Bizikleta

From Wikipedia, the free encyclopedia

Bizikleta
Remove ads

Bizikleta gizakiaren indarraz, bi gurpilen gainean eta pedalei eraginez dabilen ibilgailua da[2]. XIX. mendean sortua eta hainbat aldaerez garatua, garraiobide merketzat erabili zen XX. mendean herrialde pobre eta klase sozial apaletan bereziki; askotan autoa nagusitzen ari zenean. Ariketa fisikoa eskatzen duen gailua izanik, osasuntsua izateaz gainera, txirrindularitza izenez biltzen diren kirolak ere sortu dira bizikleta oinarritzat harturik.

Thumb
Bizikleta modelo zabalduena (eta ibilgailu mota guztien artetik munduan zabalduena) Uso Hegalaria izeneko Txinako bizikleta da, 500 milioi baino gehiago produzitu baitituzte.[1]
Bizikletaren txirrin baten soinu klasikoa

Bidaiariak berak bultzatzen du, eta hanketako giharren esfortzuarekin eragiten dio ibilgailuari, pedalen edo biraderen bidez, bereziki[1].​ Oinarrizko osagaiak bi gurpil dira[1], eskuarki diametro berekoak eta lerroan jarriak, pedalen bidezko transmisio sistema, egitura ematen dion eta osagaiak integratzen dituen koadro bat, eskuleku bat norabidea kontrolatzeko eta eserleku bat esertzeko. Noranzko bakarreko desplazamendua lortzen da simetrikoki ezarritako pedalak hankekin biratzean, bakoitza koadroan mihiztatuta dauden biradera deritzon palanka batekin, eta, oro har, eskuineko pedala da izar nagusia edo katea muntatzen den platera, zeinak, aldi berean, pinoia birarazten duen, eta horrek, azkenean, atzeko gurpila lurraren gainean birarazten du ondorioz desplazamendua eraginez. Bizikletaren oinarrizko diseinua eta konfigurazioa ezer gutxi aldatu da 1885. urtearen inguruan garatu zen lehen kate-transmisioaz geroztik[3].

XX. mendearen bukaerako kezka ekologikoak garraiobide jasangarri bilakatu du hirietan zein landa eremuetan; hartara, bizikleta bideak (bide gorriak) egin dituzte, eta bizikletaz ibiltzea sustatzen duten proiektu anitz garatu dira, hala nola bizikleta maileguak.

Hirian zein landa-eremuetan mugitzeko balio du. Europa osoan erabiltzen da, eta Suitzan, Alemanian, Herbehereetan, Belgikan, Poloniako zenbait tokitan eta Eskandinaviako herrialdeetan garraiobide nagusietako bat izatera iristen da. Asian, bereziki Txinan eta Indian, garraiobide nagusia da. Latinoamerikan ere asko erabiltzen den garraio-metodoa da. Adibidez, Argentinan, bereziki Buenos Aires hirian, bizikleten erabilera % 4 hazi zen COVID-19aren pandemia baino lehen ere, 2020an, eta, 2023aren amaierarako, hiriak kalkulatzen du egunean milioi bat bidaia egingo direla bizikletaz.

Bizikletaren aitatasuna Karl Drais baroiari egozten zaio, 1785ean jaioa asmatzaile alemaniarra. Bere oinarrizkoa tramankulua, 1817 inguruan sortua, oinak, txandaka, lurrean ezarriz bultzatzen zen. Gaur egun, mila milioi bizikleta baino gehiago daude munduan, garraiobide edo aisialdirako ibilgailu gisa erabiltzen direnak.

Bizikletak oso ezagunak izan ziren 1890eko hamarkadan eta, geroago, 1950eko eta 1970eko hamarkadetan. Gaur egun, beste gorakada bat ari da izaten, eta, haren erabilera, asko ari da hazten mundu osoan erregaiaren prezio altuagatik, bizikleta oso ekologikoa eta merkea baita.

Bizikleta mota anitz dago, non ibili eta zertarako erabiltzen den. Besteak beste, mendiko bizikleta[4] mendiko bideetan ibiltzeko erabiltzen diren bizikletak dira, gurpil lodiekin; lasterketa-bizikletak errepide eta pistako txirrindularitzarako bizikleta azkarrak dira; hiri-bizikletak hirian ibiltzeko bizikleta aproposak dira, gauzak eramateko saskiak eta parrillak dituztenak, eta trizikloak[5] haur eta bizikletaz ibiltzeko arazoak dituzten pertsonentzako bizikletaren antzeko hiru gurpileko ibilgailuak dira.

