Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ezteiak ezkontza ospatzeko egiten diren erritu eta ohituren multzoa dira, hala nola eztei-oturuntza eta eztei-bidaia.
Antropologo eta etnografoek igarotze-errituen multzoan kokatzen dute, pertsonen mugimendu soziala ospatuz, ezkongabeen multzotik ezkonduen multzora, hain zuzen, eta helduarorako sarrera beste kultura zenbaitetan. Kultura batetik bestera ezteien ospakizuna hagitz aldatzen bada ere, elementu komunak izaten dira, ezkonberrien egoera berriaren idealak irudikatzen dituztenak: gehienetan ezkongaiak elkarri hitz eman (ezkontzaren egonkortasuna irudikatzen duena), opariak eskaini (aberastasun materiala opatuz) eta ezkontzaren aldarrikapen publikoa eta oturuntza egiten dira ezteien eredu nagusian. Inguruko jende gehien biltzen duen igarotze-errituetako bat izaten da, hala nola familia zentzu zabalean (osaba-izebak, lehengusuak...) eta lagunak, giza talde txikiagoa biltzen duten jaiotza edo urtebetetzeen aldean. Aldi berean, beste igarotze-errituak baino elementu gehiago biltzen dituzten ospakizunak dira (liturgia, oturuntza, objektu baliotsuak, jantzirik dotoreenak, musika alaia, besteak beste) eta aurre eta ondorengo ekitaldiak ere biltzen ditu (adibidez, aurretik ezkongabearen agurtzea, eta eztei-bidaia ondoren).
Aurretik prestakuntza denbora luzea eskatzen duen ospakizuna ere izaten da, kultura batzuetan urteetan zehar ere luzatzen dena, eta protokolo bati jarraiki egiten da. Aldi berean, ezkongaientzat eta familientzat ere gastu handiak ekartzen dituen ospakizuna izaten da, nabarmendu nahian ezteietarako erosten diren opari, jantzi eta bidaiak direla eta. Horregatik, marketinean arreta handia erakartzen duen ekitaldia da eta ekonomia orokorrean ere eragin nabaria izaten du.
Beste alde batetik, zilarrezko eta urrezko ezteiak izenekoak ere ospatzen dira, bikoteak 25 eta 50 urtez ezkondurik iraun duenean, hurrenez hurren. Bikote gutxik lortzen du 75 urtez ezkondurik eta bizirik irautea, bikote gutxik lortzen du diamantezko ezteiak ospatzea.
Azken hamarkadetan, mundu osora zabaldu da eztei-protokolo edo eredu jakin bat: ohitura moderno [1] hori mendebaldean sortu eta printze, printzesa eta beste pertsonaia ospetsuen ezteien bitartez ezagutarazi da. Adibidez, mundu osoan zabalkunde handia izan zuen lehenengo ezkontzetako bat Viktoria I.a Erresuma Batuko erreginarena izan zen 1840 urtean; ezkontza-ospakizunean erregina erabat zuriz jantzi zen eta geroztik andregai-jantzietan nagusitu den kolorea da, ezkontza-soinekoaren beste ezaugarriak aldatu dituen modako gorabehera guztien gainetik. Geroztik, pertsonaia haien ezkontzetatik abiatuta, marketinak tradizio modernoa osatu du ospakizunaren xehetasun guztiekin, ezkontzaren pop kultura edo kultura herritar bat sortuz. Ezteien tradizio moderno hori kritikatu eta ukatzen duten jarrerak badaude, modu horretan ezkontza arinkeriaz, azalkeriaz eta kontsumismoaz erabiltzen dela argudiatuz[2] edota ezkontzaren esanahi erlijioso sakona baztertuz.
Ezkontzarako aurrekari desiragarria amodio erromantikoa da. Modernitateak familia bat osatu edo interes ekonomikoengatik egindako ezkontzak gaitzetsi zituen. XIX. mendean indarra hartu zuen erromantizismoa ezkontzak amodioz ospatu behar zirela defendatu zuen eta horri jarraiki osatu da ezteien tradizio modernoa, batez ere emakumearen aldetik, Edurnezuri, Rapunzel, Errauskine ipuinak eta Disney film eta pop kulturako beste produktu zenbaitek garbi erakusten duten bezala [3][4]. Amodio erromantikoaren ondorioz, bikote-harremanak eta ezkontzak beste pertsona bat maitatu baino amodioa bilatzen delako egiten direla baieztatu da[5]. Horrela, amodio erromantikoak ondorengo ezteien erritu guztiak eragiten ditu, denetariko sinboloak sortuz. Bikote-harreman bat sendotu denean hartu ohi da ezkontzeko konpromisoa. Horretarako, antzina andregaiaren eskua bere aitari eskatzen zion senargaiak baina egun tradizio modernoko ezkontza-erritu gehienetan hau baztertu egiten da. Ordez, ezkontzeko erabakia bikoteak berak hartzen du, eta batzuetan (pertsonaia nabarmenen kasuan, esaterako) konpromiso-eraztun batez irudikatzen da, gehienetan gizonak emakumeari oparitzen diona [6]. Arruntagoa da Euskal Herrian ezkondu aurretik bi ezkongaien familiek elkar ezagutzeko bazkari edo afari bat ospatzea.
