From Wikipedia, the free encyclopedia
Espainiako Bigarren Errepublika 1931tik 1939 arte iraun zuen erregimen politikoa izan zen, Errepublikan oinarritua. Espainiako Gerra Zibilak markatu zuen Espainiako Bigarren Errepublikaren amaiera eta Francisco Francoren diktaduraren hasiera.
Espainiako Bigarren Errepublika Segunda República Española | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1931 – 1939 | |||||||||
Errepublika | |||||||||
| |||||||||
Ereserkia Himno de Riego Goiburua Plus Ultra | |||||||||
Espainiako garai hartako mapa | |||||||||
Geografia | |||||||||
Hiriburua | Madril (1931-1936) Valentzia (1936-37) Bartzelona (1937-39) | ||||||||
Ekonomia | |||||||||
Dirua | Pezeta | ||||||||
Kultura | |||||||||
Hizkuntza(k) | Gaztelania katalana, euskara | ||||||||
Historia | |||||||||
Monarkiaren abolizioa | 1931ko apirilaren 14a | ||||||||
Gerra Zibila | 1936-1939 | ||||||||
Frankisten garaipena | 1939ko apirilaren 1a | ||||||||
|
1932ko urtarrilaren 23ko Dekretua, Jesusen Lagundia desegiteari buruzkoa:
« | (...) Jesusen Lagundiko erlijiosoek eta nobizioek, utzi egingo diote nazio-lurraldearen barruko bizitza komunari, hamar eguneko epean, Dekretu hau argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitutakoan, gobernadore zibilek xedapen hau beteta dagoela jakinaraziko diote Gobernuari. Desegindako Lagundiko kideek, aurrerantzean, ezin izango dute ageriko edo ezkutuko bizitza komunik izan helbide berean, eta euren artean bildu eta elkartu ere ezin izango dute egin, Lagundiaren lehenengo izaerari jarraipena emateko (...) |
» |
1932ko otsailean, katolikoentzat onargarri ez zen dibortziatzeko eskubidea legeztatu zen Espainiako Errepublikan.
Biurteko Erreformistan, erlijio-arazoa estu lotuta egon zen hezkuntza-proiektu errepublikazalearekin, eta diru aldetik, aurrekontuetan, egindako ahalegina oso nabaria izan zen.
1932ko apirilaren 9an Espainiako Gorteek Nekazaritzaren Erreformarako legea onartu zuten.
1933ko martxoaren 4an eskuineko indar katoliko batzuek CEDA sortu zuten, (Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioa).
1933ko apirilaren 23ko udal hauteskundeak. Lehen aldiz historian emakumeek boto eskubidea dute. Landa-gizartea, hiri-gizartea baino askoz kontserbadoreagoa, monarkiako edo eskuin muturreko zinegotzien kopuruak Espainiako Errepublikan 4.000eko muga gainditzea eragin zuen, beren burua errepublikartzat jotzen zuten zinegotziak gehiago izan ziren, 7.500 pasatxo.
1933ko azaroaren 19ko udal hauteskundeak eskuinekoek, CEDAkoek, irabazi egin zituzten. Biurteko aurrerakoian egindako erreformak atzera botatzeko asmoa zekarten.
1933ko apirilaren 23an Espainiako hauteskunde orokorrak eskuinak irabazi zituen, martxoan, aurreko hilabetean eskuin katolikoak CEDA sortu zuen José María Gil-Roblesek gidatzapean. 1933ko azaroaren 19an udal hauteskundeak CEDAk irabazi eta gero, José María Gil-Roblesek gidatzen zuen eskuin katolikoen alderdikoek biurteko aurrerakoian egindako aldaketak atzera botatzeko ahaleginetan hasi ziren.
« | Herri guztietara iritsi dira dagoeneko terrore faxistaren aurka nazioartean eginiko deien oihartzunak. Bat egin dute harekin joera guztietako idazle, artista eta intelektualek. Alemaniako liburu-erreketeak, milaka langileren espetxeratzeak eta adimen argienen desterruak argi asko erakutsi dute faxismoak giza kulturaren aurreramendu oro mehatxatzen duela. Espainiako erreakzioak hartu duen kutsu faxistaren aurrean, abuztuaren 10ean monarkiaren alde altxatu zirenen aferan bideratu nahi diren justizia eta klase-kontsiderazioen aurrean, protesta egiten dugu biziro Espainiako idazle, artista eta intelektual iraultzaileek eta langile presoen askatasuna eskatzen dugu, zein nahi den haien alderdia. AMNISTIA! BORROKA GAITEZEN AZALDU BERRI DEN FAXISMO ESPAINIARRAREN AURKA! | » |
Idazle, artista eta intelektual iraultzaileak |
Aurretik zetorren kontua bada ere, denbora aurrera joan ahala gizartea gero eta polarizatua zegoen politikoki. Behean idatzita dagoen adibidea, Espainian milaka kasutan gertatu zen Bigarren Errepublika garaian.
« | Nire aitak herrian mehatxuak jasotzea izan zen Bartzelonara etortzeko arrazoietako bat. Eskuineko zein ezkerrekoek mehatxatu zuten; haien artean, senide batek ere bai, iloba baten senarrak.
