galaxia kiribila Talde Lokalean bere baitan Eguzki sistema duena From Wikipedia, the free encyclopedia
Esne Bidea[oh 1] edo Donejakue Bidea[6][oh 2] Eguzki-sistema barne duen galaxia da. Izenak Lurretik ikusia duen itxuragatik du: gaueko zeruan ikus daitekeen eremu argitsu bat, begi hutsez bereiztu ezin daitezkeen izarrez osatua.
Esne Bidea | |
---|---|
Behaketa | |
Magnitude absolutua | −20,9 |
Gorputz-gurasoa | Sagittarius A* |
Honen izena darama | esne, negu, kale, errepide, Donejakue bidea eta ardi |
Galaxia-mota | SBbc |
Konstelazioa | Pisces (konstelazioa), Sagittarius, Auriga, Cassiopeia, Hegoaldeko Gurutzea, Corona Borealis, Hercules, Scorpius, Lira (konstelazioa), Draco (konstelazioa), Serpens (konstelazioa), Aquila (konstelazioa), Sagitta (konstelazioa), Hartz Txikia, Hartz Handia, Libra, Taurus, Gemini, Cancer, Leo (konstelazioa), Virgo eta Capricornus |
Ezaugarri fisikoak | |
Erradioa | 50.000 ly |
Diametroa | 100.000 ly |
Masa | 1.200.000.000.000 M☉ |
Esne Bidea galaxia kiribil barradun bat da, 26,8 ± 1,1 kiloparsec D25 diametro isofotalarekin (87.400 ± 3.600 argi-urte)[7], baina soilik 1.000 argi-urteko lodierarekin espiraleko besoetan (gehiago tontor galaktikoan). Berriki egindako simulazioek erakutsi dute materia ilun eskualde bat egon daitekeela, izar ikuskor batzuekin batera, 2 milioi argi urteko diametroraino heda litekeena (613 kpc)[8][9]. Esne Bideak hainbat galaxia satelite ditu, eta Talde Lokalaren parte da, Virgo superkumulua osatzen duena, era berean Laniakea superkumuluaren parte[10][11].
100.000 eta 400.000 izar inguru dituela uste da[12][13] eta, gutxienez, planeta kopuru berbera[14][15]. Eguzki-sistema erdigune galaktikotik 27.000 argi-urtera dago[16], Orion Besoaren barneko mugan, galaxiak duen espiral motako besoetako bat. Galaxiaren erdigunetik 10.000 argi-urtera dauden izarrek tontor galaktiko bat osatzen dute, eta gutxienez barretako bat tontor horretatik ateratzen da. Erdigune galaktikoa irrati-uhinen iturri indartsua da, Sagittarius A* izena duena, zulo beltz supermasibo bat, 4,1 (± 0.034) milioi eguzki-masa dituena[17]. Esne Bideko izarrik zaharrenak ia Unibertsoa bezain zaharrak dira, eta ziurrenik Big Bangaren osteko Aro Ilunean hasi ziren sortzen[18].
Galileo Galilei izan zen lehenengoa ikusten banda zuri hori banakako izarrez osatuta zegoela, 1610ean bere teleskopioarekin behatu zuenean. 1920ko hamarkadara arte, astronomo gehienek uste zuten Unibertsoko izar guztiak Esne Bidean zeudela[19]. 1920ko Harlow Shapley eta Heber Doust Curtis astronomoen arteko Eztabaida Handiaren ostean[20], Edwin Hubblek ikusi zuen Esne Bidea beste galaxia askoren arteko bat baino ez zela.
Esne Bide esapidea euskaraz XVIII. mendean agertu zen lehen aldiz idatzian, Larramendiren eskutik, esnabide gisa,[21] bai eta Zeruko esnabidea ere. Esne Bidea, marrarekin edo gabe, arautua du Euskaltzaindiak bere hiztegian[22], E eta B larriz.
