Feminismo
mugimendu eta ideologien bilduma, helburutzat duena genero arteko berdintasuna definitzea, ezartzea eta aldeztea, emakumeentzako eskubide berdintasuna barne / From Wikipedia, the free encyclopedia
Feminismoa mugimendu politikoen, ideologien eta gizarte-mugimenduen multzo bat da, sexuen arteko berdintasun politiko, ekonomiko, pertsonal eta soziala definitu, egonkortu eta lortzeko helburu partekatua duena.[1][2] Helburu honen barruan emakumeentzat gizonezkoek dituzten hezkuntza eta lan aukera berdinak lortzea dago ere. Zentzu zabalean, feminismoak matxismoaren zein patriarkatuaren aurka egiten duen mugimendua ere bada.
Mugimendu feministek emakumeen eskubideen aldeko kanpainak egin izan dituzte eta egiten dituzte, bozkatzeko eskubidea, hautatua izateko eskubidea, lanerako eskubidea, soldata berdintasunaren aldekoa, ondasunak izateko eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, kontratuak egitekoa, ezkontzan eskubide berdintasuna izatearen aldekoa edo amatasun baimena bezalakoak. Feminista askok abortatzeko eskubidea edo gizarte integrazioaren alde ere egin dute lan, emakumeak eta neskak sexu-abusu eta bortxaketengandik babesteko, edo etxeko zein kanpoko emakumeen aurkako indarkeria eta feminizidioen aurka.[3] Mugimendu feministak jantzi ohikoetan edo jarduera fisikoan aldaketa ere bultzatu izan du.[4]
Feminismoak bultzatutako kanpainek aldaketa historiko nabarmenak eragin dute emakumeen eskubideen eremuan, batez ere Mendebaldean. Ia iturri guztiek onartzen dute feminismoak lortu duela emakumeen boto eskubidea, ugaltze eskubide asko (antisorgailuak eta abortatzeko eskubidea barne) eta kontratuak zein ondasunak izateko eskubidea.[5] Honakoak dira Frantziako hezkuntzan emakume eta gizonen arteko berdintasunaren egindako progresoa:[6]
- 1861: Batxilergoa lortu zuen lehen emakumea.
- 1881: Jules Ferry legeak lehen hezkuntza derrigorrezko, doako eta laikoa neska eta mutilentzat bientzat zabaldu zuen.
- 1882/1883: Nesken bigarren hezkuntzako lehen eskolak Parisen (Fenelon) eta Montpellierren .
- 1905: Sévigné ikastetxea (erakunde pribatua) hasi zen neskak batxilergorako prestatzen: Frantziako bakarra zen.
- 1924: ikasketa-programak eta batxilergoa berdin-berdinak ziren neska eta mutilentzat. Neskentzako institutu publikoak batxilergorako ere prestatzen hasi ziren.
- 1965: Nesken eskolatze-tasa eta mutilena berdindu ziren.
- 1971: Batxilergoa ikasten zuten nesken kopurua eta mutilena berdindu ziren.
- 2000: Hezkuntza-sisteman nesken eta mutilen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko neurriak hartzen ari dira.
Eta honakoak dira 1960 eta 1970eko hamarkadetan Frantzian (Espainian ere baina hainbat urte geroago onartu ziren) emakumeen eskubideak garatzeko sortu ziren lege batzuk:[6]
- 1965: Emakume ezkonduek eskubidea lortu zuten senarraren baimenik gabe lan egiteko, baita beren ondasunak administratzeko; eta banku-kontu bat ireki ahal izateko beren izenean eta askatasunez.
- 1967: Neuwirth legea, pilula antikontzeptiboa baimentzen zuena.
- 1970: Guraso-erabakiak bateratuak izatea lortu zuten, hau da, aitaren eta amaren artekoa. Familiaburuaren irudia desagertu zen.
- 1974: Abortoa baimentzen zuen Veil legea.
Feminismoa, oro har, emakumeen eskubideetan zentratu izan da, baina badira feminista batzuk, adibidez bell hooks, proposatzen dutenak genero rol tradizionalek gizonezkoak ere kaltetu dituztela eta, beraz, gizonen askapena ere ematea beharrezkoa dela.[7] Teoria feminista, mugimendu feministatik eratutako filosofia feminista, genero desparekotasuna emakumezkoen rol sozialen ikerketatik aztertu nahi du. Teoria ezberdinak garatu izan dira genero arazoei erantzuteko asmoz.[8][9] Denborarekin, zenbait azpi talde sortu dira mugimendu horren inguruan, hala nola: feminismo kulturala, feminismo erradikala, ekofeminismoa, feminismo liberala, diferentziaren feminismoa, feminismo marxista, feminismo separatista, feminismo filosofikoa eta kristau feminismoa. Feminismoak ere izan ditu kritikak, emakume zuri eta mendebaldekoa bakarrik ordezkatzeko joera dela eta, eta horregatik sortu dira ere feminismo beltza, intersekzionalitatearen teoriak[10] eta feminismo komunitarioa.
Feminismoa XX. mendean agerikoa izaten hasi zen, baina historian zehar emakume ugari izan dira feminismoa defendatu dutenak, hala nola: Frida Kalho, Emmeline Pankhurst, Olimpia de Gouges, Clara Zetkin, Indira Gandhi, eta abar. Feministak gizonezkoak zein emakumezkoak izan daitezke eta emakume guztiak ez dira feminista.