu zuela da. 1789 baino lehen edozein aldaketaren aurkako kanpaina egin zutenak bat-batean profeta bihurtu ziren»[7]. Edo, bere burua kontserbadoretzat duen pertsonaia moderno baten hitzetan: «gaizkiaren sustraiak historiko-genetikoki berdinak dira mendebaldeko mundu osoan. Zorigaiztoko urtea 1789 da, eta ekitaterik ezaren sinboloa jakobinoen frigiar txanoa da. Bere heresia nortasunaren eta askatasun pertsonalaren ukazioa da. Haren agerpen zehatza da jakobino masen demokrazia, kolektibismo nazional eta estatismo mota guztiak, sozialismoak eta komunismoak sortzen duten marxismoa, faxismoa eta nazionalsozialismoa. Ezkertiartasuna bere aldaera eta agerpen moderno guztietan, zeinei AEBn, modu perbertsoan, liberalismo terminoa aplikatzen zaien»[8].
Edmund Burke, Frantziako Iraultzaren aurka baina AEBko Iraultzaren alde zegoen XVIII. mendeko estatista anglo-irlandarra, kontserbadurismoaren filosofoetako bat izan zen bere hasierako garaian[9], bestea Joseph de Maistre izan zelarik antzeko garai batean[10][11]. Terminoaren lehen erabilera, testuinguru politiko batean, 1818an sortu zen, François-René de Chateaubriandekin, Borboien berrezarkuntza garaian, Frantziako Iraultzaren politikak atzera eramatea eta ordena sozial bat ezartzea bilatzen zuena[12].
Pentsamendu kontserbadorea asko aldatu da egungo tradizio eta kultura nazionaletara egokitu ahala[13]. Beraz, munduko hainbat lekutako kontserbadoreak (bakoitzak bere tradizioak defendatzen ditu) ez daude ados hainbat gaitan. Historikoki eskuineko politikarekin lotuta, termino hori ikuspuntu sorta zabala deskribatzeko erabili izan da. Kontserbadurismoa libertarioagoa edo autoritarioagoa izan daiteke; populistagoa edo elitistagoa; aurrerakoiagoa edo atzerakoiagoa; moderatuagoa edo muturrekoagoa[14][15].
Politologo batzuek, hala nola Samuel P. Huntingtonek, kontserbadurismoa egoeraren arabera ikusi dute. Definizio hori dela eta, kontserbadoreek beren garaiko erakundeak defendatzen dituztela uste da[16]. Quintin Hogg Britainia Handiko Alderdi Kontserbadoreko presidentearen arabera, 1959an: «Kontserbadurismoa ez da filosofia bat, jarrera bat baizik, etengabeko indarra, gizarte aske baten garapenean betiereko funtzioa betetzen duena eta giza izaeraren beraren eskakizun sakon eta iraunkorrari dagokiona»[17]. Kontserbadurismoa, askotan, termino generiko gisa erabiltzen da «liberalismoaren [klasikoa] eta faxismoaren arteko espektro politikoa betetzen duen ikuspuntu eskuindarra» deskribatzeko[18].
Britainia Handian, Errestaurazio garaiko Tory mugimendu kontserbadorea (1660-1688), zuzenbide jainkotiarraren bidez gobernatzen zuen errege batekin gizarte hierarkiko bat babesten zuen protokontserbadurismo modu bat izan zen. Hala ere, kontserbadoreak, ondorengo kontserbadore nagusi gehienengandik bereizten dira, moderatuagoak, non herriaren subiranotasunaren ideiaren aurka zeuden eta parlamentuaren autoritatea eta erlijio-askatasuna baztertzen zituzten. Robert Filmer-en Patriarcha itun errealista (1680an argitaratua, baina 1642-1651ko Ingalaterrako Gerra Zibila baino lehen idatzia) bere doktrinaren deklarazio bezala onartu zen. Dena den, 1688ko Iraultza Loriatsuak, printzipio hau kaltetu zuen Ingalaterran gobernu konstituzional bat ezartzean, Whig ideologia nagusitasunera eraman zuena eta kontserbadoreen aurka zegoena. Porrotaren aurrean, kontserbadoreek mugimendua aldatu zuten. Jarrera kontserbadore moderatuagoak hartu zituzten, hala nola subiranotasuna Koroaren hiru estatuei, Lorden estatuei eta Komunei zegokiela esatea, eta ez Koroari bakarrik[19]. Richard Hooker (1554-1600), Halifaxeko markesa (1633-1695) eta David Hume (1711-1776) garaiko protokontserbadoreak izan ziren. Halifaxek pragmatismoa sustatu zuen gobernuan, eta Humek arrazionalismo politikoaren eta utopiaren aurka argudiatu zuen[12][20].
