From Wikipedia, the free encyclopedia
Espainiako Bigarren Errepublika 1931tik 1939 arte iraun zuen erregimen politikoa izan zen, Errepublikan oinarritua. Espainiako Gerra Zibilak Bigarren Errepublikaren amaiera eta Francisco Francoren diktaduraren hasiera adierazi zuen.
Euskal Herriari dagokionez, Hego Euskal Herrian eragin izan zuen.
Askotan esan den bezala, II. Errepublika ezartzean alaitasunez eta itxaropenez gainezka egin zuten Hego Euskal Herriko hiriburuek. Aldaketa sozio-politiko sakonak nahi zituen jendearen poza hain zen nabaria ezen aldaketa asmoekin bat egiten ez zuten talde sozialek ere itxaropenez eta errespetuz hartu zuten Errepublikaren etorrera.
Errepublika ezarri zen lehenengo hiriaren kasua, Eibar udalerriarena alegia, paradigmatikoa da. Gipuzkoako hiri horrek, langile hiria zenak aspalditik, eta garrantzizko gizarte mugimenduak izan zituenak, ondo baino hobeto irudikatzen zuen euskal gizartearen indarra. Hau, euskal gizartea, aldatua zegoen, hala ekonomiari nola gizarteari dagokionez: batetik, industriaren, eta herrien eta hirien garapenagatik, eta bestetik, langileen eta behe eta erdiko mailako klaseen eraginagatik. Mugimendu politiko nagusiak errepublikazaleak, sozialistak eta abertzaleak legezko aitortuko zituen egoera demokratikora aldatzeko beharra zela eta, garai historiko baten hasieratzat hartu zen egun hura, apirilaren 14a, eta festa egun handia bezala ospatu zen: Kalean sumatzen zen ezinegona zioen Euzkadi egunkariak Bilboko giroaz alaitasun beteko giroa bihurtu zen monarkia eroriko zela jakin zenean. Ordena publikoaren zaintzaileek kaletik aldegin zuten, adierazpen askatasun osoa uztearren herriari.
Leku guztietan berdinak ez izan arren, Euskal Herriak aldaketa sakonak jasan zituen XIX. mendearen amaieraz geroztik. Nekazaritzan ziharduen langile kopurua nabarmen urritu zen Bizkaian eta Gipuzkoan (Gipuzkoan, 1900ean, %43,5; 1930ean, %25. Bizkaian, 1900ean, %51,6; 1930ean, %21,5). Araban eta Nafarroa Garaian, berriz, 1930ean ere langilerik gehienak nekazaritzan ziharduten (Araban, %48,4; Nafarroan, %60,2).
Dena dela, aldaketa adierazgarriak suma zitezkeen nekazari giroko gizarte horietan ere: 1910-1920 bitartean industrializazioak lehenengo urratsak eman zituen Nafarroan, bigarren sektorea lehen halako bi izatera handitzeraino (1910ean, lanean zihardutenen %11,6; 1920an, %23,1); Nafarroan bertan, nekazaritzaren inguruko kapitalismoak ardatz zituen Ebro eta Aragoi ibaien ertzean biztanleria gune handiak eratu ziren; bestalde, hiriburuaren hazkundeak (bai biztanleetan bai eremuan) adierazten zuenez, 1930 inguruko egoerak ez zuen zerikusirik berrogei urte lehenagokoarekin.
Bizkaiko eskualde batzuek eta Gipuzkoako leku jakin batzuek izan zuten, noski, ekonomia eta industria hazkunderik handiena. Nahiz eta hazkundea desberdina izan batean eta bestean, bai Gipuzkoak bai Bizkaiak errejimen berriaren aldeko talde indartsua osatu zuten erdiko mailako klasekoen eta langileen artean.
Nolanahi ere, politikan egin beharreko aldaketak zehazteko orduan, talde horiek ez zetozen guztiz bat, oinarri-oinarrizko puntuetan izan ezik: demokrazian oinarrituriko konstituzioa lortu; hauteskundeetako ustelkeria kendu; Estatuari lurralde egituraketa berria eman; Estatuak gudarostearekin, elizarekin eta beste talde koporatibo batzuekin zituen harremanak berritik antolatu; eta lan harremanetan (bai industrian bai nekazaritzan) eta gizarte harremanetan (gizarte eragileen artean) berrikuntzak egin, justizia soziala lortzeko.
