Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ekialde Hurbila Arabiar Penintsula, Mesopotamia eta Palestina biltzen dituen munduko eskualdea da. Batzuetan, Ekialde Ertainarekin (Asiako hego-mendebaldea) nahasten da, zeinak bere baitan honako lurralde hauek barne biltzen dituen: Saudi Arabia, Armenia, Azerbaian, Barein, Qatar, Arabiar Emirerri Batuak, Georgia, Irak, Iran, Israel, Jordania, Kuwait, Libano, Oman, Palestina, Siria eta Yemen, baita hurbil dauden Zipre eta Egipto ere.
Ekialde Hurbileko lurraldeek Saudi Arabia, Jordania, Libano, Siria, Irak eta Israelgo lurraldeak okupatzen dituzte gaur egun. Eskualde horiek Nilo haranetik (egungo Egiptok okupatua), Anatoliako penintsulatik (gaur egungo Turkia) eta Zagros mendietatik (gaur egungo Iran) gertu daude. Horrek guztiak garamatza pentsatzera bi lurraldeen izenak (Ekialde Hurbila zein Ekialde Ertaina) lurralde berak edo ia berak hartzen dituztela bere barnean.
Ekialde Hurbilak, Arabiar Penintsula, Mesopotamia eta Palestina biltzen dituenak, unitate historiko bat osatzen du Europa eta Asiaren arteko hainbat komunikazio bideren bidegurutzea delako; horregatik, kultura eta zibilizazio anitzen sehaska bihurtu da, eta baita arte, zientzia, politika eta erlijioaren bidegurutzeko lurralde emankorra ere. Hori dela eta, gerrak eta inbasioak izugarri zigortutako eskualdea ere izan da.
K.a. 10000. urte inguruan, giza historiarako funtsezko aldaketa klimatikoa gertatu zen, zeinean zibilizazioaren jatorria gertatu baitzen; hau da, glaziarren atzerakada eta Holozenoaren hasiera izan zen. Holozeno garaian, klima glaziar artekoa bezala deskribatu izan da, baina bizitza zibilizatuari eragin dioten gorabehera txiki batzuk ere izan ditu.
Ekialde Hurbileko eskualdea aldaketa horiengatik eraginak jasan zituen, eta, desertifikazio prozesu baten eraginez, Ilgora Emankorra deritzona sortu zuen gaur egungo Siriatik ekialdera, Tigris eta Eufrates ibaien arroan barrena, nekazaritza-eremu mehe bat Mesopotamiaren barrena eta, mendebaldean, Mediterraneoko Sortalde eremurantz. Mendeetan zehar, mendebaldeko eskualdeak izan zuen nagusitasuna, harik eta K.a. 7000. edo 6000. urteren inguruan klima aldaketa berriak gertatu ziren arte, eta nagusitasuna Mesopotamiari eman zion.
Ekialde Hurbileko nekazaritza autoktonoa da, eta hori etxekotzeko moduko landare-espeziei esker izan zen posible, hala nola garia eta tipulari esker. Nekazaritza garatuz, Ekialde Hurbila Eurasia osoko (Indiatik Ozeano Atlantikoraino) eskualde zibilizatuena bihurtu zen. Abeltzaintza ere garatu zen. Soberakinen sortzeak gizarte sedentarioen hazkundea eta hirietan aberastasuna metatzea ahalbidetu zuen. Horietatik garrantzitsuenak Palestinan Jeriko eta Sirian Halula izan ziren. K.a. V. milurtekoan, lidergo sozial eta teknologikoa Mesopotamiara lekualdatzea gertatzerakoan, Hassuna eta Obeid kulturak loratzen dira Iraken eta Halaf Sirian. Metalurgiaren lana ere garai horretan hasi zen, baita obsidianaren merkataritza ere, agintearen eta naturaz gaindikoaren ikur gisa oso garrantzitsua den harri erdi bitxia.
Garai horietan, botere politikoa tenpluetan sustraitzen da, eta, prebenda eta oparien bidez aberastasuna pilatuz, kontabilitatea eta idazketa asmatzen dituzte ekonomikoki kudeatu ahal izateko. Sumertarren garaian, tenpluak hiri bakoitza benetako teokrazia bihurtzeko nahikoa sendotuko dira, baina, gerrarako armatzean, lehen inperioen sorreraren arduradun izango den aristokrazia militar bat sortuko dute.
Zibilizazio aurreratu bateko egitura politikoak zituzten lehen jendartea sumertarrena izan zen. Sumerren lurra Mesopotamia Behean zehar hedatzen zen. Sumertarrek ez zuten inoiz berezko inperiorik osatu, eta, botere maila jakin batera iritsi bezain laster, hiri boteretsuenak (Ur, Uruk, Nippur, Lagash, Mari) gogor aritu ziren elkarren kontra.
Hartaz, beste herri bat aprobetxatu zen, akadtarra; Sargon Handia buruzagiak Ummako Lugalzagesi sumertar erregea erorarazi, eta Akadtar Inperioa sortu zuen. Sargonen eta haren ondorengoen mende, akadtarren boterea Libanoraino ere hedatu zen Anatolian espedizio militarrak eta Mesopotamiako hego-ekialdeko Elam-en aurkako gerra zuzentzeaz gain. Sargonen eta ondorengoen helburu gorena eskualdea zeharkatzen zuten merkataritza-bide guztiak menderatzea zen. Dena den, akadtar hegemonia ezegonkorra izan zen sumertarrek arraza-harrotasunari eutsi ziotelako denbora luzez, eta hainbat aldiz matxinatu ziren. Etengabeko tentsioak akadtar Inperioaren oinarriak ahuldu zituen, eta Sargon agintetik bi mendera, gutxi gorabehera, gutarren (Zagros mendietako barbaroak) presioak inperioarekin amaitu zuen.
Kaos garaia iritsi zen, Urnammu erregeak (Ur-eko III Dinastiaren sortzailea) aldi baterako amaituko zuena. Urnammuren eta bere ondorengoen mendean, urrezko aro berri bat izan zen, eraikuntza handiak eta merkataritza oparotasunak markatuta. Baina Ur-ek gainbehera egin, eta guztiz suntsitu zuten amoriarrek. Amoriar buruzagietako batek, Sumuabum-ek, Babilonia bereganatu zuen, eta haren ondorengo batek, Hammurabik, bere arerio guztiak garaitzea eta Mesopotamiako inperio handi berri bat sortzea lortu zuen. Baina, Hammurabi hil ondoren, Babiloniako Inperioa gainbeheran hasi zen. K.a XVI. mendean, Mursili I.ak, Hitita Inperioko erregeak, Babilonia konkistatu zuen, eta, bere domeinuetatik hain urrun zegoen eskualdearen botereari eutsi ezin zionez, hiria kasitarren esku utzi zuen. Horrela hasi zen Mesopotamiarentzat gutxi gorabehera milurteko erdia iraun zuen gainbehera aldi bat, eta boterearen fokua mendebalderantz mugitu zen, Mitanni-ko potentzia berrietara, Hitita Inperiorantz eta Egiptoko Inperiorantz.