Hortik aurrera, ezteien denborako prestakuntza hasiko da, ezkontza-eguna baino hilabete asko lehenago hasi ohi dena [7], ezkontza-mota (zibila edo erlijiosoa), ospakizunerako tokiak (eliza, oturuntza), gonbidatuak (lagun eta familia giro handian edo senideak bakarrik gonbidatuz, esaterako) eta jantziak, apainketa, eztei-bidaia eta bestelako elementuak erabakitzeko. Gehienetan, prestakuntza-lana andregaiak berak eta inguruko emakumeek burutzen dutela jaso da [8]. XXI. mendearen hasieran, eztei-zerbitzu integralak eskaintzen dituzten enpresak ugaldu dira[9], oturuntza, liturgia, loreak, eztei-bidaia eta ezteietarako gonbide-txartelak ere antolatzen dituztenak [10], baina gehienetan ahalmen ekonomiko handia duten bikoteek erabiltzen dituzte zerbitzu horiek.
Ohikoa da eztei-egunean bertan egiten diren errituen zurruntasuna gainditu nahian, ezkongaiak «agurtzeko» lagun giroan egiten diren festak. Festa hauetako giroa eztei-egunetako giroaren arrunt ezberdina izaten da eta askotan mozkorraldi eta bestelako gehiegikeriekin burutzen dira, ezkongabearen «azken» festa delakoan. Askotan, ezkongaiek aparte egiten dituzte festa hauek, norbera bere lagunekin, eta ohikoa da hauetan ezkongaiaz iseka egitea, ezkontzak ekarriko dion bizimodu berrian lotua egongo delakoan. Horrela, sarri ezkongaia beste sexuko ustezko jantzi eta osagarriekin mozorrotu eta askotan striptease ikuskizun batera eramaten dute lagunek; bertan stripper izenekoak ezkondu aurreko azken sexu-harremana irudikatuko du berarekin. Festa hauen antolaketaz ezkongaien lagunak arduratzen dira baina ezkongaiaren iritzia ere kontutan hartu behar da [11]. Lagunak komunak badira, batera egiten dute agur-festa bi ezkongaiek.
Agur-festak itxuraz eztei ofizialaren transgresio edo iraultza badakar ere, azken finean genero-bereizketaren egitura errepikatuz egiten duela baieztatu da. Adibidez, senargaia mozorrotuz burutzen den feminizazioaren bitartez, senargaia lagun taldetik kanporatu eta arrotz bihurtzen da, generoaren dualismoa indartuz horrela[12]. Agur-festetako sexu-sinboloek, berriz, ezkontzak dakarren monogamiaren mitoa irudikatu eta sexualitate eredu jakin bati jarraitzen diotela ere ondorioztatu da (adibidez, agur-festa hauetan batzuetan jaten diren pastel erotikoek zakilak eta bularrak irudikatu ohi dituzte) [13].
Ezteietan ezkongaiak dira protagonistak, baina bestelako pertsonaia nabarmenak ere badaude. Ezkontzako aitamabitxiak ezkongaiei euren etxetik ezkontza-tokira lagundu eta ezkontza-kontratuan lekuko gisa aritzen dira. Une egokian ezkon-eraztunak emateaz ere arduratu ohi dira. Euskal Herrian, andregaiaren ezkonlaguna bere aita edo anaia izaten da, eta senargaiaren ezkonlaguna bere ama edo arreba bat. Ingelesa hizkuntza nagusi den herrialdeetan ezkonlagunak ezkongaien sexu bereko lagunminak izaten dira. Ezkongaien beste guraso eta anai-arrebek leku nabarmena izaten dute ezteietan.
Atsegin handiz gonbidatzen zaituztegu gure ezkontzara. Usurbilgo Salbatore parrokian ospatuko dugu, ekainaren 14ean, eguerdiko 12etan. Horren ostean, Versalles jatetxean bazkalduko dugu denok elkarrekin.
Usurbilen, 1992ko uztailaren 4an
Konfirmatzeko: 628 xx xx xx
Pertsonaia garrantzitsu bat ezkontza-burua da, ezkontzaren liturgia zuzentzen duena: apaiz bat izaten da, ospakizuna erlijiosoa denean, edo erregistro zibilaren epaileak, herriko alkatea, bake-epailea edo beste ordezkari bat, ezkontza zibila denean. Ezkontza zibilean bi lekuko ere behar dira. Espainiako zuzenbidearen mendean dagoen Hego Euskal Herrian, apaizak ospatutako ezkontza [14], ezkontzan bertan sinatzen den onarpenaren bitartez, legezkoa da [15]. Frantzian, eta beraz Iparraldean ere, ezkontza zibila bakarrik da legezkoa eta egoera zibileko ofizial batek burutu behar du (alkatea edo bestelako kargu ofizial bat), baina horretaz gain ezteiak edo ezkontzaren ospakizuna erlijiosoa ere izan daiteke eta orduan apaiza edo antzeko bat izaten da ezkontza burua.
