From Wikipedia, the free encyclopedia
Yes rock progresiboko talde bat da, Londresen 1968an sortua. 1970eko hamarkadan nazioarteko ospea lortu zuen, generoko zutabeetako bat bilakatuz, Rush, Pink Floyd, Camel, Genesis, King Crimson eta Emerson, Lake & Palmer taldeekin batera.
Yes | |
---|---|
Yes 1977ko emanaldi batean. Ezkerretik eskubira: Steve Howe, Alan White, Jon Anderson, Chris Squire, Rick Wakeman | |
Datuak | |
Jatorria | Londres, Ingalaterra |
Musika mota | Art rocka Rock progresiboa |
Urteak | 1968-1981 1983-2004 2008-gaur egun |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Atlantic Atco Arista Victory Sanctuary Eagle Frontiers |
Taldekideak | |
Steve Howe Alan White Geoff Downes Billy Sherwood Jon Davison | |
Lehengo taldekideak | |
Jon Anderson Chris Squire Peter Banks Bill Bruford Tony Kaye Tony O'Reilly Rick Wakeman Patrick Moraz Trevor Horn Trevor Rabin Eddie Jobson Igor Khoroshev Oliver Wakeman Benoît David | |
Sariak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Nominazioak | ikusi
|
Informazio gehigarria | |
www.yesworld.com | |
Hastapenetan, The Beatles, The Who, The Moody Blues edo Crosby, Stills, Nash and Young bezalako taldeen eragina jaso zuten, baina berehala eboluzionatu zuten oso berea bihurtuko zen estilo baterantz, armonia konplexu eta arranditsuekin, jazza eta musika klasikoko elementuen fusioarekin, abesti melodikoekin eta Jon Anderson kantariak idatzitako hitz misteriotsu, esoteriko, oniriko eta poetikoekin.
Genesis taldearen aldean gogorragoak eta ez hain teatralak, baina Rush edo Jethro Tull baino progresiboagoak, Yesek Erresuma Batuko rock progresiboaren historian eragin nabarmena izango zuen The Yes Album, Fragile, Close to the Edge eta Relayer bezalako klasikoekin.
Warriors izeneko talde batean abesten ibili eta 1968an Hans Christian ezizenarekin single bat argitara eman ondoren, Jon Anderson (ahotsa) eta Chris Squire (baxua) ezagutzen dira Londresko Sohoko La Chasse klubean. Squire abanguardia elektroniko eta psikodelikoan aitzindari izan zen The Syn izeneko talde batean ibilia zen. Bandaren lehen osaketa Peter Banks (gitarra), Bill Bruford (bateria) eta Tony Kaye (teklatuak) elkartzen zaizkienean emango da. Talde sortu berriak Shaftesbury Avenueko Lucky Horseshoe kafearen sotoan egingo ditu lehen entseguak ekainaren 10a eta uztailaren 9a bitartean.
Taldeari izena jartzerakoan, Andersonek “Life” proposatu zuen eta Squirek “World”; azkenean Banksek iradokitako “Yes” izan zen adostu zutena. Izen horrekin eman zuten lehen kontzertua 1968ko abuztuaren 4an izan zen, Ingalaterrako Essex konderriko East Mersea hirian, gazteentzako udako kanpaleku batean. Irailaren 16an Londresko Blaise’s klubean jo zuten, Sly and the Family Stone taldearen ordezko modura, hauek ez baitziren azaldu kontzertura. Azaroaren 26an, berriz, Londresko Royal Albert Hall aretoan aritu ziren Cream taldearen agurreko kontzertuan.
1969an lehen diskoa grabatzen dute, Yes izenarekin. Salmenta onak izan ez zituen arren, kritika espezializatuaren babesa izan zuen eta Melody Maker aldizkariak urteko errebelazio-taldea izendatu zuen. Lan honetan kideengan eragina izan zuten taldeen bertsio oso finak egiteaz gain, eurek konposatutako abestiak ere bazeuden, zeinak estilo komertzial eta melodikoa izan arren, moldaketetan eta erritmo aldaketetan somatzen zen jazzaren eta musika klasikoaren eragina.
