From Wikipedia, the free encyclopedia
Mozambike[1] (República de Moçambique portugesez) Afrikako hego-ekialdeko estatu bat da, Indiar ozeanoaren kostaldean kokatutakoa. Munduko herrialderik txiroenen artean dugu rankinean, garapen indize oso baxu, desberdintasun maila handi eta bizi itxaropen baxuekin. Hala ere, 2001etik Mozambikeko urteko hazkunde ekonomiko tasak munduko altuenen artean ditugu.
Mozambikeko Errepublika | |||
---|---|---|---|
República de Moçambique | |||
Ereserkia: Pátria Amada (en) | |||
Goiburua: All we are one ("Denok bat gara") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Maputo | ||
Azalera | 801.590 km² | ||
Punturik altuena | Monte Binga (en) | ||
Punturik sakonena | Mozambikeko kanala (0 m) | ||
Kontinentea | Afrika | ||
Mugakideak | Tanzania, Malawi, Zambia, Zimbabwe, Eswatini, Hegoafrika eta Komoreak | ||
Administrazioa | |||
Mozambikeko presidentea | Filipe Nyusi | ||
Mozambikeko lehen ministroa | Adriano Maleiane (en) | ||
Legebiltzarra | Assembly of the Republic (en) | ||
Epai autoritatea | Supreme Court of Mozambique (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 29.668.834 | ||
Dentsitatea | Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea bizt/km² | ||
Talde etnikoak | |||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 5,359 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 2.405.631 (2015) | ||
Bizi-itxaropena | 58,311 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 54 (2014) | ||
Giza garapen indizea | 0,446 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 12.333.859.926,277 $ (2017) | ||
BPG per capita | 426 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 37.093.250.483 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 1.250,243 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 3,4 % (2016) | ||
Erreserbak | 3.361.066.044 $ (2017) | ||
Inflazioa | 24,6 % (2016) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1975eko ekainaren 25a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +258 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | MZ | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | MOZ | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 50 Hz.europar loki, Schuko eta BS 546 (en) | ||
Internet domeinua | .mz | ||
portaldogoverno.gov.mz |
25 milioi biztanle inguru ditu 2014ko estimazioaren arabera. Hiri nagusiak Maputo hiriburua (Lourenço Marques independentzia baino lehen; 1.178.116 biztanle 2007an), Matola (671.556), Beira (431.583), Nampula (388.526) eta Chimoio (256.992) dira, 250.000 biztanleko marra gainditzen dituztenak.
Commonwealth, Afrikar Batasuna eta Lusofonia erakundeen kideak dira, besteak beste.
Mugakideak ondokoak dira: Indiako ozeanoa ekialdean, Tanzania iparraldean, Malawi eta Zambia ipar-mendebaldean, Zimbabwe mendebaldean eta Swazilandia eta Hegoafrika hego-mendebaldean.
Zambezi ibaiak Mozambike ipar-mendebaldetik hego-ekialdera igarotzen du, eta bi alde nagusi bereizten ditu lurraldean: iparraldeko lur garaiak eta hegoaldeko lur behereak. Zambezitik iparralderako lurraldean, itsasbazterra meharra da, erdialdea eta iparraldea goi-lautada bat da, gehienez ere 600 m garai eta ibar sakonek hautsia dena, eta mendebaldea menditsua da (2.000 m inguruko mendiak).
Zambezitik hegoalderako lurraldean, berriz, itsasbazterra oso zabala da, zelaia edo muinoduna eta hareatsua, eta lurraldearen ia zabalera osoa hartzen du hegoaldeko muturrean; mendebaldeko muga inguruan, ordea, Gorongosako mendietan, Mozambikeko mendirik garaienak daude (Binga mendia, 2.436 m). Zambezi ibaiaz gainera, Mozambikeko beste ibai nagusiak, iparraldetik hegoaldera, Rovuma, Lurio, Ligonha, Save eta Limpopo dira.
