From Wikipedia, the free encyclopedia
Ardia (emea) eta aharia (arra), izen zientifikoa: Ovis aries, ugaztun koadrupedo hausnarkari bat da, gizakiak ganadutzat hazia. Etxekotu izanaren ondorioz, bere generoko espezierik ugariena da.
Ardi | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Bovidae |
Generoa | Ovis |
Espeziea | Ovis aries |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | artile eta arkorotz |
Habitat | eskorta |
Lineok 1758. urtean Ovis aries izenarekin sailkatu zuen Systema Naturae liburuan[1]. XX. mendean ardiaren aldaera basatia den mufloia (Ovis orientalis) espezie berekoa dela baieztatu zen eta 2003an Ovis orientalis izena hobestea erabaki zen. Erabaki honek ez du erabateko adostasuna izan eta gaur egun ardia Ovis aries edo Ovis orientalis aries izendatzen da[2].
Tamaina ertaineko animalia hausnarkaria da. Artile izena duen ile kizkurra izan ohi du. Ardi basatiek kolore marroia izaten dute orokorrean, baina etxekoturiko arrazek kolore aniztasun handiagoa azaltzen dute: zuria, beltza, marroia...[3] Artile zuria karaktere genetiko gainartzailea denez kolore hau nagusitzen da.
Garaiera eta pisua arrazaren arabera ezberdina da. Emeek 45 eta 100 kg artean pisa dezakete eta arrak handiagoak izan ohi dira, 45 eta 160 kg artean hain zuzen ere[4].
Espiral itxurako adarrak ditu buruan. Arraren adarrak ikusgarriagoak dira eta hainbat arrazatako emeek ez dute adarrik ageri.
Belarri handi eroriak ditu eta entzumen bikaina du. Begi nini horizontalak ditu eta ikuspen periferiko handia ematen dio horrek, 270 eta 320º artekoa[5]. Sakontasunaren perzepzioa ordea nahiko eskasa du eta itzalek eta lurraren gorabeherek beldurtu eta atzera eragiten diote. Hainbat kolore bereizteko gai dira, hala nola, beltza, gorria, marroia, berdea, horia eta zuria[6].
Hortzeriari dagokionez 20 esne hortz ditu eta helduaroan 32 pieza izaten ditu; 12 hagin, 12 aurre-hagin eta 8 ebakortz[7]. Batzuen ustetan sei ebakortz eta bi letagin dira[8]. Animalia hausnarkari gehienek bezala aurreko hortza azpiko barailan ditu eta gaineko kartilagozko egitura baten aurka jotzen dute.
Ardia belarjale hertsia da. Landareen zati gogorrak jatea ekiditen du. Monokultiboetara ongi moldatzen den animalia da[9].
Gainerako hausnarkariek bezala digestio-aparatu konplexua du, lau urdailez osaturik dagoena, errumena, erretikulua, omasoa eta abomasoa (benetako urdaila). Errumena 19-38 litrotako bolumena duen aurre-urdaila da eta barnean dauden mikroorganismoek (bakterio anaerobioak, protozooak, ondooak...) elikagai-boloa hartzitzen dute[10]. Ondoren hartzituriko boloa ahora itzultzen da berriz murtxikatu eta listuztatzeko. Horrela landareen zelulosa txikitzea lortzen du ardiak. Berriz irenstean errumenetik pasa eta ondoren erretikuluak iragazpen funtzioa burutzen du, zati txikiak bakarrik pasatzen utziz. Omasoan ura birxurgatzen da eta azkenik benetako urdailera (abomasora) pasatzen da janaria. Honek urin gastrikoak jariatzen ditu eta ondoren heste meharrak partikulak xurgatuko ditu. Heste lodian azken hartzidurak gertatzen dira eta ura xurgatzen da eta azkenik gorotza sortzen da, uzkitik aterako dena.
Ardiak jaio eta 6-8 hilabetetara heldutasun sexualera iristen dira; arren kasuan azkarrago gertatzen da, 4-6 hilabete inguruan. Ahari bakarrak ernalduko ditu taldeko ardi guztiak eta horregatik arrek beren artean borrokatzen dute eskubidea lortzeko. Kasu batzuetan bortizkeria handia erabiltzera iristen dira, aurkaria hiltzerainokoa[11]. Aspaldi ohikoak izaten ziren aharien arteko borroken apustuak, baita Euskal Herrian ere, ahari-jokoa hain zuzen ere[12].
Bost hilabeteko haurdunaldia izan ondoren[11] arkume edo bildots bakarra edo gehienez bi jaiotzen dira[13], salbuespenak egon badaitezke ere. Erditzeak ordubetetik hiru ordutara iraun dezake[11] eta jaio ondoren ordubetera arkumea gai da zutik jartzeko. Hainbat ardiren arkume jaioberriek taldea eratzen dute. Honen helburua hainbat amaren begiradak zaindu ahal izatea eta beraien arteko harremanak eratzea izaten da[14].