(...)Bostehun biztanle eskaseko herrixkan bi sendagile zeuden (ezkerraren aldekoena eta eskuinaren aldekoena), bi farmazia, bi emagin, bi bizartegi, bi ostatu, bi erloju-konpontzaile. Horietako bakoitza bizimodua ateratzen saiatzen zen, eta bestea gorrotatzen zuen. Bezeroen artean ere, politika-bereizketa sakona, bi taldetan, bai eta erlijio-bereizketa ere: elizara joaten zirenak eta joaten ez zirenak. |
» |
Esteban Pinilla de las Heras. La memoria inquieta, 1996 |
Nafarroan bere berezitasunekin gorroto egoera hau ere pairatu zuen, batez ere erribera aldean. Besteak beste, horrela azaldu daiteke eskuinzaleek egin zuten sarraskia Sartagudan.
Altxamendu Nazionaleko lehenengo programan bere idei batzuk argi agertzen dira:
« | Aski daǃ Marxismoaren aurka, Espainia. Anarkiaren aurka, legea, eta espainiarrak bereizten zituen amildegi higuingarria betetzea gobernu-lan sendo baten onurekin. Hauek izango dira gobernu-lan horren helburuakː elkartasun nazionala sendotzea, ordena publikoa ezarriko eta bakea bermatuko duen aginte zorrotz baten pean; eta ekonomiaren eta industriaren energia murriztuak bultzatzea, haien ekimenek elika ditzaten lanaren energia nobleak, orain arte noraezean egon direnak. | » |
Defentsa Nazionalerako Juntaren adierazpena, Burgos, 1936ko uztailaren 23a. |
Errepublikako Gorteek Espainian egin zuten azken saioa Figueresgo gazteluan izan zen, Frantziako mugatik hurbil,1939ko otsailaren 1ean:
« | Nazioko Gorteek, herrialdeko Konstituzioaren arabera aukeratu eta deituak, herriari berresten diote Espainiak zilegizko eskubidea duela lurralde osoa izateko eta etorkizun politikoa erabakitzeko. Independentzia eta askatasun nahia espainiar guztiek aldarrikatzen dute eta, gerran ika-mikak egon arren, eskubideen defentsan sendo elkartuta jarraitzen dute. Itsaso,Lur eta Aire gudarostea agurtu eta Espainiak etorkizun loriatsua eta askea izango dituela berresten dute. | » |
Errepublikako Gorteen azken bilera, 1939ko otsailaren 1ean |
Negrinen defentsa planak guztiz huts egin zuen hurrengo egunetan eta milioi erdi espainiarrek erbestera, Frantziara, alde egin behar izan zuten.
Errepublikaren aldekoek herritarrak, zinegotzi batzuk ala besteak aukeratzean, monarkiaren alde edo kontra agertzen ziren galdeketa bihurtu zituzten apirilaren 12ko udal-hauteskundeak. Euskal Herrian emaitzak askotarikoak izan ziren noski, baina, ugaritasun horretan, gauza nabaria da nola, industriak indar handiagoa zuen lekuetan, eta gizarte-gatazkak handienak izan zirenetan, botoa Errepublikaren aldekoa zen.
Horregatik, Gipuzkoako boto gehienak ezkerreko hautagaietara joan ziren, eta hiriburuan ehuneko hori % 56,6ra iritsi zen. Egoera oso bestelakoa zen Nafarroan, eskuineko hautagaiek, Errepublikaren kontra, gehiengo zabala lortu baitzuten han. Hala ere, Altsasu, Fitero edo Tuteran, ezkerrak izan zuen nagusitasuna.
Hauteskundeen emaitzak jakiteko larritasunak, eta estatuko hiriburu garrantzitsuenetan Errepublikaren aldeko botoak gehiago zirelako zurrumurruak jendea kalera irtetera eta albisteen zain biltzera bultzatu zuten. Albiste horiek baieztatu ahala, hiri nagusietan modu harrigarri antzekoan errepikatu zen gertaera-sail bat. Hala, berez sortu ziren manifestazioak, eta abiatu ziren udaletxera Errepublika deklaratzea eskatzera.
Udal berriak osatu, eta Errepublikaren bandera goratu zen jendearen pozaren pozez. Gero, herriarengana jo zuten berri ona aditzera emateko, bibaka eta kantari, “Marsellesa”, “Internazionala” eta “Gernikako Arbola” abestuz batez ere. Kartzela zegoen lekuetan, haraxe joan ziren gero manifestariak preso politikoentzat amnistia eskatzera; kartzela-inguruetan gertatu izan ziren arazo bakanak, izan ere gainerakoan jai-eguna bihurtu zen.
Hiriko espazioaren aldaketa baten modura bizi izan zuten garai hartako guzti-guztiek Errepublikaren etorrera. Aldaketa horren lehen ikurra kalean jendetzak agertzea izan zen, gizonak batez ere, emakumeak oso gutxi aritzen baitziren bizitza publikoan.