Edmund Burke (1729-1797) kontserbadurismo modernoaren sortzaileetako bat izan zen[21][22], batez ere eskualde britainiarrean. Burke Rockinghamgo markesaren idazkari pribatu gisa eta Whig alderdiaren Rockinghamen adarreko panfletoegile ofizial gisa aritu zen[23]. Toryrekin batera, haiek izan ziren kontserbadoreak Erresuma Batuan XVIII. mendearen amaieran[24].
Whig Alderdiaren jarraitzaile gisa, Burkeren iritziak kontserbadurismoaren eta errepublikanismoaren arteko nahasketa bat ziren[25]. 1775-1783ko Amerikar Iraultza babestu zuen, baina 1789-1799ko Frantziako Iraultzaren indarkeria gorrotatu zuen. Adam Smithen (1723-1790) jabetza pribatuaren eta ekonomiaren ideal kontserbadoreak onartu zituen, baina pentsatzen zuen ekonomiak etika sozial kontserbadorearen mende; kapitalismoak Erdi Aroko tradizio sozialaren mende, eta enpresa-klaseak aristokraziaren mende egon beharko zuketela[26]. Erdi Aroko tradizio aristokratikotik eratorritako ohorezko estandarrak azpimarratu zituen, eta aristokrazia nazioaren lider natural gisa ikusi zuen[27]. Horrek mugak ekarri zizkien Koroaren botereei, Legebiltzarreko erakundeak gobernuak izendatutako batzordeak baino hobeto informatuta zeudela ikusi baitzuen. Ezarritako eliza baten alde zegoen, baina nolabaiteko erlijio-tolerantzia onartzen zuen[28]. Burkek, azkenik, tradizioan oinarrituta, gizarte-ordena justifikatu zuen: tradizioak espeziearen jakinduria irudikatzen zuen, eta komunitatea eta gizarte-harmonia baloratzen zituen gizarte-erreformen gainetik[29].
Beste kontserbadurismo modu bat Frantzian garatu zen Britainia Handiko kontserbadurismoarekin batera. Kontrailustrazioko Joseph de Maistre (1753-1821) eta Louis de Bonald (1754-1840) moduko filosofoen lanek eragin zioten. Europako kontserbatzaile kontinental askok ez zuten eliza eta estatua banatzea babesten, eta gehienek Eliza katolikoarekiko estatu-lankidetza babesten zuten, Frantzian iraultzaren aurretik egon zena, esaterako. Kontserbadoreak lehenak izan ziren nazionalismoa besarkatzen ere, aurretik Frantziako liberalismoarekin eta iraultzarekin lotua zegoena[30]. Frantziako lehen kontserbadoreetako batek, François-René de Chateaubriandek (1768-1848), modernitatearen aurkako oposizio erromantikoa besarkatu zuen, haren hutsunea fedearen eta leialtasun tradizionalaren bihotz beteaz kontrastatuz[31]. Kontinenteko beste toki batzuetan, Justus Möser (1720 – 1794) eta Friedrich von Gentz (1764 – 1832) alemaniar pentsalariek iraultzatik sortutako Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena kritikatu zuten. Oposizioa Adam Müller (1779-1829) eta Georg Wilhelm Friedrich Hegel (1771-1830) alemaniar idealistek ere adierazi zuten, azken horrek ezkerreko zein eskuineko jarraitzaileak inspiratu zituen[32].
Burkek eta Maistrek demokrazia kritikatu zuten, oro har, nahiz eta arrazoiak ezberdinak eman. Maistre gizakiek arauak bete zitzaketelako ezkorra zen, eta Burke eszeptiko ageri zen gizakiek arauak ezartzeko duten berezko gaitasunaz. Maistrerentzat arauek jatorri jainkotiarra zuten, eta Burkek, berriz, ohituratik sortzen zirela uste zuen. Burkerentzako ohitura faltak eta Maistrerentzako gida jainkotiar faltak jendeak modu beldurgarrian jokatuko zuela esan nahi zuten. Biek ala biek uste zuten okerreko askatasunak nahasmena eta kolapso politikoa eragiten zituela. Elkarren ideiak, kontserbadurismo erromantiko eta arrazionalismoaren kontrako korronte batean jariatuko ziren, baina, oraindik, bananduta egongo ziren. Burke arrazoiketari eta desadostasunari irekiago zegoen; Maistrek, berriz, fedea eta autoritatea nahi zituen, eta horrek, kontrastez, liberalismoaren kontrako pentsamendu-korrontea ekarri zuen[33].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.