Txinako filosofo, editore, irakasle, politikari (K.a. 551-479) From Wikipedia, the free encyclopedia
Konfuzio[1] (txinera tradizionalez: 孔子; pinyinez: Kǒngzǐ; K.a. 551 – K.a. 479a) txinatar filosofo, pentsalari eta idazlea izan zen, baita konfuzianismoaren sortzailea ere. Haren pentsamenduak eragin itzela du Txina, Japonia, Korea eta Vietnamgo kulturetan. Konfuzioren filosofiak gizabanakoen eta gobernuen etika, gizarteko hartu-emanetan zuzentasuna, justizia eta zintzotasuna azpimarratzen ditu. Bertute horiek nagusitasuna lortu zuten beste batzuen aurrean, legalismo edo taoismoaren aldean esaterako. Han dinastian, Konfuzioren irakaspenetan oinarrituta, konfuzianismo izeneko filosofia-sistema garatu zen. Europan, Matteo Ricci jesuitak sartu zuen lehen aldiz Confucius izena latinera eramanez. Haren irakaspenak Konfuzioren Analektak liburuan bildu ziren bera hil eta urte andana igaro ondoren. Egungo historialariek ez dute uste Konfuziok berak idatzitako dokumenturik ez dagoenik, baina 2.000 urtean bost libururen idazletzat jo zuten.[2]
Konfuzio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | 孔丘 |
Jaiotza | Qufu, K.a. 551 |
Herrialdea | Lu |
Lehen hizkuntza | Historical Chinese (en) |
Heriotza | Si River (en) , K.a. 479 (71/72 urte) |
Hobiratze lekua | Cemetery of Confucius (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza |
Familia | |
Aita | Shu-liang He |
Ama | Yan Zhengzai |
Ezkontidea(k) | Qiguan Shi (en) |
Seme-alabak | |
Haurrideak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | Antzinako txinera txinera |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, irakaslea eta idazlea |
Lantokia(k) | Lu (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | Konfuzianismoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Konfuzianismoa |
K.a. 221ean, Txinako Inperioa ezarri ondoren, bere filosofia kendu, eta legalismoaren alde egin zuten. Hala ere, filosofia hori alboratu egin zen Qin dinastia erori eta Han dinastiaren igoeraren ondoren. Konfuzioren irakaspenak Wu enperadorearen erregealdian (K.a. 141-87) ofizialdu ziren, hurrengo 2000 urteetako pentsamendu korronte ezagunena bezala finkatuz. Konfuzio giza historiako pentsalari garrantzitsuenetakotzat hartzen da bere filosofiak Txinan zein munduan izan duen eragin handiagatik[3].Kultur heroiaren lekua du txinatar zibilizazioan, eta halakotzat ohoratzen dute errito tradizionaletan.
Mandarin txineran, Konfuzioren ohiko izena Kǒngzǐ da, literalki Kong Irakaslea, askotan Kung Fu Tse idazten den arren. Izen horren, gaur egun ezohikoa den, aldaera bat Kǒng Fūzǐ da, eta hortik dator euskarazko izen tradizionala, Confucius forma latinizatutik.
Badirudi Konfuzio K.a. 551ko irailaren 28an jaio zela[4][5] Zoun (鄒, Shandong modernoan)[5][6]. Eremua Zhouko erregeek kontrolatzen zuten, baina, praktikan, bertako jauntxoen mende independentea zen Lu, inguruko Qufu hiritik gobernatzen zutenak. Bere aita, Kong He (edo Shuliang He), bertako Lu garnizioko komandante zaharra zen[7]. Haren arbasoak, Song-eko dukeen bitartez, Zhou-ren aurretik egondako Shang dinastiaraino iristen ziren[8][9][10][11]. Konfuzioren bizitzari buruzko kontakizun tradizionalak kontatzen dute Kong He-ren aitonak Lura emigratu zuela familia Songetik[12]. Aditu moderno guztiek ez dute onartzen Konfuzioren jatorria Song nobleziatik datorrela[13]:14–15.
Kong He Konfuziok hiru urte zituela hil zen, eta bere amak, Yan Zhengzaik (顏徵在), pobrezian hazi zuen Konfuzio [14], baina hori ez zen oztopo izan haurrak hezkuntza zaindua jasotzeko[15]. Bere ama geroago hil zen oraindik 40 urte ez zituela[14]. 19 urterekin, Lady Qiguan-ekin (亓官氏) ezkondu zen, eta, urtebete geroago, bikoteak lehen umea izan zuen, Kong Li (孔鯉) semea[14]. Qiguan eta Konfuziok, geroago, bi alaba izan zituzten elkarrekin, horietako bat umetan hil zela uste da, eta batek Kong Jiao (孔姣) izena zuen[16].
