From Wikipedia, the free encyclopedia
Hotzeria arnasbidearen infekzio eritasun biral bat da, sudurreko, eztarriko, sinu paranasaletako eta laringeko arnas mukosari eragiten diona batez ere.[1][2] Eritasunaren aztarnak eta sintomak birusaren eraginpean egon eta bi egun igaro baino lehen ager daitezke. Horien artean, eztula, eztarriko mina, sudurreko muki jarioa, doministikuak, buruko mina eta sukarra egon daitezke.[3] Gehienetan, zazpi-hamar bat egunetan sendatzen da, baina sintoma batzuek hiru aste ere iraun dezakete.[4] Noizbehinka, bestelako osasun arazoak dituztenek pneumonia gara dezakete.[5]
Hotzeri | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | goiko arnasbideetako infekzioa, nasofaringitisa, Picornaviridae infectious disease (en) , acute viral respiratory tract infection (en) , upper respiratory tract disease (en) , viral rhinitis (en) eritasuna |
Espezialitatea | familia-medikuntza, infektologia Otorrinolaringologia |
Arrazoia(k) | Errinobirus, Coronaviridae, Adenobirus, arnas birus sintzitial, Human metapneumovirus, human parainfluenza (en) human bocavirus (en) |
Sintoma(k) | eztula, eztarriko mina, errinorrea, sukarra, tinnitusa, Zurrunga, buruko mina, Doministikua Muki-pilaketa |
Patogenoaren transmisioa | aire bidezko kutsadura, ttantta bidezko kutsadura, ukitzeen bidezko kutsapen, kutsapen zuzen fomite transmission (en) |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | zinc chloride (en) , zinc gluconate (en) , sodium ascorbate (en) , (+)-norephedrin (en) , guaifenesina, parazetamol eta Vicks VapoRub (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | J00 |
GNS-9-MK | 460 |
GNS-10 | J00 |
DiseasesDB | 31088 |
MedlinePlus | 000678 |
eMedicine | 000678 |
MeSH | D003139 |
Disease Ontology ID | DOID:10459 |
Badira 200 birus andui baino gehiago hotzeria arrunta eragiten dutenak, guztien artean errinobirusak, koronabirusak, adenobirusak eta enterobirusak dira ohikoenak.[6] Airearen bidez hedatzen dira, edo zeharka, inguruko objektuak ukituta, ahora edo sudurrera transferituz.[7] Hotzeriaren arrisku faktoreen artean daude haurtzaindegi batera joatea, ondo lo ez egitea eta estres psikologikoa pairatzea.[1] Sintomak sortzen dira batez ere gorputzak infekzioari ematen dion erantzun immunitarioagatik, ez horrenbeste birusek suntsitutako ehunengatik.[8] Gripearen sintomak hotzeriaren antzekoak dira, baina, oro har, gogorragoak eta sudur jarioa izateko joera txikiagoa dute.[9]
Ez dago txertorik hotzeria arruntaren aurka.[10] Prebentzio metodo nagusiak dira eskuak garbitzea; begiak, sudurra edo ahoa garbitu gabeko eskuekin ez ukitzea; eta gaixoengandik urrun egotea.[11] Ebidentzia batzuen arabera, eragingarria da aurpegiko maskarak erabiltzea.[12] Hotzeriaren sendabiderik ere ez dago, baina sintomak arindu daitezke, zenbait tratamenduren bidez.[11] Zinkak sintomen iraupena eta larritasuna murriztu ditzake, sintomak agertu eta berehala hartzen hasiz gero.[13] Antiinflamatorio ez-esteroideoek, hala nola ibuprofenoak, mina arintzen lagundu dezakete.[14] Antibiotikoak, aldiz, ez dira erabili behar, hotzeria guztiak birusek eragindakoak baitira, eta ez dago ebidentzia sendorik eztulerako botikak eraginkorrak direla esateko.[15][16]
Hotzeria arrunta gizakietan sarrien gertatzen den gaixotasun infekziosoa da.(Eccles 1) Egoera normaletan, helduek urtean batez beste bizpahiru aldiz pairatzen du hotzeria; haurrek, berriz, batez beste sei-zortzi bat aldiz.[17][18] Infekzioak maizago gertatzen dira neguan.[19] Infekzio horiek gizakiaren historian zehar existitu dira.[20]
