From Wikipedia, the free encyclopedia
Ab'ul Hasan Yamīn ud-Dīn Khusrau edota Amir Khusrow izenez ezagunagoa (1253–1325 inguru, Delhiko Sultanerria, urduz: ابوالحسن یمینالدین خسرو) India-persiar[1] musikari, olerkari eta jakintsu sufia izan zen. Garaiko Indiako ikur kultura nagusienetako bat bilakatu zen. Gaur egun indiar musika-tresna herrikoiak diren taula eta sitarraren asmatzailea izan zen. Nagusiki persieraz idatzi zuen.
Amir Khusrow | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Patiyali (en) , 1253 |
Heriotza | Delhi, 1325eko irailaren 27a (71/72 urte) |
Hobiratze lekua | Tomb of Amir Khusro (en) |
Familia | |
Aita | Amir Saif ud-Din Mahmud |
Ama | Bibi Daulatnaz |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | arabiera turkiera hindia persiera urdua |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, filosofoa, idazlea eta musikaria |
Genero artistikoa | ghazal (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | islama |
Pertsona ikonikoa da Indiako azpikontinentearen kultur historian. Delhiko (India) Nizamuddin Auliyaren ikasle mistiko eta espirituala izan zen. Poesia persieraz idatzi zuen nagusiki, baina baita hindieraz ere. Maiz, bertso-hiztegi bat esleitzen zaio, Ḳhāliq Bārī, zeinak arabiar, persiar eta hindierazko terminoak dituen. Batzuetan, Khusrau «Indiako ahotsa» edo «Indiako loroa» (Tuti-e-Hind) izenez ezagutzen da.
Khusrau «qawwali»ren aitatzat hartzen da (indiar azpikontinenteko sufien abesteko deboziozko modu bat), eta «ghazal» estiloko abestiak sartu zituen Indian, oraindik ere Indian eta Pakistanen[2][3] oso zabalduta daudenak. Khusrau, Erdi Aroko Persian garatu ziren persiar poesia estilo askotan, aditua izan zen, «Khāqānīren kasida»etatik hasi eta «Nizamiren khamsa»ra arte. 11 eskema metriko erabili zituen, 35 zatiketa desberdinekin. Era askotako bertso modutan idatzi zuen, hala nola ghazal, masnavi, qata, rubai, dobaiti eta tarkib-band. Ghazalen aurrerapenean, nabarmena izan zen bere ekarpena[4].
Amīr Khusrau 1253an jaio zen Patiyalin, Kasganj barrutian, gaur egungo Uttar Pradesh, Indian, garai hartan Delhiko sultanerria zena; Amìr Saif ud-Dīn Mahmūd-en, turkiar jatorrikoaren, eta Bibi Daulat Nauaz bertako indiarraren[4] semea. Amir Saif ud-Din Mahmud musulman sunia zen. Keshen hazi zen, Samarkandatik gertu dagoen herri txiki batean, gaur egun Uzbekistan dena. Gazte zelarik, Genghis Khanek Erdialdeko Asia inbaditu eta suntsitu zuen eskualdea, eta populazioaren zati handi batek beste lurralde batzuetara ihes egin zuen, India izanik helmuga gustukoena. Familia talde bat, Amir Saif ud-Din-ena barne, Kesh utzi, eta Balkh-era joan zen (orain Afganistan iparraldean), leku seguru samarra zena; handik, Delhi urruneko Sultanari ordezkariak bidali zituzten babes eske; onartu, eta taldeak Delhira bidaiatu zuen. Shams ud-Din Iltutmish sultana, Delhiko agintaria, turkiarra zen haiek bezala; izan ere, Erdialdeko Asian bertan hazia zen, eta antzeko egoerak bizi izan zituen aurreko bizitzan. Hori izan zen taldeak, lehenik, berarengana jotzeko arrazoia. Iltutmishek errefuxiatuei bere gortera ongietorria emateaz gain, goi karguak eta lurrak ere eman zizkien. 1230ean, Amir Saif ud-Din-i feudo bat eman zioten Patiyali barrutian[erreferentzia behar].