Baina paisaia-aldaketa horretan nabarmentzekoa izan zen, halaber, bandera sozialista, errepublikazale eta euskal nazionalisten agerpena, Frantziako Iraultzako txano eta apaingarriak, eta, oro har, poz biziaren agerraldiak. Horrek denak balio sinboliko handia zuen, herriaren borondatearen garaipena adierazten baitzuen, eta aldaketaren sakona. Horregatik, kale eta plazen izenen aldaketa etorri zen aurreneko sinbolo haien atzetik, eta ezkutuen eta beste ezaugarri monarkiazaleen desagertzea. Alegia, mundu berri bat zetorren, zoriona barra-barra zabalduko zuena.
Errepublikaren etorrerarekin, gizarte-aldaketarako itxaropen handiak zabaldu zitzaizkien errepublikazaleei. Erabat sinetsita zeuden etorkizunak gauza positiboak ekarriko zizkiela, denek gauza bera espero ez zuten arren. Langile askoren ustez, Errepublikaren garaipenak funtsezko aldaketa ekarriko zien bizimodu eta lan-baldintzetan, eta iraultza sozialistaren parean ere jartzen zuten batzuek Errepublika. Ezkerreko nekazarientzat, lurraren jabetza eta langabezia ziren arazo nagusiak. Nafar nekazarien kasuan, herri-lurren, labore-lurren (corralizas) eta nobleen jabetza handien arazoari irtenbidea ematean zetzan beren egoeraren hobetzea, eta nekazaritza-erreformarako plangintza baten barnean baino ezin zen egin hori.
Asmo eta itxaropen horiek denak herritarren politizazio sakon bat ekarri zuten, organizazio sozialistentzat batez ere onuragarria izan zena. Bai PSOEn bai UGTn, bigarrenean batez ere, asko hazi zen kideen kopurua. Hala, adibidez, Gipuzkoako UGTn 1931n guztira 1.436 kide sartu ziren, eta kopuru horiek ondorengo urteetan gutxitu baziren ere, oso garrantzitsu izaten jarraitu zuten, bai 1932an bai 1933an. Gauza bera gertatu zitzaion Alderdi Sozialistari, eta, askoz neurri txikiagoan bada ere, organizazio errepublikazaleei; azken alderdi horiek oso azkar hasi ziren barne-egiturak berrantolatzen.
Bai Alderdi Komunista, bai CNT, hazi egin ziren, baina besteak baino askoz ere gutxiago.
Ezkerraren itxaropenak hain handiak izanik, ez da harritzekoa beldurra nagusitzea eskuin katolikoaren aldekoa zen biztanleriaren partean. Espazio publikotik desagertzea bera, Bilboko Kale Nagusiko leihoak ixteak erakusten duena, da horren adierazgarri. Eskuinetik, Errepublikaren sorreraren egunean publikoan agertu zen parte bakarra euskal nazionalismoarena izan zen.
EAJk Donostiako Akordioan parte hartu ez bazuen ere, eta nahiz eta monarkiaren kontrako blokearen kide izan ez, Errepublikaren sorrera-prozesuan egon ziren jeltzaleak, beren errebindikazio abertzale bereziak erantsita. Errepublikak emandako aukerek, abertzaleak ere beldurtzen zituzten arren, estatua egituratzeko modu berri baten bideak ere zabal zitzaketen, eta euskal nazioa eraikitzeko bidea beraz. Errepublikaren sorreratik denbora gutxira hasi zen alkateen mugimendua aldi berean zen beldur eta itxaropen horien adierazpena.
Euskal gizartean 1931ko Batzar Konstituziogileen hauteskundeetan adierazi zen Errepublikaren harrera. Hartan, eta euskal politika oinarri-oinarrian hiruki formakoa bazen ere, bi alderdi nagusiren inguruan mugitu ziren gauzak, munduaren bi ikusmolde kontrajartzen zirela. Alde batetik, errepublikazaleen baikortasuna zegoen, eta, bestetik, gizartearen hondamena espero zutenen ikara apokaliptikoa, baina, nazionalismoaren kasuan, euskal autonomiaren defentsarekin batera. Izan ere, argudio horrek bateratu zituen Lizarrako estatutuaren defendatzaile gisa aurkeztu ziren eskuindar guztiak. Arabako kasua salbuespena izan zen, tradiziozaleek eta nazionalistek zeinek bere aldetik aurkeztu baitzituzten hautagaiak, eta estatutuaren aldezle gisa gainera biek. Eskuinak lortu zuen garaipena, Araban izan ezik, han indarrak sakabanatuak baitzeuden, probintziako boto-kopuru handiena lortu zuten arren. Nafarroan eskuinak garaipen erabatekoa lortu zuen, % 63,7.
Lau hiriburuetan, Bizkaia eta Gipuzkoako industriaguneetan, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan, errepublikazale eta sozialisten koalizioak irabazi zuen. Gipuzkoan, koalizio hark eta ANV-EAEk botoen % 41,57 lortu zuten; Donostian % 69,16raino igo zen ehunekoa. Bizkaian, eskuinak eta ezkerrak erdibana zituzten botoak, baina ezkerrak irabazi zuen hiriburuaren inguruan. Hego Euskal Herrian ezkerraren emaitzak onak izan baziren ere, hobeak izan ziren eskuinarenak; ondo erakusten zuen nola hartzen zuten euskal herritarrek errepublikaren etorrera, Espainian gertatzen zenaren oso bestela. Hori zela eta, Prietok Hego Euskal Herria “Vatikanoaren Gibraltar” zela esan zuen.
