arte mugimendua From Wikipedia, the free encyclopedia
Inpresionismoa XIX. mendearen azken herenean Frantzian, Parisen bereziki, sortu eta garatu zen pintura-joera eta estiloa da, arte modernoaren mugimendu nagusietakoa. Artista inpresionistak 1860an hasi ziren publikoki agertzen.
Errealitatearen eta argiaren unez uneko aldaketak irudikatu nahiak elkarganatu zituen artista inpresionistak. Bestalde, pintura errealistaren kontrako erreakzioa ere izan zen, neurri batean. Inpresionistek paisaiak margotu zituzten batez ere, eta izadiari modu objektibo batez begiratzen eta norberak harekin zuen harremana adierazten ahalegindu ziren. Haien koadroetan ez dago ez islarik ez marrarik, eta lausoa da gauzen arteko muga. Margolari inpresionista nagusiak Édouard Manet, Claude Monet, Camille Pissarro, Pierre-Auguste Renoir, Alfred Sisley eta Edgar Degas izan ziren. 1886an desegin zen inpresionisten taldea. Mugimenduak iraultza estetiko bat ekarri zuen, eta eragin handia izan zuen geroko margolari askorengan. XIX. mendearen azken herenean, Europan oro har, eta Frantzian bereziki, bizi zen krisi-giroak berak eraginda agian, aurrerapen tekniko asko eta handiak gertatu ziren, eta garapenaren azkartasun horrek modak eta gustu estetikoak azkar aldatzea ekarri zuen aldi berean.
Teknika modernoak inoiz ez bezalako dinamismoa txertatu zuen bizitzari buruzko jarreran, eta azkartasun- eta aldaketa-sentimen horrek inpresionismoan aurkitu zuen bere adierazpidea. Inpresionismoa hiriko artea izan zen, bai hiria paisaia gisa ezagutarazi eta pintura landatik hirira itzularazi zuelako, bai munduaren hiri-ikuspegia zuelako eta kanpoko inpresioen aurrean gizon tekniko modernoaren neurriz gaineko urduritasunez erreakzionatu zuelako. Gotikoarekin eta Erromantizismoarekin batera, Mendebaldeko artearen historiaren bidegurutze nagusietako bat izan zen. Izan ere, pinturaren historian, joera dinamikoaren goren unea izan zen inpresionismoa, eta munduaren Erdi Aroko irudi estatikoa behin betiko desegitea ekarri zuen.
Existentziaren mugimendu betierekoan, une baten adierazpena dira irudi inpresionistak. Argia, airea eta eguratsa irudikatzeko moduak, margoa zabalduta eroan ordez orbanetan eta puntutan deskonposatzeak, argiaren islaren eta itzal argituen jokoak, margozko puntuen pilpira eta dardarak, pintzelkadaren zabaltasun, arintasun eta askatasunak, margotzearen bat-batekotasunak, marrazki azkar zirriborratuek, irudi itxuraz iheskor, axolagabe eta zabarrak, eta, aldi berean, irudiaren zabarkeria birtuosoak..., horiek guztiak etengabe mugitzen eta aldatzen ari den errealitate dinamiko horren sentimena baizik ez dute adierazten.
Inpresionismoa, esperientziaren elementu optikoak elementu kontzeptualetatik deslotzean eta ikusgarritasunaren autonomia goratzean, aurreko mugimendu guztietatik aldendu zen. Inpresionismoaren aurreko artearen irudikapenak irudi kontziente batean oinarritu ziren bitartean —uniformetasun-itxura eman arren modu heterogeneo batean osatua eta kontzeptu eta sentimen-elementuez eratua—, inpresionismoak ikusgarritasun hutsaren homogeneotasuna lortzea izan zuen helburua.
Inpresionistentzat irudikatutakoaren ikusgarritasuna zen garrantzitsuena, eta uko egin zioten gaiaren elementu literarioei, pintura bere bitarteko berezienetara murrizteko. Ez zuten paisaiez, izadi hil eta erretratuez beste gairik onartzen, edo, bestela, dena hartzen zuten «paisaiatzat» edo «izadi hiltzat», margolanetan pinturaren funtsa nagusitu zedin. Hain zuzen ere, gaiak tonuen arabera eta ez gaiaren arabera tratatzeak bereizi zituen inpresionistak gainerako pintoreengandik.