Mesopotamiak gainbehera egiten zuen bitartean, mendebaldeko potentzien boterea handitzen zihoan. Gauzak gehiago korapilatzeko, herri nomaden etorrerak inperio eta erresuma berriak sortzen lagundu zuen. Mendebaldean, Anatolian (gaur egungo Turkia) Hitita Inperioa sortu zen. Sirian, mitaniar izeneko herri batek Mitanni erresuma sortu zuen. Beste herri batek, hiksoek, Kanaanetik harantzago jarraitu, eta Nilo ibarrean sartu ziren. Ordura arte, Egiptok harreman komertzial ahulak izan zituen feniziar portuekin, bereziki Biblos eta Sidonekin, baina, hiksoak inbaditu ondoren, erreakzio nazionalista bat jazo zuen, eta, horren ondorioz, Palestina eta Siria inbaditu zituen, nazioarteko politikaren borrokan sartuz. Beraz, hiru potentzia horiek (Hatti, Mitanni eta Egipto) gerra luzeetan sartuko ziren Kristo aurreko bigarren milurtekoan.
Hattik, K.a. XVII eta XVI. mendeen artean, distira garaia izan zuen, baina, Telepinu hil ondoren, Mitanniren gorakadak eklipsatu zuen . Baina Mitannik, ordea, egiptoarrei aurre egin behar izan zien. Gerra batzuetan, Mitanniren boterea gainbehera etorri zen, hitita errege berri eta kementsu batek, Suppiluliuma I.ak, Hitita Inperioa handitzeko baliatu zuena. Beraz, K.a. XIV. mendean, egiptoarrak eta hititak izan ziren talka egin zutenak, orain Mitanniko lurralde eraitsien gaineko nagusitasunagatik.
Kadeshko guduan, zenbait hamarkadatako gerraren ondoren, K.a. 1275ean, Egipto eta Hattiren arteko Betiereko Bakea deiturikoa sinatu zen. Horrek, Hitita Inperioaren amaierara arte iraun zuen, K.a. 1190. urtean erori zena kaskek erasoturik, Egipto ere suntsitu zuten Itsasoko Herriek eragindako konbultsioen artean. Horrela sortu zen Palestinan (Palestina probintzia bezala, Adriano enperadoreak horrela izendatua izan ondoren jaio zen, 135. urtearen ondoren, eta, beraz, garai hartan, izendapena ez zen zuzena izango, Judea bezala izendatzea izango zen egokiena) eta Sirian botere hutsune berri bat sortu zen, herri berriak aprobetxatuko zutena: filistiarrak, aramearrak, feniziarrak eta hebrearrak.
Bien bitartean, Mesopotamia kasitarren menpe lausotzen ari zen, eta aldi horren amaieran bakarrik izan zuen pizkundeak hiru erreinutan biltzera ekarri zuen: Asiria, Babilonia eta Elam.
Itsasoko Herriak sartu ondorengo printzerriek elkarren aurka borrokatu zuten, hegemonia argirik gabe, harik eta hebrearrak Saul, David eta Salomonen erregealdian batu ziren arte (K.a. XI. eta X. mendeak). Baina, Salomonen agintepeko hebrear erresumaren boterea gorabehera, hura hil zenean hautsi egin zen, eta ezein printzerri (ez Pentarkia filistiarra, ez Edom, ez Moab, ez Israel, ez Juda, ez Tiro, ez Damasko) ez zen nagusitu. Horrela, printzerri feniziarrak, filistearrak, hebrearrak, aramearrak eta kanaandarrak ahulezia hilgarri batean erori ziren, edonork harrapakinak egiteko behar bezain indartsu aprobetxatuko zuena.
Hori gertatu zen asiriar errege batzuek (Adadninari II.a, Tukultinurta II.a, Asurbanipal II.a eta Salmanasar III.a) Asiriako gerra-makineria garatu zutenean. Horrela, K.a. IX. eta VIII. mendeetan, asiriarrek printzerri horiek guztiak konkistatu zituzten, eta, Egipto ere, aldi baterako okupatu zuten. Baina asiriarrek konpromiso militar gehiegi zituzten hegoaldean, Babilonia eta Elamekin borrokatu behar zutelako, eta, iparraldean, berriz, Van aintziraren ertzean, Urartuko printzerria sortu zen. Azkenean, asiriar izuaz asperturik, mugako herri guztien koalizio bat oldartu zen asiriarren aurka. Babiloniarrek Ninive hiria hartu zuten, Asiriako hiriburua, K.a. 612. urtean, eta hain gogor arpilatu zuten, ezen hitzez hitz mapatik ezabatu baitzuten.
Orduan, Mesopotamiaren gainean Kaldear Inperioa ezarri zen. Hala ere, ez zuen denbora gehiegi iraun. Kaldearrak, eta bereziki Nabukodonosor II.a erregea, gerretan gastatu ziren, Ilgora Emankorraren mendebaldea menderatzen saiatuz; izan ere, asiriarraren gainbeheraren ondoren, nolabaiteko autonomia lortu zuen, baina ez zen konturatu ekialdean mehatxu persiarra hazten ari zela. K.a. 538 urtean, Anatoliatik Elamera eraman zuten konkisten ondoren, Ziro II. Handia errege persiarrak Babilonia konkistatu, eta Kaldear Inperioa suntsitu zuen. Hala, Indiatik Greziara zihoan inperio unibertsal bat ezarri zuen, ordura arte mundu zibilizatuak ezagutu zuen handiena.
Aurreko mendeetan, Irango ordokia bi herrik okupatu zuten, persiarrek eta mediarrek. K.a. VII. mende inguruan, Persiak Media konkistatu zuen. Ziro II. Handiaren garaian, persiarrek Ilgora Emankor osoa konkistatu, eta Persiar Inperioa sortu zuten. Ziro, eszitiarren aurka gerran hil ondoren (K.a. 530), Persiar Inperioaren mugak, gutxi gorabehera, finkatuta geratu ziren, Egipto izan ezik, bere ondorengo Kanbises II.aren erregealdian sartua eta Dario I.ak Traziaren gainean zuen aldi baterako agintea. Horrekin, Persiar Inperioak muga naturalak lortu zituen, greziarrek mendebaldera eta estepako herriek Erdialdeko Asian soilik mehatxatzen zituztenak.
Ziro persiarren konkistatzaile handia bada, Dario I.a da bere antolatzaile nagusia. Hura Kambyses II.aren aurka matxinatu zen K.a. 522. urtean, koroaren oinordeko legitimoa zela esanez, eta, gerra zibil odoltsu baten ondoren, haren ordez igo zen tronura. Krisi politiko berriak saihesteko, administrazio inperiala birbanatu zuen, hogei probintzia edo satrapia sortuz, bakoitza satrapa baten kargura, guztiak ere espioitza zerbitzu batek ondo zainduak, «erregearen begi eta belarriak». Anatoliako Sardesetik Babiloniaraino zihoan Errege Bidea ere martxan jarri zuen. Bere inperioa lau hiriburutatik gobernatu zuen: Ekbatana (antzinako persiar hiriburua), Susa (Elameko errege bezala), Babilonia (merkataritza metropoli ospetsua) eta Persepolis, bereziki horretarako sortutako hiria.
Persiarrek tolerantzia erlijioso eta kulturala praktikatu zuten euren domeinuetan, eta tenpluek gobernatutako hiriei, Jerusalem edo Alepo kasu, estatus erdi-autonomoa eman zioten. Persiarrek berek Ahura Mazda gurtzen zuten, Zaratustra profetaren irakaspenen arabera. Persiar ohitura eta irakaspenen deskribapena Ziropedian aurki daiteke, Xenofonte greziar historialariak egina. Politeistak ziren, hiru jainko nagusiren existentzian sinesten zuten, izaki goren bat, unibertsoaren sortzailea, ongiaren jainko bat, Ahura Mazda, eta gaizkiaren jainko bat, Ariman, gainera, maila txikiagoko jainko ugari zeuden.