Berrikuntza egitasmo horiek legeetan zehaztea eta betearaztea oso lan nekeza izan zen, politika gorabeherak eta alderdi politikoen eta talde sozioekonomikoen iritzi ezberdinak zirela eta. Estrategia politikoak zehazteko orduan, 1931ko apirileko udal hauteskundeetako emaitzak ez ezik urte bereko ekaineko hauteskunde orokorretakoak, hauek batez ere, hartu ziren oinarritzat. Azken hauteskunde horietan argi eta garbi azaldu zen Euskal Herriko sistema politikoak II.
Errepublikan izan zuen ezaugarri berezienetako bat, alegia, karlismoak eskualde batzuetan eta abertzaletasunak beste batzuetan, eragin handia izan zutela. Espainiako estatuko gainerako lurraldeetan, berriz, alderdi eskuindarrak ia legebiltzarretik kanpo geratu ziren.
Eskuindarrek (Comunión Tradicionalista alderdia, katoliko independenteak eta EAJ) irabazi zituzten hauteskundeak. Garaipenaren arrazoien artean bi hauek azpimarra daitezke: batetik, Araban izan ezik, beren egitasmoetan bat zetozela, eta, bestetik, gizartea mugiarazteko kanpaina egin zutela; horretarako, gero eta oihartzun handiagoa zuten bi gai erabili zituzten: bata, eliza katolikoaren interesen eta erlijioaren defentsa, eta, bestea, Euskal Herriaren autonomia.
Hala ere, artean egiteke zeuden berrikuntzak gauzatzera bideraturiko ekimen politikoak hauteskundeak egin aurretik abiatu ziren; eragina ere izan zuten hauteskundeetako emaitzetan. Sozialistek hainbat dekretu bultzatu zituzten Lan ministeriotik: zortzi orduko lanaldia, udal barrutiak eta lan txandak arautzekoa, errenta sariak mantentzekoa, alokairuak murriztekoa, epaimahai mistoei buruzkoa, industria eta nekazaritza alorretako lan ezbeharrei buruzkoa, hobekuntzak egin zitezkeen lur sailei buruzkoa. Errepublikazaleek, bestalde, beren onespena eman zieten lege horiei, eta bi taldeen artean hainbat gai eztabaidatu ziren: nekazaritzaren erreforma, konstituzioaren testua, eta estatuak eskualde eta herrialde historikoekin izan beharreko harremanak.
EAJ autonomia Euskal Estatutuaren aldeko lanean aritu zen buru-belarri Hego Euskal Herriko lau probintzietan, eta protagonismo handia izan zuen alkateek egin zuten kanpainaren bidez. Probintzietako Batzorde Kudeatzaileek, bestalde, errepublikazaleen eta sozialisten ordezkari ziren aldetik, testuaren idazketan parte hartu nahi zuten. Hori zela eta, Udalek estatutu proiektua egiteko eskatu zioten Eusko Ikaskuntzari, eta halaxe egin zuen honek gai horri buruzko beste lan batzuk oinarritzat hartuz.
Bi ekimen horiek argi eta garbi adierazten zuten talde politikoen arteko etena gai horretan. Etena are handiagoa egin zen 1931ko ekainaren 14an Lizarrako batzarrean euskal udalek hainbat zuzenketa onartu zituztenean: Vatikanoarekiko harremanak etorkizuneko euskal estatuaren esku uzten zituena, besteak beste; zuzenketa horiek onartezinak ziren alderdi demokratiko errepublikazaleentzat.
Autonomia lortzea izan zen, bada, hauteskunde kanpainako gai nagusietako bat, hala eskuindarrentzat nola ezkertiarrentzat. Lizarrako zuzenketa haien aurrean, errepublikazaleek eta sozialistek eskaintzen zuten autonomiarako bidea Espainia osoarekiko adiskidetasunean oinarritzen zen, Indalecio Prietoren hitzetan esateko, hots, errepublikazale, sozialista eta abertzaleen arteko adiskidetasunean, eta ez, abertzaleen eta Errepublikaren etsaien artekoan.
Dena dela, Hego Euskal Herriko autonomia zela eta, Estatuarekin nolako harremanak nahi zituzten zehaztu behar izan zuten alderdi politiko guztiek.
EAJrentzat, eredu federala baitzuen gogoan, bere estrategia politikoaren ardatza zen autonomia; errepublikazaleentzat eta sozialistentzat, aldiz, eskabide onargarria zen autonomia eskatzea, konstituzio demokratikoarekin ongi adosten bazen behintzat. Bestela jokatu zuen, ordea, karlismoak; autonomiaren alde egitea Errepublikaren aurka egiteko baliagarri zitzaion bitartean EAJrekin batera aritu zen hauteskundeetan; abertzaleek Errepublikaren alde egin zutenean, ordea, haietatik urrundu zen, eta hala, 1932ko ekainean, Hego Euskal Herriarentzat estatutubakarra izateko behar zen adostasuna lortzea eragotzi zuen. Karlisten arteko iritzi nagusia estatutuaren aurkakoa zen, baina aurkakotasun horrez gainera kontuan hartu behar da, errepublikazale eta sozialista gehienek hutsa edo hutsaren hurrengoa egin zutela estatutuaren alde.
