arnas-aparatuko organoa, airea arnasten duten animalia askorentzat funtsezkoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Birikak arnas-aparatuko organo nagusiak dira gizakiengan eta beste hainbat animaliatan, tartean arrain eta barraskilo batzuetan ere. Gizakien eta ugaztun gehienen kasuan bi birika daude, bihotzaren alde bietan. Birikek atmosferako oxigenoa hartu eta odolera bideratzen dute eta, aldi berean, odoleko karbono dioxidoa kanporatzen dute. Prozesu horri arnasketa deritzo.
Birika | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | arnas aparatua |
Kokapena | barrunbe torazikoa |
Hona drenatzen du | birika-zaina |
Arteria | Biriketako arteria |
Zaina | birika-zaina |
Identifikadoreak | |
Latinez | pulmones |
MeSH | A04.411 |
TA | A06.5.01.001 |
Terminologia anatomikoa |
Espezieen arabera, hainbat muskuluk parte hartzen dute arnasketan; ugaztunen, narrastien eta hegaztien arnasketarako muskulu-sistema ez da berdina. Lehen tetrapodoetan airea biriketara bideratzen zen faringeko muskuluak erabilita, aho-punpaketa eginez, gaur egungo anfibioek egiten duten bezala. Gizakiengan, arnasketarako muskulu nagusia diafragma da. Biriketatik kanporatutako airea soinuak egiteko erabil daiteke; adibidez, mintzoa horren ondorioa da.
Biriketako ehunak hainbat gaixotasun paira ditzake, tartean pneumonia eta birikako minbizia. Biriken buxadura kronikoak ere gerta daitezke, adibidez bronkitis kronikoa edo lehenago enfisema deitzen zen gaixotasuna; gaixotasun horiek guztiak erretzearen ondorio izan daitezke, edo industrian sortutako gai arriskutsuak arnasteagatik, hala nola ikatz-hautsa, asbesto zuntzak edo silikatozko hauts kristalinoa. Bronkitisak arnasbideak kalte ditzake. Birikei lotutako termino mediku gehienak pulmo- hitzarekin hasten dira, latinezko pulmonarius hitzetik, edo antzinako grezierazko pneumo- hitzarekin.
Jatorri enbrionarioari dagokionez, endodermotik datozen organoak dira birikak. Umekian birikak sortzen direnean likido amniotikoz inguratuta dago, eta beraz ez dute arnasketarako balio. Umekian odola biriketatik desbideratzen da ductus arteriosus arteria erabilita. Erditzerakoan, hala ere, airea biriketatik pasatzen hasten da, desbideraketa hau ixten da, eta arnasketa hasten da. Biriken garapena haurtzaroaren hasierako fasean ematen da.
Birikak toraxaren barnean daude, saihetsek babestuta, eta bakoitza bihotzaren alde batera. Mediastino egiturak birikak banatzen ditu, eta pleura deritzon mintz bikoitzak birikak inguratzen ditu. Gizakiek bi birika dituzte, bata ezkerrean eta bestea eskuman, toraxean kokatuta. Bihotzak betetzen duen espazioa dela eta, eskuineko birika bere homologo ezkerreko birika baino handiagoa da.
Gizakietan, biriken pisua aldakorra izaten da sexuaren arabera. Eskuinekoak 600 g-ko pisua du, batez beste, eta ezkerrekoak, aldiz, 500 g-koa. Emakumeen kasuan, balio horiek baxuagoak dira, bular-kaiolaren tamaina txikiagoa delako.[1] Bi birikek, beraz, 1,3 kilogramoko pisua dute, gutxi gorabehera. Birikak arnasketa-sistemaren behealdean daude, trakean hasi eta bronkio eta bronkiolotan banatzen den eremuan. Arnasbideetatik inhalatutako airea jasotzen dute.
Arnasbidea bronkiolo terminaletan amaitzen da, gas-trukaketa eginez. Gas-trukaketa hori birikak osatzen dituzten albeoloen eta odolaren artean gertatzen den oxigenoaren eta karbono dioxidoaren difusioari esker gertatzen da. Horregatik, albeoloek harreman estua dute kapilarrekin. Albeoloetan gertatzen dira oxigenoaren airetik odoleranzko sarrera eta karbono dioxidoaren odoletik aireranzko irteera. Odolaren eta albeoloen arteko gas-igarotze hori (difusio sinplea), oxigeno eta karbono dioxidoaren presio partzial ezberdinen ondorioz gertatzen da.
Elkarrekin, giza birikek 2.400 kilometro arnasbide eta 300 eta 500 milioi albeolo artean dituzte. Birika hiru lobulutan bereizten dira: mediastinikoa, hegalekoa eta diafragmatikoa. Bronkio-arteriek eta birika-arteriek oxigenaziorako beharrezkoa duten odola eramaten diete birikei. Birikek bi jatorri ezberdineko odola jasotzen dute: oxigenorik gabekoa gas hau jasotzeko, eta oxigenoduna, birika bera elikatzeko. Bestalde, eskuineko birika hiru lobulutan banatuta dago bi artekaren bidez, eta ezkerrekoa, aldiz, bi lobulutan soilik: goikoa eta behekoa.
