Remove ads
Nafarroako Erresuma - Biarnoko erregina From Wikipedia, the free encyclopedia
Joana III.a Albretekoa[1] edo, sinpleki Joana Albretekoa[2] (Saint-Germain-en-Laye, 1528ko azaroaren 16a - Paris, 1572ko ekainaren 9a), Nafarroako erregina izan zen 1555. urtetik 1572ra. Margarita Angulemakoaren eta Henrike II.a Nafarroakoaren alaba zen, eta Nafarroako XXXIV. monarka.
Joanes Leizarragari eskatu zion Itun Berriaren euskarazko itzulpena egin zezala: hura euskararako lehen itzulpena izan zen.
Antonio Borboikoarekin ezkondu zen (1548).
1528ko azaroaren 16an Saint-Germain-en-Layen jaio zen. Margarita Angulemakoaren eta Henrike II.a Nafarroakoaren alaba bakarra, Parisen hazi zuten.
Haurtzaroan bere osaba Frantzisko I.a Frantziako erregearen menpean egon zen, ia-ia gatibu baitzeukan Plessis-les-Toursko gazteluan. Frantzisko I.ak bere esku izan nahi zuen Nafarroaren geroa erabaki behar zuen ezkontza mugatzea. Hortaz, hamahiru urte besterik ez zituenean, Kleveko dukearekin ezkonarazi zuen 1541ean, Joana eta ingurukoak horren kontra azaldu arren[3]. Ezezkoa fisikoa ere izan zen, aldarera bultzatua izan zelako. Aldi berean, Karlos I.a Espainiako enperadoreak bere semea Filipe nahi zuen Joanaren senar gisa, baina haren asmoa ez zen bete.
Joanak Nafarroakoak Kleveko dukearekin egindako ezkontza baliogabetzea lortu zuen 1545eko urriaren 22an, Paulo III.a aita santuak horretarako baimena emanda[4]. Lehenengo ezkontza horretan ez zituzten ezkontza-eginbideak bete[5].
1548an, Frantzisko I.aren semea eta oinordekoa zen Henrike II.a Frantziako erregeak Antonio Borboikoarekin ezkonarazi zuen[6]. Karlos V.a Espainiakoak ezkontza bidez Nafarroaz jabetzeko zituen asmoak zapuztu egin ziren. Ezkontza horren ondorioz, erregina zeharo maitemindu zen[7].
Haren aita Henrike II.a Nafarroakoa hildakoan (1555) borroka zibil eta erlijiosoak areagotu egin ziren. Joanak Nafarroako erresumaz gainera (Nafarroa Garaia gaztelarren esku zegoen) Albret, Foix, Bigorra, Biarno eta beste lurralde asko jaso zituen.
Nafarroaren defentsan Espainiako eta Frantziako koroei aurre egin zien eta Joana III.a kalbindarren buruzagitzat hartu zuten. Henrike II.a Frantziakoa 1559an hil zen eta guztiz areagotu ziren erlijio borrokak Frantzian barrena.
Katoliko eta kalbindar erreformatzaileen arteko liskarrak ohikoak ziren eta, lehendik, amaren begikotasuna izan arren, agian Théodore de Bèzek bultzaturik, 1560ko abuztuan Néracen bihurtu eta gabonetan Joana III.ak bere kalbindar sinesmena herriaren aurrean aitortu zuen[8]. Orduan, Henrike eta Katalina seme-alabak fede horretan hezi zituen.
1561eko uztailaren 19ko agindu batek kalbinismoa onartu zuen bere erresuman. Antonio senarrak, Luis Borboikoa bere anaiarekin batera, Parisko Estatu Orokorren aurrean protestanteen egoera salatu zuten. 1560ko urriaren 31n atxilotua izan ostean, Condéko printzeari heriotza zigorra ezarri zitzaion. 1562ko martxoaren 1ean, Passyko protestanteen sarraskiek haien matxinada piztu zuten. Le Havreren lagapenaren truke Alemania eta Ingalaterraren laguntza izan zuten eta urte hartako irailaren 20an borroka hasi zen. Orduan, Condé Dreuxen eta Antonio Borboikoa Ruanen zeuden: azaroaren 10ean hiria setiatu zuten eta Joanaren senarra bertan hil zuten[9]. 1563ko martxoaren 12an Amboisen sinaturiko itunak Nafarroak, Bearnok eta Foixek parte hartu ez zuten gerraren amaiera ekarri zuen.