Hotzeriaren sintoma ohikoak dira eztula, sudur jarioa, doministikuak, sudurreko kongestioa eta eztarriko mina; batzuetan giharretako mina, nekea, buruko mina eta jateko gogoa galtzea ere eragin ditzake.(Eccles 24) Eztarriko mina kasuen % 40an agertzen da, eztula % 50ean[17] eta giharretako mina % 50ean.[3] Helduek ez dute sukarrik izaten, baina bularreko haurrek eta haur txikiek maiz izaten dute.[3] Eztula arina izan ohi da, gripearekin alderatuta.[3] Eztulak eta sukarrak helduengan gripea izateko aukera handiagoa adierazten duten bitartean, antza handia egon ohi da bi eritasunen artean.[21] Hotzeria arrunta eragiten duten birus batzuek infekzio asintomatikoak ere eragin ditzakete.[22]
Mukiaren edo sudur jarioaren kolorea aldagarria izan daiteke, gardena hasieran, hori-berdea geroago, baina koloreak ez du adierazten infekzioa zer-nolako agenteek eragin duten.[23]
Hotzeria oro har nekearekin hasten da adierazten, hotzikaraz, doministikuka eta buruko minarekin, eta, ondoren, egun pare batean, sudur jarioa eta eztula agertzen dira.[24] Sintomak birusarekin kutsatu eta hamasei ordura has daitezke,[25] eta, gehienetan, bizpahiru egunetara indartzen dira.[26] Gehienetan, 7-10 bat egunen buruan sendatzen dira, baina sintoma batzuek hiru aste ere iraun dezakete.[27] Eztulak batez beste hemezortzi egunez irauten du,[28] eta, kasu batzuetan, eztul postbirala garatzen ahal da, infekzioa desagertu ondoren ere iraun dezakeena.[29] Haurretan, eztulak hamar egun baino gehiago irauten du kasuen % 35-40an, eta 25 egun baino gehiago irauten du % 10ean.[30]
Hotzeria arrunta arnasbideko infekzio bat da, birus askok eragin dezaketena. Gehienetan errinobirus batek (% 30-80) eragiten du, 99 serotipo ezagun dituen pikornabirus mota batek.[31] Gehienetan, inplikatuta dauden beste birus batzuk koronabirusa, adenobirusa, enterobirusa, parainfluenza eta ABS dira.[32] Maiz birus bat baino gehiago egoten da jokoan.[33] Guztira, 200 birus mota baino gehiago daude hotzeriarekin lotuta.[3] Ezezaguna da, bestalde, hotzeria batzuen kausa birala (% 20-30).[32]
Hotzeria arruntaren birusa, gehien-gehienetan, aireak garraiatutako listu tantatxoen bidez kutsatzen da, sudur jariakinen bitartez edo fomiteen (objektu kutsatuen) kontaktu zuzenaz.[17][34] Ez dago zehaztuta ibilbide horietatik zeinek duen funtsezko garrantzia.[35] Arnas patogeno guztiak listu tantatxoen bidez transmititzen direla suposatzen den bezala, oso litekeena da ohiko arnasketan edo hizketan berez sortutako aerosolek garraiatzea.[36] Birusek denbora luzez iraun dezakete bizirik ingurumenean (18 ordu baino gehiago, errinobirusen kasuan); eskuek jaso ditzakete oharkabean, eta, ondoren, begietara edo sudurretara eraman, infekzioa gertatzen den tokira.[37] Animaliak transmititzea oso zailtzat jotzen da; hamazazpi astez isolatuta egon ondoren Adelaida uhartean britainiar base zientifiko batean dokumentatutako agerraldi bat objektu kutsatu baten edo giza eramaile asintomatiko baten transmisioak eragin zuela pentsatu zen, ez basean zeuden husky siberiar txakurrek eragina.[38]