Eskuineko birikak ezkerrekoak baino lobulu eta segmentu gehiago ditu. Hiru lobulutan banatuta dago: goi-lobulua, erdi-lobulua eta behe-lobulua. Behe-lobulua bi fisuraz zeharkatuta dago: bata, zeiharra eta bestea, horizontala.[2] Goi-fisura horizontalak goi-lobulua eta erdi-lobulua bereizten ditu. Goi-fisura behe-fisura zeiharrean hasten da birikaren atzeko ertzetik gertu, eta horizontalki luzatzen da aurrerantz.[3] Behe-fisura zeiharrak behe-lobulua goi- eta erdi-lobuluetatik bereizten du, eta hertsiki lerrokatuta dago ezker-birikako fisura zeiharrarekin.[3][4]
Bihotza inpresio kardiakoa izeneko inpresio batean dago. Birikaren hiloaren gainean, azigo zainarentzako arku itxurako zirrikitua dago. Horren gainean, Goiko Kaba zainarentzako zirrikitu zabala dago eta, eskuinean, zain brakiozefalikoa; horren atzean, eta birikaren goiko aldetik gertu, enbor brakiozefalikoarentzako zirrikitua dago. Hiloaren eta birika-lotailuaren atzean, esofagoarentzako zirrikitua dago, eta esofagoarentzako zirrikituaren beheko ataletik gertu, bihotzera sartu baino lehen, Beheko Kaba zainarentzako zirrikitu sakona.[5]
Ezkerreko birika bi lobulutan banatuta dago: goi-lobulua eta behe-lobulua. Fisura zeiharra saihetsetatik birikaren azal mediastinoraino luzatzen da, hiloaren gainetik eta azpitik.[3] Ezkerreko birikak, eskuineko birikak ez bezala, ez dauka erdi-lobulurik; hala ere, ezaugarri homologo bat badauka: goi-lobuluaren proiekzioa, ligula izenekoa. Ligula izenak “mingain txiki” esan nahi du. Ezkerreko ligulak eskuineko erdi-lobuluaren paralelo anatomiko gisa jokatzen du, eta bi egiturek jarrera paretsua erakusten dute antzeko infekzio eta konplikazio anatomikoen aurrean.[6][7] Ligulak bi segmentu bronkiopulmonar ditu: goikoa eta behekoa.[3]
Ezkerreko birikaren azal mediastinoak inpresio kardiako zabala dauka: hor, bihotza dago. Inpresio kardiakoa eskuineko birikakoa baino sakonagoa eta luzeagoa da.[5]
Azal berean, hiloaren gainean, arku aortikoarentzako ondo markatutako kurbadura duen zirrikitua dago eta, azpian, beheratzen den aortarentzako zirrikitua. Ezkerreko arteria subklabioa, arku aortikoaren adarra dena, arkuko zirrikitu batean kokaturik dago, birikaren puntatik hurbil. Azalerago dagoen zirrikitu batek, arteriaren aurrean eta birikaren ertzetik gertu dagoena, ezkerreko zain brakiozefalikoa finkatzen du. Esofagoa birikaren oinarrian dagoen azaleko zirrikitu zabalago batean kokaturik dago.[5]
Birikak beheko arnas-aparatuaren parte dira, eta bronkioen aire-bideei babes ematen die. Birikek barne hartzen dituzte albeoloetan amaitzen diren bronkioen aire-bideak, tarteko birika-ehuna eta zainak, arteriak, nerbioak, eta hodi-linfatikoak.[5][8]
Trakea, bronkioak eta bronkioloak arnas epitelioarekin lerrokatuta daude. Arnas epitelioa mukia sortzen duten zelula kaliziformeak dituen epitelio zilioduna da. Kartilagoan eta bronkioetan dauden kartilago-eraztunei esker, aire-bideak zabalik mantentzen dira.[9] Bronkioloak kartilagoa jasateko estuegiak dira eta, ondorioz, haien paretak muskulu leunaz osatuta daude.[9] Arnas-traktua lobuluetan amaitzen da. Lobulu bakoitza bronkiolo batez osatuta dago, eta bronkioloak kanal albeolarretan eta zaku albeolarretan banatzen dira.[5]
Albeoloak bi motatako zelulez osatuta daude: I mota eta II mota.[10] Zelula horiei pneumozito ere esaten zaie.[5] I motako zelulak epitelio-zelula ezkatadunak dira, eta albeoloen azaleraren % 95 osatzen dute. Zelula horiek gas-trukaketa ahalbidetzen duten pareta meheak dituzte.[10] I motako zelulek ez daukate zatitzeko ahalmenik; hori dela eta, II motako zelulen desberdintzapenetik eskuratzen dira.[11]
Arnas-aparatua gorputzak behar duen oxigenoa jasotzeko eta soberako karbono dioxidoa kanporatzeko beharrezkoa den aparatua da. Arnas-aparatua birikek eta arnasbideek osatzen dute. Horrez gain, albeoloetan makrofago albeolarrak daude eta sistema immunologikoaren zati dira. Makrofagoei esker, albeoloetan jalkitzen diren substantziak deuseztatzen dira, esate baterako, odol-hodietatik kanporatutako globulu gorriak.[11]
Alde batetik, arnasbideak bi taldetan sailkatzen dira: goi-arnasbideak (sudurra, aho-barrunbea eta faringea) eta behe-arnasbideak (trakea eta bronkioak). Bestalde, birikak daude, gas-trukeaz arduratzen diren arnas-aparatuaren atalak. Birikak bronkiolo, albeolo-hoditxo eta albeoloz osaturik daude.