Taldearen bigarren lana Time and a Word izena eramango du, eta 1970ean irtengo da. Disko honek aurrekoaren estilo melodiko eta instrumentala jarraitzen du, baina oraingoan ganbera-orkestra bat sartzen dute, Igor Stravinsky konposatzailearen eragin nabarmenarekin. Orkestra txertatzeak gitarra elektrikoen protagonismoa apaltzea ekarri zuen, Peter Banks gitarra-jotzailearen haserrea eraginez. Honi gehituta gainontzeko taldekideak ez zeudela gustura bere lanarekin, ekarri zuen hark taldea uztea.
The Nice edo Jethro Tull taldeetan jotzeko eskaintzak jaso eta gero, Tomorrow banda psikodelikoko gitarra-jotzaile ohia Steve Howek baiezkoa ematen dio Yes taldean aritzeko proposamenari. Diskoaren edizio amerikarrean akats bat egon zen eta Howe ere azaleko argazkian azaltzen zen, nahiz eta grabazioan parte ez hartu.
Howeren debuta taldearen grabazioetan hirugarren albumarekin etorri zen, 1971n argitaratu zen The Yes Album diskoarekin. Jon Andersonen kontratenor ahots bikainak eta gainontzeko taldekideek moldaketa konplexuetan eginiko lan onak, kalitate maila altuko emaitza eman zuen. Izan ere, Steve Howeren talentu sortzaileak eta gitarrarekin zuen gaitasunak, dimentsio kromatiko berri bat eman zion taldearen musikari. Starship Trooper, I've Seen All Good People edo konplexuagoak eta progresiboagoak diren Yours is no Disgrace eta Perpetual Change bezalako abestiekin, album honek nazioarteko ospea eman zion taldeari, eta hortik aurrera bere kontzertu guztietan eskatuko zituzten ikusleek.
The Yes Album 7. postura iritsi zen Erresuma Batuko zerrendetan eta 40.era AEBetakoetan. 1971ko udaberrian bira egiten dute Europan zehar, Iron Butterfly taldearekin batera (bira bukatu ondoren, taldeak bere soinu ekipoa erosi zuen). Ekainean lehen kontzertua emango dute Amerikan, Edmont hirian, (Alberta, Kanada), eta bi egun beranduago Seattlen, AEBetan. Azaroan bandak hasiera ematen dio bigarren bira amerikarrari Los Angeleseko Whisky A Go Go klubean.
The Yes Album diskoaren zuzeneko aurkezpenetan, Tony Kaye eta gainontzeko taldekideen arteko tentsioak gora egin zuen. Alde batetik, Jon Andersonek eta Chris Squirek bultzada bat gehiago eman nahi zioten taldearen garapen musikalari. Bestetik, bazirudien Kayek ez zuela ez jarrerarik, ez gaitasunik grabazio estudioan sortutako konposizio konplexuak jotzeko. Gainera, Hammond organoaren soinu klasikoari heldu zion eta ez zuen interesik garai hartan modernoak ziren sintetizadoreak erabiltzeko, ezta ere pretentsio handiagoko musika sortzeko. Honi guztiari gehituta taldearekiko azaltzen zuen axolagabekeria gero eta handiagoak, taldetik kaleratua izatea ekarri zuen. Bien bitartean, Anderson eta Squire formakuntza klasikoa zuen Rick Wakeman teklistarengana jo zuten eta baita konbentzitu ere taldera batu zedin. Geroago, honela azalduko zuen Wakemanek bandan sartzera bultzatu zuena: “Liluratuta geratu nintzen egin zitekeenarekin”.