Hotzeriaren transmisioa ohikoa da haurtzaindegietan eta eskoletan, immunitate gutxi eta higienea gordetzea zail duten haur asko biltzen direnez.[39] Infekzioa etxera eramaten dute haurrek, familiako beste kide batzuk kutsatzeko arriskuaz. Ez dago frogarik hegaldi komertzialetan birzirkulazioan izan ohi den airea transmisio metodo bat dela esateko.[37] Badirudi elkarrengandik hurbil eserita dauden pertsonak izan daitezkeela infekzio arrisku handiena.[40]
Hotzeriaren birusa aurrez jasandakoek sortzen duten talde immunitateak rol garrantzitsua betetzen du birusaren hedapena mugatzeko, argi ikusten baita arnas infekzioen tasa handiagoak dituztela populazio gazteek.[41] Immunitate funtzio apala daukatenek arrisku faktore bat dute eritasunaren aurrean.[42] Lo gutxiegi egitea eta desnutrizioa argiro lotu izan dira errinobirusen eraginpean egon ondoren infekzioa garatzeko arrisku handiagoarekin, bi faktore horiek funtzio immunean dituzten eraginagatik.[43][44] Amagandiko edoskitzeak murriztu egiten du erdiko otitis akutua eta beheko arnasbideetako infekzioak izateko arriskua, beste eritasun batzuen artean,[45] eta gomendatzen da amagandiko edoskitzea mantentzea haurtxo batek hotzeria duenean.[46] Mundu garatuan, baliteke edoskitzea, berez eta bakarrik, ez izatea hotzeria arruntaren aurkako babesa.[47]
Hotzeri arruntaren sintomak nagusiki birusaren aurkako erantzun immunearekin lotuta daude.[8] Erantzun immune horren mekanismoa espezifikoa da birus bakoitzerako. Adibidez, errinobirusa kontaktu zuzenaren bidez hartzen da ia beti; ICAM-1 hartzaileen eta CDHR3 hartzailearen bidez lotzen zaie gizakiei mekanismo ezezagunen bidez, hanturazko bitartekarien askapena eragiteko.[8] Sintomak, hain zuzen ere, hanturazko bitartekari horiek sortzen dituzte.[8] Gehienetan, ez du kalterik eragiten sudurreko epitelioan.[3] Arnas birus sintzitiala (RSV), berriz, kontaktu zuzenaren bidez eta airean dauden tantatxoen bidez jaso ohi da. Ondoren, sudurrean eta eztarrian erreplikatzen da, beheko arnasbidean hedatu aurretik.[48] RSVak epitelioan kaltea eragiten du.[48] Birus paragripalak sudur, eztarri eta bronkioetako hanturak eragin ohi ditu.[49] Haur txikietan, trakeari eragiten dionean, crup edo laringotrakeobronquitisaren sintomak eragin ditzake, arnasbideen tamaina txikiagatik.[49]
Goiko arnasbideetako infekzio biralen arteko bereizketa oinarritzen denez sintomen lokalizazio hutsean, nolabait, hotzeria arrunta agertzen da batez ere sudurrean (errinitisa), eztarrian (faringitisa) eta biriketan (bronkitisa).[2] Sintoma bat baino gehiago gerta daiteke, noski, eta eremu bati baino gehiagori eragin.[2] Autodiagnostikoa ohikoa da.[3] Oso gutxitan isolatzen da inplikatutako agente birala,[50] eta gehien-gehienetan ez da posible birus mota zehatza sintoma hutsen bidez identifikatzea.[3]
Hotzeriaren birusen hedapena murrizteko modu erabilgarri bakarrak neurri fisikoak eta ingeniaritzakoak dira, hala nola esku garbiketa egokiak egitea, maskarak erabiltzea eta eraikin barruetako airea berritzea.[12] Osasungintzan, erabilera bakarreko mantalak eta eskularruak ere erabiltzen dira.[12] Listu tantatxoetatik babesteko neurriak ez dira oso eraginkorrak hotzeria arrunteko karga duten aerosolen aurka. Horren ordez, hobe da aire bidezko kutsatzearen aurkako tresnak erabiltzea, hala nola maskarak, aireztapena edo HEPA iragazkiak.[36] Isolamendua edo berrogeialdia ez da erabiltzen, gaixotasuna oso zabalduta dagoelako eta sintomak ez direlako hain larriak. Ez dago hotzeria arruntetik babesteko txertorik.[6] Txertaketa zaila da, hainbeste birus baitaude tartean, azkar mutatzen direnak, gainera.[51][52] Txerto eraginkor bat sortzea, beraz, oso gertagaitza da.[53]