Dario I.aren ondorengoen agindupean, Persiar Inperioa, poliki-poliki, gainbehera etorri zen, Alexandro Handiak konkistatu zuen arte.
Probintziak satrapa izeneko funtzionarioek gobernatzen zituzten. Aldi berean, konkistatutako erresuma eta estatu askori, modu autonomoan mantentzeko baimena ematen zitzaien, tokiko jarraibideak eta antolamendua errespetatuz, nahiz eta urteko zerga jakin bat ordaindu behar zuten.
Aldi horretan, fenomeno historiko garrantzitsuenetako bat monoteismoen gorakada da, edo, gutxienez, aurretik zeuden politeismoak suntsitzeko joera zuten erlijio dualistena. Hori, sumertarren gerretan hasi zen, hiri bakoitza jainko batek gobernatzen zuelarik, panteoi handietan xurgatuak izan zirelarik, hiriek berek inperio zabaletan murgildurik amaitzen zuten heinean. Baina zenbait herrik, bereziki persiarrek eta hebrearrek, erlijio-bilakaera bat izan zuten, eta, horren ondorioz, beren jainkoak, boteretsuenak ez ezik, existitzen ziren bakarrak zirela ulertu zuten. Behin betiko mutazioa, bi kasuetan, K.a. VI. mendearen inguruan gertatu zen; juduetan, Yahve jainko nazional zaharraren areagotzea Babiloniako gatibualdian gertatu zen, eta, persiarren artean, berriz, antzeko fenomeno bat gertatu zen Ahura Mazdarekin, Zaratustrak predikatua zuen argiaren jainkoarekin. Horrela sortu ziren judaismoaren eta zoroastrismoaren erlijioak. Biek ongiaren, justiziaren edo argiaren jainko bakar baten existentzia predikatzea zuten amankomunean, ilunpetako indarren aurka jarria, eta ongiaren jainkoak gaizkiaren indar guztiak garaituko zituen hautatuentzat sufrimendu itzelen ondoren, garaiaren amaiera batez sarituak izango zirenak.
Persiar Inperioan, bi kultuek, Antzinako Indiatik eta Antzinako Greziatik zetozen sinesmen erlijioso eta filosofikoekin bat egin zuten, ondoren, erromatarren, bizantziarren eta sasandarren mendean jarraitu zuen prozesua. Hortik erlijio ugari sortu ziren, mitraismoa, kristautasuna, gnostizismoa, manikeismoa, nestorianismoa, monofisismoa eta islama barne, ondorengo zorte ezberdinekin, eta horietako batzuek, gaur egun ere, eragin handia dute planeta osoan.
Kaldear Inperioan ere, Astrologia bere garapen gorenera iritsi zen, ondoren, Erromatar Inperiora esportatua izan zena, eta, horren bitartez, gaur egungo Mendebaldera. Hainbesteraino, non antzinako erromatar idazleek kaldear deitzen zieten astrologoei.
Lidiaren aurkako hedapen persiarrak, persiar inperioa, greziar munduarekin talka egitera eraman zuen, mediar gerrak izeneko konflikto sail batean. Ondoren, Persia etengabeko tentsioan bizi izan zen Greziarekin. K.a. 399. urtean, erregegai Ziro Gaztea laguntzen zuten greziar mertzenarioen espedizio bat Persiar Inperioan sartu zen. Xenofon buru zuten greziar horiek beren ahaleginean porrot egin bazuten ere, itxura batean Persiar Inperio ahalguztiduna espedizio militar batek zapaldu zezakeela erakutsi zieten heleniarrei
K.a. 336. urtean, Alexandro Handia erregea, Mazedonia izeneko erresuma erdi-helenizatu bateko jauna, Helesponto ibaia zeharkatu, eta Akemenestar Inperioan sartu zen. K.a. 323. urtean hil zenean, hamahiru urte geroago, Persiar Inperioa erabat konkistatu zuen. Baina Filipo III.a, ahula beste oinordekorik gabe hil zenean, bere jeneralak, diadokotarrak deituak, gerra fratrizida bati ekin zioten, non antzinako persiar edo mazedoniar lurraldeak behin betiko zatitu ziren. Ekialde Hurbila eta Ekialde Ertaina bi erresuma handitan banatuta geratu ziren: Ptolomeoren Egipto eta Seleukotar Inperioa. Horiek, gehi potentzia txikiago batzuk, erresuma helenistikoak deitzen direnak dira.
Oinarri kulturala eta jatorri greziarreko dinastiak izan arren, errege helenistikoek berehala hartu zituzten ekialdeko despotismoaren usadio eta ohiturak. Hiriak sortzeko politika aktiboaren bidez (Alexandria Egipton, Antiokia Sirian, Ktesifon Mesopotamian eta abar), greziar kulturaren balioak sustatu zituzten eskualdean, nahiz eta horiek ez zuten inoiz gutxiengo ilustratu, aberats eta hiritar bat baino gehiago piztu, herri gehienak bere ekialdeko kultura zaharrari eusten zioten bitartean. Nolanahi ere, bi munduen artean, truke kultural bizia egon zen. Horrela, Alexandriako juduek Biblia grezierara itzuli zuten (Septuagintaren bertsioa), eta, handik bi mendera, Filon Alexandriakoa Biblia eta Platonen filosofia nahasten saiatu zen. Baina grekoaren aurkako matxinada mugimenduak ere izan ziren. Horrela, Antioko IV.a, Seleukotar Inperioko erregea, Jerusalemen gimnasio bat jartzen saiatu zenean, Makabearren matxinada eragin zuen gertaera batzuk gertatu ziren.
Seleukotar Inperioak eta Ptolomeoren Erresumak elkarbizitza zaila izan zuten, gerra askorekin. Mediterraneoan zituzten interesek bereganaturik, seleukotarrek ez zuten beren ekialdeko muga zaindu, eta horrela hazi zen Partiako erresuma, beren antzinako ia lurralde guztietan ordeztu zituena. Seleukotarren azken hondarrak zenbait monarkia ahulagotan xehatu ziren (Makabear, Ponto eta abar), laster konkistatzaile indartsuago baten bazka izan zirenak: Erromatar Inperioa, Ponpeio jeneralak K.a. 63. urtean hasitako kanpaina garailearen ondoren behin betiko nagusitu zena.
Erromatarrak Asiako ortzimugan agertu ziren, Pergamoko azken erregeak bere lurraldeak horiei (K.a. 133) oinordetzan utzi ondoren. Horren ondoren, hamarkadetan, gerrak izan ziren, Julio Zesar Egiptoren aurkako inbasioarekin amaitu zirenak K.a. 47. urtean. Horrela, erromatarrek Ekialde Hurbilaren mendebaldeko erdi osoa bereganatzea lortu zuten, aurretik Mitridatesen mailako aurkariekin egon gabe. Ekialdeko erdia Partiaren esku geratu zen, Ktesifonen (antzinako Babiloniatik gertu) egoitza zuen erresuma, Mesopotamia eta Persia menderatzen zituena, eta epelki heleniartsutzat har zitekeena.