Mozambikeko klima tropikala da, hego-ekialdeko haize hezearen eragina duena, eta urria-martxoa bitartean euri-sasoia eta apirila-urria bitartean sasoi lehorra dituena. Tenperaturari dagokionez, lur behereetan 26-30 °C izaten urtarrilean eta 15-20 °C uztailean; lur garaietan, berriz, 22-25 °C urtarrilean eta 11-15 °C uztailean. Askoz euri gehiago egiten du iparraldean hegoaldean baino. Landarediari dagokionez, lur garaietan, ipar-mendebaldean batez ere, baso tropikala da nagusi; lur behereetan, berriz, sabana eta estepa tartekatzen dira; itsasaldean kokondoak eta mangladiak daude, Zambezi ibaiaren deltan batez ere.
Mozambike hamar probintziatan eta probintzia-maila duen hiriburu (cidade) batean banatzen da. Probintziak 129 barrutitan banatzen dira eta haiek, era berean, Postos Administrativos direlakotan eta herritan (Localidades). 1998tik aurrera, gainera, 33 udalerri (Municipios) sortu dira bertan.
K. o. I. eta IV. mendeen artean, bantu hizkuntzaz mintzatzen ziren herriek mendebaldetik eta iparraldetik, Zambezi ibaiaren haranean zehar, lautadara eta kostaldera migratu zuten. Herri horiek nekazaritza eta burdingintza ezagutzen zituzten.
Portugalgo esploratzaileak 1498an Mozambikera lehen aldiz iritsi orduko, mendeetakoa zen arabiarrek gobernatutako salerosketa, batik bat esklabotzarena, kostaldean eta ondoko uharteetan. 1500 ingurutik aurrera, portugaldar merkataritza-guneak eta gotorlekuak ohikoak bilakatu ziren ekialderako bide berriak bultzaturik. Geroago, merkatariak eta esploratzaileak barnealdera sartu ziren urre eta esklabo bila. Portugalen botereak gora egin arren, bertan ez zen asko nabari, kolonoek autonomia handia baitzuten. Ondorioz, Lisboarako ez zen oso gune interesgarria inbertsioak egiteko, Indiako eta Ekialde Urruneko zein Brasilgo salerosketek etekin askoz handiagoak baitzekartzaten.
XX. mendearen hasieran, Portugalek Mozambikeko administrazioa konpainia pribatu handienen eskuetan utzi zuen; adibidez, "Mozambique Company", "Zambezi Company" edo "Niassa Company", denak Ingalaterrak sustatuak eta kontrolatuak hein handi batean. Konpainiek burdinbideak luzatu zituzten aldameneko herrialdeetara, eta Erresuma Batuko kolonietako zein Hegoafrikako meatzetarako langile merkeak (eta askotan bortxatuak) ere hornitzen zituzten. Oro har, metropoliko politikak Portugalgo etorkinen alde egiten zuenez, jatorrizko herritarren integrazioaren, azpiegitura ekonomikoaren edo populazioaren heziketaren gainean arreta txikia ezarri zen.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako estatu gehienek, nola edo hala, koloniei independentzia edo autonomia eman zieten; Portugalek, berriz, tinko adierazten zuen Mozambike eta itsasoaz haragoko gainerako lurraldeak aberriaren probintzia arruntak baino ez zirela.
Mozambiken, independentziaren aldeko nahia areagotuta, 1962an, kolonialismoaren aurkako zenbait mugimendu batu ziren eta Mozambike Askatzeko Frontea (FRELIMO) osatu zuten. Hark, 1964ko irailaren 25ean,[2] Portugalgo gobernu kolonialaren kontrako kanpaina abian jarri zuen. Nolanahi ere, Portugalek 400 urtez baino gehiagoz menderatu zuen herrialdea, eta herritar guztiek ez zuten independentzia nahi, eta are gutxiagok aldaketa iraultza armatuaren bidez gertatzea. FRELIMOk, hasieran, "askatutako" zonak ezarri zituen iparraldean, eta mugimenduaren indarra hazi zen hurrengo urteetan. 1969rako, Mozambikeko heren bat, batez ere iparraldean eta erdialdean, bere menpean zeukan FRELIMOk.
Portugalen bertan diktadura sozialismoaren ildoko estatu-kolpe batek bertan behera utzi ondoren, gobernu berriak koloniei independentzia eman zien. Mozambike independente 1975eko ekainaren 25ean bihurtu zen ofizialki. Horren ostean, FRELIMOk alderdi bakarreko gobernua ezarri zuen, Sobietar Batasunaren aldekoa. Gainera, eskola erlijiosoak eta tribuko nagusien boterea desagerrarazi zituen.