Amir Saif ud-Din Bibi Daulat Nazekin ezkondu zen, Rawat Arz indiar noble eta Ghiyas ud-Din Balban gerra ministroaren alabarekin, Delhiko bederatzigarren sultana[4][5][6].
Amir Saif ud-Dinek eta Bibi Daulatnazek lau seme-alaba izan zituzten: hiru seme (horietako bat Khusrau) eta alaba bat. Amir Saif ud-Din Mahmud 1260an hil zen, Khusrauk zortzi urte besterik ez zituela[7]. Aitaren eraginez, islametik eta sufismotik edan zuen, baita turkiar, persiar eta arabiar hizkuntzetan sakondu ere[7]. «Tuti-i Hind» (Indiako loroa) ezizenez zen ezaguna, eta, Islamaren Entziklopediaren arabera, «hizketa gozoko loroarekin alderatzen du poeta elokuentea; horrek persierazko poeta gisa duen estatus kanonikoa adierazten du»[8]. Khusrauk bere aberriarekiko duen maitasuna eta miresmena garden ikusten da bere lanaren bidez[9].
Khusrau mutiko argia zen. Bederatzi urterekin hasi zen poesia ikasten eta idazten[9]. Bere lehen «diban»ak, Tuhfat us-Sighr (Haurtzaroaren dohaina), 16 eta 18 urte bitartean konposatutako poemak biltzen ditu, eta 1271n konpilatu zen. 1273an, Khusrauk 20 urte zituela, aitona hil zen, ustez 113 urte zituela.
Aitona hil ondoren, Khusrau Ghiyas ud-Din Balban sultanaren iloba zen Malik Chajuren armadara batu zen. Horrek eraman zuen bere poesia Gorteko Batzarraren arreta piztera, non ohoratua izan zen.
Nasir ud-Din Bughra Khan, Balbanen bigarren semea, Khusrau entzutera gonbidatu zuten. Txundituta geratu zen, eta Khusrauren babesle bihurtu zen 1276an. 1277an, Bughra Khan Bengalako gobernari izendatu zuten, eta, 1279an, Khusrauk bisita egin zion, bere bigarren dibana idaten ari zela, Wast ul-Hayat (Biziaren Erdia). Khusrau Delhira itzuli zen. Balbanen seme zaharrena, Khan Muhammad (Multanen zegoena), Delhira iritsi zen, eta, Khusrauren berri izan zuenean, bere gortera gonbidatu zuen. Gero, 1281ean, Khusrauk Multanera lagundu zion. Une hartan, Multan Indiako sarbidea zen, baita ezagutza eta ikaskuntzarako zentroa ere. Jakintsu, merkatari eta mezularien karabanak Bagdadetik, Arabiatik eta Persiatik zetozela Multanetik pasatzen ziren Delhirako bidean. Khusrauk idatzi zuen:
« | Zerbitzuaren gerrikoa lotu, eta beste bost urtez jantzi nuen konpainiako txanoa. Nire asmamen eta txantxen ozeanotik, ospea eman nion Multaneko urari. | » |
1285eko martxoaren 9an, Khan Muhammad guduan hil zuten, Sultanerria inbaditzen ari ziren mongoliarren aurka borrokan ari zela. Khusrauk bi elegia idatzi zituen bere heriotzaren dolu gisa. 1287an, Khusrau Awadhera joan zen bere beste babesle batekin, Amir Ali Hatimekin. Laurogei urte zituela, Balbanek, Bughra Khan bigarren semeari, Bengalatik itzultzeko esan zion, baina Bughra Khanek uko egin zion. 1287an, Balban hil ondoren, bere biloba Muiz ud-Din Qaiqabad, Bughra Khanen semea, Delhiko sultan bihurtu zen 17 urterekin. Khusrau bi urtez egon zen Qaiqabaden zerbitzuan, 1287tik 1288ra. 1288an, Khusrauk bere lehen «masnavi»a amaitu zuen, Qiran us-Sa'dain (Bi Izar Babesleen Elkartzea), Bughra Khan eta bere seme Muiz ud-Din Qaiqabad etsaitasun luze baten ondoren elkartzeari buruzkoa. 1290ean, Qaiqabadek garuneko isuri bat izan ondoren, nobleek Shams ud-Din Kayumars, hiru urteko semea, sultan izendatu zuten. Gero, Jalal ud-Din Firuz Khalji izeneko turko-afganiar batek Delhin aurka jo zuen; Qaiqabad hil, eta sultan bihurtu zen, Delhiko sultanerriaren Mamelukoen dinastiari amaiera emanez eta Khalji dinastiari hasiera emanez.