Tradizio modernoko eztei formal eta hantustetsuetan bestelako pertsonaiak ere badaude: ezkonlagunak izan daitezke, andregaiaren eta senargaiaren lagunen artean aukeratutakoak eta batzuetan jantzi berdinekin jantzita joaten direnak [16]. Familiako neskatila eta mutiko zenbait, damatxoak eta pajeak hain zuzen, ezkongaien inguruan aritzeko aukeratzen dira, zeregin ezberdinekin: neskatilak lore-hostoak barreiatuz eta mutikoak ezkon-eraztunak eramanez, adibidez. Haurren presentzia nabarmena historian ere jaso da eta ugalkortasunari eragiteko egoten zirela aipatu da [17].
Ezteietarako gonbidatuak senargaiaren familiakoak, andregairen familiakoak eta bi ezkongaien lagunak izaten dira. Gonbidatuen kopurua oso aldakorra da. Oro har, eztei formaletan handia izaten da (100 baino gehiago, esaterako) eta txikiagoa eztei apalagoetan. Bikote zenbaitek, ezteien handinahikeria ekiditeko, ezteiak familia eta lagun giro txikian ospatzea erabakitzen dute, ezkongaien gurasoak, anai-arrebak eta lagunminak bakarrik gonbidatuz. Gonbidatu kopurua mugatu dezakeen faktore garrantzitsu bat ahalmen ekonomikoa da. Dena den, Euskal Herrian gonbidatu bakoitzak eztei-oturuntza eta festa kostua ordaintzeko ohitura zabaldu da [18] ezkongaientzako opari gisa. Gonbidatu kopurua mugatu dezakeen beste faktore bat ezteiak ospatzen diren areto edo jatetxeak ere leku mugatua izan daiteke. Horregatik guztiagatik, gonbidatuen banaketa egiten da andregaiaren familia, senargaiaren familia eta bien lagunen artean (herena kasu bakoitzean, esaterako). Ezteien aurretik, gonbite-txartela bidaltzen zaie postaz gonbidatuei, ezkontzaren berri eman eta ezteien xehetasunak adierazteko. Gonbiteari erantzutea eskatu ohi da, askotan RSVP frantsesezko akronimoa ("Répondez s'il vous plaît", hau da, "Erantzun, mesedez" ) erabiliz.
Eztei formal eta entzutetsuetan, hala nola printze, printzesa eta antzeko pertsonaiak ezkontzen direnean, gonbidatuen kopurua nabarmen gehitzen da, herrialde guztietako ordezkariak eta pertsonaia ospetsuak bilduz.
Etiketa eta dotorezia eskatzen da ezteien tradizio modernoan. Ezkongaien eta gonbidatuen jantziak arretaz erabakitzen dira eztei-egunerako. Gizonezkoek jaka eta gorbata janzten dituzte gehienetan eta soineko bat emakumezkoek eta batzuetan baita kapela ere. Ohikoa da, halaber, emakumezkoek poltsa, bitxi eta bestelako osagarri bereziak eramatea. Emakume gonbidatuen soinekoaren kolorea ez da zuria izan behar, hau andragaiaren ezkon-soinekoarentzat erreserbatzen baita. Ezkongaiek jantzi bereziak dituzte: andregaiak eztei-soineko izenekoa janzten du gehienetan eta txakea eta koratiloa senargaiak. Ezte-soinekoa zuria izaten da eta ezaugarri bereziak ditu: luzea da eta eskote zabala izaten du, askotan atzetik oihal zabal bat arrastaka eramaten du, brodatu eta harribitxiak izaten ditu askotan. Batzuetan, eztei arruntetan galtzen doan izan arren, emakumeak aurpegia estaltzen duen belo fin bat eramaten du, ezkontza gauzatzen denean, altxatu egiten dena. Kosmetika ere bereziki zaintzen den arloa da: emakumezkoak ileapaindegira joaten dira eztei-egunean bertan eta makillajea arretaz egiten dute. Ezkongaiak limusina eta bestelako luxuzko automobiletan edo kotxe klasikoetan joan ohi dira euren etxeetatik ospakizun-tokietara. Horretarako, automobilak, txofer eta guzti, alokatu edo familiako batek duen ibilgailua erabiltzen dute.
Loreak ere nonahi jartzen dira [19]. Lore-sorta behinena andregaiak eskuetan eramaten duena da, ondoren neska ezkonlagunen bati oparituko diona. Ilean ere lore-apaingarriak janzten ditu andregaiak eta ezkon-soinekoan ere lore-irudiak egoten dira. Andregaia etxetik ezteien liturgia-tokira eramango duen ibilgailua ere lorez apaintzen da, eskutoki, antena eta atzeko bandejan lore-sortak jarriz. Liturgia ospatuko den eliza ere lorez hornitzen dira eta ohikoa da ezkondu berriei lore-hostoak edo petaloak botatzea liturgia-tokitik irtetean. Oturuntza-mahaietan ere lore-sortak jartzen dira. Senargaiak bere paparrean lore bat jartzeko ohitura ere zabaldu da. Gehienetan arrosak, gardeniak, liliak eta orkideak aukeratzen dira eta kolore argietan (zuria, horia, laranja). Loreen presentzia ugariak ugalkortasuna eta fideltasuna irudikatzen ditu eta antzinatik datorren ohitura da: antzinako greziar eta erromatarrek loreak erabiltzen zituzten euren ospakizunetan [20].
