From Wikipedia, the free encyclopedia
Benito Amilcare Andrea Mussolini (Dovia di Predappio, Forlì-Cesenako probintzia, Emilia-Romagna, 1883ko uztailaren 29a - Giulino di Mezzegra, Comoko probintzia, Lombardia, 1945eko apirilaren 28an) italiar politikari, kazetari, eta Alderdi Nazional Faxistaren burua izan zen. 1922-1943 bitartean Italiako Erresumako lehen ministroa izan zen.
Benito Amilcare Andrea Mussolini, Duce ezizenaz ezaguna, 1883ko uztailaren 29an jaio zen. Aita Alessandro Mussolini lider sozialista ezaguna zen; Rosa Maltoni ama, aldiz, kontserbadoreagoa.
Dovian hasi zituen ikasketak, baina zenbait arazo eta liskarren ondorioz askotan aldatu behar izan zuen ikastetxez. Hala, Forlimpopolin ikasten ari zela, sozialismora hurbiltzen hasi zen eta Italiako Alderdi Sozialistara aurkeztu zuen bere burua. 1902an Suitzara ihes egin zuen soldaduskara joan behar ez izateko eta han zela herririk herri eta lanez lan ibili zen bizi irauteko. Suitzan bi aldiz atxilotu zuten. 1904an Italiara itzuli eta soldaduska egitera joan zen. Ondoren, irakasle lanetan aritu zen, baina ez zuen bere militantzia kutsu hori atzean utzi eta berriz ere espetxeratua izan zen zenbait aldiz. Hurrengo urteetan zenbait aldizkaritan lanean jardun eta sozialismoari buruz zuen ezagutza zabaltzeari ekin zion. Urte haietan, berriz ere, pare bat aldiz atxilotua izan zen. 1900. urtean Alderdi Sozialistan sartu zen, eta 1912an Avanti! alderdi sozialistaren aldizkari ofizialaren zuzendari izendatu zuten.
1914an Lehen Mundu Gerra piztu zen eta hasiera batean, Italiak gerran neutral agertu behar zuela defendatzen bazuen ere, urte berean iritziz aldatu eta hala adierazi zuen publikoki Avanti!-n argitaratutako artikulu batean. Horren ondorioz, haren zuzendaritzatik apartatu eta Alderdi Sozialistatik kanporatu zuten.[1][2] Gerora, Il Popolo d’Italia izena zuen egunkari ultranazionalista sortu zuen.
1915ean frontera joan zen; gerra merituen ondorioz mailaz igo zuten eta 1917an Italiara itzuli zen gerran zauritua izan ostean. Mussolini gerratik pasa ondoren, Il Popolo d’Italiaren joera nazionalista eta inperialista hazi egin zen. Gerra amaitu eta gero, Mussolinik Italiak Versallesko Itunarekiko zituen desadostasunak aprobetxatu zituen, italiarrak bere alde jartzeko.[3]
1919an, Fasci Italiani di Combattimento sortu zituen, 1921ean eratu zen Alderdi Nazional Faxistaren oinarri izan zirenak. Mussolinik poliki-poliki botere nabaria bereganatu zuen. Hala, Italia krisi ekonomiko eta politiko latzean sartuta zegoenez, sektore kontserbadoreak haren alde jarri ziren.
Gerraosteko italiar suminari probetxu ateraz, 1922ko urrian Erromarako Martxa antolatu zuen milaka Alkandora beltzekin, terrorismo anarkistaren biktimen omenez eta horrela, bere burua komunista eta sozialisten aurkakotzat aurkeztu ahal izan zuen.
Egun batzuk geroago, Viktor Emanuel III.a erregeak gobernua antolatzeko agindua eman zion. Antzinako Erromako buruzagi militarren antzera, duce (latinez: dux, «gidaria») titulua hartu zuen eta legez kanpo utzi zituen alderdi eta sindikatu ez faxista guztiak eta indarrik gabe prentsa askatasuna. 1925ean eman zion hasiera erregimen faxistaren diktadurari.
1925 eta 1929 urteen tartean diktadura faxistaren oinarria ezarri zen eta ondorengo urteetan ildo beretik segitu zuen Italiak. 1935-1940 urteean kanpo politika oldarkor bati ekin zioten eta zenbait liskar izan zituzten, horien artean, Etiopia eta Albania inbaditu zituen, eta Espainiako Gerra Zibilean Francori laguntza eman zion.