Konfuzioren garaian, Lu estatua duke-etxe agintari batek zuzentzen zuen. Dukearen menpe, hiru familia aristokratiko zeuden; haien buruak bizkonde titulua zuten, eta, Lu burokrazian, herentziazko karguak zituzten. Ji familiak Masen ministro kargua zuen, lehen ministroarena ere zena; Meng familiak Obra ministroa kargua zuen; eta Shu familiak, Gerra ministro kargua. K.a. 505eko neguan, Yang Hu, Ji familiaren langilea, matxinadan altxatu zen, eta Ji familiaren boterea hartu zuen. Hala ere, K.a. 501eko udarako, hiru familia hereditarioek Yang Hu Lutik kanporatzea lortu zuten. Ordurako, Konfuziok bere irakaspenen bidez lortutako ospe handia zuen; familiek jokabide egokiaren eta zuzentasunaren balioa ikusten zuten, baita gobernu legitimo batenganako leialtasuna ere. Horrela, urte hartan (K.a. 501), Konfuzio hiribildu bateko gobernadore kargu txikirako izendatu zuten. Azkenean, Krimenaren ministro kargura igo zen[17]. Xunzi liburuak dio behin kargua hartu eta gero, Konfuziok agindua eman zuela Shaozheng Mao exekutatzeko, Lu estatuko beste funtzionario eta jakintsu bat, zeinaren hitzaldiek hiru mila ikasle erakarri zituzten hainbat aldiz, Yan Hui izan ezik. Shaozheng Maori bost delitu leporatu zioten, bakoitzak exekutatua izateko adina balio zuena, besteak beste, ezkutuko gaiztakeria, anormaltasun egoskorra, bikoiztasun elokuentea, gertakari bitxietan erudizioa eta gaizkileekiko eskuzabaltasuna[18].
Konfuziok estatuaren agintea dukeari itzuli nahi zion hiriaren gotorlekuak deseginez —hiru familienak ziren gotorlekuak—. Horrela, gobernu zentralizatu bat ezarri ahal izango zuen. Hala ere, Konfuzio diplomazian soilik oinarritu zen, ez baitzuen aginte militarrik. K.a. 500. urtean, Hou Fan —Houko gobernadorea— Shu familiako bere jaunaren aurka matxinatu zen. Meng eta Shu familiek Hou arrakastarik gabe setiatu zuten arren, ofizial leial bat altxatu zen Houko jendearekin, eta Hou Fan Qi estatura ihes egitera behartu zuen. Behar bada, egoera Konfuzioren aldekoa zen, ziurrenik horrek Konfuzio eta bere ikasleei ahalbidetu baitzien familia aristokratikoak konbentzitzea beren hirietako gotorlekuak desegiteko. Azkenean, urte eta erdiren buruan, Konfuziok eta bere ikasleek Shu familia konbentzitu zuten Houko hormak suntsitzeko, Ji familia Biko hormak suntsitzeko eta Meng familia Cheng-eko hormak suntsitzeko. Lehen, Shu familiak armada bat gidatu zuen Hou hirirantz eta bere harresiak bota zituen K.a. 498an[19]
Handik gutxira, Gongshan Furao, Ji familiaren langilea, matxinatu eta indarrak kontrolatu zituen Bin. Berehala, erasoa hasi eta Lu hiriburuan sartu zen. Lehenago, Gongshan Konfuziorengana hurbildu zen berarekin bat egiteko, eta Konfuziok kontuan hartu zuen bere printzipioak praktikan jartzeko aukera ikusi baitzuen, baina, azkenean, ideia atzera bota zuen. Konfuziok printzipioz gaitzetsi zuen iraultza bortitza erabiltzea, nahiz eta Ji familiak belaunaldiz belaunaldi Lu estatua indarrez menderatu eta aurreko dukea erbesteratu zuen. Creelek dio, Gongshanen aurreko Yang Hu matxinoak ez bezala, litekeena dela Gongshanek hiru familia hereditarioak suntsitu eta dukearen boterea berreskuratu nahi izatea. Hala ere, Dubsek uste du Gongshan Ji Huan bizkondeak bultzatu zuela Lu hiriburua inbaditzera Biko harresi gotortuen eraisketa oztopatu asmoz. Egoera edozein izanda ere, Gongshan Lu estatua defendatzen jarraitu zuen gizon zuzentzat hartzen zen, nahiz eta geroago ihes egitera behartu[20].
