From Wikipedia, the free encyclopedia
Estatubatuar literatura ingelesez idatzitako edo ekoitzitako literatura da Amerikako Estatu Batuetan eta bere aurreko kolonietan. Estatu Batuak sortu baino lehen, gaur egungo Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko Hamahiru Koloniek Britainia Handiko literaturaren eragin handia izan zuten. Estatu Batuetako literatura tradizioa, beraz, ingelesezko literaturaren tradizio zabalagoaren parte da. Dena dela, literatura kopuru txiki bat badago etorkinen beste hizkuntza batzuetan, esaterako frantsesez eta gaztelaniaz. Gainera, ahozko ipuinen tradizio aberatsa dago amerikar tribuen artean.[1]
Amerikako Iraultzaren garaia (1775–83) Benjamin Franklin, Alexander Hamilton, Thomas Paine eta Thomas Jeffersonen idatzi politikoengatik nabarmentzen da. Hasierako eleberri bat, William Hill Brownen The Power of Sympathy 1791n argitaratu zen.[2]
John Neal idazle eta kritikariak XIX. mendearen hasiera-erdialdean Amerikako literatura eta kultura berezi baten bidean aurrera egiten lagundu zuen, Washington Irving bezalako aurrekoei kritikatuz, britainiar parekideak imitatzeagatik; Edgar Allan Poe bezalako idazleengan eragin handia izan zuen. Ralph Waldo Emerson eragin handiko Transzendentalismo mugimenduaren aitzindaria izan zen; Henry David Thoreau, Waldenen egilea, mugimendu horren eragina ezagutu zuen. Abolizionismoaren inguruko gatazka politikoak, bestetik, Harriet Beecher Stowe bezalako idazleak inspiratu zituen; emakume idazle honek Uncle Tom's Cabin (euskaraz Osaba Tomen etxola) eleberri ospetsua idatzi zuen.[3] Ahalegin horiek esklabo kontakizunen jarraipena izan zuten.
Nathaniel Hawthorneren The Scarlet Letter (1850) Ameriketako hasierako eleberri klasiko bat da[4] eta Hawthornek Herman Melville idazlearen gainean eragina izan zuen; Melville Moby-Dicken egilea izan zen (1851). XIX. mende erdiko poeta nagusiak Walt Whitman eta Emily Dickinson izan ziren. Edgar Allan Poe izan zen egileengan eragin handia izan zuen beste idazle esanguratsu bat. Mark Twain, beste aldetik, Ekialdeko kostaldetik urrun jaio zen lehen idazle estatubatuar garrantzitsuena dugu. Henry Jamesek nazioarteko ospea lortu zuen The Portrait of a Lady (1881) bezalako eleberriekin.
Idazle estatubatuarrek Lehenengo Mundu Gerraren ostean desilusioa eta nostalgia adierazi zuten. F. Scott Fitzgeralden ipuin eta eleberriek 1920ko hamarkadako giroa jaso zuten, eta John Dos Passosek gerrari buruz idatzi zuen. Ernest Hemingway ospetsu egin zen The Sun Also Rises[5] eta A Farewell to Arms gisako eleberriekin; 1954an, Literaturako Nobel Saria irabazi zuen. William Faulkner beste eleberrigile garrantzitsu bat izan zen. Poeta amerikarren artean nazioarteko pertsonaiak ere egon ziren: Wallace Stevens, T. S. Eliot, Robert Frost, Ezra Pound eta E. E. Cummings. Eugene O'Neill antzerkigileak Nobel Saria irabazi zuen. XX. mendearen erdialdean antzerkigintzan Tennessee Williams eta Arthur Miller nagusitu ziren. Antzerki musikala ere garrantzi handia hartu zuen.[6]
Depresioaren garaiko idazleen artean John Steinbeck izan zen, The Grapes of Wrath (1939) eleberriaren egilea.[7] Ameriketako Bigarren Mundu Gerran izandako parte-hartzeak Norman Mailerren The Naked and the Dead (1948), Joseph Hellerren Catch-22 (1961)[8] eta Kurt Vonnegut Jr.ren Slaughterhouse-Five (1969) lanetan eragin zuen.
XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran estatubatuar literaturak izandako bilakaeretako bat idazle etnikoek, natibo amerikarrek[9] eta LGBT idazleek idatzitako literatura areagotzea izan da. Postmodernismoa ere garrantzitsua izan da garai berean.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.