Badirudi eskuak maiz garbitzea eraginkorra dela hotzeriaren birusen transmisioa murrizteko, batez ere haurren artean.[54] Zalantzazkoa da eskuetako garbiketa arruntari antibirikoak edo bakterioen kontrako gaiak gehitzea onuragarria ote den.[54] Infektatuta dauden pertsonen inguruan aurpegiko musukoak erabiltzea onuragarria izan daitekeen arren, ez dago ebidentzia nahikorik esateko distantzia sozial handiagoa lagungarria denik.[54]
Ez dago argi zink gehigarriek hotzeria harrapatzea eragozten dutenik.[55] Ohiko C bitaminaren gehigarriek ez dute hotzeriaren arriskua edo larritasuna murrizten, baina iraupena murriztu dezakete.[56]
Hotzeri arruntaren tratamenduk, batez ere, sintomak arintzeko botikak eta bestelako terapiak dira.[18] Atseden asko hartzea, hidratazioa mantentzeko likidoak edatea eta ur gazi beroaz gargarak egitea zentzuzko neurriak dira.[19] Hala ere, tratamendu sintomatikoaren onuraren zati handi bat plazebo efektuari egozten zaio.[57] 2010az geroztik, ez zen erabat frogatu botikek ez eta sendabelarrek infekzioaren iraupena laburtzeko gaitasuna dutenik.[58]
Sintomak arindu dezaketen tratamenduen artean daude analgesikoak eta sukarraren aurkako botikak, hala nola ibuprofenoa[14] eta parazetamola. Hala ere, ez dago argi azetaminofenoa sintomekin laguntzen duen.[59] Baita ere, eztularen aurkako salmenta libreko sendagaiak eraginkorrak ote diren sintoma arintzeko.[60] Ez da gomendatzen eztulerako sendagaiak erabiltzea haurretan, ez baitago ebidentziarik eraginkortasunaren eta kalte potentzialaren arteko orekaz.[61][62] 2009an, Kanadak eztularen eta hotzeriaren aurkako sendagaien erabilera murriztu zuen sei urtetik beherako haurren artean, egiaztatu gabeko arriskuen eta onuren inguruko kezkak zirela eta.[61] Dextrometorfanoa (eztularen aurkako sendagai librea) behar ez bezala erabiltzeak zenbait herrialdetan debekatzea ekarri du.[63] Ez dago esaterik kortikosteroide intranasalak baliagarriak direnik.[64]
Helduengan, sudurreko kongestioa kentzeko produktuak epe laburrean erabiltzeak onura txiki bat izan dezake.[65] Antihistaminikoek sintomak lehenengo egunetan hobetu ditzakete, baina ez dute epe luzerako onurarik eta logura edo beste kontrako efektuak izan ditzakete.[66] Pseudoefedrina edo gisako beste deskongestionatzaile batzuk eraginkorrak izan daitezke helduengan.[67][65] Ahoko analgesikoak, antihistaminikoak eta deskongestionatzaileak konbinatzea eraginkorra izaten da gaztetxoentzat eta helduentzat.[66] Ipratropiozko sudurreko aerosolak sudur jarioaren sintomak murriztu ditzake, baina eragin apala du kongestioan.[68] Helduengan eztularekin ere lagun dezake ipratropioak.[69] Haurretan sudurreko kongestioa kentzeko sistemaren segurtasuna eta eraginkortasuna ez dago argi.[67]
Ikerketarik ez dagoenez, ez dago argi likido gehiago edatea sintomak hobetzekoa ote den edo arnas gaixotasunak laburtzen ote dituen.[70] 2017az geroztik, jakina da aire berotu eta hezeak, RhinoTherm-en bidez adibidez, ez duela onura argirik.[71] Ikerketa batek frogatu zuen baporezko masaje bat ematea bularrean baliagarri dela gaueko eztula, kongestioa eta lo egiteko zailtasuna nolabait arintzeko.[72]