Gongshanen matxinadan, Zhong You-k dukea eta hiru bizkondeak gortean elkarrekin mantentzea lortu zuen. Zhong You Konfuzioren dizipuluetako bat zen, eta Konfuziok erabaki zuen Ji familiak gobernadore kargua eman ziezaion. Konfuziok erasoaren berri izan zuenean, Ji Huan bizkondeari eskatu zion dukeari eta bere gorteari bere jauregiko eremuko gotorleku batera erretiratzeko baimena emateko. Hortik aurrera, hiru familien buruak eta dukea Ji jauregiaren gunera erretiratu ziren, eta Wuzi terrazara igo ziren. Konfuziok matxinoen aurkako erasoa burutzeko agindu zien bi ofiziali. Bi ofizialetako bat gutxienez, Ji familiaren langilea zen, baina, dukearen, bizkondeen eta gortearen aurrean zeudenez, ezin izan zieten aginduei uko egin. Matxinatuak jazarriak eta garaituak izan ziren Gu-n. Matxinada zapuztu eta berehala, Ji familiak Bi hiriko harresiak arpilatu zituen[21].
Erasotzaileek atzera egin zuten konturatu ostean estatuaren eta beren jaunaren aurkako matxinatu bihurtuko zirela. Konfuzioren ekintzen bidez, Biko funtzionarioak, nahi gabe, bere jaunaren aurka matxinatu ziren, eta, horrela, Ji Huan bizkondea behartu zuten Biko harresiak desegitera —matxinoak gorde baitzezaketen— edo aitortzera ekimena bultzatu zutela jokabide egokiaren eta ofizial gisa zuzentasunaren aurka joanez. Dubsek iradokitzen du gertakariak Konfuzioren aurreikuspena, gaitasun politiko praktikoa eta giza izaeraren ikuspegia argitu zituela[22].
Meng familiaren harresiak eraisteko garaia iritsi zenean, gobernadoreak bere hiriko harresiak suntsitzeari uko egin zion, eta Meng familiaren burua ez egiteko konbentzitu zuen. Zuo Zhuan liburuak gogoratzen du gobernadoreak hormak ez erabat botatzea gomendatu zuela, bada, horrek Cheng zaurgarri egingo baitzuen Qi-ren aurrean, eta Meng familiaren suntsipena eragingo zuela. Meng Yi bizkondeak saiakera ez oztopatzeko hitza eman bazuen ere, harresiak desegiteko lehen emandako hitza jan zuen[23].
K.a. 498an, Luko Ding dukea pertsonalki armada batekin Cheng setiatzera joan zen harresiak bota nahian, baina ez zuen lortu. Horrela, Konfuziok ezin izan zituen lortu nahi zituen erreforma idealistak, dukearen legezko agintea berrezartzea barne. Etsai indartsuak egin zituen estatu barruan, batez ere Ji Huan bizkondearekin, ordura arteko arrakastak zirela eta. Zuo Zhuanen eta Shijin (Historialari Handiaren Erregistro) kontakizunen arabera, Konfuziok bere jaioterritik alde egin zuen K.a. 497an, Ji, Meng eta Shu familia boteretsuen hiri-harresi gotortuak eraisteko saiakeraren alde egin ondoren[24]. Lu estatua utzi zuen dimisiorik eman gabe, bere buruari ezarritako erbestean jarraituz eta Ji Huan bizkondea bizirik zegoen bitartean itzuli ezinik[25].
Shijik zioen aldameneko Qi estatua kezkatuta zegoela Lu boteretsuegia bilakatzen ari zelako Konfuzio Lu estatuko gobernuan parte hartzen zuen bitartean[26]. Kontu horren arabera, Qik Luren erreformak sabotatzea erabaki zuen 100 zaldi on eta 80 neska dantzari eder bidaliz Luko dukeari[26]. Dukeak atseginez gozatu zuen, eta, hiru egunez, ez zen betebehar ofizialetara joan. Konfuzio etsita zegoen, eta Lu utzi, eta aukera hobeak bilatzea erabaki zuen, baina, berehala uzteak, dukearen portaera txarra agerian utziko zuen, eta, beraz, umiliazio publikoa ekarriko zion Konfuziok zerbitzatzen zuen agintariari. Konfuziok, beraz, dukeak akats txikiago bat egin arte itxaron zuen. Handik gutxira, dukeak baztertu egin zuen Konfuziori, ohiturari jarraiki, zegokion sakrifizio-haragiaren zati bat bidaltzea, eta Konfuziok aitzakia hori baliatu zuen bere kargua eta Lu estatua uzteko.
