diziplina soziolinguistikoa, gizarteak hizkuntzarekin duen harremana aztertzen duena From Wikipedia, the free encyclopedia
Hizkuntzaren soziologia terminoa Joshua Fishman irakasleak asmatu zuen 1960ko hamarkadan. Izenak adierazten duen bezala, hizkuntzaren soziologia soziologiaren adarra da, hizkuntzaz arduratzen den soziologiaren adarra, hain zuzen ere. Sarri askotan termino hau nahasten da soziolinguistikarekin. Hizkuntzaren soziologia hizkuntzak (edo hizkuntzek) gizartean duten arazoez arduratzen da, hala nola, hizkuntza ukipenaz, diglosiaz, hizkuntzen erabileraz, hizkuntzen estatusaz, ...
Informazio gehiago Aspektu orokorrak, Alorrak edo gertuko alorrak ...
Hizkuntzaren soziologiak sei azterbide nagusi ditu:
Azterbide deskriptiboa: gauzak nola dauden begiratzen du, batez ere, lehenengo azterbideak: hizkuntzen erabilera aldetik (bai eta jarrera aldetik ere) gauzak nola dauden, gizarte osoan edo hiztun-talde jakinetan; hizkuntza-gaitasunaren aldetik gauzak nola dauden, banakako hiztunen artean; eta hiztun elebidunen hizkuntzak ukipen horren seinalerik ba ote duen (interferentzia edo kommutazio moduan), eta zer-nolakoa.
Azterbide zinetikoa: gauzak nola aldatzen ari diren begiratzen du, bereziki, bigarren azterbideak. Gauzak aldatzen ari diren ala ez, eta aldaketa hori zer-nolakoa eta zenbatekoa den. Aldaketaren ubikazioak, bere kokapen fisikoak eta soziofuntzionalak, aparteko garrantzia du azterbide honetan.
Azterbide dinamikoa: gauzak zergatik aldatzen ari diren begiratzen du, nagusiki, hirugarren azterbideak. Zergatik indartzen edo ahultzen da hizkuntza baten erabilera? Zergatik ahazten edo atzentzen zaio zenbait hiztuni hasierako hizkuntza, eta beste bat nagusitzen? Zergatik sortzen dira interferentziak eta konmutazioak? Zein prozesu psikologiko, sozial eta kultural daude gertaera horien atzean, edota horiekin nolabaiteko loturan?
Azterbide prospektiboa: goazen bidetik goazela, non bukatu behar dugun kalkulatu nahi izaten du, batez ere, laugarren azterbideak. Hemendik epe batera (hurrengo belaunaldian, hemendik berrogeita hamar edo ehun urtera,...) hizkuntzaren erabilerak aurrera edo atzera egitea espero izatekoa den, zein lekutan, zer funtziotan eta zer neurritan.
Azterbide teleologiko-ebaluatiboa: hiztun batzuek edo besteek hizkuntza kontuak nola izatea nahi luketen, eta beraz egungo egoera (eta aurrera begirako proiekzioa) gogoko duten ala ez analizatu ohi du bosgarren azterbideak. Herritarrek ba al dute beren hizkuntzari eta hiztun-herriari buruz kontzientzia argia eta hura aurrera atera nahia? Ba al dute herri-gogorik? Nola loturik joan ohi dira herri-gogoa eta hizkuntza-leialtasuna? Galdera horiei eta antzekoei erantzuten saiatzen da bosgarren azterbidea.
Azterbide preskriptiboa: egungo hizkuntza-egoera honetan edo hartan desegokia dela uste bada, bestelako egoera bat lortu nahi bada hortaz, zer egin behar da? Iritsi nahi den helburura iristeko zer egin litekeen analizatzen du seigarren azterbideak, Joshua Fishmanek Reversing Language Shift-ren ildotik azterbide preskriptiboa deitu izan duenak. Hizkuntza plangintza esaten zaio gaur egun, maizenik, atal honi. Zehatzago esanda, estatus plangintza izango litzateke. Hizkuntzaren soziologia aplikatua ere esan izan zaio inoiz.
Euskal Herrian aparteko eragina izan dute Katalunia eta Quebec-eko eskolek. Izan ere, herrialde hauetan eta gurean hizkuntza gutxituei buruzko ikerketa eta teorizazioa garatu da gehien bat.