Sahara
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Sahara[1] ( arabieraz: الصحراء الكبرى, aṣ-ṣaḥrāʼ al-kubrá, “basamorturik handiena”: amazigeraz: ⵜⵉⵏⵉⵔⵉ,Teneré) Afrika iparraldeko basamortu beroa da, munduko handiena. 5 000 kilometro luze da, Ozeano Atlantikotik Itsaso Gorriraino, eta 9 milioi kilometro koadro baino gehiago ditu luze-zabalean. Haren baitan dira, neurri batean edo bestean, Aljeria, Tunisia, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Niger, Libia, Egipto eta Txad.
Sahara | |
---|---|
الصحراء الكبرى | |
Satelite bidezko irudia | |
Eskualdea | Aljeria Txad Egipto Eritrea Libia Mali Mauritania Maroko Niger Sudan Tunisia Mendebaldeko Sahara |
Koordenatuak | 23°05′N 12°37′E |
Eremua | 9.065.000 km² |
Luzera | 4.800 km |
Zabalera | 1.800 km |
Punturik garaiena | Emi Koussi (3.445 m.) |
Punturik beherena | Qattara sakonunea (- 133 m.) |
Tenperatura gorena | 58 °C |
Tenperatura baxuena | -18 °C |
Prezipitazioa | 25 mm/urte |
Baliabideak | Petrolio, meak, uranio |
Desertizazioa | Handitzen |
Sahara izena arabierazko basamortu (صحراء) hitzetik dator. Hori dela eta, Sahara basamortua tautotoponimotzat har daiteke. Bertako biztanleak sahararrak dira.
Sahara basamortua iparraldeko Afrikan dago. Mendebaldean Ozeano Atlantikoa du, iparraldean Atlas mendiak eta Mediterraneo itsasoa, ekialdean Itsaso Gorria, eta hegoaldean Sahel. Hamaika estatuko zatiak hartzen ditu: Aljeria, Tunisia, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Niger, Libia, Egipto eta Txad. 9 milioi kilometro koadro inguru hartzen ditu, eta urtero hazten ari da. Hori dela eta, ez da erraza datu zehatza jakitea. Gainera, neurketa egiteko erabiltzen den parametroaren araberakoa da neurri handi batean.[2]
Oso egitura geomorfologiko desberdinak daude Saharan: mendi-lerroak (Atlasa, Tibesti, Adrar des Ifoghas eta Hoggar, esaterako), ibai-arro lehorrak, sakonera txikiko lakuak, sakonuneak (Egiptoko Qattara adibidez), reg lautada harritsuak, erg hareazko dunak, hamada goi-lautadak. Izan ere, erg, reg eta hamada bezalako izenek Saharan dute izana.[2]
Basamortuko egitura ezagunenak dira erg eta reg deiturikoak. Haizearen eta uraren eraginez sortzen dira, eta hamada delakoetan dute jatorria, higadurak biluztutako mendate inguruko harrizko goi-lautadetan, alegia. Euri-jasa denean (basamortuan ohikoak dira), ura lautadan zabaltzen da, zirrikituetatik bidea eginez. Uholdeak harriak eta lohia eramaten ditu beherago dauden lurraldeetara; eta horrela sortzen da reg-a, harriz jositako eremu ia laua. Reg-a higatu ahala, haizearen eraginez gehien bat, harea askatzen da. Harea hori erraz garraiatzen du haizeak, eta sakonune itxietan metatzen da. Milaka urtetako jardueraren ondorioz, harea metatzen joan da eta hareazko dunen eremu zabalak sortu dira, erg-ak, hain zuzen ere. Saharako erg handiena Libiako basamortua da.[2]
Sahara basamortu beroa da. Oro har, eguneko batez besteko tenperatura 30 °C-tik gorakoa da. Gauean, ordea, asko jaisten da, neguan batez ere. Eguzkia ezkutatu orduko, lurra beroa galtzen hasten da eta, zeruan bero horri eusteko hodeirik ez dagoenez, zero azpiko tenperaturak ere izaten dira. Ez da txantxetakoa gorabehera termiko hori: 38 graduko gorabehera neurtu izan da ordu gutxitan (-0,5 °C gauean eta 37,5 °C egunez).[2] Tenperatura gorenak uztailean eta abuztuan izaten dira iparraldean (70 °C harean), eta maiatzean eta ekainean hegoaldean. Neguan, iparraldean eta mendialdeetan izotza egiten du.[3]
Saharan ez dago euri-sasoi garbirik. Oro har, euri gutxi egiten du. Kokagunea eta orografia dela eta, euri-hodei gutxi iristen da. Afrika hegoaldetik, kontinentearteko konbergentziaren eraginez, Sahararen hegoaldera zertxobait iristen da. Iparraldeko Saharak eragozpen handiagoa du: Atlas mendiek hesi-lanarena egiten diete Ozeano Atlantikotik datozen hodeiei. Horrela, basamortuaren erdialdera hodeiak iristea oso zaila da. Horregatik, lurralderik lehorrena da. Urteak igaro daitezke euri-tantarik bota gabe, eta urteko batezbestekoa 0 eta 25 mm artean dago.[2] Ozeano Atlantikoaren eragina nabari den zerrenda oso estua da. Mediterraneo itsasoaren ertzeko Libia eta Egiptoko kostaldeetan tenperatura leunagoak izaten dira, eta estepako landareak hazten dira.[3]