Konfuziok dimisioa eman ondoren, Txinako ipar-ekialdeko eta erdialdeko printzerriko estatuetan zehar bidaiatu zuen Wey, Song, Zheng, Cao, Chu, Qi, Chen eta Cai barne (baita Jin-era joateko saiakera huts bat ere). Estatu horietako gorteetan, bere sinesmen politikoak azaldu zituen, baina ez zituen gauzatzen ikusi[27].
Zuozhuan liburuak dioenez, Konfuzio bere jaioterrira itzuli zen 68 urte zituela, Ji Kangzi Lu estatuko ministro nagusiaren gonbidapena jaso ondoren[28]. Shijik deskribatzen du bere azken urteak 3000 ikasleri irakasten pasa zituela, Sei Arteak menperatzen zituzten 72 edo 77 ikasle bikainekin. Bien bitartean, Konfuziok bere burua eman zuen jakituria zaharra transmititzen, Bost Klasikoak idatziz edo editatuz[29].
Itzultzean, Konfuziok Lu-ko gobernuko hainbat funtzionarioren, Ji Kangzi barne, aholkulari gisa jardun zuen zenbaitetan, gobernantza eta krimenak gaietan batez ere[28].
Semearen zein bere ikasle gogokoen galeraz zamatuta, 71 edo 72 urte zituela hil zen ohiko arrazoiengatik. Konfuzio Sishui ibaiaren ertzean lurperatu zuten, Shandong probintziako Qufu hiriaren iparraldean. Hilobi xume gisa hasi zen Konfuzioren hilerria, Han dinastiaz geroztik zabaldu zuten enperadoreek. Gaur arte, Konfuzioren hilerriak (孔林) 183 hektareako azalera hartzen du Kongen ondorengoen 100.000 hilobi baino gehiagorekin, eta Gizateriaren Ondarearen Zerrendan sartuta dago bere balio kultural eta arkitektonikoagatik[30][31].
50 urterekin, irakasten hasi zen. Bakarrik bidaiatzen zuen alde batetik bestera, eta inguratzen zitzaizkion ikasle gutxiak trebatzen saiatzen zen. Gizon jantzia eta betiko ohitura eta ideien jarraitzaile, bere ospea di-da batean zabaldu zen Lu printzerrian hasieran eta Txina guztian gero.
Han dinastiaren ondoko enperadoreak Konfuzioren lanean oinarritu ziren Txinako gizartea antolatzeko. Konfuzioren aurretik eta Txina Zhou dinastiaren mende egon zenean, gobernuaren gainbehera nabaria zen, eta ohitura zabarrak orokortu egin ziren. Garaiko desordenak eta eredu moralen hutsuneak erabat atsekabetzen zuten Konfuzio. Horrela iritsi zen antzinako jakintsuen printzipio eta jakintzak herrian zabaldu behar zirela erabakitzera. Txinako literaturako klasikoak irakasten zituen, eta musika txinatarraren garrantzia azpimarratu zuen. Gobernariek, handiak eta eraginkorrak izan nahi bazuten, eredu izan behar zuten, eta aparteko printzipio moralen jabe. Herriarentzako, zoriona eta arrakasta lortu ahal izateko estimulu nahikoa izango ziren.
Tradizioari jarraituz, ministro izan zenean, erreforma ugari ezarri omen zuen justizia administrazioan. Luk indar ikaragarria eskuratu zuen, eta ondoko estatu batek ministroaren kargugabetzea lortzeko intrigatu zuen. Hala ere, agian, ez zen ministroa izan, funtzionario xumea baizik. Era batera edo bestera, Konfuziok, K.a. 496an, kargua utzi zuen, eta bidaiatzeari ekin zion klaseak han-hemenka emanez, printzeren batek erreformei hasiera emateko aukera eskainiko zion zain. K.a. 484an, gobernari egoki baten alferrikako bilaketa baten ondoren, Lura itzuli zen azken aldiz. Azken urteak autore klasikoen idatziak irakurri, eta iruzkinak idazten eman zituen.
Lun hil zen, eta Qufun (Shandong) eman zioten lur K.a. 479an.
1994an, bai Konfuzioren tenplua, bai hilerria, Gizateriaren Ondare deklaratu zituzten.
