aldi historikoa eta arkeologikoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Burdin Aroa, arkeologian eta historiografian, edozein herritako garapen historikoko epe bat da, non burdinaren erabilpena lanabesetan nagusitzen den. Aro hori Metalen Aroaren barruan kokatzen da, Kobre Aroaren (Kalkolitoa) eta Brontze Aroaren ondoren[1]. Aldia kronologikoki datatzerakoan, kontuan izan behar da aldatu egiten dela munduko eskualdearen arabera, metalurgia-teknologia hainbat une ezberdinetan sortu eta geratu baitzen puntu geografiko hainbatean[2].
Metal horrez gain, Burdin Aroko gizarteetan beste aldaketa batzuk nabarmentzen dira aurreko gizarteen aldean, hala nola nekazaritzan, sinesmen erlijiosoetan edo arte estiloetan, nahiz eta kasu guztietan ez den hala gertatzen[3].
Historiaurrea sailkatzeko C. J. Thomsenek asmatutako hiru adinen sistema klasikoan, Burdin Aroa azkena zen, Harri Aroa eta Bontze Aroaren ondorengoa, baina Thomsenek ez zuen Kalkolitoa kontuan hartu. "Burdin Aroa" lokalki hasten da burdinaren edo altzairuaren ekoizpenak aurrera egin duenean, harik eta burdinazko erremintek eta armek erabilera komuneko brontzezko baliokideak ordezkatzen dituzten arte.[4] Antzinako Ekialde Hurbilean, trantsizio hori Brontze Amaierako kolapsoa deritzonaren ondorioz gertatu zen, K.a. XII. mendean. Teknologia berria laster zabaldu zen Mediterraneoko arroko eskualde osoan eta Asiako hegoaldean. Erdialdeko Asiara eta Ekialdeko Europara ere iritsi zen, eta geroago Erdialdeko Europara. Iberiar Penintsulan, K.a. 750 eta K.a. 100. urteen artean koka daiteke[5], eta Frantzian, K.a. 800. urtetik aurrera[6]. Europako iparraldea ez zen K.a. 500 inguru arte iritsi.
Beraz, aro honen data eta garapena desberdina da eremu geografikoaren arabera. Oro har, K.a. XII. mendean hasi zen Ekialde Hurbilean[7], Antzinako Indian (Rig-veda ondoko garaian), eta Antzinako Grezian, eta Europako beste tokietan geroago.
Burdin Aroaren bukaera, Mediterraneo aldean, Helenizazioarekin eta Antzinako Erromaren zabalkundearekin etorri zen; Indian, Budismoaren eta Jainismoaren garapenarekin; Txinan Konfuzianismoarekin; eta, Ipar Europan, lehenengo Erdi Arora arte ez da gertatuko. Horiek denak hitzarmen historiografikoak dira, Burdin Aroaren amaiera, Historiaren (idatzizko iturri historikoen) hasieran jarri izan baita.
Ameriketan eta Australasian burdinaren erabilpena Europako kolonizatzaileek sartu zutela eta, ez zen inolako Burdin Arorik izan.
Europarentzat, Burdin Aroa Historiaurreko Europaren azken etapa da, eta Protohistoriaren lehena izan daiteke; Protohistoria esaten zaion aldia hasten baita, hain zuzen ere, greziar eta erromatar idazleek eskualde jakin baten deskribapenak egiten hasten direnean.
Ekialdeko Europa Mediterraneoan lehenago hasi zen: gorago aipatu den bezala, K.a. XII. mende inguruan. Europa erdialdean K.a. VIII. mendean (Hallstatt kulturarekin batera), eta Ipar Europan K.a. VI. mendean hasi zen.
Burdin Aroaren bukaera, Grezian, hiri-estatuen (Grezia klasikoarekin ) kultura zabaltzen denean bukatu zen; nahiz eta Antzinako Greziako historiarentzat, beste izendapen batzuk erabiltzen diren (ikus Antzinako Grezia). Italian, Antzinako Erromaren zabalkundearekin gainditu zen Burdin Aroa. Europaren zati handi batean, erromatarrek konkistatu ondoren, Burdin Aroak amaiera bortitza izan zuen. Baina Europako gune batzuetan, Kristo ondorengo mendeetara arte iraun zuen, eta, are gehiago, zenbait kasutan, kristautzea, Migrazio Garaia edo Goi Erdi Arora arte. Azken kasu hori gertatu zen bereziki Eskandinavian.