Errepublikako gobernuak ezkerraren itxaropenak bete behar zituen, eta eskuinaren beldurrak desagerrarazi. Baina ez zuen lortu ez gauza bat ez bestea. Itxaropenei zegokienez, gobernuaren erreforma urrien biktima izan ziren, eta ekonomia-krisiaren eraginarena, oso kaltegarria izan baitzen industria guneetan, Bizkaian batez ere. Errepublikako gizarte-legeek —haien artean azpimarratu behar dira Epaitegi Mistoena, Lan Kontratuarena, Lan Ezbeharrena eta Amatasunarena—, ez zieten hobekuntza handirik ekarri langileriaren bizi-baldintzei.
Soldatak goratu egin zituzten, hala ere, langabeziaren eraginagatik batez ere. Horrek guztiak langileen artean sortu zuen egonezinak ez zituen gatazkak askorik areagotu, eta gutxiagotu ere egin ziren Bizkaian. Izan ziren, liskarrak, batzuetan, komunistek eta CNTkoek baliatu zituzten, erregimen errepublikarrari kontra egitearren. Aurrenekoa Pasaiako grebakoa izan zen: Guardia Zibilak parte hartu eta zortzi hildako izan ziren. Nafarroan nekazaritza-erreformaren emaitza faltatik etorri zen batez ere Errepublikaren etorrerak sorrarazitako itxaropenen frustrazioa. Frustrazio hori lurren okupazioan eta nekazari-sailetan egin ziren indarrezko ekintzetan gauzatu zen, errepublikar legedia gainditu ez, baizik eta betearaztea zela beti ere helburua.
Errepublikako lehen bi urteetako lana, izan, oso laburra izan bazen ere, handinahia zen oso: zimendu berrietan nahi zuen oinarritu estatuaren izatea, eta horretarako hiritarrak berak behar zituen berreraiki. Errepublikar gobernariek gizakiak banako arrazoiduntzat hartzen zituzten, erakunde- eta ohitura-sail batek esklabo bihurtuak, eta, hortaz, suntsitu egin behar ziren erakunde eta ohitura horiek. Horrela, ez bestela, lortuko zen aurreramendua, eta aurreramenduarekin, denen ongi izatea eta zoriona.
Hortik zetorren irakaskuntza-politikak gobernuarentzat zuen garrantzia, eta hortik, halaber, politika antiklerikala. Errepublikarren ustez, zibilizazioa nagusituko bazen, Elizak transmititzen zituen ezjakintasun eta sineskerien kontra egin beharra zegoen, bestela pertsonak ezingo baitziren libre eta beren eskubide eta interesen jakitun izan. Labur esanda, “izadiaren” agerkari bat zen Eliza, “zibilizazioak” gainditu behar zuena.
Asmo horrekin, arau-sail bat ezarri zen, hala nola eskoletatik erlijio-ikurrak kentzeko dekretua, gurtza-askatasuna eta estatua fedez kanpoko bihurtzea, Jesusen Lagundiaren desegitea, kanposantuak sekulartzea, ezkontza zibila eta dibortzioa onartzea, eta erlijio-taldeen eta kongregazio erlijiosoen legea. Horiek denak izugarrizko erasoak gertatzen zitzaizkien katolikoei; horretaz gainera, besteak beste, Gasteizko gotzain Mateo Mugika bere postutik egoztea eta elizak erretzeak eraso gogorrak izan ziren katolikoen kontzientzietan. Gobernuaren erlijio-politikak aukera eman zion eskuinari erlijioaz baliatzeko, eta errepublikaren aurkako politika Elizaren eta katolikoen eskubideen aldeko politika moduan aurkezteko. Jokabide hori ezin eraginkorragoa izan zen Hego Euskal Herrian; izan ere, euskal lurretan oso motel zihoan sekularizazio-prozesua, eta oraindik ere oso altuak ziren Elizaren aginduak betetzen zituztenen portzentajeak.
Eskuinaren ikusmolde politikoan, errealitate beraren aurpegiak ziren Elizari egindako erasoak eta gobernuaren gizarte-politika. Eta horrek amaiera bat besterik ezin zuen izan, gizartea kaos batean desagertzea. Haien iritziz, beraz, arrisku oso hurbileko baten pean zegoen etorkizuna, eta bizkor erreakzionatu beharra zegoen. Eta horretxeri ekin zioten. Horregatik, karlismoaren adarrak berehala biltzea, Euzko JEL-Batza/Comunión Nacionalista osatzeko, eta egitura armatu bat antolatzea, hasieran defentsako gauza moduan ikusten bazen ere, berehala hartu zuena helburutzat Errepublikaren kontrako erasoa antolatzea.
Helburu bera izan zuen eskuin katoliko osoa estatutuaren aldeko hautagai-zerrenda batean biltzeak. Estatutua erlijioaren aldeko arma moduan pentsatu zen; horren arabera erantsi zitzaizkion zuzenketak Eusko Ikaskuntzak prestaturiko egitasmoari. Lizarran onetsi ziren, eta horrela osatu zen Lizarrako estatutua. Zuzenketa garrantzitsuenak Euskal estatuari egozten zizkion Elizarekiko harremanak, eta Elizarekin Konkordatu bat izenpetzea ere aurreikusten zen.