Jalal ud-Din Firuz Khalji-k poesia estimatzen zuen, eta poeta asko gonbidatu zituen bere gortera. Khusrau ohoratua eta errespetatua izan zen bere gortean, eta «Amir» titulua jaso zuen. "Mushaf-dar" lana eman zioten. Gorteko bizimodua zela eta, Khusrauk arreta gehiago jarri zuen bere literatur lanetan. Khusrauren ghazalak, segida azkarrean konposatzen zituenak, musikara ekarriak ziren, eta, gauero, sultanaren aurrean kantatzen zituzten neskek. Khusrauk Jalal ud-Din Firuz-i buruz idazten du:
« | Jalal ud-Din munduko erregeak, bertsoak konposatzen egin nuen ahalegin amaigabearen ordainetan, aberastasunaren altxor imajinaezina eman zidan. | » |
1290ean, Khusrauk bere bigarren masnavia osatu zuen, Miftah ul-Futuh (Garaipenen gakoa), Jalal ud-Din Firuzen garaipenak goraipatuz. 1294an, Khusrauk hirugarren dibana osatu zuen, Ghurrat ul-Kamaal (Perfekzioaren osotasuna), 34 eta 41 urte bitartean konposatutako poemak[4].
Jalal ud-Din Firuzen ondoren, 1296an, Ala ud-Din Khalji igo zen Delhiko tronura. Khusrauk Khaza'in ul-Futuh (Garaipenaren altxorrak) idatzi zuen, non Ala ud-Dinen eraikin lanak, gerrak eta administrazio zerbitzuak erregistratzen diren. Gero, khamsa (boskote) bat konposatu zuen, bost masnavirekin, Khamsa-e-Khusrau (Khusrauren khamsa) izenez ezaguna, eta 1298an osatu zuen. Khamsak Nizami Ganjavi persiar epiken aurreko poetaren antza zuen. Khamsako lehen masnavia, Matla ul-Anwar (Argiak igotzeko lekua) izan zen. 3310 bertso ditu (15 egunetan osatuak), gai etiko eta sufiekin. Bigarren masnaviak, Khusrau-Shirinek, 4.000 bertso zituen. Hirugarren masnavia, Laila-Majnun, erromantze bat zen. Laugarren masnavi potoloa, Ayina-i Iskandari zen, eta Alexandro Handiaren lan heroikoak kontatzen zituen 4500 bertsoetan. Bosgarren masnavia, Hasht-Bihisht zen, eta Bahram V.a Sasandar Inperioko hamabosgarren erregeari buruzko kondairetan oinarritzen zen. Lan horiek guztiek Khusrau «luminaria» aitzindari bihurtu zuten poesiaren munduan. Ala ud-Din Khalji oso pozik zegoen bere lanarekin, eta oso ondo saritu zuen. Ala ud-Dinen seme eta etorkizuneko ondorengo izango zena, Qutb ud-Din Mubarak Shah Khalji, jaio zenean, Khusrauk Mubarak Shah Khaljiren horoskopoa prestatu zuen, non zenbait iragarpen egiten ziren. Horoskopo hori Saqiana masnavian sartuta dago[11].
1300ean, Khusrauk 47 urte zituela, ama eta anaia hil ziren. Lerro hauek idatzi zituen haien omenez:
Distira bikoitz batek utzi zuen nire izarra aurten
Nire anaia eta ama joan ziren,
Nire bi ilargi osoak itzali dira, eta distira egiteari utzi diote
Astebete labur batean nire zorte txar honengatik.