Remove ads

Izena

Herri ibilgailua denez, bizikletak lagunarteko edo eskualdeko izen ugari jasotzen ditu. Horien artean, forma laburtua aipa daiteke: bizi. Kolonbian eta Kuban, gainera, zikla edo ziklo deitzen diote; Mexikon, Baika ,bvirula edo bikla; eta Txilen, kleta. Euskal Herrian, berriz, txirrindua, txirrinda edo txirrindula ere esaten zaio, baina Euskaltzaindiaren Hiztegian bizikleta[6] baino ez da agertzen, nahiz txirrindulari eta txirrindularitza[7] agertzen diren.

Remove ads

Bizikletaren historia

Thumb
Bizikletaren aurrekaritzat jo daitekeen draisienne izeneko ibilgailua. 1820 urtearen inguruan.

Bizikleta terminoa 1860ko hamarkadan Frantzian sortu bazen ere, aurretik, bizikletaren aurrekaritzat jo daitezkeen gailuak asmatu ziren[8]. XVIII. mendean zehar, gizakiaren hanken indarrez mugitzen ziren lau gurpiletako gurdiak eraiki ziren[9], baina egungo bizikletaren parekotzat jo daitekeen lehenengo gailua Karl Drais alemaniarrak 1813an asmatutako gailua izan zen, draisienne izenekoa, bi gurpilekoa baina pedalik gabekoa eta gailua hankaz aurrera bultzatuz mugitzen zena. Hark belozipedo izena eman zion, gerora, 1870eko hamarkadara arte, gizakiaren hankaren indarrez mugitzen ziren gailu guztiak izendatzeko termino moduan erabiliko zena. Bizikletaren lehenengo aurrekaritzat jo daitekeen gailu horrek oso zabalkuntza eskasa izan zuen bere asmatzaileak ibilbide luzeak ere egin zitezkeela frogatzeko ahaleginak egin zituen arren, eta parke eta lorategietan bakarrik erabili zen.

Thumb
1870eko hamarkadan, aurrean oso gurpil handia zuten bizikletak zabaldu ziren, pedalak bertan jarririk pedalkada bakoitzean distantzia handiagoa ibiltzeko helburuarekin; oso arriskutsuak ziren, ordea.

Porrot horren ondoren, 1860ko hamarkadara arte itxaron behar izan zen egungo bizikletatik gertu zegoen gailu bat aurkitzeko. 1861 urtean, Pierre Michaux artisauak, ikusirik bere semea draisienne bat baliatzeko zituen zailtasunak, aurreko gurpilarekin batera jiratzen zuten pedalak eta balaztak gaineratu zizkion. Arrakasta ikusita, hurrengo urteetan, milaka michaudine izeneko bi gurpileko belozipedoak ekoitzi zituzten. Hasiera batean, Michaux eta bere bazkideekin lan egin zuen Pierre Lallement, bere aldetik, Estatu Batuetara joan zen, eta, bertan bizikleta modelo baten patentea erregistratu ondoren, berehala zabaldu zen bizikletaren erabilera.

Hasierako belozipedo modelo horiek pedalak aurreko gurpilaren ardatzean zituzten. Pedalei eragindako biraketa bakoitzean ibilitako distantzia handitu nahian, 1870eko hamarkadan gero eta aurreko gurpil altuagoak egiten hasi ziren, eta, batzuetan, metro eta erdira ere heltzen ziren: biziklo izeneko belozipedo berezi horiek zabalkuntza handia izan zuten Europan eta Ipar Amerikan, baina gizonezkoei zuzenduriko luxuzko produktu moduan bereziki. Praktikan, ez ziren oso erabilgarriak; oso arriskutsuak ziren (bidean edozein koska joz gero, txirrindulariak kolpe handia hartzen baitzuen), eta jolas eta erakustaldi moduan erabiltzen ziren, batez ere. Alternatiba moduan, egungo bizikleten oso antzekoak ziren segurtasun bizikletak garatu ziren 1880ko hamarkadan. Bizikleta horietan, bi gurpilen tamainak berdindu eta egun bizikleta guztietan erabiltzen kate bidezko transmisioaren bitartez, trakzioa atzeko gurpilera aldatu zen, pedalkada bakoitzeko atzeko gurpilari biraketa batzuk eman eta ibilitako distantzia nabarmen gehituz; bizikletaren pneumatikoa ere aldatu zen barruan kamara sartuz, hiriko bideetan ibiltzeko aproposagoa. 1888. urtean, John Boyd Dunlop eskoziarrak asmatu zuen, eta, azkar batean, mundu osora hedatu zen. Urte berean, Nottingham hirian, Raleigh Bicycle Company sortu zen, eta munduko bizikleta ekoizlerik handien bihurtu zen urtean 2 milioi bizikleta baino gehiago eginez.