Hala bada, hutsean gelditu zen Hego Euskal Herriko lau probintziak Estatuaren lurralde egituraketa berrian legez bat eginda sartzeko aukera. Udalerrietako ordezkariek 1932ko ekaineko batzarrean hartu zuten erabaki hartan Errestaurazio sistema zaharrean eta are diktaduran ere arituak ziren talde politiko nafarren eragina erabakigarria gertatu zen. Egia esan, egin zuten proposamen hori, talde politiko horiek beraiek 1919an XIX. mendeko beste egun ?gogoangarri? batzuetara ez jotzearren? onartu zutenaren jarraipen hutsa zen.
Estatutuaren aldeko prozesua gaur egun Euskadiko Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru probintzietara mugatu zen: 1933ko azaroaren 5eko galdeketan onartu zen, baina 1934ko gertaera politikoen ondoren, etenda geratu zen prozesua. Autonomiaren aldeko eskari haiek geroago bete ziren, Espainiako Gerra Zibilak ekarri zituen egun goibeletan, 1936ko urrian hain zuzen ere.
Gizarte auzia garrantzi handiko kontua izan zen hauteskundeetan, eta eraginik ere izan zuen horien emaitzetan. Gizarte arloko arazoak pil-pilean zeuden nekazari eskualdeetan; Erriberan eta Nafarroako erdi-ekialdean, esate baterako, aspaldidanik zuten garrantzizko aldaketa sozialak egiteko itxaropen bizia, eta hori garbi azaldu zen egin ziren lehenbiziko hauteskundeetan, nekazari, lur jabe txiki eta jornaldun asko eta asko nekazaritzaren erreformaren alde agertu baitziren.
Nafarroako eskualde horietan eskorten arazoari konponbidea ematea zen nekazaritzaren erreforma egiteko arrazoia. Arazoa Napoleonen garaiko gerran hasi eta XIX. mendean luzatu zen, udal ondareak behin eta berriro pribatizatzeagatik.
Nafarroako hegoaldean, herri lurrez baliatzen ziren nekazarien mugimendua XIX.. endearen azken urteetan hasi zen, eta XX.aren lehen bi hamarraldietan indar handia izan zuen; mugimendu horrek tresna egokiak aurkitu zituen UGT bezalako klase sindikatuek eskaintzen zizkioten antolaketa oinarrietan eta eskabide programetan, Errepublikaren testuinguru sozio-politiko berrian lurraren jabetzari buruzko eskakizunak bideratzeko.
Hori da UGTk Erribera aldeko nekazari eremuetan izan zuen hedakuntzaren jatorria; beste era batera eta lehenago sortu ziren, ordea, langile erakundeak ?ugetistak, sindikalistak edo solidarioak? hiri eta industria guneetan. Zuten jardunbidea eta ideologia zutela, demografia, ekonomia eta gizarte egituretan aldaketak izandako lekuetan hedatu ziren langile erakunde horiek.
Sindikatu bakoitzaren jatorria aztertzen hasi gabe, zera da aipagarriena: 1931n, ordu artekoa baino esku hartze eta politizazio zabalagoari bidea ireki zion aldaketa politikoa zela-eta, egoera sozialari dagokionez elementu oso dinamikoak izan ziren sindikatuak. Alde batetik, esperientzia zuten sindikalismoan, eta, horregatik, beste irizpide batzuekin neurtu zituzten egoera politiko berri hura eta gizarte aldaketa gauzatzeko aukerak; eta, bestetik, beren iritzia eman behar izanzuten erreformaren lehen bi urteetan Gobernuko partaide izan ziren langile ordezkariek proposatutakoaren aurrean.
Horri buruz nahiko adierazgarriak dira honako datu hauek. UGTk 1933. urtearen erdialdera 35.000 kide zituen Bizkaian, 12.000 Gipuzkoan, ia 9.000 Nafarroan eta 1.600 Araban. Beste langile erakunde nagusiak, Eusko Langileen Alkartasunak, ia 40.000 langile zituen 1935ean Hego Euskal Herrian (1.000 Nafarroan, 3.000 Araban, 15.000 Gipuzkoan eta 18.000 Bizkaian).