Birikek, birika-arteriaren bidez jasotzen dute odola eskuineko bentrikulutik. Birika-arteria bi adarretan bereizten da: bata ezkerreko birikarantz eta bestea eskumako birikarantz. Bestalde, bi adar horiek progresiboki adarkatzen dira, arnasbideekiko norabide paraleloan. Birika-zainak,ezkerreko aurikulan amaitzen dira.
Biriketako odol-hornidura berezia da gainontzeko organoekin konparatuta. Izan ere, birika-arteriak oxigenorik gabeko odola garraiatzen duten arteria bakarrak dira. Bestalde, birika-zainek, albeoloetan egiten duten gas-trukearen ostean, odol-oxigenatua garraiatzen dute ezkerreko aurikulara. Bestalde, oxigenoaren eta karbonoaren trukea birika-albeoloen eta odol-kapilarren arteko difusioz egiten da.[12]
Birikak nerbio-sistema autonomoa osatzen duten nerbioez hornituta daude. Nerbio-sistema parasinpatikoko sarrera nerbio bagoaren bidez gertatzen da. Azetilkolinaren estimuluari erantzunez, muskulu leuna uzkurtu, eta bronkioak eta bronkioloak inguratzen ditu. Ondorioz, guruinen jariaketa emendatu egiten da.[13] Horrez gain, birikek sistema sinpatikoaren eragina ere jasotzen dute; izan ere, noradrenalinak arnas-traktuko hartzaileetan eragin, eta bronkodilatazioa gertatzen da.[13]
Arnasketa gertatzen da enbor entzefalikoko arnas-zentroek nerbio frenikoaren bidez diafragmaraino bidaltzen dituzten seinaleei esker.[14]
Bronkio nagusiak biriketan sartzean, lobulu-bronkioetan banatzen dira, biriketako lobulu bakoitza aireztatzeko.
Lobulu bronkio bakoitza zatiki bronkio edo bronkio-segmentarioetan banatuta dago. Zatiki bronkio bakoitzak biriken zatiki edo segmentu bat aireztatzen du, bronkio-biriketako zatikiak. Zatiki edo segmentu hauek biriken elementu funtzional independiente txikiena da eta biriketan lesioa edo minbizia dagoenean erauz daitekeen biriken atalik txikiena.
Eskuineko birikak:
Hamar zatiki bronkio ditu, lobulu bronkioetatik aterarzen direnak.
Ezkerreko birika:
Zatiki bronkioak are gehiago adarkatzen doaz. Azkenean zuhaitz bronkio bat eratzen dute eta belaunaldiz belaunaldi hainbat adar ematen dituzte. Hainbat ezaugarri dituzte eta egitura espezifikoak eratzen dituzte adarkatzen diren heinean.
Zatiki bronkio bakoitza adarkatzen doa eta zatiki azpiko bronkio nagusiak eratzen dira 5 belaunalditan zehar. Kartilagoa dute. Zatiki azpiko bronkio nagusiak adarkatzen diren heinean, hurrengo egiturak eratzen dituzte, zatiki azpiko bronkio txikiak. Horiek ere kartilagoa dute eta 15 belaunalditan zehar adarkatzen dira.
Zatiki azpiko bronkio txikiak adarkatzen dira halabert, eta bronkioloak sortzen dituzte. Jada ez dute kartilagorik. Bronkioloetatik, bukaera bronkioloak sortzen dira 21. belaunaldian jada eta hortik jada arnas bronkioloak sortzen dira: gasen trukaketa egiten albeoloekin kontaktuan daude.
Arnas bronkiolo bakoitzak bost albeolo zaku inguru ditu eta bakoitzean albeolo asko dauzka. Albeoloen barnealdean, Kohn poro deituriko zulotxoak daude: haien bitartez, zaku albeolar eta azinoetako albeoloen artean aire trukaketak gerta daitezke, alboan dauden albeoloak beraien artean komunikatzen direlako.
Guztira, 300 milioi albeolo baino gehiago ditugu, 100-120 m2-rainoko gas difusio edo trukaketa azalera ahalbidetzen dutenak.
Birika zatiki bronkioetatik albeoloetara bana daiteke. Baina badago beste motatako banaketa bat: birika lobuluez eraturik dago eta lobuluek ere oinarrizko egitura batzuk dituzte, hala nola, aurretik zatiki edo segmentuak, lobulutxoak eta azinoak. Lobulutxoa bronkiolo batek aireztatzen duen birika azalera da eta azinoa, bukaera bronkiolo batek aireztatzen duen birika azalera. Bai lobulutxuen eta bai zatiki bronkioen artean ehun konektiboa dago. Ehun horrek trenkadak eratzen ditu, egitu haien artean.
Biriken kanpo morfologiari dagokionez, hiru aurpegi eta bizpahiru ertz daude. Aurpegiei dagokienez, hurrengoak daude:
Ertzei dagokienez, bizpahiru daude:
Aurreko ertza (1): mediastino-aldeko aurpegiaren aurreko muga da. Ertz zorrotza da eta mihi moduan bihotza estaltzen du aurrealdetik. Ezkerreko birikak bi egitura berezi ditu ertz horretan: bihotz muxarradura (urdinez) eta lingula (berdez).
Beheko ertza (2): saihets-aldeko aurpegiak eta mediastino-aldeko aurpegiak diafragma-aldeko aurpegiarekin osatzen duten muga.