Bizikletan izandako berrikuntza horiek guztiz arrakastatsuak izan ziren, eta bizikletaren zabalkuntza handia ekarri zuten. Aldi berean, ekoizpen handiek kostuak gutxitu, eta bizikleta gizarte-klase guztietara zabaldu zuen. Emakumeak ere bizikletaz ibiltzen hasi ziren, eta, batera eta bestera ibiltzeko ematen zuen askatasuna dela eta, garai hartan mugimendu feministak bultzatu egin zuen.

Bizikleta ibilgailu erabiliena da. Flying Pigeon[10] enpresa txinatarrak 500 milioitik gora bizikleta egin ditu, eta ibilgailu modelo baten ekoizpen handienaren errekorra dauka. Konparaketa moduan, hurrengo ibilgailurik salduena Honda Super Club motorra da, eta 60 milioi moto saldu dira, eta, autoetan, Toyota Corolla da salduena 35 milioi baino gehiagorekin.

Remove ads

Bizikletaren atalak

Thumb

Bizikletaren elementuak koadro izeneko egitura bati eransten zaizkio. Bizikletaren erabilera zein den, koadroa altzairu, aluminio, titanio edo karbono zuntzez eginak izan ohi dira, eta, oro har, sendotasuna, zurruntasuna eta, aldi berean, arintasuna bilatzen da. Aurrealdean, urkila izeneko pieza mugikorra eransten zaio, non aurreko gurpila eransten den.

Thumb
Hiriko bizikletetan eskulekuak atzerantz luzatzen dira, txirrindularia zutik joan dadin.

Bizikleta eskulekuaz gidatzen da. Eskulekua eskuinera nahiz ezkerrera mugituz, urkila eta aurreko gurpila ere norabide horretan mugitzen dira. Bizikleta batzuetan, eskulekua potentzia izeneko pieza berezi batez lotzen da koadrora, eskulekua aurreratzen duena. Mota askotako eskulekuak daude, txirrindulariaren jarrera nolakoa izatea nahi den: mendiko bizikletetan, eskuleku lauak erabili ohi dira; lasterketa-bizikletetan, berriz, eskulekuak beherantz luzatzen dira, txirrindulariak makurtu eta jarrera aerodinamikoagoa har dezan. Hiriko bizikletetan, eskulekuak atzerantz luzatzen dira txirrindularia zutikoago egon dadin. Txirrindulariaren jarrera erabakitzerakoan ere, potentziaren luzera kontuan hartu behar da. Gainera, balaztak eskulekuan kokatu ohi dira, baita aldagailuak, txirrina eta bestelako osagarriak ere. Txirrindulariak bizikletan duen jarrerari eragiten dion beste faktore bat zelaren kokapena da[11].

Bizikleta bateko bi gurpilak ezberdinak dira: aurreko gurpila, gehienetan, urkilarekin batera mugitzen da, eta bizikleta ezkerretara eta eskuinetara gidatzen du. Atzeko gurpilaren biraketak bizikleta mugiarazten du pedalkadaz transmititutako indarrari esker; pedalkada bakoitzean, platerak bira bat ematen du, eta, kate bidezko transmisioaren bitartez eta atzeko gurpileko pinoia txikiagoa denez, zenbait bira ematen ditu, atzeko gurpila ere emango dituena.