Gerorako fenomeno historiko garrantzitsuena eta erromatarren mendean zegoen eskualdean gertatu zena, kristautasunaren sorrera eta hazkundea izan zen. Bere lehen apostoluak juduen mundura zuzendu ziren batez ere, baina Pablo Tarsokoak jentilak ebanjelizatzeko joera aldatu zuen. Horrek, kristautasunean, hainbat mendetan zehar ikus zitekeen arrakala bat sortu zuen, bere mendebaldeko eskualdeetan, helenizatzaileagoen artean (katolizismoaren aldaerak, donatismoa, marzionismoa, eta abar), eta, ekialdeko eskualdeetan, judaizanteagoak (arianismoaren aldaerak, nestorianismoa, monofisismoa, eta abar). Beranduago, bere teologo garrantzitsuenetako batzuk Kapadoziakoak ziren, Gregorio Naziantzokoa kasu. Garrantzi handiko beste mugimendu kristau berantiar bat monakotza izan zen, Egiptoko eremutar, anakoreta eta zenobiten mugimenduarekin sortu zena (K.o. IV. mendea).
Erromatar domeinua kanporatzeko saiakera abortatu bat egon zen, K.o. III. mendeko krisian zehar, Zenobia izan zuena protagonista, Palmira hiri komertzial aberatsa 268 eta 273 artean gobernatu zuen erregina handinahia. Zenobia, ordea, Aureliano enperadoreak garaitu zuen, eta erromatar domeinua iraultzeko ahaleginak porrot egin zuen.
Aurretik, 221ean, sasandar dinastiak kendu zuen partoen potentzia artzazestar dekadentea. Partoak ez bezala, sasandar militanteak eta zoroastroarrak ziren, eta, beraz, haientzat, Erromaren aurkako gerra ez zen arazo politikoa bakarrik, erlijiosoa ere bazen. Hala ere, arrakasta batzuk izan arren, horien artean ezagunena Edesako guduan lortutako garaipena izan zelarik (260), oro har sasandar potentzia ez zen gai izan erromatarrak Ekialde Hurbiletik kanporatzeko. Zoroastrismoaz gain, Sasandar Inperioan, Mani-k predikaturiko kristautasunarekin bat egiteko saiakera bat loratu zen, eta horregatik ezagutzen da manikeismo bezala.
395. urtean, Erromatar Inperioa behin betiko bitan zatitu zen. Mendebaldeko sekzioa 476an erori zen, ekialdeko sekzioa, Bizantziar Inperio bezala biziraun zuen bitartean. Praktikan, banaketa horren ondorengo bi mendeetan zehar, Ekialdeko Erromatar Inperioak kontrolatutako Ekialde Hurbilak ez zuen aldaketa sozial handirik jasan, edo behintzat, horiek ez ziren K.o. VII. mendeko intentsitatera iritsi, islamiar konkistaren ondoren. Hala ere, zenbait enperadore bizantziar, beren boterearen zentralizazio erabatekoari begira, erlijio ofizialari kontrajartzen zitzaizkion kredoen atzetik joan ziren. Horrela, Ekialde Hurbileko eskualdeek, erlijio kristau ortodoxoaren ordez, Monofisismoa izeneko aldaera kristaua hartu zuten, neurri batean Konstantinoplaren boterearen aurkako matxinada bandera gisa. Luzarora, ortodoxiaren eta monofisismoaren arteko banaketa hori Bizantziar Inperioari bere ekialdeko probintzia guztiak menderatzea kostako zitzaion, arabiar inbasioaren ondoren monofisitek, ortodoxia kristaura itzuli beharrean, islamera bihurtzea nahiago zutenean.
Garai horretan, Sasandar Inperioak, Persia eta Mesopotamia kontrolatzen jarraitu zuen Ktesifon hiritik, eta bere militantzia zoroastroar leialaren politikari eutsi zion, apur bat bere arerioaren, Bizantziar Inperioaren, militantzia kristauari erantzunez. V. mendean, Ekialdeko Erromatar Inperioaren berreskurapenak sasandarrak estutu zituen, baina, VI. mendean, Justiniano erromatar enperadorearen abentura militarrek Persiarekiko bake deseroso baten (baita zerga ordainduz ere) eta gerra izugarri higatzaileen artean ibiltzera behartu zituzten bizantziarrak. Justiniano hil zenean, eta neurri batean bere gehiegikeria militarrengatik, Ekialdeko Erromatar Inperioa gainbeheran sartu zen, eta bere enperadore Heraklio Kosroes Handiaren (sasandar monarka boteretsuena) aurkako gerra izugarri suntsitzaile batean nahasi zen. Luzarora, gerra horrek (VII. mendearen hasiera) bi aurkariak ahuldu zituen bietako inork aintzat hartu ez zuen hirugarren etsai baten aurrean: islama.
Bere idortasuna gorabehera, arabiar penintsula, antzinatik, hainbat kultura eta erresumaren egoitza izan zen, merkataritza ibilbideen inguruan sortuak eta intsentsuaren munduko monopolioaren oso berezia, Yemenen eta Etiopian bakarrik ekoizten baitzen; ospetsua da Sabako Erresuma, Marib hiritik kontrolatua, gaur egun Yemen dena, nahiz eta garrantzitsuak izan basamortuaren eta Ilgora Emankorraren arteko mugan Petra eta Palmira hiriak. VI. mendearen inguruan, Yemenek Al-Hijazen zuen nagusitasuna (Arabiako erdialdeko eskualdea, Mekako hiri erlijioso garrantzitsuari eusten ziona) porrot egin zuen, eta printze nomadak erdi independentzia batera itzuli ziren.
Giro horretan hasi zuen Mahomak bere predikua, 610. urte inguruan, Korana agertzen hasi zitzaion bitartean; bere erlijioa islama deitzera pasa zen (hau da, menekotasuna, kasu horretan Jainkoaren borondateari). 622an, Medina hirian babestera behartuta (Hejira izeneko ekitaldia, islamiar egutegiaren hasiera markatzen duena), geroago Meka konkistatu zuen. 632an hil zenean, kalifa-herria ezarri zen. Bere oinordekoek, Abu Bakr, Omar, Uthman eta Alik, Arabia bateratu zuten, eta beren tropak bizantziar eta sasandar inperioen aurka eraman zituzten. Sasandarra erabat erori zen 651n, eta bizantziarrak Siria osoa, Palestina eta Egipto galdu zituen behin betiko; aldi berean, bertako biztanleria, nagusiki monofisita, islamera bihurtu zen.
661. urtean, gerra zibil odoltsu baten ondoren, Ali kalifa kendu, eta hil egin zuten, eta Moawia kokatu zen, Omeia kaliferriko lehen kalifa (661-750). Aldaketa horren azalpen nagusia hiriburua Mekatik Damaskora aldatzea izan zen. Omeienpean, antzinako konkistatzaile arabiarrak Espainiatik Indiara zihoan inperio zabal baten administratzaile bihurtu ziren. Mendeko lurraldeetako okupazio-kanpamentu militar arabiar zaharrak benetako hiri bihurtu ziren, eta tokiko biztanleria Estatuaren administraziorako errekrutatua izan zen. Oro har, Liburuko Herriekiko (kristauak, juduak eta zoroastroarrak) tolerantzia erlijiosoa izan zen Koranaren aginduz, baina horiek zerga gehigarri bat ordaindu behar izan zuten. Horrek azaltzen du kalifen beren fededunak bihurtzeko gogo falta, islamismora bihurtutako fedegabe bakoitza diru sarrera bat gutxiago baitzen zerga kutxetan.