Inpresionismoak bi dimentsioko gainalde batera murriztu zuen errealitatea, eta bi dimentsio horien barruan, ertzik gabeko arrasto sistema batera; uko egin zion plastikotasunari eta marrazkiari; objektuaren forma espazialari eta linealari. Baina irudiak dinamismoan eta sentsualtasunean irabazi zuena argitasunean galdu zuen, eta jendeari handiagoa iruditu zitzaion galera irabazia baino. Inpresionisten irudi azkar formagabeak adar-jotzea iruditu zitzaion hasieran jendeari. Gaur egun, ordea, ikusmolde inpresionista da munduaz dugun irudi optikoaren osagai nagusietako bat. Inpresionistek erabili zituzten koloreek aldatu eta desitxuratu egin zituzten gure ohiko esperientzietako irudiak. Horregatik, objektu jakin batekin lotzen dugun «kolore mentalak», ohitura eta esperientzia luze baten ondorio baita, alde batera baztertzen du inpresio konkretua, berehalako pertzepzioaren bidez lortua.
Azkenik, ikusmolde inpresionistak beste aldaketa sakonago bat eragin zuen errealitatearen ohiko irudian, ez baitzituen erakusten koloreak dagokion objektuari lotutako kalitate konkretu gisa, gertaera kromatiko abstraktu, gorpuzgabe eta materiagabe gisa baizik. Eta hala, suaren koloreak distira galdu zuen, urarenak gardetasuna, eta abar, zeren inpresionismoak azaleko kolore gorpuzgabeez margotzen baititu objektuak.
Inpresionismoa pintore independente eta gazte batzuek abian jarri zuten abentura izan zen. Pintore horiek —Claude Monet, Pierre-Auguste Renoir, Camille Pisarro, Alfred Sisley, Paul Cézanne, Edgar Degas eta Berthe Morisot, nazkaturik eta haserre Parisko Erakusketa ofizialean parte hartzen uzten ez zietelako, erakusketa publiko bat antolatu zuten Nadar argazkilariaren etxean, Parisen, 1874ko maiatzaren 17ean. Hara azaldu zen kritikari batek Moneten Inpresioa, eguzkia sortzen margolana irrigarri utziz Le Cbarivari aldizkarian egin zuen kritika garratzetik sortu zen gero inpresionista izendapena :..« Que représente cette toile? Impression ! Impression, j'en étais sûr. Je me disais aussi puisque je suis impressionné, il doit y avoir de l'impression là-dedans » (inpresioa, dio Boulevardetako prentsako aprobetxategi horietako batek, erakusketa horretan barrez lehertu beharrean, inpresioa, ziur naiz. Nik ere gauza bera nioen neure artean, inpresionatua nago-eta, izango da inpresiorik hor barruan.). Hitza, baina, iraingarria izatetik kalitatearen sinonimo izatera igaro zen denborarekin. Taldea 1886an desegin zen, zortzigarren erakusketaren ondoren. Gero, inpresionismotik beste pintura-joera bat sortu zen, postinpresionismoa, eta Cézanne hil zenean desagertu zen, 1906. urtean.
XVII. eta XVIII. mendeetan literaturak izan zuen garrantziaren ondoren, eta Erromantizismoan musikak, XIX. mendearen erdialdetik bukaera arte pinturaren aroa izan zen. Pintura gainerako arte-mota guztiak baino aurreratuagoa zegoen, eta literaturakoak baino kalitate handiagoko emaitzak sortu zituen, batez ere Frantzian. Han esaten zenez, garai hartako poeta handienak pintore inpresionistak berak izan ziren.
Pintura inpresionistak ezagutarazi zituen sentipenak poesiara eta musikara ere zabaldu ziren, arte mota horien adierazpideak pinturaren moldeetara egokituta, betiere.
Baina inpresionismoa arte guztiak menderatu zituen estiloa izateaz gainera, balio orokorreko azken estilo «europarra» izan zela ere esan daiteke. Mugimendu hura desegin zenez gero, ez artean ez kulturan ez da estilo-batasunik izan. Dena dela, inpresionismoa ez zen bat-batean sortu, ez bat-batean desagertu ere. Delacroix eta Constable izan zituen aitzindarietako batzuk: batak kolore-osagaien legea eta itzalak margotzeko modua aurkitu zituen; besteak, berriz, koloreak izadian dituen eraginen konposizioa. Delacroix eta Constablerekin hasi zen, halaber, ikusmenaren dinamizazioa, inpresionismoaren funts nagusia. Barbizongo eskolako pintoreen ekarriak ere garrantzi handia izan zuen. Baina talde-mugimendu gisa hartuta, hura sortzeko ezinbestekoa izan zen hiriko pinturaren esperientzia (Manet eta Monetek eman zituzten lehenengo urratsak), batetik, eta jendearen jarrerak elkartzera bultzatu zituen gazte argi haien batasuna, bestetik.
Vincent van Gogh, Paul Gauguin eta Henri de Toulouse-Lautrec margolariek, beste hainbaten artean, postinpresionismo izeneko mugimendua osatu zuten.
Claude Debussy eta Maurice Ravel musikagile inpresionistatzat hartu ohi dira modu zabalean. Literaturan, Baudelaire, Rimbaud, Virginia Woolf eta Joseph Conrad nabarmentzekoak dira.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.