Langile erakunde horiek guztiek Errepublikaren lehen bi urteetan izan zuten hedaldiak garbi azaltzen du aldaketa politikoari eman zitzaion garrantzia eta nola baliatu ziren aldaketa horretaz. Antzeko zerbait sumatzen da langile eta errepublikaren aldeko alderdi politikoen bilakaeran. PSOEri dagokionez, hain zuzen, alderdiaren eragina sendotu egin zen: batetik, sozialisten kide nagusietako batzuk erakunde politiko erabakitzaileetan parte hartze handia eta zuzena izan zutelako; bestetik, langileria antolatu eta finkatzearen alde aurreko hamarraldietan hasitako politikari zintzo jarraitu ziolako, eta baita aurrera eraman zuen mailaz mailako dinamikagatik ere, dinamika hori ondo egokitzen baitzen alderdi errepublikazalearen proiektu berritzailearekin, nahiz eta itxuraz, lehenengo urteetan behintzat, bi taldeen artean ezadostasun taktikoak izan, erretorikoak gehiago benetako ezadostasunak baino.
Primo de Rivera diktadoreak legez kanpo utzi ez bazituen ere, sozialismoaren eta sindikatu sozialisten hedatzean Errepublikaren hasiera izan zen unerik garrantzitsuena.
Hedatze hori bizkor gertatu zen lehen bi urteetan, baina, 1933 aldera moteldu, eta 1934an, urriko ekinaldi iraultzailearen osteko errepresioaren kariaz, eten egin zen. Talde horien hedatzeak bi eragile nagusi izan zituen: nekazaritzaren erreformak zuen erakargarritasuna, eta sindikatu ugetistek hiri eta industria guneetan zuten indarra eta tradizioa.
1931. urteko abenduan hamahiru elkarte sozialista ziren Nafarroan, eta 400 bat bazkide, baina 1933an 23 elkarte izateraino iritsi ziren. Hego Euskal Herriko beste hiru probintzietan, aldiz, PSOEk 4.000 bazkide inguru zituen 1934ko ekainean.
Alderdi errepublikazaleen antolamendua ere sendotu egin zen abagune berri honetan. Horren adierazgarri da errepublikazaleek kasinoak eta elkarteak sortzea Nafarroako toki askotan: 1931n 75 elkarte sortu ziren, eta 1932an 26. Gauza bera esan daiteke abertzaleen erakundeez ere, baina horiek, karlismoak bere eraginpeko lekuetan eta, maila apalago batean, sozialismo bizkaitarrak bezala, makrokosmos bat osatzen zuten, alderdi batekiko atxikimendu hutsa baino gehiago zena, ideologiari eta bizimoduari dagozkion ezaugarriak baitzituen askotan.
Batzokiak ez ezik era askotako bazkunak emakume, gazte, ikasle, gaztetxo, sindikatu, kirol, jolas, eta kultura bazkunak?, erakunde sozio-ekonomikoak, hedabideak eta beste hainbat bitarteko zituztenez, abertzaleek eta tradizionalistek halako sare bat hedatu zuten gizartean, beren planteamendu politikoei bideak ireki zizkiena, eta, aldi berean, gizon-emakume leialez osaturiko oinarri iraunkorra eratzeko aukera eman ziena; izan ere, gizon-emakume horiek bazkun edo elkarte horietan aurkitzen baitzituzten beren nortasun ezaugarriak, beren ideien babesa, eta haietan lortzen harremanak zabaltzea eta baita sentimen hutsunea bera betetzea ere.
Dena dela, II. Errepublikaren garaian antolakuntzak izan zuen bilakabidearen berezitasunik handiena ez da bakarrik karlismoaren eta abertzaletasunaren oinarri sozialak zuzpertzea, edo errepublikanismoaren eta sozialismoaren hedatzea, baizik eta egoera politiko berria sortzea, aipaturiko gertaera horiei gauzatzeko aukera eman ziena. Borroka politikoak, inoiz baino libreagoa eta irekiagoa izanik, militante kutsua eman zien erakunde horiei, helburu politiko jakin batzuetara lotu baitziren, eta horrek alderdien egiturak egokitu eta beren goren mailara jaso zituen.
Karlismoaren kasua abertzaletasunarena edo sozialismoarena bezain adierazgarria da. Eremu batzuetan eragin sozial berezia izanik, karlismoak ez zuen ezbarne zatiketarik gainditu ez berriz antolatzeko joerarik azaldu Primo de Riveraren garaian lozorroan egon zen bitartean.