Horretaz gainera, estatu horren eginkizuntzat jartzen zituen estatutuak irakaskuntzari eta hilerriei zegokien oro. EAJk erantsitako zuzenketek estatutuari definizio katoliko bat emateaz gainera, beretzat hartzen zuten ezkerrak gizartea modu aurrerakoiez aldatzeko nahitaezkotzat jotzen zituen tresna oro. Nolanahi ere, alde handia zegoen EAJk estatutuaz zuen ikusmoldearen eta Elkarte Tradizionalista/Comunión Tradicionalistak zuenaren artean.
Izan ere, estatutua lortzea EAJren politikaren parte oinarrizkoa zen, baina tradiziozaleentzat tresna bat zen estatutua, Lizarrako estatutuak huts egin zuenean agerian geratu zen bezala. Hurrengoan, Gestoreen estatutua deitu zen egitasmoan, ez zitzaizkion euskal estatuari ematen erlijio-gaietako ahalmenak, eta ordutik aurrera ez ziren tradiziozaleak estatutu hartaz arduratu. Agerian geratu ziren, horrela, talde haren barruan zeuden estatutuaren kontrako joerak; bestalde, eta hori guztia beren organizazioaren kaltetan, estatutua onartzeak erregimen errepublikarra sendotzea eta EAJ garatzea ekar zezaketelako beldurrak ere eragiten zituen estatutuaren kontrako joerak.
Gorteetako hauteskundeek, 1933ko azaroan, EAJren eta tradizionalismoaren arteko banaketa islatu zuten, eta berriz ere bi alderen arteko kontrakotasunean egituratu zen politika. Hauteskunde haien emaitza nagusia eskuin katolikoak lorturiko arrakasta handia izan zen, ezkerraren gainetik.
Emaitza horien arrazoia, gorago aipatu denez, Errepublikak sortu zituen itxaropenei erantzuteko ezintasunari egotzi behar zaio, aldi berean masa katolikoak haserretzen zituela bere politika antiklerikalarekin. Nolanahi ere, EAJk atera zuen etekinik handiena egoeraren aldaketatik; batetik, erlijioaren aldeko politikaren buru bihurtu zen, eta, horretaz gainera, onuragarri gertatu zitzaion estatutuaren auziak euskal gizartean lehen bi urteetan izan zuen protagonismoa.
Zenbakiak esanguratsuak dira: Bizkaian eta Gipuzkoan garaile gertatzen da, botoen % 46,4 eta % 45,5ekin, eta emaitza onak lortzen ditu Araban, % 29rekin. Nafarroan, nolanahi ere, eskuin ez abertzaleak are gehiago sendotu zuen bere nagusitasuna, botoen % 70,8rekin, eta Araban garaipena lortu zuen, % 52,9rekin.
Eskuin katolikoari Elizari egindako erasoen babesleku bihurtu izatetik zetorkion garaipena, eta Errepublika onartzeak etorkizunari buruz zekarren larritasunetik.
Eskuin osoak boto-emaile bera zuen gogoan, katolikoa. Izan ere, monarkia erori ondoren, aukera politikoen umezurtz geratu ziren masa katolikoak. EAJren arrakasta, hain zuzen, bi probintzia horietan monarkiazale horiek erakartzea izan zen. La Gaceta del Norte egunkari katolikoaren iritziz, EAJk Bizkaian 1933ko hauteskundeetan lorturiko botoetatik, 8.000k zuten jatorri hori. Kultura politiko parekoa izatetik zetorren eskuinaren barnean aukera abertzalearen eta ez abertzalearen arteko iragankortasuna.
Bai EAJk bai gainerako eskuinak ikusmolde katastrofista zuten gizartearen etorkizunari buruz. EAJren ustez, gizartea mehatxatzen zuten arriskuek pentsamolde liberalean zuten jatorria, eta hark, erlijio-balioen nagusitasuna ezabatu eta haien ordez balio sekularrak ezarri ondoren, izadiaren zibilizazioaren gaineko garaipena ekarriko zuen. Diziplina, ordena, desirei eta grinei eustea predikatuz, zibilizazioaren ordezkari zen Eliza; askatasun, zorion eta plazeraren balio sekularrak, eskuinaren pentsamenduarentzat, izadia ziren. Eskuinarentzat, banakoaren plazera lortu nahia, luxuaren edota sexualitateaaren gustua bezalako adierazpen bitxiak zituen hura, zorion kolektiboa iraultzaren bidez lortu nahiaren pareko gauza zen. Bi desira horiek izadiaren agerpen ziren, arrazoiaz harantzagokoak, eta horrek gizartearen hondamena ekarriko zuen.