Atzeko ertza (3): Kamutsa eta biribildua da eta orno gorputz eta saihetsen formetara egokituta dago. Terminologia anatomikoan ez da berez ertz moduan definitzen, baina liburu askotan adierazten da.
Irudian eskuineko eta ezkerreko birikak ikus daitezke. Birikek lobuluak dituzte, bakoitzak lobulu kopuru desberdina, hain zuzen ere. Lobulu horien artean, artekak daude.
Saihets-aldeko aurpegi horretan saihetsen eta saihets arteko giharren aztarnak daude, alboko aldean.
Aurpegi horretan egitura berezi bat dago: hiloa. Birikak duen zuloa da eta bertatik birikaren erroa sartzen da. Birikaren erroa bronkioak, birika arteriek, birika zainek eta beste egitura txikiagoek (bronkio arteria eta zainak, nerbioak eta linfa hodiak) osatzen dute. Gainera, hiloak pleura mintzaren babesa du inguruan, mahuka itxura hartzen duena.
Aurpegi horrek diafragmaren forma du eta biriken oinaldea osatzen du. Diafragmak kupula forma duenez, aurpegi hori ahurra da. Horrez gain, birikek lobuluak dituzte: eskuinekoak, hiru eta ezkerrekoak, bi. Lobulu horien artean lobulu-arteko aurpegiak daude.
Bi birika dauzkagu, barrunbe torazikoaren alde bakoitzean. Izan ere, bi birikak trakea eta bihotzaren bitartez banatuta daude eta, banaketa eragiten duen eremu horri mediastino esaten zaio. Izan ere, birika hiloa birika bakoitzaren aurpegi mediastinikoaren goiko erdian dago.
Eskuineko birikaren hiloa goiko kaba zainaren atzean dago, eskuineko aurikularen atzean eta azigoz zainaren arkuaren azpian. Ezkerreko birikaren hiloa, aldiz, arku aortikoaren azpitik dago, beheranzko aortaren aurretik.
Gainera, birika-hilotik birika-erroa sartzen da. Hain zuzen ere, erro hori zenbait egiturak osatzen dute: bronkioak, birika-arteriak (bakarra alde bakoitzean), birika zainak (bi alde bakoitzean) eta beste egitura txikiagoak (bronkio arteria eta zainak, nerbioak eta linfa hodiak).
Hala eta guztiz ere, erroaren osagaiak ezberdin antolatzen dira eskuineko eta ezkerreko birikan:
Beraz, desberdintasun nabariena birika-arteriak dira, eskumaldean bronkio nagusiaren aurrealdean daudelako eta, ezkerraldean, aldiz, bronkio nagusiaren goialdean.
Biriken inguruan bainbat organo daude. Gainera, birikak hain bigunak izanda, inguru hartako egiturek aztarnak uzten dituzte bertan. Bi biriketan agertzen diren aztarnak ez dira guztiz berdinak: badaude soilik alde bakar batean kokatzen diren egiturak, eta horren ondorioz, birika bakar batean aztarnak sortarazten dituzte.
Zatiki bronkioek biriken segmentuak aireztatzen dituzte. Bronkio-biriketako zatiki izenaz ezagutzen dira. Birika bakoitzean, antzeko segmentu edo zatikiak dauzkagu eta zatiki bronkioen izen eta zenbaki berekin izendatzen dira. Segmentu haietako batzuk erdialdeko ikuspegitik bereiz daitezke; beste batzuk soilik alboko ikuspegitik eta zenbait bi aldeetatik ikus daitezke.
Eskumako birika:
Ezkerreko birika:
Zatiki bat funtzionalki independientea den birikaren zatirik txikiena da. Beraz, lesioren bat edo minbizia sortzen bada, erauz daitekeen unitaterik txikiena da.
Birikak inguratzen, pleura izeneko mintz serosoa dago. Birikak babesten ditu, eta bi orriz osatuta dago:
Bi orri horiek jarraiak dira. Izan ere, birikaren hiloaren inguruan mintz hori tolesten da, eta bi orriak komunikatzen ditu. Horri esker, hilotik igarotzen den erroaren egiturak pleurak babestuta daude. Beste aldetik, hilotik behera, mintzaren tolesa ere agertzen da, baina horren erdian egiturarik ez dagoenez, aurreko eta atzeko tolesak elkartzen dira. Modu horretan, lotailu bat sortzen da: birika lotailua.
Pleuraren bi orrien artean espazio bat dago: pleura barrunbea. Hor ez dago airerik, baina likido pleuralaz beteta dago. Haren presioa negatiboa da. Pleura barrunbearen presioa positiboa bihurtzen bada (pneumotorax batean airea sartzean, adibidez), birikak kolapsatzen da, eta haien distentsioa ez da gertatuko: horrek arnasa hartzea galaraziko du.[15]
Birika bakoitza pleuraz inguratuta dago; bi atal ditu: errai-orria eta pareta-orria. Horien artean pleura barrunbe deituriko espazio txiki bat geratzen da.
Arnasketa prozesuan zehar, birikak bete (arnasgora edo inspirazioa) eta hustu (arnasbehera edo espirazioa) egiten dira. Hala, euren bolumena aldatu egiten da, eta ez dute pleura barrunbe osoa hartzen denboran zehar[16]. Azken finean, pleura barrunbeak espazio-tarte gehigarri bat du (pareta-pleurak mugatuta) birikaren betetze maximoa ahalbidetzeko aukera izateko[15], baina horren okupatze osoa denbora tarte gehienetan ez da gertatzen: arnasgora sakonean bai, baina arnasbehera eta gainerako egoeretan, ez. Hau da, birikek ez dute pareta pleurak hartzen duen espazio guztia betetzen.