Mozambikeko gobernu berriak, halaber, Hegoafrikako (ANC) eta Zimbabweko (ZANU) askapen-mugimenduei babesa eman zien. Aldi berean, Rhodesiako zein Hegoafrikako (garai horretan oraindik ere apartheid legedia indarrean zegoela) gobernuek Mozambikeko boterearen aurkako mugimendu matxino armatua sustatu zuten, Mozambikeko Erresistentzia Nazional (RENAMO) izenekoa. Horrenbestez, Mozambikeko independentziaren lehendabiziko hamarkada gerra zibilak, aldameneko zuriek gobernatutako herrialdeen sabotajeak eta krisialdi ekonomikoak markatu zuten. Mozambikeko gobernuak, azpiegitura ahulari aurre egin nahian, industria pribatuak nazionalizatu zituen. Urte horietan, jatorri portugaldarreko mozambiketarrek alde egin zuten era masiboan.
Nolanahi ere, gerra zibilean zehar, gobernuak ezin izan zuen hirietatik kanpoko lurraldeetan benetako administrazio eraginkorra garatu. Jotzen da borrokan milioi bat mozambiketar hil zirela, 1,7 milioi aldameneko estatuetan errefuxiatu ziren, eta beste hainbat milioi barnean mugiarazi zituzten.
1986ko urriaren 19an, Samora Machel herrialdeko presidentea hegazkinistripuan hil zen. Hegazkina bidetik ateratzeko, Hegoafrikak eskua sartu zuela salatu zuen Sobietar Batasunak. Edonola ere, Joaquim Chissano ondorengoak RENAMOrekiko bake-negoziazioak hasi zituen. 1990ean, konstituzio berria indarrean jarri zen eta horrek alderdi anitzeko sistema, merkatuan oinarritutako ekonomia eta hauteskunde askeak ekarri zituen. Gerra zibila 1992ko urrian amaitu zen.
2004ko lehendakaritza eta legebiltzarrerako hauteskundeetan, FRELIMO alderdiko Armando Guebuza hautagaiak zen irabazi zuen. 2005ean hartu zuen kargua, baina oposizioak iruzur-salaketa egin zuen eta nazioarteko behatzaileek sostengua eman zioten, gardentasun faltagatik.
2014ko abuztuaren 25ean, urriko hauteskundeetara bitartean su-etenera deitu zuten Mozambikeko Gobernuak eta Renamo Mozambikeko Erresistentzia Nazionalak. Bi aldeek aurreko astean hitzartu zuten bake akordioa; berez, 1992tik indarrean zegoen su-etena, baina 2013ko urrian armadaren eraso batek hautsi zuen. Besteak beste, Renamoko militanteek politikan jarduteko bideak ere zehazten zituen itunak[3]. Irailaren 5ean, bi urteko gatazkaren ondoren, Armando Guebuza Mozambikeko presidenteak eta Afonso Dhlakama oposizioko buruak bakea sinatu zuten. Frelimo alderdikoa zen Guebuza, eta Renamokoa, berriz, Dhlakama. Bi alderdiak hamabost urteko gerra zibil batean borrokatu ziren elkarren aurka —milioi inguru lagun hil ziren—. 1992an bukatu zen gerra, baina 2012an borrokak berriz piztu, eta Dhlakamak Gorongosako Parke Naturalera jo zuen ihesi[4]. 1975ean independentzia lortu zuenetik, Mozambiken beti Frelimo fronteak agindu zuen. Urriaren 14an presidente berria aukeratzeko bozak egin ziren, eta, lehen aldiz, beste bi indar ageri ziren Frelimori itzal egiteko moduan. Renamok irailean gobernuarekin bake akordio bat sinatu izanari etekina atera nahi zion; baina MDM mugimendu berria alderdi bitasuna hausteko moduan zegoen[5].