Gizartea iraunkor bihurtzea pentsamenduaren aldaketa-prozesu baten bitartez baino ez zen lortuko. Pentsamendu erlijiosoaren garrantziak nagusitu behar zuen berriz ere gizartean, eta pentsamendu hark bihurtu behar zuen berriz ere giza jokabidearen gidari. Helburu horrekin, bai EAJk bai gainerako eskuinak, kanpaina luze bat antolatu zuten, 1934 inguruan indartu zena, eta ezaugarri nagusiak hondartzetako bainua edota sexu-askatasuna gisako jokabide modernoak kritikatzen zituzten hitzaldi-sail bat edota prentsako artikuluak izan zituzten. Emakume-eredu berriak kritikatzen ziren batez ere, ile motza eramatetik, erre edo etxetik kanpo lan egiteraino. Emakumea gizartearen berrikuntzaren oinarrizko tresnatzat hartzetik zetorren emakumearen jokabideekiko interes berezi hori, familia zaintzen zeukan erantzukizunagatik. Pentsatzen zen emakumea aldatuz gero familia aldatuko zela, eta horrekin gizartea osorik, familia baitzen haientzat gizartearen oinarrizko zelula. Eskuinaren arrazoibidearen arabera, gizartearen iraunkortasuna eta iraultzaren arriskua uxatzea lortuko ziren emakumea bere ohiko paperera itzulita.
Eskuindar guztientzat, etorkizun hobe baten bermea iraganeko pentsamenduaren eta jokabideen formetan zetzan, balio erlijiosoen nagusitasuna ezaugarri zuten haien berreskuratzean. Gizartea mehatxatzen zuten arriskuei itzuri egiteko balioak, tradizioak eskaintzen zituen. Modernotasunak, tradizioa hautsita, balio horiek guztiak suntsitu zituen, eta gizartearen iraunkortasuna bera jarri zuen arriskuan. Euskal nazionalismoa, funtsean, bat zetorren pentsamendu-eskema horiekin, baina ezaugarri bereziak erantsita, eta horiexek izan ziren bere arrakastaren giltzarriak.
Nazionalismoak euskal izatearen jatorrizko osagarriak suntsitu izana egozten zion modernotasunari, eta haien artean oso leku garrantzitsua betetzen zuen erlijioak. Proiektu abertzaleak, beraz, euskaltasunaren ezaugarri galduak berreskuratzeko asmoa zuen.
Hori lortuko balitz, zorion, askatasun eta berdintasunezko gizarte baten itzulera izango litzateke emaitza, ezaugarri horiexek berak baitzituen euskal demokrazia zeritzanak.
Gizarte industrialaren bat-bateko agerpenak antzinako demokrazia hura galarazi zuen, garapenarekin batera, baserrien ugaritasunak ezaugarritzen zuen ohiko paisaiaren desagertzea ekarri baitzuen, eta gauza bera eragin zuten arazo sozialek eta autoktonoak ez bezalako ohituren barneratzeak.
Nazionalismoak lortu nahi zuen Euskadiren eraikuntza nazionala, beraz, suntsipen sozialaren kontrako hesi baten gisara aurkezten zen.
Tradizioaren berreskuratzeak, jatorrizko forma politikoetara itzultzean lortuko bazuen ere bere adierazpen gorena, pribilegiozko esparru bat zuen nazionalismoaren kultura-eginkizunetan. Eginkizun horiek, diktaduraren garaiaren ondoren oso aurreratuak bazeuden ere, ez zeuden amaituak.
Horien artean asko erabili ziren prentsa, liburua eta antzerkia, eta baita zinema eta irratia ere, orduantxe hasi berriak. Kultura-taldeen babesgoak aurrera egin zuen, eta askatasun demokratikoak baliatu ziren masa-ekintza handiak antolatzeko, nazionalismoak lortutako indarraren erakusle. Haien artean aipagarria da Aberri Egunaren sorrera, aurrenekoz Bilbon, 1932an, ospatu zena, eta gero beste euskal hiriburuetan egingo zena.
Errebindikazio abertzaleak EAJren proiektu politikoan zuen nagusitasuna zela eta, iraultza sozialaren kontra egiteko borondateak ez zuen bere koherentzia osoa iritsi, eta, hala, eskuinetik aldentzen hasi zen, gero eta gehiago, 1933an hasita; era horretan, politikako kokalekuari buruz, zentro-kontzientzia bat sortu zen. Zentzu berekoak gertatu ziren proposamen sozialak, eta ELA/SOVen jarrera bera, Elizaren politika sozialaren aldekoa. Autonomia-errebindikazioen kontrako eskuinaren gero eta etsaigo handiagoa, eta 1934ko gertaerak, hala ere, erabakigarriak izan ziren EAJ gainerako eskuinetik alden zedin. Gertaera horien artean, eta aurrenekoz, Ardoaren estatutuak sorturiko arazoa aipatu behar da.
Euskal Herrian Ardoaren estatutu bat aplikatzeko eskuineko gobernuak zuen asmoan bilatu behar da auziaren sorrera; nazionalisten eta ezkerrekoen iritziz, Kontzertu ekonomikoaren kontrakoa zen estatutu hura, eta dirurik gabe utziko zituen udalak.
Estatutuak ardoaren gaineko zergak ezabatzen zituen, eta horrek kontsumo-zergen mendeko udalak ahultzen zituen, eta, batez ere, ardoaren zergen mendekoak. Beren interesen alde egiteko, udalek hainbat eratako ekimenak antolatu zituzten, baina Gobernuak oso gogor zapaldu zituen.
Gobernuaren jarreraren arrazoia, eta gobernuari eusten zioten eskuineko taldeena, zen udalen auziak gizarte-bakea nahasten omen zuela, une bereziki delikatu batean, sozialisten erradikalizazioagatik eta berehalako gizarte-iraultzaren iragarpenagatik.