Burdina K.a. XI. mendearen amaieran sartu zen Europan, Kaukasotik segur aski, eta poliki-poliki iparralderantz eta mendebalderantz hedatu zen hurrengo 500 urteetan.[8] Dena den, Burdin Aroa ez zen hasi burdina Europan lehen aldiz agertu zenean, baizik eta erreminta eta armen prestakuntzan brontzea ordezten hasi zenean.
Aipatu bezala, Burdin aroaren hedatzea ez zen aldi berean gertatu Europa osoan; tokiko kultura-garapenak oso garrantzitsuak izan ziren burdinaren arorako trantsizioan. Adibidez, Historiaurreko Irlandako Burdin Aroa K.a. 500. urte inguru hasi zen (ordurako Greziako Burdin Aroa bukatuta zegoenean), eta K.o. 400. urtean amaitu zen. Burdinaren teknologiaren erabileraren orokortzea aldi berean gertatu ziren Europako parte handietan eta Ekialde Hurbilean[9].
Euskal Herrian burdinaren esplotazioa gutxienez K.a. IV. mendean hasi zen, Elduainen aurkitutako arrastoen datazioak erakusten duenez[10].
Erdialdeko Europan bi alditan banatu ohi da garai hau, bertako kultura arkeologikoetan oinarrituta: Hallstatt kultura (Alpeetan Azken Brontze Aroan hasi eta Burdinaren aro goiztiarrean garatu zena) eta La Tène kultura (Hallstattetik mendebaldera zegoen eskualde batean bere sorlekua izan zuena). Hallstatt eta La Tène-ren kultura materialek 4 fase dituzte (A, B, C eta D faseak).[11]
Tradizionalki, Mediterraneoz kanpoko Europa osorako erabili izan dira aurreko izendapen horiek, haien kultura materiala erruz hedatu baitzen kontinentean, baina horien kulturaren eragina hain indartsua izan ez zen lekuetan, Lehen Burdin Aroa (K.a. 1.000/800/700[12] - 400, Burdin Aroa I ere izendatua) eta Bigarren Burdin Aroa (K.a. 400 - 200, Burdin Aroa II ere izendatua) edo beste izendapen batzuk erabiltzen dira [13]. Frantziako Institut national de recherches archéologiques préventives (INRAP) institutuak honela banatzen ditu bi etapa horiek: lehenengoa edo Hallstatt, K.a. 800etik K.a. 450ra, eta bigarrena, La Tène, K.a. 450tik K.o. I. mendearen amaiera arte[14]. Ikerlari askok aldiz, Javier Armendariz nafarrak besteak beste, hiru etapa bereizten dituzte Europako Burdin Aroan: antzinako Burdin Aroa, Erdiko Burdin Aroa eta Amaierako Burdin Aroa (edo Burdin Aro berria)[15].
Dena dela, eta beste garai arkeologikoekin gertatzen den bezala, datazio zehatzak geografikoki alda daitezke. Oro har, Europa Mendebaldean, Burdin Aroa Erromatar konkistarekin amaitzen da.
Gonzalo Ruiz Zapatero, Burdin Aroan erreferentziazko historialari espainiarra eta Madrilgo Unibertstiate Konplutentsean irakasle dena, taula geo-kronologiko hau osatu du, eragin handiena zuten kultura arkeologikoekin[5]:
Aldia | Egeo | Italia | Iberia | Europa Erdialdea | Britania | Europa Iparraldea |
---|---|---|---|---|---|---|
Aro aldaketa | Erroma | Erroma | Erroma | Erroma | Erroma | Erromatar Burdina |
K.a 200 | Erroma | - | - | Azken La Tène amaiera eta Erroma | Azken La Tène | Erromatar Burdina |
K.a 400 | Grezia klasikoa | Erroma | Bigarren Burdin Aroa | La Tène betea | Burdin Aro erdia | Erromatarren aurreko Burdina |
K.a 600 | Aro Arkaikoa | - | - | Hasierako La Tène | Antzinako Burdin Aroa | Azken Brontzea mendearen erdialderaino ggb |
K.a 800 | Aro geometrikoa | Etruskoak | Lehen Burdin Aroa | Hallstatt | Azken Brontzea mendearen erdialderaino ggb | Azken Brontzea |
K.a 1000 | Brontze Aroa | Brontze Aroa | Brontze Aroa | Brontze Aroa | Brontze Aroa | Brontze Aroa |
Europako lehen Burdin Aroko zenbait kultura hauek dira: Grezia geometrikoa eta arkaikoa, Hallstatt, Golasseca kultura, Villanovako kultura, Tartessos...