Eztei-egunaren oroigarri moduan, ohikoa da ezteietako une gogoangarrienak jasoko dituen argazki-bilduma egingo duen argazkilari profesional kontratatzea. Argazki hauek eliza edo beste ospakizun-tokian zein oturuntzan zehar egiten dira. Lorategi edo toki ikusgarriak ere aukeratzen dira ezkongaiei argazkia ateratzeko. Askotan, ezkongaiek ezteien liturgia burutzeko toki ikusgarriak aukeratu ohi dituzte. Euskal Herrian, esaterako, badira santutegi eta baseliza zenbait ezkontzak ospatzeko espreski aukeratzen direnak, hala nola Arantzazuko santutegia. Baserriaren mitologiari jarraiki, ezteiak mendian kokaturiko baselizetan eta euskal dantzarien artean ospatzeko ohitura dago zenbait tokitan. Nazioartean, ospetsuak dira Las Vegasen ospatzen diren ezteiak: bertan zeremonia helikoptero batean burutu, liturgia-burutzat Elvis Presley kantariaz mozorrotutako pertsona bat hartu edo ezteiak Star Wars giroan ospatzea eskaintzen da [21]. Ezteiak telebistako reality show programetan zabaltzeari ere ekin zaio, betiere tradizio modernoari eta kultura nagusiko ereduei jarraiki [22].
Aurreko guztia zeremonia erlijioetarako gertatzen da gehien bat. Zeremonia zibilak sinpleagoak eta apalagoak izaten dira Euskal Herrian. Andregaia ez da zuriz joaten eta edozien ospakizunetarako erabil daitekeen soineko arrunt bat janzten du askotan [23]. Lore-apainketa urria da eta gonbidatuak ere gutxiago izaten dira. Hain zuzen, kultura zenbaitetan zeremonia zibila parafernalia baztertzeko hautatu ohi da. Baina beste kasu batzuetan eztei zibilak eztei erlijiosoak bezainbeste ospatzen dira.
Zeremonia ezkontza gauzatu egiten duen ekitaldia da eta legezko prozedura bati, ezkontza zibilen kasuan, edo liturgia jakin bati, eztei erlijiosoetan, jarraitu behar dio [25]. Urtetan zehar zeremonia erlijiosoa nagusi izan bada ere, gizartearen sekularizazioak zeremonia zibilak ugaldu ditu. Adibidez, XXI. mendearen hasieran zeremonia zibilak gailendu ziren zeremonia erlijiosoen aldean Euskal Herriko lurralde batzuetan[26]. Zeremonia zibilen legezko prozedura aldatzen da herrialde batetik bestera. Espainian, eta beraz, Hego Euskal Herrian, legeak ezartzen dituen kode zibileko artikuluak bi ezkongaien aurrean irakurri, ezkondu nahi duten galdetu, baiezkoak jaso, senar-emazte edo ezkontide deklaratu, familia liburua eman eta ezkontide, lekuko eta epailearen sinadurak jasotzea ezkontzen erregistroan. Batzuetan, ezkongaiek bertso batzuen irakurketa edo musika jartzea ere eskatzen dute.
Zeremonia erlijiosoen kasuan, hasiera batean tradizio modernoko ezteiak mendebaldean sortu eta beraz, ezkontza kristauekin lotuak izan badira ere, globalizazioak eztei modernoen komerzializazioa eta sinbologia (andregaiaren soineko zuria edo eraztunak jartzea, esaterako) beste erlijio nagusi eta ohituretara zabaldu ditu, bateraezintasun arazo eskasekin. Adibidez, Japoniako sintoismoko errituen araberako ezkontzak tradizio modernoa baitaratu zuen Munduko Bigarren Gerraz geroztik [27]. Hala ere, tradizio modernoko zeremonia erlijiosoaren eredu behinena erritu kristauak jarraitzen dituena da.
Eneko eta Laura, askatasun osoaz zatoze ezkontza sakramentua ospatzera? Bai!
Gertu zagoze zuen bizitza guztian zehar alkar maitatzeko eta alkarri zintzoak izateko? Bai!
Gertu zagoze euki daizuen seme-alabarik maitasunean onartzeko, eta Kristoren sinismenean hezteko? Bai!
Zuen maitasuna sakramentu mailan bizi izan nahi dozuen ezkero, eizuez bat zuen eskuak, eta azaldu zuen alkar onartzea Jainkoaren eta Elizearen aurrean.
Ezkongaiak elkarri: Nik,
nire emaztetzat (senartzat) hartzen zaitut zu,
eta berbea emoten dot,
zintzoa izango nazala zugaz
zorionean eta txarrean, osasunean eta gaixoaldian,
eta maitatuko zaitudala eta begirunea izango deutsudala
neure bizitza guztian.
Abadeak:
Abrahanen Jaungoikoak, Isaaken Jaungoikoak,
Jakoben Jaungoikoak,
gure lehenengo gurasoak paradisuan bat egin zituan Jaungoikoak
baieztu dagiala Elizearen aurrean
batak besteari emon deutsozuen baietz hori,
eta, Kristogan, emon deizuela bere bedeinkapena,
Jaungoikoak bat egin dauana gizakiak banandu ez dagian.
Bedeinkatu daizala Jainkoak zuek, maitasun ta zintzotasun ezaugarri lez, alkarri ezarriko deutsozuezan eraztunok.