1931ko apirilaren ondoren kontzientzia demokratiko eta erreibindikatzailea piztea eta, kalean bezala, administrazioaren eta gobernuaren erakundeetan herri ordezkariak eta ezkertiarrak egotea mehatxu apokaliptikotzat hartu zuten karlistek, beraiek nahi zuten erlijio, ohitura eta gizarte ordenaren aurkako mehatxu alegia, ia ustekabean etorri zena. Errepublika iraultzaile eta laikoaren aurkako erreakzioa luzaro gabe antolatuko zen, 1932ko urte hasieran karlista talde guztiak Comunión Tradicionalista delakoan elkartu baitziren. Karlisten edo tradiziozaleen kasino eta biltokiak berehala hedatu ziren gero Euskal Herri guztian.
1933. urteko gorabeherak zirela eta, gobernuaren orduko politikak beste norabide bat hartu zuen. Badirudi, lehen begiratuan, berrikuntzen proiektua ahitua zegoela, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, gobernuko kideen barne zatiketengatik, eta, bestetik, sindikatu unitarioek eta CNT sindikatu anarkistak bultzatu zituzten borroka gogorrengatik.
Hala ere, gobernu barruko ezadostasunak baino askoz gehiago zegoen tartean.
Nekazaritzaren erreforma atzeratzen ari zela eta, eskorten arazoa zuten UGTko kideen artean nabaria zen etsipena 1932. urte erdialdetik aurrera. Ez da harritzekoa, beraz, antolamendurik gabeko borroka, hots, aurretik grebarako deirik egin gabe ere aurrera eraman zena sabotaiak, lur eremuez jabetzeak, suteak, hondamenak eta abar? ohiko gauza bihurtzea.
Industria alorreko sindikatu disziplinatuek, bestalde, Errepublikaren lehen bi urteetan ez zuten protestarik egin errepublikazalez eta sozialistez osaturiko Gobernu hartan zituzten ordezkarien eta kideen aurrean, baina, 1933an, gertuago ikusi zuten eskuinaren erasoaldia lan harremanen eremuan, eta gehiago nozitu ere nazioarteko krisialdi ekonomikoa.
Izan ere, 1931n adierazpide politikorik izan ez zutenek ekaineko hauteskundeetan agerian gelditu zen bezala, hau da, ugazaben erakundeek, jabeen sindikatuek eta eskuineko talde sozio-ekonomikoek, beren azpiegitura osatzen zuten kideak mugiarazi zituzten 1933an, ekonomia eta gizarte politika berritzailearen aurka mugiarazi ere; hala, egoera politikoari oztopo gaindiezinak jarri zitzaizkion horrekin. Polarizazio politikoa jadanik gauzatu zela ematen zuen. PSOEk mailaz maila bideraturiko politika nahi eta egiten zuen, eta gobernuko zereginetatik baztertu egiten zutela iruditu zitzaion uda amaiera aldera. Alderdi errepublikazaleak elkarrengandik urrundu eta zatitu egin ziren. Hego Euskal Herrian eskuineko alderdi politikoak eratzea Rafael Aizpun buru zuen Unión Navarra alderdia adibidez Espainian CEDA eratzearen isla zen; gero, Nafarroako alderdi hori CEDAren barruan sartu zen.
Horrek guztiak era askotako eragozpenak sortu zizkion gobernuari 1933ko azarorako hauteskunde orokorrak deitu zituenean. Nazioarteko egoeraren eragina alde batera utzita, egia da indar elkartuen Gobernu berritzailerik ez zegoela ordurako. Bien bitartean, eskuindarrek eremu sozio-politiko handia berreskuratu zuten; izan ere, gizarte ordena aldarrikatuz eta nekazaritzaren berrikuntzari ezezkoa emanez errepublikazaleen eta sozialisten hasierako politikarekin etsita zeudenak bereganatu baitzituzten, eta 1931z geroztik lan, erlijio, militar eta politika alorretan egin ziren legeen aurkako protestak zuzendu zituzten. Garai horretan ugazaben erakundeek zuten antolamenduak garbi erakusten du sozialista eta errepublikazale ezkertiarrenganako ezinikusia ez zela ideologia mailakoa soilsoilik, geroz eta antolatuagoa baitzegoen.
Langileen egoeraren beste aldea langabezia zen. Nekazaritzan berrikuntzak oso berandu onartu ziren, eta bete ere, gutxi bete ziren; hiriguneetako arazo nagusia, berriz, langabezia zen, handitzen baitzihoan. Azken arazo horren aurrean konponbide eraginkor gutxi zegoen, udaleko edo probintziako erakundeak baitziren, oso bitarteko gutxirekin, arazoari irtenbidea emateaz arduratzen zirenak, eta, horrela, kalteak arindu bai, baina, arazo hori sortzen zuten gertaeren aurrean, ezer gutxi egin zezaketen.