Horren ondorioz, pleuran zokoguneak sortzen dira; birikek hartzen ez dituzten pleura barrunbearen espazio hutsak (birika eta pareta-pleuraren atalen artekoak), toraxeko eremu jakinetan kokatuak:
Horiek dira bi zokogune nagusiak. Hala ere, beste bi txikiagoak txikiago ere daude:[17]
Egoera fisiologikoan dagoen pertsonak ez luke zertan airerik eduki zokoguneen barnean.
Giza biriken garapena zirrikitu laringotrakealetik abiatuta gertatzen da. Heldutasunerako garapena fetuan eta jaiotzaren osteko hainbat urtetan zehar gertatzen da.[18]
Arnas-traktua osatzen duten laringea, trakea, bronkioak eta birikak enbriogenesiaren laugarren astean sortzen hasten dira birika-kapulutik abiatuta.[19]
Arnas-traktuak zuhaitzak bezalako egitura adarkatua du.[20] Enbrioian egitura hori morfogenesi prozesuaren bidez sortzen da. Biriken garapenean, epitelioak adarkatutako tutuak osatzen ditu. Ondoren, epitelio tubularra bronkio bilakatzen da. Bronkio bakoitza bronkioloetan adarkatzen da[21] eta, azkenik, albeoloak sortzen dira.[20] Adarkadura-morfogenesiarekin lotura duten geneak hainbat dira: sonic hedgehog (SHH), fibroblastoen hazkuntza-faktoreak (FGF10 eta FGFR2b) eta hezur-proteina morfogenikoa (BMP4). Badirudi, FGF10 dela denetan funtzio garrantzitsuena betetzen duena. FGF10 seinale molekula parakrinoa da, epitelioaren adarkatzerako beharrezkoa dena, eta SHHk FGF10 inhibitzen du.[20][21]
Laugarren astearen amaieran, birika-kapulua bitan banatzen da eta eskuineko eta ezkerreko bronkio-kapuluak sortzen dira.[22][23] 5. astean zehar eskuineko kapulua hiru bronkio-kapulu sekundariotan adarkatzen da eta ezkerrekoa bi bronkio-kapulutan. Gerora, horietatik abiatuta birika-lobuluak sortzen dira, hiru eskuinean eta bi ezkerrean. Hurrengo astean zehar, lobulu sekundarioak adarkatu egiten dira lobulu tertziarioetan: gutxi gorabehera hamar alde bakoitzean.[23] 6. astetik 17. astera birikaren elementu nagusiak agertzen dira, albeoloak izan ezik.[24] 16. astetik 26. astera bronkioak luzatu eta birika-ehuna baskularizatu egiten da. Gainera, bronkioloak eta albeolo-hodiak garatzen dira. 26. asterako bronkiolo terminalak garatuta daude eta hauek bi arnas bronkioloetan adarkatzen dira.[25]
26. astetik jaiotzara arte odol-aire muga zehazten da. Horrez gain, I motako eta II motako albeolo-zelulak agertzen dira, eta albeolo-zakuak hedatu egiten dira. Albeolo-zakuek albeolo primitiboak daramatzate, amaieran albeolo-hodiak osatzen dituztenak.[26]Jaiotzan haurraren birikak, hauek jariatutako fluidoz betetzen dira. Jaiotzaren ondoren, haurraren nerbio-sistema zentralak tenperatura- eta ingurune-aldaketen aurrean erantzuten du. Horrek lehenengo arnasketa aktibatzen du.[27] Jaiotzaren ostean, birika-fluido fetalak birikak betetzen ditu.[28] Lehenengo arnasketaren ostean, gorputzak fluidoa xurgatzen edo kanporatzen du. Jarraian, birikak espontaneoki arnasten hasten dira eta birika-ehunetan sartzen den odol kantitatea emendatzen da.[27]Jaiotzan albeoloak ez daude erabat garatuta eta heldutasun goiztiarrean albeoloen garapenak aurrera egiten du.[18][29][30] Soilik kapilar-sarearen garapenaren ostean lortzen dute birikek hazkuntza fase arrunta.[31]
Biriken funtzio nagusia, biriken eta odolaren arteko gas-trukea egitea da.[32] Albeoloetan, alde batetik, airetik odolerako oxigeno sarrera ematen da; eta, bestetik, karbono dioxidoaren kanporaketa odoletik airera. Odolaren eta albeoloen arteko oxigenoaren eta karbono dioxidoaren presio partzial diferentziari esker, gas-trukea difusio sinplez ematen da. Birikak ez dira gai hedatzeko eta beraien kabuz arnasteko. Arnasketa autonomoa lortzen dute barrunbe torazikoaren bolumena emendatzen denean.[33] Emendapen hori arnasketa muskuluei eta diafragmari esker lortzen da.[32] Hasperenaren ostean, muskuluak erlaxatu egiten dira eta birikak beraien atseden egoerara itzultzen dira.[34]
Puntu honetan birikek hondakin-aire kapazitate funtzionala dute eta heldu baten kasuan bolumena 2.5-3 litrokoa da.[34]Jarduera egiten denean, arnasketa pisutsuan, lepoko eta sabelaldeko muskulu ugarik parte hartzen dute. Hauek hasperenean kaxa torazikoa beherantz bultzatzen dute, barrunbe torazikoaren bolumena murriztuz.[34] Une honetan hondakin-aire kapazitate funtzionala murriztu egiten da; hala ere, birikak ezin direnez hustuta egon, aire litro bat mantentzen da bertan.[34]