Gauzak horrela, 1971ko udazkenean Rick Wakemanek bat egiten du Yes taldearekin, estilo nabarmenki arranditsuagoa erantsiz, Tony Kayeren lan apalarekin alderatuta. Hau izan zen, azken finean, taldearen soinu klasikoa sortzea ahalbideratu zuen azken elementua. Eta soinu berri honen debuta urte horretako azaroaren 26an kaleratuko zen Fragile diskoan eman zen. Albumak Roundabout, Long Distance Runaround, South Side Of The Sky eta Heart Of The Sunrise bezalako abestiak zituen. Azken honek Gustav Holst konposatzaile klasiko ingelesaren The Planets suitearen eragin nabarmena du. Fragile diskoak, taldekide guztien artean egindako abestiak edukitzeaz gain, kide bakoitzak bere aldetik konposatutako pieza txikiak ere biltzen zituen, euren birtuosismoa, etorria eta sormena frogatuz, hainbat estilo eta motibo musikal nahasiz. Albumak 4. postua lortuko du AEBetan eta 7.a Erresuma Batuan. Diskoko lehen abestia, Roundabout, Steve Howe eta Jon Andersonen artean idatzia, 13. postura iritsiko da zerrenda estatubatuarretan.
Urte berean eta taldekide berekin aterako zuten hurrengo diskoa: Close to the Edge. Hermann Hesse Nobel saridun alemaniarraren obran inspiratuta, eta Roger Dean arkitekto eta diseinatzaile britainiar gaztearen arte grafikoarekin, diskoak 70eko hamarkadako rock britainiarrean funtsezkoak bilakatuko ziren hiru abesti zituen: 20 minutuko iraupeneko eta lau sekziotan banatutako izen bereko pieza, And You And I izenekoa, irrati bidez zabaltzeko itxura melodikoagoa, “errazagoa” zuena eta Siberian Khatru, nahitaezkoa izango zena zuzeneko emanaldietan 1979a arte.
Close to the Edge grabatu ondoren, Bill Bruford, nekatuta Squirerekin zituen tirabirez (nonbait, asko haserretzen zuen honen puntualtasun ezak), Jon Andersonen presioa eta nagusikeria eta jazzarekiko eta musika esperimentalarekiko zuen zaletasunak bultzatuta, taldetik joan eta King Crimsonekin hastea erabaki zuen.
Jarraian, Atlantic Records diskoetxeak taldearen lehen zuzeneko diskoa kaleratu zuen, Yessongs izenekoa, hiru LPz osatutako albuma, Fragile eta Close to the Edge promozionatzeko biretatik hartutako materialarekin egindakoa. Horrela, Bill Bruforden bateria bi abestitan entzuten da, Fragileren birari dagozkionak, hain zuzen, eta gainontzekoetan Alan White da bateria-jotzailea, eta hala jarraituko du izaten gaur egun arte.
1973an, taldeak lan berri bat kaleratzen du, Tales from Topographic Oceans, oraingoan bikoitza eta kontzeptuala, batik bat Jon Andersonek eta Steve Howek konposatutako abestiz osatua. Lan hau ere obra literario batean dago inspiratuta, Paramahansa Yogananda idazle indiarraren Yogi baten autobiografia liburuan, hain zuzen ere. 20 minutu inguruko lau piezaz osatua zegoen diskoa, zati melodikoak eta instrumental konplexuak nahasten zirelarik, taldekideen birtuosismoa nabarmen adieraziz. Behar bada, Tales From Topographic Oceans da bandaren anbizio handieneko obra, baina ez zuen harrera onik izan kritikaren aldetik, lan handinahi eta kohesio gutxikoa izatea egotzi baizitzaion. Komunikabide espezializatuetatik etorritako kritikez gain, lehen arrakalak azaltzen dira Rick Wakeman eta gainontzeko kideen artean. Wakeman ez zegoen batere gustura diskoaren musika minimalistarekin, ezta ere birarako aukeratutako abestien zerrendarekin. Halaber, taldekideek hartua zuten izaera bitxia eta mistikoa ez zuen batere gogoko. Horrela adierazi zuen: “Ezinezkoa duzu jotzea ulertzen ez duzuna, eta nik ez nuen deus ere ulertzen disko horretan”. Sonatua egin zen pasarte hura, zeinetan kontzertuaren erdian zeudelarik, Wakemanek indiar janaria eskatu eta jaten hasi zela agertokiaren erdian, ikusleen farreak eta taldekideen harridura eraginez. Gauzak horrela, bira amaitu eta gutxira, taldea utzi zuen eta bakarkako ibilbideari eman zion hasiera. Ondoren, Journey to the Center of the Earth diskoa grabatuko zuen, Jules Verne idazle frantziarraren Lurraren bihotzeraino liburuan inspiratuta eta orkestra sinfonikoa eta musikari-zerrenda bikain batez lagunduta. Era berean, Black Sabbath taldearen 1973ko Sabbath Bloody Sabbath diskoan parte hartu zuen, bai grabazioan, baita biran ere.