Ezkerrak ere auzi hartan esku hartzea, Prietoren paper protagonistarekin, eskuinaren ikara areagotu baino ez zuen egin, eta, era horretan, nazionalismoari egindako kritikak biziki areagotu ziren. Kritika horiek are gogorrago egin ziren 1934ko urriko gertaeren ondoren. Nazionalistei haiekin ados egotea egotzi zieten, baita greba orokor iraultzailean parte hartu izanaz ere.
Gauzak ez ziren horrela gertatu, ordea. ELA/SOVek ez zuen greban parte hartu, kasu bakan batzuetan ELA/SOVeko kide batzuek hainbat herritan istiluetan sartuta ibili baziren ere. Oro har, ordea, mugimendu hartan ELA/SOVek ez zuen esku hartu. Hala ere, Gipuzkoan eta Bizkaian batzuk ez ziren lanera joan, egoerak hartaratuta. Iraultzaren benetako protagonismoa ezkerrarena izan zen, eta, zehatz-mehatz, organizazio sozialistena. Erakunde horiek asko erradikalizatu ziren 1933 erdialdetik aurrera, eta are gehiago 1933ko hauteskundeak galdu ondoren, eta CEDA gobernuan sartu eta gero. Izan ere, aginpidea lortzeko, faxismoak egindako lehen urrats gisa hartzen zen organizazio eskuindar horren sarrera. Hala bada, defentsazko eduki bat izan zuen 34ko iraultzak, faxismoaren kontrakoa, baina erasozkoa ere bazuen, gizarte berri bat antolatzeko asmoa alegia, ezkerreko gobernu errepublikar baten bi urteko gobernuaren ondoren lortu ezin izan zena.
Sozialisten erradikalizazioak, garai hartan guztian sozialistek aldeztu zituzten ikusmolde politikoen ondoan, aldaketa handia zekarren. Izan ere, lehen bi urteetan, Errepublikaren alde eta eskuinaren kontra egitea izan zuten eginkizun nagusia, eta, hortik, eskuindar errepublikaren kontrako borroka iraultzailea defenditzera igaro ziren, hura zelakoan gizartearen aldaketa lortzeko bide bakarra. Errepublikaren aldarrikapenarekin sortu ziren itxaropenen frustrazioan bilatu behar da aldaketa horren jatorria, eta lortutako gauzak, apalak izan arren, arriskuan zirelako sinestean.
Iraultzak aurreramenduaren aldeko arma behar zuen izan, auzitan baitzegoen. 34ko urriko iraultzaren aurretik nekazarien greba izan zen, urte bereko ekainean. Arazo hori aski larria izan zen Nafarroan, nekazarien ohiko errebindikazioekin bat baitzetorren, eta orobat Nafarroan nekazaritza-erreforma aplikatu ez izanaren frustrazioagatik.
Bigarren Errepublika osoko greba-mugimendu garrantzizkoena izan zen, eta haren huts egiteak urrikoaren eragina baldintzatu zuen, itxura urbanoago bat emanez Nafarroako gertaerei, UGTren nekazari-organizazioen zapalkuntza zela-eta.
Urriko greba sekulako huts egitea izan zen Nafarroan, hiriburuan bakarrik izan baitzen garrantzitsua, eta Tafalla, Altsasu eta Olatzagutiko industriaguneetan. Herri horietan hainbat egunez luzatu zen greba, baina eduki iraultzailerik gabe. Are okerragoak izan ziren emaitzak Araban.
Hiriburuan bakarrik antzeman zitzaion grebari, eta ez sektore guztietan gainera; probintzia osoan, berriz, normaltasuna erabatekoa edo ia erabatekoa izan zen. Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea handia izan zen iraultzaren garrantzia. Probintzia horietan armazko matxinada ere izan zen, eta herri batzuk matxinatuen mende geratu ziren. Horixe gertatu zen Eibaren eta Arrasaten urriaren 5ean, matxinatuek egun berean errenditu behar izan zuten arren. Gipuzkoako gainerako herrietan lanuztea oso garrantzitsua izan zen, batez ere Donostia, Pasaia, Errenteria, Bergara eta Irunen.
Antzeko gauza gertatu zen Bizkaian. Probintzia horretan liskar garrantzitsuenak meatokietan izan ziren. Meatzeak matxinatuen eskuetan geratu ziren liskarren hasieratik bertatik. Iraultzaileak, ordea, ez ziren gauza izan egoeraren kontrola beste inora zabaltzeko. Nolanahi ere, egoera hark urriko 20a arte iraun zuen; hegazkinek errebeldeen kokalekuak bonbardatuta amaitu zen. Bizkaiko beste herrietan 12an bukatu zen greba, UGTk horretarako dei bat, eta beste bat ELA/SOVek, egin ondoren. Hilaren 8a arte oso handia izan zen Bilbon, eta handi samarra, halaber, ibaiaren ezkerraldean eta eskuineko udal batzuetan, Erandion adibidez.
