1970eko hamarkadak 1970etik 1979. urtera bitarteko iraupena du, biak barne.
Kirolak
- 1970eko Munduko Futbol Txapelketan, Mexikon antolatua, Brasilek Italiari garaitu zion finalean. Hirugarrena Mendebaldeko Alemania izan zen.
- Urte hartako Frantziako Tourra irabazi zuen Eddy Merckx belgiarrak bigarren urtez jarraian, eta hurrengo bi urteetan eta 1974an ere errepikatu zuen balentria, hamarkadako onena izanda.
- Urte hartako Kontxako Bandera Oriok eskuratu zuen, hamarkadan zehar sari bera beste 4 aldiz lortuz.
- 1972ko Udako Olinpiar Jokoak Munichen (AEF) burutu zituzten. Sobietar Batasuna, Ameriketako Estatu Batuak eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa izan ziren domina gehien lortu zituzten herrialdeak, hurrenkera horretan. Mark Spitz eta Lasse Viren nabarmendu ziren atleten artean, eta eskubaloia lehenengo aldiz sartu zen egitarauan, gizonezkoentzat. Bestela, palestinar eta israeldarren arteko liskar larri batek ilundu zituen jokoak.
- Urte hartan Itxako Kirol Elkartea izeneko emakumezkoen eskubaloi taldea sortu zuten Lizarran (Nafarroa).
- 1973an Bilboko Athletic Klubak eskuratu zuen Futboleko Espainiako Errege Kopa, bere 23garrena eta azken aurrekoa.
- 1974ko Munduko Futbol Txapelketan, Alemaniako Errepublika Federalean antolatua, Alemaniak berak irabazio zien Herbehereei finalean. Hirugarrena Polonia izan zen.
- 1976ko Udako Olinpiar Jokoak Montrealen (Kanada) antolatu zituzten. Sobietar Batasuna, Alemaniako Errepublika Demokratikoa eta Ameriketako Estatu Batuak izan ziren domina gehien lortu zituzten herrialdeak, hurrenkera horretan. Nadia Comaneci, Klaus Dibiasi, Viktor Saneyev, Irena Szewińska, Alberto Juantorena eta Miklos Nemeth atletak azpimarratzekoak izan ziren. Azkenik, apartheida zela-eta, 24 afrikar ordezkaritza lehiaketetatik erretiratu ziren.
- 1977an Athletic UEFA Kopako finalera ailegatu zen, Juventusek irabazi zuena.
- 1978ko Munduko Futbol Txapelketan, Argentinan antolatua, Argentinak berak irabazi zien Herbehereei finalean. Hirugarrena Brasil izan zen.
Pertsona nabarmenak
- Haile Selassie Etiopiako enperadorea izan zen 1930etik 1974 arte. Italiaren aurkako Bigarren Gerran parte hartu zuen besteak beste. Rastafari mugimenduaren arabera Selassie agindutako Mesiasa zen. Estatu kolpe baten bidez boteretik kendu zuten, herrialdeko eskualde batean gosete handia pairatu ostean 1972tik bi urtez.
- Idi Amin Ugandako diktadore militarra izan zen 1971tik 1979ra. Ezaguna izan zen giza-eskubideen bortxaketak direla eta, batez ere errepresio politikoa, jazarpen etnikoa, hilketak eta asiarren kanporatzea dela eta.
- Teresa Kalkutakoa moja katolikoak Karitateko Misiolarien kongregazioa sortu eta bere bizitza dedikatu zuen Indiako hiri hartan jende behartsuari laguntzera. Bere lana dela-eta Bakearen Nobel Saria eman zioten 1979an.