Kanpo ingurunearekiko iragazki funtzioa betetzen dute birikek. Bronkioetako guruin seromukitsuetako zelulek, mukia sortzen dute eta, horri esker, mikroorganismoek sortutako infekzioetatik babesten dute organismoa.[35] Arnastutako airean dauden hauts partikulak eta bakterioak arnas hodietako azalera mukitsuan gelditzen dira eta zilioen mugimenduen bidez, faringera bideratzen dira.[11][36][37] Gainera, birikaren azalak A immunoglobulina jariatzen du eta honi esker arnas infekzioei aurre egitea lortzen da.[36] Horrez gain, zelula kaliziformeek mukia jariatzen dute[11] eta muki horrek hainbat konposatu immunologiko ditu; horien artean, defentsinak, antiproteasak eta antioxidatzaileak.[36] Bestetik, birika azalak ere makrofagoak eta zelula dendritikoak ditu; horiei esker birikan barneratzen diren mikrobioak deuseztatzen dira fagozitosi prozesuaren bidez, eta sistema immunologikoko T eta B zelulak aktibatzen dira.[36]
Arnas hodiaren tamainak eta aire-fluxuak birikak babesten ditu partikula handietatik. Partikula txikiak ahoan metatzen dira, eta partikula handiak, aldiz, sudurreko ileetan gelditzen dira itsatsita.[36]
Arnasketa prozesuan parte hartzeaz gain, birikek beste zenbait funtzio betetzen dituzte. Batetik, homeostasia mantentzen laguntzen dute eta, horretarako, errenina-angiotentsina sistemako zati izanik, odolaren presioaren erregulazioan laguntzen dute.[38] Azido-base oreka mantentzeko azido-base homeostasian parte hartzen dute birikek, arnasketan karbono dioxidoa kanporatuz.[33][39]
Birikek babes-funtzioa betetzen dute. Odolaren bidez transmititzen diren zenbait konposatu, horien artean, prostaglandinak, leukotrienoak, serotonina eta bradikinina, biriken bidez jariatzen dira.[38] Anti-proteasa sistema, α1-antitripsina gehienbat, sistema-immunoalbeolarraren hanturazko elementuen aurrean ematen da. Proteasa nagusiak biriketan, elastasa, kolagenasa, hialuronidasa eta tripsina dira.
Bestetik, biriketan zenbait droga edo substantzia xurgatu, eraldatu edo jariatu egin daitezke.[33][40] Birikek zainetako koaguluak iragazten dituzte eta horri esker, isuriak gertatzea ekiditen da.[39] Horrez gain, birikek funtzio garrantzitsua betetzen dute soinuen sorkuntzan; izan ere, aire-fluxua eskaintzen dute soinuen ekoizpenerako.[33][41] Zenbait ikerketek iradoki dute birikek odol plaketen ekoizpenean parte hartzen dutela.[42]
Proteinak kodetzen dituzten 20.000 gene inguru adierazten dira giza zeluletan eta horietatik % 75 birikan adierazten dira.[43][44] Gene horiek kodetzen dituzten proteinak gune ezberdinetan adierazten dira: pneumozitoak albeoloetan eta mukia jariatzen duten zelula kaliziformeak arnas aparatuko mukosan. Biriketan gehien adierazten diren proteinak, proteina garbitzaileak dira[35]: SFTPA1, SFTPB eta SFTPC, eta anpsina. Beste zenbait proteina, biriketan asko adierazten direnak, diineina proteinak dira: DNAH5 zelula ziliatuetan eta SCGB1A1 arnas hodietako mukosako zelula kaliziformeetan.[45]
Birikek hainbat gaixotasun paira ditzakete. Arnasbideen gaixotasunak aztertzen dituen espezialitate medikua pneumologia da[46], eta biriken kirurgia egiten duen espezialitatea, kirurgia kardiotorazikoa[47].
Biriken ehunaren hanturari pneumonia deritzo, eta arnasbidearen hanturari bronkitis eta bronkiolitis; pleuraren hantura pleuresia da. Hantura gehienak bakterio eta birusek eragiten dituzte. Beste jatorri bateko hantura bada, pneumonitis izena ematen zaio. Bakterioek eragindako pneumonia ezagunenetako bat tuberkulosia da. Immunodefizientzia duten pertsonek infekzio kronikoak izan ditzakete, adibidez Aspergillus fumigatus onddoak eragiten duen aspergiloma[48][49].
Birikako enbolismo bat odolbildu bat da birikako arteriatan. Enbolia behienak sortzen dira hankako zain sakonetako tronbosiak direla eta. Birikako enbolismoak ikertu daitezke bentilazio/perfusio eskaner bat erabilita, CT eskaner bat erabilita edo D-dimer moduko odol analisiak eginez. Birikako hipertentsioak odol-presioaren gorakada bat deskribatzen du biriketako arteriaren hasieran; jatorri ezberdinak izan ditzake. Beste kondizio arraroago batzuek ere biriketako odol jarioan eragina izan dezakete, adibidez granulomatosia poliangiitisarekin, birika eta giltzurruneko kapilaren hantura eragiten duena[48].