Hasiera batean, musulmanek jarrera bortitza agertu zuten hamar bat mendetan zehar nagusi izan zen greziar kulturaren aurka, Alexandro Handiaren garaitik Herakliorenera, Omar kalifa Alexandriako liburutegia erabat erretzeraino iritsiz. Baina, pixkanaka, musulman jakintsuek greziar ondare kulturala berraurkitu zuten; erreskatatu egin zuten, eta horrek bultzada handia eman zien zientziak eta arteak garatzeko.
VIII. mendearen hasieran, omeiatar boterearen aurkako matxinada gogorrak gertatu ziren. Horietako batek, Khorasanen indarberritua, arrakasta izan zuen, eta, 750ean, Abul Abbasek omeiak bota zituen; horrela, abbastarren dinastia eta kaliferria sortu zituen. Abbastarrek uko egin zioten islamaren mugak armen indarrez hedatzeko omeiar enpresa zaharrari, eta horren zeinu nabarmena hiriburua Damaskotik, Bizantzioko mugatik gertu, Bagdadera eramatea izan zen, Ktesifon inguruan (eta, beraz, Babiloniako hondakinetatik hurbil) abbastarrek berek sortutako hiria, bere domeinuak gobernatzeko kokapen zentralago bat ematen zuena. Bagdadetik, mende erdi inguruz, mundu abasidak goia jo zuen.
Abasida kalifa-herrian, hainbat aldaketa sozial gertatu ziren. Arabiar tribuek kantoi militarretatik gobernatzen zuten gizarte-ordena omeia zaharra autokrazia absolutu baterantz aldatu zen, non Kalifa Lurraren gaineko Jainkoaren itzala izatera pasa zen. Arabiarren elementuak garrantzia galdu zuen, eta, arabiar penintsulak berak ere, zeinetatik musulmanen inperioaren konkistak sortu baitziren, garrantzia galdu zuen, eta, apurka-apurka, tribuen zatiketak hartu zuen bere gain, zeinaren gainean ezin izan baitzen inoiz botere abasida nagusitu. Bestalde, zientziek, teologiak eta filosofiak, garapen handia izan zuten, greziar ondare kulturala berezko ekarpenekin aberastuz. Elementu kontserbadoreenen arteko gizarte-tentsioak ere areagotu ziren, baita arrazionalismo berriak piztu eta erregimen berriak bultzatu zituenen artekoak ere.
Harun al-Raxid kalifaren heriotzaren ondoren, 809an, Abasida kaliferria gerra zibilean murgildu zen, mutazilitarren arazoak areagotuta, Koranaren bere interpretazio propioa defendatzen zuen eskola teologikoa. Aurrerantzean, kalifak indartsu eta kementsuak izan baziren ere, inork ezin izan zuen lasai gobernatu, eta matxinadak ezagun egin ziren. Horietako batzuek arrakasta izan zuten, eta islamiar mundua zatitu egin zen. Horrela, potentzia islamiko independenteak sortu ziren: Kordobako Kalifa-herria, Fatimita Kalifa-herria eta abar. Nahiz eta Abbastar kalifa-herriaren aurkako graziazko kolpea mongoliarrek eman, 1258an Bagdad konkistatu eta dinastiako azken kalifa kendu zutenean; egia esan, kalifa-herria aspaldi zen hilotz.
Abbastar Kalifa-herriaren ahultasuna aprobetxatuz, XI. mendetik aurrera inbaditzaile ugari agertu ziren. Lehenik, turkiarrak sortu ziren estepatik, eta, horien ondoren, mongoliarrak. Mediterraneo itsasotik bizantziarrak agertu ziren, eta, ondoren, gurutzatuak. Kalifaren irudia Bagdadeko bere jauregian giltzapetu zuten, eta bisirak hartu zuen benetako gobernuburua. XI. mendean, turkiar tribu bat, seljuktarrak, gobernuaz jabetu ziren, kalifari eutsi bazioten ere, eta, bere izenean, gobernatzearen fikzio juridikoa inauguratu zuten (hori, jakina, nominala bakarrik bazen ere).
Seljuzidek, Manzikerteko guduan (1071), bizantziar aurrerapenak gelditu zituzten, Anatoliara itzultze bidean bizantziarrak kanporatu zituzten, eta, ondoren, Palestina konkistatu zuten (1078). Europako kristauek laidotzat hartu zuten, eta, errepresalia gisa, Gurutzaden mugimendua Lur Santuaren aurka bota zuten. Lehen Gurutzadak (1097-1099) erresuma frankoak sortu zituen Palestinan, gutxi gorabehera mende batez mantendu zirenak, Hirugarren Gurutzadaren porrotak (1192) lur horiek aurkari berri baten mende utzi zituen arte, Saladin I.a sultana, eskualdea Egiptoko operazio-basetik gobernatu zuena (aurretik, Saladinek Kairoko fatimatarrak boteretik kendu zituen).
XIII. mendearen hasieran, turkiar inbaditzaileen pausoak jarraituz, mongoliarrak iritsi ziren. Genghis Khan buru zutela, Persia konkistatu zuten. Bere oinordekoetako batek, Hulaguk, Bagdad konkistatu zuen 1258an, eta azken kalifa abbastarra hil zuen, baina, handik gutxira, Egiptoko sultanerriak geldiarazi zuen. Marea mongoliar konkistatzaileak atzera egin zuen, bereziki, garian, Kublai Khanek mongoliar grabitate zentroa estepatik Txinara aldatu zuelako eta, ondorioz, mongoliar domeinuak sakabanatu zirelako. Hala ere, mongoliarrak Persian (Ilkhanerria) eta Transoxianan (Txagatairen horda) geratu ziren. Ekialde Hurbila eta Ekialde Ertaina, orduan, jaurerri eta erresuma ezberdinen andana bihurtu ziren, eta, beraz, hainbat lehiakideren borroka-zelai bihurtu zen XIII. eta XVI. mendeen artean. Gudari horien artean, ospetsuena Tamerlan (Timur Lenk) izan zen, XIV. mendearen amaieran Anatoliatik Txinara zihoan inperio bat sortu zuena, hori hil ondoren desegin bazen ere, ondorengo bizitza laburra izan zuen Samarkandako timurtar gune bat besterik geratu ez zelarik.
Inbasio horietan guztietan hondoa jota geratu ziren turkiar tribuetako bat, otomandarrena, Anatolian kokatu zen. Garai batez existentzia ilun batekin, baina, XIV. mendetik aurrera, inperio bat sortzera eraman zuten konkista sail bat hasi zuen, 1520an Suleiman I.a Bikaina sultanaren etorrerarekin Viena ingurutik (Europa), Mesopotamia eta Egiptoraino zabalduko zena. Garaiko Safavida Inperioaren sorrerak bakarrik eutsi ahal izan zion Persiako kontrahorma menditsuetan aurrera egiteari.