Ezkongaiak elkarri: Hartu egizu eraztun hau,
nire maitasun eta zintzotasunaren ezaugarritzat.
Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
Tradizio modernoari jarraiki eredutzat jo daitezkeen kristau ezteietan ezkongaiak bakoitza bere aldetik heltzen dira elizara, andregaia bere aitabitxiarekin batera [28] eta senargaia bere amabitxiarekin batera. Aitabitxia izaten da ezkon-eraztunak eramaten dituena. Senargaia, bere amabitxiaren besoa helduz, andragaia baino lehenago heltzeko ohitura dago [29]. Senargaia musikarik gabe sartzen da, baina andregaia ezkon-martxa edo bestelako musika-pieza batez lagunduta sartu ohi da ondoren. Andregaia sartzen deneko ezkon-martxa edo martxa prozesional ezagunena nazioartean Richard Wagner konpositorearen Lohingren operakoa da, baina bestelako piezak ere badaude aukeran. Zeremonian zehar ere pieza zenbait jozten dria eta ezkongaiak ateratzerakoan ere bai (martxa rezesionala). Euskal Herrian ohikoa da elizetan pieza hauek abesbatza batek kantatzea [30]. Andregaiaren atzetik haurrak, pajeak eta damatxoak, joan ohi dira, ezkon-soinekoaren atzealde luzea zainduz. Denak batera segizio bat osatuz ere sar daitezke ezkongaiak eta gonbidatuak elizara: aurretik damatxoak, ondoren andregaia eta aitabitxia, pajeak, senargaia eta amabitxia, ezkonlagunak eta familiarrak eta bestelako gonbidatuak azkenik. Ezkongaien eta aitamabitxien kokapenari buruzko ohitura zenbait dago: denak elkarrekin jar daitezke, orden jakin batean, eta ezkongaiak bakarrik izan daitezke aldare aurrean.
Liturgia katolikoari dagokionean, Euskal Herrian eta bere inguruan, hasierako hitzen ondoren, Hasiera liburuko irakurketa bat egin ohi da, non Jainkoak gizonarengandik emakumea nola sortu zuen kontatzen den (Hasiera, 2). Horren ondoren, salmo bat, San Paulo apostoluko pasarte bat eta ebanjelioko beste pasarte bat. Ondoren, ezkontzaren beraren errituari ekiten zaio, ezkongaiei itaunketa egin ondoren, ezkongaiek agintza egiten dute (ondoko koadroan erakusten da adibide bat), apaizak bedeinkazioa. Jarraian, ezkongaiek eraztuna jartzen diote elkarri, gehienetan eskubiko eskuko hatz nagian jarriz. Eraztuna urrezkoa izaten da eta apain gabea. Batzuetan, eraztunak jarri ondoren, ezkongaiek hamahiru diruak ematen dizkiote elkarri, aurrerantzean partekatuko diren ondasunen sinbolo gisa [31]. Bedeinkapen, otoitz eta agur baten ondoren, ezkonberriek elkarri musu egiten diote batzuetan, senargaiak andregaiaren beloa, balego, altxatuz. Ezkonberriek eta aitamabitxiek ezkontza sinatu ere egin behar dute ondoren, aldarean bertan edo sakristian. Ezkonberriak ateratzerakoan ere, musika-pieza jozten da, kanpoan kanpaien doinua entzuten den bitartean. Elizatik atera bezain laster, ezkonberriek arroz-zaparrada hartu ohi dute gonbidatuen aldetik, azken urteotan konfeti edo petaloak ere erabiltzen badira ere. Euskal Herrian batzuetan aurresku bat ere dantzatzen da ezkonberrien aurrean edo euskal dantzariek osatutako arku batetik irteten dira elizatik.
Zeremonia burutu eta ohiko argazkiak egin ondoren, jatetxe edo hotel batean ospatzen den oturuntza batera joaten dira, ezkonberriek gonbidaturik. Batzuetan, zeremonia eta oturuntza toki berean ospatzen dira, adibidez gaztelu batean, eta orduan oturuntza catering zerbitzu batek eskaintzen du, baina hau maila handiko ezteietan gertatzen da. Euskal Herrian zeremonia eguerdian ospatzen da gehienetan eta ondorioz, bazkaria izaten da oturuntza. Hala ere, zeremonia arratsaldean egin eta elkarrekin afaltzeko ohitura ere zabaltzen ari da.
Oturuntza aperitibo batekin has daiteke, ezkonberriak iristen diren bitartean. Nolanahi ere, oturuntza ezkonberriak heldutakoan abiarazten da eta beraiei zerbitzatzen zaie lehenbizi. Horien ondoan, aitamabitxiak, gurasoak eta senideak eseri ohi dira, mahai luze batean zehar. Beste gonbidatuak beste mahaietan eseritzen dira, mahai nagusi honen inguruan. Gehienetan, gonbidatu bakoitzari leku jakin bat esleitu zaio txartel baten bitartez. Ohikoa da, halaber, oturuntza osatzen duten plateren menuaren txartela izatea mahai gainean, ezkonberrien izena jarrita. Oturuntzaren bilakaerak ez du aparteko berezitasunik, plater nagusiak jan ondoren, eztei-tarta heldu arte. Tarta handia izaten da eta ezkonberriak irudikatzen dituen panpinak ditu gainean. Ezkonberriek beraiek, eskuak elkartuta, labanaz ebaki eta lehenengo zatiak egiten dituzte, gonbidatuak bibaka eta txalo zaparrada batez, ezkon-martxa jotzen den bitartean, ezkontzaren abiapuntuaren sinbolo moduan. Une horretan, ezkonberriek musu ematea ere ohikoa da. Eztei-tartaren tradizioaren jatorria, garai haietako emakume ezkonberriaren buru gainean opil bat irekitzen zutenean, ugalkortasun sinbolo moduan [32].