Wakemanek alde egin eta gero, bere ordezko izateko hainbat teklista izan zituen kontuan taldeak: Roxy Music taldeko Eddie Jobson, Aphrodite's Child taldean ibilitako Vangelis (Andersonek kolaboratu zuen bere bakarkako hirugarren diskoan, Heaven and Hell izenekoan) edo Jean Roussel, Cat Stevensen bandan aritua. Azkenean, jazzeko formakuntza zuen teklatu-jotzaile suitzarra Patrick Moraz izan zen aukeratua. Moraz buru-belarri sartuko da 1974an aterako den eta Relayer izena eramango duen taldearen hurrengo diskoaren sormen prozesuan, bere estilo aske eta dinamikoa, jazzaren eta fusioaren eraginpekoa, emanez. Horrela, zaletuen eta publiko orokorraren errespetua eta miresmena irabaztea lortzen du, teklatuekin eta taldekideen jardunarekin adierazten duen moldakortasunagatik.
Relayer da 70eko hamarkadan Roger Dean diseinatzaile grafiko ingelesarekin atera zuten azken diskoa, aurreko bi albumen ildo kontzeptualari jarraitzen diolarik. Hiru abestiz osatua dago, horietako bat The Gates of Delirium hogei minutuko suitea. Tales form Topographic Oceans diskoak ez bezala, honek kontzeptu zuzenago eta astunagoa proposatzen du; modu horretan, gertuago dago Close To The Edgetik taldearen beste edozein albumetik baino.
Relayer diskoaren aurkezpen bira arrakastatsuaren ondoren, taldeak urtebeteko atsedena hartzea erabakitzen du, kide bakoitzak baliatuko duena bere bakarkako ibilbidea abiatzeko. Horrela, Jon Andersonek bere debuta egingo du bakarlari modura Olias Of Sunhillow diskoarekin. Bestalde, Chris Squirek, besteak beste Yeseko taldekide Bill Bruford eta Patrick Morazen laguntzarekin, Fish out of Water kaleratzen du. Era berean, Steve Howek bere bakarkako ibilbide oparoko lehen albuma emango du argitara, Beginnings. Halaber, Patrick Morazek ere gauza bera egingo du The Story of I publikatuz. Azkenik, Alan Whitek Ramshackled kaleratuko du.
1976. urtean, banda berriro elkartzen da bira luze bati ekiteko AEB eta Europan zehar, Yes Solos izenekoa. Kide bakoitzak bere aldetik ateratako lanak aurkeztuko dituzte, taldearen errepertorio klasikoarekin txandakatuz.
Yes Solos bira bukatu ondoren, 1977an taldea prest zegoen hurrengo diskoa grabatzeko. Patrick Morazek, ustez legedi ingelesarekin zituen zerga arazoak zirela medio, banda uzten du eta Rick Wakeman itzultzen da. Gauzak horrela, taldea Montreuxera erretiratzen da, Léman aintziraren alboan, Suitzan, Alpeetako leku idiliko batean. Emaitza Going for the One (1977) izan zen. Diskoak bost abesti ditu, eta taldearen estilo instrumental eta progresiboari uko egin gabe, kementsuagoa eta irisgarriagoa da aurreko albumen konplexutasunarekin alderatzen badugu. Steve Howeren gitarra akustiko eta elektrikoetatik ateratako melodia eta konbinazio erritmikoak konplexutasun maila oso altua dute. Wakemanek, soinuari orientazio klasiko nabarmena emanez, ez bakarrik sintetizadore modernoak, baizik eta pianoak, klabikordioak eta elizako organo bat ere erabiliko ditu. Wonderous Stories izango da albuma promozionatzeko erabiliko duten singlea, eta 10. posturaino iritsiko da.
