From Wikipedia, the free encyclopedia
Egutegi bat egunak antolatzen dituen sistema da[1], batez ere gizarte, erlijio, merkataritza eta administrazio helburuekin. Hau lortzeko denbora tarteak definitzen dira, oro har egun, aste, hilabete eta urteak. Egutegietako denbora tarte edo garai hauek, gehienetan baina ez beti, zenbait fenomeno astronomikoekin bat etortzen dira, adibidez Eguzkiaren edo Ilargiaren zikloekin. Zibilizazio askok berezko egutegi bat garatu dute, gehienetan beste egutegi batetik eratorria baina haien behar bereziei egokitua. Gaur egun egutegi gregorianoa (eguzki-egutegia) da munduan zabalduen dagoena.
Egutegiak gehienetan taula moduan adierazten dira. Egun bakoitzari emandako izena data da.
Eguzkiaren eta Ilargiaren ibilbideak dira gertaera natural errepikakor eta erregular nabarmenenak denbora neurtzeko, eta, beraz, mundu osoko gizarte aurre-modernoetan, ilargialdiak eta urtea erabili izan dira denbora-unitate bezala. Idatzitako lehen egutegi fisikoak, Antzinako Ekialde Hurbilean garatutako idazketari lotuak, Brontze Aroko sumertar eta egiptoar egutegiak izan ziren[2].
Antzinako Ekialde Hurbileko egutegi sistema ugari, egutegi babilonikoan oinarrituak, Burdin Arokoak dira, horien artean Persiar Inperioko egutegi sistema, zeinak egutegi hebrear eta zoroastrikoei leku eman ziena. Greziar egutegi ugari garatu ziren Grezia Klasikoan, eta garai helenistikoak antzinako egutegi erromatarrari eta zenbait egutegi hinduri leku eman zien[3].
Antzinako Erromatar egutegia, Julio Zesarrek eraberritu zuen K.a. 46an[4][5]. Juliotar egutegia, jada ez zegoen ilberriaren behaketaren mende, baizik-eta algoritmo bat jarraitzen zuen, bisurteetan (lau urtetik behin) egun bat gehitzen zuena[5]. Honek ilargiaren hilabete egutegiaren disoziazio bat sortu zuen. Horrek eragin zuen hilabeteak ilargialdiekin zerikusirik ez izatea. Egutegi gregorianoa, juliotar egutegiaren fintze bezala sartu zen 1582an[5] eta gaur egun mundu osoan "de facto" erabiltzen da erabilera sekularrean.
Gaur egun, oraindik erabiltzen den ilargi egutegi nagusia islamiar egutegia da, Mahometen ikasbideei jarraituz, aurre-islamiar egutegi batean oinarrituta eta Omar kalifak abiabuntua ezarria (Hejira). 12 ilargi hilabete ditu, eta Koranak debekatuta duenez egunak edo hilak tartekatzea[6] bisurteetan bezala, hilok ez datoz bat urtaroekin.
Antzinako egutegi-sistema guztien artean, maiak eta Mesoamerikako beste batzuk dira konplexuenak. Maien egutegiak bi urte mota zituen: sakratua (tzolkin) 260 egunekoa eta zibila (haab) 365 egunekoa. Maien egutegiaren funtsezko elementuak eskualde osoan erabilitako sistema batean oinarritzen dira, gutxienez K.a. V. mendetik. Aspektu asko partekatzen ditu Mesoamerikako beste zibilizazio batzuek erabilitako egutegiekin, zapoteka eta olmeka garaikideak kasu, eta ondorengoko mixteka eta azteka egutegiak kasu[7] .
Egutegi historiko guztiak fenomeno astronomikoek definitutako denbora tarteetan oinarrituta daude.
Zibilizazio guztietan, egunaren eta gauaren arteko txandaketa da oinarrizko denbora unitatea. Eguna Lurraren errotazioak sortzen duenez, egunsentia ez da une berean gertatzen mundu guztian. Oraintsu arte, ez-aldiberekotasun hau ez zuen garrantzirik mugikortasunak ez baitzuen eraginik zibilizazioen arteko harremanetan. Garraioen garapenak eta ordua hedatzeko aukerak konponbidea aurkitzeko beta eman zuen XIX. mendean eta ordu zonak garatu ziren.
Ilargialdiak behatzeko errazak dira eta denbora tarte luzeak neurtzeko oinarri izan dira hainbat kulturatan. Urtarorik gabeko munduko eskualdeetan, Polinesian adibidez, hilabetea da oinarrizko denbora neurria egunaren ostean. Egungo islamdar egutegia ilargialdietan oinarritzen da.
Eguzki-egutegietan, hilabeteak ez daude Ilargiarekin sinkronizatuak.
Urtaroak definitzen dituenez, nekazaritza garatu ahala urteak garrantzia hartu zuen denbora neurri gisa. Denbora tarte hau nahiko luzea da eta definitu egin daiteke, adibidez solstizio eta ekinokzioak erabiliz.
Garatu zen lehen eguzki egutegia Antzinako Egiptoko egutegia omen da. Teorian batzuen arabera, Nabta Playa edo Stonehenge lekuetako megalitoek, edo azteken eta maien tenpluek urteak neurtu ahal izateko erabili ziren.
Hilabetea edo urtea oinarri hartuta, ilargi edo eguzki egutegia izango da. Ilargi egutegietan, hilabetearen batez besteko iraupena ilargialdiaren antzekoa da, 29,5305882 egun[8] ingurukoa. Eguzki egutegietan, urtearen iraupena 365,242190 egun ingurukoa da.
Egun munduan hedatuen dagoen egutegia gregorianoaa da, eguzki-egutegi bat.
Ilargi egutegiak ilargiaren zikloetan oinarritzen dira denboraren kalkuluak egiteko. Denboraren neurketarako oinarria ilargialdien iraupen neurria hartzen dute. Ilargialdiaren iraupena 29 egun, 12 ordu, 44 minutu eta 2,8 segundokoa da batez beste. Antzinaroko egutegi guztiak, Egiptokoa izan ezik, horrela sortu ziren.
Ilargi-eguzki egutegiak ilargi egutegi mota bat dira, eguzki-urtera egokitzeko hilabete bereziak tartekatzen dituztenak:
Denboraren neurketarako oinarria Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen itzuliaren iraupen neurria hartzen dutenak dira:
Iritsi zaigun euskarazko egutegi antzinakoena Joanes Leizarragak egindako itzulpena da, Kalendrera izenekoa (Arroxelan, 1571). Bertan, juliotar egutegiaren azalpenak ematen dira, bisurtea eta ilargialdiak nola kalkulatu. Hauek dira bertan agertzen diren 12 hilabeteak: urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ereiaroa, uztaila, agorrila, buruila, urria, hazila eta abendua.
Egutegi mota asko daude, erabilera anitzetarako balio dutenak.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.