Tarta postre moduan jan ondoren, kafea eta alkoholdun edariak zerbitzatu ohi dira. Bitartean, ezkonberriak gonbidatuengana hurbiltzen dira bakoitzari opari txiki bat emanez, senarrak puru bat ematen du, ezkonberrien izenak eta eztei-eguna markatuta dituena, eta oroigarri bat emazteak. Gonibdatuekin argazkiak atera ere egiten dira txanda honetan. Oturuntzan zehar, emazte berriak bere lore-sorta lagun ezkongabe bati oparitzeko ohitura ere badago, hurrengo ezkontza opatuz. Ondoren, dantzaldia ezkonberriek abiarazten dute, lehenengo valsa dantzatuz[33]. Ondorengo musika denetarikoa izaten da baina eztei formalen kasuan pieza klasikoak nagusitzen dira. Hain formalak ez diren ezteietan pop musikako uneko hit edo arrakastak edo abesti klasikoagoak jotzen dira. Batzuetan, lore-sorta hau emazte berriaren ezkonlagunen artera jaurtitzen da eta nork harrapatu hura ezkonduko da hurrengoan [34]. Giro alaian jarraitzen du dantzaldiak. Bitartean barra librea ere izaten da.
Ezti-ilargia eztei-eguneko ospakizunak bukatu ondorengo ezkonberrien oporraldiari deritzo ezteien tradizio modernoan. Eztei-ilargia eztei-gauarekin batera hasten da. Ezkondu ondorengo lehenengo gaua bikotean sexu harremanak izan daitezkeen lehenengo gaua izan da erlijio anitzetan. Egun, mendebaldeko herrialdeetan ezkon aurreko sexu harremanen debeku hori gaindituta badago ere, eztei-gaua sexu-harremanekin lotzen dituen mitoak bizirik dirau oraindik ere gizarte modernoetan, ezteietako erromantizismoak ere bultzaturik. Horrela, erritu eta ohitura anitz garatu horren inguruan. Kultura modernoan gau horretarako garatu den irudi ezezagunenetakoa emazte berria etxera edo logelara senarraren besoetan sartzearena da, film eta publizitate irudietan maiz erabili dena[35]. Ohitura horren jatorria Antzinako Grezian omen dago eta bahiketazko ezkontza irudikatzen omen du. Gerora, erromatarrek ere bereganatu zuten ohitura eta ordutik egundaino heldu da [36]. Tradizio modernoan emakumearen azpiko arropa edo lentzeria ere bereziki zaintzen da, eztei-gaueko sexu-harremanei begira [37][38]. Ildo beretik, ezkonberrien oheko maindire finak ere, brodatu eta bestelako apaingarriekin, ohiko opari dira ezteietan.
Ezti-ilargian eztei-bidaia egitea ere ohikoa da. Ingelesa mintzatzen den herrialdeetan ezaguna da eztei-bidaia abiatzean, ezkonberriak Just married (Ezkonberriak, alegia) jarrita duen kotxearen irudia, filme askotan agertzen dena, kotxe atzetik zarata sortzeko lata-sorta bat lotzearekin batera. Eztei-bidaiaren tradizioa masa-turismoaren zabalkundearekin batera garatu zen XX. mendean zehar. Bidaiaren helmuga ezkonberrien ahalmen ekonomikoak baldintzatzen du. Garai batean, Euskal Herrian ezkoberriak familiarren etxera joaten ziren batzuetan egun batzuk pasatzera [39]. Egun, ohikoa da Karibe edo urruneko bestelako hondartza-tokietara joatea, gehienetan ezteietako ajeak pasa, atseden hartu eta ezkonberriak bakarrik egoteko asmoz.