Bizitzan zehar izandako portaera egokian, Estatuko gobernu onean (karitatea, justizia, eta hierarkiari zor zaion errespetua), tradizioak zaintzean, ikasketan eta meditazioan zetzan haren irakaskuntzaren funtsa.
Bertute nagusiak hurrengoak ziren: tolerantzia, ontasuna, borondate ona, hurkoarenganako maitasuna eta helduenganako eta arbasoenganako begirunea. Printzea bertuteduna bada, herritarrek haren adibideari jarraituko diote. Gizarte aurrerakoi batek harreman horiek bere horretan kontserbatuko ditu. Ezinbestekoa da antzinako jakintsuak berreskuratzea eta herritarren ohituretan eragitea.
Kung maisua, izan ere, jarraitzaile talde bat lortu zuen lehena izan zen. Funtzionario zenean formulatutako hartu beharreko neurriez gainera, Txeu Dukearen politika berreskuratzen saiatu zen. Konfuziok bere irakaskuntzak jarraitu behar zituen printze bat behar zuen, eta, horrela, handik hamabi hilabetera espero zen emaitza lortzen hasiko zen; hiru urtean, gizarte proiektua ezin hobeto ezarriko zen.
Hauek ziren Konfuzioren dotrinak gobernuan zegoenari egiten zizkion aginduak:
Bost klasikoak maisua hil eta gero agertu ziren. Bai lana eta baita bizitza ere, kultu objektu bihurtu ziren, eta izugarrizko paradigma dira egun arte.
Konfuzioren irakaspenak, geroago, arau eta praktika multzo landu bihurtu zituzten bere ikasle eta jarraitzaile ugarik, bere irakaspenak Analektaketan antolatu zituztenak[34][35]. Konfuzioren ikasleek eta haren biloba bakarrak, Zisik, bere eskola filosofikoa jarraitu zuten hura hil ondoren[36]. Ahalegin horiek konfuziar idealak zabaldu zizkien gero Txinako errege-gorte askotan funtzionario bihurtu ziren ikasleei, eta, horrela, konfuzianismoari bere dogmaren lehen proba zabala emanez[37].
Konfuzioren ondorengo jarraitzaile ospetsuenetako bik bere irakaspenen alderdi guztiz desberdinak azpimarratu zituzten. Haren heriotzaren ondorengo mendeetan, Mentziok (孟子) eta Xunzik (荀子) irakaspen garrantzitsuak osatu zituzten, zeinak Konfuziorekin lotutako oinarrizko ideiak modu ezberdinetan sakontzen zituzten. Mentziok (K.a. IV. mendea) gizakiaren berezko ontasuna, izan ere, ren, yì eta lǐ-rantz gidatzen zuten intuizio etikoen iturri gisa artikulatu zuen; Xunzik (K.a. III. mendea), berriz, konfuziar pentsamenduaren alderdi errealista eta materialistak azpimarratu zituen, morala tradizioaren bidez txertatzen zela gizartean eta prestakuntzaren bidez gizabanakoengan nabarmenduz. Denborarekin, haien idatziak, Analektakekin eta beste oinarrizko testu batzuekin batera, konfuzianismoaren corpus filosofikoa osatu zuten[38].
Ondorengo Han eta Tang dinastietan, konfuziar ideiek are protagonismo handiagoa lortu zuten. Han Wu enperadorearen pean, Konfuziori egotzitako lanak filosofia inperial ofizial bihurtu ziren, eta funtzio publikoko azterketak egiteko beharrezko irakurketa K.a. 140an, eta horrela jarraitu zuen ia etenik gabe XIX mendera arte. Han dinastiaren garaian mohismoak laguntza galdu zuenean, lehiakide filosofiko nagusiak izan ziren legalismoa (pentsamendu konfuziarrak zertxobait xurgatu zuela uste zuena), Laoziren irakaspenak (ideia espiritualagoetan zentratuz konfuzianismoarekin gatazka zuzenetik urruntzen zuena) eta erlijio budista berria (Hego eta Iparraldeko dinastien garaian onarpena lortu zuena). Ming dinastian eta baita Yuan dinastian ere konfuziar ideiak eta konfuziarrek trebatutako funtzionarioetan oinarritzen ziren, nahiz eta Kublai Khan mesfidati zen probintziaren kontrola haien esku uzteko[erreferentzia behar].