Bizikleta motak

Errepideko bizikleta

Bizikleta hori abiadura handia hartzeko diseinatua dago. Eskulekuak bi posizio ditu. Normalean, goiko aldetik eusten da, baina, abiadura handian joatean, behetik eusten da aerodinamikoagoa delako[12]. Gurpilak oso estuak dira (2 zentimetro inguru) errepidearen kontrako erresistentzia ekiditeko. Munduko lasterketarik ospetsuenak bizikleta horrekin egiten dira. 1903. urtean, egunkari frantziar batek herrialdera bira emateko lasterketa antolatu zuen, eta hau da, gaur egun, txirrindularitzaren lasterketarik garrantzitsuena: Frantziako Tourra. Miguel Indurain nafarrak bost aldi jarraian irabazi zuen. XX. mendean, hainbat lasterketa antolatu ziren. Munduko onenak Frantziako Tour-a, Italiako Giro-a eta Espainiako Vuelta dira. Bitxikeri moduan, Espainiako Vuelta-ko 1950, 60, eta 70ko hamarkadetan, Bilbo eta Donostia hirietan zuen helmuga. Euskal Herrian, Euskal Bizikleta, Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa, Udaberriko Sari Nagusia, Urkiolako Igoera, Getxoko Zirkuitua, Miguel Indurain Sari Nagusia... izan dira garrantzitsuenak. Afizionatu mailan, Bizkaiko Bira itzuli handienetakoa izan zen, eta herrialde askotako selekzioak parte hartzen zuten. Itzulia irabazten zuenak profesional mailara pasatzen zela esaten zen. Julian Gorospe-k irabazi zuen lehenengo ekitaldia, eta, gero, Roberto Laiseka, Erik Dekker, Igor Gonzalez de Galdeano eta Mikel Elgezabal, besteak beste. 1990ko hamarkadan, Euskadi taldea eratu zen Euskal Herrian, eta, gero, Euskaltel-Euskadi talde bihurtu zenak ikaragarrizko lasterketak burutu zituen. Nahiz eta Euskal Herriko txirrindulari gehienek taldera pasatzen ziren profesional bihurtzeko, batzuk atzerrira joan beharra izaten zuten, eta, gehienetan, etxera hurbiltzen ziren gero. Horren eredu, Iñigo Chaurreau (Polti taldea, Italian) eta Iñaki Barrenetxea (Tonissteiner-Saxon taldea, Belgikan) dira, besteak beste.

Munduko txirrindulari onenetako bat Eddy Merckx flandriarra izan da dudarik gabe. Bost Tour eta bost Giro irabazi zituen hainbat eta hainbat lasterketen artean. Historiako beste txirrindulari handienetakoak ondoko hauek dira: Bernard Hinault, Fausto Coppi, Jaques Anquetil, Miguel Indurain,Gino Bartali, Jan Ullrich eta Christopher Froome.

Ziklo-krosa

Sakontzeko, irakurri: «Ziklo-kros»

Bizikleta hori errepidekoarena bezalakoa da, baina gurpil pixka bat lodiagoekin. Lasterketak zelaietan egiten dira, eta bira asko ematen dira zirkuitu laburretan (2 km adibidez). Badirudi Frantzian hasi zirela mota horretako lasterketak egiten XX. mendeko lehen urteetan. Udazkenean eta neguan egiten dira lasterketak, baita euripean eta elurpean ere. Lasterketak lokatzetan egiten dira, eta, horregatik, bira batzuen buruan, bizikletaz aldatzen dute txirrindulariek. Euskal Herrian, Igorreko Nazioarteko Lasterketa izan zen lasterketarik onena, eta munduko hoberenak parte hartzen zuten urtero Munduko Kopako proba zelako. Euskal Herriko txirrindulari handienetako bat David Seco izan da. Nahiz eta errepidean ere ibili zen, Ripolin-Bondex taldean, ziklo-krosean egin zen ezaguna. 12 urtetan, Euskadiko txapelduna izan zen, eta Estatuko txapelduna, berriz, 6 aldiz (inork ez du titulo gehiago eskuratu txapelketan).