Ekialde Hurbilean indar hartzen saiatu ziren beste tribu turkiar batzuk ez bezala, nagusi zen egoera geopolitikorako, otomandarrek Bizantziar Inperioaren ondorengo ziren printzerri eta estatuak konkistatzera jo zuten, 1204an laugarren Gurutzadak Konstantinopla arpilatu ondoren heriotzaz zauritua eta paleologotarrek ahulki berrezarria 1261ean. Horrela, 1453an Mehmed II.a sultanak Konstantinopla konkistatu zuenean, Otomandar Inperioa, termino geopolitikoetan, antzinako Bizantziar Inperioaren erreprodukzioa zen, eta, beraz, Ekialde Hurbilean zuen kontrol politikoa oso txikia zen. XV. mendearen amaieran, Ekialde Hurbilean nagusi zen kaosa dela eta, Ismaíl Safaví gudari xiita persiar batek gerra batzuk hasteko baliatu zuen. Lehenik, Erdialdeko Asiako timurtar boterearen azken hondarrak garaitu zituen, eta, ondoren, Otomandar Inperioaren aurka borrokatzen saiatu zen. Erantzuna, Selim II.a sultanak, Persiaren aurkako kanpaina militar bati ekin zion, non aurrerapen safavida gelditu zuen, eta, bide batez, Egipto konkistatu zuen (1517), baina ezin izan zuen Inperio safavida eraitsi. Orduan, elkarbizitza politiko tirabiratsuari hasiera eman zioten biek, eta horrek nazioarteko oreka markatuko zuen bi mende osotan.
Erromatar Inperioaren eta bere oinordeko Bizantziar Inperioaren eta bere arerio Sasandar Inperioaren arteko garaiko egoera politikoak, izan ere, antzekotasun handiak ditu III. eta VII. mendeen artean egon zen tentsioarekin. Bi kasuetan, Persian eta Anatolian basea zuten bi potentziak, hurrenez hurren, Mesopotamiaren kontrola lehiatzen ari ziren. Bi kasuetan, arraza-tentsioak zeuden (safavidak persiarrak ziren, eta otomandarrak turkiarrak) eta erlijio-tentsioak (otomandarrak suniak ziren eta safavidak xiitak). Eta bi kasuetan, otomandarrek eta safavidak muga militar bat baino gehiago zuten bien arteko mugaren kontrako puntuan, otomandarrek Europako potentzia kristauei aurre egin behar zietelako eta safavidek Erdialdeko Asiako inbaditzaile uzbekotarrei. Bestalde, safaviden agerpenak erabat banandu zituen turkiar tribuak, otomandarrak mendebaldean eta turkomanoak Transoxianan utziz.
Barnean, otomandarrak potentzia oso antolatua ziren, horretarako Esklabo Etxearen erakundea sortu baitzuten, administrazioaz arduratzen zena eta yeniçeriek (jenizaroak) eta sipahiek (zipaioak) osatutako gorputz militar oso eraginkorrak. Bisir otomandarra bera ere sultanaren esklabo bat besterik ez zen, eta horrek kontenplaziorik gabe hiltzeko ere agindu zezakeen. Safaviden artean, aldiz, denbora luzez horda erdi nomada izaten jarraitu zuten, Abbas I.a Handiaren garaian (1587-1629), neurri batean, estatu zentralizatu bat finkatu zen arte.
Nazioarteko ordena politiko horren ondorio luzeena xiismoa da, garai batean islamaren sekta minoritarioa zena; sakon errotu zen Persian, eta bere sentimendu nazionalaren parte izatera igaro zen. Iranen, gaur egun arte, hala jarraitzen du, eta, gainerako mundu musulman osoan, suniten gehiengoak nagusitzen jarraitu zuen.
XVII. mendean, eta aldi berean, Otomandar Inperioa eta Safavida Inperioa gainbeheran sartu ziren. Eremu safavidan, Abbas Handiaren heriotzak (1629) gainbehera baten hasiera markatu zuen, non barne desordenak areagotu ziren, eta persiarrak jazarriak izan ziren Murad IV.a otomandarrengatik, uzbekoengatik Khorasanen eta, hegoaldean, Omango imanengatik, zeinak, aurretik, Maskatetik kanporatu baitzituen portugaldarrak. Otomandar eremuan, berriza, jauregietako azpijokoek Inperioa xurgatu zuten 1566an Suleiman Bikaina hil zenetik eta bisir kargua Köprülü Etxearen eskuetan erori zenean nolabaiteko susperraldia egon zen arren; 1683an otomandarrek Vienaren aurkako setio berri batean porrot egin izanak, ia geldiezina zen gainbeheraren hasiera markatu zuen. 1722 eta 1726 artean, Nadir Xah buruzagiak Khorasan hartu zuen, eta, kanpaina batzuen ondoren, 1736an, azkenik, azken errege safavida agintetik kendu, eta Persia hartu zuen, bide batez, afganiarren, otomandarren eta etsai berri baten inbasioak baztertuz, errusiarrak, bizkitartean Erdialdeko Asian zehar hedatu zirenak eta eskualdean bizirik irauten zuten printzerri turkiar eta mongoliarrak mehatxatzen zituztenak. Nadir Xah Persia mendebaldera hurbiltzeko asmotan zebilen, baina, 1747an hil izanak, proiektu hori eragotzi zuen.
XVIII. mendearen amaieran, Persiar Inperioa ia erabat agortuta zegoen, eta Otomandar Inperioak zutik jarraitzen zuen, baina ia bizitasunik gabe. Ondorioz, botere berriak sortu ziren eskualdean. Garrantzitsuena wahhabitena izan zen, Arabian sortu zen sekta fundamentalista bat, saudiekin aliantzan Arabiar penintsula Otomandar Inperioarekiko independentzia gero eta handiago batera eramaten hasi zena.
1798an, Napoleon Bonapartek, Egiptoren aurkako espedizio militar baten buru izan zen. Espedizio horrek, konkistan porrot egin bazuen ere, marean aldaketa bat ezarri zuen, ordutik aurrera, Europaren interesak gero eta gehiago Ekialde Hurbilera bideratu baitziren. Otomandar Inperioaren hedapenetik igarotako denboran, Europa indartu egin zen, eta, defentsa-jarrera batetik, Industria Iraultzari esker, bultzada inperialista batera igaro zen, Herbehereak, Ingalaterra eta Frantzia bezalako potentziak Indian, Txinan, Malaysian edo Indonesian interesak izatera eraman zituena; ondorioz, Otomandar Inperioaren ahultzean, eskualdeaz jabetzeko aukera bat bilatu, eta, horrela, bidaia-denborak laburtzera eraman zituen. Geroxeago, Otomandar Inperioak eskala handiko lehen matxinada nazionalista jasan zuen greziarren aldetik, 1823an Greziaren independentziarekin amaitu zena. 1839an, deskonposizio prozesu horrek Egiptoren independentziarekin jarraitu zuen Mehmed Aliren matxinadari esker. Ordutik aurrera, Otomandar Inperioa Europako gizon gaixoa izatera pasa zen, eta eskala handiko inbasio inperialista europarretik salbatu bazen, Ingalaterrak eta Frantziak (Errusiak Balkanak har ez zitzan eta Mediterraneo itsasora zuzenean sar ez zedin) tapoi bezala eusteko interesa zutelako izan zen.
1869an, mendebaldeko inbasio-prozesu hori bizkortu egin zen Suezko kanala ireki zenean; kanal horrek balio estrategiko izugarria eman zion Egiptori mundu-politikan. Geroxeago, Egiptoko baja diruaren ahultasuna aprobetxatuz, Benjamin Disraelik, britainiar lehen ministroak, Victoria erreginaren izenean, Suezko kanaleko akzioak erosi zituen. Harrezkero, europarrek, Ekialde Hurbila nazioarteko taula politikoaren atal gisa erabiltzeaz gain, bertan zuzenean parte hartzen zuten.