Bizkaian meatzaritza, burdingintza eta eraikuntzako langileen artean izan zen langabeziarik handiena: II. Errepublikako langabetuen %90. Gipuzkoan ere 1932- 1934 bitartean ia %25 gehitu zen langabezia; azken urte horretan Gipuzkoan ehun langiletik hogei lanik gabe zegoen. Araban ere berdin: langabeziak eragin nabarmena izan zuen eraikuntzan, nekazaritzan eta burdingintzan. Eta berdin Nafarroan: UGTko Federación Obrera Provincial delakoaren arabera eskorten arazoa zuten herrietan 4.400 langile lanik gabe zegoen 1932ko urrian. Garai hartako albisteen arabera, eta Espainiako ekonomiaren egoera ikusita, langabeziak gora egin bide zuen 1935-1936 urteetan.
Herrialde kapitalistetako krisialdi estrukturalen ondorioei 1933ko azaroko hauteskundeen emaitzetatik eratorritako krisialdi politikoen ondorioak gehitu zitzaizkien.
Errepublikazaleen eta sozialisten arteko akordioa amaituta Bizkaian izan ezik, eta 1931n aliaturiko EAJ, tradiziozaleak eta katoliko independenteak banatu eta gero, hautagai zerrendak ugaritu egin ziren; gainera, talde errepublikazaleak ere erabat zatitu ziren. Espainiako eta Espainiaz kanpoko testuinguru politiko geroz eta polarizatuagoek eta penintsulan geroz eta nabarmenagoak ziren ekonomia krisialdiaren ondorioek izan zuten eraginik zentro-eskuin joerako talde politikoek (Partido Radical-ek eta CEDAk) irabazitako hauteskundeen emaitzetan.
1931ko ekainekoekin alderatuz, bada aipatzea merezi duen funtsezko beste ezberdintasunik: batetik, eskuindarren sendotzea, eta, bestetik, gobernu errepublikazaleen berrikuntza politikarekiko konfiantza galtzea. Lehenengoari dagokionez hor da, esate baterako, gero CEDA delakoan elkartu zen Unión Navarra alderdiaren agertzea, edota enpresari elkarteen (Unión Económica delakoa, sindikatu profesionalak, herri txiki nahiz hiri handitako lur jabeen elkargoak?) berriro indartzea. Bestalde, berrikuntzen aldekoen porrota begi bistakoa izan zen hauteskunde horietan, ezkerreko hautagaien aldeko boto kopurua asko murriztu baitzen (1931ko %44tik orduko %24,5eraino), eta, hala, bi ordezkari baino ez zituzten lortu, lehen baino zazpi gutxiago. Emaitza horiek Euskal Herriko sistema politikoaren berezitasuna azaldu zuten berriro: ezkerrean, PSOE eta errepublikazale ezkertiarrak; erdian, EAJ; eta eskuinean, Comunión Tradicionalista eta katoliko independenteak. Espainiako estatuko gainerako lurraldeetan, ordea, CEDA eta Alderdi Erradikala ziren eskuineko eta erdiko talde politiko nagusiak.
Azaroko hauteskundeen ondoren gobernu berriek lehen bi urteko lege gehienak galarazi zituzten. Hori ikusita, Errepublikari iruzur egin eta eskuindarren eskuetan utzi izanaren susmoak zabaldu ziren sozialisten artean, eta horri nazioarteko gertaeren eragina gehitu behar zaio, hots, Alemaniako nazismoaren sendotzea eta Vienako langileriaren porrota. Bai batak eta bai besteak zerikusi zuzena izan zuten 1934ko bi gatazka sozial handienetan.
Hauteskundeek utzitako emaitzek eragin handia izan zuten alderdi sistemaren barruan, eta garrantzi handiko aldaketak egin ziren legealdi berrian. Agerian geratu zen EAJ geroz eta hurbilago zegoela ezkerreko alderdietatik, eskuindarrek muzin egiten baitzioten estatutua onartzeari, zentro-eskuindarrak nagusi ziren Gorteetan. Horri, ordea, beste bi arazo gehitu behar zaizkio: bata, Gobernuak 1934ko udan Hego Euskal Herriko udalekin izan zuena, eta bestea, urriko gertaeren aurrean abertzaleek hartu zuten jarrerak eragin zuena. Sozialistek, bestalde, alderdiko eta sindikatuko zuzendaritzak berritu zituzten, eta ugazaben aurrean jarrera gogorragoa hartu zuten; gainera, CEDAk Errepublika demokratikoa desitxuratzea ekarriko zuelakoan, horri aurre egiteko matxinatzea ere pentsatu zuten. Errepublikanismoak behar beharrezkoa zuen barne berritzea, botoaren sakabanatzea eta zituen zatiketak galarazteko, eta, hala, Izquierda Republicana sortu zen.