Grebaren ondoren, iraultzaileen zapalkuntza nagusitu zen. Kartzelan sartu zituzten asko, eta askoz gehiagok lana galdu zuten. Lan-baldintzek okerrera egin zuten, eta aurreko garaiko gizarte-lege batzuk berriztatu egin ziren. Eskuinaren asmoa iraultzaren arriskua desagerraraztea zen, eta horretarako ezkerreko organizazioei eta haien buruzagiei eraso zieten, eta organizazioak legez kanpo utzi zituzten. Eskuinarentzat urriko istiluek beren uste okerrenak baieztatzen zituzten; gizartearen suntsitzea hurbil zelako ideia frogatzen zuten. Nazionalismoari mugimendu hartan parte hartu izana, edota, gutxienez, kontra egin ez izana, egozten zioten, eta hark ere pairatu zuen gobernuaren zapalkuntza, hain gogorra izan ez bazen ere.
1936ko otsaileko hauteskundeek azken bi urteetan gertaturiko aldaketak islatu zituzten. Ordurako gaindituta zeukan ezkerrak urriko beheraldia, eta gobernuak beren organizazioen kontrako neurriak altxatu zituenean indar berria zutela ikusi zuten. Bazuen horretan zerikusia pairatutako zapalkuntzak –kartzelatuen kopuru handiak frogatzen zuen–, eskuineko gobernuaren ustelkeriak, kasu sonatuekin, estraperloarena adibidez, eta beren indarren berrantolaketak; Herri Frontearen sorreran mamitu zen, azkenean, berrantolatze hori. Ororen gainetik, ordea, Herri Fronteak Errepublikaren itxaropenen berreskuratzea gauzatzen zuelako uste sendoa zegoen, eta horrekin batera denek desiratzen zuten aurreramenduarena. Eskuinen kanpaina oso gogorra izan zen nazionalismoarekin. Eskuina elkarturik joan zen, Araban izan ezik, han bi hautagai-zerrenda aurkeztu baitziren, eta behin eta berriz salatu zuen EAJk iraultzaileen istiluetan izandako erantzukizuna, aldi berean iraultzaren kontrako defentsa bermatzen zuen talde bakar gisa aurkezten zirela. Paper hori bera jokatu nahi zuen nazionalismoak; honela zioen kanpainako ideia nagusiak: “kristau zibilizazio, euskal askatasun eta gizarte-justiziagatik”. Horrekin, zentroko lekua bilatu nahi zen borroka hartan, baina iraultzaren kontrako babes izateari utzi gabe. Azken helburu horretan ez zuten arrakastarik izan. Aurreko hauteskundeetan eskuin ez abertzalearen aldetik jaso zituzten botoak galdu egin zituzten, eta boto-galera handia izan zen hori. Izan ere, EAJ izan zen galtzaile nagusia, hautesle-sail jakin batzuengan abertzaleen posizioak zuen garrantzia adierazten zuen boto-portzentajea aski handia lortu zuen arren.
Bizkaiko EAJ Herri Frontearen maila bertsuan geratu zen, eta Gipuzkoan, berriz, garaitu egin zuen, portzentaje txiki batez izan arren. Bizkaian EAJk eta HFak, hurrenez hurren, lortu zuten botoen % 37,5 eta % 37,4, eskuinak % 25 bakarrik; Gipuzkoan, berriz, portzentajeak, hurrenez hurren, % 36,9, % 32,9 eta % 30,2 izan ziren. Araban eta Nafarroan Herri Fronteaak EAJk baino emaitza hobeak izan zituen, baina, hala ere, garaipena eskuineko koalizioek lortu zuten; Nafarroan 1933koaren oso antzeko emaitzak izan ziren.
Oro har, emaitza haiek hiruki-egitura ematen zioten Hego Euskal Herriko politikari, oso orekatua bi probintzia populatuenetan, eta eskuin ez abertzalearen alderagokoa Araban eta Nafarroan. Gizartearen modernizatze-maila erabakigarria zen euskal mapa politikoa definitzeko.
Aldaketa sakonagoak izan ziren lekuetan, sendoak ziren posizio abertzaleak eta ezkerrekoak, modernizatze horretxen fruitu baitziren, hautesleek berek modu desberdinez eta –zenbaitetan– are kontrakoz ere interpretatzen bazuten ere. EAJk gero eta zentro alderago egitea inguru modernoago horri egotz lekioke azken batean; modernotasunak bultzatzen zuen EAJ euskal gizartearen aldaketa-prozesuaren ondorioak onartzera. Garapena mugatuagoa izandako lekuetan, modernizatzea garbien ukatzen zuten taldeak izan ziren garaile, Errepublika osoan zehar beren izatearen arrazoi iraultzaren ukatzea egin zutenak.
Iraultzaren beldur hori are gehiago zabaldu zen Herri Frontearen gobernua osatu zenean. Frontea oso moderatu agertu zen arren, eskuindarrak sinetsita zeuden iraultzaren garaipena iritsi zela, eta haren kontra jardun beharra zegoela, eta, horregatik, baita Errepublikaren kontra ere.
Niceto Alcalá-Zamora Errepublikaren presidente edo estatuburua izan zen 1931tik 1936ra, eta Manuel Azañak hartu zuen haren postua 1936an, 1939 arte.
Gobernuburuari dagokionez, egoera askoz desorekatuta egon zen, aurreko biek postu hori ere hartuta boladaka baina beste politikari batzuekin tartekatuz. Hauxe izan zen sekuentzia:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.