Horrela, mendebaldeko mundua ezinbesteko erreferente bihurtu zen Ekialde Hurbilean, eta ikuspegi desberdinak sortu zituen Europako arazoaren aurrean hartu beharko luketen jarrerari buruz. Horietako bat, Otomandar Inperioari biziberritzeko laguntza ematea zen, oraindik ere musulmanen potentzia handiena baitzen, Atlantikotik Indonesiaraino (panislamismoa) musulmanen domeinu guztiak bateratzeko asmoz; Otomandar Inperioak biziberritu zuen Kalifa-herriaren ideiak rol ideologiko garrantzitsua izan zuen horretan. Garaian zehar, Otomandar Inperioak, eskualde desberdinetako musulmanen laguntza deiak jaso zituen, Indonesia eta Erdialdeko Asiako printzerri musulmanak barne, errusiarren aurka edo Mendebaldeko Europako potentzien aurka borrokatzeko, noski, Otomandar Inperioak, eskaera desesperatu horiei erantzuteko gaitasunik izan ez zuelarik. Musulmanek bilatu zuten beste bidea nazionalismoaren ideiaz poliki-poliki bustitzea izan zen, horrela XX. mendetik aurrera Ekialde Ertaina osatuko zuten etorkizuneko Estatuak sortzeko eremua prestatuz.
XIX. mendearen azken herenean, Otomandar Inperioa behin betiko krisian sartu zen, 1878an Balkanetako ia domeinu guztiak galduz. Ondorioz, mendebalderako joera zuten talde intelektual eta militarren eta botere tradizionaleko talde kontserbadoreen arteko liskar larriak sortu ziren, azken horretan sultanak berak (eta aldi berean kalifak) barne hartuz. Otomandar Inperioari europar konstituzio bat emateko saiakera batek porrot egin zuen 1876an, eta Turkiar Gazteek prestatutako Estatu kolpe batek ere patu bera jasan zuen 1909an. 1914an, Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Otomandar Inperioa Aliantza Hirukoitzaren (erdialdeko inperioak: Alemania, Austria eta Italia) aldera eraman zuten, eta horrekin, azken batean, bere patua zigilatu zen.
Lehen Mundu Gerra urrezko aukera izan zen Europako potentzientzat, arrakastaz saiatu baitziren Otomandar Inperioaren ahuleziaz baliatzen eskualde horietan beren nagusitasun inperiala inposatzeko. Bizkitartean, XIX. mendearen amaieran, europarrek barne-errekuntzako motorra asmatu zuten, eta, horrekin batera, petrolioari beste erabilera bat eman zioten. Horregatik, eskualde horien kontrola lehen mailako helburu geopolitiko bihurtu zen. Aipatutako Lehen Mundu Gerran, Lawrence Arabiakoa gerrillariak garrantzi handia izan zuen, turkiarren aurka borrokatu baitzuen haren mendean zeuden herrien independentziaren alde. Horretarako, Xerif Hussein ibn Ali Mekako buruzagiarekin (musulmanen eta otomandarren arteko matxinadaren buru izan zenarekin), indarrak batu zituen, Lawrenceren independentzia azkar bat lortzeko promesapean. Baina ezkutuan, Ingalaterrak eta Frantziak Sykes-Picot Ituna sinatu zuten, bi eragin-eremu sortzen zituena nazio horietako bakoitzarentzat, eta otomandar domeinuak banatzea barne biltzen zuena.
Lehen Mundu Gerrari amaiera eman zioten itunak, Otomandar Inperioaren azken desintegrazioa ere izan ziren. Otomandar kalifa, formalki, 1923an kendu zuten kargutik, eta, otomandar domeinutik geratzen zena, Turkiako Errepublika modernoa izatera pasa zen, Atatürken gidaritzapean. Bere agindupean, mendebaldeko joera eta sekularizazio zorrotza ezarri zen, mendebaldeko zientzia, teknika edo gobernu forma egokitzeaz gain, baita janzkera eta idazketaren karaktereak ere.
Bestalde, beste hiru gune politiko handi zeuden eskualdean. Egiptok bere eskubide-independentzia ziurtatu zuen, eta 1922an monarkia bihurtu zen. Arabiako penintsulan, berriz, Saud Etxeak ia lurralde guztiak bateratzea lortu zuen (XXI. mendera arte bizirik iraun zuten zenbait emirerri periferiko izan ezik), eta, 1932an, ofizialki eratu zen Saudi Arabia, mendebaldeko petrolio-interesekiko lagunarteko politika garatuz, bereziki ARAMCOrekiko. Persiak, berriz, Mendebaldeko kapitalen erdi mendeko jarraitu zuen, eta, barne-arazoetan, esku-hartze handia izan zuen: Anglo-Iranian Oil Companyk.
Ekialde Hurbileko gainerako herrialdeetan nagusitu nahi zuten mendebaldeko potentziek nazionalismo arabiarraren aurka egin behar izan zuten orduan, eta, beraz, uko egin zioten inperialismo irekiari. Aurkitu zuten irtenbidea berriki sortutako Nazioen Elkartean (1919) babestea izan zen. Elkarte horrek eskualdearen kontrola Ingalaterrari eta Frantziari eman zien mandatu moduan, argudiatuz domeinu horiek (lehen otomandarrak zirenak) oraindik ez zeudela prest independentziarako urratsa erantzukizunez bere gain hartzeko. Nahiz eta juridikoki lurralde horiek mandatuak izan, praktikan, Ingalaterrari eta Frantziari eskualde horien babesletza ematea eskatzen zuen. Siria Frantziaren agindupean geratu zen. Irak, berriz, ingelesaren agindupean geratu zen. Ingalaterrari ere Palestinako mandatua eman zitzaion, baina laster Jordan ibaiaren ekialdeko eskualdea banandu egin zen, Transjordania sortuz. Jordanian eta Iraken monarkia bana sortu zen, Husseinen bi semeren ardurapean, britainiarren eta frantsesen aurkako matxinada gehiago ez bultzatzeko lagun ziezaioten, Lehen Mundu Gerran otomandarren aurka sustatu zituen bezala.
Garai hartan hasi zen juduen auzia ere. 1917an, mugimendu sionistak Balfour Adierazpena lortu zuen Ingalaterratik, Palestinan juduen etxe bat sortzea bilatzen zuena, antzinako Salomonen Erresumaren lurralde gisa. Horrela hasi zen juduen migrazio geldoa, baina iraunkorra, Europako ekialdetik Palestinara, kibbutzetan kolono gisa kokatu zirenak. Emaitza juduen eta palestinarren arteko tentsioa areagotzea izango zen, eta mundu osoa behin baino gehiagotan airean jarriko zukeen nazioarteko arazo geopolitiko baten sorrera.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren (1939-1945), agintaldien erregimena jasanezina bihurtu zen politikoki, eta, beraz, sistema horren azpian administratutako lurraldeei independentzia osoa ematea erabaki zen. Hala ere, Ekialde Hurbilaren garrantzi geoestrategikoaren ondorioz, gaur egun munduko petrolio-ekoizpenaren gune nagusia den aldetik, garaiko bi superpotentzia berriek (Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna) ezin zituzten horiek alde batera utzi, eta horrela sartzen da Ekialde Hurbila Gerra Hotzaren berezko eskeman. Hala ere, eskualdeko nazioak ez dira beti superpotentzien eskuetan dauden txotxongilo otzanak izango, petrolioaren giltza ixteko aukera zutenez, negoziazio-ahalmen handia eskuratu baitzuten. Hori, bereziki, agerian geratu zen Gamal Abdel Nasserrek Egipton zuen gobernuarekin. Horrek, monarkia kendu zuen 1952an, eta, hasiera batean Estatu Batuek babestu zuten arren, aldendu egin zen, bereziki Jakartako Konferentzian (1955), Hirugarren Munduko nazioek beren bidea jarraitu behar zutela aldarrikatu zuenean. Nasserrek Estatu Batuen eta Europaren begirunea galdu zuen, hainbesteraino ezen 1956an Ingalaterrak eta Frantziak inbasioa egitekotan egon baitziren, 1875etik britainiarren esku zegoen Suezko kanala nazionalizatzeko neurriari erantzunez. Sobietar Batasunak gogor babestu zuen Nasser, eta Aswango presa, neurri handi batean, esfera komunistatik etorritako kapitalen ekarpenari esker eraiki zen.