Pistako bizikleta

Sakontzeko, irakurri: «Pistako txirrindularitza»

Bizikleta horrek ez ditu galgarik ez eta aldagailurik ere. Hortik kanpo, errepidekoaren antza handia dauka. Pistako txirrindularitza egiteko, belodromoa behar da, eta Euskal Herrian dagoen garrantzitsuena Donostiakoa da. Bizkaian, Zalla eta Trapagaraneko herrietan ere belodromoak daude. Lasterketak proba desberdinak ditu: Omnium, Puntuaketa, Madison eta Scratch. Pistan ibilitako Euskal Herriko txirrindularirik onenetakoa, Unai Elorriaga bizkaitarra izan da. Unaik, Omnium probetan, 3 domina eskuratu ditu Europako txapelketetan, eta, estatu mailan, hainbat domina eskuratu ditu proba guztietan[13].

Mendiko bizikleta

Sakontzeko, irakurri: «Mendiko bizikleta»

XX. mendeko bigarren partean sortu zuten, eta gurpil lodiagoak izateagatik bereizten da, batik bat. Eskulekua laua da, eta beste bizikletak baino luzeagoa, eskuak aldenduagoak izanik. Gainera, indargetzaileak ditu. Hasieran, aurrealdean bakarrik zuten, baina, gero, atzealdekoa ere asmatu zen. Biak izateak, bizikleta astunegia izatea dakar, eta, beraz, jaisteko bakarrik erabili izan dira. Zirkuituak laburrak izaten dira, baina ziklo-krosekoak baino luzeagoak. Normalean, 5 eta 8 kilometro bitartekoak izaten dira zirkuituen luzera, normalean mendi handietan eta zirkuitu bariatuetan. Euskal Herrian egon diren lasterketa handienak, Euskadiko Opena, Hego Euskal Herriko Kopa eta Arabako Challengea izan dira. Lehenengo biak, gaur egun, bateratuta daude. Euskal herritarren artean, Iñaki Lejarreta (Munduko Txapeldun Juniorra 2001ean, Diploma Olinpikoa Beijing 2008ean) berriztarra nabarmendu zen Durango-n entrenatzen zebilenean auto batek harrapatu zuen arte. Munduko txapelduna izan zen junior mailan, eta profesional bihurtu zen Orbea taldean. Orbeak, mendi eta errepideko txirrindulari taldeak izan ditu, eta, mendi bizikletan, munduko talderik honenetarikoa izan da, Iñaki Lejarretarekin batera, Julien Absalon (Munduko txapelduna) taldean izan zuten eta.

Remove ads

Beste bizikleta motak

Trizikloa: hiru gurpil dituen bizikleta da. Oreka askoz handiagoa dauka, baina bihurguneak azkar pasatzea zaila da bizikleta horrekin. Umeak bizikletan ibiltzen ikastean, bizikleta horrekin hasten dira lehenengo.

Tandema: bat baino gehiagorentzako bizikleta da. Normalean, bi txirrindularientzat egiten da, baina, hiru edo gehiago ere izan daitezke. Aurrean doanak bideratzen du bizikleta, eta aldagailua erabiltzen du, eta besteek pedalei bakarrik eragiten diete. Aurrera joatearen erresistentzia pertsona bakarrekoa da, energia, berriz, bat baino gehiagorena, eta, beraz, ondo koordinatuta badaude, urrunago eta abiadura handiagoan joan daitezke[14].

BMX: mendi bizikletako beste mota bat da. Gurpilak eta koadroa tamaina txikikoak dira. Jauziak eta abiadura txapelketak egiten dira bizikleta horrekin. Oso leunak dira.

Kargako bizikleta: Herbehereetan asko daude horrelakoak. Batzuk atzean dute karga eramateko lekua, baina beste batzuk atzean eta aurrean dute lekua.

Thumb
Bizikleten aparkalekua Donostiako Gros auzoan.
Remove ads

Bizikleta publikoak

XXI. mende-ko lehen urteetan, ingurumena zaintzeko asmoarekin, hainbat hirik bizikleta publikoen alde egin dute. XX. mende-ko azken urteetan, bidegorri batzuk eginda zeudela baliatuta, diru gutxigatik bizikletak alokatzeko aukera eman zioten hiriko biztanleei. Nahiz eta lehenengo momentuan paseatzeko bizikleta normalak jarri ziren, gero bizikleta elektrikoak jarri zituzten. Bilbo hiriak, adibidez, Bilbaobizi programa ezarri zuen 2018. urtearen azkenengo asteetan.