Euri gutxi egin arren, basamortuaren ia hondo guztian ura dagoela uste da. Ur hori gune jakin batzuetan azalera iristen da eta hari esker oasiak daude, adibidez. Bertan klima leunagoa da, mikroklima edo tokiko klima bereziaren ondorioz. Dena dela, Sahararen erdialdean ugariak dira batere urik gabeko lurralde zabalak: eremu horiei tanezfouft deitzen diete, egarriaren lurraldeak dira.[2]
Iparraldean, haize alisio lehorrak ia urte guztian jotzen du eta hegoaldean, montzoi haizeek. Montzoiekin batera, euria egiten du Sahelen, basamortu gordina hasten den lerroan hain zuzen. Basamortuko haizeak batzuetan bortitzak dira eta harea-ekaitzak sortzen dituzte. Sahelen udazkenean jotzen duen harmattan haizeak urtaro hezean hazitako bazkarako landareak ihartzen ditu.[3]
Datila eta palmondoa Saharako landare nagusiak dira eta oasietan hazten dira. Basamortuko muturretan akaziak eta milazkak ikus daitezke. Faunari dagokionez, lurralde lehorretara egokitutako animaliak (gameluak, dromedarioak) bizi dira. Basamortuko muturretan gazelak eta antilopeak daude, eta intsektu eta hegazti mota batzuek alderik alde igarotzen dituzte eremurik lehor eta beroenak. Oasi guztiak kanalizaturik daude landa lurretan ura egoteko. Sarritan ura ez dator ibaietatik, lurpeko uretik baizik.
Oasietan bizi ziren biztanleak beltzak ziren, Mediterraneo aldeko zuri berbereak iritsi ziren arte. Berberiar etniakoak dira, gaur egun, iparraldeko herri arabiar-berberiarrak, mendebaleko musulmanak (Mauritania) eta erdialdeko tuaregak. Berberiarren eta beltzen arteko nahastearen ondorengoak dira Txad iparraldeko Tibestiko teda herriak eta basamortuko hegoaldekoak. Bi bizimodu nagusi bereizi dira antzinatetik Saharan: artzain nomadena (basamortuko muturretan) eta oasietako nekazariena. Saharako estatuetako gobernuek eta ekonomia aldaketa sakonek bizileku finkorik ez dutenen bizimodu aldaketa bultzatzen ari dira gaur egun.
Ibilgailu motordunak agertu artean, karabana izan da basamortuko garraio-modurik ohikoena eta seguruena. Lehenengo karabana handiak VIII. mende aldera izan zirela uste dute historialariek. Baina ez dago garbi noiz zabaldu ziren merkataritza-bideak Saharan; izan ere, aztarnak oso urriak dira. Esate baterako, Saharaz hegoaldeko hirietan aurkitutako apaingarri batzuk Marokoko meategietako kobrez eginak daudela ikusi dute. Datazioaren arabera, apaingarri horiek K.a. 400. urtekoak dira. Eta garai hartako idatziak ere badira. Herodotok, esate baterako, basamortuan espedizio bat egin zuen berbereen laguntzarekin eta, besteak beste, zenbait giza talderen arteko salerosketak deskribatu zituen.[2]
Merkataritzarako tradizioa oso handia da Saharan eta inguru osoan. Diotenez, hamabi mila gameluko karabanak osatzera iristen omen ziren garai batean. Eta bide batez esan behar da gamelua bera ere merkataritzari esker iritsi zela Saharara. Izan ere, jatorriz ez da hangoa, Arabia aldetik ekarri zuten. K.a. VI. menderako Egipton sartua zuten, baina K. o. III. mendera arte ez zen zabaldu Sahara osora. Garraiobidea dena dela, basamortuko nomadek merkataritzarako zein leku batetik bestera joateko erabiltzen dituzten bideak azken milaka urteetan erabili izan dituzten berberak dira. Trafiko handieneko bideei basamortuko autobide esaten diete. Bide horiek basamortua alderik alde zeharkatzen dute, oasi edo putzu batetik bestera doaz. Leku horietan, merkatariak, bidaiariak edo nomadak aukera du ura eta atsedena hartzeko.[2] Karabanek urrea, bolia eta esklaboak garraiatzen zituzten hegoaldetik Mediterraneoko kostalderaino, eta itzulian gatza eramaten zuten hegoaldera.[3]
Lurpeko aberastasunen ustiapenaren ondorioz (burdina, kobre eta manganeso hobiak, Aljeria eta Mauritanian; fosfatoak Mendebaldeko Saharan; gas naturala eta petrolioa, Libia, Aljeria, Tunisia eta Egipton), mea burdinbideak eta petrolio hoditeriak eraikitzen ari dira.[3]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.