UGTko Federación Nacional de Trabajadores de la Tierra taldeak (FNTT), Ricardo Zabaltza Elorga nafarra buru zuela, 1934ko ekainean nekazariei grebarako deia egin izana talde politikoen estrategia berrien eta egoera politiko berriaren ondorio gisa ulertu behar da. Nekazaritza arloko langileak sozialisten eta anarkisten sindikatuetako kideak batik bat lur jabeen erreakzioa jasaten ari ziren, lur jabe horiek beren irizpideak ezartzen baitzituzten 1931ko behin-behineko Gobernuak nekazaritzaren berrikuntzei eta lan baldintzei buruz emandako dekretuak betetzeko edo, hobeto esanda, ez betetzeko orduan. Zabalzaren eta FNTTren Batzorde Eragilearen iritziz, greba egitea zen lanaldi txandak erabaki bezala aurrera eramateko eta ezarritako lan baldintzak betetzeko irtenbide bakarra.
Greba horrek eragin handia izan zuen batez ere nekazaritzatik bizi ziren Nafarroako eskualdeetan; ondorio gogorrak izan zituen: nekazari lehiatsuenen aurkako errepresioa, biltokiak ixtea, isunak, kartzela zigorrak?, eta hala, Nafarroako sindikatu ugetista garrantzitsuena pikotara joan zen. Ezbairik gabe, gertaera horrek ondorio nabarmenak izan zituen hurrengo urteetako gertaeretan. Nekazarien greba hori Nafarroako nekazarien lehenengo mobilizazio handia izan zen gizarte mugimendu modernoei dagokienez, bai hedaduragatik ?49 herrietara zabaldu zen? bai Errepublikaren garaian egin izan ziren eskakizunengatik.
Hiriguneetako sindikatu ugetistek, batzuetan komunistak, anarkistak, ELAkoak eta abertzaleak gehitu zitzaizkielarik, paper nagusia jokatu zuten urriaren 5ean, CEDAko ministroak Gobernura iritsita, deitu zen greba orokor iraultzailearen ondoren izan ziren gatazketan. Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan ?Nerbioi ibaiaren ezker aldea, Erandio, Eibar, Arrasate oihartzun nabaria izan zuen grebak.Gatazka gogorren ondoren, hari jarraitu zitzaion errepresio bortitzak ahuldu egin zituen ezkerrak eta abertzaleek antolatzeko eta gizartean eragiteko zuten ahalmena; biltokiak ixtea, ehundaka lagun atxilotzea, zinegotzi eta alkate ezkertiarrak kargurik gabe uztea, egunkariak zentsuratzea eta debekatzea?, horra huts egindako matxinada hark izan zuen erantzuna. Nekazari elkarteen hondamendiari langile elkarteen desegitea gehitu zitzaion.
Frente Popular irabazle atera zen hauteskundeak egin arte ordaindu behar izan zen Urriko zorra: ez bakarrik atxilotuen kopurua handia izan zelako (1936ko otsailean 1.500 preso), edo ezkertiarrak, derrigorrez, erreibindikazio ahalmenik gabe zeudelako; baita ugazabek eta enpresarien elkarteek langileei ezarri zieten nagusikeria gogorragatik ere; izan ere, zapalkuntzaren lehenengo ondorioei beste zigor mota batzuk gehitu baitzitzaizkien: nekazaritzaren kontraerreformarako legea, lan baldintza gogorrak, nekazari errenten legea, eskubide demokratikoen zentsura eta indargabetzea.
Baina, hala ere, sindikatuak ez ziren desagertu, eta ezarri ziren zigor haiek galdu ahala, berriro ekin zioten, industria arloko sindikatuek batez ere, zegozkien gauzen gaineko eskariak egiteari. 1935ean soldatak jaisteko ugazaba gehienek hartu zuten erabakiari eta handituz zihoan langabeziari aurre egiteko ekintzak lanuzteak batez ere ugaritu egin ziren; izan ere, indartua baitzen berriro sindikatuen arteko batasuna CNT, UGT, eta ELAren artekoa, batzuetan Langileen Sindikatu Profesionalaren laguntza izan zuena, Nafarroan esate baterako.
