Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Henri Matisse edo Henri-Émile-Benoît Matisse (Le Cateau-Cambrésis, 1869ko abenduaren 31 - Niza, 1954ko azaroaren 3a) frantziar margolari, eskultore eta diseinatzaile bat izan zen, kolorearen erabilera bereziagatik eta marrazki arin, distiratsu eta original batengatik nabarmendu zena. Marrazkilari, grabatzaile eta eskultore gisa, baina, batez ere, margolari gisa, arte modernoaren artista garrantzitsuenetako bat da Matisse. Fauvismoaren ordezkari nagusitzat hartzen den arren (estilo hori landu zuen lehen urteetan), Frantziako pinturaren tradizio klasikoaren ordezkari gisa ere txalotu izan dute.[1]
Henri Matisse | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Le Cateau-Cambrésis, 1869ko abenduaren 31 |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Bohain-en-Vermandois Paris Issy-les-Moulineaux Niza Q122222531 |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Niza, 1954ko azaroaren 3a (84 urte) |
Hobiratze lekua | Cimetière de Cimiez (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Amélie Paraliser (en) (1898ko urtarrilaren 8a - 1954) |
Seme-alabak | |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Arte Ederren Goi Eskola Nazionala Académie Julian (en) |
Hizkuntzak | frantsesa |
Irakaslea(k) | Gustave Moreau |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, eskultorea, grabatzailea, litografoa, marrazkilaria, zeramikaria eta artista |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | Paris Saint-Quentin Londres Saint-Tropez Collioure Issy-les-Moulineaux Maroko Niza New York eta Vence |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | National Academy of Fine Arts (Argentina) (en) |
Mugimendua | inpresionismoa divisionism (en) fauvismoa neo-impressionism (en) postinpresionismoa |
Genero artistikoa | decoupage (en) paisaia margolaritza figure painting (en) izadi hila erretratua |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
Lehenik, estilo akademikoan lan egin zuen, eta, ondoren, inpresionismoa, puntillismoa eta fauvismoa landu zituen, hiru estiloetan maisu izan zelarik. Nolanahi den ere, beti jarraitu zuen, heterodoxia baten barruan, fauvismoari leial izaten. 1917an, garai naturalista bat hasi zuen, kolore argi eta distiratsuekin, ikerketak bertan behera utzita. Aurrerago, baina, sinplifikazio ikerketa berrietara itzuli zen, adostasun kromatiko berriak bilatu zituen, eta indar gehiago emanda lerroari eta koloreari. Ondoren, kolore indartsuen ausardia areagotu zuen, tonuen kontrastez edo kolore batasuna ezarriz. Bere bizitzaren azken aldera, papiers collés bezalako teknikak landu zituen. Arkatzez eta lumaz ere egin zuen marrazkia. Grabatzaile gisa, bostehun lan baino gehiago ditu katalogatuta zenbait teknikatan, eta Frantziako literatur lan garrantzitsuak ilustratu zituen.[2]
Jaiotzezko izena Henri-Émile-Benoît Matisse izan zen, eta Le Cateau-Cambrésisen jaio zen, Nord-Pas-de-Calais eskualdean, Frantzian. Hazien merkatari familia bateko seme zaharrena izan zen, Bohain-en-Vermandoisen egin zuen haurtzaroa, Frantziako ipar-ekialdean, gurasoek han baitzuten negozioa. Gurasoen lanbidea izan daiteke gerora ehungintzako motiboetan landareak irudikatzeko interesaren jatorria. 1887an, Parisera joan zen zuzenbidea ikastera, eta bere jaioterrian, Le Cateau-Cambrésisen, epaimahai batean urgazle gisa lan egin zuen, lehiaketa batean plaza irabazi ondoren. 1889an, margotzen hasi zen, apendizitis eraso baten ostean, aste luzetan atsedena hartzera behartu baitzuten; denbora pasan, amak margotzeko tresnak eraman zizkion. Berak geroago azaldu zuenez, «paradisu moduko bat» aurkitu zuen hartan.[3] Gaixotasunetik sendatu ondoren, zuzenbide ikasketak berriz egiten zituen bitartean, Quentin de La Tourren marrazki eskolan sartu zen, ehungintza industriako diseinua ikasteko.