Instituzio askok ibilgailu horren alde egin dute, eta diru laguntzak baliatu dituzte ibilgailu horren alde egiteko hirien poluzioa dela eta, batik bat. Horrez gain, biztanleria irakatsi egin behar da, eta horretan dihardu Txirringaeskolan elkartea Bizkaiko eskoletan (12 urte inguruko umeekin). Elkarte horrek lau aldiz bisitatzen ditu eskolak urtean zehar, eta lau ekintza desberdinak irakasten ditu: 1. Bizikletaren kontrola. 2. Txirrindularitza munduko hitzaldia. 3. Segurtasuna eta elikadura. 4. Ingurutik eginiko irteera.

Remove ads

Segurtasuna bizikletan

Bizikletan ibiltzeak berez dakarren arriskua oso txikia da. Erresuma Batuan ohiko 3.500.000 txirrindularitik, 10 inguru hiltzen dira beste ibilgailuekin zerikusirik ez duten istripuetan[15].​ Errepideko zirkulazioari dagokionez, Erresuma Batuko Garraio Sailaren arabera, britainiar txirrindulariek bizikletaz egindako milioi kilometroko heriotza- eta zauri-tasa motoziklisten erdia eta auto-gidarien zortziren bat dute[16].

Bizikletaren segurtasunak hainbat alderdi ditu. Neurri handi batean, bizikleta motak baldintzatzen du emango diogun erabilera espezifikoa, eta, beraz, segurtasunak aldaketak izan ditzake. Beste faktore erabakigarri bat da gidatzen dugun lurzorua: hiri bateko segurtasun-arauak ez dira mendi bateko jaitsieretakoak bezalakoak.

Segurtasunari dagokionez, honako alderdi hauek bereizi behar dira: mekanika, babes-ekipoa eta gidatzea.

Segurtasun mekanikoa

Thumb
Kirol eremuan erabiltzeko bizikleta, kaskoa derrigorrezkoa segurtasun elementua da. Sarritan, segurtasun-betaurrekoak eta eskularruak ere erabiltzen dira.

Bizikleta modu seguruan erabiltzeko, egoera onean egon behar du. Kontuan hartu beharreko punturik garrantzitsuena balazta-sistema da, hori gabe erraz gerta baitaiteke istripu bat. Beste alderdi mekaniko garrantzitsu batzuk egoera txarrean edo gaizki jarritako osagaiak dira, erraz hautsi, tolestu edo aska daitezkeenak eta istripua eragin dezaketenak; akats mekanikoengatiko istripu arriskutsuenen artean daude: hagunen baten erradiotan, gurpila kable ahul batengatik, Desbideragailu bat edo beste elementu bat sartzea eta bat-batean geldiaraztea, edo jauzi baten erdian gurpila desmuntatzea. Beraz, bizikletaren mekanika eta mantentze-lanak[17] garrantzitsuak dira txirrindulariaren segurtasunerako.

Babes ekipoa

Bizikleta bidezko babesa bi multzotan bana daiteke: babes pertsonala eta segurtasun-osagarriak bizikletan.

Txirrindularitzako kaskoa segurtasun pasiboko elementua da, eta, ustez, garuneko lesio traumatikoen eragina eta intentsitatea murrizten laguntzen du. Zenbait kasu-kontrolek[18][19] traumatismoak % 39-85 murriztu direla erakutsi duten arren, beste zenbait azterketa estatistikok adierazi dute ez dagoela loturarik kaskoaren erabileraren eta traumatismoen eraginaren artean, eta, areago, batzuek iradoki dute kaskoa erabiltzeak probabilitate handiagoa ematen duela beste ibilgailu batzuek txirrindularia jotzeko[20].​ 2006an, Bath-eko Unibertsitateak 2500 gidarirekin egindako ikerketaren arabera, auto- gidariek txirrindulariak aurreratzen dituztenean, leku gutxiago uzten dute —batez beste, 8,5 cm gutxiago— beren ibilgailuaren eta kaskoa daraman txirrindulariaren artean. Hau da, txirrindulariaren itxurak eragina du espazioan, kaskoa daraman txirrindularia eskarmentu handiagokoa dela pentsatzen baita, eta, beraz, errepidean izango duen portaera aurresangarriagoa da[20].