Eztei aurreko denbora edo kiddushin garrantzitsua da juduen ezteietan. Ezkongaiak (kallah edo andregaia eta choson edo senargaia) elkarrengandik aparte egon behar dira, inongo harremanik gabe, ezkontzean eman behar duten pauso erabakiorrari buruz hausnartzeko; hain zuzen ere, ezteien aurreko Sabbath egunean, ufruf izeneko ekitaldian, senargaiak parte hartze aktiboa izango du sinagogan, Torah irakurtzen eta bertaratutakoek gozokiak botako dizkiote bere gainera, zoriontasun eta aberastasun ikur moduan [40]. Andregaia bitartean mikveh edo purifikazio-bainuak burutuko ditu ezteien aurreko aste honetan. Eztei egunean bertan ere ezkongaiek kabbalat panim edo harrera-ekitaldiak egiten dituzte aparte, freskagarriak eta zizka-mizkak eskainiz. Ondoren, senargaia andregaia dagoen gelara abiatzen da, badeken izeneko ekitaldian, non beloa jantziko dion andregaiari, bere itxuraz gainera bere barnean duena ere maitatzen duela ikur moduan. Ezkontza bera huppah izeneko oihal baten azpian burutzen da eta ezkonberriek osatu behar duten familia eta etxea irudikatzen ditu. Huppah izeneko lekura aparte joaten dira ezkongaiak, senargaia lehenbizi, bere familiakoek lagunduta. Bertan jartzen dira ezkon-eraztunak, kantu eta hitzaldien artean. Senargaiak andregaiari ezkon-eraztuna jarri ondoren, kiddushin aldia bukatu eta senar-emazte bihurtu dira ezkongaiak [41]. Horren ondoren, ketubah edo ezkon-kontratuaren irakurketa eta sinadurari ekiten zaio, bi lekukoek ere sinatu behar dutena. Agiri hau ederki apainduta dago eta ezkonberrien etxean zintzilikatzen da. Ketubah agiria irakurrita, nisu'in aldiari ematen zaio hasiera, ezkontza burutu egingo duena: Sheva Brachot edo zazpi bedeinkapenak irakurriko dira eta ardoa edango dute ezkonberriek. Horren ondoren, senargaiak edalontzia bildu eta hankapean puskatu egingo du, gonbidatuen Mazal Tov! (Zorte on!) oihukatzen duten bitartean. Ezkongaien jantziak tradizio modernokoak izaten dira, komunitate ortodoxoetan apalagoak izaten badira ere. Andregaiaren ezkon-soinekoa ere zuria izaten da, garbitasunaren ikur. Huppah ekitaldiaren ondoren, ezkonberriak yichud izeneko gela batera sartzen dira, bakarrik egon eta elkarri opariak emateko ohiturarekin. Ondoren, seudat mitzvah edo agindutako festa ospatzen da, bedeinkazio eta dantza artean [42][43]
Ezteiak japonieraz kekkon shiki (ezkon-zeremonia) eta kekkon hirouen (eztei-oturuntza) izendatzen dira. Japoniako mendebalderatze nabarmenarekin batera, ezteien ospakizunak ere aldaketa nabarmena jaso du XX. mendean zehar. 1980ko hamarkadaren hasieran, ezteien %90ak shinto errituari jarraiki burutzen baziren ere, XX. mendearen bukaera aldera %27 bakarrik ospatzen ziren shinto errituaz eta askotan mendebaldeko elementuekin nahasturik [44]. Eztei tradizionalek Meiji berrezarpenaren aurreko Ise eta Ogasawara etiketa-eskolek ezarritako araudiaren elementuak hartzen dituzte funtsean, handiki eta samurai familiek jarraitzen zituztenak[45]. Ezteiak ezkontza-konpromiso batetik abiatzen dira [46], non bi ezkongaien familiak elkartzen diren , elkarri yuino opariak emanez. Eztei-eguanren aurretik ezkongaien familiek hanamuke izeneko opariak ere jasotzen dituzte, familiar edo lagunen aldetik, etxea utzi behar duten seme-alabentzat. Ezteiak udaberrian ospatu ohi dira, ekainean batik bat eta tomobiki edo aldeko egun batean. Ezteien zeremonia shinto santutegi batean ospatzen da [47]. Bi ezkongaien familiarrek soilik hartzen dute parte zeremonian; horiek heltzen direnean, shinto santutegiko aparteko geletan egoten dira, gela bakar batera biltzen direnera arte. Gela honetan shinto aldare bat dago, ugalkortasunaren ikur diren denetariko janariekin. Bertan kannussi edo shinto apaiza dago eta miko izeneko emakume laguntzaileak. Andregaia shiromuku jantzi guztiz zuria janzten du, garbitasunaren adierazgarri. Ezteietan zehar, kolore ezberdinetako kimonoak jantziko ditu shiromuku horren gainean. Wataboshi izeneko kapera zabal zuria ere janzten du, aurpegia senargaiari ezik beste guztiei ezkutatzeko zeremonian zehar. Senargaiak ere jantzi tradizionalak zein mendebaldekoak jantzi ditzake. Hitzez elkarri agintza eman ondoren, san san kudo edo hirutan hiru ekitaldiari ekiten zaio, non ezkongaiek hiru sake-kikaketatik hiru aldiz edaten duten. San san kudo ekitaldia mendebaldean elkarri musu ematearen baliokidea da. Ondoren, kami edo jainkoei sakaki zuhaitzaren adarren eskaintza egiten zaie. Ondoren, oturuntzari ekiten zaio, non familiarrez gainera, lagunak eta lankideak ere gonbidatzen diren. Andregaiak kimono ikusgarriak jantziko ditu, lore eta tximeletazko bordatuekin besteak beste. Gorria eta zuria izango dira kolore nagusiak ezteietan, baita oturuntzako plateretan ere, zorte ona dakartelakoan[48].