Aditu batzuek ariketa fisikoa ez egiteko aholkua ematen dute, sukarra, giharretako mina edo nekea izanez gero.[73][74] Gomendagarritzat jotzen da ariketa moderatua egitea, sintomak buruan soilik badaude, hau da, sudur jarioa, kongestioa, doministikuak edo eztarriko min arina.[73][74] Aski orokortutako iritzia da edari bero bat hartzea lagungarri dela hotzeriaren sintomak arintzeko, baina ebidentzia oso mugatua dago hori babesteko.[75]
Antibiotikoek ez dute eraginik birus infekzioen aurka, hotzeria arruntean ere ez, noski.[76] Albo ondorioak aintzat hartuta, antibiotikoek kaltea besterik sortzen ez badute ere, batzuetan preskribatzen jarraitzen dira.[77][78] Hotzeriaren aurka antibiotikoak horren maiz preskribatzeko arrazoien artean daude jendeari ematen dion ziurtasun itxura, medikuek laguntzeko nahia eta hotzeriaren konplikazioak baztertzeko zailtasuna, antibiotikorik erabili gabe.[79] Ez dago botika antibiriko eraginkorrik hotzeria arruntaren aurka, nahiz eta atariko ikerketa batzuek onurak erakutsi dituzten.[18][80]
Zink gehigarriek % 33 laburtu dezakete hotzeriaren iraupena, eta sintomen larritasuna murriztu, baldin eta gehigarriak hartzen badira sintomak hasi eta 24 orduren barruan.[55][81][82][83] Sudur barruan zuzenean aplikatzen diren zinkezko erremedio batzuek usaimenaren zentzua galtzera eraman dute.[13][84] 2017an egindako azterketa batek zinka hartzea alboratzea proposatu zuen hotzeria arruntari aurre egiteko; aldiz, 2017an eta 2018an egindako azterketa banatan gomendatu zuten zinka erabiltzea, baina gaiari buruzko ikerketa gehiagoren alde eginda.[16][81][82]
Txinako sendagai alternatibo eta sendabelar askok hotzeria arrunta ustez tratatzen badute ere, ez dago nahikoa ebidentzia zientifikorik halakoen erabilera babesteko.[18][85] Ur gaziarekin sudurra garbitzea onuragarri den ebidentzia gutxi dago.[86] Ez dago ebidentzia sendorik Echinacea landaretik ateratako produktuek edo baratxuriak hotzeriaren tratamenduan edo prebentzioan onura esanguratsuren bat ematen dutenik.[87][88]
C bitaminaz egindako gehigarriek ez dute eraginik hotzeria arruntari aurre egiteko, baina iraupena murritz dezake.[56] Ez dago ebidentzia eztabaidaezinik adierazten duenik D bitaminaz egindako gehigarriak eraginkorrak direla arnasbideko infekzioak prebenitzeko edo tratatzeko.[89]
Hotzeria arrunta arina izan ohi da, eta sintoma gehienak astebetean hobetzen dira.[17] Haurrengan, kasuen erdiak 10 egunetan konpontzen dira, eta % 90, 15 egunetan gehienez.[90] Konplikazio larriak, gertatuz gero, izaten dira jende oso zahar, oso gazte edo immunodeprimituen artean.[91] Infekzio bakterialak sor daitezke hotzeriaren ondorio bidez, hala nola sinusitisa, faringitisa edo belarriko infekzioa.[92] Kalkuluen arabera, sinusitisa kasuen % 8tan gertatzen da, eta belarriko infekzioa, %30etan.[93]
Hotzeria arrunta da giza gaixotasunik ohikoena,[91] eta mundu osoan zehar dago hedatuta.[39] Helduek urtean bizpahiru infekzio izaten dituzte,[17] eta umeek urtean sei-hamar hotzeria izan ditzakete.[18] Infekzio sintomatikoen tasak gora joan ohi dira zaharren artean, adinarekin immunitatea murrizten joaten baita.[41]
Ohiko uste oker bat da «hoztu» egin zaitezkeela klima hotzaren eraginpean luzaro egonez gero.[94] Frogatuta dago, baina, hotzeriak birus infekzioak direla. Alabaina, hotzeria sortzen duten birus horietako askoren prebalentzia urtarokoa den arren, klima hotzean dira maizago dute eragina.[95] Urtarokotasunaren arrazoia ez da modu erabakigarrian zehaztu.[96] Azalpen posibleen artean egon daitezke tenperaturak arnas sisteman eragindako aldaketak, erantzun immunearen murrizketa eta hezetasun maila apala, eta horrek birus transmisioaren tasak igotzea eragin dezake, agian aire lehorraren ondorioz, tanta biral txikiak gehiago sakabanatzea eta airean denbora luzeagoz irautea ahalbidetuz.[97][98]