Disko berria non grabatu behar zutela eta, tirabira batzuren ondoren (Rick Suitzan bizi zen, eta Jonek eta Alanek han grabatu nahi zuten, aurreko diskoaren mistika berpiztu asmoz; bestalde, Stevek eta Chrisek nahiago zuten bira hain luzearen ondoren Ingalaterran jarraitu) 1978an, taldearen formazio bera mantenduz, Londresen grabatzen dute hurrengo lana. Tormato irailaren 20an kaleratuko da, Hipgnosis diseinatzaile taldearen azal bitxiarekin: mago baten gorputza, tomate bat bota zaiolarik (esan ohi da Rick Wakemanek benetan bota ziola tomatea irudiari). Diskoa azkar igo zen zerrendetan, eta AEBetan 10. postura iritsi zen. Halaber, arrakasta handia izan zuten Don't Kill the Whale eta Madrigal singleek. Onward, On the Silent Wings of Freadom abestiak edo Future Time – Rejoice eta Release, Release progresiboak garaian ez ziren hainbeste baloratu, baina denborarekin preziatu ziren eta 80. hamarkadako hainbat talderengan eragin nabarmena izango zuten.
Taldea Tormato albumarekin ase gabe gelditu arren, ordurako Yes rock progresiboko itzal handiko banda zen, estadioak betetzen zituena. Horrela, nahiz eta Punkaren, New Waveren eta Disco musikaren gorakada indartsua izan, euren emanaldiek ikusmin itzela sortzen jarraitzen zuten prentsa eta publikoaren artean.
Tormatoren bira arrakastatsua bukatu ondoren (1978-1979), taldekideak Roy Thomas Baker produktorearekin (ezaguna Queen taldearekin egindako lanagatik) biltzen dira Parisen taldearen hurrengo albuma izango zena grabatzeko. Paris leku perfektua zela zirudien, erdibidean Rick Wakemanen bizilekua zen Suitza eta gainontzeko kideak bizi ziren Londresen artean; Erresuma Batuko zerga-ordainketa zorrotzetik ihes egin ahal izateaz gain. Baker aukeratzea produktore gisa diskoetxearen estrategia izan zen, zerrendetan arrakasta komertzial bat lortzeko asmoarekin. Jon Anderson eta Rick Wakeman saiatu ziren taldearen soinu progresiboa New Age musikara bideratzen. Alabaina, beste hiru kideren desadostasuna nabarmena zen. Honi gehituta nekea eta musika-joera berrien aurrean erantzun egokia emateko presioa, hasi ziren sortzen etengabeko tirabirak euren artean. Azkenean, Alan Whiten istripu baten ondorioz, bandak grabazioak eten eta atseden hartzea erabakitzen du. Deskantsu hori baliatuz, Chris Squire, Steve Howe, eta Alan White zauritua Londresera itzultzen dira, Jon Anderson eta Rick Wakeman Frantzian geratzen direlarik hainbat proiektu pertsonaletan murgiltzeko.
Diskoetxearen presioak zirela eta, Baker produktoreak Squire, Howe eta White konbentzitzen ditu entseatzen jarraitzeko Londresko ABBA taldearen Town House estudioetan. Entsegu hauetatik irteten diren abestiak rock astunago batera hurbiltzen dira; hori ikusita, Andersonek eta Wakemanek uko egiten diote taldearekin bat egiteko Bakerek egindako proposamenari.
Garai honetan, Town House estudioetako entseguetan, Chris Squirek Trevor Horn eta Geoffrey Downes, The Buggles taldeko kideak, ezagutzen ditu. Hauek, MTV jaio berriaren promozioaren laguntzarekin, izugarrizko arrakasta izan zuten Video Killed the Radio Star abestiarekin, eta gainera Yes taldearen jarraitzaile sutsuak ziren nerabezarotik. Gauzak horrela, pozik hartzen dute Squire, Howe eta Whiteren gonbidapena hauekin entseguetan parte har dezaten. Eta kontua ez da hor geratzen; hainbat saioren ondoren, Anderson eta Wakeman ordezkatzea eskaintzen diete. Horrela, jarraitzaileen eta kritikarien (eta Anderson eta Wakeman beraien) harridurarako, 1980ko abuztuan Drama albuma kaleratzen dute. Diskoak soinu fresko, moderno eta abangoardistagoa zuen eta nabaritzen zen bandaren rock progresibo klasikoa eta laurogeiko hamarkadako rockaren joera berrien soinu elektronikoa eta astunagoa elkartzeko ahalegina.