2017. urteko urritik, iparraldeko Cabo Delgado probintzian, Estatu Islamikoa deritzon mugimenduarekin lotura duen mugimendu islamista armatu bat erasoak egiten ari da, ISIS-Mozambique izenarekin ezagutzen dena. Gas naturalen erreserbak dituen eskualdea eta Gobernuak gogor ekin du islamisten aurka, baina ez du gatazka kontrolatu. 2021 bitartean 3.100 hildako eragin ditu gatazka honek Armed Conflict Location & Event Data Project (ACLED) erakundearen arabera[6]. Era berean, barne errefuxiatuen jendetza mugimendu handia eragin du gatazkak, 500.000 lagunek utzi izan behar dituzte beren etxe eta herriak[7].
Makuak % 47,8; tsongak % 23,3; malawiarrak % 12; xonak % 11,3; yaoak % 3,8; swahiliak % 0,8; makondeak % 0,6; portugesak % 0,2; besteak % 0,7. Erlijioa: animistak % 47,8; katolikoak % 23,8; musulmanak % 17,8; besteak % 0,3.
Zambeze ibaitik iparraldera bizi diren etnien artean, makuak eta yaoak ditugu eta bertatik hegoaldera bizi direnen artean, tsongak eta shonak. Portugaldar gehienek (250.000 inguru) alde egin zuten Mozambikek 1975ean burujabetasuna erdietsi zuenean. Hegoaldeko eta erdialdeko itsasaldean bizi da jende gehiena.
Mozambikeko osasun-egoera txarra da. Gaur egun, HIESa da arazo gehien sortzen ari den gaixotasuna, biztanleen % 12 baitaude kutsatuta, estimazioen arabera; baina malaria, hepatitisa eta elikadura-urritasuna ere kezkatzekoak dira. Jaiotza- eta heriotza-tasak oso handiak dira. Umeen artean, 100 hiltzen ziren 1.000 jaiotakoetatik 2005ean. Amen artean, 550 hiltzen ziren 100.000 jaiotzetatik 2010ean. 2009an 5.5 ume batez beste zeukan ama bakoitzak.
2014an 52.6 urtekoa zen bizi-itxaropena.
Mozambike Afrikako herrialde pobreenetako bat da, eta biztanleriaren parte handi bat pobretasun-mailatik behera bizi da. 1990eko hamarraldiaren hasieran, Mozambikeko ekonomia independentziaren aldeko borroketatik osatzen ari zen oraindik. Osatze-lan hori zaila izan zen oso, zenbait lehorte izan zirelako batetik, eta bestetik, gerra zibilak konpondu gabe jarraitzen zuelako. Lur sailak eta industriak, ordu arte atzerritarren esku, nazionalizatu egin ziren. Gerraren ondoren, ekonomia hazten hasi zen, gerrako errefuxiatuak itzuli eta erreforma ekonomikoek izandako arrakastari esker; 2000. urtean uholde handiak zirela-eta, mantsotu egin zen hazkundea, baina gorako bidean ari da, oro har. Hala eta guztiz ere, ekonomiak aurrera egiteko eragozpen handiak dira lehorteak eta uholdeak, tirabira politiko eta sozialak, segurtasunik eza eta ustelkeria. Zor publikoari dagokionez, Mozambike zor handienetakoa duen herrialdeetako bat da Afrikan.
Mozambikeko ekonomia-jarduera nagusia nekazaritza da. Mozambikeko lan-indarraren % 75 nekazaritzan aritzen da, baina herrialdearen % 12 besterik ezin da landu. Lursail handietan kotoia, tea, azukre-kanabera, kokoa, kakahuetea, mandioka eta akaiu intxaurrak lantzen dira esportatzeko. Bertarako lantzen dira, berriz, artoa, arroza, artatxikia eta basartoa. Nekazaritza lehorteen eta uholdeen mende dago, eta ez ditu biztanleen oinarrizko beharrak asetzen; hori dela eta, behar-beharrezkoa du Mozambikek atzerriko laguntza.
Mozambikeko biztanle gehienak bantu familiako hizkuntzaz mintzatzen dira, baina portugesa da mintzaira ofiziala. Swahili, makua, sena, ndauera eta shangaan ofizialak ez diren hizkuntza nagusiak dira. Itsasaldean swahilia erabiltzen da eta hizkuntza ofiziala, portugesa, hirietan hitz egiten da batez ere.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.