Birikako kontusio bat toraxeko trauma batek sortutako zauria da. Odol-galtzea ematen da albeolotan, eta likidoak arnasketa zaildu dezake. Pleuran dauden fluidoen konpresioak ere biriken gaitasuna murriztu dezake. Pneumotoraxean aireak zailtzen du biriken funtzionamendua eta hemotorax batean odolak. X-izpiak erabiliz ikertu daitezke, eta drainatzea eska dezake sendatzen den bitartean[48].
Asma, bronkitis kronikoa, bronkiektasia eta biriken obstrukzio kronikoaren gaixotasuna (COPD) arnasbideen buxaduraz sortzen diren gaixotasunak dira. Espirometriaren bidez aztertu eta diagnostikatu daitezke. Gaixotasun hauetako askoren agerpena murriztu daiteke erretzeari utziz edo hautsaren akaroak ekidinez; bronkodilatadoreak erabiliz, adibidez kortikoesteroideak, egoera hobetu daiteke. COPD eta enfisemaren arrazoietako bat erretzea da, eta bronkiektasiarenak kristal fibrosia. Asmaren arrazoi nagusia ezezaguna da[48].
Biriketako gaixotasun kronikoetako batzuek har daitekeen aire kopuruan eragina dute. Horietako batzuk dira biriketako fibrosia, birikaren hanturak denbora luzez irauten duenean. Fibrosiak ehunak eraldatzen ditu, ehun-konektibo fibrotsua sortuz. Ikazkinaren pneumokoniosia, gaixotasun autoimmunea edo sendagai bati erreakzioak sor dezake egoera hau[48].
Birikako minbiziak birikako ehunari eragin diezaioke, edo gorputzeko beste minbizi baten metastasiaren ondorioz. Bi tumore mota deskribatu dira, zelula-txikiei eragiten dioten edo ez dioten eragiten arabera. Minbizia izateko arrisku praktikarik handiena erretzea da. Minbizia CT eskanerra edo biopsia baten bidez detekta daiteke. Tumorea kentzeko aukera egon daiteke, edo bestela erradioterapia edo kimioterapia erabili[48].
EPOC (gaztelaniatik Enfermedad Pulmonar Obstructiva Crónica) biriken hanturazko gaixotasun kronikoa da, biriken aire-fluxuaren oztopoa eragiten duena orokorrean. Ohikoena, gas narritagarrienganako epe luzeko esposizioak eragitea da; kasu gehienetan, tabakoaren keagatik sortzen da. Baita partikula kutsakorren inhalazioagatik ere ager daiteke.
Bi gaitzen elkarketa ematen da gaixotasun honetan; enfisema eta bronkitis kronikoa batera agertu ohi dira, hain zuzen.
Bi arazo horien larritasun maila desberdina izan daiteke, baita horrekin lotutako sintomak eta zailtasunak ere.
Arnasgorarekin batera albeoloetan gas elkartrukea eman ostean, ezinbestekoa da arnasbehera gertatzea eta barnean dagoen airea kanporatzea. Kanporaketa hori burutu ahal izateko bereziki garrantzitsua da bronkioek zein albeoloek izan ohi duten elastikotasuna. EPOC gaixotasunaren kasuan, berriz, arnas aparatuaren egitura horien hondaketaren ondorioz, albeoloetako zuntz elastikoak kaltetzen dira eta elastikotasuna galtzen dute. Beraz, airearekin asko zabaltzen dira, baina gero ezin dute hasierako forma berreskuratu, eta arnasbeheran ohikoa dena baino aire kantitate handiagoa geratzen da barnean pilatuta. Modu honetan, gero eta aire gehiago pilatzen da albeoloetan, eta, hortaz, anasgoran ez da aire berria sartzeko espazio nahikoa geratzen. Ondorioz, aire berriztapena ez da modu egokian ematen, azkenean arnasketaren funtzio okerra eraginda.
Animalien birikak, inguru lurtarrera eta arnasketa aerobiora moldatutako organoak dira. Hauen funtzioa, airea biltegiratzea da, bertako oxigenoa iragazi eta xurgatu ahal izateko. Zakatz-arnasketa duten arrainek, energiaren % 20 gastatzen dute arnasketan; hegaztiek eta ugaztunek aldiz, % 2 bakarrik. Izan ere, hegazti eta ugaztunen metabolismoa askoz handiagoa da eta, beraz, maiz elikatzeko beharra dute.