Albumak izugarrizko arrakasta izan arren (bigarrena salmentetan Erresuma Batuan eta urrezko diskoa AEBetan), publikoak ez zituen batere ondo hartu aldaketak, ohituta baitzegoen errepertorio klasikora eta Jon Andersonen ahots berezira. Kritika ere oso gogorra izan zen taldearekin. Ingalaterran programatuta zeukaten bira bukatu ondoren, Trevor Horn abeslariak taldea uztea erabakitzen du. Gainontzeko kideak, etsita eta akituta bira nekagarria eta publikoaren harrera txarragatik, taldea desegitea erabakitzen dute.
Bien bitartean, urte berean diskoetxeak zuzeneko abestiekin Yesshows albuma kaleratzen du, Relayer (1976), Going For The One (1977) eta Tormato (1978-1979) biretatik hautatutako abestiekin. Halaber, 1981ean abesti arrakastatsuen bilduma bat ere argitara ematen du, Classic Yes izenarekin.
Trevor Horn hasten da beste artista batzuren lanen produkzioan; horrela, Tina Turner, Pet Shop Boys, Simple Minds, Seal edo Whitney Houston bezalako artisten diskoen produkzioan parte hartuko du, musika industriako produktore arrakastatsuenetako bat izatera heltzen delarik. Aldi berean, Art Of Noise proiektuan musikari modura ibiliko da, eta baita Frankie Goes to Hollywood taldean produktore eta bigarren ahots bezala.
Bere aldetik, Steve Howe eta Geoffrey Downes elkartzen dira John Wetton baxu-jotzailea (King Crimson, Roxy Music eta UK taldeetan ibilitakoa) eta Carl Palmer bateria-jotzailearekin (Atomic Rooster eta Emerson, Lake & Palmer taldeetan aritutakoa) eta Asia taldea sortzen dute. Lehen diskoa, Asia izenarekin, 1982an kaleratuko dute, Heat of the Moment singlearen ustekabeko eta izugarrizko arrakastarekin. Diskoetxeak presioa egiten die beste disko bat ateratzeko eta 1983an Alpha kaleratuko dute. Hirugarren diskoaren grabazio lanetan ari zirela, Howe eta Wettonen artean tirabirak sortzen dira eta azken honek alde egiten du, grabazioa airean utziz. Howek Greg Lake (King Crimson eta Emerson, Lake & Palmer taldeetan aritua) deitzen du, baina bere ahotsa ez zen egokitzen taldearen abestietara. Azkenean, diskoetxeak exijitzen du Wettonen itzulera, baina honek baldintza bezala jartzen duenez Howe ez egotea, honek taldea uzten du. Horrela, Mandy Meyer gitarra-jotzailearekin, Asiak hirugarren diskoa kaleratzen du, Astra (1985), gertuago techno popetik, rock progresibotik baino. Albumak harrera epela izan zuen publikoaren aldetik, eta handik gutxira taldea desegin zen.
Bestalde, Squire eta White Jimmy Page, Led Zeppelin taldeko gitarra-jotzaile ohiarekin elkartzen dira XYZ izeneko proiekturako eta hainbat saio demo batean grabatuta geratzen dira. Dena den, 1981 urtearen amaieran Chris Squire eta Alan White, jada Jimmy Page gabe, gabonetako single itsaskor bat argitaratzea lortzen dute, aurreratuz nolabait geroago beren lanek izango zuten jitea.