Itxurazko urtarokotasuna faktore sozialek ere eragin dezakete: kutsatutako pertsonengandik gertu eraikin barruetan denbora gehiago igarotzea,[99] bereziki haurrak eskolan.[39][96] Hotzarekiko esposizio normalak infekzio arriskua areagotzen ez badu ere, gorputzeko tenperatura nabarmen jaistea (hipotermia) eragiten duen esposizio larriak ohiko hotzeria izateko arriskua areagotu dezake: nahiz eta polemikoa izan, proba gehienek iradokitzen dute infekzioarekiko suszeptibilitatea handitu dezakeela.[98]
Hotzeri arruntaren sortzailea 1950eko hamarkadan identifikatu bazen ere, badirudi eritasuna gizateriarekin egon dela historiaren hasieratik. Bere sintomak eta tratamendua Egiptoko Ebers papiroan deskribatzen dira, dagoen testu mediko zaharrena, K.a. XVI. mendea baino lehenago idatzia.[101] Hotzeria izena erabiltzen da, sintomen eta klima hotzaren eraginpean egotearen arteko antzekotasunagatik.[102]
Erresuma Batuan, Hotzeria Arruntaren Unitatea (CCU) Ikerketa Medikoko Kontseiluak sortu zuen 1946an, eta han aurkitu zuten 1956an errinobirusa.[103] 1970eko hamarkadan, CCUk frogatu zuen errinobirusaren infekzioaren inkubazio fasean interferoi bidezko tratamenduak pixka bat babesten duela gaitzaren aurka, baina ezin izan zen inolako tratamendu praktikorik garatu.[104] Unitatea 1989an itxi zen, errinobirus hotzerien prebentzioan eta tratamenduan zink-glukonatozko pilulen ikerketa amaitu eta bi urtera, hori baita unitatearen historian arrakasta izan zuen tratamendu bakarra.[105]
Antibiralak probatu izan dira hotzeria arruntaren aurkako eraginkortasuna neurtzeko; 2009tik aurrera egindako ikerketetan, ez zen aurkitu ez antibiral eraginkorrik, ezta erabiltzeko baimena zuenik ere.[80] Egin izan dira saioak plekonaril izeneko sendagai antibiralarekin, pikornabirusaren aurka aski eraginkorra, baita BTA-798ren saioak ere.[106] Ahotik hartutako plekonaril formak segurtasun arazoak zituen, eta aerosol forma bat aztertzen ari dira ikerlariak.[106] Giza errinobirusen andui ezagun guztien genomak sekuentziatu dituzte.[107]
Hotzeria arruntaren eragin ekonomikoa ez da ondo ulertzen munduko zati handi batean.[93] Estatu Batuetan, hotzeria arruntak 75-100 milioi bat bisita mediko eragiten ditu urtean, 7.700 milioi dolarreko kostuaz, behetik jota. Estatubatuarrek 2.900 milioi dolar gastatzen dituzte salmenta libreko botiketan eta 400 milioi dolar hotzeriaren sintomak arintzeko errezetatutako botiketan.[108] Mediku bat ikusi zutenen herenak baino gehiagok antibiotikoen preskripzioa jaso zuen, eta horrek ondorioak ditu antibiotikoekiko erresistentzian.[108] Kalkuluen arabera, urtero 22 eta 189 milioi eskola egun artean galtzen dira hotzeria baten ondorioz. Ondorioz, seme-alabak zaintzeko etxean geratzeko 126 milioi eguneko lana galdu zuten gurasoek. Hotzeria zuten langileek galdutako 150 milioi lanegunei gehitzen zaienean, hotzeriarekin lotutako lan galeraren inpaktu ekonomiko osoa urtean 20 mila milioi dolar baino gehiagokoa da.[17][108] Estatu Batuetan lanean galdutako denboraren % 40 da hori.[109]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.