Ramon Saizarbitoriaren eleberria From Wikipedia, the free encyclopedia
Ehun metro Ramon Saizarbitoriak idatzitako bigarren eleberria da, lehen aldiz 1976an argitaratu zena. ETAkide batek poliziengandik ihesi Donostiako Konstituzio plazan eraila izan aurretik korrika egiten dituen azken metroak kontatzen ditu, haren haurtzaroko bizipenak, klandestinitateko egunak, iraganeko amodiozko harreman bat, egunkarietako titularrekin, beste gazte bati egindako itaunketa polizialekin eta kaleko jendearen iruzkinekin tartekatuz. Heriotza gertatu den tokitik gertu poliziak atxilotu eta itaundutako beste gaztea ETAkidearekin halabeharrez loturik suertatu da. Hego Euskal Herrian frankismoaren garaian bizi zen giro zapaltzailea ere islatzen du eleberriak, bereziki euskararen aurkakoa. Narrazioa estilo berezi batez garatzen da, garai hartako euskal literatura berritu zuten moldeak baliatuz; hain zuzen flash-backa, collagea, elipsia eta bestelako baliabideak erruz erabiltzen dira kontakizunean, irakurleari elementu horiek guztiak lotzen uzteko.
Ehun metro | |
---|---|
Ehun metro eleberriak etakide batek Donostiako Konstituzio plazan korrika egiten duen ihesaldiaren azken 100 metroak, poliziak hil arte, kontatzen ditu. | |
Datuak | |
Idazlea | Ramon Saizarbitoria |
Argitaratze-data | 1976, lehen argitalpena |
Generoa | Eleberria |
Argitaletxea | Erein |
Herrialdea | Euskal Herria |
Bilduma | Narratiba |
Ehun metro eleberriak 14 argitalpen izan ditu 2011 urtera arte eta lau hizkuntzatara itzuli da halaber. 1985an zinemara eraman zuen Alfonso Ungria zuzendariak Ehun metro izenburuarekin.
Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944 - ) ingeniaria prestakuntzaz eta soziologoa lanbidez, 1960ko hamarkadan euskal literaturan berrikuntza bideak zabaldu zituen idazleetako bat da. Literatura euskal kultura berritu eta zabaltzeko ekimen gisa hartu zuen hasiera batean[1]. Lur argitaletxea sortu zuen 1969 urtean eta Oh! Euzkadi literaturaren aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. Euskadiko Ezkerra alderdiko zinegotzia izan zen 1980ko hamarkadan Donostiako Udalean. 1969 urtean plazaratu zuen bere lehen eleberria: Egunero hasten delako. Ehun metro bere bigarren eleberria da, 1974 urtean idatzi baina frankismoaren zentsura dela eta 1976 urtean argitaratu zena. Geroztik beste zenbait eleberri jaso ditu. Hainbat artikulu ere idatzi ditu. Bere burua Nouveau roman literatura mugimenduaren jarraitzaile gisa definitzen du bere burua. Bestela, euskaltzain urgazlea da eta gizarte laguntza gaietarako SiiS dokumentazio eta ikerketa zentroaren zuzendaria da egun.
Ehun metro eleberria 1973 urterako amaitua zuen Saizarbitoriak, baina zentsura frankista dela eta atzeratu behar izan zuen lehen argitarapena. Ipar Euskal Herrian argitaratzeko ahalegina egin zuen egileak, sariketa batera aurkeztuz, baina ez zuen lehen saria irabazi eta 1976 urtera arte itxaron behar izan zuen eleberria plazaratzeko. Orduan, ordea, lehen argitarapena bahitu egin zuen espaniar poliziak epailearen aginduz eta egilea epaitu ere egin zuten[2]. Azkenean, ordea, eleberria kaleratzea lortu eta geroztik hainbat argitarapen izan ditu, bereziki euskal ikasle gazteek ikastola eta institutuetan irakurtzeko jarritako liburua izan delako.
Eleberria sei kapituluz osaturik dago. Kapituluen hasieran eta labur-labur, protagonista haurra zelarik (haurra protagonista bera dela zuzenean esaten ez bada ere), eskolako pasadizo bat kontatzen da, non protagonista, abizen euskalduna izateagatik mespretxatua izan ondoren, diktaketa nazionalkatoliko bati inkontzientziaz men ez egiteagatik zigortua den.
Eleberriaren hari nagusia José izeneko ETAkide baten ihesaldi laburra da[3], ehun metrokoa hain zuzen (eleberriari izenburua emanez), Donostiako Konstituzio plazan, poliziaren tiroz hilik geratzen den arte. Sei kapituluetan zehar, xehetasun osoz kontatzen da ihesaldia plazan zehar, polizien jazarpena eta iheslariaren sentsazio fisikoak eta pentsamenduak. Instintiboki eta hortik ihesbiderik izango ez duela jakin arren, plazan dagoen Zamudio izeneko taberna baterantz abiatzen da, baina bertara iritsi aurretik erailtzen dute, tabernako atarian dagoen gazte ikaratu baten aurrean. Etakidea armaturik dago eta bere pistola erabili ere egiten du polizien aurka, poliziak bera bizirik harrapatzea nahiago dutela jakinda eta erabaki horrek bere heriotza ekarriko duela jakin arren. Ihesaldian zehar giltza bat erortzen zaio lurrera, polizia batek jaso eta tabernan dagoen gaztearekin lotuko duena halabeharrez. Ihesaldiaren erritmoa metro eta, bereziki amaieran, hil arte geratzen zaizkion segundoen zenbaketak indartzen du. Protagonista hilik, gorpua jaso eta ospitalera nola eramaten den kontatzen da amaieran, bere ama eta anaiak heriotza lekutik gertu eguneroko zereginetan dabiltzan bitartean, gertatu denaren ezjakin.