1982an, Chris Squire eta Alan White harremanetan jartzen dira Trevor Rabin Hegoafrikako gitarra-jotzaile gaztearekin Cinema proiektua abian jartzeko, proiektu melodikoagoa, elektronikoagoa eta astunagoa, aurreko lanetik alderatuz gero. Dena den, oraindik teklatu-jotzaile eta diskoetxerik gabe, Chris Squirek Jon Anderson gonbidatzen du hirukoteak sortutako abestiak entzutera, horietako pare batean abesten parte hartzeko aukera emanez. Behin Jon Anderson estudioan sartuta, berehala sortzen da Yes berrantolatzeko ideia, eta 1983ko azaroan 90125 albuma argitaratuko dute, Atlantic zigiluarekin eta Trevor Horn produkzio lanetan. Ez hain progresiboa eta errazagoa publiko orokorrarentzat, diskoak lortu zuen bateratzea musikarien talentua eta birtuosismoa, Trevor Rabinen izaera modernoa eta sorkuntzarako intuizioa eta Trevor Horn produktorearen ikuspegi komertziala eta bere eskarmentua musika elektronikoan. Diskoa kaleratu ondoren hasitako biran grabatuko zen 9012Live, Steven Soderbergh zine zuzendariak egindako filma.
90125 albumaren arrakastak eman zien 1984an abesti instrumental onenaren Grammy Saria, Cinema abestiari esker. Halaber, birak ahalbidetu zien Latinoamerikako hainbat herrialdetara iristea eta Rock in Rio jaialdi ospetsuaren lehen edizioan jotzea, Brasilgo Rio de Janeiron, 1985ean.
1987an, Italiako Carimate herriko gaztelu batera joaten dira, hurrengo diskoa grabatzeko asmoz. Alabaina, Jon Andersonek, gero eta urrunago taldea hartzen ari zen norabidetik, erabakitzen du abeslari rola soilik hartzea eta Trevor Rabinen esku uztea albumeko ia abesti denen konposizioa eta moldaketa. Beste aldetik, Tony Kaye teklatu-jotzailearen eta Trevor Horn produktorearen arteko etengabeko tirabirak, azken honek diskoaren produkzioa bertan behera uztea eragiten dute. Gauzak horrela, 1987ko irailean Big Generator albuma kaleratzen dute, askorentzat taldearen eskasenetakoa, nahiz eta salmentetan ondo funtzionatu zuen.
1989an, Jon Anderson, aspertuta sorkuntza mailan zuen bazterketarekin eta etsita Rabinekin taldea hartzen ari zen norabide komertzialarekin, lehengo taldekideekin elkartzen da: Bill Bruford bateria-jotzailea (Robert Fripp eta Tony Levinekin zebilena King Crimson taldean), Rick Wakeman teklatu-jotzailea eta Steve Howe (arrakasta izan berri zuena Genesis taldeko gitarra-jotzaile ohi Steve Hackettekin batera, GTR taldean). Lauak Anderson Bruford Wakeman Howe (edo ABWH) taldea sortzen dute, izen bereko diskoa argitaratuz urte horretako ekainean. Proiektu hau garai bateko Yes taldearen birsortze moduko bat zen, sinfonikoagoa eta kontzeptualagoa, 70eko hamarkadako Yes haren antzera. Modu honetan, Anderson Bruford Wakeman Howe taldeak Yesen jarraitzaile zaharrak berriro liluratzea lortzen du.
Modu honetan, 1990eko martxoan, Yes bat New Yorken (ABWH) eta beste bat Los Angelesen (90125 grabatu zuena) euren hurrengo lanak prestatzen ari zirelarik, Anderson eta Squire elkartzen dira eta erabakitzen dute bi taldeen lana bateratzea, zortzi kideko nolabaiteko “Mega-Yes” bat sortuz: Anderson, Squire, Kaye, Bruford, Howe, Wakeman, White eta Rabin. 1991eko apirilean Union albuma aterako da, nahiz eta bi bandak ez ziren behin ere elkartuko estudioan, eta bakoitzak bere aldetik egingo zuen lana, Andersonen ahotsa estudioko produkzio ostean sartuz.
1994ko martxoan Rabin, Squire, Kaye, White eta Andersonek, Yes izenarekin, Talk diskoa kaleratzen dute. Harrera oso hotza izan zuen jarraitzaileen aldetik eta salmentetan ere porrot egin zuen. Honela, albumaren promozio-bira bukatu ondoren, Rabinek eta Kayek taldea uztea erabakitzen dute.