Hurrengo urtean, 1890ean, zuzenbide ikasketak utzi eta margolaritzan eta eskulturan murgildu zen buru-belarri: artista bihurtzea erabaki zuen, nahiz eta erabaki horrek bere aita erabat atsekabetu zuen.[4] Hurrengo urtean, 1891n, Parisera joan zen eta Académie Julian pintura eta eskultura ikastegian onartua izan zen. Geroago, 1895ean, Gustave Moreauren atelierrean hasi zen. Hasieran, izadi hilak eta paisaiak margotzen zituen, estilo flamenko tradizionalenean, eta Chardinen mireslea zen, bere margolari kuttunenetako bat; ikasle gisa, Chardinen obren lau kopia egin zituen, Louvren erakusten zirenak.[5] Gustave Moreauren atelierrean, Georges Rouault eta Albert Marquet ezagutu zituen, eta, garai hartan, Camille Corot eta Cézanne artista nabarmenen erakusketak bisitatu zituen.
1896an, Matissek lehen aldiz erakutsi zituen bere lanak, Salon des Cent aretoan eta Société Nationale des Beaux-Artes aretoan. Bost koadro izan ziren, eta Frantziako estatuak bere margolanetako bi erosi zizkion.[6] Pierre Puvis de Chavannesek proposatuta, Société Nationale des Beaux-Artes elkarteko kide egin zen; estatus horri esker, epaimahai baten onespena gainditu gabe egin ahal izan zituen erakusketak.
1897an eta 1898an, John Peter Russell australiar margolariak Belle-Île bisitatu zuen, Bretainiako kostaldean. Russellek Vincent van Goghen inpresionismoa eta lana zer zen erakutsi zion, van Gogh Russellen lagun ona izana baitzen, baina erabat ezezaguna une hartan. Russellek eta bere maisutasunak eraginda, Matisseren estiloa erabat aldatu zen; geroago hala aitortu zuen: «Russell nire maisua izan zen, eta berak kolorearen teoria azaldu zidan».[7] Haren bitartez ezagutu zituen Rodin eta Pissarro, eta pintura inpresionistaz gozatu ahal izan zuen Luxenburgoko Museoan.
Prestakuntza urrats hartan, Poussin, Watteau, Chardin, Manet, eta Cézanne, Gauguin, Van Gogh edo Signac postinpresionisten eragina jaso zuen Matissek, baita Rodinena edo Japoniako artearena ere. Matisse besteen lanetan murgildu zen, eta miresten zituen margolari askoren lanak erosi zituen. Hala, bere etxean, Rodinen klarionezko busto bat, Gauguinen margolan bat, van Goghen marrazki bat eta, garrantzitsuena, Cézanneren Hiru bainulariak zituen. Cézannerengan aurkitu zuen bere inspirazio iturri nagusia, egituraren eta kolorearen zentzu piktorikoari dagokionez.[8] 1899tik 1905era egin zituen pintura askotan Signacen teknika puntillista erabili zuen. 1898an, Pissarroren aholkuari jarraituz, astebete eman zuen Londresen J.M.W. Turner margolariaren lanak aztertzen eta gero bidaia bat egin zuen Korsikan zehar.
Ajaccion eta gero Okzitaniako Tolosan bizi zen bitartean, Turnerren metodoarekin esperimentatu zuen. 1900etik aurrera, Matissek Grande Chaumière Akademian lan egin zuen Antoine Bourdelleren zuzendaritzapean, eta Eugène Carrièreren estudioan ere aritu zen.