Khusrauk bere amari bere heriotzan egin zion omenaldia izan zen:
« | Zure oinetako hautsa aurkitzen den tokian, paradisuko erlikia bat da niretzat. | » |
1310ean, Khusrau, Nizamuddin Auliya[7] Chishti Ordenako sufi santuaren ikasle bihurtu zen. 1315ean, Duval Rani - Khizr Khan (Duval Rani eta Khizr Khan) masnavi erromantikoa osatu zuen Khusrauk, Vaghela Duval Rani printzesaren eta Khizr Khanen, Ala ud-Din Khaljiren semeetako baten, arteko ezkontzari buruzkoa[4].
1316an, Ala ud-Din Khalji hil ondoren, bere seme Qutb ud-Din Mubarak Shah Khalji Delhiko sultan bihurtu zen. Khusrauk Nuh Sipihr (Bederatzi zeru) izeneko masnavi bat idatzi zuen, Mubarak Shah Khaljiren erregealdiko gertaerak deskribatzen dituena. Bederatzi kapitulutan sailkatu zuen bere poesia, eta atal bakoitza «zeru» bat gisa jotzen da. Hirugarren atalean, Indiaren eta bere ingurumenaren, urtaroen, flora eta faunaren, kulturen, adituen eta abarren kontakizun bizia idatzi zuen. Mubarak Shah Khaljiren erregealdian beste liburu bat idatzi zuen, Ijaz-e-Khusravi (Khusrauren mirariak) izenarekin, bost liburukiz osatua. 1317an, Khusrauk Baqia-Naqia (Purutasun-hondarrak) bildu zuen. 1319an, Afzal ul-Fawaid (Bedeinkapen handiena) idatzi zuen, Nizamuddin Auliyaren irakaspenak biltzen zituen prosazko lana[4]
1320an, Khusro Khanek Mubarak Shah Khalji hil zuen; hala, Khalji dinastia amaitu, eta laburki Delhiko sultan bihurtu zen. Urte berean, Khusro Khan harrapatua izan zen, eta Ghiyath al-Din Tughlaqek lepoa moztu zion; sultan bihurtu, eta Tughlaq dinastia hasi zen. 1321ean, Khusrau Tughlaq Nama (tughlaqtarren liburua) izeneko masnavi historiko bat idazten hasi zen, Ghiyath al-Din Tughlaq-en erregealdiari eta beste tughlaqtar agintariei buruz[4][5].
Khusrau 1325eko urrian hil zen, Nizamuddin Auliya hil eta sei hilabetera. Khusrauren hilobia bere maisu espiritualaren ondoan dago, Delhiko Nizamuddin Dargah-en[4]. Nihayat ul-Kamaal (Perfekzioaren Zenita), ziurrenik, hil baino aste batzuk lehenago izan zen konpilatua.
Adituei iritsitako bere bidea egin duen herri-alegia batek honako bertso persiar ospetsu hau egozten dio Khusrauri:
Agar Firdaus bar ru-ye zamin ast,
Hamin ast o hamin ast o hamin ast.
Euskaraz: «Lurrean paradisu bat baldin badago, hau da, hau da, hau da»[12][13][14]. Dirudienez, bertso hau hainbat egitura mogoletan idatzi zen, ustez Kaxmirri erreferentzia eginez, zehazki, Srinagar-eko Shalimar Lorategiko eraikin partikular batean, Kaxmirren (Jahangir enperadore mogolaren erregealdian eraikia)[15][16].
Hala ere, azken ikerketek Khusraurena baino askoz beranduagoko garai batean datatu dute bertsoa, eta Kaxmirretik urrun samar dagoen leku batera[17]. Rana Safvi historialariak Kaxmirreko lorategiko balizko eraikin guztiak ikuskatu zituen, eta ez zuen aurkitu Khusrauren idazkunik. Haren arabera, bertsoa Sa'adullah Khanek, Jahangirren oinordekoaren, Shah Jahan-en, gorteko buruzagi noble eta jakintsuak, idatzi zuen[17]. Herri memorian ere, Jahangir izan zen esaldia lehen aldiz errepikatu zuena Kaxmirren laudorioan[14].