Song dinastiaren garaian, konfuzianismoa biziberritu zen neokonfuzianismoa izenez ezagutzen den mugimendu batean. Neokonfuzianismoa konfuzianismoaren berpizkundea izan zen; teoria klasikoak zabaldu zituen, budismoak eta taoismoak eraginda, metafisika eta norberaren laborantzarako eta ilustraziorako ikuspegi berriak sartuz[39]. Garai horretako aditurik ospetsuena Zhu Xi (1130-1200) izan zen. Budismoaren eta taoismoaren eragin argiak daude eserialdi lasaia (meditazioa) neokonfuziar defentsan ikuspen-esperientzia eraldatzaileetara eramaten dituena auto-laborearen teknika gisa[40]. Bere bizitzan, Zhu Xi, neurri handi batean, baztertua izan zen, baina, hil eta gutxira, bere ideiak konfuziar testuek benetan esan nahi zuteneko ikuspegi ortodoxo berri bihurtu ziren[41]. Historialari modernoen ustez, Zhu Xi-k zerbait nahiko ezberdina sortu zuen, eta bere pentsamoldeari neokonfuzianismoa deritze. XIX. mendera arte neokonfuzianismoa nagusi izan zen Txinan, Japonian, Korean eta Vietnamen[42].
XVI. mendean, jesuita misiolariek Europako hizkuntzetara itzuli zituzten Konfuzioren lanak, Ming dinastiaren amaieran. Ezagutzen den lehen ahalegina Michele Ruggierirena da; 1588an, Italiara itzuli eta Salernon bizi zela egin zituen itzulpenak. Matteo Ricci Konfuzioren pentsamenduen berri ematen hasi zen, eta jesuiten talde batek —Prospero Intorcetta, Philippe Couplet eta beste bi— konfuziar lan batzuen itzulpena eta Txinako historiaren ikuspegi orokorra argitaratu zuen Parisen 1687an[43][44]. François Noël-ek, Klemente XI.a ezin konbentziturik arbasoen eta Konfuziorenganako txinatar begiruneak ez zela idolatria, konfuziar kanona osatu zuen Pragan 1711n, beste lanen trataera jakintsu gehiagorekin eta bildutako Mentzioren lanen lehen itzulpenarekin[45]. Uste da lan horiek garrantzi handia izan zutela garaiko Europako pentsalariengan, bereziki deistengan eta Ilustrazioaren beste talde filosofiko batzuen artean, zeinak interesaturik baitzeuden Konfuzioren moral-sistema Mendebaldeko zibilizazioan integratzen[44][46].
Aro modernoan, mugimendu konfuziarra, hala nola neokonfuzianismoa, oraindik existitzen da, baina Iraultza Kulturalaren garaian, Txinako Alderdi Komunistako pertsona nagusiek maiz eraso zuten konfuzianismoa. Konfuzianismoaren gaitzespen hori, neurri batean, XX. mende hasierako intelektualen eta aktibisten jarraipena izan zen ikuspegi etnozentrikoaren estutasunarengatik eta Qing dinastiaren modernizazioari ukapenarengatik, eta horrek XIX. mendean Txinak sufritu zuen tragedietara eraman zuen[47].
Konfuzioren lanak Asiako beste hainbat herrialdetako adituek aztertzen dituzte, batez ere Txinako kultura-esparrukoak, hala nola Korea, Japonia eta Vietnam. Herrialde horietako askok, oraindik, urtero egiten dute oroimenezko ekitaldi tradizionala[erreferentzia behar].
Tibetarren artean, Konfuzio sarritan gurtzen da errege santu eta magiaren, jainkoaren eta astrologiaren maisu gisa. Tibeteko budistek uste dute igarpena Buda Manjushrirengandik (eta ezagutza hori Wencheng printzesaren bitartez iristen zela Tibetera) ikasi zuela; Bon-en praktikatzaileek, aldiz, Tonpa Shenrab Miwoche-ren (Bonen fundatzaile mitikoa) haragitzea dela uste dute[48].
Ahmadiyyek uste dute Konfuzio Jainkoaren profeta jainkotiar bat zela, Lao-Tzu eta beste pertsonaia txinatar ospetsu batzuk moduan[49].
Tamil Naduko Siddhar tradizioaren arabera, Konfuzio garai bateko 18 siddhar estimatuenetako bat da, eta Kalangi Nathar edo Kamalamuni izenez ezagunagoa da[50][51][52]. Thyagaraja tenplua Thiruvarur-en, Tamil Nadu da haren Jeeva Samadhi-ren egoitza[53].
Garai modernoetan, 7853 asteroidea, Konfuzio, pentsalari txinarraren omenez jaso zuen izena[54]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.