Euskal Herriko ezteiei buruz gehien zehaztu den tradizioa XIX. mendetik abiatu eta XX. mendeko erdialdera luzatzen da, tradizio modernoko ezteiak nagusitzen direnean. Epe horretan nabaria da Eliza Katolikoaren eragina ezteien ospakizunetan, baina lehenagotik jasotzen diren elementuak ere badaude, etxe-sartzearen erritua esaterako. Ezteien abiapuntua ezkongaiek ezkontzeko nahia publikoan agertzen dutenean gertatzen da. Horretarako, mezan deiune izenekoak egiten ziren, ezkontzaren aurkako argudio edo erreklamazioak egiteko aukera emateko. Deiuneak hiru alditan egin ohi ziren, igandeko mezetan. Horietan, ezkongaiek zuten ezkontzeko asmoa aldarrikatzen zen. Bitartean, ezkongaien familiek auzolagunen bisitak jasotzen zituzten zorionak emateko. Herri batzuetan, andregaiaren lagunek toberak edo burnizko palankak jotzen zituzten bere etxe aurrean, bertsoak kantatuz aldi berean. Agur-festak antzinean deiune-aldian egiten zen, herri guztietan ospatzen ez baziren ere. Ezteietarako gonbiteak hitzez eta gonbidatuen etxera joanez egiten ziren. Gonbidatuak osaba-izebak, lehengusuak eta gertuko lagunak izaten ziren antzinean ere. Opari gisa, garai batean eztei-eguna baino lehen etxerako tresnak eta osagarriak (baxera, maindireak, eskuoihalak, altzariak) eta janariak ematen zitzaizkien. Ezkontza eta eztei egunerako murrizketak ere baziren, ezin zen ezkondu Garizuman, ez eta Eguberrietan ere, Ameriketara joan behar edo neska bat haurdun geratzen zen kasuetan ezik, non premiazko ezkontza egiten zen, gerora beste meza batez baieztatu behar zena.
Ezkongaietako batek dolu-aldian suertatzen zenean ere ezin zen ezkontzarik ospatu eta hau atzeratu egiten zen, kasu hoietan dolu-aldia laburragoa izaten bazen ere. Ezkontzeko egun aproposena osteguna izaten zen herri askotan, aste bereko igandean eliz-hartzea eta kontraezteia ospatu ahal izateko. Beste herri askotan larunbat eta igandeetan ospatzen zen ezkontza. Asteartea eta ostirala zorte txarreko egunak ziren ezkontzeko. Orduari dagokionean, goizean goiz egiten ziren, goizeko bederatziak aldera beranduenez. Urteak aurrera egin ahala, ordu hau atzeratzen joan da eta egun gehienak eguerdian eta batzuk arratsaldez ere egiten dira. Ezkontza andregaiaren parrokian egiten zen, baina 1970eko hamarkadatik aurrera historia edo arkitekturagatik ospetsuak diren santutegi eta baselizetan ospatzeko ohitura zabaldu da, hala nola Itziarko Ama Birjinaren santutegia Deba-Zumaia ingurukoentzat edo Guadalupeko Ama Birjinaren santutegia Irun eta Hondarribia aldean bizi direnentzat[51]. XX. mendeko bigarren erdialdera arte zeremonia ospatzen zen elizarainoko segizioa egiten zen. Gehienetan, andregaiaren extetik abiatuta, segizioa bi multzotan egiten zen, bata andragairen inguruan eta bestea senargaiaren inguruan, bakoitzaren lagunek osaturik eta musika giroan. Egun, andregaiek gehienetan soineko zuria janzten badute ere, 1940ko hamarkadara arte andregaiek soineko eta zapata beltzak janzten zituzten, senargaiak bezalaxe eta egun eskuetan eramaten den lore-sortaren ordez, errosarioa eta meza-liburua. Buruan mantila janzten zuten. Soineko zuria handikien familietako ezteietan soilik janzten zen. Zeremonia katolikoa burutzean, ezkonberriak suziri eta eskopeta-tiroen artean ateratzen ziren elizatik. Arroz-zaparrada XX. mendeko azken hamarkadetan nagusitu den ohitura da eta horren ordez herri askotan gozokiak botatzen ziren garai batean. Ezkonberrien etxera segizioa egiten zen, non oturuntza egiten zen, sarri kanpoaldean. Garai batean ezteien ondorengo igandean etxeko andre berriak senarraren familiaren hilobiaren aurrean eskaintza egitea ohikoa zen, eliz hartzea edo sepultura hartzea izeneko ekitaldian. Egun horretan bertan, bazkari berezi bat egiten zen etxeko eta familiakoen artean, kontraezteiak edo etxeko boda izenez[52]. 1930eko hamarkadara arte indarrean izan zen beste ohitura bat etxe-sartzea izan zen, herri askotan eztei-egunean bertan egiten zena. Ekitaldi honetan emazte berriak bere arreoa edo altzari, arropak, maindire eta abarreko tresnak ederki apaindutako idi-gurdi batean eramaten zituen etxe berrira. Arreoan nabarmenak ziren senar-emaztearen ispilua, ohea eta murkuila. Emakumeek gazte gaztetandik hasten ziren arreoa osatzen da, jostun lanetan jardunez. Ibilbidean zehar, ahalik eta soinu handiena ateratzen saiatzen zen, ardatzean traba eginez. Idiak lortzen zituen uztarrian zintzarriak ere jartzen ziren horretarako[53].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.