Khusrauri egozten zaio persiar, arabiar, turkiar eta indiar kantuen tradizioak fusionatzea XIII. mendearen amaieran, qawwali izeneko deboziozko kantu sufiaren forma bat sortzeko. Qawwali baten ezaugarri bereizgarriak dira[18]: ongi puntuatutako korua, gaia nabarmentzen duena eta deboziozko leloa, taans bizkorreko estilo apaingarria eta svara konbinazio zailak erabiltzen dituen abeslari nagusi batekin batera[19]. Khusrauren ikasleak, zeinak Qawwaliren kantuan espezializatu ziren, beranduago, Qawwals (musulmanen deboziozko abestiak bakarrik abesten zituzten) eta Kalawants (Qawwali estiloko abesti mundutarrak abesten zituzten) gisa sailkatu ziren. Bere poema batzuen musika jarioak musikarien gustukoen bihurtu ditu, baita gaur egun ere[4][19].
Tarana eta Trivatak ere Khusrauri egozten zaizkio. Jaidev Singh musikologo eta filosofoak esan du[20]: Tarana Khusrauren asmakizuna izan zen, erabat. Tarana kantu esan nahi duen persierazko hitza da. Tillana, berriz, hitz horren forma ustela da. Egia da Khusrauk Nirgit kantuen adibidea zuela aurrean, zeinak «śuṣk-akṣara»k (zentzurik gabeko hitzak) eta «pāṭ-akṣara»k (mridangaren silaba mnemoteknikoak) erabiltzen zituzten. Kantu horiek, gutxienez, Bharaten garaitik zeuden modan. Baina, oro har, Nirgitek kontsonante gogorrak erabiltzen zituzten. Khusrauk bi berrikuntza sartu zituen ahots musika molde horretan. Lehenik eta behin, kontsonante leuneko persierazko hitzak sartu zituen gehienbat. Bigarrenik, hitz horiek zentzuren bat izan zezaten moldatu zituen. Hindi hitz batzuk ere sartu zituen zentzua osatzeko... Khusrauren jeinua izan zen hitz horiek esanahiren bat emateko moduan moldatu ahal izan zituena. Haren ondorengo konpositoreek ezin izan zuten lortu, eta Nirgit zaharra bezain hutsal bihurtu zen tarana[21]. Dirudienez, Khusrauk asmatu zuen tarana estiloa Gopal Naiken erakusketa raag Kadambaken erreproduzitzeko saiakeran. Khusrau ezkutatu, eta Gopal Naik sei egunez entzun zuen, eta, zazpigarren egunean, Naiken interpretazioa errepikatu zuen zentzurik gabeko hitzak erabiliz (mridang bols), horrela tarana estiloa sortuz[22].
Khusrauri «sitar»en asmatzea egozten zaio. Garai horretan, Veenaren bertsio asko zeuden Indian. Hiru kordako Tritantri Veenak aldatu zituen Setar (persieraz, 3 korda) bat bihurtzeko, azkenean sitar izenez ezagutuko zena[5][23].
Amir Khusrau poeta klasiko emankorra izan zen, Delhiko Sultanerrian gobernatzen zuten zazpi agintari baino gehiagoren gorteekin lotua. Hegoaldeko Asian herri kulturaren parte bihurtu diren asmakizun, abesti eta kondaira asko idatzi zituen. Bere asmakizunak gaur egun «Hindavi» poesiaren forma ezagunenetako bat dira[24]. Hitz joko bikoitza barne hartzen duen generoa da[24]. Poetaren ezin konta ahala igarkizun igaro dira ahozko tradizioaren bidez azken zazpi mendeetan. Bere ekoizpen literarioaren bidez, Khusrauk benetako identitate multikultural edo pluralista duen lehen pertsonaia indiarretako bat irudikatzen du. Musikariek sei musika estiloren sorkuntza egozten diote Khusrauri: qaul, qalbana, naqsh, gul, tarana eta khyal, baina ez dago horretarako ebidentzia nahikorik[25][26].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.