Europako bigarren Burdin Aroko zenbait kultura batzuk beste hauek dira: La Tène eta Zeltiberiarren kultura, Mediterraneoan zibilizazio historikoak sortzen dira: Grezia klasikoa eta bere koloniak, Erroma, Etruskoak, Punikoen eta greziarren koloniak mediterraneo mendebaldean, Iberiarrak...
Esan dugun bezala, Europa erdialdean, Hallsttat kultura garatzen da. Mediterraneoko arroan, Grezia izango da antolaketa politiko konplexuak eraikitzeko baldintzak sortuko dituen lurraldea, denborak aurrera egin hala, polisak eratuko dituena. Grezian hirigintza garatu zen eta kolonien fundazioa indartuko zen; Mediterraneo eta Itsaso beltzeko itsas hertzeko hainbat tokietara iritsiko dira bertako kostaldeetan koloniak sortzeko, edo, beste kulturekin komertzioan aritzeko. Merkataritzak, beraz, eta baita idazketak ere, indartu ziren. Italiako penintsulan aldaketa horietako batzuk ere nabarmentzen dira. Une horretan, Italian askotariko kultura loratu ziren[16]: Situlen kultura Veneto aldean, Villanovako kultura Italia ipar-zentroan, Golassseca kultura ipar-mendebaldean, Liguriako estatua-zutarriak, Sardinia eta nuragheen jarraipena, eta hegoaldeko greziar kolonizazioak[17][18].
Eraldaketa horiek guztiek sakonki eragin zuten Europako beste lurraldetan. Zona batzuetan Azken Brontze Aroan garatutako kulturekiko jarraipena izan zen nagusi, beste batzuetan ordea, lurraldearen berrantolaketa egin zela ikusi dute arkeologoek.
Europan, Burdin Aroan, leku garaietan egindako herri harresituak biderkatu ziren, hildakoak errausteko ohitua orokortu zen, eta tornua erabiltzen hasi ziren zeramika poteak egiteko.
Portugalgo Guimarãesen kokatutako Citania de Briterios aztarnategian Burdin Aroko herri tipoa ikus daiteke. Asentamendu honek, leku garai batean eraikitako herri gotortua zena, 3,8 Ha zituen eta erromatarren inbasioen aurka. Bertan, bestak beste anforak, txanponak, zeramika zatiak, armak eta bitxiak aurkitu dira, baita bainu baten hondakinak. [19] [20]
(ca. K.a. 1100-330) Bi fase nagusi bereizten dira: Burdinaren Lehen Aroa eta Burdinaren Bigarren Aro*. Mediterraneo osoan aldaketa sakonak gertatu ziren mende horietan: hazkunde demografikoa, laboreen areagotzea, teknologia berriak (inguruko zeramika eta burdinaren metalurgia) eta lehen hirien agerpena. Antolaketa politikoko sistema berriek, gizarte hierarkizatuagoekin, monetaren eta idazketaren garapena ere badakarte, beste elementu batzuen artean. Feniziarrak eta greziarrak mendebaldeko Mediterraneoan, Asia Txikian eta Itsaso Beltzean zehar hedatzen hasi ziren, lehengaien bilaketak eta hazkunde demografikoak sustatutako prozesua. Iberiar Penintsulan, aipatutako eraldaketek hego-mendebaldean eta eremu mediterraneoan izan zuten eragina batez ere. Ekialde Hurbilean, Mediterraneo ekialdekoak izan ziren aldaketa gehien jasan zituzten eskualdeak. Bertan, mendebaldeko munduarekin izan zituzten loturengatik nabarmentzen diren erakunde politiko eta kultural berriak agertu ziren, hala nola Israel, filisteoak edo feniziarrak, Mediterraneo osoan kolonizazio-prozesu bat hasi zuten lehenak. Kolono horiek feniziar hirietatik eta greziar munduko (penintsula helenikoa, Egeoko irlak eta Anatoliako itsasertza) hirietatik abiatu ziren[21].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.