Batasuna ezaugarri zuela eta, tarteka izan ezik, ñabardura politiko nabarmenik gabe, langile mugimendua martxan jarri zen berriro; aldi berean, askatasuna berreskuratzea, milaka presoentzat amnistia osoa lortzea, euskal autonomia estatutua onartzea, katalana berriro ezartzea eta lehengo bi urteko politikari berriro ekiteko gogoa zirela eta, berriz ere politikari eman zitzaion lehentasuna. 1936.. rtearen hasieran honela zen egoera: errepublikanismo ezkertiarra osatua zen berriro, Izquierda Republicana organizazio berriaren barnean; barne zatiketak gorabehera, sozialismoa indartsu zegoen; euskal abertzaletasunari eusten zion oinarri sozialak zutik zirauen.
Hauteskundeak deitu aurretik Alderdi Erradikalak ospea galdu zuen, eta CEDAk geroz eta oztopo handiagoak izan zituen gobernatzeko. 1936ko otsaileko hauteskundeetan argituko zen zeuden bi aukeretatik zeinek jarraituko zuen aurrera: errepublika kontserbatzaileak ala errepublika aurrerakoiak. Espainian Frente Popular koalizio eratu berriak irabazi zituen hauteskundeak, eta Euskal Herrian agerian gelditu zen berriz ere euskal politika sistema berezia zela. EAJk «zentroko» alderdi gisa jarraitu zuen: alde batean Frente Popularra zuen, estatuko gainerako herrialdeetan baino ahulagoa zena Euskal Herrian, eta beste aldean, berriz, eskuindarrak; hauen artean Comunión Tradicionalistak CEDAk baino itzal handiagoa zuen. Hauteskundeetako emaitzen ondorioz osatu zen mapa politikoak Gerra Zibilaren hasieran eratu zena iragarri zuen, Gipuzkoan eta Bizkaian Frente Popularra eta abertzaleak nagusitu baitziren, eta Araban eta Nafarroan, aldiz, eskuindarrak.Emaitza horiek ez ziren ekinaldi iraultzaile baten atarikoak, eta errepublikaren hausturarik ere ez zuten ekarri. Baina 1933an alde batera utzi ziren erreformak berriro bideratzeko aukera ematen zuten: nekazaritzaren erreforma burutzea ?eta, guri dagokigunez, aurreko mendean pribatizatu ziren herri lurrak berreskuratzeko aukera benetakoa izatea?, nekazaritzan eta industrian harreman sozialak aldatzea, eta Autonomia Estatutua behin-betiko onartzea. Horra, bada, 1936ko udaberrian martxan jarritako auzi garrantzitsuenetako batzuk.
Eskuinaren porrotak iraultza piztea ekarriko zuela uste zutenak gutxiengoak, ordea, aspalditik ari ziren errepublika eraisteko estatu kolpea prestatzen. Karlistak talde paramilitarrak ?requeteak? antolatzen ari ziren 1934ko udaberriaz geroztik.
Beste talde batzuk ere Alfontso XIII.a Espainiakoa errege nahi zutenak, esate baterako bide beretik zihoazen. Posibilismo errepublikanoaren amaiera eta Errepublika suntsitzeko bide armatuari ekitea Arabako eta batez ere Nafarroako eskuindar nabarienen artean gauzatu zen. Kostata bada ere, uztaileko lehen hamabostaldian gauzatu ziren gudarosteko matxinatuekiko akordioak: Errepublikaren aurkako estatu kolpea hasia zen.
Errepublikak hilabete gutxitan lur jo zuen Euskal Herrian, baina gerra hasi aurreko giroak ez zuen zerikusirik gero frankismoak bere alde erabilitako topikoekin.
Gatazka giroa ?bai erlijio auziek, bai politika tirabirek, bai gizarte arazoen gaineko eskariek eragindakoa 1936ko udaberrian baretu zen.
Frente Popularraren errutzat adierazi nahi izan den kaosaren irudia guztiz urrun dago errealitatetik. Gatazka giroak ez zuen zerikusirik iraultzarekin; beste egoera batzuetan bezala, langileen lanik ezak eta egoera ekonomikoak sortua zen. Ez komunistak, ez sozialistak ?are gutxiago abertzaleak? ez ziren Errepublika armen bidez suntsitzeko azpikeriatan ibili; alderantziz, berrikuntza politikoak eta sozialak lortzeko bidea zen haientzat Errepublika. Eta 1936ko urrian estatutua onartzeko egin ziren negoziazioak ez ziren independentzia politikoa lortzeko bermea, ikuspegi demokratiko ez zentralistetatik Estatuko lurraldeen aspaldikoarazo politikoa bere lekuan jartzea baizik. Demokraziak gizartean erro gero eta sakonagoak egiteari, ordea, zentzu apokaliptikoa eman zioten indar atzerakoiek, eta hala, sentipen horrek bultzatuta, haietako gutxi batzuek apirilaren 14an piztutako itxaropena armen bidez itzaltzea erabaki zuten.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.