Izenaren jatorria latinezko Via Lactea esapidean du, eta horrek grezierazko γαλαξίας κύκλος (galaxías kýklos, “biribil esnekara”) esapidean. Biribil hau, Antzinako Greziarrek izendatutako zeruko hamaika zirkuluetako bat da: zodiakoa, meridianoa, zeruertza, ekuatorea, Kaprikornio eta Kantzer tropikoak, Zirkulu artikoa eta antartikoa eta bi lurburuetatik pasatzen diren bi koluroak.[23]
Beste hizkuntza batzuetan ere “ibai” kontzeptua agertzen da gure galaxia izendatzeko: “ibaia” arabiar kulturan, “argi-ibaia” juduan, “zilar ibaia” txinatarrean (银河系) eta “Gangesen ibilgua” tradizio sanskritoan.[24]
Esne Bidea argi zuri lerro lauso baten gisa agertzen da Lurreko zerutik ikusia, leku batzuetan 30°ko zabalerarekin[25]. Begi hutsez ikus daitezkeen izar banako guztiak Esne Bidea Galaxiaren parte ere bada, baina "Esne Bidea" esaten denean argi-zerrenda horri deitzeko erabili ohi da[26][27]. Argi hori plano galaktikoan dauden eta banaka bereizi ezin diren izarren argiaren ondorioa da. Zerrendan dauden eremu argiagoak izar-hodei deitzen dira, baina ez dira, teknikoki, izar-kumuluak, soilik bisualki baitaude multzokatuta. Izar-hodei guztien artean nabarmenenena Sagitario Izar Hodei Handia da, galaxiaren erdialderantz dagoen eremua[28]. Zerrendan eremu ilunagoak ere agertzen dira, Rift Handia eta Ikatz Zaku Nebulosa gisa, non izarren arteko hautsak atzean dauden izarren argia oztopatzen duen. Hego hemisferioko herri batzuek, tartean inkek eta Australiako aborigenek eremu ilun horiek konstelazio ilun gisa irudikatzen zituzten[29]. Era berean, Esne Bideak atzean dauden galaxia eta objektuak ikustea ekiditen du, Eremu hutsa sortuz[30].
Esne Bidearen gainazaleko distira erlatiboki txikia da. Ikusteko aukera asko murrizten da inguruan argia badago, adibidez Ilargiaren argia edo argi kutsadura. Zerua arku segundo karratuko 20,2 magnitudea baino ilunagoa izan behar da Esne Bidea ikusi ahal izateko[31]. Begi hutsez ikus daiteke magnitudea +5,1 edo hobea baldin bada, eta xehetasunak erakusten ditu +6,1 baino handiagoa denean[32]. Horregatik Esne Bidea hiri edo inguru populatuetan ikustea zaila da, baina oso argia izaten da argi kutsadura oso txikia dagoen nekazaritza eremuetan, Ilargiaren argiak ez badu estaltzen. Argi artifizialaren mapetatik ondorioztatzen da munduko populazioaren heren batek ezin duela ikusi Esne Bidea euren etxeetatik argi kutsaduraren ondorioz[33].
Lurretik ikusita, Esne Bidearen plano galaktikoaren eskualde ikusgaiak 30 konstelazio hartzen dituen zeruko eremu bat hartzen du[oh 3]. Zentro galaktikoa Sagitariora bidean dago, eta Esne Bidea distiratsuagoa da han. Sagittariusetik, argi zuriko banda lanbrotsua Aurigako antizentro galaktikoaren inguruan igarotzen dela dirudi. Bandak zeruaren inguruko gainerako bideari jarraitzen dio, Sagittariusera bueltan, zerua gutxi gorabehera berdinak diren bi hemisferiotan banatuz[34].
Plano galaktikoa ekliptikarekiko (Lurraren orbitaren planoarekiko) 60° inguru inklinatuta dago. Zeru-ekuatoreari dagokionez, Kasiopea konstelazioa bezain iparraldera igarotzen da, eta Hegoaldeko Gurutzea konstelazioa bezain hegoaldera. Horrek adierazten du Lurraren ekuatore-planoak eta ekliptikaren planoak inklinazio handia dutela plano galaktikoarekiko. Ipar polo galaktikoa 12 h 49 m-ko igoera zuzenean dago, +27,4°-ko deklinazioan (B1950) β Comae Berenicesetik gertu, eta hego polo galaktikoa α Sculptorisetik gertu dago. Inklinazio handi hori dela eta, gaueko orduaren eta urtearen arabera, Esne Bidearen arkua nahiko baxu edo nahiko altu ager daiteke zeruan. Ipar latitudeko 65º eta hego latitudeko 65º bitarteko behatzaileentzat, Esne Bidea zuzenean pasatzen da gainetik egunean bi aldiz.
Meteorologican, Aristotelesek (K.a. 384-322) dio Anaxagorasek (K.a. 500-428) eta Demokritok (K.a. 460-370) proposatu zutela Esne Bidea zuzenean Lurraren itzalagatik ikusten ez diren izarren distira dela, eta beste izar batzuek, aldiz, euren argia Eguzkitik jasotzen dutela, baina eguzki-izpiek distira hori estal dezaketela[35]. Aristotelesek berak uste zuen Esne Bidea Lurraren goi-atmosferaren parte zela, izarrekin batera, eta izarren errekuntzaren azpiproduktu bat zela, atmosferan zuen kokapen kanpokoagatik desagertzen ez zena, bere zirkulu handia osatuz[36][37][38]. Esne Bidearen esne-itxura lurreko atmosferaren errefrakzioari zor zaiola adierazi zuen. Olinpiodoro Gaztea filosofo neoplatonikoak (K.o. 495-570) kritikatu egin zuen ikuspuntu hori, argudiatuz Esne Bidea Ilargiaren azpikoa balitz desberdin agertu beharko lukeela Lurreko hainbat une eta tokitan, eta paralaxia izan beharko lukeela, eta hori ez zela gertatzen. Haren iritziz, Esne Bidea zerutiarra zen. Ideia horrek eragina izango zuen gerora mundu musulmanean[39].
Izarrak plano batean kokaturik izateak dakar galaxiaren disko forma. Galaxia kontu handiz aztertzen bada, gorabeherak eta etenak ikusten dira multzo horren egituran. Hortaz, Esne Bidea ez da disko homogeneo bat; izan ere, baditu izar dentsitate gehiagoko edo gutxiagoko alderdiak, baditu eskualde aski hutsak, eta baditu beste batzuk non bereziki ugariak baitira gas iluntzaile edo nebulosa ilunak, urrutiago dauden izarrak ikustea galarazten dutenak.
Baina Esne Bidearen egiazko egitura ez zen zientifikoki ulertu harik eta aurkitu ez zen arte «nebulosa kiribil» izenekoak ez zirela nebulosak, baizik eta ehunka milaka milioi izarren samaldak, gugandik distantzia eskergetara kokatuak daudenak. Urrutiko galaxia horien azterketari eskerrak ezagutu genuen hobeki gurea, hain zuzen.
Gaur egun dakigunez, Esne Bidea espiral itxurako egitura hedatu bat da, 100.000-120.000 argi urte inguruko diametroa duena[41][42] eta 100.000 milioi izar baino gehiago dituena.
Galaxiak badu erdigune ahaltsu bat, Erdigune galaktikoa deritzona, oso dentsoa eta izar materia (oso izar zaharren samaldetan) askokoa, 30.000 argi urte inguru diametrokoa eta erdian 15.000 argi urte inguruko lodiera duena.
Orobat, baditu zenbait beso kiribil, izar gazteagoek osatuak: horien artean aurkitzen da Eguzkia. Beso kiribil bakoitza 1.000 argi urte lodi da, eta 3.000 edo 4.000 argi urte zabal. Oraindik ere ez dakigu zehazki besoak nola dauden kokatuak, ezta zenbat diren ere. Ustez lau dira: Sagittarius, Perseus, Beltxarga eta Norma.[42] Bada beste beso bat, Orion izenekoa, lehen besotik askatua, Erdigune galaktikotik 30.000 argi urte inguru urrun. Besoak ez dira, hortaz, izarrez beteriko egitura bakarrak, dentsitate handiagoko alderdiak baizik. Bestalde, halo edo argi-koroa batek inguratzen du Galaxia.
Ia beti kumulu globularren eran elkartzen diren izar zaharrek osatzen dute eskuarki halo hori. Egitura horiek ia erabat esferikoak dira, eta ehun milatik hamar mila milioira izar ditu bakoitzak. Horrelako ia ehun aurkitu dira erdigunea inguratzen duen haloa arestian aipatu hori osatzen.
Sagittarius eskualdean hedatzen diren materia ilunezko hodei eskergak desagertuko balira, ilargi betearen distira baino handiagoa izango litzateke Esne Bidearen ageriko distira. Norabide horretan aurkitzen da galaxiaren erdigunea, masa guztiaren eta izar kopuruaren zatirik handiena daukana. Baina ezin dugu erdigunea ikusi, Sagittarius besoan hain ugari agertzen diren hodei ilun horiek direla eta.
Duela gutxi aztertu ahal izan da Esne Bidearen eskualde hori, hesi hori zeharka dezaketen frekuentzien bidez (esaterako, izpi infragorriak eta irrati uhinak). Gaur egun, infragorri sateliteak, IRAS esaterako, edo irratiteleskopio handiak erdigunearen alde ezkutuak agerrarazten hasteko gauza izan dira.
Beste galaxien erdigune edo erraboilen behaketari eskerrak, ikusi da kolore alde bat badela erdigune galaktiko horiaren eta beso urdinxken artean. Horrek adierazten bide duenez erdiguneko izar gehienak (edo guztiak) horiak edo gorriak dira, eta besoetakoak, aldiz, zuriak eta urdinak.
Espektro elektromagnetikoa analizatuz, izar populazioen ezaguera egin da. Duela gutxi arte ez zen ezagutzen I populazioa besterik, Eguzkiaren antzeko izarrez osatua dena, hots, batez ere hidrogenoa eta helioa, baina orobat beste gai bakunak, are metal astunak ere badituzten izarrez osatua. Erdigunea, berriz, II populazioko izarrez osatua da. Izar horietan ez dago ia metal astunik. II populazioko izarrak, oro har, oso zaharrak dira, eta luzaroan irauteko gaitasuna dute orobat, apurka-apurka erretzen baitute hidrogenoa eta anitz mila milioiko urtez iraun baitezakete. Are gehiago, astrofisikari askok uste dutenez II populazioko izarretan dagoen metal kopuru txikia ezin da esplikatu, aurreko beste batzuen leherketaz ez bada. Hots, III populazio bat izan bide zen, ia hidrogenoa eta helioa besterik ez zuten izarrez osatua. Ez dugu horrelako alerik ezagutzen, gure Galaxia, beharbada, mota horretako izarrak ez atxikitzeko bezain zaharra delako.
Gure Galaxiaren erdigunean zer dagoen jakitea da zientzialarien jakin-mina gehien kilikatzen duen alderdietako bat. Egiazki, izar dentsitate handiagoa dago erdigune galaktikoan besoetan baino, baina grabitate analisien arabera azken bururaino goititzen da erdigunean dentsitate hori. Hortaz, gaur egun izar koaleszentzia edo batze ereduak ari dira teorikoki lantzen. Bi izar edo gehiago batuko balira, halako masa iritsiko lukete non, edo barreiatuko bailirateke irrada gehiegiaz, edo kolapsatuko bailirateke zulo beltz supermasibo batean.
Bertako gasa, 10 milioi gradutan dagoena, erdigunetik galaxia osora hedatzen ari dela dirudi. Erdigunean maiz suntsitzen diren izarren errautsak, kimikoki oso aberatsak, gas-jarioarekin batera barreiatzen dira.[43]
Kolorea | Besoa(k) |
---|---|
ziana | 3 kpc hurbileko besoa eta Perseus besoa |
morea | Norma eta Kanpo besoa (2004an aurkitutako luzapenarekin[44]) |
berdea | Scutum–Centaurus besoa |
arrosa | Carina-Sagittarius besoa |
Gutxienez beste bi beso txikiago daude, horien artean: | |
laranja | Orion–Cygnus besoa (Eguzkia eta Eguzki-sistema dituena) |
Gure galaxiaren diskoan izarrarteko gas gehiago dago erraboilean baino; han izarren higidura oso ordenatua da, eta izarrek orbita ia zirkularrak ibiltzen dituzte galaxiaren erdigunearen inguruan. Diskoa masa handiko izarrez hornituagoa dago, eta badihardu oraindik han izar sortzeak.
Gasaren erdia atomo eran eta beste erdia molekula eran dago diskoan, erraboilean ez bezala. Nolanahi ere, molekula hodei dentsoetan soilik sortzen dira izarrak; hodei horiek ehunka mila milioi eguzki-masako egitura zabaletan daude antolaturik.
Lau beso kiribilek osatua izatea da galaxia-diskoaren funtsezko ezaugarria.
Egungo usteak zuzenak badira, Galaxiaren besoak erraboila baino geroago eratu ziren, gas eta hauts masa eskergen bizkar; aldez hasierako materialean eta aldez supernoben hondarretan edo errautsetan zuten etorkia masa horiek.
Material honek erraboilaren inguruan biratzeko zuen joerak emango zion disko forma. Besoetako izar gehienak I Populaziokoak dira, nahiz eta badiren diskoan II Populazioko izarrak, indar zentrifugoaren eraginez agian, Galaxia biraka ari baita, edo grabitate bidezko elkarren arteko eraginen ondorioz bestela. Ugari dira orobat besoetan gasezko eta hautsezko masak; horiei, halako egitura mugatu bat hartzen dutenean, nebulosa esaten zaie. Hortaz, nebulosa bat zeru hodei baten pare da, baina nebulosa guztiak ez dira distiratsuak; aitzitik, gehienak ilunak dira eta gehientsuak ez ditugu inoiz ezagutuko.
Izar zaharrez eratutako halo edo argi-koroa batek inguratzen du Galaxia; izar horietako gehienak kumulu globular eskergetan bilduak agertzen dira, baina agertzen ahal dira bakartuak ere. Horietako batzuek, eta are kumulu globular batzuek, halako lastertasuna hartu dute grabitate azelerazioaren eraginez, ezen Galaxiaren mendetik atera eta infinituan gal baitaitezke.
Izar horietan urri dira helioa baino gai astunagoak; eta Galaxiaren eratzearen lehen urratsetan sortu direnez gero, ez dute izar horiek baliatzerik izan hurrengo izar belaunaldiek mailaz maila ekoiztu dituzten gai bakunez, esaterako karbonoaz, nitrogenoaz, oxigenoaz, burdinaz eta abarrez. Nolanahi ere, ez dira inoiz gai horiez erabat gabetuak aurkitzen; hortaz, badirudi izan dela lehen izar belaunaldi bat, gaur egun erabat desagertua, hasierako materia galaktikoa horrelako gai bakunez hornitzen apur bat bederen lagundu duena.
Koadrante galaktiko bat, edo Esne Bidearen koadrante bat, galaxiaren banaketa azaltzen duen lau zirkulu-sektoreetako bat da. Astronomian, koadrante galaktikoen mugaketa koordenatu sistema galaktikoa oinarritzen da, zeinek Eguzkia ezartzen duen kartografia sistemaren jatorri gisa.[45]
Koadranteak deskribatzen dira zenbaki ordinalak erabiliz (ad: "1. koadrante galaktikoa"[46], "bigarren koadrante galaktikoa"[47] edo "Esne Bidearen hirugarren koadrantea"[48]). Iparburu galaktikotik ikusia, 0 graduko lerro bat egiten bada Eguzkitik hasi eta Erdigune Galaktikoa zeharkatzean, hauek dira lau kuadranteak:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.