1900ean egin zituen lehen eskultura lanetan, Rodinen Esclave s'éveillant eskulturaren eragina nabari zaio; haren testura eta jarrera berak hartu zituen, eta berdin nabaritzen da Jeannette (1910-1913) izeneko bost bustoetan, estilo kubistari egindako egitura erantzunak. Biluzik bizkarrez Erreliebeko eskulturaren lau bertsio daude, Gustave Courbetek eta Cézannek margotutako gaiekin alderatzen direnak; eskultura horietako lehena 1912an jarri zuten ikusgai Londresen; besteak ezezagunak izan ziren 1949an eta 1950ean Lucernan eta Parisen erakutsi ziren arte. Hirurogeita zortzi eskultura ditu katalogatuta.[9]
Familiari dagokionez, aipatzekoa da 1894an Marguerite jaio zela, Caroline Joblau bere ereduetako batekin izandako harremanetik sortutako alaba.[10] 1898an, Amélie Parayrerekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten: Jean (1899) eta Pierre (1900).
Bere lehen erakusketa Ambroise Vollard margolariaren galerian egin zuen 1904an, baina ez zuen arrakasta handirik izan. Kolore distiratsu eta adierazkortasunarekiko zaletasuna areagotu egin zitzaion. 1905ean, hegoaldera joan zen André Derainekin lan egitera, eta denbora bat eman zuen Kosta Urdinean; Derainek Maurice de Vlaminck aurkeztuko zion. Garai hartako margolanek forma lauak eta lerro kontrolatuagoz egin zituen, adierazkortasunari lehentasuna emanda, xehetasunaren gainetik.
1905ean, Matissek eta geroago «fauvista» izenez ezagutuko zen artista talde batek erakusketa bateratu bat egin zuten Salon d'automne aretoan; Albert Marquet, Maurice de Vlaminck, André Derain eta Kees van Dongen elkartu ziren, Matisserekin batera. Pinturak zirrara basatiz (frantsesez fauve, basapiztia) adierazten ziren, askotan kolore disonantez, kolore naturalak errespetatu gabe. Eskandalu itzela sortu zuten kolore puru eta bortitzen ugaritasunagatik. Matissek Fenêtre ouverte, Collioure eta Femme au chapeau aurkeztu zituen. Louis Vauxcelles kritikariak esaldi batekin laburtu zuen erakusketa: «Donatello au milieu des fauves !» (Donatello piztien artean! ), areto berean zegoen eskultura errenazentista bati erreferentzia eginez.[11] Bere iruzkina 1905eko urriaren 17an argitaratu zen Gil Blas egunkarian; horrek lagundu zuen fauvismo terminoa orokortzen, eta «piztia» terminoa berehala onartu zen, margolari berberek aldarrikatu baitzuten.[11][12] Kontrako kritikarik jaso zuten, Camille Mauclair kritikariak, esate baterako, idatzi baitzuen «pintura pote bat publikoaren aurpegira bota dute», baina beste batzuen babesa ere jaso zuten.[11] Eraso gehienak jaso zituen margolana Matisseren Femme au chapeau izan zen, Gertrude Steinek eta bere anaia Leok erosi zutena. Horrek oso eragin positiboa izan zuen Matisserengan, bere obra gaizki hartua zenean desmoralizatu egiten baitzen.[11] Aro hartan, baina, bere lanaren aitortza egiaztatu ahal izan zuen, eta horri esker nolabaiteko lasaitasun ekonomiko baten barruan bizi ahal izan zen.
Matisse taldeko lidertzat hartu zuten, André Derainekin batera; biak ala biak «lagunarteko aurkariak» izan ziren, bakoitza bere jarraitzaile taldearekin. Beste kide batzuk Georges Braque, Raoul Dufy eta Maurice de Vlaminck izan ziren. Gustave Moreau, Parisko École des Beaux-Arts ikastegian irakasle zen margolari sinbolista, mugimenduaren maisu inspiratzailea izan zen; asko egin zuen, eta ikasleak akuilatu zituen, formaltasunaren ildoetatik kanpo pentsa zezaten, eta haien bulkadei, haien irudipenei, jarrai ziezaieten.