Ez dago adostasunik kaskoa nahitaez erabili beharko litzatekeen ala ez. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izatearen aurkakotasun nagusia da neurri horrek bizikletaren erabilera moteldu dezakeelako ideiatik edo segurtasun sentsazio faltsu batek ziklistak arreta gutxiagorekin gidatzera bultza ditzakeelako ideiatik[21].​ Txirrindulariek babes-kaskoa erabiltzeko betebeharra aldatu egiten da herrialde batetik bestera. Bizikletan ibiltzean kaskoa erabiltzea derrigortzen zuen lehen legea 1990ean onartu zen Victoria estatuan (Australia), kaskoaren erabilera sustatzen 10 urte eman ondoren. Hainbat egoeratan kaskoa erabiltzera behartzen duten herrialde batzuk dira Australia, Kanada, Txile, Kolonbia, AEB, Zeelanda Berria, Espainia, Finlandia, Islandia eta Txekiar Errepublika. Kasu batzuetan, betebehar horiek adin jakin bateko adingabeei edo hirigunetik kanpoko bideetan zirkulatzeari bakarrik zuzenduta daude[22].​ Espainiako Estatuari dagokionez, legeriak kaskoa homologatua edo egiaztatua erabiltzera behartzen du hiriarteko bideetan bizikletarekin ibiltzean, dela gidari edo laguntzaile gisa, aldapa handiko aldapa luzeetan izan ezik edo arrazoi mediko egiaztagarriengatik edo bero handiagatik izan ezik[23].

Norberaren babeserako beste ekipo batzuk jarduera bereziren mende daude, ohikoenak BTT, BMX edo Biketrialeko txirrindulariarentzako belaunetakoak eta ukondoak izanik. Gidatzeko erosotasuna hobetzeko eta erortzekotan eskuetako urradurak saihesteko, eskularruak erabiltzea ere gomendatzen da.

Bizikletarako segurtasun-osagarriei dagokienez, txirrindularitza-motaren araberakoak dira. Hala, ibilbide-bizikleta batek «iltze-kentzeko» bat beharko luke; hirirako bizikleta batek, argia, txirrina eta ispilua. Hiri-erabilerarako, oso erabilgarria da lohi-babesa euria egin ondoren ibilbidea hastean txirrindulariaren garbitasuna mantentzeko.

Remove ads

Bizikletak kulturan

Herrialde askotan, bizikleten kultura biztanlerian ezarrita dago, eta egunkari espezializatuak daude. Garrantzitsuenetakoak hauexek dira: L´Équipe (Frantzia), La Gazzetta dello sport (Italia) edota META2MIL (gaur egun, desagertua).

Bizikletak filme askotan garrantzi handia izan dute. Adibidez honako hauetan: Ladri di biciclette (Bizikleten lapurra) eta Il Postino (Postaria) (italiarrak), Le Vélo de Ghislain Lambert (Ghislain Lambert-en bizikleta) (Frantzia), Muerte de un ciclista (Txirrindulari baten hilketa) (Espainia), E.T. the extra-terrestrial ( E.T. Estralurtarra) (Estatu Batuak), Wadjda (Bizikleta orlegia) (Saudi Arabia).

Remove ads

Bizikleta ekoizleak Euskal Herrian

Euskal Herrian hainbat bizikleta ekoizle daude, edo izan dira. Eibar eta ingurua izan da, gehienbat, ekoizle horien kokaleku. Horien artean, aipa ditzakegu Orbea Kooperatiba, Eibarren sortua, baina, gaur egun, Mallabian (Bizkaia) lekutua. Garate, Anitua y Cia (GAC) armak, bizikletak eta motozikletak ekoizten zituena, Eibarren sortua, baina bere azken urteak Abadiñon (Bizkaia) eman zituenak. Beistegui Hermanos (BH bizikletak) Eibarren sortua arma ekoizle gisa, baina bizikletak egitera igaro zena. Gaur egun, Gasteizen dago, baina atzerrian ere hainbat fabrika ditu. RAZESA, Altsasun sortua eta, batez ere, errepideko karreretarako bizikletak egitera zuzendua, gaur egun, desagertuta.

Erreferentziak

Bibliografia

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads