From Wikipedia, the free encyclopedia
Emakumeen eskubideek munduko gizarte ezberdinetan emakume eta neskatilei aitortu eta onartzen zaizkien eskubide bereizketari egiten diote erreferentzia. Toki batzuetan eskubide hauek instituzionalki eta legalki babestuak diren arren, munduko zenbait lekutan ez da berdina gertatzen, urratzera edo ukatzera ere iritsiz.[1]
Emakumeen eskubideen nozioarekin gehien erlazionatzen diren gaiak, besteak beste, honakoak dira: osotasunerako eskubidea, norberaren gorputzaren gaineko kontrola, sufragio eskubidea, kargu publikoak izateko eskubidea, lan eskubidea, berdintasunezko ordaintze justu batetarako eskubidea, jabetzak edukitzeko eskubidea, hezkuntza eskubidea, armadan zerbitzatzeko eskubidea, kontratu legalak sinatzeko eskubidea eta ezkontza eta gurasotasun eskubideak.[2]
Antzinako Sumer eskualdeko emakumeek jabetzak eros, ukan, sal eta oinorde zitzazketen. Merkataritzan parte har zezaketen eta gortean testigantza lekuko gisa mintza zitezkeen. Hala eta guztiz ere, beraien senarrak haiengatik dibortziatu zitezkeen arau-hauste txikiengatik. Emakume jainkosak bereziki gurtuak izan ziren, hala nola, Inanna jainkosa. Akadtar poeta Engeduanna, Inannaren apaiz eta Sargon-en alaba, lehen poeta ezaguna da, bere izena erregistratua izan duena.
Antzinako Babiloniako lege kodeek senarrei aukera ematen zien emakumeengandik dibortziatzeko edozein egoeretan, baina hau egitean bere jabetzak itzultzera behartzen zituzten eta batzuetan isuna ordainarazten zieten. Lege kode gehienek senarrei dibortzioa eskatzea debekatzen zien emakumeei eta zigorra ezartzen zieten, are eta gogorragoa emakumeak adulterioan harrapatzen bazituzten. Beste zenbait Babiloniako arauk ordea, eskubide berdina ematen zieten gizon eta emakumeei dibortzioa eskatzeko, zigor ekonomiko berdina ordaintzea eskatuz.
Antzinako Egipton emakumeek gizonen eskubide berdinak zituzten legez, hala ere, legezko eskubideak klase sozialen menpe zeunden. Lurraren jabetza ametatik alabetara igarotzen zen eta emakumeek eskubide osoa zuten beraien jabetzak kudeatzeko. Antzinako Egiptoko emakumeek eskubidea zuten erosteko, saltzeko, hitzarmen legalak sinatzeko, testamentu-betearazle izateko, ekintza judizialak hasteko eta haurrak adoptatzeko.
Garai vedikoaren hasieran emakumeek gizonen baldintza berak izan zituzten bizitzaren alderdi guztietan. Antzinako Indiako Pantanjali eta Katyayana gramatikariek aditzera ematen dute emakumeak garai Vedikoaren hasieran hezkuntza jasotzen zutela. Idatzi zaharren arabera, antzeman daiteke emakumeak heldutasunean ezkontzen zirela eta ziurrenik beraien senarrak aukeratzeko eskubidea eta askatasuna zutela.
Antzinako Txinako emakumeen estatusa baxua zen, batez ere oinak lotzeko ohiturarengatik, izan ere, mutilazio horrek oinak 10 zentimetro baino gehiago ez haztea eragiten zuen. Oin deformatu hauek emakumeen mugimenduak zailtzen zituzten, beraien aktibitateak erabat mugatuz.
Emakumeak gizonengandik isolatzeko arau soziala zela eta, emakume txinatarrek ez zuten nahi izaten mendebaldeko medikuntza egiten zuten medikuengana joan, gizonezkoak baitziren. Estatu Batuetako Eliza Presbiteriarraren Atzerriko Misioetako Batzarrek Mary H.Fulton mediku misiolaria Txinara bidali zuten emakumeentzako lehen medikuntza fakultatea fundatzeko. Fakultate hau Hacket Medikuntza Eskola bezala ezagutzen zen, Edward A. K. Hackett-ek egin zuen dohaintza handiari esker sortu zelako. Fakultate honen misio nagusia kristautasuna eta medikuntza modernoa barreiatzea zen, emakume txinatarren egoera soziala hobetzearekin batera.
Ingalaterrako Zuzenbidearen arabera, XII.mendea eta gero garatu zena, emakume batek zituen jabetza denak gizonaren esku gelditzen ziren ezkontza ostean. Azkenean, auzitegi ingelesek azkenean jabetza hauen eskualdaketa automatikoa debekatu zuten, honetarako emakumearen baimena ez bazuten. Hala ere, gizonei beraien emazteen jabetzak kudeatzeko eta hauen gozamenerako eskubidea mantendu zitzaien. Garaiko idazleek ziurtzat ematen zuten agindu naturala patriarkatua zela eta betidanik horrela izan zela. Pertzepzio hau ez zen zalantzan jarri XVII.mendera arte, misiolari jesuitek Ipar Ameriketako herri batzuetan amaldeko leinuei buruz idatzi zuten arte.
XIX.mendean mugimendu bat hasi zen emakumeek gobernuan eta legeen sorreran parte-hartzeko zuten eskubidearen alde. Emakumeen sufragismoaren oinarriak sufragio unibertsalarenekin batera garatu ziren. Gaur egun, emakumeek botoa emateko eskubidea Nazio Batuen Erakundearen Emakumeen Kontrako Diskriminazio Oro Ezabatzeko Nazioarteko Itunean bilduta dago, 1979an sinatu zena.[3]
Zeelanda Berria izan zen munduko lehen herrialdea emakumeen boto eskubidea aitortzen, 1893an. Australiak 1902an onartu zuen. XX.mende hasieran Europa iparraldeko zenbait herrialdek onartu zuten eskubide hau: Finlandiak 1906an, Norvegiak 1913an, Danimarka eta Islandiak 1915an. Garrantzitsua izan zen Britanian sortu zen mugimendua ere, Sufragette deritzona.
Lehen mundu gerraren amaierarekin beste herrialde batzuek jarraitu zuten adibidea: Herbehereak 1917an, Austria, Azerbaijan, Kanada, Txekoslovakia, Georgia, Polonia eta Suedia 1918an; Alemania eta Luxenburgo 1919an eta Estatu Batuak 1920an. Espainiak 1931an aitortu zuen eskubide hau, Espainiako Lehenengo Errepublikan. Turkiak 1934an onartu zuen, 1944an Frantziak eta 1946an Belgika, Italia, Errumania eta Jugoslaviak. 1971 Suitzak aitortu zuen eta Liechtensteinek 1984an.
Latinoamerikan zenbait herrialdek XX.mendearen lehen erdian aitortu zuten eskubide hau: Ekuador (1929), Brasil (1932), El Salvador (1939), Dominikar Errepublika (1942), Guatemala (1956), Argentina (1946), Mexiko (1955) eta Honduras (1955). Asiako hainbat herrialdek XX.mende erdialdean onartu zuten emakumeek botoa emateko eskubidea: Japonia (1945), Txina (1947) eta Indonesia (1955). Ekialde Ertaineko herrialde gehienetan Bigarren Mundu Gerraren ostean aitortu zen.
Afrikan, orokorrean, emakumeek eta gizonek mementu berean lortu zuten botoa emateko eskubidea: Liberia 1947an, Uganda 1958an eta Nigeria 1960an. [4]
Oposizioa nabarmena izan zen emakumeen sufragismoarekiko eta mugimendu anti–sufragistak ere sortu ziren. Emakume batzuk sufragismoaren aurka agertu ziren, Helen Kendrick Johnson adibidez, 1897 berak idatzitako Woman and the Republic dokumentua garai horretako kontrako argudio garrantzitsuenetakoa kontsideratzen dena.
XIX. mendean, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, zenbait emakumek behin ezkondu eta gero jabetzarik ezin izatea arautzen zuten legeen kontrako mugimendua sortu zuten. estalduraren doktrinarekin, behin ezkondutakoan, gizonek emakumeen ondasun eta soldaten kontrola hartzen zuten. XIX.mendearen erdialdetik aurrera, emakumeen jabetza babesten zituzten estatutuak onartu ziren bi herrialde horietan, honela, beraien senarrengandik eta horien hartzekodunengandik babesten zituzten.[5][6]
Ondorengo hamarkadetan emakumeen eskubideak berebiziko garrantzia hartu zuten gai politikoetan. 1960ko hamarkadan mugimenduak "feminismo" izena hartu zuen, soldata parekidea, legearen aurrean eskubide berdinak, familia planifikatzeko eta haurrik ez izateko askatasuna aldarrikatzen zen, beste zenbait gauzen artean. Ahaleginek emaitza ezberdinak izan zituzten.
Emakumeen Nazioarteko Kontseilua izan zen lehen erakundea herritartasun ezberdineko emakumeak elkartu zituena beraien eskubideak defendatzeko. 1888ko martxoan eta apirilean, 9 herrialdetako 53 elkarte feminista irudikatzen zuten emakumeen bilkurak izan ziren Washington Hirian: Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Irlanda, India, Erresuma Batua, Finlandia, Danimarka, Frantzia eta Norvegia. Gaur egun 70 herrialde daude izena emanda eta Suitzan dute beraien egoitza.
Women for Women International irabazi asmorik gabeko elkarte humanitario bat da, eta gatazka belikoetako emakumeei laguntza praktiko eta morala eskaintzen die. 1993an sortu zuten Zainab Salbi eta bere senar Amjad Atallah-k. Elkarte honek emakume hauei beraien bizitza birmoldatzen laguntzen die, laguntza ekonomiko zuzen batekin eta laguntza psikologikoarekin, hezkuntza programa batekin behar izanez gero, beraien eskubideen sentikortzea erakutsiz, besteak beste.
Artikulu nagusiak: Emakumeen aurkako indarkeria. Bortxaketa.
Bortxaketa eta sexu erasoa behartutako sexu harremana da. Sexu delitutzat jotzen da herrialde gehienetako zuzenbidean. Bortxaketak eta esplotazio sexuala sistematikoak eta hedatuak direnean, gizadiaren aurkako krimen gisa eta gerra krimen gisa aitortzen dira. Bortxaketak genozidiotzat ere hartzen dira, talde zehatz bat suntsitzeko asmoarekin egiten direnean.
1998an, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Ruandarako Nazioarteko Auzitegi Penalak erabaki historikoa hartu zuen bortxaketa genozidio delitutzat sailkatzean, Nazioarteko Zuzenbidearen barruan.
Jean Paul Akayesu-ren, Taba-ko (Ruanda) alkatearen, aurkako epaiketak aurrekaria ezarri zuen bortxaketa genozidio tresna gisa kontsideratzeko. Epaiketa hau Genozidio Delituaren Prebentzio eta Zigor Hitzarmenaren lehen interpretazio eta ezarpena izan zen nazioarteko auzitegi baten eskutik. Epaimahaiak tutsiak suntsitzeko tresna bezala erabili zirenaren frogak aurkitu zituen, etnia honetako emakumeen aurka bakarrik egiten baitziren, modu sistematikoan.
Navanethem Pillay epaileak honakoa adierazi zuen bere epaitzan: “Antzinako denboretatik, bortxaketak gerrako harrapakintzat jo dira. Orain gerrako krimen gisa hartuko dira kontuan. Mezu garbi bat bidali nahi dugu; bortxaketak jada ez dira gerra trofeoak'’. 1994ko Ruandako genozidioan milioi erdi bat emakume eta neskatila bortxatuak izan zirela estimatzen da.
Erromako Estatutuan bortxaketa, esklabotza sexuala, behartutako prostituzioa, behartutako haurdunaldia, behartutako antzutzea edo ‘larritasun parekidea duen biolentzia sexualeko beste edozein forma’ gizadiaren aurkako krimen gisa aitortzen dira, beti ere ekintza horiek modu sistematiko eta zabalduan egiten badira.
Bortxaketa gizadiaren aurkako krimen gisa lehen aldiz lenoko Jugoslaviarentzat Nazioarteko Auzitegi Penalak, Genevako Hitzarmena eta Gerrako Arauak kontuan hartuta, atxilotze aginduak egin zituenean aitortu zen. Hain zuzen, Foca herriaren konkistan (Bosnia-Herzegovina hegoaldean), 1992ko apirilean, emakume musulman ugarik soldadu, polizia eta armada taldeen eskutik taldeko bortxaketak, tortura eta esklabotza sexualak sistematikoki pairatu zituztela aitortu zen.
Salaketak esanahi legal handia izan zuen eta lehen aldia izan zen eraso sexualak ikertu zirena tortura eta esklabotza gisa, epaituak izateko asmoarekin. 2001ean baieztatu zen epaiketa, bortxaketa eta esklabotza sexuala gizadiaren aurkako krimen gisa aitortuz eta hainbat pertsona zigortuak izan ziren.
2011ko irailaren 26an Newsweek aldizkariak ikerketa bat argitaratu zuen emakumeen eskubide eta hauen bizi kalitatea aztertzen zuena, beraien herrialdearen arabera.[7] Ikerketa honetarako egoera legala, osasuna eta osasun baldintzak, hezkuntza, ekonomia aukerak eta botere politikoa hartu ziren kontuan. Ikerketa honen arabera, emakume izateko herrialderik onenak eta txarrenak hauek dira:
Emakume izanez bertan bizitzeko 10 herrialde onenak
Postua | Herrialdea | Orokorra | Justizia | Osasuna | Hezkuntza | Ekonomia | Politika |
---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | Islandia | 100,0 | 100,0 | 90,5 | 96,7 | 88,0 | 92,8 |
2 | Suedia | 99,2 | 90,8 | 94,8 | 95,5 | 90,3 | 93,1 |
3 | Kanada | 96,6 | 100,0 | 92,7 | 92,0 | 91,0 | 66,9 |
4 | Danimarka | 95,3 | 86,1 | 94,9 | 97,6 | 88,5 | 78,4 |
5 | Finlandia | 92,8 | 80,2 | 91,4 | 91,3 | 86,8 | 100,0 |
6 | Suitza | 91,9 | 87,9 | 94,4 | 97,3 | 82,6 | 74,6 |
7 | Norvegia | 91,3 | 79,3 | 100,0 | 74,0 | 93,5 | 93,9 |
8 | Ameriketako Estatu Batuak | 89,8 | 82,9 | 92,8 | 97,3 | 83,9 | 68,6 |
9 | Australia | 88,2 | 80,7 | 93,3 | 93,9 | 85,3 | 65,1 |
10 | Herbehereak | 87,7 | 74,0 | 95,0 | 99,0 | 83,0 | 68,4 |
Emakume izanez bertan bizitzeko 10 herrialde txarrenak
Postua | Herrialdea | Orokorra | Justizia | Osasuna | Hezkuntza | Ekonomia | Politika |
---|---|---|---|---|---|---|---|
165 | Txad | 0,0 | 20,7 | 0,0 | 0,0 | 70,9 | 22,2 |
164 | Afganistan | 2,0 | 8,4 | 2,0 | 41,1 | 55,3 | 16,6 |
163 | Yemen | 12,1 | 36,2 | 44,4 | 34,1 | 48,8 | 0,0 |
162 | Kongoko Errepublika Deokratikoa | 13,6 | 6,5 | 11,4 | 45,1 | 67,8 | 27,2 |
160 | Mali | 17,6 | 22,7 | 29,9 | 25,8 | 64,3 | 49,8 |
160 | Salomon Uharteak | 20,8 | 0,0 | 53,6 | 86,5 | 46,0 | 1,9 |
159 | Niger | 21,2 | 26,5 | 32,9 | 47,5 | 58,6 | 31,3 |
158 | Pakistan | 21,4 | 49,7 | 49,6 | 34,0 | 50,7 | 19,3 |
157 | Etiopia | 23,7 | 18,6 | 27,2 | 29,9 | 79,7 | 37,4 |
156 | Sudan | 26,1 | 21,1 | 29,4 | 70,6 | 54,5 | 40,8 |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.