1567ko Nimesko katolikoen sarraskiek berriro gerra zibila piztu zuen[10]. 1568an, Karlos IX.a Frantziakoak Joanaren lurraldeen konfiskazioa agindu zuen[11] eta Biarnon martxoan Antoine de Lomagne Terrideko jaunak matxinotu zen. Uztailean, Gabriel de Montgommeryk zuzenduriko kalbindar armadak eremua berreskuratu zuen. Joana protestanteen buru bilakatu eta orduan hamabost urte besterik ez zituen Henrike semeari Arroxelako setioan parte hartzeko agindu zion[12]. 1568ko martxoaren 23an sinaturiko Longiumeauko itunak bakea ekarri arren, laster hasi zen hirugarren Erlijio Gerra.
1569ko martxoaren 12ko Jarnaceko guduan protestanteen buruzagi Condé hil zenean, Henrike Nafarroakoa buruzagi politiko bilakatu zen, baina botere militarra Coligny almirantearen eskuetan zegoen. Joana Arroxelako andre bilakatu zen, gai militarretan izan ezik[13]. Nazioarteko harremanez arduratu zen eta, nahiz eta Moncontourreko guduan galdu, higanoteen aliantzari eustea lortu zuen. 1569ko abuztuan, Montmorency dukearen laguntzari esker bere lurralde guztiak berreskuratu zituen eta alderdikideek hala eskatuta, 1570ean katolikoekin negoziaketan hasi zen. Abuztuaren 8an, Saint-Germain-en-Layeko Bakea sinatu zuten[14]. Hitzarmen horretan protestanteak administrazioan berriz onartzea adostu zen eta, halaber, Margarita Valoisekoaren eta Henrike Borboikoa, Vianako Printzearen arteko ezkontza. Hurrengo urtean Joanak Arroxela utzi eta Biarnora itzuli zen. Ituna ondo ez betetzeagatik protesta egin zuen[15].
1571eko uztailaren 19ko agindu baten bitartez, kalbinismoa bere lurraldeen erlijio ofizial moduan ezarri zuen, baina aurretik ebanjelizazio lan handia egina zuen: 1563an, Joan Kalbinen katixima bearneraz argitaratu zuen; 1566an, Orthezen akademia protestante bat eratu zuen; eliz ordenantza berriak argitararazi zituen eta 1568an, Arnaud de Saletteri Psautier de Marot bearneraz itzultzeko eskatu zion. 1571n eta kalbinismoa zabaltzeko asmoz, erreginak Joanes Leizarragari agindu zion Itun Berriaren euskarazko itzulpena egiteko, euskarazko lehen itzulpena izan zena.
Joanak inoiz ez zion uko egin Nafarroako Erresumaren batasuna lortzeari eta ahalegin militarrik egin ez bazuen ere, bere agintaldian, Filipe II.a Espainiakoarekin negoziatzen saiatu zen behin eta berriro; bere ahaleginak, ordea, alferrikakoak izan ziren.
Kultura handiko emakumea izan zen. Bere ama Margarita Angulemakoaren obrak argitara eman zituen, baita oroitzapenak idatzi ere, eta Arroxelan argitaratu zituen: Mémoires, 1563-1568.
1572an, Parisen zen, semearen ezkontza-ituna negoziatzeko. Ezin izan zuen Margarita Frantziakoa protestantismora bihurtu, ezta ezkontza ikusi ere, 1572ko ekainaren 9an hil zelako (ezkontza abuztuaren 18an izan zen). Higanotek zabaldutako zurrumurruen arabera, erregeorde Katalina Medicik hil izan zen, baina autopsiaren arabera, tuberkulosiak jota hil zen[16].
San Bartolome gaueko sarraskia baino zertxobait aurrerago hil izanak higanoten alderdian a posteriori pozoiduraren zurrumurru funsgabeak zabaldu zituen[17][18]. Diderotek[19] eta Voltairek[20] errefusatu arren, zurrumurruak probarik gabe mantendu ziren XIX. mendera arte, Émile eta Eugène Haag historialariek errepikatu zituzten arte[21]. Egun, eleberrietan baino ez da horrelakorik agertzen.
Joana bi aldiz ezkondu zen[22].
Jaiotzagatik lortuak
Ezkontzagatik lortuak
Aitona Joanes III.a Nafarroako erregea |
Amona Katalina I.a Nafarroako erregina |
Aitona Karlos I.a Angulemako kondea |
Amona Luisa Saboiakoa |
Aita Henrike II.a Nafarroako erregea |
Ama Margarita Angulemakoa | ||
Joana III.a Nafarroako erregina |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.