Ardia animalia oso taldekoia da eta artalde guztiak buruzagi bakarrari jarraitzen dio, sarritan mugitzen den aurrena baino ez da une horretako buruzagia. Taldetik bakartua gelditzen den ardia asko estresatzen da[15]. Artalde erraldoietan familia bereko azpitaldeak eratzen dira[5].
Ardiek ez dute beren lurraldea defendatzen eta harrapari bat sartzen denean ihes egiteko joera izaten dute. Ardi adardunek babes posturak har ditzakete, arkume jaioberriak defendatzeko bereziki[5].
Izaera taldekoi horren ondorioz etxekotu zen aurreneko espezietako bat izan zen eta gaur egun ere oso baliagarria izaten da artzaiarentzat.
Arrazaren arabera hierarkia estuagoa edo lausoagoa izaten da. Ardi merinoetan hierarkia lerroak ezar daitezke, baina Border Leicester ardietan lehiaketak ezartzen du lehentasuna[16]. Adar tamaina ezberdineko aharien artean ez da apenas borrokarik izaten, adar handienak dituenak hierarkia posizio garaiagoa izaten du horrela. Adar tamaina berdinekoen artean, ordea, borroka bidez lortzen da kokapen soziala[17].
Inteligentzia gutxiko animalia gisa deskribatzen bada ere, Illinoisko Unibertsitateak egindako ikerketa batek erakutsi du behiaren pareko inteligentzia duela, txerriarena baino apur bat gutxiago[5]. Ardiak bere taldekideak eta zaintzen duen gizakia ezagutu eta urteetan gogoratzen ditu haien aurpegiak[18]. Aurpegiko keinuei ere erreparatzen die eta gai da egoera emozionalak identifikatzeko. Ardiak bere izena ere ikasten du[5].
Ardiaren erabilera ekonomikoaren ondorioz, eta Nazio Batuen Janari eta Nekazaritza (FAO) zerbitzuak emandako datuen arabera, 2018an 1.209.470.000 ardi zeuden munduan. Haietatik gehienak Txinan eta Australian.
Ardiaren esnea eta haragia hasierako zibilizazioetan dagoeneko kontsumitzen zen[15].
XXI. mendearen hasieran ardi-haragiaren kontsumitzaile handienak Persiar golkoa inguratzen duten estatu arabiarrak, ozeaniarrak eta europarrak dira (Grezia, Erresuma Batua eta Irlanda)[5]. Arkume haragia jaten da batez ere, xamurrena bera baita, baina ardiaren edozein atal ere jangarria da – hesteak, adibidez[20].
Ardiaren esnea herrialde batzuetan asko kontsumitzen bada ere gaur egun ekoizpen handiena esnekiena da, gazta eta, neurri txikiagoan, jogurta. Euskal Herrian ardi gazta mota ugari ditugu, ezagunena ardi Latxaren esneaz egiten den Idiazabal gazta da[21]. Erronkariko gazta[22] eta Iparraldeko gasnak ere ezagunak dira.
Artilea izan zen ardiaren lehenengo erabilera etxekotzearen ondoren. Ardiaren ilearekin artilea egin eta jantzigintzan erabiltzen da. Europan bereziki garrantzi handia izan zuen, baina XX. mendean zuntz sintetikoak sortzearekin batera prezioek gainbehera handia izan zuten[5]. Larruarekin jantziak egiteaz gain, botak ere egiten dira eta baita alfonbrak ere. Ardiaren gantzarekin xaboiak eta kandelak egiten dira eta kartilagoekin lekedak, gelatina eta abar[15]. Ardien hesteak hestebeteak egiteko erabiltzen dira eta arkumeen hesteekin sutura kirurgikoak eta musika tresnen sokak egiten dira[23].
Ardiaren gorotzek zelulosa ugari dute eta ongarri gisa ezezik papera egiteko ere erabiltzen dira.
Ardiaren etxekotzea Ovis orientalis (mufloi) espezietik etorri omen zen. Ilgora Emankorrean gertatu zen K. a. VII. milurtekoan[24]. Hainbat aztarna aurkitu dira Iraken K. a. 9.000. urtekoak eta haiei DNA azterketa eginda gaur egungo ardien antzekoak zirela ondorioztatu dute.
Ardien inguruan hitz eta ele asko sortu izan ditugu haien adin eta sexuaren arabera. Besteak beste, ardia, aharia, arkumea, arkaztea, ardiantxa, bildotsa eta axuria dira ezagunenak euskaldunon artean[25].
Betutsa hiru urteko ardiari deitzen zaio. Beti hutsa esapidetik dator, alegia, hirugarren urtera iritsi eta antzu gelditu den aberea. Hala ere, izen hau ez da gehiegi erabiltzen.
Oro har, ardiei euskaraz abelxuriak esaten zaie, behiei – abelgorriak (bertako arraza gorriei behintzat), eta zaldi-behorrei – abelbeltzak.
Euskal Herrian artzaintza indar handiko jarduera izan da. Haren lekuko dira bertan mantendu diren bertako ardien arraza ugari.
Haiei buruzko informazioa:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.