1905ean bertan, Edmond-Marie Poullain margolaria ezagutu zuen. Handik aurrera, bidaia asko egin zituen inspirazio iturrien bila, eta, hala, Alemania, Aljeria, Italia, Maroko, Errusia, AEB eta Tahiti bisitatu zituen.
Fauvismoaren gainbeherak, 1906tik aurrera, ez zuen eraginik izan Matisseren ibilbidean, eta haren lanik onenetako asko 1906 eta 1917 artean sortu ziren, Montparnassen talentuko artista talde handi baten partaide aktiboa izan zenean, nahiz eta bere burges kontserbadore itxura eta lan ohitura zorrotzak ez zetozen bat taldearen egiteko moduarekin. 1907an, Apollinairek, La Falange egunkarian argitaratutako artikulu batean, Matisseri buruzko iritzia eman zuen, esanez: «Ez gaude hemen xelebre baten edo xede estremista baten aurrean: Matisseren artea erabat zentzuzkoa da».[13] 1908 eta 1912 artean, haren lanak Moskun, Berlinen, Munichen eta Londresen erakutsi zituzten.
Matissek adiskidantza luze bat izan zuen Serguei Sxukin arte bildumagile errusiarrarekin. Bere lan handietako bat, La Danse II (1909), sortu zuen berarentzat, bi margolanen enkargu baten zati gisa; beste koadroa La musique (1910) izan zen. Aurrez egindako La danse I (1909) bertsio bat New Yorkeko Arte Modernoko Museoaren bilduman dago.[14]
Matisseren obrak kritika gogorrak ere jasan zituen, eta horrek zailtasunak sortu zizkion berari eta bere familiari.[15] 1913an, Matissek Chicagoko Armory Show aretoan egin zuen erakusketa, Marcel Duchamp eta Francis Picabiaren lanekin batera, garaiko arte modernoaren ordezkari gisa. Nu bleu (1907) pintura polemikoa sinbolikoki erre zuten.[16]
1904 inguruan, Pablo Picasso ezagutu zuen, bera baino hamabi urte gazteagoa zena, eta une hartatik aurrera betiko lagun bihurtuko ziren; aurkariak ere izan ziren, eta askotan konparatuak izaten ziren. Bi artisten arteko ezberdintasun garrantzitsu bat da Matissek naturaren behaketatik margotzen zuela, eta Picasso, berriz, askoz ere gehiago abiatzen zela bere irudimenetik. Bataren zein bestearen gai gogokoenak emakumea eta izadi hila ziren; Matissek nahiago zuen figurak barrualdeetan kokatzea.
Matisse eta Picasso lehen aldiz elkartu ziren Gertrude Steinen eta haren lankide Alice B. Toklasen Parisko egongelan. XX. mendearen lehen hamarkadan, Gertrude Stein, Leo eta Michael Stein anaiak eta Sarah, Michaelen emaztea, bildumagile garrantzitsuak ziren, Matisseren margolaritzaren jarraitzaileak. Gainera, Gertrude Steinen bi lagun, Clarabel eta Etta Cone, Baltimoren bizi zirenak, Matisseren eta Picassoren bezero nagusi bihurtu ziren, eta haien ehunka lan bildu zituzten. Cone bilduma, gaur egun, Baltimoreko Arte Museoan dago ikusgai.[17]
Bere lagunek Matisse Akademia sortu eta finantzatu zuten, Parisen kokatua, lehenengo Oiseaux Komentuan, eta gero Biron Hotelean. Eskola pribatua zen, ez komertziala, eta Matissek artista gazteak prestatzen zituen, atzerritarrak bereziki; zentroa 1907tik 1911ra egon zen martxan. Hans Purrmann eta Sarah Stein bere ikasle leialenetako batzuen artean zeuden.[18] Gomendio hau egiten zien ikasleei:
« | Ez da kolore erlaziorik ezarri behar ereduaren eta margoaren artean; soil-soilik kontuan hartu behar duzue koadroen kolore erlazioen eta ereduaren kolore erlazioen arteko baliokidetasuna.[19] | » |
Horrela, sentsazioen sintesia lortzen zen, 1905eko hamarkadako bere margolanetan ikus daitekeena, La Raie verte erretratuan bezala, non kolore osagarri ezberdinen arteko erlazioa argi eta garbi hartzen den.[20]
Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Cotlliure utzi zuen, 1905etik bizi izan zen herria. Neguaren zati bat, 1917ko lehen asteetan, Cimiez barrutian (Niza hiriko auzo aberats bat, Kosta Urdinean) igaro ondoren, Matissek bertan denbora gehiago gelditzea erabaki zuen. Paradisutzat zeukan ingurua, eta han ikertu zuen nola eraman inguru zoragarri hura bere margoetara. Ondorengo urteetako lanak lasaitasuna eta estilo leunagoa islatzen dute. «Ordenarako itzulera» hori Lehen Mundu Gerraren osteko artearen zati handi baten ezaugarria da, eta alderatu daiteke Picassoren edo Stravinskiren neoklasizismoarekin, eta Derainen tradizionalismorako itzulerarekin. Odaliskeei buruzko bere pintura orientalista garai hartako ezaugarria da, eta ospea lortu zuen, nahiz eta kritikari garaikide batzuek azaleko lantzat hartzen duten, apaingarria beste ezer baino gehiago.[21] Odaliskeenaren antzeko jarreran, Grand nu assis (1924) brontzezko eskultura egin zuen, Baltimoreko Arte Museoan gordea.[22]
1919an, Stravinskiren eta Serguéi Diguileven enkargu bat jaso zuen, Londresen estreinatutako Erresinularen kantua balletarentzako jantzien diseinua egiteko. 1925ean, Ohorezko Legioko zaldun izendatu zuten.[23] Geroago, 1927an, atzera begirako bat antolatu zuen New Yorken.
1930etik aurrera, indar berria eta sinplifikazio ausarta erakutsi zuen bere obratan. Albert C. Barnes arte bildumagile amerikarrak bere Barnes Fundaziorako horma irudi handi bat egiteko eskatu zion; The Dance II izan zen, 1932an osatu zuen lana.[24] Fundazio hori Matisseren dozenaka margoren jabea zen. 1933an, Estatu Batuetan egon ondoren, Parisera itzuli zen Dantza II taularatzeko. James Joyceren Ulises eleberriaren ilustrazioan eta Rouge et noir Errusiako Balleten obrarako jantzien diseinuan ere lan egin zuen, Monte-Carlon estreinatzekoa baitzen (1934-1938).[25]
1939an, emazteagandik banandu zen, 41 urte ezkonduta eman ondoren. 1941ean minbizia diagnostikatu zioten eta Parc de Lyon klinikan ospitaleratu zuten, kolostomia bat egiteko. Medikuek sei hilabeteko bizia eman zioten, eta gurpil aulki bat erabiltzen hasi zen. Hil arte, Lydia Delektorskaya izeneko errusiar gazte batek artatuko zuen, aurretik bere modeloetako bat izan baitzen.
Besteren laguntzaz, paper ebakiekin collageak sortzen aritu zen, askotan eskala handikoak, gouaches découpés izenekoak. Nu Bleu (Biluzik urdin) izeneko bere serie bereizgarria teknika horren adibide bat da, berak «guraizeekin egindako pintura» deitu zuena; horretan, kolorea eta geometria bitarteko berri batez tratatzeko gaitasuna erakutsi zuen, erabateko sinpletasunaz, baina ahalmen xarmangarri eta jostalari batekin.