1940an, Bigarren Mundu Gerran, Hitlerren alde jarri zen. Gerran Italiak izan zituen hondamendi militarren ondorioz, Kontseilu Faxista Nagusiak atxilotu egin zuen 1943an. Mussolini kargutik kendu eta haren ordez Pietro Badoglio ezarri zuten.[4] Atxilotuta Maddalena uhartera eraman zuten; bertan bere buruaz beste egiten saiatu zen, aliatuen esku jar ez zezaten, baina SSetako komando batek askatu zuen. Italiako iparraldean Saloko Errepublika faxista aldarrikatu zuen, eta zapalkuntza latza bideratu zuen. Aliatuak Italian barrena aurrera zihoazela eta, alemaniarren babesa galdu zuenean, Suitzara ihes egin nahi izan zuen, baina Italiako erresistentziako talde batek atxilotu eta, Clara Petacci neska-lagunarekin batera, fusilatu zuen, 1945eko apirilaren 28an.
Mussolini boterera iritsi baino lehen ere, Italiak Mediterraneoan eta Balkanetan zuen eragina hedatu nahi zuen, eta Afrikan inperio kolonial bat sortu. Gainera, 1919-1920ko Parisko Bake Konferentziak (Italian "garaipen mutilatu" izenaz ezaguna) eragindako etsipenak berekin ekarri zuen italiar errebisionismoa.
Mussolinik helburu horiek suspertu egin zituen eta kanpo-politika oportunista bultzatu, Italia potentzia bilakatzeko helburuaz. 1920tik 1930era bitartean, Saint-Germaineko Ituna eta Balkanen gaineko politika berraztertzen saiatu zen, baina apenas sortu zuen emaitzarik, Fiume okupatzea (1924) eta Albaniarekin adiskidetasun-itun bat sinatzea (1926) izan ezik (itun horrek Italiaren estatu satelite bilakatu zuen Albania).
1930eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Mussolinik joera argiro espantsionista hartu zuen, eta Alemaniarekin aliantza bat egin zuen. 1935-1936an, italiar tropek Etiopia inbaditu zuten. Nazioen Elkarteak konkista hura gaitzetsi egin zuen. Erresuma Batua eta Frantzia Mussolinirengandik urruntzen joan ziren, eta italiar agintaria Hitlerrengana hurbiltzen hasi. Italiaren eta Alemaniaren arteko harremana estutu egin zen, Espainiako Gerra Zibilean partu hartuta, Erroma-Berlin Ardatza sortu zutenean (1936).
"Botere betearazlearen agintari gorena da: bere ministroak aukeratzen ditu, eta ministro horiek erantzukizuna dute bai erregearen aurrean, bai bere aurrean; hark erabakitzen du zenbat ministerio izango diren, eta bere gain har ditzake hainbat ministerio; errege-familiako kideen tutoretzako kontseiluan parte hartzen du eta koroaren txanbelan funtzioa betetzen du; ganberek ezin dute inolako gairik eztabaidatu, hark aldez aurretik baimenik ematen ez badu; bi ganberetako batek lege-proiekturen bat baztertzen badu, berriro aurkez dezake hiru hilabeteko epea igaro ostean (...). Inork gobernuburuaren bizitzaren, osotasun fisikoaren edota askatasunaren aurka egiten badu, gutxienez hamabost urteko espetxe-zigorra izango du; eta atentatua hilgarria bada, heriotza-zigorra ezarriko zaio. Inork gobernuburua iraintzen badu, bai hitzez, bai ekintzez, sei eta hogeita hamar hilabete bitarteko espetxe-zigorra izango du."
1925eko abenduaren 24ko legea.
“Duce” da Benito Mussolini lider faxistak erabili zuen ezizen propagandistikoa politika italiarrean 1925etik 1945era parte hartu zuen bitartean.
Terminoa latin klasikoko dux hitzetik dator. Duco (gidatu) aditza jatorri duen dux hitzak jeneralaren maila militarrari egiten zion erreferentzia. Historian zehar elea behin baino gehiagotan erabili izan da zenbait pertsonaiari erreferentzia egiteko, besteak beste, Benito Mussolini. Lehen Mundu Gerran terminoa egunerokotasuneko hizkeran erabat onartuta zegoen eta askotan erabili izan zen propaganda periodistiko gisa. Mussolini jada ezaguna izanik, askotan egin zitzaion erreferentzia aldizkarietan ezizen harekin.
Alderdi faxistaren sorrerakin, terminoa mugimendu horren lider Benito Mussoliniri erreferentzia egiteko hasi zen erabiltzen soilik. Hala, duce eta dux terminoak askotan ageri ziren propaganda faxistan. Mussolini boterean jardun zen bitartean, haren karguari erreferentzia egiteko izena Duce izan zen, baina kargua utzi ostean, hala ere, Duce izenaz ezaguna izaten segitu zuen, 1945ean fusilatu zuten arte.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.