Talk diskoaren porrot komertzialaren ondoren, Howe eta Wakeman bandara itzultzen dira, Yesen formazio ospetsu eta klasikoena berrituz. Horrela, Keys to Ascension eta Keys to Ascension 2 kaleratzen dira 1996an eta 1997an. Diskootan zuzeneko grabazioak (70eko hamarkadako klasikoak) eta estudioko material berria nahasten ziren. Baina jarraitzaileen itxaropenak handiak izan arren, Wakemanek taldea uzten du AEBetatik bira hastear zeudela, beste taldekideak egoera oso txarrean utziz.
Urte berean, Billy Sherwood, konposatzaile eta multiinstrumentista bezala, eta Igor Khoroshev, teklatu-jotzaile modura, taldera batzen dira. Formazio honekin Open Your Eyes diskoa kaleratuko dute 1997ko azaroan, honek ere porrot komertziala itzela izango duelarik. Hala ere, ondoren egingo duten mundu mailako bira arrakastatsua izango da.
Taldekide berberekin The Ladder albuma kaleratzen dute 1999ko irailean. Emaitza aski irregularra izanik, ia oharkabean pasako zen, Homeworld izeneko bideo-jokoaren kredituetan diskoko abesti bat azaldu ez balitz.
2000. urtean beste zuzeneko disko bat kaleratzen da: House of Yes: Live from House of Blues. Eta The Ladder albumaren promozio-biraren ondoren, Billy Sherwoodek eta Igor Khoroshevek taldea uzten dute.
Modu honetan, 2001ean Anderson, Howe, Squire eta White laukoteak Magnification grabatzen du, taldearen disko bakarra sintetizadoreen soinu bereizgarririk gabe, orkestra sinfoniko batez ordezkatzen direlarik. Ondoren egindako promozio-bira, 2002an irtengo den Yessymphonic DVDan islatuko da. Taldearen ibilbidearen 35. urteurrena ospatzeko, beste bira bat hasten dute, 2004an bukatuko dena. Honen ondoren, atseden hartzea erabakitzen dute, 5 urte luzatuko den atsedenaldia.
2008ko hasieran, Jon Anderson, Chris Squire, Steve Howe, Alan White eta Oliver Wakemanek (Ricken semea) jakinarazten dute bira bat egingo dutela AEBetatik uztailean eta abuztuan. Alabaina, maiatzean Jon Anderson larri gaixotzen da. Hala ere, bandak aurrera egitea erabakitzen du eta Benoit David hartzen dute Andersonen hutsunea betetzeko, honen haserrea piztuz. Azkenean, "Yes" kendu eta “Howe/Squire/White: In the Present Yes” izenarekin abiatzen dute bira Kanadatik eta AEBetatik.
Formazio honekin, 2010ean, hasten dira disko berri bat grabatzen, baina bukatu aurretik Oliver Wakemanek taldea utzi eta Trevor Horn produktore eta konposatzaile bezala eta Geoff Downes teklatu-jotzaile modura itzultzen dira bandara. Azkenean, 2011ko ekainean, Fly From Here diskoa kaleratzen dute.
2011ko abenduan, bira europarra bukatzean, Benoit David abeslariak taldea uzten du eta 2012ko otsailean Jon Davisonek ordezkatzen du, AEBetatik eta Japoniatik bira berri bati hasiera emanez.
2013an, Heaven and Earth diskoa argitaratzen da, azkena Chris Squire baxu-jotzailearekin, 2015eko ekainaren 27an zendu baitzen. Hortaz, Yes geratzen da jatorrizko taldekiderik gabe, Steve Howe izanik kide zaharrena.
2016an, Jon Anderson, Trevor Rabin eta Rick Wakeman elkartu ziren eta bira egin zuten. 2018an disko berri bat kaleratzea espero dute.
2017ko apirilaren 7an, Yes Rock and Roll Hall of Fame (Rock and Rollaren Ospearen Aretoa) museoan sartu zen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.