1947an, Jazz argitaratu zuen, edizio mugatuko liburu bat, collageen kolorezko paper zatien kopiak biltzen zituena, bere pentsamenduekin batera. 1940ko hamarkadan, artista grafiko gisa ere lan egin zuen, eta zuri-beltzeko ilustrazioak egin zituen zenbait liburutarako, baita ehun litografia original baino gehiago ere, Parisko Mourlot Studios argitaletxerako. 1947. urtetik, Marguerite alabarekin eta Georges Duthuit arte kritikari eta idazlearekin batera, zenbait zibilizazioren jai erritualen gaiari eskainitako liburu sorta bat argitaratzeko asmoa hartu zuten. Matissek hogeita hamaika litografia egin zituen inuit herriaren erretratu eta maskarez, hauetako asko Duthuiten maskara bildumatik ateratakoak. Liburua Matisse hil ostean, 1963an, argitaratu zuen Tériade editoreak Une Fête en Cimmérie izenarekin, ehun eta hogeita hamar aleko edizio labur batean.[26]
Politikatik beti aldenduta bizi izan Matisse batentzat zirrara handikoa izan zen jakitea bere alaba Margarita Erresistentzian aktiboa izan zela, eta espetxeratu nahiz torturatu egin zutela Renneseko espetxean, ia hil arte. Ravensbrückeko esparrura deportatu zuten, eta trenean zihoala, ihes egin eta basoan ezkutatu ahal izan zen, harik eta Erresistentziako kideek erreskatatu zuten arte.[27]
1950ean, Veneziako Bihurtekoan sari nagusiaa lortu zuen, eta hurrengo urtean erakusketa handi bat egin zuen Japonian zehar, Tokyon, Kyoton eta Osakan.[28]
1951n, lau urteko proiektu bat amaitu zuen, Venceko dominikoen komentuko barrualdea, leihoetako beira eta Errosarioko kaperaren dekorazioa diseinatzeko. Proiektu hura Matisseren eta komentuko Jacques-Marie ahizparen arteko adiskidetasun estuaren emaitza izan zen, 1941ean bere erizaina zenean modelo lanak egiteko kontratatu baitzuen, geroago moja dominiko bihurtu zena. Vencen berriro elkar aurkitu eta lanari ekin zioten.[31] Kaperaren barruko dekorazioa osatzeko, aldarerako gurutze bat egin zuen, ia bere azken eskultura eta 1932tik egiten zuen lehenengoa.[32]
Matisse 1954an hil zen, bihotzekoak jota, 84 urte zituela. Notre Dame de Cimiez monasterioko hilerrian dago lurperatuta, Nizatik gertu. Haren lanari eskainitako museo bat ireki zuten 1952an, hil baino hilabete batzuk lehenago; Matissek Frantzian duen hirugarren bilduma handiena da orain.
Matisseren obrak batasun handia izan zuen. Haren artean ezin dira margoa eta marrazkia bereizi, marrazkilari handia baitzen, margolari bikaina bezainbat. Artista gutxi izan ziren Matissek bezain iaioak bere lanbidean. Trebetasun horren beraren eraginez, mesfidantza handia zuen bere buruarekiko, eta haren lanak ziurtasunaren sentipena adierazten badu ere, Matisse galdeketan eta bilaketan ari izan zen etengabe. Zirriborro eta saio ugari egin ohi zuen, eta teknikarik zailenak erabili zituen. Izadi hilak eta paisaiak margotu bazituen ere, giza irudia landu zuen gehienbat, baina ez beti hain zuzen erretratua ―nahiz egin zuen erretraturik― giza irudi berezko ezaugarri berezirik gabeak baizik.
Matissek berebiziko eragina izan zuen artearen munduan. 1905etik aurrera, herrialde askotako pintoreak izan zituen miresle, haren erakusketak gero eta gehiago maiztu baitziren Europan eta Estatu Batuetan, orobat haren lanen argazkiak eta haiei buruzko argitalpenak. 1908an, Matissek La Grande Revue aldizkarian argitaratu zuen «Pintore baten oharrak», arrakasta eta zabalkunde handia izan zuen.[33] 1914rako, abangoardiako maisutzat aitortu zuten aho batez mundu osoan. Picasso, Léger, Juan Gris, Delaunay, Kirchner, Kandinski edo Mondrian zordun izan zitzaizkion, zein bere karreraren uneren batean edo bestean.
