From Wikipedia, the free encyclopedia
Alcide de Gasperi (Pieve Tesino, Tirol, Austria-Hungaria, 1881eko apirilaren 3a - Borgo Valsugana, Trento, 1954ko abuztuaren 19a) italiar politikaria izan zen.
Italiako Alderdi Popularraren diputatua izan zen harik eta Benito Mussolinik boterea bereganatu zuen arte, 1926an. Honen diktadura faxista salatzeagatik atxilotu zuten. 1929an aske utzita, Vatikano Hiriko liburuzain egin zuen lan Bigarren Mundu Gerra bukatu arte. Mussoliniren kontrako erresistentzia antolatu zuenez gero, gerra ondoko lehen gobernuetan parte hartu zuen. De Gasperik Italiako eskuina birfundatu zuen, kristau demokraziako alderdi bat sortuz.
Italiako gobernuaren buruan 1945 eta 1953 bitartean aritu zen. Hasiera batean, nazioaren eraikitzeko asmotan, alderdi guztiekin bat egin zuen, komunistak eta sozialistak barne. Hala ere, 1948ko garaipenetik, errepublikarren eta sozialdemokraten babesarekin gobernatu ahal izan zuen. Horren ondorioz, haren politika atzerakoiago bihurtu zen, mendebaldeko blokean sartzeko nahian. 1953an hauteskundeak galdu zituen ezkerren batasun hitzarmenaren aurrean.
Kanpo politikan 1950eko maiatzean, Alcide De Gasperik aldeko erantzuna eman zion Schumanen deialdiari, eta berehala eman zion babes osoa ikatza eta altzairua bateratzeko planari. Bere ustez, Italiaren lekua IAEEn zegoen, eta gainera bere herrialdearen irudirako onuragarria zela uste zuen. Europako federazio batekin egiten zuen amets, ikatzarentzat eta altzairuarentzat ez ezik, denentzat ere bai. Robert Schumanen lagun egin zen.
Izan ere,Atzerri-arazoetan, Italiari nazioarteko politikan eragin handia zuen papera itzultzen saiatu zen. Mendebaldearekin harremanak estutzeko asmoz, Italia Ipar Atlantikoko Itunaren Antolakuntzan (NATOn) sartu zen 1951n, eta handik gutxira berrezartzen hasi zen. Europako Estatu demokratikoen federazio baten alde egin zuen nabarmen, eta Europako Kontseilua eta Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa antolatzen lagundu zuen (1951).[1].
Europaren integrazioaren beharraz konbentzituta, kritiko agertu zen Italia NATOn sartzearekin; nahiago zukeen Europako Defentsa Erkidego bat sortzea, NATOren goi-agintearen mende egongo litzatekeena. 1952an Karlomagno Nazioarteko Saria eman zioten.
Alcide De Gasperi 1954ko abuztuaren 19an hil zen, Val di Sellan (Borgo Valsugana) zuen etxean. Bere aztarnak Erroman daude, San Lorenzo Harresiz Kanpoko Basilikan.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.