Narrazioan zehar, Konstituzio plazari eta Donostiari buruzko informazio turistikoa azaltzen da han eta hemen, gaztelaniaz. Aldi berean, etakidearen jazarpen, tiroketa eta heriotza kontatuz, prentsak biharamunean plazaratzen dituen titularren zatiak tartekatzen dira, poliziaren bertsio ofizialari jarraiki eta gaztelaniaz. Bestelako berri solteei buruzko titularrak ere agertzen dira, garaiko giro politiko eta soziala islatzen du. Gaztelaniazko pasarte horiek Euskal Herrian bizi zen diglosia egoera nabarmentzen dute.
Kapituluetan zehar ikasle bati egindako itaunketa poliziala zehazten da, izenik gabeko ahotsen elkarrizketatzat eta gaztelaniaz beti. Eleberrian aipatzen ez bada ere, ikaslea plazako tabernan dagoen gaztea da, jazarpena eta erailketa ikusi dituena. Ikasleak ez du zerikusi zuzenik hildakoarekin baina poliziek hildakoa berarengana korrika egiten zuelako atxilotuko dute. Soinean, gainera, hildakoak zeraman giltzaren berdin-berdina den beste giltza bat darama, polizien susmoak indartzen dituena. Itaunketa gogorra da eta ikaslea nahastuta agertzen da, egoerari aurre egin ezinik. Bi giltzek M ikurra dute eta Michele izeneko neska gazteak emandakoa da, bi gazteekin harremanak izan zituena, biek elkarren berri ez badute ere.
Eleberrian zehar iheslari protagonistaren iraganeko bizitzaren xehetasunak azaltzen dituzten pasarteak daude endekaturik, collage moduan, protagonistak berak gogoratzen dituenak:
Halaber, kontakizunean zehar, herritarrek (helduak nahiz haurrak) gaztearen heriotzaren berriari buruz egiten dituzten iruzkinak agertzen dira, collage moduan betiere, gertaerari buruzko xehetasunei buruz galdezka (zein zen, nola zihoan armaturik, nolako itxura zuen), baina modu axolagabean, mutilaz arduratu gabe, haren heriotza anekdota bat bailitzan.
Anitz dira eleberrian protagonista antiheroi moduan irudikatzen duten baliabideak. Lehenengo kapituluan, ordea, hondartzan oinetakoak bustitzen dituela baliatuz, bere geroko konpromisoa goraipatzen da:[4]
« | Abilenak, trebeenak, bizienak, bizkorrenak, ez dira bustitzen, batzuetan, eta beste batzuetan, busti egiten dira, ahulenak eta kobardeenak ez dira bustitzen sekula. | » |
Heroia berehala zapuzten da, ordea. Lerro batzuk geroago, protagonistak "galtzaile bezala, burua makurtuz igotzen du ranpa".[5] Eskola nazionalkatolikoaren kontakizuna ere mutikoa zigortuta bukatzen da. Mutil gaztearen jardunaren nahiz heriotzaren kontakizunak ez dagozkio, bestalde, epopeia bati[6]: heriotza hoztasunez eta beste berri zenbaitekin batera kontatzen duten egunkarietako titularrek eta jendearen iruzkinek ez dute heriotza inondik inora mitifikatzen ("Nada que se han chingado a uno", aurretik beste batek "Ez, ez. Potroena ez dik inork diskutitzen." aipatu arren; "gizajoa" eta "gajoa" deitzen dioten emakume eta neska gazteen esanak); heriotzaren izaera fisikoa ("Aho zabalik omen zegonan. Horrela, odol hari bat zeriola.") eta isuritako odolaren alperrikakotasuna ("Urrutitikan uso beraren ibilera urduria. Odol koagolatuez zikindurikako adokin gainean mokoka.") ere nabarmendu egiten dira. Eleberriak heriotzarekin berarekin ez bukatzeak ere protagonismo heroikoa kentzen dio hildakoari, bizimoduak normal jarraitzen duela erakusten duten irudiek indartuta ("Vamos circulen" dio polizia batek; "Radio reloj le saluda. Berrogeitamar minutu. Comienza a llover suavemente sobre la ciudad, una lluvia imperceptible pero que moja amigos." eta eleberriari amaiera ematen dioten ingelesezko bertsoak:
« | It turns the earth It turns with its trees ... its gardens ... its houses It turns with its great pools of blood. Itzulpena: Biraka dabil Lurra Biraka bere zuhaitza ... lorategi ... eta etxeekin Biraka bere odolezko putzu handiekin. |
» |
Tartekatzen diren egunkarietako titularrek, polizien adierazpenek eta herritarren iruzkinek eleberriko hizkuntza erregistroen aniztasuna agerian uzten dute, heteroglosia alegia, protagonistaren nia edo izaera pertsonala egitura soziopolitikoaren baitan eratuz. Horretan laguntzen du, gainera, narratzaileak protagonistari buruzkoa kontatzeko erabiltzen dituen lehenengo ("Arnasa hartzea automatikoki egin nahi nuke"[7]), bigarren ("«Parabellum»-aren kainoia iztaian sartzen sentitzen duk."[8]) eta hirugarren pertsonen txandakatzea. Horrela, protagonistaren perspektiba aldaketak bere identitatearen zalantza sorrarazten du. Nor da protagonista? Bera al da benetan edo besteek berataz duten perspektiba? Heteroglosiaren teorikoa izan zen Mikhail Mikhailovitx Bajtinen arabera, nia ez da indibiduala eta pribatua, soziala baizik[9].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.