Naziek Matisseren obra asko konfiskatu zituzten, edo bildumagile juduak arpilatu zituzten, edo nazien urteetan eskuz aldatu zituzten, behartutako salmentetan. XXI. mendearen lehen hamarkadatan, Matisseren zenbait lan Hirugarren Reicharen aurreko jabeen oinordekoei itzuli zizkieten, besteak beste Le Mur rose (1897-1898), Frantziako Pompidou Museoak Henry Fulden oinordekoei itzulia;[34] edo Femme assise dans un fauteuil (1921), Hildebrand Gurlitt ―nazien arpilatze lanetan lagundu zuen alemaniar arte merkataria― semearen biltegian aurkitua.[35]
Alemaniako Arte Galduaren Fundazioak bere datu basean Matisseren 32 artelan zerrendatu zituen.[36]
Matisseren lehen pintura, bilduma publiko batean eskuratutakoa, izan zen 1910eko Nature morte avec géranium (Izadi hila geranioekin), gaur egun Pinakothek der Moderne museoan erakusten dena, Munichen.[37] Aro garaikidean, Matisseren margolanak eskuratzeko dirutza handiak ordaindu izan dira. 2009, 32 milioi euro ordaindu ziren Les Coucous, tapis bleu et rose lanagatik, Yves Saint Laurent eta Pierre Bergé enpresarien bildumaren salmentaren barnean.[38]
201ean, berriz, Nu de dos IV eskultura enkantean saldu zuten New Yorkeko Christie's etxean, 49 milioi dolarretan.[39] Horrela, enkantean saldutako seigarren eskultura garestiena bihurtu zen, Alberto Giacomettiren, Amedeo Modiglianiren eta Jeff Koonsen lanen atzetik.[40]
Branche de prunier, fond ocre (1948) Matisseren margolana MoMAk erosi 2005eean, 25 bat milioi dolarreko prezioan. 1970etik jendaurrean erakutsi gabeko lana zen.[41]
Matisseren alaba Margueritek askotan lagundu izan zien adituei, aitaren lan metodoei buruzko xehetasunak emanez eta obrei buruzko datuak zehaztuz. 1982an hil zen, aitaren lanen katalogo bat biltzen laguntzen ari zela.[42]
Matisseren seme Pierrek (1900-1989) arte modernoko galeria garrantzitsu bat ireki zuen, 1930eko hamarkadan, New Yorkeko Fuller Building eraikinean. Pierre Matisseren galeria 1931tik 1989ra arte aritu zen lanean, eta bertan europar artista askoren erakusketak egin ziren, baita amerikar eta kanadarrenak ere; sarritan lehen erakusketak izan ziren. Bertan izan ziren lanak aurkezten, besteak beste, Joan Miró, Marc Chagall, Alberto Giacometti, Jean Dubuffet, André Derain, Yves Tanguy, Le Corbusier, Paul Delvaux, Wifredo Lam, Jean-Paul Riopelle, Balthus edo Leonora Carrington.[43] Les Héritiers Matisse elkarteak zaintzen ditu artistaren eta bere familiaren eskubideak.[44]
Matisseren lanen artean daude, baita ere, brontzez egindako eskulturen sail garrantzitsuak (Bustes de Jeannette, 1910-1913; lau Nus de dos, behe erliebeak, 1909-1930), grabatutako 500 pieza inguru (akuaforteak, zurezkoak, litografiak), eta liburuetako ilustrazioak: Poésies de Mallarmé (1932), Lettres de la religieuse portugaise (1946), Florilège des Amours de Ronsard (1948).
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.