Hegaztiek, birikak erabiltzen dituzte airea hartzeko eta aire-zakuei airea emateko. Aire-zakuak, birikei konektatuta dauden airez betetako poltsa handiak dira eta hegaztien erraietatik edota hezurren barnealdetik zabaltzen dira. Aire-zakuek, gorputzeko gehiegizko beroa gutxitzen dute hozgarri moduan jokatuz. Gainera, ez dute odol-hodirik eta, beraz, odolarekin gas-trukea ez da bertan gertatzen, biriketan baizik.[51][52]
Hegaztien birikek, albeoloak izan beharrean, parabronkio izeneko paraleloki kokatutako hodiak dituzte. Parabronkioek, hematosia burutzeko kapilarrak dituzte eta bertan, arnasgoran eta arnasbeheran gas-trukea ematen da.[52]
Bestalde, hegaztien biriken efizientzia, beste animalia batzuekin alderatuta, askoz handiagoa da; izan ere, aire-fluxua norabide bakarrekoa da eta ez da aire-hondakinik geratzen. Arnastutako airea, trakeatik bronkioetara garraiatzen da eta, gero, bronkioetatik biriketan dauden parabronkioetara. Aipatzekoa da bronkioetan, hegaztien kantua ahalbidetzen duen siringe izeneko organoa dagoela.[52]
Narrasti guztiek birikak erabiltzen dituzte arnasketarako. Biriketan, trenkadak dituzte, gas-trukerako azalera handiagoa, eta eraginkortasun handiagoa ematen dizkiotenak. Tuatara, suge eta hainbat sugandiletan, birikek egitura sinpleagoa dute, ohiko anfibioek duten egituraren antzekoa.[53]
Sugeek eta gorputz-adarrik gabeko sugandilek eskuineko birika baino ez dute izaten, ezkerrekoa murriztuta edo desagertua egoten baita. Beste zenbait anfibiok, aldiz, ezkerreko birika izaten dute garatuta eta eskuinekoa murriztuta.[53]
Krokodiloek eta zenbait sugandilek hegaztien antzeko birikak garatu dituzte, aire-zakuak eta aire-fluxu aldebakarrekoa dituztenak.[54] Dortokek, adibidez, arnasketarako birikak erabiltzeaz gain, kloakaren bidez, uretan disolbatuta dagoen oxigenoa har dezakete.[53]
Anfibioek, larruazal edota biriken bidez egiten dute gas-trukea. Bi birika dituzte, baina oso txikiak dira eta ez dira oso eraginkorrak. Anfibioek duten eskaera metabolikoa txikia da eta larruazalaren bidez erraztasunez eskura dezakete karbono dioxidoa nahiz oxigenoa. Anfibioek positiboa den presio sistema erabiltzen dute airea biriketara bideratzeko. Hau beste ornodun batzuekiko bereizgarria da; izan ere, goiko mailetan dauden ornodunek negatiboa den presio sistema erabiltzen dute arnasketa burutzeko.[55] Anfibioek burutzen duten aho-ponpaketan, ahoaren beheko atala beheratu egiten da eta aho-barrunbea airez betetzen da. Ondoren, eztarriko muskuluek presioa egiten dute burezurraren beheko aldearen aurka eta horri esker, airea biriketara bideratzen da.[56]
Arrabio gehienak birika gabekoak dira eta beraien larruazalaren bidez arnasten dute. Honek beraien tamaina mugatzen du, tamaina txikia dute eta filiformeak dira; hau da, hari itxurakoak. Bi ezaugarri horiei esker, larruazalaren azalera maximizatzea lortzen da.[57]
Anfibioen birikek septu edo trenkada izeneko hainbat barne-pareta estu izaten dituzte, ehun leunez inguratuta daudenak. Horiei esker ,arnas azalera emendatzea lortzen da eta birikei abaraska edo ezti-orraze itxura ematen diete.[53]
Arrain pulmonatuek, anfibioek bezala, larruazal edota biriken bidez egiten dute gas-trukea. Zenbait arrain pulmonatuk birika bakarra izaten dute, baina beste batzuek bi birika izaten dituzte. Birika horiek gorputzaren goiko aldean kokatzen dira, baina uste da birikak jatorriz gorputzaren alde bentralean garatu zirela beste ornodun batzuetan bezala.[53]
Zenbait ornogabek arnasketarako biriken antzeko egiturak dituzte, baina egitura horiek eboluzio aldetik, ez dute ornodunen birikekin harremanik. Armiarma eta eskorpioi bezalako zenbait araknidok, gas-trukaketarako liburu-birika izeneko egiturak dituzte. Zenbait armiarma espeziek lau liburu-birika pare izaten dituzten, baina gehienek bi pare izaten dituzte.[58] Eskorpioiek espirakuluak izaten dituzte gorputzaren inguruan, aire sarrera ahalbidetzeko.[59]
Koko frutako karramarroak birika brankiostegalak erabiltzen ditu arnasketarako.[60] Aipatutako karramarroak, lehortarrak dira eta ezin dute igeri egin. Hala ere, lurrean arnastu dezakete eta ur azpian arnasarik hartu gabe egon daitezke.[61] Birika brankiostegalak bizimodu akuatikotik bizimodu lehortarrerako aldaketari aurre egiteko garatu dira.[61]
Pulmonatuak, lur barraskiloak eta bareak dira, eta birika sinpleak izateaz gain, pneumostoma izeneko zuloa daukate eta honi esker, atmosferako airea eskuratzen dute birika barrunbera bideratzeko.[62][63]
Gaur egungo lehorreko ornodunen birikak eta arrainen aire puxikak, zaku sinpleetatik abiatuta sortu zirela uste da.[64] Egitura horiek, lehenik eta behin, arrain hezurdunetan garatu ziren. Hegal erradialak dituzten arrainetan, zakuak aire puxika itxietatik abiatuta eboluzionatu ziren, beste zenbait arrain espezietan (amuarraina, karpa, aingira), berriz, egitura ireki gisa mantendu dira.[64] Bestetik, hegats lobulatuak zituzten arrainetatik abiatuta tetrapodo lehortarrak sortu ziren. Hortaz, ornodunen birikak arrainen gas puxiken homologoak dira, baina ez arrainen brankien homologoak.[65]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.