Ekialde Hurbilak aurre egin behar izan zion arazorik larriena Israelgo Estatuaren sorrera izan zen. 1948an Palestinaren gaineko britainiar agintaldia amaitu zen, eta juduak estatu independente berriaren kontrola hartzera pasa ziren. Jerusalem bi eremutan banatuta geratu zen, bata juduen kontrolpean eta bestea musulmanen kontrolpean. Konponbide horrek, jakina, bi aldeak atsekabetu zituen, hiri hori sakratua baita bi erlijio-aitortzentzat. Herrialde arabiarren koalizio batek gerra deklaratu zion Israeli independentzia egunean bertan, eta Israel atera zen garaile . 1956an, Israelek bere posizioa pixka bat gehiago finkatzea lortu zuen, Sinaiko gerran alde anglo-frantziarra Egiptoren aurka jarriz. Hala ere, abantaila handienak 1967an lortu zituzten, Sei Eguneko gerrarekin. Horri esker, Israelek Jerusalemen kontrol osoa irabazi zuen, Jordaniari musulmanen alde erdia kenduz eta ordura arte Siriaren esku zeuden Golango gainak bereganatuz; Egiptori Sinai osoa ere kendu zioten, Suezko kanalaren ekialdeko ertzeraino, nahiz azken lurralde hauek 1975ean itzuli ziren.
Aldi berean, adierazi behar da asmo nazionalista guztiak ez zirela eratu, mendebaldeko interesentzat komenigarrienak zirenak baizik ez. Horrela, palestinarren populazioa Israelen agintepean murgildu zen. Palestinarrek, beren Estatuko nazionalak izateko ahaleginean bortxaturik, beren ihesbidea borrokan aurkitu zuten, Palestinaren Askapenerako Erakundeak eta beste talde erradikal batzuek garatua. Israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioen bideak nahiko sigi-sagatsuak izaten jarraituko zuten, neurri batean, gatazkaren bi aldeetan kokatutako erradikalek akordio batera iristeko zuten erresistentziagatik. Aintzat hartu ez zen beste aldarrikapen nazionalista bat kurduena da, Lehen Mundu Gerran otomandarren aurka matxinatu zirenak, baina behin gerra amaituta, Turkia, Siria eta Irakeko mugen artean sakabanatuta geratu zirenak. Ondorengo garaietan, kurduek Kurdistanen estatu nazional bat sortzeko egindako aldarrikapen nazionalistei gogor egin zien aurre Sadam Huseinek, Irakeko diktadore ohiak.
Iran izan zen nazionalista sutsua garatu zuen beste herrialde bat, Mendebaldearekin gogor borrokatu zuena. Mossadeqh lehen ministroa mendebaldeko interesetatik askatzen saiatu zen Anglo Iranian Oil Companyren nazionalizazioa bilatuz, baina Reza Shah Pahlavik sustatutako estatu-kolpe batek indarrez kendu zuen agintetik. Reza Shah Pahlavik mendebaldearen aldeko erregimen bat ezarri zuen 1952an. Erreakzio nazionalista orain sektore xiita erradikalagoaren zati batetik etorri zen, zeinak, Ruhola Khomeini aiatolaren gidaritzapean, Shah agintetik kendu baitzuen; erbesteratzera behartu, eta boterea bereganatu zuen teokrazia fundamentalista eta gogorki mendebaldearen aurkakoa. Erantzun gisa, Estatu Batuek Sadam Husein finantzatu zuten 1980 eta 1988 artean Iranen aurkako gerra bat egin zezan. Iran-Irak izeneko gerra, azkenean, eskualdearen oreka nabarmen aldatu gabe amaitu zen.
Aiatola Khomeiniren figuraren sorrera 1970eko hamarkadan eskualdean bizi izan zen berpizte islamikoaren parte da. 1973an, potentzia arabiarrak, bereziki Egipto eta Siria, Israelen aurkako gerra berri batean sartu ziren. Mendebaldeak Israeli laguntzea eragozteko, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean (LPEE) bildutako nazio arabiarrek petrolioa esportatzeko kuotak banatu zituzten; petrolioaren ekoizpena murriztu, eta krisi energetikoa deiturikoa sortu zuten, krisi ekonomikoa eragin zuena. Nahiz eta aurrerantzean LPEE Mendebaldearekin erdizka ulertu, islamiar berpiztearen ideia jaurtita geratu zen. Islama aldarrikapen sozialen aldeko borrokaren bandera ere bihurtu zen, bereziki petrolio-erregimenetan, zeinetan aberastasuna familia handietan pilatuta baitzegoen, miseriazko poltsa handien inguruan. Hamarkada batzuen bueltan, horrek, Iranen xiismo militantearen garapena ez ezik, borroka fundamentalistarena ere bultzatu zuen, hala nola Afganistango mugimendu talibana edo Al Kaida erakundea.
1990ean Sobietar Batasuna erori zenean, Estatu Batuek esku hartze handiagoa izan zuten eskualdeko gaietan, ageriko kontrapisurik gabe. Horrela, 1991n, Nazio Batuen Erakundearen bidez orkestratutako nazioen koalizio baten buru izan zen aurreko urtean Kuwait Emirerria inbaditu zuen Sadam Huseinen aurkako gerra eramateko. Husseinek Kuwaitetik alde egin behar izan zuen, eta bere erregimenak murrizketa handiak jasan zituen. Hala ere, hori ez zen nahikoa izan, eta 2003an, George W. Bush presidenteak inbasio bat sustatu zuen Irakek suntsipen handiko armak zituela aitzakiatzat hartuta (gero gezurrezko txostenak zirela agertu zen), eta Hussein boteretik kendu; harrapatu; epaitu, eta exekutatu zuten.
Gaur egun, beraz, Ekialde Hurbileko eta Ekialde Ertaineko eskualdeak gehienbat islamikoak, eta herrialde independenteak dira, kasu askotan, egitura politiko oso sinplifikatua dutenak. Monarkia absolutu gisa gobernatzen dira; baliabideak petrolioaren ustiapenetik lortzen dituzte, eta desberdintasun sozial handiak dituzte. Nazio horietako batzuetan, sekularizazio prozesuak gertatu dira, adibidez,Turkian; inperfektuak dira, eta erresistentzia izugarriak dituzte, Egipton adibidez, beste batzuetan islamismorik erradikalena finkatu den bitartean, Iranen adibidez. Buru-hausgarri geopolitiko korapilatsu horren erdian, oso zaila da hemendik aurrera eskualdean zer gertatuko den argitzea.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.